Lehen aipatu dugun Fray Rogeirok Osbernori egin zion gutunean kontatzen dizkigun gertaerak ikertutzat eta ontzat ematen baditugu, beharrezkoa izango da Raimundo Silvari adieraztea ez duela bere burua engainatu behar kanpamentua aise, besterik gabe, paratzeari dagokionez, ez aipatu Porta de Ferroren aurrean, ez eta beste ezein ateren aurrean ere, mairuen arraza zital hau ez baita hain herabea, eta ez delako borrokarik gabe iltzez eta giltzez itxiko, galiziarrak bere asmo ilunetatik desbideratuko dituen Alaren mirakulu baten zain. Lisboak, lehen ere esan dugu, baditu etxeak bere harresietatik kanpo, eta ez gutxi, ezta bakarrik uda pasatzeko edo baratzea edukitzeko ere, alderantziz, esan liteke etxe horiek beste hiria inguratzen duten hiri bat osatzen dutela, eta gauza jakina baldin bada ezen, zenbait egun barru, setioa errealitate geometrikoa izango denean, etxe horietan paratuko dituztela eroso koartel nagusiak, eta berorietan pertsonalitate garrantzizkoak, militarrak eta erlijiosoak jarriko direla, modu honetan kanpadenden deserosotasun erlatiboa jasan behar izatetik libre, gauza jakina da, baita ere, orain beharrezkoa izango dela gogor borrokatzea mairu-jendea aldiri lasai hauetatik kanporatzeko, kalez kale, patioz patio, zabaltzaz zabaltza, gatazka horrek ez zuen astebete baino gutxiago iraun, eta irabazi ahal izan bazen izan zen portugaldarrak kopuruz gehiago zirelako, mairuek bere batailoi guztiak ez zituztelako atera, eta harresi barruko osteek ezin zituztelako habailak eta baleztak erabili, lehen lerroko borrokaldi honetan, bere borondatez edo ez, sakrifikatu ziren anaiak zauritu edo hiltzeko beldurrez. Honegatik ez dezagun Raimundo Silva gaitzets, hala ere, zeren, berak behin eta berriz gogorarazi digunez, soldadutzatik libre gelditu zen zuzentzaile xume bat baizik ez baita, arte hauei buruz ezer ez dakiena, nahiz eta bere liburuen artean Clausewitzen obren edizio laburbildua dagoen, urte asko direla bigarren eskuko azokan erosia eta sekula ireki gabea. Beharbada bere kontakizuna laburtu besterik ez du egin nahi izan, pentsaturik ezen, hainbeste mende pasa eta gero, garrantzizkoa dena gertaera nagusiak kontatzea dela. Gaurko jendeak ez du pazientziarik, ez denborarik, buru barruan gorabehera eta xehetasun historikoak sartzeko, jardun hori ongi legoke On Afonso Lehena erregearen garaikideentzat, bazutelako, noski, askoz historia gutxiago ikasteko, zortzi mende gutxiago ikasteko haien alde, ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, gu salbatzen gaituztenak ordenadoreak dira, ordenadore barruan sartzen dugu entziklopedia eta hiztegia den oro, eta horrela ez dugu oroimenik eduki behar, baina gauzak ulertzeko modu hau, esan dezagun guk geuk beste inork ohartarazi aitzin, erabat eta izugarri erreakzionarioa da, zeren gure guraso eta aiton-amonen liburutegiek ere horretarako balio baitzuten, neopalioak gehiegizko karga eduki ez zezan, nahikoa egiten du honek, duen tamaina edukita, han garunaren hondoan sarturik, toki guztietatik zirkuituz inguraturik, eta orduan Mem Ramiresek Mogueimeri esan zion, Jarri hor, gainera igoko naiz, agian pentsa liteke esaldi hau ez zela neopalioaren obra izan, non, eskailera eta soldadu disziplinatuen oroimenaren ondoan, intelijentzia ere bai baitago, ordenadoreak harro erakutsi ezin duen kausa eta efektuaren arteko harremana edo konbergentzia, eta ordenadorea ez daiteke intelijentziaz harro, zeren dena dakielarik, ez baitu ezer ulertzen. Omen.

        Lisboa setiatuta dago, finean, zenbait hildako ehortzi dituzte, zaurituak, hildakoen ondoan, bateletan eraman dituzte estuarioko beste ertzeraino, eta handik, menditik gora, batzuk hilerrietara, besteak odol-ospitaleetara, zaurituak denak batean, hildakoak nazio eta mailaren arabera. Kanpamentuan, izandako galerek sorraraziko negarra eta pena alde batera utzirik, eta hauek ez direlarik gehiegizkoak izan, jende honek sentimenduak gogorturik baitauzka eta ez baita oso negarbera, nabari dira etorkizunari buruzko konfiantza handia eta Jesukristo Gure Jaunaren laguntzan fede neurrigabea, oraingo aldi honetan ez du Ouriquen egin zuen lana egin beharko, hau da, ez du haragizko itxuraz agertu beharko, nahikoa mirakulua egin baitu lortu duelarik mairuek, presaren presaz atzera eginik, hiria hornitzeko eta hirian kabitzen ez zirelako mendi magaleko erdian irekiriko zorupeetan, Porta de Ferro eta Porta de Alfofaren artean, itxirik zeuden gari, artatxiki, eltzekari eta garagar-karga anitz laga zezaten etsaiaren gosearen aringarri, gurearen, alegia. Orduan, garaipen zoriontsu honen kariaz, On Afonso erregeak, bere adinaren txikia aintzat hartuz espero izatekoa ez zen jakinduriaz, hogeita hamazortzi urte baizik ez zituelako, mukizu bat, berehala ideia portugaldarren sarean sartu zen erranairu famatua asmatu zuen, Jan behar duenak gorde dezala jatekoa, eta zuhurki agindu zuen jaki horiek guztiak bil zitezen, beste errainairu famatu bat horren azkar asmatu behar ez izateko, Behartsuaren sabel gosetua, deus utzi aitzin lehertua, jakiak anoatzeko unerik egokiena, zer anoatu dagoenean izaten da, bukatu zuen.

        Astebete pasatu zen Raimundo Silvak bere aurreikuspen okerra egin zuenetik, bere lehen estrategia prestatu zuenetik, hau da, pentsatu zuenetik soldadu-osteak Monte de Graçatik mugitu ziren egunaren ondorengoan hiriko ate guztien aurkako aldi bereko erasoa egingo zela, defentsa-lerroan puntu ahulen bat aurkitu eta bertatik hausteko esperantzarekin, edo, errefortzuak puntu ahul horretara erakarririk, beste gainontzeko fronteak babesik gabe geldituko zirela, eta orduan. Ez du merezi esaldia bukatzea. Paperaren gainean plan guztiak, gutxi-asko, onak dira, alabaina, errealitateak ongi frogaturik du proiektuak desbideratzeko eta planak urratzeko daukan jaidura eutsiezina. Ez zen bakarrik mairuek gotorleku bihurturiko aldiri horien kasua, kasu horri azkenean irtenbidea aurkitu zitzaion, bizitza askoren prezioa ordaindurik ere, baina orain auzia da jakitea nola sar litekeen horren itxirik dauden ate horietatik, alboetako dorre garaiek babesturik, bertaraino igo diren borrokari-mordoek defendaturik, auzia da, halaber, hauek bezain garaiak diren harresien gainera nola oldartu, zurubiak ez badira goraino iristen, eta zaindariak ez badira sekula lo geldituko. Hitz batez, Raimundo Silva baldintza ezin hobeetan dago eginbeharraren zailtasunaz ohartzeko, bere balkoitik bertatik argi ikusten baitu ez lukeela punteria izugarria eduki beharko Porta de Alfofa honetara hurbiltzen saiatuko ziren kristau guztiak zauritu edo hiltzeko, Porta de Alfolfa oraindik hemen egon izan balitz. Kanpamentuan zehar goren mailako agintarien artean desadostasunak irakiten daudelako zurrumurrua zabaldu da, bi tesi operatibok zatitzen dituzte, lehenak proposatzen du berehalako oldarrari ekitea baliabide guztiak erabiliz, harresiaren aurkako tiraldi bortitzarekin hasiz, mairuak almenetatik alde egitera behartzeko, ondoren ariete erraldoiekin ekiteko ateen kontra, bota arte, bigarrenak, zuhurragoak, proposatzen du setioa tinkoagotzea, xagu bati ere Lisboatik irteten edo Lisboara sartzen ez uzteko moduan, edo, zehatzago oraindik, nahi dutenak atera daitezela, baina inor ez dadila sar, azkenean gosearen gosez hiriak etsi egingo du. Lehen tesiaren aurka daudenek ematen duten argudioa da azken ondorioak, hau da, Lisboara garaile sartzeak, premisa faltsu bat duela oinarri, honako hau, alegia, uste izatea harresiaren aurkako tiraldi bortitz bat nahikoa litzatekeela mairuak almenetatik uxatzeko, Honi, jaun agurgarriak, hartzaren larrua bera dabileno saltzea esaten zaio, seguru asko ez dira mugitu ere egingo, nahikoa edukiko dute estalki batzuk prestatzearekin, alpende batzuk, horien pean gordeko dira, eta hala, arriskurik gabe, goitik afusilatuko gaituzte, lasai asko, edo olioa irakiten botako digute burutik behera, aztura txar hori ere badute. Berehalako erasoaren defendatzaileek erantzuten dute esanez ezen mairuak gosez errenditzearen zain gelditzea ez dela han bildu diren hain goren graduko aitoren semeentzako duina, merezi ez zuten errukia izan zela beren ondasunak eta jabetzak berekin eramanez alde egin zezaten mairuei proposatzea, orain odolak baizik ezin diezaieke garbitu Lisboako harresi hauei bere orban laidogarria, duela hirurehun eta berrogeita hamar urtetik hona toki hauek kutsatzen dituena, garaia da toki hauek araztu eta Kristori itzultzeko. Erregeak batzuei zein besteei entzun die, batzuei eta besteei ematen die arrazoi apur bat, baita kendu ere, zeren, egia izanik ere ez zaiola bere duintasunaren mailakoa iruditzen fruitua arbolatik noiz jausiko zain gelditzea, ez baitu uste, ezta ere, astazakilen moduan egindako erasoak ezertarako balioko duenik, ez eta ateak botatzeko erresuma osoko ahari guztiak talka egitera ekarririk ere. Henrique zaldunak, orduan, baimena eskatu zuen gogorarazteko Europako setio guztietan erabili ohi direla, emaitzarik onenekin, zurezko dorre mugikor batzuk, hau da, ez hain mugikorrak, horrelako tramankulu bat mugiarazteko jende eta abere pilo bat behar izaten delako, baina interesgarria dena da dorreko goi puntuan, honek behar duen altuera hartzen duenean, pasabide bat egingo dugula, zeina, erasoetatik ongi babesturik, poliki-poliki harresirantz aurreratuko baita, eta handik gure soldaduek jauzi egingo dute erreka eutsiezin bat bezala, jendilaje okaztagarri hori guztia errukirik gabe hankaz aurrera eramanez, eta hau esanez bukatu zuen bere azalpena, Abantaila handiak lortuko ditu Portugalek imitatzen baditu, kasu honetan bezala beste hainbatetan ere, Europan egiten ari diren gauzarik modernoenak, agian hasieran teknologia berriak zuen buruetan sartzeko zailtasunak eduki baditzakezue ere, nik, nire aldetik, nahikoa dakit dorre horien eraikuntzari buruz bertakoei erakusteko, Berorren Gorentasunaren agindu baten zain nago, neure aldetik fio naiz ezen sariak banatzen diren egunean, nire ekarpenaren garrantzi berezia ez dela ahaztuko, eta garbi gera bedi nire ekarpen hau Portugalek bere historiaren ordu erabakior honetan eduki ahal zituen laguntzen barruan, hutsegiteak hutsegite, sartzen dudala.

