ATARIKOA

       

        Historia-jakintzak zalantzan uzten gaitu gizabanakoei buruz. Ez digu agerian jartzen haiek egintza orokorrekin loturik egokitu zireneko puntuak besterik. Ez digu esaten Napoleon minez zegoela Waterloo-koaren egunean, Newton-en buru-jardun gehiegia haren izaeraren kontinentzia absolutuari egotzi behar zaiola, Alexandro hordirik zegoela Klitos hil zuenean eta Luis XIV.aren fistula haren zenbait erabakiren kausa zatekeela. Pascal-ek arrazoibidetan dihardu Kleopatraren sudurrari buruz, laburragoa izan balitz sudur hori, edo Cromwell-en uretrako hondar ale bati buruz. Banako kontu horiek guztiok ez dute baliorik gertaerak aldarazi dituztelako edo gertaeron segida desbidera zezaketelako baino. Kausa erreal edo posibleak dira. Jakintsuen esku utzi behar dira.

        Artea ideia orokorren beste muturrean dago; ez du deskribatzen gizabanakoa baino, ez du desiratzen berdinik ez duena besterik. Ez du sailkatzen; desailkatu egiten du. Horrek ematen digun lana ematen digula ere, gure ideia orokorrak Marte planetan dabiltzanen antzekoak dirateke, eta elkar ebakitzen duten hiru lerrok triangelu bat osatzen dute unibertsoko toki guztietan. Baina so egiozue zuhaitz-hosto bati, ikusi haren zain apetatsuak, itzalak eta eguzkiak ñabararaziriko tonuak, euri tanta batek hantxe harrotu duen puztura, intsektu batek utzi duen eztenkada, barakuilutxoaren arrasto zilarkara, udazkenak markatu duen lehen urreztadura hilgarria; bila ezazue antzeko peto-petoa den hosto bat lurreko oihan zabal guztietan: desafioa egiten dizuet, horra. Ez dago zientziarik foliolo baten tegumentuarenik, zelula baten filamentuenik, odol-zain baten makodurarenik, aztura baten maniarenik, aiurri baten gorabeherenik. Halakori sudurra okerra egokitu izana, begi bat bestea baino garaiagoa, beso-giltzadura korapilatsua; ohitura eduki izana halako ordutan oilasko-bularra jateko, malbasia gogokoago ukan izana chateau-margauxa baino, horra zer den paralelorik gabea munduan. Sokratesek bezain aise esan zezakeen Tales-ek ere Gnvqi seauton; baina ez zuen modu berean igurtziko zangoa presondegian, zikuta edan aurretik. Gizon handien ideiak gizadiaren ondare erkidea dira: haietariko bakoitza bere bitxikerien jabe baino ez zen izan benetan. Gizon bat bere anomalia guztiekin deskribatuko lukeen liburua japoniar estanpa bat bezalako artelan bat litzateke, non eternalki ikusten baita beldartxo baten irudia behin eguneko ordu partikular batean begietsia.

