KATHERINE FARFAILGINA
Neska amodiotsu
Hamabosgarren mendearen erdi aldera jaio zen, Pergaminoginen karrikan, Saint-Jacques karrikatik hurbil, hainbesterainoko hotza egin zuen negu batean, non otsoak lasterka ibili baitziren Parisen barrena elurtzan. Txanoaren azpian sudurra gorri ageri zuen emakume zahar batek jaso eta hazi zuen. Eta lehenbizi atarietan jolasean jardun zuen Perrenette, Gillemette, Ysabeau eta Jehannetonekin, zeinek, kota laburrez jantzirik, beren eskutxo gorrituak mela-mela egiten baitzituzten errekastoetan izotz zatiak harrapatzearren. Begira egoten zitzaizkien orobat neskatook bidaztiak Saint-Merry esaten zaion mahai-jokora limurtzen zituztenei. Eta, estalpeetan, zelata egiten zieten tripakiei beren tinetan, eta hestebete luze kulunkariei, eta harakinek okela-laurdenkiak zintzilikatzen zituzteneko kakotzar burdinazkoei. Saint-Benoît-le-Bétourné ondoan, idaztokiak diren lekuan, lumen karranka-hotsa entzuten zuten, eta kandelei putz egiten letradunen sudurretan, iluntzean, denden leihatiletatik. Zubi Txikian, sardinzar-saltzaileei burla egin eta bizkor alde egiten zuten Maubert plazarantz, eta Hiru Ateen karrikaren izkinetan ezkutatzen; gero, iturriaren karelean eserita, gauaren lanbrora arte aritzen ziren kalakan.
Horrela iragan zen Katherineren lehen gaztaroa, atsoak farfailgintzarako kuxintxo baten aurrean esertzen eta pazientziaz txirrika guztietako hariak xuxen gurutzatzen irakatsi aurretik. Geroago, bere lanbidean fin-fin trebatu zen, ordurako Jehanneton txanogin, Perrenette gobadagin eta Ysabeu eskularrugin bilakatuak baitziren, eta Guillemette, zoriontsuena, hestebetegin, txerri-odol freskoz igurtzi baliote bezala distiratzen zuèn aurpegitxo gorrimin baten jabe izaki. Saint-Merry jokoan arituak zirenei dagokienez, bestelako ekinbidetan hasiak ziren ordurako; batzuek Sainte-Genevièveko mendian ikasten zuten, eta beste batzuek Trou-Perrette-nean kartak nahasten ziharduten, eta beste batzuek Aunis-eko ardoz topa egiten zuten Pomme-de-Pin-enean, eta beste batzuek liskarrean zebiltzan Grosse-Margot-en bentan, eta eguerdiko tenorean, han ziren, taberna sarreran, Baben karrikan, eta gauerdiko tenorean, berriz, Juduen karrikako atetik irteten ziren. Katherineri dagokionez, hark bere farfailaren hariak gurutzatzen zituen, eta udako arrastirietan freskuran egurasten zen elizako aulkian, non haizu baitzen irriz eta berriketan aritzea.
Katherinek atorramotz ile-gordin bat zeraman eta kolore berdeko kotagaineko bat; apaindura-zale amorratua zen, eta deus ez zuen gorrotoago leinu nobleko ez diren neskak ezaugarritzen dituen burutea baino. Berdin maite zituen errealak, zurikoak eta batez ere urrezko ezkutuak. Horrexek arrimarazi zuen Châtelet-eko makila-sarjentu Casin Cho-let-engana; bere ofizioaren itzalpean, txanponbide makurra zuen. Sarritan afaldu zuen neskak haren konpainian Mandemearen ostatuan, trinitarioen elizaren aurrez aurre; eta, afal ondoren, han abiatzen zen Casin Cholet oilo-harrapaketan Parisko harresi-hobien ifrentzuetan. Bere kapa zabalaren azpian ekartzen zituen oiloak, eta oso ongi saltzen Machecroue-ri, Petit-Châtelet-eko ateko hegazti-saltzaile eder bati, Arnoul-en alarguna bera.
