POKAHONTAS

Printzesa

       

        Powhatan erregearen alaba zen Pokahontas. Ohe tankerako tronu batean egoten zen eseririk Powhatan, mapatxe-larruz josiriko jantzi handi batez estalia, zeinean isats guztiak ageri baitziren zintzilik. Zirriz tapizaturiko etxe batean hazi zen Pokahontas, burua eta sorbaldak gorri biziz margoturik zeuzkaten apaiz eta emakume artean, zeinek kobrezko txintxirrinez eta suge-koskabiloz jostarazten baitzuten haurra. Namontak-ek, zerbitzari fidel batek, bere zainpean zeukan printzesa eta haren jolasak antolatzen zituen. Batzuetan Rappahanok ibai nagusiaren ondoko oihanera eramaten zuten, eta hogeita hamar birjina biluzik dantza egiten zuten haren entretenigarri. Hainbat kolorez tindaturik zeuden eta hosto berdez ingurubildurik; aker-adarrak zeramatzaten buruan, eta igaraba-larru bat gerrian, eta, beren borramakilei eraginez, jauzi egiten zuten txinparta zerion su baten jiran. Dantza amaiturik, garrak sakabanatu, eta atzera ekartzen zuten printzesa ilintien argitan.

        1607. urtean, nahasmena ekarri zuten europarrek Pokahontasen herrira. Hondoa jotako aitoren seme, zimarkun eta urre-bilatzailezko jende olde bat lehorreratu zen Potomak-eko urertzean, eta oholezko txabolak eraiki zituzten. Jamestown jarri zioten izena txaboladiari, eta beren koloniari Virginia deitu zioten. Virginia ez zen izan, urte horietan, fortetxo kaxkar bat baino, Chesapeake-eko badian eraikia, Powhatan errege handiaren eskupeko lurraldeen erdian. Kolonoek John Smith kapitaina hautatu zuten lehendakari, zeina turkiarren lurretaraino iritsia baitzen bestorduz bere ibilaldietan. Haitzetan alderrai ibiltzen ziren, eta itsaskietatik eta indigenekiko salerosketaz lor zezaketen gari apurretik bizi ziren.

        Zeremonia handiz egin zieten aurrena harrera. Basa apaiz bat etorri zen haien aurrean kanaberazko txirula bat jotzera, ile korapilatuen jiran orein-damazko koroa bat zuela, gorriz tindatua eta arrosa bat bezala zabaldua. Gorputza gorriminez margoturik zeukan, aurpegia urdinez; eta zilar berezkozko ñirñirrez josia zuen larrua. Hala, begitartea sor eta gor, zirri baten gainean eseri, eta pipa bat tabako erre zuen.

        Gero beste batzuk paratu ziren herronka karratuan, beltzez, eta gorriz, eta zuriz margotuak, eta zenbait kolore-erdizka, kantari eta dantzari Oki beren idoloaren aurrean, zeina goroldioz barru-beteriko suge-larruz egina baitzen eta kobrezko katez apaindua.

        Baina handik egun gutxitara, kanoa batean ibaia ikertzen ari zela, Smith kapitainari eraso egin zioten bat-batean, eta estekatu. Ulu izugarri artean eraman zuten etxe luze batera, non berrogei basatik zaindu baitzuten. Apaizek, begiak gorriz margotuak eta aurpegiak zerrenda zuri handiz zeharkatuak, birritan inguratu zuten atxilo-etxeko sua irin arrasto batez eta gari ale batzuez. Berehala erregearen etxolara eraman zuten John Smith. Powhatanek bere larru-jantzia zeraman soinean, eta inguruan zeuzkanek txori-lumatxaz apainduak zituzten ileak. Emakume batek ura ekarri eta eskuak garbitu zizkion, eta beste batek luma sorta batez xukatu zizkion. Bizkitartean bi erraldoi gorrik bi harri zapal ezarri zituzten Powhatanen oinetan. Eta erregeak eskua jaso zuen, adieraziz Jon Smith harrion gainean eratzan behar zutela eta borramakila-ukaldika zartatu burua.

        Pokahontasek ez zituen hamabi urte baino, eta herabez doi ateratzen zuen begitartea kontseilari zirrimarratuen artean. Intziri eginik, kapitainarenganantz oldartu zen eta haren masailaren kontra paratu burua. John Smithek hogeita bederatzi urte zituen. Mustatxa zuri handiak zeuzkan, bizarra haizemaile gisa zabal, eta arranokara aurpegia. Esan zioten erregearen alabatxoaren izena, bizia salbatzen zionarena, Pokahontas zela. Baina ez zen hura neskatoaren benetako izena. Powhatan erregeak bakea zertu zuen John Smithekin, eta aske utzi.