        Erregeak bere erabakiaren berri emateko gertu ematen zuen, hauek bezalako aholku adituak entzun eta gero, beste bi gurutzatuk, zutik jarririk, hitza eskatu zutenean, bata normandiarra zen, bestea frantziarra, eta esan zuten haiek ere peritoak zirela horrelako dorreak eraikitzen, eta hantxe bertan eskatzen zutela horretarako gaitasuna aitor ziezaien, beren metodoen ekonomia, bai diseinuan eta bai eraikuntzan, kontuan hartuz, euren proposamenak onartuko zituztelakoan. Baldintzei dagokienez, haiek ere erregearen eskuzabaltasunaz eta esker onaz fio ziren, Henrique zaldunarekin bat eginik, eta honen hitzak ontzat hartuz arrazoi eta zio berberak zirela kausa. Eztabaidak hartu zuen jitea ez zitzaien portugaldarrei gustatu, izan ere, ez zain gelditzearen alde zeudenei, ezta berehalako erasoaren alde zeudenei ere, baina bestelako arrazoi batzuk zirela medio, beren adostasun bakarra zen hipotesi arriskugarriki sinesgarri baten kontra azaltzea, hipotesia zen atzerritarrek eramango zutela nagusigoa, lur honetako jendea lan esku anonimoa baizik izango ez zelarik, bere izena ekintza hartan eta sarien zerrendan idatzirik uzteko eskubiderik gabe. Egia zen erasorik gabeko setioaren ideiaren aldekoei dorreen projektua ez zitzaiela erabat desatsegina iruditzen, oso nabarmena baitzen dorre hauek ezin izango zirela eraiki erasoen desordenaren erdian, baina harrotasun abertzalea gailendu zitzaien kontsiderazio hauei, eta azkenean hauek zein berehalako ekintza zuzenaren aldeko pazientzia gabeek bat egin zuten, modu honetan atzerritarren proposamenak kontuan hartzea geroratu nahi zelarik. Alabaina, On Afonso Henriquesek benetan erregea izatea merezi zuelako froga, eta ez bakarrik erregea, baizik eta gure erregea, honako hau da, hots, erabakiak Salomonek, despotismo ilustratuaren beste adibide horrek, bezain ongi hartzen jakin zuela, tesi guztiak plan estrategiko bakarrean uztartuz, denak hurrenez hurren, harmonian eta era lojikoan paratuz. Lehendabizi berehalako erasoaren aldekoak zoriondu zituen, honela erakutsitako ausardia eta kemenarengatik, gero zorionak eman zizkien dorre-eraikitzaileei, asmamena eta sormena bezalako dohain modernoez blaituriko beren sen praktikoarengatik, azkenik gainontzekoen zuhurtzia eta eramana loriatu zituen, hartu behar ez diren arriskuen etsaiak zirelako. Hau guztia esanik, laburpena egin zuen, Nire agindua da, beraz, operazioen hurrenkera honako hau izango dela, lehen, eraso orokorra, bigarren, lehenak huts egiten badu, dorreak aurreratuko ditugu, alemaniarra, frantziarra eta normandiarra, hirugarren, denak huts egiten badu, setioarekin jarraituko dugu mugagabeki, egunen batean amore emango dute. Den-denek jo zuten txaloa, dela erregeak hitz egiten duenean hala behar delako, dela han guztiak konforme zeudelako hartutako erabakiarekin, eta konformidadea hiru erranairutan laburbildu zen, bakoitzak bere iritzikideentzat botatzen zuena, lehenek esaten zuten, Aurreak erakusten du atzea nola dantzatu, bigarrenek zioten, Lehen ogi-papurra, txolarreentzat, hirugarrenek ironikoki bukatzen zuten, Azkena irri egiten duenak, gustuen egiten du.

        Narrazio honetako gakoaren funtsezkoena osatu duten gertaera gehienen ebidentziak, argi aski frogatu du Raimundo Silvak ez duela atarramendu onik izan bere ikuspegiak ezartzen saiatu denean, ez eta ikuspegi horiek historian ezezko bat sartzearen ondorio, nolabait esan, ezinbestez zuzenak zirenean ere, historia hori izan zelarik, berak bere ezetza paratu zuen arte, egintzak deitzen ditugun nolabaiteko patu partikular horren preso, ikuspegiok beste hainbat ikuspegiekin harremanean esanahirik lortzen duten edo gure kontzientziaren egoera jakin bateko une zehatzean sortzen diren bazter utzirik. Konturatu da bere askatasuna hasi eta bukatu egin zela Ez hitza idatzi zuen une berean, eta hortik aurrera lehena bezain larderiatsua zen beste patu bat mugitzen hasi zela, eta orain ulertzen saiatu behar duela zergatik hasieran bere ekimenaren eta gogoetaren ondorioa zirudiena, berarengandik kanpoko mekanika baten ondorioa zen eta da, mekanika horren funtzionamenduaz ideia lauso bat baizik ez duela, eta mekanika horretan parte hartzen badu, parte hartzen du zoriz erabiltzen dituen palanka eta botoien bidez, palanka eta botoi hauen egiazko funtzioa zein den jakin gabe, jakinik, bakarrik, horixe dela bere papera, eta botoi edo palanka horiek, beren aldetik, bat-batean azaleratzen diren ezusteko inpultsoek mugitzen dituztela, ezustekoak, diogu, zeren, igartzeko modukoak edo eta are, norberak eragindakoak balira ere, guztiz ezustekoak baitira beren ondorio hurbil edo urrunei dagokienez. Horregatik egiazta daiteke ezen, berak ez zuelarik aldez aurretik pentsatu Lisboa setiatu zuteneko historia berriz kontatzea hemen kontatuta datorren bezala, bestea bezain gupidagabe den eta hitz bat alderantzizkatuz ustez itzuri zuen behar baten ondorioaren aurrean dagoela, berriz ere, baina orain negatiboan, edo termino ez hain erradikaletan esatearren, musika berbera idatzi izan balu bezala da, nahiz eta nota guztiak tonu-erdi beherago idatzi. Raimundo Silva pentsatzen ari da, zinez, bere kontakizunari bukaera ematea, gurutzatuak Tajora itzularaztea, ez baitira oso urruti ibiliko oraindik, Algarve eta Gibraltar artean edo, ausaz, eta horrela historiak aldaketarik gabe bururatzea, gertaeren errepikapen bat besterik ez, eskuliburu guztietan zein Lisboako Setioaren Historian irakurtzen ahal den bezala. Berak landatutako Okerraren Zientziaren arbolak bere egiazko fruitua eman duela iruditzen zaio, eta eman ez badu eskura dauka, fruitua gizon hau emakume haren aurrean jartzea zen, eta hori lortu delarik, beste kapitulu bat hasteko garaia da, lur berria topatzen denean nabigazio-egunkaria eteten den bezala, bistan da inork ez duela debekatzen egunkaria idazten segitzea, baina jada ez da bidaiaren historia izango, beste bat baizik, bidaia bukatu baita, orain topaketaren eta topatu denaren historia izango da. Raimundo Silvak, ordea, susmatzen du erabaki hori hartuko balu, Maria Sarari ez litzaiokeela gustatuko, sumin begiratuko liokeela, baita, agian, dezepzio-adierazpen jasanezin batekin ere. Gauzak honela, oraingoz ez da azken punturik izango, eten bat baizik, iragarri dion bisita iristen den arte, gainera, gauden une honetan, Raimundo Silva ez litzateke hitz xume bakar bat gehiago ere idazteko gauza, baretasun guztia galdua baitu, imajinatzen hasten delarik agian Mogueime, dagoeneko erabakita dagoen oldar orokorraren bezperan, eta Lisboako harresiak aurrean dituela, terrazak sutez beterik, pentsatzen jarriko zela egunotan hainbat aldiz ikusi duen emakume batengan, Ouroana, gurutzatu aleman baten ohaidea, zeina, ordu honetan, lotan egongo baita bere jaunarekin Monte da Graçan, teilatupean noski, adreilu freskoen gainean ezarri den alfonbra baten gainean, non sekula gehiago mairurik ez den etzango. Mogueime itotzen ari zen kanpadenda barruan, lasaitzera atera zen, suteek argitzen dituzten Lisboako harresiek kobrezkoak ziruditen, Ez nadila hil, Jainkoa, bizitzaren grazia dastatu gabe. Orain Raimundo Silvak galdetzen dio bere buruari zer harreman egon daitekeen imajinatzen ari den eszenaren eta Maria Sararekin duen harremanaren artean, Maria Sara ez da inoren ohaidea, barkatu hitza oso egokia ez bada, gaur egungo gure azturetan sarrerarik ez duena, eta emakumeak esan bazuen, Orain hiru hilabete harreman bat bukatutzat eman nuen, eta ez dut beste harremanik hasi, egoerak, bistan denez, guztiz ezberdinak dira, uste izatekoa da gauza komun bakarra desioa izango dela, behialako Mogueimek bezala oraingo Raimundo Silvak ere sentitzen duena, dauden diferentziak, eta badaude, egon ere, kulturalak dira, bai horixe.