Laster Katherinek bertan behera utzi zuen bere farfailgin-lanbidea: zeren atso sudur-gorria Inozenteen hezurtegian usteltzen ari baitzen. Casin Cholet-ek ganbera-zulo koxkor bat aurkitu zuen bere neskalagunarentzat, Trois-Pucelles-en ondoan, eta hara egiten zion bisita arratsapalean. Ez zion galarazten leihoan bere burua erakusgai jartzea, begiak ikatz-margoz belzturik, masailak berun-zuriztaturik; eta ongi ordaintzen zuten guztiei Katherinek edateko eta jatekoak eskaintzen zizkieneko ontzi, kikara eta fruta-erretilu guztiak Chaire-nean lapurtuak ziren, edo Cygnes-enean edo Plat-d'Étain-eko bentan. Trois-Lavandières-enean Katherineren soinekoa eta gerri-uztaia bahituran jarriak zituen egun batean desagertu zen Casin Cholet. Haren lagunek esan zioten farfailginari orga-ipurdi batean zurratu zutela gizona eta Paristik egotzi, prebostearen aginduz, Baudoyer atetik. Ez zuen gehiago ikusi; eta bakarrik, ez baitzuen dirua irabazteko bihotzik, neska amodiotsu bilakatu zen, bizileku finkorik gabe.
Lehenbizi, ostatuetako ateetan itxaroten zuen; eta ezagutzen zutenek harresien atzera eramaten zuten, Châte-let-en azpira, edo Nafarroako kolegioaren kontra; gero, hotz handiegia egin zuenean, atso estalgile batek bainuetara sarrarazi zuen, non ugazabandreak aterpea eman baitzion. Zorua ihi berdez jantzirik zeukan harrizko ganbera batean bizi izan zen han. Katherine Farfailgina delako bere izena laga zitzaion, nahiz eta ez egin batere farfailik. Batzuetan askatasuna ematen zitzaion karriketan barrena paseatzeko, jendeak bainuetara joateko ohitura duen orduan itzultzeko baldintzapean. Eta Katherine alderrai ibiltzen zen eskularruginaren eta txanoginaren denden aurretik, eta sarri askotan han geratu zen luzaro hestebeteginaren aurpegi odolkoloreari bekaitzez so, hark barre egiten zuela bere txerri-okelen artean. Gero bainuetara itzultzen zen: beira beltzen atzean gorri zizekaten eta astunki urtzen ziren kandelaz argiztatzen zituen ilunabarrean ugazabandreak.
Azkenean Katherine aspertu egin zen ganbera karratu batean barruturik bizitzeaz; bideetara ihes egin zuen. Eta, orduz gero, ez zen gehiago Paristarra izan, ezta farfailgina ere; baizik eta Frantziako hirien jiran inguru-minguru ibiltzen diren emakumeon gisako, hilerrietako harrien gainean eseriak, bidaztiei atsegin emateko. Neskatxok ez dute beste inolako izenik beren itxurari doakiena baino, eta Katherineri Mutur izena egokitu zitzaion. Belazeetan barrena ibiltzen zen oinez, eta, iluntzean, barrandan jartzen zen bide ertzetan, eta haren muzin zuria ageri zen berroetako laharren artean. Hilen arteko gauetako beldurra jasaten ikasi zuen Muturrek, hotzikaraz dardarka oinak hilarriak igurztean. Akabo errealak, akabo zurikoak, akabo urrezko ezkutuak; txiroki bizi zen ogiz eta gaztaz, eta bere katilu uraz. Zorigaitzeko lagunak izan zituen, urrunetik xuxurlatzen ziotenak: «Mutur! Mutur!», eta maitatu zituen
Tristurarik handiena elizetako eta kaperetako ezkilak entzutea zen; zeren ekaineko gauez oroitzen baitzen Mutur, noiz eta bera hantxe eserita baitzegoen, kota berdez jantzia, lorio santuetako aulkietan. Andereñoen apainduren bekaitzez zegoen garaia zen; ez zitzaion jada geratzen ez burute ez txanorik. Buruhas, bere ogia igurikatzen zuen, lauza lakar batean bermaturik. Eta oroi-mingarri zitzaizkion bainuetako kandela gorriak, hilerriko gauaren erdian, eta ganbera karratuko ihi berdeak, oinak hondoratzen zitzaizkioneko lokatz lodi haren lekuan.
Gau batean, gerlariaren itxurak egiten zituen emazain zirtzil batek, zintzurra ebaki zion Muturri gerrikoa osteko. Baina ez zion aurkitu poltsarik.