CYRIL TOURNER

Poeta tragiko

       

        Jainko ezezagun baten eta prostituta baten elkartzetik jaio zen Ciril Tourner. Azkenean galbide izan zuèn ateismo heroikoan aurkitzen da haren jatorri jainkozkoaren froga. Amaregandik beretu zituen iraultzaren eta lizunkeriaren sena, heriotzaren beldurra, atsegalearen zirrara eta erregeen gorrotoa; aitarenak zituen bere burua koroatzeko jaidura, errege-harrotasuna eta sortzeko poza; bi-biek eman zioten gauaren, argi gorriaren eta odolaren zaletasuna.

        Haren jaiotza-datarik ez dakigu; baina egun beltz batez sortu zen, urte kirats batean.

        Ezein babes zerutarrek ez zion kontu egin jainko batez izorra agitu zen neska amodiotsuari; izurria kutsatu baitzitzaion erditu baino egun batzuk lehenago, eta haren etxetxoko atea gurutze gorri batez markatu baitzuten. Hilen ehorzlearen ezkila-soinura munduratu zen Cyril Tourner; eta, haren aita jainkoen zeru erkidean aienatua zenez, orgatxo berde batek eraman zuen herrestan haren ama gizonen hobi erkidera. Berri-emaileen arabera, hain zen sakona ilunpea, non erretxinazko zuzi batez argitu behar izan baitzuen ehorzleak etxe izurri-joaren sarbidea; beste kronikari batek dio Tamesi ibaiko lainoa (hangoxe uretan bustitzen baitzuen etxeak oina) gorriminez izpi-marraztu zela, eta hots egiteko ezkilaren aho-muturretik zinozefaloen ahotsa itzuri zela; finean, zalantzabiderik gabea dirudi izar gartsu eta sumin bat agertu zela teilatuaren hirukian gaindi, izpi kedartsu, bihurri, gaizki korapilatuz egina, eta haur jaio berriak ukabila erakutsi ziola sabai-leiho batetik, izarrak haurraren gainera astintzen zituelarik suzko bere kiribil itxuragabeak. Hala sartu zen Cyril Tourner gau zimeriarraren ahurtasun zabalean.

        Ezinezkoa da asmatzea zer pentsatu zuen edo zer egin zuen hogeita hamar urte bete zituen arte, zein izan ziren haren jainkotasun artean agerigabearen sintomak, nola etsiarazi zion bere buruari errege izateko sortua zela. Ohar ilun eta ikaratu batek biltzen du haren biraoen zerrenda. Adierazi zuen Moises ez zela izan inkaminari bat baino, eta Heriots izeneko bat hura baino trebeagoa zela. Erlijioaren lehen hastapena ez zela gizonak izu-laborrian edukitzea baino. Kristok Barrabasek baino mereziago zuela heriotza, Barrabas lapur eta hiltzaile izan arren. Erlijio berri bat idazteari ekiten bazion, metodo bikainago eta miragarriago batean oinarrituko zuela, eta Itun Berria estilo higuingarrizkoa zela. Ingalaterrako erreginak bezainbesteko eskubidea zuela berak dirua irartzeko, eta ezagutzen zuela Poole delako bat, Newgate-en preso zegoena eta metalen nahasketan arras aditua zena, zeinaren laguntzaz bazuen asmoa egunen batean bere irudiz txanpontzeko urrea. Arima errukior batek ezabatu egin ditu pergaminotik beste baieztapen ikaragarriago batzuk.

        Baina hitzok fineziarik gabeko pertsona batek jasoak dira. Cyril Tourner-en manerek ateismo aiherkorrago bat iradokitzen dute. Jantzi beltz luze bat soinean duela irudikatzen da, hamabi izarreko koroa loriatsu bat daramala buruan, oina zeru-bolaren gainean, mundu-bola jasoz eskuin eskuan. Karrikaz karrika ibiltzen zen izurri- eta ekaitz-gauetan. Ezkoargi sagaratuak bezalako zurbil ageri zen eta intsentsu-sutontzi gisako dirdai biguna zerien begiei. Zenbaitek dio eskuin alboan berealdiko zigilu baten marka zuela; baina ezinezkoa izan zen hori egiaztatzea heriotzaren ondoren, inork ez baitzuen ikusi haren gorpuzkinik.

