Zenbait egilek, dela ziurtasun horretara iritsi direlako, dela euren osaketa intelektuala ez delako egonarri handiko ikerketa zalea, gorroto diote kausa deitzen dugunaren eta, ondoren datorrenez, efektua deitzen dugunaren arteko harremana beti lineal eta agerikoa ez izateari. Horiek esaten dute, eta ez zaie arrazoia ukatu behar, mundua mundu denetik, noiztik den mundu ez dakigun arren, ez dela kausarik ez zuen efekturik ikusi, eta kausak oro, dela predestinazioz edo dela ekintza mekaniko hutsez, efektuak sortu eta sortuko dituela, eta efektu hauek, hau garrantzizkoa da, berehala gertatzen direla, kausatik efektura iragate hori behatzailearen oharkabean burutu bada ere, edo denbora luzea iragan arte ezin berrosatuko den arren, eta gutxi gorabehera berrosatuko ere. Urrutirago joanda, ausarkeriazko arriskuaz, esaten dute egile horiek gaur egun ikusten eta ezagutzen diren kausa guztiek beren efektuak sortu dituztela, efektu horien agerpena itxarotea baizik falta ez dugularik, eta, esaten dute, baita ere, efektu guztiek, agerpena egin dutenak bezala agerpenik gabeak ere, badutela beren kausalitate saihestezina, pairatzen ditugun gabezia anitzek efektuak beren kausekin harremanean jartzeko moduan identifikatzea galarazi diguten arren, harreman hori ez delako beti lineala, ezta beti agerikoa ere, hasieratik esan den bezala. Orain jende guztia bezala mintzatzen bagara, eta hau bezalako hausnarketa nekezak gu arazo sakonagoetara eraman aitzin, esaterako Leibnizen munduko kontingentziaren frogara edo eta Kanten froga kosmologikora, zeren orduan bete-betean ibiliko baikinateke Jainkoari galdezka, ea benetan baden edo goi mailako izaki bati duin ez zaizkion zehaztugabetasunekin gu nahasten ibili ote zen, hori bezalako izaki batek dena argi eta garbi egin eta esan behar zuen bitartean, beraz jende guztia bezala mintzatuz, egile horiek aldarrikatzen dutena da ez duela merezi biharko egunarekin kezka gaitezen, zeren, aldez edo moldez, gertatuko den guztia dagoeneko gertatu baita, eta kontraesana itxurazkoa baizik ez da, demostratua geratu denez, zeren, harria berau bota zuen eskura itzularazi ezin dela egia izanik ere, egia baita, halaber, guk ezin izango diegula zartakoari eta zauriari itzuri, punteria onez jaurti bazen, eta arreta faltaz zein oharkabean harrapatu gintuelako garaiz kendu ez baginen. Hau da, bizitzea ez da, bakarrik, zaila, ia ezinezkoa da, batez ere kausa ikusmiran ez dagoelarik, efektuak galde egiten digun kasuetan, efektu izena oraindik egoki baldin bazaio, efektuak eskatzen duenean bere oinarri eta jatorriak azal ditzagun, bere aldetik jada izaten hasi den kausa bezala azal dezagun, zeren, jende guztiak dakien bezala, geuri dagokigu, kontradantza honen erdian, esanahiak eta definizioak aurkitzea, benetan gustura egingo genukeena begiak lasai-lasai itxi eta guk menderatzen duguna baino aise gehiago menderatzen gaituen mundu bat iragaten uztea den arren. Halakorik gertatzen bada, hau da, begien aurrean daukaguna baldin bada, itxura guztien arabera, efektuaren antza duen zerbait, eta efektu horren kausa aurretikorik edo hurbilik atzematen ez badugu, erremedioa moldatzea da, denborari denbora ematea, zeren giza espezieak, zeinaren gainean, gogora dezagun tokiz kanpo dagoela dirudien arren, ezagutzen den iritzi bakarra berak bere buruaz daukana baita, efektuak betiko itxarotea du helburu, eta kausak betiko bilatzea, edo hori da bederen, gaur egun den egunera arte, beti-beti egin izan duena.