        Historiak mutu geratzen dira halako gauzen aurrean. Lekukotasunek hornituriko material-bilduma baldarrean, oso inoizkakoak dira pasarte berezi eta imitaezinak. Biografo zaharrak batez ere zikoitzak dira. Ez baitzuten deusik estimatzen bizi publikoa edo gramatika besterik, gizon handiei buruz haien hitzaldiak eta haien liburuen izenburuak zituzten jaso guretzat. Aristofanesi berari zor diogu burusoila zela jakitearen poza, eta Sokratesen sudur zapalak konparazio literarioetarako biderik eman ez balu, oinutsik ibiltzeko aztura gorputzarenganako arbuiozko haren sistema filosofikoaren parte izan ez balitz, ez genuen gordeko harengandik beraren moral-itaunketak besterik. Suetonioren auzo-maiseaketak ez dira polemika gorrototsuak baino. Plutarkoren jeinu jatorrak artista bilakatu zuen hura batzuetan: baina ez zuen jakin ulertzen bere artearen esentzia, «paraleloak» irudikatu baitzituen: posible balitz bezala bi gizonek, garbi eta zehatz deskribatuak beren xehetasun guztiekin, elkarren antza izatea! Azkenean, beste nora jorik ez dugu: Ateneo, Aulo-Gelio, eskoliastaren bat edo beste, eta Diogenes Laerzio, zeinak pentsatu baitzuen filosofiaren historia moduko bat ondu zuela. Gizabanakotasunaren sentimendua garai modernoetan garatu da areago. Boswell-en obra betegina litzateke hark ezinbestekotzat jo ez balu Johnson-en gutun-trukaketa eta haren liburuei buruzko digresio batzuk aipatzea. Aubrey-ren eskutiko Pertsona gailenen biziak gogobetekoago dira. Aubrey-k bazuen, inolako dudarik gabe, biografiaren sena. Ala baita gogaikarria antikuario bikain horren estiloa ez iristea beraren burubidearen parera! Espiritu ohartuen laketgarri eternala zatekeen horrenbestez haren liburua. Aubrey-k ez zuen sekula beharrik sumatu xehetasun banakoen eta ideia orokorren artean erlaziorik ezartzeko. Aski zitzaion bestek eman izana ospearen sona berari interesa pizten zioten gizonei. Ez dugu arrastorik izaten, kasurik gehienetan, ea matematikari batez diharduen, estatu-gizon batez, poeta batez ala erlojugile batez. Baina haietariko bakoitzak du bere ezaugarri guztiz bakarra, gizonen artean sekula betiko bereizten duena.

        Hokusai margolariak esperantza zuen, ehun eta hamar urte bete zitzanean, bere artearen idealera iristeko. Une horretan, zioen, bere pintzelak marrazturiko puntu oro, lerro oro, bizirik zegokeen. «Bizi» diogunean, banako uler bedi. Ez da ezer antzekoagorik puntuak eta lerroak baino: postulatu horretan oinarritzen da geometria. Hokusai-ren arte beteginak, berriz, ezer desberdinagoa ez izatea eskatzen zuen. Hala, biografoaren ideala zera litzateke: gutxi gora-behera metafisika bera asmatu duten bi filosoforen itxura infinituki bereiztea. Horra zergatik Aubrey-k, soilik gizonei atxikitzen baitzaie, ez duen iristen perfekzioa, ez baitu jakin lortzen Hokusai-k espero zuen antzaldatze mirarizkoa, hots, elkar-antzekotasuna anitz-ezberdintasun bilakatzea. Baina Aubrey ez zen iritsia ehun eta hamar urteetara. Hagitz estimagarria da nolanahi ere, eta konturaturik zegoen bere liburuaren garrantziaz. «Gogoan dut —dio, Anthony Wood-i eginiko hitzaurrean— Lambert jeneralaren esaldi bat —that the best of men are but men at the best—, zeinaren hainbat adibide aurkituko baituzue bilduma baldar eta arrapaladako honetan. Arkano hauek, alabaina, ez dira egun argira ateratzekoak, hemendik hogeita hamar urtetsura arte baino. Komeni da, hain zuzen, egilea eta pertsonaiak (mizpiren antzera) usteldurik egotea aurretik.»

