PAOLO UCCELLO

Margolari

       

        Paolo di Dono zuen benetan izena; baina florentziarrek Uccelli esaten zioten —Paulo Txori, alegia—, haren etxea betetzen zuten txori irudikatu eta piztia margotu mordoarengatik: etxean animaliarik mantentzeko edo inondik inora ezagutzen ez zituenak inguratzeko txiroegia baitzen. Norainokoa kontua, behin Paduan lau elementuen fresko bat egin behar, eta kameleoiaren tankera eman omen zion ezaugarritzat aireari. Ez baitzuen, ordea, halakorik egundo ikusi, aho-begiak zabalik dauzkan gamelu sabelandi bat irudikatu zuen. (Kameleoia, haatik, Vasarik esplikatzen duenez, sugandila zimel baten antzekoa da, eta gamelua, berriz, animaliatzar kankailu bat.) Zeren Uccello ez baitzen batere axolatzen gauzen errealitateaz, baizik eta haien aniztasunaz eta lerroen infinituaz; horregatik pintatu zituen belaze urdinak, hiri gorriak, armadura beltzez jantziriko zaldunak ahotik sua darien ebanozko zaldi gainetan, argi errainu antzo zeruko zeinahi puntutarantz jasoriko lantzak. Eta ohitura zuen mazocchiak marrazteko, zeinak oihalez estaliriko zurezko uztaiak baitira, buruan jartzen direnak, dilindan geratzen diren ehun-xerloek aurpegi guztia inguratzen dutela. Orotarikoak irudikatu zituen —punta-zorrotzak, karratuak, alde-anitzak, piramide eta kono gisa antolatuak—, perspektibaren ager-molde guztiei jarraiki, konbinaziozko mundu oso bat aurkitzen baitzuen mazocchioaren tolesturetan. Eta Donatello eskultoreak esaten zion: «Ah! Paolo, sustantzia lagatzen duk itzal truke!».

        Txori, hala ere, bere obra pazientziatsuari ematen zitzaion; zirkuluak elkartu, angeluak zatitu, izakiak oro aztertzen zituen alderdi orotatik, eta bere lagun Giovanni Manetti matematikariari etortzen zitzaion Euklidesen problemen interpretazioaren galdez; gero, bere gelan zarratu bere burua, eta puntuz eta kurbaz estaltzen zituen pergamino eta oholak. Bizi guztian jardun zuen arkitektura ikasten, Filippo Brunelleschiren laguntzarekin; ez, ordea, deus eraikitzeko asmotan. Lerroen norabideei erreparatzera mugatzen zen, zimenduetatik hasi eta gailurretaraino; eta elkar-ebakigunera zihoazen lerro zuzenen konbergentziari; eta gangak giltzarrietara bihurtzen ziren moduari; eta sabaiko habeen abaniko gisako eskortzoari, sala luzeetako urruneko bazterrean bat egiten zutela baitzirudien. Animalia guztiak eta haien mugimenduak irudikatzen zituen orobat, eta gizonen keinuak, lerro soiletara errenditzeko asmoz.

        Aurki, nola alkimista sutegi koxkorrean urtzera jarri dituen metal eta organo nahasteen gainera makurturik, urrea sortu beharrez, hala zituen Uccellok forma guztiak isurtzen formen arragora. Bildu, eta konbinatu, eta urtu egiten zituen, forma guztiak bere meneko dituen forma sinple hartara eraldatu beharrez. Horra zergatik bizi izan zen Paolo Uccello alkimista baten modura bere etxetxoaren barrenean. Pentsatu zuen itxura ideal bakar batera ekarri ahal izango zituela lerro guztiak. Jainkoaren begian islatzen den bezala tankeratu nahi izan zuen kreazio osoa, zentro konplexu batetik sortzen ikusten baititu hark figura guztiak. Ghiberti, Della Robbia, Brunelleschi eta Donatello bizi zituen inguruan, zein bere artearen jaun eta jabe harro, Uccello gaixoari eta perspektibarekiko haren zoramenari burla eginez, haren etxe amaraunez bete, mantenu-gaiz huts hartaz pleinuka; baina Uccello are harroago zen. Lerro konbinaketa berri bakoitzean asmatu uste izaten zuen sortzeko modua. Ez zuen imitazioa xede, zer guztiak beregainki garatzeko ahala baizik, eta tolesturadun txanoen serie bitxi hura argigarriagotzat zeukan, Donatello handiaren marmolezko figura bikainak baino.