        Pentsamenduaren buelta horietako batean, Raimundo Silvari kezkak arindu zitzaizkion, bat-batean gogoratu zuenean, Maria Sarak, ezta une bakar batean ere, ez duela jakinminik agertu bere harreman, bere baitan dena hartzen duen izen bat emateagatik, esan dezagun, sentimentalen nondik-norakoaz ezer jakiteko. Jakinmin ez horrek hisia bezalako zerbait sorrarazi zion, Zer uste du ba, zer uste du, ez nago bukatuta, ez horixe, eta ondoren konturatu zen nolabaiteko haur-haserreari ematen ari zitzaiola ahotsa, halarik ere haserrea barkagarria da, gauza jakina baita gizon guztiak, guztiak baina, haur hutsak direla, orain iraindu den gizontasunak areagotu du sumin hori, Arraren harrokeria, animaliaren harrokeria, atera zitzaion purrustadan, formularen adierazkortasun harrizkoa estimatu zuen, semantikoki eraso ezina zen. Egia esan, berezko diskrezioak azal lezake Maria Sararen jokabidea, badira besteren intimitateko ateak bortxatzeko inolaz ere gauza ez diren pertsonak, baina, ongi erreparatzen badiogu, ez da emakume honen kasua, emakume honek, uneoro, hasieratik, harremanaren uhala hartu baitu, inolako beldurrik gabe. Azalpena, beraz, beste bat izango da, agian Maria Sarak uste zuen bere lañotasunak berez edukiko zuela ordaina, eta, hala balitz, ez litzateke burugabea izango pentsatzea beharbada emakumea, une honetan, gogoeta txarretan murgilduta legokeela, Argi ibili mintzatzen ez den gizona eta zaunka egiten ez duen zakurrarekin, eta horrelakoak. Ez da bazterrera uztekoa, bestalde, beste honako aukera hau, garai moderno hauetako moralarekin bat datorrena, alegia, emakumeak gizonaren balizko edozein harremani garrantzirik gabea iriztea, pixka bat honela, Nik egin behar dudana da sentitzen dudana agertzea, ez naiz aldez aurretik hasiko gizona libre dagoen edo ez ikertzen, berak esan dezala. Edonola delarik ere, langileen fitxategira joan eta zuzentzaile baten helbidea ikasteko ideia eduki duenak aprobetxa zezakeen aukera egoera zibilaren berri ikasteko, informazio antzinakoa izanik ere. Ezkongabea, horixe da Raimundo Silvaren fitxan idatzita dagoena, baina fitxa egin eta gero ezkondu izan balitz, gauza segurua da inor ez zela gogoratuko fitxan deus aldatzeaz. Horretaz aparte, gauza jakina da ez direla gutxi ezkonduaren eta ezkongabearen egoeren artean, edo dibortziatzuaren eta alargunaren egoeren artean litezkeen egoerak, lehen, bitartean eta gero, eta denak ondoren egiten den galderari norberak aurkitzen dion erantzunen laburpena baizik ez dira, galdera honako hau da, Nor da nik maite dudana, inor maitatzeaz aparte, eta hemen sartzen dira, noski, aldaera nagusi guztiak eta bigarren mailako aldaera guztiak ere, aktiboak eta pasiboak.

        Hurrengo bi egunetan, Raimundo Silvak eta Maria Sarak asko hitz egin zuten telefonoz, zenbaitetan lehen ere esana zeukaten hainbat gauza errepikatuz, aurkitzen zituzten gauza berriez miretsirik beste zenbaitetan, eta beti gauzak modu diferentean hobekien adierazteko hitz egokienak bilatuz, azken hau balentria ezinezkoa da, ia-ia, jakina denez. Bigarren eguneko arratsaldean Maria Sarak iragarri zuen, Bihar lanera joango naiz, handik ordubete lehenago atera eta zure etxetik pasatuko naiz. Une horretatik aurrera Raimundo Silvarengan berretsi zen gizonen haur-nortasunari buruz baieztatzen den guztia, larri zegoen, energiazko gainkarga bat egotzi beharko bailuen, denbora mundu honetan dagoen gauzarik geldoena delako susmoak pazientzia galarazi zion, apetatsu jarri zen, edo antipatiko, horixe izan zen behintzat Maria andreak bere kautan erabili zuen hitza, ikusi zuenean normalean konformabera zen gizon baten eskaera premiazko eta erabat absurduek bere garbiketa eta antolaketa-zerbitzuen egunerokotasun santua iraultzen zutela. Neskamearen lehen susmoa, hau da, kostaldean mairurik bazegoelakoa, arrosa bakarra ikusi zuenean sortu zitzaiona, ia ziurtasun erabateko bihurtu zen arrosa bakarretik bi arrosetara pasatu zenean, objektu ezagunik gabeko ziurtasuna izanik ere, eta orain, tokiz kanpoko kalapita hura ikusirik, inolako zalantzarik gabeko ziurtasun bilakatu zen, are eta gehiago Raimundo Silvak, garbiketaren maniatikoak diren etxekoandreen ohitura nazkagarria errepikatuz, ate bateko molduran bildu zuen hautsaz zikinduriko hatz erakuslea sudur aurrean paratu zionean. Raimundo Silva ez zen ohartu bere burua menderatu beharraren beharraz harik eta Maria andreak, zirtolari, galdetu zion arte, Nahi al duzu maindireak gaur aldatzea edo ostiralera arte utziko al ditut, beti bezala. Haurrak ez ezik, gizonak gardenak ere badira. Eskerrak une hartan Raimundo Silva logelan ez zegoen, horri esker Maria andreak ez zuen hain nahasturik ikusi, hala ere, neskamearentzat nahikoa izan zen, jakiteko ituaren erdian jo zuela, bere belarri ezin finagoak atzeman zuen ahots-dardara larritua, Ez dut etxeko azturak aldatzeko arrazoirik ikusten, esaldiak ez zuen noski engainatu, eta gizonarengan beste arrangura bat sortu zen, lausoa, makurra, arrangura horrek benetan zintzo eta adierazkorrak ziren hitz bakarrak uxatu nahi zituen, hitz horiek gordinegiak zirelako bere barne bakarrizketan sartu ahal izateko, Ohean bukatuz gero, nahikoa garbi egongo al dira maindireak, eta ez daki zer erantzun, Maria neskamearen esana iristen zaio, adar jotze puntu justuan, ez gehiago, ez gutxiago, hauxe esaten ari da, Uste nuen nahiko zenuela aldatzea, gizona isildu egiten da, koldar, neskameak maindireak aldatzen baditu, bere borondatez alda ditzala, patuak erabakiko du. Neskameak alde egin arte ez da ikustera joango, orduan ikusiko du maindire garbiak jarri dituela, Maria andrea errukiorra da, izan ere, baina gizonak ez daki konforme edo atsekabetua gelditu behar duen. Bizitza gauza konplikatua da, gero.