        Handik urtebetera, Smith kapitainak bere ostearekin kanpamendua ezarri zuen ibaiko oihanean. Gaua trinkoa zen; euri sarkor batek isilperatzen zituen zarata guztiak. Bat-batean, Pokahontasek kapitainaren sorbalda ukitu zuen. Bere gisa zeharkatuak zituen, bakar-bakarrik, basoetako ilunpe ikaragarriak. Xuxurlaka esan zion nola aitak eraso eta hil nahi zituen ingelesak, haiek jatorduan zeuden bitartean. Arren eskatu zion ihes egiteko, biziari eutsi nahi bazion. Smith kapitainak beirakiak eta xingolak eskaini zizkion Pokahontasi; baina hark negar egin zuen eta erantzun ez zitzaiola gisa. Eta ospa egin zuen, bakarrik, basoan barrena.

        Hurrengo urtean, kolonoek gaitzetsi egin zuten Smith kapitaina, eta, 1609an, Ingalaterrara ontziratu zuten. Han, Virginiari buruzko libururik ondu zuen, kolonoen egoera azalduz eta bere abenturak kontatuz. 1612 aldera, Argall kapitaina delako batek, merkatari-tratuak egitera joana potomaken artera (hala baitzeritzen Powhatan erregearen herritarrei), ezustean Pokahontas printzesa ostu, eta ontzi batean giltzapetu zuen bahi gisa. Erregea, haren aita, sumindu egin zen; baina ez zioten itzuli alaba. Hala, hantxe iraun zuen hark gatibutzaren penetan, harik eta egun batean molde oneko aitoren seme batek, John Rolfek, maiteminak joa, emaztetzat hartu zuen arte. 1613ko apirilean ezkondu ziren. Diotenez, Pokahontasek bere maitasunaren berri eman zion bere nebetako bati, ikustera etorri zitzaiolarik. 1616ko ekainean iritsi zen Ingalaterrara, non, gizarteko pertsonen artean, bisitatzeko jakin-min handia sorrarazi baitzuen. Ana erregina jatorrak harrera gozoa egin zion eta haren portreta irartzeko agindu.

        John Smith kapitaina, ostera Virginiara abiatzekotan, ontzira aurretik hari konplimendu egitera etorri zen. Ikusi gabe zegoen 1608tik. Hogeita bi urte zituen Pokahontasek. Kapitaina sartu zenean, burua aldaratu eta aurpegia ezkutatu zuen, ez senarrari eta ez lagunei erantzuten ez ziela, eta bakarrik egon zen bi edo hiru orduz. Gero kapitainaren galdea egin zuen. Orduan, begiak jaso, eta esan zion:

        — Promes egin zenion Powhatani zurea zena harena zela, eta hark berdin zuri; haren sorterrian arrotz izanik, aita deitzen zenion zuk hari; zurean arrotz izanik, hala deituko dizut nik zuri.

        Smith kapitaina etiketaren kontuaz desenkusatu zen, hura errege-alaba zela eta.

        Neskak horri:

        — Zu ez zara beldur izan ene aitaren herrira etortzeko, eta izutu egin duzu, hura eta haren jendeak oro izutu, ni salbu: beldur zara, beraz, nik hemen aita nirea esateko zuri? Aita nirea esango dizut, eta zuk alaba nirea esango didazu, eta ni zure herri berekoa izango naiz betiko... Han, hila zinela esan zidaten ...

        Eta John Smithi ahapeka jakinarazi zion Matoaka zuela izena. Indiarrek, norbait sorginkeriaz neskatoaz jabe zedin beldur, Pokahontas izen faltsua emana zieten arrotzei.

        John Smith Virginiara abiatu zen eta ez zuen ostera sekula ikusi Matoaka. Hura, Gravesend-en zegoela gaixotu, hurrengo urtearen hasieran, zurbildu, eta hil egin zen. Ez zituen hogeita hiru urte.

        Haren portreta honako exergoaz inguraturik dago: Matoaka alias Rebecca filia potentissimi principis Powhatani imperatoris Virginiae. Matoaka gaixoak feltrozko kapelu altu bat zeukan jantzia, perlazko bi girlandarekin; farfail zurrunezko iduninguru handi bat, eta lumazko haizemaile bat eskuan. Aurpegia argaldurik zeukan, masailkoskorrak luze, eta begi handi eztiak.

 

 

 

 

"Marcel Schwob / Bizi alegiazkoak" orrialde nagusia