        Aldi berean suspentsiboa eta probidentziala den ondorio honek ahalbidetzen digu, plano narratiboa trebeki aldatuz, Raimundo Silva zuzentzailearengana itzultzea, ekintza zehatz bat burutzen ari den une-unean, horrelakorik egiteko zioak zeintzuk izan diren jakiterik izan ez dugula, kausen eta efektuen azterketa orokorra eta mamitsua egiten ari ginelako, zeina, zorionez, eten baita, nahigabe ontologiko eta geldigarrietara lerratzen hasia zenean. Ekintza hori da, denak bezala, efektu bat, baina bere kausa, agian iluna baita Raimundo Silvarentzat berarentzat ere, ulergaitza iruditzen zaigu, ez baita nolanahi ulertzen, ezagutzen ditugun datuak kontuan hartzera, zergatik ari den gizon hau sukaldeko harrian isurtzen denboraren hondamenak leuntzen joateko erabili ohi duen lozio zaharberritzaile meritu onekoa. Izan ere, eta gizonak berak baizik ezin eman zezakeen azalpen egokia falta dugula, hipotesekin eta usteekin arriskatu nahi ez dugularik, zuhurtziarik gabeko epai ausartegiak baino izango ez baitziren, ezinezkoa da lasaigarri ez ezik desiragarria ere baden harreman zuzen hori ezartzea, edozein gizakiren bizitza ongi lotutako gertaera logikoen kateatze erabatekoa egingo zuen harreman zuzena, bere berme-puntu eta data kalkulatuekin. Konforma gaitezen beraz, oraingoz bederen, jakitearekin ezen Raimundo Silvak, argitaletxera joan eta biharamun goizean, eta lo galduko gau baten ostean, bere bulegoan sartu, ilea tindatzeko flasko ezkutuari eskua erantsi, eta azken zalantzarako gorde zuen lipar zinez labur baten ondoren, garbitzeko harrian bota zuela oso-osorik, ondoren ur ugari isuriaraziz, minutu bat baino denbora laburragoan artifiziozko likidoa, Fonte de Juventa izen zorigaiztokoa zeukana, lurraren azaletik, literalki, desagerrarazi zuena.

        Ekintza ez nolanahiko hau egin eta gero, ondorengo urratsek betiko ohiturak errepikatu zituzten, hemen azken aldiz kontatuko ditugunak aldaketa esanguratsuak gertatzen ez diren bitartean, eta urrats hauek honakook izan ziren, bizarra egitea, bainatzea, jatea, eta gero leihoa irekitzea etxeko zoko sakonenetaraino ere airea sar zedin, oheraino, esaterako, zeinean maindireak zabal-zabal eginik eta hoztuak baitaude jada, lo galdu urduriaren arrastorik gabe, lo eskasak azkenik ekarri zituen ametsen arrastorik gabeago, amets-zatikiak baino ez, argia iristen ez zaien irudi zentzugabeak, narratzaileek ere ezin ikus ditzaketenak, gaizki informatutako jendeak uste ohi du narratzaileek eskubide guztiak dituztela, baita giltza guztiak ere, hala balitz munduak oraindik duen gauza on horietako bat galduko luke, pertsonaien misterioa, beren bizitza pribatua. Euria ari du oraindik, baina ez idolaz, atzo bezala, tenperaturak, dirudienez, behera egin du, itxi bedi, hortaz, leihoa, arrazoi osoz, gainera, etxeko giroa araztu baita barraren aldetik zetorren putz kemen emailearekin. Lanean hasteko tenorea da.