        Bostak pasata ziren txirrinaren hotsa entzun zenean. Joaldi arina izan zen, iraizean eginda bezala, Raimundo Silva lasterka joan zen atera, joaldi hura sekula gehiago errepikatuko ez zen joaldia bailitzan, bakarra, patuak Beethovenen sinfonian baizik ez du behin eta berriz txirrina jotzen, bizitzan ez, ordea, zenbaitzuetan iruditu zitzaigun hor kanpoan norbait bazegoela, zain, eta ikustera joan ginenean ez zegoen inor, beste zenbaitzuetan segundo bakar batengatik iritsi ginen berandu, diferentzia da bigarren kasu honetan oraindik egin dezakegula ondorengo galdera hau, Nor ote zen, eta handik aurrera gelditzen zaigun bizi-puska horrekin ametsetan pasa. Raimundo Silvak ez du amets egin beharko. Maria Sara han dago, atalasean, sartu egin da, Kaixo, esan du, gizonak erantzun du, Kaixo, eta biak pasabide estuan gelditu dira, nahikoa itzaltsu orain, atea itxi eta gero. Raimundo Silvak argia piztu zuen, Barkatu, murmurikatu zuelarik, Maria Sararen pentsamendu bat, mesfidati eta ekibokoa, igarri izan balu bezala, Zuk nahi duzuna iluntasuna aprobetxatzea da, ederki konturatu naiz, bai horixe, egia esateko bisita irrikatuak hasiera txarra eduki du, telefonoan hainbestetan adimentsuak eta dirdiratsuak izan ziren bi hauek orain arte Kaixo baino ez diote elkarri esan, sinesteko ere lanak, hainbeste promes inplizito eta gero, arrosen jolasa eta gero, emakumeak eman zituen urrats ausart horiek guztiak, eta gero hau, nork daki ez ote dagoen jada ilusiogabeturik harrera hau ikusirik. Zorionez, hau bezalako egoeratan, gorputzak agudo ulertzen du garuna ez dagoela aginduak ematen hasteko moduan, eta bere kasa mugitzen da, gehienetan komeni dena egiten du, biderik lasterrenetik, hitzik erabili gabe, edo, erabiltzekotan, hitzek errugabetik eta ustekabekotik duten zatia erabiliz, horrela iritsi ziren Raimundo Silva eta Maria Sara bulegora, emakumea ez da oraindik eseri, bere eskuak gizonaren eskuari oratzen dio, beharbada biotako inor ez da konturatu horrela daudela emakumea sartu zenetik, gizonaren eskuin eskuak eta emakumearen ezker eskuak elkarri heltzen diotela, Maria Sarak aulki bat bilatzen du, begiradaz, orduan Raimundo Silvak, emakumea bere ondoan atxikitzeko beste modurik ez balitz bezala, emakumearen eskua ezpainetara eraman zuen, eta keinuak emaitza ona izan zuen, bai horixe, zeren Maria Sarak, hurrengo unean, aurrez aurre begiratzen baitzion, eta gizonak apur bat erakar zezakeen bereganantz, ezpainek kopeta doi-doi ukitzen ziotela, ileetako erroaren parean. Hain hurbil eta ondorengo unean hain urruti, emakumeak atzera egin baitzuen, zakarkeriarik gabe, hori ere egia da, esaten zuelarik, Bisita bat baizik ez da, gogoan eduki. Gizonak poliki askatu zuen, Gogoan daukat, esan zuen, eta aulki bat erakutsi zion, Ondoko gelako eserlekuak erosoagoak dira, baina hemen hobeki egongo zarela iruditzen zait, eta hau esanik gelditzen zen aulki bakarrean eseri zen, mahaiaren alde banatan biak, kontsultategian bezala, Esaidazu, non daukazu min, baina Maria Sarak ez zuen deus esan, biek bazekiten gizonari zegokiola orain hitz egitea, etorri berriari ongi etorri esateko baizik ez bazen. Eta gizona mintzatu egin zen. Tonu beti berdinean mintzatu zen, limurtzeko edo iradokitzeko modulaziorik gabe, hitz bakoitzak berez balio zezan nahiko balu bezala, une eta egoera hartan harrapa zezakeen esanahi gordinaz balio zezan, Etxe honetan bizi naiz, bakarrik, urte asko direla, ez dut emakumerik, salbu eta beharrak estutzen nauenean, eta orduan ere ez dut, bertute berezirik gabeko gizasemea naiz, normala naiz, baita ditudan akatsetan ere, eta honez gero ez nuen ezer askorik espero bizitzatik, tira, osasuna gordetzea espero nuen, erosoa delako, eta lanik falta ez izatea, hauexek ziren nire anbizioak, eta ez da gutxi, aitortu behar dut, orain nahiko nuke bizitzak ematea sekula eduki ote dudan gogoratzen ez dudana, bizitzak benetan duen ahogozoa dastatzeko aukera. Maria Sarak entzun zuen begirik kendu gabe, mugimendu azkar baten salbuespenarekin, mugimendua egin zuen une horretan jakinminezko eta ustekabezko espresioak arreta kontzentratua ordezkatu zuen, eta Raimundo Silvak bukatu zuenean, esan zuen, Nire ustez, ez gara kontratu baten baldintzak ezartzen ari, eta ez didazu aldez aurretik banekiena kontatu behar, Hau da nire bizitzako gauza partikularrez hitz egiten dizudan lehen aldia, Partikularrak uste ohi ditugun gauzak jende guztiak dakizki, ez dakizu zenbat gauza jakitera irits zaitezkeen itxuraz interesik gabeko bizpahiru hitzaspertu egin ondoren, Nitaz galdetu duzu hortik zehar, beraz, Argitaletxean lan egiten duten zuzentzaileen gainean galdetu nuen, ideia bat egiten joateko, besterik ez, ulertzen al duzu, baina jendea beti dago prest galdetzen zaiona baino gehiago esateko, pixka bat animatzea izaten da kontua, horretara bideratzea haiek konturatu gabe, Trebezia hori bazenuela ohartu nintzen, hasieratik, Onerako baizik ez dut erabiltzen, Ez naiz kexatzen ari. Raimundo Silvak eskua pasatu zuen burutik, gero esan zuen, Ilea tindatzen nuen, utzi egin nion, erro zuriak ez dira ikusteko oso ederrak, barkatu, dena den laster edukiko dut ilea berezko kolorekoa, Ba nik utzi diot berezko koloreari, gaur, zuri bisitatzera etorri baino lehen, ileapaindegira joan eta nire urdin beneragarriak tindatu ditut, Oso gutxi zeneuzkan, ez zuen merezi, Orduan ohartu zinen, Nahikoa gertutik begiratu nizun, zuk ere begiratuko zenidan eta galdetuko zenion zure buruari nola zen posible nire adineko gizon batek ile zuririk ez edukitzea, Sekula ez nuen halako galderarik egin, begi-kolpe batez ikusten zen ilea tindatzen zenuela, inor engainatuko zenuela uste al zenuen, Neure burua baino ez nuen engainatzen, nonbait, Nik orain neure burua engainatzen hastea erabaki dudan bezala, Berdin da, Zer da berdin, Zuk ilea tindatzeko dauzkazun arrazoiak, nik tindatzeari uzteko dauzkadanak, Azal iezadazu hori hobeki, Nik ilea tindatzeari utzi diot naizen bezalakoa izateko, Eta nik, nik zergatik tindatzen dut, bada, Zaren bezalakoa izaten segitzeko, Hau da, hau, kasuistika miragarria, egunero buruko gimnasia egin beharko dut zure parean egon ahal izateko, Ni ez naiz zu baino gehiago, zaharragoa naiz, besterik ez. Maria Sarak irribarre arina egin zuen, Begibistakoa da, eta aldaezina, eta, dirudienez, horrek biziki kezkatzen zaitu, Ez nau biziki kezkatzen, norberaren adinak besteren adinaren erlazioan baizik ez du egiazko esanahirik, hirurogeita hamar urteko batek gaztea naizela iritziko dio, ausaz, hogei urteko gazte batentzat agure bat naiz, ezbairik gabe, Eta nirekin alderatuz, zer zara, Zuk zure urdin gutxi horiek tindatu dituzu, eta ni neureak erakusten hasi naiz, hortaz, hogei urteko neskatxa baten aurrean dagoen hirurogeita hamarreko gizona naiz, Zure kontuak ez dira zuzenak, elkarren arteko diferentzia hamabostekoa da, Orduan hogeita hamabost urte dauzkat. Biek irri egin zuten, eta Maria Sarak esan zuen, Itun bat egin behar dugu, Zer itun, Adinen kontua elkarrizketa honetan agortu dela, Ahaleginak egingo ditut hala izan dadin, Komeni zaizu ahaleginak baino gehiago egitea, bestela ni ez naiz zure solaskidea izango, Mirailarekin mintzatuko naiz, Zure buruarekin mintzatuko zara, hori bada nahi duzuna, baina ez naiz zure etxera etorri horretaz hitz egiteko, Eta ni, zertara etorri zaren galdetzen badizut, buruiritzi samarra izango naiz, Edo zakarra, Ez naiz gauza egokirik esaten ari, bat-batean esaldi bat esan eta dena hondatzen dut, Ez zaitez horren beldur izan, ez duzu ezer hondatu, egia dena da biok gaudela beldurtuta, Ni orain hemendik zutitu eta musu ematera hurbilduko banintzaizu, agian, Ez egin horrelakorik, baina, egitekotan, egin ezazu aldez aurretik gaztigatu gabe, Gero eta okerrago ari naiz, beste batek jakingo luke gauzak behar bezala egiten, Beste batek beste emakume bat edukiko luke hemen, Amore ematen dut, Esan dizut hau bisita bat baino ez zela, itxaroteko eskatu nizun, Horixe egiten ari naiz, baina nik behintzat badakit zer nahi dudan, Egia da garrantzizkoa dela norberak zer nahi duen jakitea, jende guztiak esaten ditu horrelako gauzak, baina nik uste dut askoz hobe dela jakiten dena nahi izatea, denbora gehiago behar da, egia da, jendeak ez du hainbeste itxaron nahi izaten, Amore ematen dut berriz, zer egin dezaket, orduan, Zure etxea erakutsi, adibidez, normalean hortik hasten da, Esaidazu nola bizi zaren eta esango dizut nor zaren, Alderantziz, nor zaren esaten badidazu esango dizut nola ez duzun bizi behar, Nor naizen esaten saiatzen ari naiz, Ni nola biziko garen deskubritzen. Raimundo Silva zutitu egin zen, baita Maria Sara ere, gizonak mahaia inguratu zuen, hurbildu zen, baina ez gehiegi, beso bat arinki ukitzeko lain, bisita hastear zegoela adierazteko bezala edo, hala ere emakumea geroratzen zen, mahaiari begiratzen zion, mahai gaineko objektuak, lanpara, paperak, bi hiztegi, Beraz, hemen egiten duzu lan, galdetu zuen, Bai, hemen egiten dut lan, Ez dut setio famatu baten aztarnarik ikusten, Ikusiko duzu, gaztelua bulego hau baino gehiago da.

