KID KAPITAINA
Pirata
Ez dago batere adostasunik pirata honi antxumearen izena (Kid) ezartzeko arrazoiari buruz. Ingalaterrako errege Gilen III.ak 1695ean Abentura galeraren kargua eman zioneko akta honako hitzoz hasten da: «Gure kapitain leial eta kutun William Kid, komandante, eta abar. Agur zuri». Baina gauza ziurra da ezen, harrezkeroztik, gerra izentzat zerabilela. Zenbaitek diote ohitura zuela, dotore eta fina izaki bere maneretan, beti eramateko, borrokan zein maniobran, antxume larruzko eskuzorro delikatu batzuk, Flandesko farfailezko ifrentzu-toles dunak; beste zenbaiten arabera, bere hilkintzarik okerrenetan, oihu egiten omen zuen: «Ni, antxume jaio berri bat bezalakoxe goxo eta ona naizen hau»; beste zenbaitek, berriz, badaukate ezen ahuntz gazteen larruz eginiko zaku arin-arinetan gordetzen zituela urrea eta bitxiak, eta, hain zuzen, zilarbiziz kargaturiko ontzi bat arpilatu zuen egunetik zetorkiola usadioa, mila poltsa larruzko bete baitzituen gai hartaz, zeinak oraindik ere Barbados uharteetako muinotxo baten saihetsean lurperaturik baitaude. Aski da jakitea haren pabilioi sedazkoak burezur bat eta antxume baten burua ageri zituela brodaturik, eta ikur bera zeukala grabaturik haren zigiluak. Asiako eta Amerikako kontinenteetako itsasertzetan ezkutatu zituen altxor ugariak bilatzen dituztenek, antxumetxo beltz bat ibilarazten dute beren aurretik, zeinak intziri egin behar baitu kapitainak bere harrapakina lurperatu zuen tokian; baina inork ez du erdietsi. Bizarbeltzek berak ere, Gabriel Loff zeritzon marinel zahar batek arrastoan jarrita, ez zuen aurkitu, egun Fort Providence eraikirik dagoeneko dunetan, hondarretan barrena isurtzen ziren zilarbizi-tanta barreiatu batzuk besterik. Eta indusketok guztiok alferrik dira, zeren Kid kapitainak adierazi baitzuen bere gordailuek eternalki ezkutuan iraungo zutela «perrail odoljario dun gizona»rengatik. Izan ere, gizon horrek mamuz esetsi zuen Kid bere bizi guztian, eta hartxek ditu berdin esesten eta defendatzen pirataren altxorrak, hura hil zenez geroztik.
Lord Bellamont-ek, Barbados uharteetako gobernadoreak, Sartaldeko Indietan piratek berenganaturiko harrapakin eskergak erresumindurik, Abentura galera hornitu zuen eta komandante kargua lortu erregerengandik Kid kapitainarentzat. Aspaldi zaharretik, konboi guztiak arpilatzen zituèn Ireland ospetsuaren bekaizti zen Kid; promes egin zion lord Bellamont-i haren txalupa atzeman eta bere kideekin ekarriko ziola bertan guztiak hilarazteko. Abenturak hogeita hamar kanoi zeramatzan eta ehun eta berrogeita hamar gizon. Aurrena Kidek Maderara jo zuen eta ardoz hornitu; gero Bonavista-ra, gatza ontziratzeko; azkenik Santiagora, non behar-gauzez zeharo osatu baitzen. Eta handik bela egin zuen Itsas Gorriaren sarreraraino, non, Pertsiako Golkoan, Bab-en Giltza deritzon uharte koxkor baten aurkintza baitago.
Hantxe bildu zituen Kid kapitainak bere kideak, eta burezurdun pabilioi beltza jasoarazi. Guztiek zin egin zuten, aizkoraren gainean, piraten araudiekiko menekotasun erabatekoa. Gizon orok zuen boto-eskubidea, eta jaki fresko eta pattar sendoetarako aukera berdina. Karta- eta dado-jokoak debekaturik zeuden. Argiak eta kandelak arrastiriko zortzietan itzali behar ziren. Norbaitek beranduago edan nahi bazuen, zubian edatea zeukan, gau ilunean, egurats zabalean. Elkarteak ez zuen bere baitan hartuko ez emakumerik ez mutil gazterik. Mozorropean halakorik sartzen zuenari heriotza-zigorra ezarriko zitzaion. Kanoi, pistola eta labanak puntu-puntuan eduki behar ziren, distiratsu. Gatazkak lehorrean ebatziko ziren, sablez eta pistolaz. Kapitainari eta eskifaiburuari bina parte zegozkien; maistruari, sokadunari eta kanoizainari, bat eta erdi bakoitzari; beste ofizialei, bat eta laurden. Musikariek zapatuan jai.