        Atzeman litezke Aubrey-ren aitzindarien artean haren artearen hastapen hala-moduzko batzuk. Hala, Diogenes Laerziok irakasten digu Aristotelesek olio beroz beteriko larruzko poltsa bat eramaten zuela urdailaren gainean, eta, hil ondoren, lurrezko txarro pila aurkitu zutela haren etxean. Ez dugu sekula jakingo zer egiten zuen ontziteria horrekin guztiarekin. Eta misterio hori hain da laket, nola baitira Boswell-ek hausnargai utzi dizkigun aieruak, alegia zertarako erabiltzen ote zituen Johnson-ek bere poltsikoetan gordetzeko ohitura zuen laranja-azal idorrak. Hor Boswell imitaezinaren sublimetasun maila jotzen du ia Diogenes Laerziok. Baina bakanak dira halako atseginak harenean. Aubrey-k, aldiz, lerro bakoitzean ematen dizkigu oparo. Milton-ek, diosku, «R letra oso gogor ebakitzen zuen». Spenser «gizon koxkorra zen; ilea labur zeraman, idun-xingola koxkor bat, eta mauka-farfail koxkorrak». Barclay «Ingalaterran bizi zen, tempore R. Jacobi delako garaian. Gizon zaharra zen sasoi hartan, bizar-zuria, eta lumadun ginbail bat zeraman, zenbait pertsona zorrotzen eskandalagarri». Erasmok «ez zuen gogoko arraina, nahiz eta hiri arrantzale batean jaioa izan». Bacon-i dagokionez, «bere zerbitzarietariko inor ez zen ausartzen agertzera haren aurrera Espainiako larruzko botarik gabe; ezen berehala aditzen zuen zekor-larruaren usaina, eta desatsegin baitzitzaion». Fuller doktoreak «hain bortizki zeukan jarria burua lanean, ezen, afal aurretik paseatuz gogoetan murgildurik, bi so-seko ogi bat jaten baitzuen ohartu gabe». Sir William Davenant-i buruz honako ohar hau egiten du: «Haren ehorzketan izan nintzen; intxaurrezkoa zuen zerraldoa. Sir John Denham-ek esan zuen sekula ikusi duen zerraldorik ederrena zela». Honakoa dio Ben Johnson aipagai harturik: «Lacy jaunari, aktoreari, entzun diot esaten ohitura zuela zalgurdi-zainenen antzeko kapa bat eramateko, galtzarbeetatik irekia». Hona zer zaion deigarri William Prinne-rengan: «Hara zer zen haren lan egiteko era. Mokodun txano luze bat janzten zuen, gutxienez bi edo hiru hatz begien gainera sakatua, pantailatzat baliatzen baitzuen hura begiak argitik babesteko, eta hiru ordutik behin edo, ogi bat eta pitxer bat garagardo ekarri behar zion otseinak adore-suspergarri; halatan, bada, han ziharduen lanean, zurrutean eta ogi-mamurketan, egun guztian horretan buru-belarri, eta gero gauean afari on bat egiten zuen». Hobbes «oso burusoil geratu zen zahartzaroan; hala ere, bere etxean, buruhas estudiatzeko ohitura zuen, eta esaten zuen ez zuela inoiz hotzik harrapatzen baina gogaikarrietan gogaikarri zitzaiola euliak soilgunean pausa zekizkion eragotzi beharra». Ez digu ezer esaten John Harrington-en Oceanari buruz, baina kontatzen digu nola egilea «Ao Dni 1660, Dorrera preso igorri zuten eta han giltzapetu, eta gero Portsey Castle-era. Presondegiotan egin zuen egonaldiak (espiritu goitsuko bezain buru-beroa izaki) ondorioz ekarri zuen, kausa prokatartiko gisa, haren eldarnio edo eromena, ez hala ere amorru bizikoa: bada aski zentzuzkoa zen haren solasa eta hagitz atsegingarria harekiko tratua; baina fantasia etorri zitzaion izerdi-tantak euli bilakatzen zitzaizkiola eta batzuetan erle, ad ceterá sobrius; hala, xaflazko etxetxo moldakor bat eraikiarazi zuen Hart jaunaren jardinean (Saint James' Park-en aurrez aurre) kontua esperimentatzeko. Eguzkirantz jiratu etxetxoa, eta aurrez aurre esertzen zen; gero bere azeri-isatsak ekarrarazten zituen, aurkitzen zituzten euli eta erle guztiak esetsi eta sarraskitzeko; jarraian xasisak ixten zituen. Ez zuen, hala ere, sasoi beroan baino egiten esperimentua, halako moldez non zenbait euli jantzi-oihalen zirrituetan eta tolesturetan ostendurik geratzen baitziren. Handik ordu laurdenera edo, beroak bere zulotik irtenarazten zuen euli bat, edo bi, edo gehiago. Orduan hots egiten zuen: "Ez duzue argi eta garbi ikusten nigandik irteten direla?"».