        Jakin badakigu ez dagoela hau baino askoz gehiago, bainugela, duela aste gutxira arte kosmetika-laborategia ere bazena, sukaldea, bere ogi xigortu eta bazkari errepikakor eta arinarekin, bulegoa, oraintxe bertan geunden tokia, egongela, hotza eta abandonatua, logelara irekitzen den ate hau. Eskua heldulekuan duela, Raimundo Silva ireki ez ireki dabilela dirudi, nolabaiteko begirune superstiziosoak geldiarazi egin du, beste garai batzueko gizona da, izan ere, beldur da ez ote duen emakumearen ahalkea irainduko baldin eta, begien aurrean, ikuskizun libidinoso hori, ohea, jartzen badio, hala ere emakumeak berak eskatu du, Erakutsi etxea, jakin behar du, beraz, zer datorren. Azkenik atea ireki da, logela da, bere kaoba gehiegizkoekin, eta aurrean, zabalera guztia hartzen duela, ohea, bere estalki zuri, lodiarekin, burukoaren azpian maindirearen tolesdura elurrezkoa, ezin garbiago, leihotik filtratzen den argiak gauzen ertzak leuntzen ditu, isiltasunak arnasa hartzen duela dirudi. Apirilean gaude, arratsak luzeak dira, eguna zabaltzen ari da, agian horregatik Raimundo Silvak ez du argia pizten, horregatik eta doi hasi den argitzal hau ez hondatzeko, nahiz eta, aldi berean, argitzalak sosegua kentzen dion, ez al du Maria Sarak susmo txarrik hartuko, ederki baitakigu, dela eskarmentuz dela mila aldiz kontatu den gauza delako, batzuetan iluntasunaren bidetik, iluntasunaren arima sakonaren bidetik erabateko itsualdira iristen dela. Maria Sarak berehala ikusi zituen lorontziko bi arrosak, leiho ondoko mahaitxoaren gainean, eta paper orriak, bat erdi idatzita mahaiaren erdian, ezkerrean errima bat, orain Raimundo Silvak lanpara piztu behar zukeen giroa eta efektua sortzeko, baina ez zuen lanpara piztu, albo batera joan zen, ohearen oinetara iritsirik ia, ezkutatu nahiko bailuen, eta hitzen zain gelditu zen, dardarrez zegoen zer hitz esango ziren igarri ezin zuelako, imintzioek ez zuten kezkatzen, ezta ekintzek ere, hitzek kezkatzen zuten bakarrik, hemen, gela honetan.

        Maria Sara mahaira hurbildu zen. Zenbait segundoz hantxe gelditu zen, bertan, gidariaren hurrengo azalpenaren zain balego bezala, gizonak esaten ahal zion, adibidez, Begira arrosak, eta emakumeak begiak desbideratu beharko zituen, loreei erreparatu beharko zien, etxean dituenen bikiak, eta gero, iradokizun konplizea bota beharko zuen, sentimendu baten adierazpen diskretua, maitekorra, beharbada, Gure arrosak, izenordea azpimarratuz, baina gizona isilik dago eta emakumeak erdi idatzita dagoen orriari begiratzen dio etengabe, ez du ezer galdetu behar setioaren aztarnak hemen daudela jakiteko, argitzal honetan aztarnok irakurtezinak dira, kronistak kaligrafia ona duen arren. Ulertu du, baita ere, Raimundo Silvak ez duela hitz egingo, eta emakumeak nahiko luke besteak hitz egitea, eta aldi berean ez du nahi, ezerk ez dezala errealitaterik gabeko isiltasun hau eten, baina gauden mundu honetan beste mundu bat sartzea galaraz dezan zerbait gerta dadila, heriotza bera, agian, egiazko beste mundu bakarra, zeren, martiztarrek eta lurtarrek elkarrekin topo egingo balute, beti edukiko bailukete bizia elkarren ezaugarri. Une egokian, aulkia apur bat apartatu eta eseri egiten da, ezkerreko eskuaz lanpara pizten du, argiak mahaia bete eta lainoska ukiezin eta ezin arinagozko halo bat hedatzen du gelan zehar. Raimundo Silva ez zen mugitu, iruditu zitzaion, lausoki izan bazen ere, mugimendu harekin Maria Sarak materialki bereganatu zuela aldez aurretik kontzientziaren bidez bereganaturik zuen zerbait, eta berehala pentsatu du aurrean gelditzen zaizkion urteak asko izanik ere ez duela sekula gehiago hau bezalako une bat biziko, emakumea etxe eta gela honetara askotan itzultzen bada ere, hemendik aurrerako bizitzako une guztiak elkarrekin eta hemen —ideia absurdua— biziko balituzte ere. Maria Sarak ez du papera ukitu, eskuak magalean bilduta dauzka, lehen lerrotik irakurtzen ari da, ez daki hori baino lehenagoko orrian zer dagoen idatzita, ezta gainerakoetan, historia hasieratik idatzita dutenean ere, irakurtzen ari da biziaz jakin nahi duen guztia hamar lerro hauetan bildurik balego bezala, edo azken epaia, edo azken laburpena, edo, aitzitik, bere nabigazioaren norantza ezartzen duen gutun zigiluz jotakoa. Irakurketa bukatu du, eta burua mugitu gabe galdetu du, Nor da Ouroana hori, eta Mogueime hori, nor da, hor izenak zeuden, baino askoz gehiago ez, bagenekien bezala. Raimundo Silvak bi urrats labur eman zituen mahaiari buruz, gelditu egin zen, Oraindik ez dakit ongi, esan zuen, gero isildu zen, zeren igarri behar baitzukeen ezen Maria Sararen hitzak beraiek nortzuk ziren jakiteko zirela, haiek eta hauek, eta horiek, eta beste guztiak, hitz batez, gu. Maria Sara, itxuraz, konforme gelditu zen erantzunarekin, nahikoa irakurle-esperientzia biltzen zuen bere baitan jakiteko egileak ez dakiela, bere pertsonaiei buruz, izan direna baizik, eta ez guzti-guztia, hala ere, eta oso gutxi izango direnari buruz. Raimundo Silvak, ozen esandako zerbaiti erantzungo bailion, esan zuen, Ez dut uste pertsonaia dei genitzakeenik, Liburu bateko pertsonak pertsonaiak dira, erantzun zuen Maria Sarak, Kategoria ertainekoak edo ikusten ditut, gehiago, askatasun-maila diferentekoak, honi dagokionez ez du zentzurik pertsonaiaren logikaz edo pertsonaren behar kontingenteaz mintzatzea, Nortzuk diren ez badidazu esaten ahal, esaidazu gutxienez zer egiten duten, Gizona soldadua da, Santarem hartu zutenean han egon zen, emakumea Galizian bahitu zuten gurutzatu baten ohaide izateko, Beraz, badago maitasun historia bat, Hala deitzerik badago, Duda egiten duzu, Ez baitakit garai haietan nola maitatzen zen, hau da, agian sentimendua imajinatzeko gauza naiz, baina ez dut ideiarik, ez informaziorik, herriko emakume batek eta gizon batek sentimendua adieraziko zuten moduari buruz, hizkuntza, kasu honetan, ez zen oztopoa izango, biek hitz egiten zuten galizieraz, Asma ezazu maitasun-hitzik gabeko maitasun istorio bat, sans mots d'amour, inoiz gertatuko zela halakorik uste dut, Zalantza handiak ditut, ez behintzat egiazko bizitzan, eta, dakidanaren arabera, ezinezkoa da horrelakorik gertatzea, Eta Ouroana hori, gurutzatu baten ohaidea bada, aitoren seme batena, suposatzen dut, nola elkartzen da Mogueime soldaduarekin, Munduak buelta asko ematen ditu, eta guri are gehiago emanarazten dizkigu, eta bukaeran heriotza dago, Henrique gurutzatua, Henrique baitu izena, laster hilko da, Beraz, gurutzatu hori Lisboako Setioaren Historiakoa da, beste historiakoa, alegia, Jakina, Orduan hil eta gero egin zituen mirakuluena ere kontatzeko asmoa duzu, Ez nuke aukera galdu nahiko, Bi mutuen mirakulua, Bai, baina aldaketa txiki batekin, Raimundo Silvaren erantzunarekin batera irribarre bat etorri zen. Maria Sarak eskua paratu zuen orri-metatxoaren gainean, Irakurtzen ahal dut, galdetu zuen, Ez duzu orain hori guztia irakutzen hasteko asmorik izango, gainera asko falta dut bukatzeko, historia osatu gabe dago, Ez dut gehiago itxaroteko pazientziarik, eta ez dira hainbeste orri, Mesedez, gaur ez, Jakinminez nago jakiteko nola konpondu duzun gurutzatuen ezetzaren arazoa, Bihar fotokopia bat egingo dut eta argitaletxera eramango dizut, Orduan, ezin zaitudala komentzitu ikusirik, konforme. Altxatu egin zen, Raimundo Silva oso hurbil zegoen, Berandu da, esan zuen Maria Sarak, eta leihorantz egin zuen so, Irekitzen ahal dut, galdetu zuen, Ez zaitez kezkatu, ez dizut ezer egingo, esan zuen Raimundo Silvak, badakit bisita egitera baizik ez zarela etorri, besterik ez, Ba jakin ezazu esan duzun hori tontakeria bat dela, arnasa hartu, hiria hemendik ikusi, besterik ez dut nahi.