        Lisboako Setioaren Historia mesanotxe gainean dago. Raimundo Silvak liburua hartu zuen, liburuari utzi zion nahi zuen tokitik irekitzen, orriak dakizkigunak dira, ez da beste irakurketarik izango. Mahaira esertzera joan zen, han bukatu gabeko poema-liburua dauka zain, esan nahi baita, berak zuzentzen bukatu ez duena, han zegoen baita ere Costaren eskutik etorri zen nobela, presa handirik ez zuen hura, heren bat irakurri du, komunztadura-falta batzuk zuzendu, zenbait argibide proposatu ditu, eta are, diskretuki, ortografia-akats batzuk ere zuzendu ditu. Raimundo Silvak betebeharraren eginkizunak alde batera utzi zituen, eta, Lisboako Setioaren Historia aurrean zuela, arkua eginik zeuzkan hatzetan eman zuen kopeta, liburuari tinko-tinko begiratzen ziola, baina ikusi gabe, nabari zen, aurpegian zehar hedatzen ari zitzaion bertan egongo ez balitz bezalako espresioari erreparatuta. Lisboako Setioaren Historia laster joan zen nobela eta poema-liburuarekin egotera, lan-mahaiko ohola eremu leuna, garbia da, tabula rasa, egoki mintzatzeko, zuzentzaileak horrelaxe iraun zuen minutu luzeetan, kanpoko euriaren zurrumurru lausoa entzuten da, beste deus gehiagorik ez, hiririk ez balitz bezala zen. Orduan, Raimundo Silvak orri txuri bat hartu zuen, orria ere eremu leuna, garbia, tabula rasa, eta goi aldean, bere zuzentzailearen kaligrafia garbia eta zainduarekin Lisboako Setioaren Historia idatzi zuen. Bi aldiz azpimarratu zuen, letraren bat gainetik ukitu zuen, eta ondorengo unean orria urratuta zegoen, lau aldiz urratuta, hori baino gutxiago ez da nahikoa orria baliogabetzeko eta hori baino gehiago prekauzio maniakoa da. Beste orri bat paratu zuen, baina ez bertan idazteko, orriaren lau aldeak mahaiaren lau aldeekin paralelo egoteko arretaz jarri zituelako, idaztekotan gorputz osoa bihurritu beharko zuen, berak nahi duena da ondoko galdera egin ahalko dion zerbait izatea, Zer idatziko dut, eta ondoren erantzun baten zain gelditzea, zain gelditu harik eta begiak lausotu eta eremu zuri, antzua, sekula gehiago ikusiko ez duen arte, eta, horren ordez, sakonetik sortzen den hitz-entsalada bat ikusi arte, berehala berriro hondoratzen diren gorputz itoak bailiren, mundu nahikorik ez zuten ikusi, horretarako baizik ez ziren itzuli, ez dira berriz agertuko.

        Zer idatziko dut ez da galdera bakarra, laster bururatu zitzaion beste bat, bigarren hau ere premiazkoa, hain premiazkoa non bat-bateko efektu erreflexu bezala ez hartzea ia ezinezkoa baita, baina zuhurtziak agintzen du lehen galdu garen eztabaidara ez itzultzea, eskatuko zuena, behin eta berriz kontzeptu-nahasketetan ez erortzeko, harreman min, funtsezkoen eta harreman garrantzirik gabekoen artean bereiztea, hori gutxienez, benetan garrantzizkoa dena da jakitea Raimundo Silvak, Zer idatziko dut galdetu ondoren, Nondik hasiko naiz galdetu zuela. Balirudike bi galderetatik lehena dela garrantzizkoena, horrek erabakiko dituelako ondorengo idatziaren helburuak eta ikasgaiak, baina Raimundo Silvak Portugaleko Historia bat idazteko bezain atzera joan nahi ez zuenez, eta joan ezin zenez, historia hura, bestalde, zorionez laburra izango zen arren, urte gutxi lehenago hasi zelako eta bere muga, esan den bezala, Lisboako Setioa izango zelako, eta gurutzatuek erregearen eskaerari Ezetz erantzun zioten unean hasiko zen historiak narrazio-eremu zinez murritza izango zuenez, bigarren galdera bilakatzen da gertakarien eta kronologiaren erreferentzia ezinbesteko, hau da, herri xehearen hitzak erabiliz, Nondik arraio helduko diot galdetzea bezala litzateke.

        Hortaz, badirudi, hala ere, pixka bat egin beharko dela atzera, On Afonso Henriquesen mintzalditik has liteke, adibidez, honek, bestalde, mintzalariaren hitzez eta estiloaz beste gogoeta bat egiteko bidea emango luke, are, agian beste mintzaldi bat asmatzeko aukera emango luke, garai, pertsona eta tokiari, edo besterik gabe, egoeraren logikari atxikiago zitzaion beste mintzaldi bat, zeinak, edukiak eta ezaugarriak zirela tarteko, gurutzatuen tamalezko ukoa zuritzen ahalko bailuke. Baina hemen aldez aurreko arazo bat dago, komeni da jakitea, nortzuk izan ziren egoera hartan erregearen solaskideak, alegia, norentzat mintzatu zen erregea, zer jende-klase zuen aurrean bere predikua bota zuenean. Zorionez, hau ez da ezinezkoa, iturri garbira joatea nahikoa da, kronistetara, alegia, Lisboako Setioaren Historiara, urrutirago gabe, Raimundo Silvak bere mahai gainean daukan horretara, hain zuzen, oso oparoa da, orrioi begiratu bat ematea baizik ez da, bilatzea, aurkitzea, informazioa iturri onekoa da, esan ohi da Osberno ospetsua bera dela iturria, eta halaxe jakin ahal izan dugu Aarschoteko Arnoldo kondea zegoela, germaniar inperioko hainbat tokitatik etorririko borrokalarien buru egiten zuena, Gistelleko Cristiano zegoela, flandestarren eta boloniatarren burua, eta gurutzatuen herena lau kondestablek agintzen zutela, eta hauek ziren Glanvilleko Herveu, Norfolk eta Suffolkeko jendearekin, Doverko Simâo, Kenteko itsasontziekin, André, londrestarrekin eta Archelleseko Sahério gainerakoekin. Burutza nagusirik gabe, baina eztabaidetan parte hartzeko aginte, indar militarra eta eragin politikoarekin, aipatu beharko ditugu Guilherme Vitulo normandiarra, eta Rodolfo izeneko bere anaia bat, biak txantxa gutxikoak.