Topo egin zuten lehenbiziko ontzia holandarra zen, Schipper Mitchel delakoa buru zuela. Kidek frantses pabilioia jaso zuen eta haren ehizan abiatu. Ontziak frantses koloreak erakutsi zituen berehala; halatan, beraz, frantsesez egin zuen piratak hoska. Schipper delakoak bazuen frantses bat ontziko, eta hark erantzun zuen. Kidek galdetu zion ea pasaporterik bazuen. Frantsesak baietz esan zion: «Hortaz, ala Jainkoa erantzun zuen Kidek, zeure pasaportearen poderioz, ontzi honetako kapitaintzat atzematen zaitut». Eta berehala, bergatik zintzilikarazi zuen. Gero banan-banan etorrarazi zituen holandarrak. Itaunketa egin zien, eta, flandeserarik ulertzen ez zuelako itxura eginez, gatibu bakoitzarentzat agindu zuen: «Frantsesa xafla!». Ohol-xafla bat erantsi zitzaion txanbergari. Holandar guztiek lasterka egin zuten gainean, biluzik, sokadunaren ganibet puntaren aurrean, eta itsasora jauzi egin.
Une hartan, Kid kapitainaren kanoizainak, Moor delakoak, ahotsa goratu zuen: «Kapitaina hots egin zuen, zergatik hiltzen dituzu gizonok?». Moor hordirik zegoen. Kapitaina, jiratu, eta, perrail bati eskua erantsirik, buru gainean kanka jo zuen harekin kanoizaina. Zerraldo erori zen Moor, burezurra zartaturik. Kid kapitainak perraila ikuzarazi zuen, ileak erantsiak baitzitzaizkion, odol gatzatuz. Eskifaiako inork ez zuen gehiago nahi izan han busti lanpasa. Aldasareari atxikia utzi zuten perraila.
Egun hartatik, Kid kapitainak ezin izan zuen gainetik kendu perraildun gizonaren irudia. Queda ontzi mairua atzeman zuenean, hindu eta armeniar jendeak antolatua, hamar mila libra urrerekin, harrapakinaren banaketan perrail odoljario dun gizona hantxe zegoen dukaten gainean eserita. Kidek, peto-peto ikusi, eta birao egin zuen. Bere kabinara jaitsi, eta kikara bat bonbu hustu zuen. Gero, zubi gainera itzulirik, itsasora botarazi zuen perrail zaharra. Mocco ontzi merkatari aberatsa abordatzean, ez zuten aurkitu zerez neurtu kapitainaren urre-hauts parteak. «Perrail bete», esan zuen ahots batek Kiden bizkarrean. Airea bere ganibetaz ebaki zuen eta ezpainak xukatu, bitsetan baitzeuzkan. Gero armeniarrak zintzilikarazi zituen. Eskifaiako gizonek ez bide zuten ezer ulertu. Enarari eraso zionean, bere ohezurean etzan zen Kid banaketaren ondoren. Atzarri zenean, izerditan blai sentitu zen, eta marinel bati hots egin zion zerekin garbitu eskatzeko. Gizonak ura ekarri zion eztainuzko konketa batean. Kidek tinko begiratu zion eta ulu egin: «Hori al da fortuna-zaldun jator baten jokaera? Miserablea!, odolez beteriko perrail bat dakarkidak!». Marinelak ospa egin zuen. Kidek agindu zuen lehorreratu eta bere gisara abandona zezatela, fusil bat, botila bat sutauts eta botila bat urekin. Bere harrapakina hainbat leku bakartitan hondar artean lurperatzeko, ez zuen beste inolako arrazoirik zera baino: barreneraino sinetsirik zegoela, alegia, gauero bere perrailarekin etortzen zela kanoizain asasinatua urre-sotoa hustu eta ondasunak itsasora botatzera.
New Yorkeko itsas aldean atzeman zuten azkenean Kid. Lord Bellamont-ek Londresera igorri zuen. Urkamendira kondenatu zuten. Exekuzioaren kaian zintzilikatu zuten, bere jantzi gorri eta eskularruekin. Borreroak txano beltza begien gainera sakatu zionean, Kid kapitainak iharduki eta oihu egin zuen: «Alajaina!, banekien nik buruan jarriko zidala perraila!». Gorpu beltz-ihartua kateetan josirik hantxe egon zen hogei urte eta gehiagoan.