        Arrastiri biguna zen, arratseko hotza ez zen nabaritzen, ia. Elkarren ondoan, ukalondoak eskudelean emanda, Maria Sara eta Raimundo Silva begira zeuden, isilik, bakoitza bestearen presentziaren jabe, bataren besoak bestearen besoa sentitzen zuela, baita, emeki-emeki, odolaren epela ere. Raimundo Silvaren bihotzak indarrez egiten zuen taupa, belarrietan sentitzen zuen taupaden danbada, Maria Sararenak goitik behera inarrosi nahi zuela zirudien. Gizonaren besoa apurtxo bat gehiago hurbildu zen, emakumearenak zegoen tokian iraun zuen, adi-adi, baina Raimundo Silva ez zen urrutirago joaten ausartu, poliki-poliki beldurrak beretu zuen, Agian huts egingo dut, pentsatzen zuen, ez zuen oso garbi ikusten, edo ez zuen ikusi nahi, zertan egin zezakeen huts, baina ez ikuste horrek berak izulaborria handiagotzen zuen. Maria Sarak sentitu zuen gizonak atzera egiten zuela, bere oskol barrura biltzen den barakuilua bezala, gero eta barrurago, eta hauxe esan zuen zuhur, Bista polita da. Leihoetan lehen argiak ageri ziren, leihoek egunaren argiaren hondar bezalako bat bazuten oraindik, kaleko farolak piztu berri zeuden, handik hurbil zegoen norbaitek, Largo dos Loiosen, hitz egin zuen, beste norbaitek erantzun, baina ezin ziren hitzak ulertu. Raimundo Silvak galdetu zuen, Entzun al diezu, Bai, entzun diet, Ez dut ulertu zer zioten, Nik ere ez, Inoiz ez dugu jakingo noraino aldatu ziratekeen gure bizitzak entzun bai baina atzeman ez genituen zenbait esaldi ulertu izan bagenitu, Nik uste dut onena dela beste esaldi batzuk, zuzenak eta garbiak, ulertzen ez ditugulako plantak ez egitetik hastea, Arrazoi osoa daukazu, baina zenbait jenderentzat erakargarriagoa da zalantzazkoa ziurra baino, objektuaren zantzua objektua bera baino, hondarrean gelditu den aztarna aztarna hori egin zuen animalia baino, jende horiek ameslariak dira, Eta hori da, noski, zure kasua, Puntu batetaraino bai, baina gogorarazi behar dizut ez nintzela ni izan setioaren historia berria idazteko ideia izan zuena, Esan dezagun ni ohartu nintzela, zu ikusi orduko, hori egin zezakeen pertsona egokia aurrean nuela, Edo, zuhurki, nahiago duzula zure ametsen ondorioen erantzule ez izan, Hori egia balitz hemen egongo al nintzen, Ez, Diferentzia da nik ez dudala hondarrean aztarnarik bilatzen. Raimundo Silvak bazekien orduan ez zuela galdetu behar zer zen Maria Sara bila zebilena, orain beso bat pasatzen ahal zion bizkar gainetik, intentziorik gabe bezala, keinu xume bat, anai-arreben artekoa bezala, oraingoz, eta bestearen erantzunaren zain gelditzen ahal zen, agian gorputza laxatuko zuen, agian bereganantz itzuliko zen, nola esan, biribil, eta gorputza albo batera amini bat erortzen utziko zuen, burua apurtxo bat makurtuz, hurrengo keinuaren zain. Edo elkor geldituko zen, protesta isil bat eginez, gizona oraindik ez zela garaia kontura zedin desiratuz, Baina, orain ez bada, noiz, galdetzen zion Raimundo Silvak bere buruari, arestian edukiriko beldurra ahaztuz, Elkarri esan dizkiogunak esan eta gero, argi eta garbi elkarri agindu geniona agindu eta gero, logikoa izango zen honez gero besarkatu eta musu bat eman izana, gutxienez, bai, gutxienez. Tentetu egin zen barrurantz joan behar zutela iradokiz bezala, baina emakumeak eskudelaren gainean bermaturik segitu zuen, eta gizonak galdetu zuen, Ez al zaude hotzez, Ez, batere ez. Pazientzia galduak sorraraziriko mugimendua erreprimituz, lehengo jarrera hartu zuen berriz, zertaz mintzatuko zen jakin gabe, biziosoki emakumea bere kontura libertitzen ari zela imajinatuz, dena askoz errazagoa zen telefonoz deitzen zionean, baina ezin zion esan, Zoaz, eta berehala deituko dizut telefonoz. Orduan, egoera deseroso hartatik ateratzeko, gai neutro bat bilatzeko ideia izan zuen, Hor aurreko etxe horrek hemen zegoen atea defendatzen zuen dorreak betetzen zuen tokia betetzen du, oinarriak duen formagatik ezagun da dorre bat egon zela, gaur egun ere, Eta non zegoen beste dorrea, bi izango ziren-eta, Hementxe bertan, gauden tokian bertan, Ziur al zaude, Ez nago erabat ziur, baina hala izango zela dirudi, harresiaren zati honek edukiko zuen trazatuaz dakiguna kontuan hartuz, Orduan, dorre honetan, gu zer gara, mairuak ala kristauak, Momentuz, mairuak, eta horrexegatik gaude hemen, kristauak sar daitezen galarazteko, Ez dugu lortuko, baina, eta ez da beharrezkoa izango setioaren bukaerara arte itxarotea, begira itzazu San Antonioren mirakuluak irudikatzen dituzten axuleiuak, kaleko sarreran, Nazkagarriak, Mirakuluak, Ez, axuleiuak, Zergatik deitzen da kale hau Milagre de Santo António, axuleiuetan bakarrik hiru mirakulu daudenean, Ez dakit, agian santuak mirakulu bereziren bat egin zuen kontzejalen alde, egia da izena politagoa litzateke dos Milagres balitz, dena den ezin imajina daitekeena da, esaterako, San Antoniok Lisboa konkistatzeko laguntza militarrik eman izana, artean jaiotzeko baitzegoen, Axuleiuetako mirakuluetako bi ezagunak dira, Haurtxo Jesusen agerpenarena eta pegarra hautsiarena, hirugarrena ez dut ezagutzen, zaldi bat dago, edo mando bat, ez diot ongi erreparatu, Mandoa da, Eta zer dakizu mirakulu horretaz, Hor barruan liburu bat daukat, liburu zahar bat, XVIII. mendekoa edo, liburu horretan santuaren mirakulu guztiak kontatzen dira, hau ere barne, Eta zer kontatzen du, Hobe zuk zeuk irakurtzea, Beste batean, Noiz, Ez dakit, bihar, etzi, halako batean. Raimundo Silvak arnasa hartu zuen, sakon, ezinezkoa zen hitzak ulertzen ez zituelakoa egitea, eta bere baitan zin egin zuen gogoraraziko zizkiola, gupidagabe, Maria Sarari, hitzok ezinbestean bete behar den agindu erabatekoa zirelakoan. Hain alai, suelto eta aske gelditu zen non eskua sorbalda gainean jarri baitzion pentsatu gabe, eta esan zuen, Ez, neronek irakurriko dizut mandoaren istorioa, goazen barrura, Oso luzea al da, Dena bezala, hamar hitzetan konta daiteke, edo ehun hitzetan, edo milatan, edo gerta liteke kontatzen hasi eta sekula ez bukatzea.