        Alabaina, iturriek daukaten gauza txarra, asmoz egiatiak izanik ere, datuen zehaztugabetasuna da, albisteen hedapen aluzinatua, gertaeren baitan edo gertaerei buruz ematen, proposatzen edo saltzen den bertsioaren baitan gauzatzen den barne-ernetze kontraesankorreko ahalmen bati buruz ari gara orain, bertsio hori esporez bezala biderkatzen da, eta bigarren zein hirugarren iturrien ugaltzea gertatzen da, kopiatu zutenen iturrien ugaltzea, are gaizki kopiatu zutenena ere, esaten entzun zutelako errepikatu zutenena, fede onez aldatu zirenena, fede txarrez aldatu zirenena, interpretatu egin zutenena, okerra zuzendu zutenena, bost axola zitzaienena, baita beren burua egia bakar, behin-betiko eta ordezkagaitza aldarrikatu zutenena ere, azken hauek susmagarrienak, baita susmagarriak direnen gainetik ere. Zenbat agiri konpultsatzen den araberakoa da, noski, lan mamitsuari ezartzen zaion arretaren araberakoa, baina, ukitzen ari garen arazoaren nolakoaz ideia modernoa egin dezagun, irudika dezagun, demagun, Raimundo Silva bizi den egun hauetan, berak edo gutariko edonork behar duela errepikatzen den edozein egia egiaztatzea, eta are, bere errepikapen anitza aintzat hartuz egiaztatzea, egunkarietako albisteetan, eta eskerrak herri hau txikia den, eta bertako biztanleak letretara oso emanak ez diren, zeren egunkarietako izenburuak ematearekin bakarrik nahikoa baita burua zorabiatzeko, ugariren ugariz, jakina, ugariren ugariz, o Diário de Notícias, o Correio da Manhâ, o Século, a Capital, o Dia, o Diário de Lisboa, o Diário Popular, o Diário, o Comércio do Porto, o Jornal de Notícias, o Europeu, o Primeiro de Janeiro, o Diário de Coimbra, eta hau egunkariei buruz baizik ez hitz egiteagatik, gero baditugulako aldizkariak eta astekariak, glosatzen, laburtzen, iruzkintzen, aurreikusten, iragartzen, irudikatzen dutenak, honako hauek, o Expresso, o Jornal, o Semanário, o Tempo, o Diabo, o Independente, o Sábado, eta o Avante, eta o Acçâo Socialista, eta o Povo Livre, eta, hitz batez, ez genuke sekula bukatuko falta diren printzipal edo eragileez aparte, sartuko bagenitu zerrendan hortik zehar argitaratzen diren egunkari edo orri guzti-guztiak, horiek ere bai baitute bizitzeko eta iritzia emateko eskubidea.