        Bankside-ko prostituta bat hartu zuen maitale, ur ertzeko karriketako ibiltari sarria, eta huraxe soilik maitatu zuen. Oso gaztea zen neska, aurpegiera xalokoa eta ilehoria. Gar zalantzati gisa agertzen ziren musu hartan gorritzeak. Cyril Tourner-ek Rosamonde izena eman zion, eta alaba bat izan zuen harengandik, aitak maitatua. Rosamonde tragikoki hil zen, printze batek begiz joa. Badakigu kopa garden batetik esmeralda koloreko pozoia edan zuela.

        Orduantxe nahastu zen Cyrilen ariman mendekua urguiluarekin. Gautar, Mail-a alderik alde korritu zuen, errege-segizio guztian barrena, zurdazko zuzi izeki bat astinduz eskuan, printze pozoitzailearen gainean argi egin beharrez. Autoritate ororen gorrotoa ahorantz eta eskuetara igo zitzaion. Bide nagusiko barrandari bilakatu zen, ez lapurreta egiteko, erregeak asasinatzeko baizik. Garai hartan desagertu ziren printzeak Cyril Tourner-ek argitu zituen bere zuziaz, eta hartxek hil.

        Zelatan egoten zen erreginaren bideetan, legar-putzuen eta karobien ondoan. Taldean aukeratu biktima, istingen artean argi egiteko bere burua eskaini, eta, putzuaren ahoraino eramanik, zuzia itzali eta han amilarazten zuen. Legar-euri bat gertatzen zen erorketaren ondoren. Gero Cyril, karel gainera makurturik, bi harritzar jausarazten zituen oihuak iratotzeko. Eta, gauaren hondarreraino, karetan ahitzen zèn gorpuaren beilan egoten zen, labe gorri ilunaren ondoan.

        Erregeenganako bere gorrotoa ase zuenean, jainkoenganako gorrotoak heldu zion Cyril Tourner-i. Sortzera akuilatu zuen bere baitako ezten jainkozkoak. Bururatu zitzaion bere odol beretik eraiki zezakeela belaunaldi bat, eta jainko gisa zabaldu lurrean. Bere alabari so egin zion, eta birjina eta desiragarri kausitu zuen. Zeruaren aurrean bere egitasmoa burutzeko, ez zuen aurkitu toki adierazgarriagorik hilerri bat baino. Zin egin zuen heriotzari aupada joko ziola eta gizadi berri bat sortuko jainko-aginduek ezarritako suntsipenaren erdian. Hezur zaharrez inguratua, hezur gazteak sorrarazi nahi izan zituen. Hezurtegi baten estalkiaren gainean usatu zuen bere alaba emaztetzat.

        Cyril Tourner-en biziaren amaiera izpi-jario ilun batean galtzen da. Ez dakigu zein eskuk ekarri dituen guganaino Ateoaren tragedia eta Mendekatzailearen tragedia. Tradizio baten arabera, are gorago jo zuen Cyril Tourner-en urguiluak. Tronu bat altxarazi zuen bere jardin beltzean, eta ohitura zuen hantxe jesarririk egoteko, urrez koroatua, ihortziriaren pean. Anitzek, ikusi, eta ihes egin zuten, haren buru gainean hegaldatzen ziren argiluma urdinxkek izuikaraturik. Enpedoklesen poemen eskuizkribu bat irakurtzen zuen, geroztik inork ikusi ez duena. Sarritan adierazi zuen Empedoklesen heriotzari zion miresmena. Desagertu zen urtea kirats egokitu zen berriro. Londres-ko populua Tamesiaren erdian amarraturiko ontzietara erretiratua zen. Meteoro lazgarri bat ibili zen ilargiaren pean. Su zurizko bola bat zen, parte txarreko jirabira batean ari zena. Cyril Tourner-en etxerantz egin zuen, metal-islaz margotua irudikarazirik hura. Beltzez jantziriko eta urrez koroaturiko gizonak bere tronuan igurikatzen zuen meteoroaren etorrera. Entzun zen, antzerki-guduen aurretik bezala, turuta-deiadarraldi goibel bat. Lurrunduriko odol arrosakolorezko argilauso batek bildu zuen Cyril Tourner. Turuta batzuek, gauean zut, antzerkian bezala, hileta-fanfarre bat jo zuten. Hala amildu zen Cyril Tourner jainko ezezagun batenganantz zeruaren zirimola isil-itunean.

 

 

 

 

"Marcel Schwob / Bizi alegiazkoak" orrialde nagusia