ENPEDOKLES
Jainko ustezko
Inork ere ez daki zein izan zen haren sortzea, ez eta lur gainera nola etorri zen ere. Akragas ibaiaren urbazter urreztatutik hurbil agertu zen, Agrigentoko hiri ederrean, Xerxes-ek itsasoa katez joarazi zuen garaiaren ondotxoan. Haren aitonari Enpedokles zeritzola diosku soilik tradizioak: inork ez zuen ezagutu. Hortik, dudarik gabe, ulertu behar da bere buruaren seme zela, Jainko bati dagokion moduan. Haren jarraitzaileek, ordea, badaukate ezen, bere lorian Siziliako landak alderik alde ibili aurretik, bazituela iraganak lau bizialdi gure munduan, eta landare, arrain, txori eta neska gazte izana zela. Purpurazko soingaineko bat zeraman, ile luzeak haren gainera jausten zitzaizkiola; bazuen buruaren jiran urrezko xingola bat, burdinorizko sandaliak oinetan, eta artile eta ereinotzez txirikordaturiko girlandak zeuzkan lepotik.
Eskuak gainean ezarriz eriak sendatzen zituen, eta neurtitzak errezitatzen, Homeroren ereduan, doinu arranditsuz, gurdi batera igorik, zerurantz jasoa burua. Jende samalda handia zerraion, eta oinetara ahuspezten, haren poemak entzutearren. Gariak argitzen dituen zeruaren pean, bazter orotatik zetozen gizonak Enpedoklesenganantz, besoak opari-eskaintzaz zamaturik. Aho zabalik edukitzen zituen bere kantagaiz: ortzi-ganga jainkozkoa, kristalez egina; eguzki esaten diogun su-masa hori, eta maitasuna, zeinak guztia baitauka bere baitan, esfera zabal-zabal bat irudi.
Izakiak oro, zioen, gorrotoak agertzera egin zueneko maitasun-esfera horren zati elkarrengandik bereiziak baino ez dira. Eta maitasuna deitzen diogun hori, berriz, elkarrekin bat egin eta elkarrengan urtu eta elkarren baitan nahasteko irrika da; lehenera itzultzekoa, alegia, halaxe baikeunden antzina, etsaitasunak hautsi duen jainko globularraren altzoan. Aiputan hartzen zuen egun hura non esfera jainkozkoa puztuko baitzen, arimen eraldaketa guztien buruan. Zeren guk ezagutzen dugun mundua gorrotoaren obra baita, eta haren desegintzarrea maitasunaren obra izango baita. Hala zuen kantatzen hiri eta landa-herrietan; eta Lakoniatik etorritako sandalia burdinorizkoek dilin hotsa zegiten haren oinetan, eta haren aitzinean bazen zinbalo-soinurik. Bizkitartean, Etna-ren muturrari ke beltzezko mataza bat zerion ortzian gora, bere itzalpean hartuz Siziliako lurrak.
Zeruko jainko baten gisara, purpuraz bildua zuen soina eta urrez inguratua bekokia; pitagorikoak, aldiz, han zebiltzan lihozko beren tunika meheetan uzkur, papiroz eginiko oinetakoz. Zurrumurrua zebilen bazekiela beteria aienatzen, hanturak desegiten, eta soin ataletako oinazeak kentzen; euriak edo urakanak geldiarazteko erregutzen zitzaion; muino-zirkulu baten gainean araokatu zituen ekaitzak; Selinonte-n sukarra uxatu zuen, bi ibai hirugarren baten ubidera isurarazirik; eta Selinont-ko herritarrek gurtu egin zuten eta tenplu bat eraiki zioten, bai eta dominak irarri ere, non Apoloren irudiaren aurrez aurre kokaturik baitzegoen haren irudia.
Beste batzuen arabera, igarle izan zen, eta Pertsiako aztiek irakatsia; nekromantziaren eta belar erogarrien zientziaren jabe omen zen. Ankitos-en etxean afaltzen ari zen egun batean, gizon haserre bat oldartu zen aretora, ezpata eskuan. Enpedoklesek, zutitu, besoa luzatu, eta Homerok nepenta soraiogarriari buruz paraturiko bertsoak kantatu zituen. Eta berehala nepentaren indarrak oratu zion gizon haserreari, eta hantxe geldi-geldi geratu zen, ezpata airean, oro ahantzirik, eden gozoa edan bailuen kratera bateko ardo pindartsuan nahasturik.