        Hona Meriton-ez esaten digun guztia: «Benetako izena Head zuen. Bovey jaunak ongi ezagutzen zuen. Halako tokian jaioa... Liburu-denda bat zeukan Little Britain-en. Buhameen artean ibilia zen. Maltzur tankera zuen bere begi burlaizetsuekin. Zeinahi ere itxuratara alda zitekeen. Bi edo hiru aldiz egin zuen porrot. Liburu-denda jarri zuen azkenean, edo bere azken aldera. Bere zirrimarretatik ateratzen zuen bizimodua. Orriko 20 txelin ordaintzen zioten. Hainbat liburu idatzi zituen: The English Rogue, The Art of Wheadling, etab. Plymouth-erantz zihoala itsas gorak harrapaturik hil zen, 1676 aldera, 50 urte inguru zituela».

        Azkenik, Descartes-en biografia du hemen aipatu beharrekoa:

        RENATUS DES CARTES Jna

       

        «Nobilis Gallus, Perroni Dominus, summus mathematicus et Philosophus, natus Turorum, pridie Calendas Apriles 1596. Denatus Holmiae, Calendis Februarii, 1650. (C. V. Dalen-ek egin zion erretratuaren azpian egin dut topo idazkun horrekin.) Gaztaroan denbora nola iragan zuen eta hain jakintsu zein metodoz bilakatu zen, berak kontatzen dio munduari Metodoaz izenburuko bere tratatuan. Jesusen Konpainia loriatu egiten da ordenaren ardura eta ohore egokitu izana haren heziketa. Hainbat urtez Egmont-en bizi izan zen (Haga-tik hurbil), non datatu baitzituen bere liburuetariko hainbat. Gizon zuhurregia zen emakume baten lorra bere gain hartzeko; baina, gizona izaki, gizon baten desirak eta irritsak zituen; eskuko zeukan, beraz, gizarte-maila oneko emakume eder bat, maitatzen zuena, eta zenbait haur eman zizkiona (bi edo hiru, uste dut). Hagitz harrigarri litzateke, halako aita baten erraietatik irtenak izanik, ez hartu izana umeok heziketa eder bat. Hain zen jakintsu bikain eta gailena, ezen jakintsu guztiak joaten baitzitzaizkion bisitan, bai eta haietariko askok arren egiten erakusteko bere [...] lanabesak (garai hartan zientzia matematikoa estu loturik zegoen lanabesen ezaguerarekin eta, sir H. S.k zioen moduan, tornuen praktikarekin). Orduan, mahai azpiko tiradera bat ireki, eta adarretako bat hautsita zeukan konpas bat erakusten zien; eta erregelatzat, berriz, bitan tolesturiko paper-orri batez baliatzen zen.»