        Beharrik zuzentzaileak beste kezka batzuk dituen, berak jakin nahi duena da zeintzuk izan ziren udako egun kiskalgarri haietan gure errege Afonso Henriquesekin hizketan aritu ziren arrotzak, bazirudien dena garbi gelditu zela Lisboako Setioaren Historia kontsultatuz, liburuak Osbernorena omen denetik ez du deus falta, ezta, gai honetan eta hau bezalako beste batzuetan, Arnulfo eta Dodequino izan ziren aditu behialakoenik ere, ezta ere, zeharka baizik ez bada, Indiculum Fundationis Monasterii Sancti Vicentiiko narrazioan ematen denetik, baina ez, ezer ez dago behar bezala azalduta, zeren, adibidez, Crónica dos Cinco Reis de Portugal delakoan, bere arrazoiak edukiko zituena esaten duena eta ez beste ezer esateko, batzuetan gauzak kentzen dira, eta beste batzuetan jartzen, eta arrotz garrantzizkoen sailean Guilhâo da Longa Seta, Rolimeko Gil eta deiturarik gabeko On Gil bat baizik ez dira aipatzen, ohar bedi Lisboako Setioaren Historian, iturri osbernikoa omen zuen hartan, aipatzen direnetatik bat bera ere ez dela aipatzen, horrelako kasuetan zaharrena den agiria hartu ohi da aintzat, gertaeratik hurbilen dagoena delako, baina ez dakigu Raimundo Silvak zer egingo duen, bistan da Guilhâo da Longa Seta izenaren erdi aroko oihartzuna gustuko duela, bakarrik izena dela-ta zaldunen istoriorik izugarrienetan tokia beharko luke. Baliabide bat da berdinketa desegitea obra nagusia erabiliz, kasu honetan obra nagusia Crónica do Própio D. Afonso Henriques litzateke, Fray António Brandâorena, hala ere, zoritxarrez, kronika honek ez du korapiloa askatuko, aitzitik, mataza nahasiagotuko du, Guilhâo da Longa Setari Guilherme da Longa Espada deitzen baitio, eta ondorengo hauek sartzen baititu, Setho Calvisioaren ikasgaiari jarraiki, alegia, Damiako erregea omen zen Eurico bat, Bremengo apezpiku bat, Borgoinako duke bat, Teodorico bat, Flandeseko kondea, eta, baita ere, nahikoa sinesgarritasunarekin, lehen ere aipatu den Rolimeko Gil, Childe Rolim ere deitua, eta On Lichertes, eta On Ligel, eta On Guilherme eta On Roberte La Cornikoak, anaiak, eta On Jordâo, eta On Alardo, batzuk frantziarrak, beste batzuk flandestarrak, beste batzuk normandiarrak, beste batzuk ingalaterrakoak, beti ere zalantzakoa delarik, hainbaten kasuan bederik, galdetzen ziotenean nazioz horrela aitortuko zituztela beren buruak, kontuan hartu behar delako, garai haietan, eta ondorengo garaietan ere, luzez, gizon batek, aitoren seme izan, plebeio izan, edo ez zekiela zer lurraldetako zen edo oraindik ez zuela horri buruzko azken erabakia harturik.

        Raimundo Silvak, baina, bat ez etortze hauetaz hausnartu zuen, eta atera zuen ondorioa izan zen kasu honetan egian sakontzeak ez zuela ezer askorik balio, zeren, errege onak bere predikua eman orduko ez baita gehiago gurutzatu hauei buruz, edo beste batzuei buruz, lehen mailako nobleak izan edo azken mailako bilauak izan, hitz egiten entzungo, horretara derrigortzen baitu Lisboako Setioaren Historiako ale bakar honetan txertatuta dagoen ezetzak, bere ondorio guztiekin. Alabaina, adimen urriko jendeaz ari ez garenez, are gutxiago arima-gidari eta interpretari datozen apaiz-jende anitzen laguntza dutelarik, portugaldarrei Lisboa setiatzen eta hartzen laguntzeari uko egiteko arrazoi indartsua egon behar da, bestela ehundaka gizon horiek itsasontzitik jaisteko lana ere ez zuten hartuko, hamabi mila baino gehiago itsasontzietan dauden bitartean, armak, kutxak eta motxilak hartu eta lurreratzeko aginduaren zain, laguntza femeninoa ahaztu gabe, borrokalari bati ezin zaio inola ere kendu laguntza-klase hau, ez eta izpirituzko borroketan dabilenean ere, bestela nola hartuko zituen atsedena eta kontsolamendua gorputz gabetuak. Arrazoi indartsu hori zein izan zen, bada garaia horixe jakiteko, kontakizun berriaren sinesgarritasunaren, oraindik eskasaren, ohoretan.