        Raimundo Silva leihoa itxi eta bulegora joan zen. Maria Sarak entzun zuen marmarka ari zela, Ez dago hemen, non arraio sartu dut, eta gero egongelan sartu zen, armairuko ateak ireki eta itxi ibili zen, azkenean, Hemen dago. Larruaz enkoadernaturiko arrabeteko liburuki batekin agertu zen berriz, itxura zaharkitukoa zen, jatorrizko izendapenak bermatua zirudien, bilatu eta aurkitu duenaren pozaz zetorren, baina ez liburua aurkitu izanaz, nonbait, Eser zaitez, esan zuen, eta emakumea mahai ondoko jezarlekuan jarri zen, Ouroana eta Mogueime izenak zeuzkan orriaren gainean zuen eskua, gizona zutik gelditu zen, askoz gazteagoa ematen zuen, zoriontsu, Orain entzun ezazu arretaz, merezi du eta, izenburutik hasiko naiz, hor doa, Sol Nascido ao Ocidente e Posto ao Nascer do Sol, Santo António Português Luminar Maior no Céu da Igreja Entre os Astros Menores na Esfera de Francisco, Epítome Histórico e Panegírico da Sua Admirável Vida e Prodigiosas Acçôes, Que Escreve e Oferece à Sereníssima, Augusta, Excelsa, Soberana Família da Casa Real de Portugal, Cujos Ínclitos Nomes e Cognomes se Felicitam e Esmaltam Com as Sagradas Denominaçôes de Franciscos e Antónios, Por Mâo do Reverendíssimo António Teixeira Álveres, do Conselho de Sua Majestade, Que Deus Guarde, Seu Desembargador do Paço, do Conselho Geral do Santo Ofício, Cónego Doutoural na Sé de Coimbra, e Lente de Prima Jubilado nas Duas Facultades de Canônes e leis, et coetera, Brás Luís de Abreu, Cistagano, Familiar do Santo Ofício, uff. Maria Sarak irri egin zuen, Uste dut ulertu dudala obra mirifikoa egin duena Brás Luís de Abreu delako hori dela, Oso ongi ulertu duzu, zorionak, orain entzun, ehun eta hogeita hirugarren orria, adi, banoa, Erresuma hartako zenbait Probintzia, aipatzen ari den erresuma Frantzia da, gaitz honek kutsatuta zeudela albistearekin, gaitza heretika zitala zen, hainbat lerro gorago azaltzen denez, António de Lemonges Tolosa aldera joan zen, garai hartan merkataritzaz jori eta bizioz aberatsa zen Hirira, eta gehiago dena, Herese Sakramentarioen mintegi zornetsua ere bazen, zeinek ukatzen baitute Kristo dagoela Ostia Sagaratuan. Santua, errakuntzen palestran bere burua ikusi orduko, liskarren areatzara jaisten hasi zen, baina berehala garaipenen gurdira igotzeko. Jainkoaren eta beronen Fedearen egia hutsezinek akuilaturik, karitatearen zutoihaletan dotrinaren banderak jaso zituen, penitentziaren kuarteletan Gurutzearen armak, eta Jainkoaren hitzaren tronpeta ebanjeliko bilakaturik, ahotsa goratzearen eta bizioei zintzur egitearen alde jo zuen. Hereseen aurkako gorrotoa gupidagabea zen, eta bere grinaren jardun sutsua nekaezina. Hereseen ankertasunaren biktima gisa sakrifikatu zuen bere burua Fedearen alde, bizitza heriotzarako bidetzat hartu eta martirioa dastatzeko prestatzen saiatu denaren antzera. Adur txarreko malapartatu horiek, beren errakuntzen gauean bizi eta beren harrokeria argitasunaren armen aurrean baizik apaltzen eta menderatzen ez duten horiek, behin eta berriz, pozoi maskaratuen bidez bere biziaren aurkako jutrukiak asmatzen zituzten, bere ohorearen aurka txerrenaren asmazioak erabiltzen zituzten, bere izen onaren aurka mota guztietako deabrukeriak, hau bezalako Santutasunaren sariak eta hainbeste dotrinaren argiak ilundu eta zapuztu nahiz, bere gaiztakeriaren indarra horretarako zen guztietan. Antonio predikatzen hasi zen, Katoliko guztien txalo eta miresmenarekin, are eta gehiago zeren, Atzerritarra zela bazekitelarik, bertako hizkuntza hain dotore, hain jori eta hain berezko mintzatzen zela ikusirik, ematen baitzuen hizkuntza horretan naturalizatu zela, zeinak, hark bera bezala, arima guztietan egin baitzuen habia. Bere Hitzaren eraginkortasunak Arimetan egiten zituen produktu miresgarrien Ospeak hegan egin zuen, eta Herese Predikariek, hasiak baitziren ikusten zer-nolako kaltea zetorkien prediku emaile berriarengandik, beren errakuntzez konturatzen ziren askorengan sinesgarritasuna galtzen baitzuten, jendaila honen artean hain ohikoak diren harrokeria eta buruiritzitasunezko bizioekin, erabaki zuten Antoniorekin eztabaida Merkurial batean sartzea, beren hausnarketa sofistikoen bidez garaipen erabatekoa lortuko zutela ustez.

        Oraindik ez da mandoaren arrastorik ikusten, esan zuen Maria Sarak. Garai haietan munduko bideak ez ziren erosoak, eta idazketaren bideak are gutxiago, esan zuen Raimundo Silvak, eta aurrera egin zuen, Ondorio hauetarako fio ziren Tolosako Dogmatizatzaile ospetsu batekin, zeudenen artean entzutetsuena eta ospe handikoena, Guialdo zuen izena, gizon ausarta zen, asmamenean garratza, sutsua jenioz, harroxkoa, eta Eskritura Sainduak sakon ezagutzen zituen, Hebraiera hizkuntza ezin hobeki ulertzen zuen, eta denetan eztabaidarik handienetarako prest egoten zen. Fedearen aldeko dueloa asetzeko gertu, Santuak ez zion erronkari muzin egin, bere konfiantza guztia Jainkoarengan jarriz, bera izango zelakoan bere kausaren aldeko Eragile bakarra. Eztabaida egiteko tokia eta eguna finkatu ziren. Ezin konta ahal Katoliko eta Sektario bertaratu ziren. Munduko antzerkian lehen papera Gaiztakeriak egin baitu beti, Hereseak Antoniok baino lehenago ekin zion, bere gaizki aprobetxatutako ezagutzak arrandia banidosoaz erakutsiz, zenbait Silogismo nahasketa-eragingarriren eleketa mordoilo mamituak sartuz ahozkotasun oparoaz. Santuaren apaltasunak pasatzen utzi zuen artifizioz beteriko eta egiaz husturiko hitz-jasa hura, eta gero hasi zen bere oker ustelak ukatzen, Eskritura Sainduko aipuak hain eroso erabilirik, hain arrazoi biziez apaindurik, hain sentimendu zilegiz eta diskurtso egokiz lagundurik, ezen, Heresearen setakeriak amore emango baitzukeen adimenaren diskurtsoak agortuta zeudela ikusirik, borondatearen apeta deabruzkoek eutsi izan ez baliote. Antoniok gatazka hau edertzeko erabili zituen dilema zorrotzen berri, banan banan, ez dut emango, narrazioari gainez egiten diotelako eta historiaren isiltasunari eskaini ahal izateko, famaren misterio gisa, nahikoa da esatea ezen hain jakintsu ilustre jokatu zuela, non, bere burua gaindituz, gertaera loriatsuagoa egin baitzuen, ezinezko bat garaitu zuelarik. Orain adi egon, Maria Sara, hasi baita entzuten mandoaren apatxen zalaparta. Nahasia ez ezik, Dogmatitzaile doilorra lotsatuta ere bazegoen, hain harrokeria handiaz bere engainuen garaipena ikusiko zutela uste zuten horien aurrean bere burua garaiturik ikusten zuelako. Eta bere sofismakeria iruzurtizko sare artifiziosoak guztiz birrindurik ikusirik, Santuaren modestia eta apaltasuna tentatzen hasi zen, diskurtso zital honekin, Tira, Aita Antonio, utz ditzagun kontzeptuak eta eztabaidak alde batera, joan gaitezen ekintzetara, eta, Katolikoa zaren aldetik eta Erromako Elizaren semea zaren aldetik mirakuluak izan badirela sinesten duzunez, zeinak, Fedearen artikuluak berretsiz behialako hasierako garai haietan sinestun izateko arrazoi handienak izan baitziren, galdu egin dudala onartuko dut, erabat, baldin eta Jainkoak mirakulurik egiten badu Sakramentuan Kristoren gorputza Benetan dagoelako artikulu honen alde. Antoniok, honelako gatazketan garaile ateratzeko Jainkoa beti bere eskutik zuenak, Harengan fio izanik, erantzun zuen, Ados nago, eta Jesus Kristo nire jaunaren errukian dut konfiantza, zeinak, zure arima irabazteko, baita zure errakuntzen Dogma fedegabeei, itsukeria arbuiagarriaz, jarraitzen zaizkien horien guztien arimak ere irabazteko, erakutsiko baitu bere guztiahalduntasuna, egia Katoliko honen sinesgarritasunaren alde. Hereseak erabaki santu eta kementsu honi heldu zion, Neronek erabakiko dut, orduan, zein izango den mirakulua. Nik mando bat gobernatzen dut nire etxean. Mando honek, hiru egun ezer jan eta ezer edan gabe pasatu ondoren, Hostia Sagaratua ikusten duelarik, bazka eskainirik ere, ez badio bazkari begiratu ere egin nahi, erabat sinetsiko dut Sakramentuan Kristo dagoelakoa egia hutsezina dela. Jainkoaren senak agindurik, Santuak berehala onartu zuen, garaipena berea zela aieruarekin, bere bihotzean pozak sartzen zuen baretasun eza baizik ez baitzen sartzen. Eta auzi hura hain Jainkoaren aldeko zelako ustean, garaituko zuela agindu zion bere buruari, gatazkarako Apaltasunaren armak zorroztu eta Otoitzaren aprotxeak prestatu zituelarik.