Eriak, hiriak utzi, eta harengana joaten ziren, eta jende dohakabezko aldra batez inguraturik zegoen. Emakumerik ere bildu zen taldera haren arrastoan. Soingaineko preziatuaren hegaletan muin egiten zioten. Batek Pantea zuen izena, eta Agrigentoko aitoren seme baten alaba zen. Artemisi sagaratua behar zuen, baina, jainkosaren estatua hotzaren ondotik ihes egin, eta Enpedoklesi eskaini zion bere birjintasuna. Ez zen nabaritu haien arteko maita-sun-seinalerik, zeren soraiotasun jainkozko bati eusten baitzion Enpedoklesek. Ez zuen hitzik egiten metro epikoan baino, eta Joniako dialektoan, nahiz eta populua eta beraren jarraitzaileak dorikoaz baino ez ziren baliatzen. Haren keinu guztiak sagaratuak ziren. Gizonengana hurbiltzen zenean, haiek benedikatzeko edo sendatzeko hurbiltzen zen. Denbora gehienean, isilik egoten zen. Jarraikitzen zitzaizkionetariko ezeinek ezin izan zuen sekula lotan kausitu. Maiestatetsu baino ez zen agertu jendearen begietara.
Pantea artile finez eta urrez jantzirik zegoen. Agrigentoko moda aberatsera antolaturik zeuzkan ileak. Gerruntze gorri batek eusten zien haren bularrei, eta urrineztaturik zeuden haren sandalia-zolak. Gainerakoari dagokionez, ederra zen eta gorputzez luzea, eta oso azalprintz desiragarrikoa. Ezinezkoa da ziurki baiestea Enpedoklesek maite zuela, baina gupida izan zuen behintzat Panteaz. Izan ere, Asiatiko hatsak izurria sorrarazi zuen Siziliako landetan. Gizon asko ukitu zuten azotearen hatz beltzek. Abere-gorpuz ihaurriak zeuden larre-bazterrak, eta ardi larrutuak ageri ziren han-hemenka, aho-muturrak zerurantz zabaldurik hilak, saihetsak nabarmendurik. Eta Pantea makaltasunez iraungitzen zen, eritasun horrek joa. Enpedoklesen oinetara jausi zen eta ez zuen gehiago arnasarik hartzen. Inguruan zituenek, haren gorputz atal zurrunduak jaso, eta ardotan eta urrin gozotan bainatu zituzten. Haren bular gazteak estutzen zituen gerruntze gorria askatu, eta lotailuz troxatu zuten. Eta haren aho erdi-irekiari lokarri batek eusten zion, eta haren begi hondoratuek ez zioten gehiago argiari behatzen.
Enpedoklesek so egin zion; bekokia inguratzen zion urrezko uztaia erantzi, eta hari ezarri zion. Bularren gainean ereinotz profetikozko girlanda paratu, arimen migrazioari buruzko bertso ezezagun batzuk kantatu, eta hiru aldiz agindu zion altxatu eta ibiltzeko. Jendetza laborriz beterik zegoen. Hirugarren deira, Pantea itzalen erreinutik jalgi zen, eta haren gorputza bizitu eta oinen gainean zutitu zen, hileta-xingolaz bil-bil eginik. Eta populuak ikusi zuen hilen deitzaile zela Enpedokles.
Pisianaktes, Pantearen aita, jainko berria gurtzera etorri zen. Haren landetxeko zuhaitzen pean mahaiak hedatu ziren, edari-opakuntzak eskaintzeko. Enpedoklesen alboetan, esklabo zenbaitek zuzi handi batzuk zeuzkaten jasorik. Aldarrikariek, misterioak ospatzean bezala, isiltasun hotsandikora deitu zuten. Bet-betan, hirugarren beilan, zuziak itzali, eta gauak bildu zituen adoratzaileak. Ahots sendo bat entzun zen hots egiten: «Enpedokles!». Argia egin zenean, bistatik aienatua zen Enpedokles. Gizonek ez zuten egundo ostera ikusi.
Esklabo latzikaratu batek kontatu zuen arrasto gorri bat ikusi zuela ilunpeak ildotzen Etnaren gailurrerantz. Fedekideek mendi malda elkorretan gora ekin zioten egunsentiko argi-dirdai goibelean. Sumendiaren kraterrak sugar azao bat iraizten zuen goitika. Amildegi goria ingurubiltzen duen karel porotsuaren gainean, suak bihurrituriko sandalia burdinorizko bat aurkitu zuten.