        Ikus dezagun. Lehen hipotesia eguraldia izan daiteke, baina hau berez jausten da, ez du oinarririk, gauza jakina baita atzerritarrek, salbuespenik gabe, eguzki eder hau, brisa leun hauek, urdin konparaezinezko zeru hau hagitz maite dituztela, ekainaren bukaeran gaudela kontuan hartu behar da, atzo San Pedro eguna izan zen, hiria eta ibaia bikain zeuden, dudatzekoa izan liteke, gehienez ere, kristauen Jainkoaren edo mairuen Alaren begiradapean ote zeuden bikain, biak elkarrekin ikusgarria gozatuz eta elkarri postura eginez ez bazeuden, bederen. Bigarren hipotesia lurraren idortasuna, tokietako lehortasuna, horizonteetako antzutasuna dateke, baina halako zentzugabekeria Lisboa eta bertako ingurunea ezagutzen ez duenaren buruan baizik ezin liteke sortu, hau edozein arima on gozarazten duen baratze oparoa da, lurrerantz sartzen den estuario argitsuko bi ertzetan hedatzen diren ortuak ikus bitez, hiria habia egiten duen muinoaren eta beste aldeko, mendebaldeko muinoaren artean magal bat bezala hondoraturik dagoen Baixa honetan, hor ikus daiteke ezin hobeki barazki kontuan mairuena baino esku hoberik ez dagoela. Hirugarren hipotesia, eta azkena, laburbiltzeko, hauxe litzateke, Europako herriak, eta aldamenekoak, noizean behin heriotzaz zipriztindu izan duen izurrite ikaragarri horietako bat sortu izana, gurutzatuak ere ukituko zituena, zenbait kasu endemikorengatik inor ez zen askorik larrituko, denetara ohitzen da jendea, sumendi baten magalari helduta eta kezkatuta bizitzea bezala da, tira, alderaketa aldrebesa da, lur honetan lurrikarak ez dira maiz gertatzen, seiehun urte eta koska geroago hobeki jakingo dugu hau. Horra hor hiru hipotesi, eta bakar bat ere ez da onargarria. Zeren, onartzea kosta egiten bazaigu ere, arrazoia, kausa, jatorria, zioa, zergatia, denak bilatu behar dira, eta beharbada aurkitu ere bai, erregearen diskurtsoan. Hor, eta hor bakarrik.

        Beraz, Raimundo Silvak atzera egingo du liburuan barna, aipatu harenga bilatuko du bere muinak irakurtzeko, gehiegikeriak, apaingarriak eta ugaritzeak bazterrera utzirik, predikuaren mamia eta adar nagusiak islatu arte, eta orduan, jauzi akrobatiko baten bidez, horrelako izen, jatorri eta ezaugarriak zituzten jendeen pentsatzeko moduarekin bat egiteko ahalegina eginez, sentituko du bere baitan ernetzen dela halako kolera, sumindura, haserre bat, esatera eramango duena, zorrotz, Errege jauna, gu ez gara hemen geldituko, nahiz eta eguzki ederra daukazuen, baratze oparorik baduzue ere, airea garbia izanik ere, sardinek jauzi egiten duten ibai zoragarria egon arren, geldi bedi berori guztiarekin, eta on egin diezaiola, agur. Irakurriz eta irakurriz, Raimundo Silvari iruditu zitzaion aferaren koska berea bakarrik ez zen mezu baten mihia zen On Afonso Henriquesen diskurtsoaren zati hartan egon zitekeela, lehen ere ohartarazi genuenez, diskurtsoaren zati zehatz hartan, gurutzatuak operazioa ahalik eta merkeen egiteko konbentzitzen saiatzen den hartan, hain zuzen ere, esan zuelarik, uste izatekoa da errugabe-aurpegiaz, Gauza bat bederen seguru dakigu, zeuen errukiak bultzatuko zaituztela lan hau egitera, eta hau bezalako ekintza handia egin nahi izatera, gure diruaren eta gure ordainaren promesak baino areago. Hauxe entzun nuen neronek, Raimundo Silva gurutzatua naizen honek, nire belarriez entzun ere, eta harrituta gelditu nintzen ikusirik hain kristaua zen errege bat Jainkoaren hitza ikasi gabea zela, zein eta, zeukan ofizioa edukita oinarri politikoaren mailaraino igo behar izan zuen huraxe, Jainkoari Jainkoarena, eta Cesarri Cesarrena, honek, ari garen gaiari aplikatuz, esan nahi du Portugaleko erregeak ez dituela zertan nahastu madariak sagarrekin, gauza bat delako Jainkoari laguntzea eta beste gauza bat lur honetan zerbitzu horren truke, eta gainerakoen truke, ongi ordainduta izatea, batez ere eginkizunean larrua uzteko arriskua denean, eta ez larrua bakarrik, baizik eta larruaren barruan dagoen gainerako guztia ere bai. Egia da begi bistako kontraesana dagoela erregearen predikuaren zati honen eta pixka bat lehenago botatakoaren artean, esaten duenean kontsideratzen duela menpe dagoela, uler bedi gurutzatuen menpe, gure lurrak duen guztia, baina ez da alde batera utzi behar garai haietan erabiliko zen gizabidezko formula zelakoa, ongi hezitako inor hitzez hitz hartzera ausartuko ez zena, gaur egun ere ezagutu berri dugun bati esaten diogunean bezala, Zure esanetara gaude, pentsa ezazue zer litzatekeen esamoldea hitzez hitz hartu eta morroi hartzen bagaituzte.