        Halaxe bizi zen Txori, buru gogoetatsua kaparen hegaletan bildurik; eta ez zuen kontu ematen zer zuen jaten ez edaten, baizik eta ermitau baten antz erabatekoa zuen. Hala, egun batez, larre bateko belar artean erdi hondoraturiko harri zaharrezko zirkulu baten ondoan, neskato bat hauteman zuen irriz, burua girlanda batez inguratua. Jantzi luze fin-fin bat zeraman, gerri parean xingola zurbil batez eutsia, eta okertzen zituen zurtoinak bezalakoxe arinak ziren haren mugimenduak. Selvaggia zuen izena, eta irribarre egin zion Uccellori. Hark irribarrearen eiteari erreparatu zion. Eta neskatoak begiratu zionean, haren betileetako lerrotxo guztiak ikusi zituen, eta betseinen zirkuluak, eta betazalen kurba, eta ileen elkargurutzatze sotilak; eta makina bat jarreratan kokarazi zuen bere irudimenean neskaren bekokiko girlanda hura. Selvaggiak, ordea, ez zuen jakin halako ezeren berririk, hamahiru urtekoa baitzen artean. Eskutik heldu, eta maitatu egin zuen Uccello. Florentziako tindatzaile baten alaba zen, eta ama hila zuen. Beste emakume bat etorria zen etxera, eta Selvaggia jotzen hasi. Uccellok bere etxera jaso zuen.

        Selvaggiak hantxe ematen zuen egun osoa, Uccellok forma unibertsalak marrazten zituen murruaren aurrean kokorikaturik. Sekula ez zuen ulertu zergatik zuen nahiago gizonak lerro zuzen nahiz makotuak begietsi, parean zuen figura xamurrari so egin baino. Gauez, Brunelleschi edo Manetti Uccellorekin ikastera zetozenean, loak hartzen zuen, gauerdia jorik, zuzen elkargurutzatuen oinean, argiontziaren pean hedatzen zen itzal-inguruan. Goizean, Uccello baino lehen esnatzen zen, bozkarioz esnatu ere, margoturiko txoriz eta animalia kolorezkoz inguratua kausiturik bere burua. Marraztu zituen noski Uccellok neskatoaren ezpainak, eta haren begiak, eta haren ileak, eta haren eskuak, eta bai jaso ere haren gorputz-jarrerak oro; baina ez zuen egin haren erretraturik, emakumeren bat maite zuten gainerako margolariek ohi zutenez. Txorik ez baitzuen ezagutzen gizabanakora mugatzearen poza; ez zekien toki bakar batean egoten: nahi zuen, goialdeetan hedaturik hegada, toki guztien gainetik ibili hegan. Eta Selvaggiaren jarreren formak formen arragora iraitziak izan ziren, animalien mugimendu guztiekin, eta landareen eta harrien lerroekin, eta argiaren izpiekin, eta lurreko lurrunen eta itsasoko olatuen kulunkadekin batera. Eta Selvaggiaz oroitu gabe, formen arragoaren gainean makurtua zirudien eternalki Uccellok.

        Bizkitartean, haren etxean ez zegoen jatekorik deus ere. Selvaggia ez zen ausartzen Donatellori nahiz besteei esatera. Isildu egin zen eta hil. Uccellok haren gorpuaren zurruntzea irudietaratu zuen, eta eskutxoen elkardura, eta begi itxi gaixoen lerroa. Ez zuen jakin hilik zegoenik, lehenago bizirik zegoenentz jakin ez zuen modu berean. Aitzitik, lehendik bilduak zituen guztien artera iraitzi zituen forma berriok.

        Zahartu zen Txori, eta inork ez zituen jada ulertzen haren margolanak. Kurbazko nahaspila bat baizik ez zen ageri. Jadanik ez zen bereizten ez lurrik, ez animaliarik, ez gizonik. Aspaldi luzetik, bere obra gorena lantzen ari zen Uccello, begi orotatik gordean. Bere ikerketa guztiak bildu behar zituen lan hark, eta ikerketon iruditzat zeukan, hain zuzen. Santo Tomas sinesgogorra zen, Kristoren zauria ukitzen. Laurogei urterekin amaitu zuen Uccellok bere koadroa. Donatello etorrarazi, eta jaiera handiz kendu zion estalkia haren aurrean. Eta Donatellok orduan, espantuz: «Oi, Paolo, estal ezak heure koadro hori!». Txoriak galdeka ekin zion eskultore handiari: baina hark ez zuen esan nahi izan besterik. Hortik Uccellok atera zuen erdietsia zuela miraria. Donatellok, ordea, ez zuen ikusi lerro-anabasa bat besterik.

        Eta urte batzuk geroago, akiduraz hilik aurkitu zuten bere kamainan Paolo Uccello. Zimur-izpiz gainezka zegoen haren aurpegia. Misterio errebelatuan josiak zeuzkan begiak. Esku gogorki hertsatuan pergamino puska bat zeukan, zentrotik zirkunferentziara zihoazen eta ostera zirkunferentziatik zentrora itzultzen ziren lerro elkargurutzatuz estalia.

 

 

 

 

"Marcel Schwob / Bizi alegiazkoak" orrialde nagusia