        Argi dago Aubrey guztiz jabetzen zela bere lanaz. Ez pentsa ez zuenik behar bezala ezagutzen Descartes-en edo Hobbes-en ideia filosofikoen balioa. Ez zen hori interesatzen zitzaiona. Xuxen asko diosku Descartes-ek berak agertu diola munduari bere metodoa. Ondotxo daki Harvey-k odolaren ibilia aurkitu zuela; baina nahiago du ohartarazi atorra-hutsik paseatuz igarotzen zituela gizon handi horrek bere loezinak, idazkera txarra zuela, eta Londresko medikurik ospetsuenek ez zutela emango sei sos haren errezetetariko bategatik. Sinetsirik dago argi egin digula Francis Bacon-i buruz, noiz eta azaldu baitigu bizi eta delikatua zuela begia, urraren kolorekoa, eta sugegorri baten begiaren modukoa. Baina ez da Holbein bezain artista handia. Ez daki eternitaterako tankeratzen gizabanako bat bere ezaugarri bereziez, idealarekiko antzekotasunezko hondo baten gainean. Bere modeloen begi bati, sudurrari, zangoari, musajeari ematen dio bizia: ez daki biziarazten figura. Hokusai zaharrak xuxen ikusten zuen orokorren den hori banako bilakatzea zela kontua. Aubrey-k ez du izan begi-zorroztasun bera. Boswell-en liburua hamar orritara mugatuko balitz, espero izatekoa zen arte-lana genuke horrenbestez. Johnson doktorearen zentzu ona errankomunik arruntenez osatua da; Boswell-ek margotzen asmatu duen bortxa bitxi horrekin irudikatua, badu mundu honetan berdinik ez duen halako jite bere-bere bat. Katalogo astun horrek, ordea, doktorearen hiztegien beren antza du; Scientia Johnsoniana bat atera liteke bertatik, aurkibide eta guzti. Boswell ez da izan aukera egiteko adore estetikoaren jabe.

        Biografoaren artea, hain zuzen, aukeran datza. Ez du zer kezkaturik egiazkoa izateaz; giza ezaugarrizko kaos batean sinetsi behar du. Leibniz-ek dio ezen, mundua egiteko, posibleen artean hoberena hautatu duela Jainkoak. Biografoak, maila apalagoko dibinitate baten gisa, badaki hautatzen, giza aukera posibleen artean, berdinik ez duen hori. Ez du bere burua tronpatzen utzi behar arteari buruz, Jainkoa ontasunaz tronpatu den baino areago. Noraezekoa da bi-bien sena hutsezina izatea. Demiurgo pazientziatsu batzuek bilduak dituzte biografoarentzat ideia, fisionomia-gorabehera, gertakaririk. Kroniketan, memorietan, gutun-trukaketetan eta eskolioetan aurkitzen da haien obra. Saski-naski gordin horren artetik, beste ezeinen antzik izango ez duen forma bat ontzeko osagaiak bereizten ditu biografoak. Forma horrek ez du zertan izanik jainko gorago batek behiala sortu zuenaren berdina; bai, ordea, parerik gabea, beste sorkari oro bezala.

        Zoritxarrez biografoek historialari zirela pentsatu izan dute eskuharki. Eta hala utzi gaituzte erretratu miragarri askoz gabeturik. Berekiko eduki dute gizon handien biziak soilik interesa zekizkigukeela. Artea arrotz zaie halako kontuei. Margolariaren begietara, Cranach-en eskutiko gizon ezezagun baten erretratuak Erasmoren erretratuak besteko balioa du. Ez dio Erasmoren izenari zor margolan horrek imitaezina izatea. Antzezle gaixo baten bizia Shakespeareren bizia adina balioestea litzateke biografoaren artea. Sen hezigabe batek nabarmenarazten digu atseginez esternomastoideoaren laburdura Alexandroren bustoan, edo bekokiko txima Napoleonen erretratuan. Mona Lisaren irribarrea, deus ez baitakigu hartaz (gizon baten aurpegia da apika), misteriotsuagoa da horrenbestez. Hokusai-k marrazturiko imintzio batek hausnarketa sakonetara garamatza. Boswell eta Aubrey gailendu ziren artean saiatzekotan, ez litzateke noski garaiko gizonik handiena zehatz-mehatz deskribatu behar, edo iraganeko ospetsuenen ezaugarri nagusia seinalatu, baizik eta ardura beraz kontatu gizonen bizialdi berdinik gabeak; jainkozkoak, erdipurdikoak zein kriminalak izan gizonok.

Marcel Schwob

 

 

 

 

"Marcel Schwob / Bizi alegiazkoak" orrialde nagusia