        Raimundo Silva mahaitik altxatu da, bulegoko espazio hutsetik zehar paseatzen da, bere egiten ari den tentsio berriaz arintzeko burua pasabiderantz agertzen du, eta ozen pentsatzen du, Arazoa ez da hau, gurutzatuen eta erregearen arteko tirabiren arrazoia hau izan balitz ere, gatazka horrek guztiak, irainak, konfiantza faltak, lagundu egingo dizuegu, ez dizuegu lagunduko, horrek guztiak zerbitzuen ordainketa edukitzea oinarri oso litekeena izanik ere, erregeak aurreztu nahian, gurutzatuek ahalik eta gehien irabazi nahian, guztiarekin ere, konpondu behar dudan arazoa besterik da, Ezetz idatzi nuenean gurutzatuek alde egin zuten berehala, ez dit ezertarako balio Zergatik horren erantzuna egiazkoa deitzen duten historian bilatzeak, neronek asmatu behar dut beste erantzun bat, faltsua izaten ahal dadin, eta erantzun faltsua, beste bat izaten ahal dadin. Pasabidetik gora eta behera ibiltzeaz nekatu zen, bulegora itzuli zen, baina ez zen eseri, hondamenditik gelditu ziren lerro gutxi horiek urduritasun ernegatuaz begiratu zituen, sei orri urratu zituen, bata bestearen ondoren, eta hobekuntzak, hobekuntzak oraindik itxi gabeko orbainak bailiran. Zailtasunari irtenbidea bilatzen ez zion bitartean ezin izango zuela aurrera egin konturatzen zen, eta honek harritu egiten zuen, liburuetan dena erraza iruditu ohi zitzaiolako, dena berezkoa, beharrezkoa ia, ez benetan hala zelako, baizik eta edozein idazki, on zein txar, aurrez zehazturikoaren kristalizazio bezala agertzen delako, nola, noiz, zergatik eta nork moldatua ez jakinik ere, harritu egiten zen, beraz, ez zitzaiolako burura etortzen ondorengo ideia, aurreko ideiatik berez jaio behar izan zatekeen ideia, eta, aitzitik, ideia hori ukatu egiten zitzaion, ezta hori ere, ez zegoen han, besterik gabe, ez zegoen ez eta posibilitate bezala ere. Zazpigarren orria ere urratu zuen, mahaia berriz gelditu zen garbi, leun, ohola bi aldiz leun, basamortua, ideiarik eza. Raimundo Silvak poesia-liburuaren probak hartu zituen, zenbait minututan huts haren eta zerbait honen artean duda-mudatan ibili zen, gero, poliki-poliki, lanean jarri zuen arreta, denborak aurrera egin zuen, bazkalordua baino lehen probak zuzenduta zeuden, eta bi aldiz irakurrita, argitaletxera eramateko gertu. Goizean telefonoak ez zuen hotsik egin, postaria bakanetan etortzen da etxe honetara, kotxeren baten igarotze arduratsuak apurtzen zuen, oso noizean behin, kalearen baretasuna, turisten autobusak ez dira hemendik sartzen, Largo dos Lóiosetik ematen dute buelta, erori den euriarekin gutxi izango ziren horren altu etortzera menturatu zirenak, horizonte estaliak baizik ez ikusteko. Raimundo Silva zutitu zen, bazkaltzeko ordua zen, baina aurrena gelako leihora joan zen, atertu du azkenik, ez du euririk ari, hodei bizkorren artean zeru urdinezko zatiak kuriketan dabiltza, eta zeru hura, urtaroak diferenteak izan arren, egun hartakoa izango zen bezain bizia zen. Une batez Raimundo Silvak ez zuen gogorik izan sukaldean sartzeko, betiko plater zopa berotzera, atun eta sardin-potoen artean bila ibiltzera, zartagia edo eltzearekin gora eta behera ausartzera, eta ez gastronomia landuagoak bazkaltzeko gogoak piztu zitzaizkiolako, ez, asper mentala izan zen, nolabait esatearren. Baina ez zuen jatetxe batera joan nahi, ezta ere. Karta begiratzea, platera eta prezioa aukeratzea, jende artean eseririk egotea, labana eta sardeska erabiltzea, ekintza hauek guztiak, hain errazak, hain egunerokoak izanik ere, jasanezinak iruditu zitzaizkion. Handik hurbil A Graciosa goxotegia zegoela gogoratu zuen, han ogitarteko mistoak ematen dituzte, bera baino mokofinago direnentzat ere onak direnak, baso bat ardorekin, eta, bukatzeko, kafearekin, urdaila konforme geldituko da.