        Unearen solemnitateak eta hizkuntzak hunkiturik naukate, esan zuen Maria Sarak, baina hitz hori, aprotxe hori, galizismo beldurgarria da, Bai, hala da, oihalik txarrenean ere orban bat eror daitekeela ahantz ez dezagun izango da, egin dezagun aurrera, baina, Ezarritako eguna iritsi zen, bi aldeetatik jendetza handia etorri zen, Katoliko jendea, konfiantzaz baina apal, hereseak sinesgogor, harro. Antoniok hurbilen zegoen tenpluan eman zuen Meza, eta itzelezko elizkizuna amaiturik, bere eskuetan, denik begirunerik handienarekin, Hostia Sagaratua hartuta, Zamaria goseak amorratzen zegoen tokira atera zen. Begi aurrean, eta ahotik oso hurbil, garagar-anoa ederra paratu zioten, eta aldi berean, aginduzko ahotsaz, Santuak esan zuen, Nire esku ez duin hauetan dudan Jesus Kristoren izenean, agintzen dizut, arrazomenik gabeko Kreatura horri, ezen, bazka horri muzin eginik, zu sortu zaituen Sortzailea behar bezala gurtu dezazula, gizonen setakeria maltzurra honela komentziturik, Zamarien sen ez hain setakeriak itsutuak hala beharturik Erromako Fede Katolikoaren egiak aldarrika ditzan. Antoniok ez zuen hitz hauek esaten bukatu, eta ordurako Zamari dorpeak erakutsi zuen honetarako ez zela dorpea, doi-doi irensten hasitako bazkari muzin egin ziolako, eta berezko gose eta grinaren eskaera boteretsuei gain harturik, Santuarengana hurbildu zen, eta belauniko jarririk, Sakramentuko Kristo gurtu zuen, bertan zeuden guztiak sor eta lor utzirik. Denek begietan malkoak zituztela egiten zioten so ikusgarri harrigarriari, eta denen gogoetan efektua bakarra izanik, afektuak anitzak ziren, zeren, Katolikoen begietan debozio eta xamurtasunezkoak ziren malkoak, Hereseetan damu eta urrikalmenduzkoak baitziren. Katolikoek Fedearen garaipena ospatu zuten, eta Hereseek Sektaren errakuntzak gaitzetsi. Dirudienez, ebidentziari men egin nahi ez zioten matxino batzuek, absurduekin maitemindurik, laidoa gortejatzen zuten. Alabaina, ezin izan zuten uko egin, nahasirik eta estatikoak, halako moldez non, gatazka baino lehen beren harrokeriaren mugimenduetan garaipenaren txaloak agintzen zituztenak, izan baitziren, ondoren, beren mugiezintasuna zela kausa, garaipenari eskaini zitzaizkion lehen estatuak.

        Raimundo Silvak eten bat egin zuen, esateko, Guialdoren bere ahaideen eta adiskideen konbertsioa deskribaten duen lerroaldea dator ondoren, hori ez dut irakurriko, baina gal ezin dezakeguna predikua da, Oi Antonioren bertute beti miresgarria. Bertute horrek Abereak gizaki bihurtzen ditu Gizonak nahas daitezen, bertute horrek lortzen du, Abereen ikasgaia dela medio, Gizonek basapizti izateari utz diezaioten. Dabid arranguratzen zen etxabereek ukuilua baizik ez zutelako ezagutzen, han bilatzen baitzuten jatekoa, eta ez ziotelako jaramon egiten Jaunaren eskuari, bera izan arren jatekoa ematen ziena, baina kasu honetan, Antoniok hala agindurik, berezkoa zuten eskertxarra ahantzirik, lau hankako esker oneko honek jatekoa eta ukuiluiari muzin egin zien, jatekoa ez ezik izatea bera eman zion Jaun egiazkoa gurtzeko. Ala animalia zorionekoa. Orain ikusten da zuri esker badirela diskretuak diren Abereak, hainbat gizon abere gaztigaturik uzten baituzu. Behin, Belenen, ahotza jateari uzti zenion Jainko jaio berriari behar bezalako harrera emateko, orain Tolosan garagarra jateari utzi diozu Jainko Sakramentatua gurtzeko. Ogiaren etxean sortu zen Haurra gurtzeko Askako ahotza ahaztu zenuen, Palestrako garagarra ahaztu zenuen gariaren espezieetan ezkutatzen den Kristo beneratzeko. Ai bazintez arrazoi izateko duin, txalotua izateko duin zaren bezala. Zure sena fantasia izango da, baina diskurtsoa dirudi, zure nozioa ez da arrazoiketa izango, baina adimena dirudi. Oroimenik ez eduki arren, badirudi zer beneratzen duzun ohartzen zarela, borondaterik ez eduki arren, gurtzen duzun horrekiko afektuak agertzen dituzula dirudi, adimenik ez eduki arren, ezagutzen duzun horretan juizioa atzematen duzula dirudi. Bi mirakulu egin zituen zugan Antoniok, prodijio bakarrean, mirakulu hau askotan prodijiosoa izan zedin. Zure sen basatiak arrazoizko ideia eman zezan egin zuen, gurtu egin zenuelako, zure animaliaren irentsi nahiak penitentziazko barau eman zezan egin zuen, jan ez zenuelako. Ez ziren harritzeko gauzak bi bakarrik izan, bazirelako tenore hartan basati gehiago. Guialdo itsu zen misterio hura sinesteko, presentzia haren Fedeari buruz besobakarra zen, baina Antonioren fedeak ikusmena eman zion, sekula amestu gabeko miresgarritasun hura ikusirik, Guialdoren fedea berehala mugitu zen sekula ikusi gabeko berrikuntza horren palankak mugituta. Hara non, Antonio Soberanoaren ekintza bakarrean, hiru mirakulu zoragarri gertatu ziren, hiru aldiz bertutean esmeratua izan baitzen hirutasun bakarra, hiru aldiz mirakulosoa obretan izan baitzen gorengo miresgarritasuna. Amen.

        Raimundo Silvak solemnitate trufarizko mugimendu batez liburu izugarria itxi eta errepikatu zuen, Amen, Egilearen diskurtsoan al dago Amen hori edo zuk gaineratu al duzu, galdetu zuen Maria Sarak, Hau bezalako ahozko hantura batek ez zuen gutxiago behar, Hau mundua, honelako gauzak pentsatu eta idazten zirela pentsatzea ere, Nik esango nuke gaur egun halakorik ez dela idazten, oraindik sinesten den arren, Erotuta gaude, azken batean, Gu biok, Pertsonez ari nintzen, orokorrean, Ni, beti, gizakia burutik gaixo dagoen izakitzat hartu duen horietakoa naiz, Toki komun bezala ez dago gaizki, Agian ez zaizu hain toki komun irudituko nire beste hipotesi hau, eromena bere adimenak berak gizakiarengan eragin duen talkaren ondorioa dela, hiru milioi urte igaro dira eta oraindik ez dugu lurrikara hori gainditu, Eta, zure ustez, gero eta okerragora joango gara, Ez naiz igarlea, baina beldur naiz baietz. Liburua mahai gainean pausatzean izan zen, Maria Sara zutitzen zen une berean, biak aurrez aurre gelditu ziren, bietako inork ezin zuen ihes egin, edo ez zuen nahi. Gizonak sorbaldatik oratu zion, horrela oratzen zuen lehen aldia zen, emakumeak burua goratu zuen, begiek, lanpararen beheko argiak ukiturik, dir-dir berezia egiten zuten, hauxe xuxurlatu zuen, Ez ezazu ezer esan, hitz bakar bat ere ez, ez ezazu esan zure gustukoa naizela, ezta maite nauzula ere, musu bat emaidazu. Gizonak beregana erakarri zuen pixka bat, baina ez gorputzek elkar ukitzeraino, poliki makurtu zen ezpainez emakumearen ezpainak ukitzeraino, hasieran ozta ukitu zituen, igurtzi arin bat baizik ez, eta gero, zalantza txiki baten ondoren, ahoak poxi bat ireki ziren, bat-batean musua total, bizi, grinatsu bilakatu zen. Maria Sara, Maria Sara, murmurikatu zuen gizonak, ez zen beste hitzik esatera ausartu, emakumeak ez zuen erantzun, beharbada oraindik ez zekien Raimundo esaten, oso engainatuta dago maitasunean, lehen aldiz, izen bat ahoskatzea erraza dela uste duena. Maria Sarak atzera egin zuen, gizonak eutsi nahi izan zion, baina emakumeak burua mugitu zuen, urrundu egin zen, gizonaren besoetatik atera zen zakarkeriarik gabe, Alde egin behar dut, esan zuen, emaidazu nire jaka, bulegoan dago, eta poltsa ere bai, mesedez. Raimundo Silva itzuli zenean, emakumeak orria zuen eskuan, irribarre egiten zuen, Mundua hau bezalako zoroez beterik dago, esan zuen, eta Raimundok erantzun zuen, Mogueime, hor behean ikusten dut, Porta de Ferron, eraso egiteko aginduaren zain, gero, gaua abailtzen denean Ouroana deituko dute Henrique zaldunaren dendara joan eta zalduna emakumeaz goza dadin, eta gu, gure aldetik, dorre gainetik patuaren aurreratzea zaintzen ahal dutela uste duten mairuak gara. Maria Sarak hartu zituen jaka, jantzi ez zuena, eta poltsa eta gelako aterantz egin zuen. Gizonak lagundu zion, bertan geldiarazteko imintzio egin zuen oraindik ere, Ez, lipar batez emakumeak eskailerako atea ireki zuen, handik iragarri zuen, Bihar itzuliko nauk, ez duk argitaletxera joan beharrik fotokopiak eramatera, eta ez iezaidak deitu, arren.

        Raimundo Silvak pixka bat afaldu zuen, idazten jardun zuen berandura arte, oheratzeko tenorea iritsirik konturatu zen ez zela ohea desegiteko gauza izango, ez zela maindire garbietan etzango, burukoaren harmonia desegiteko ere ez zela gauza izango. Armairutik han gorderik zituen bi manta atera zituen, egongelara eraman zituen, diban estuan ohe moduko bat prestatu, eta hantxe egin zuen lo.

 

 

 

© José Saramago

© itzulpenarena: Jon Alonso

 

 

"José Saramago / Lisboako setioaren historia" orrialde nagusia