        Erabakia harturik, irten egin zen. Gabardina heze zegoen oraindik, aurreko eguneko zaparrada zela-ta, janzteak ikara bat sorrarazi zion, hilik dagoen animalia baten larrua janzten ari bailitzan, lepoak eta eskumuturrek nazkatzen zuten, batez ere, halako egoeretarako beroki on bat behar zuen, ez da luxu bat, behar hutsa baizik, orduan gogoratu nahi izan zuen nola zegoen jantzirik Maria Sara doktorea igogailutik zuzendari literarioarekin atera zenean, jaka zabalarekin edo gabardinarekin, eta ez zuen lortu, nola konturatuko zen ba, ikusi bezain pronto ihesean atera bazen. Ez zen hori izan, goiz oso hartan, Maria Sara doktorea burura etorri zitzaion behin bakarra, goiz hartan emakumeak zaindari baten modura jokatu zuen, bere pentsamenduko edozein tokitan eseririk, berari beha. Orain higitzen zen norbait zen, igogailutik hizketan irteten zen pertsona bat, gabardina edo berokiaren azpian oihal lodizko gona estua eta blusa bat zeuzkan, edo chemisier bat, izena gutxienekoa da, bi hitzak frantziarrak dira, bata bezain bestea, kolorea definigaitza da, ez, definigaitza ez, Raimundo Silvak tonu zehatza aurkitu dio, goiz-zuria, naturan ez dago horrelakorik, egia esan, hain ezberdinak direnez elkarrengandik goiz berdinak, baina edozein pertsonak, hala nahi izatera, holakorik asma dezake bere erabilerarako, hori bada bere gustua, baita almuedano itsuak ere, bere ama mairuaren sabeletik itsu irten ez bazen, bederen.

        A Graciosa goxotegian ez dute ardoa basoetan ematen. Raimundo Silvak zerbeza batekin bultzatu behar izan zuen ogitartekoa, zerbeza ez da oso atsegina eguraldi hotz honetan, baina, urrutitik bada ere, ardoak sortzen duen antzeko eragina izaten du gorputzean, barneko patxada makaltsu antzekoa. Gizon jada zahar batek, guztiz kaskazuria, jubilatuaren itxurakoak, egunkaria irakurtzen zuen ondoko mahai batean. Ez zuen presarik, seguru asko etxean bazkaldu zuen eta gero hona etorri zen kafe bat hartu eta egunkaria irakurtzera, goxotegiko jabeak, Lisboako tradizio zahar bati jarraiki, egunkaria eskaintzen zien bezeroei. Baina ile zuriak ziren Raimundo Silvaren arreta bereganatzen zutenak, zer izen eman beharko zion zuriaren tonu honi, antitesiaz arrats-zuria dei zekiokeen, gizonaren adin handia kontuan hartuz, baina begi bistakoegi izango zen, asmatzea oso ongi dago, baina merezi duen zerbait asmatzekotan. Esan behar da, haatik, Raimundo Silvaren kezka ez zela bakarrik kromatikoa, liluratzen zuena zen, azken batean, bat-batean konturatzea berak ez zekiela zenbat ile zuri edukiko zuen, asko edukiko zuen, edo askoz ere gehiago, baziren hamar urte baino gehiago tindatzen hasi zenetik, amorrazioaren amorrazioaz, gatazka horretan borroka egiteko baizik jaio izan ez bailitzan. Harri eta zur, sor eta lor, denbora arin pasatzea nahi zuela aurkitu zuen bere burua, bere egiazko aurpegia ezagutu ahal izateko, poliki-poliki hurbiltzen den etorri berri bat bezala agertuko zena, lehen bi koloretako hari groteskoek osatuko zuten ilearen azpia, ile faltsua gero eta tindagai gutxiagorekin eta motzagoa, bestea, errotik autentikoa, tokia irabazten joango zen, ezinbestean. Tira ba, pentsatu zuen Raimundo Silvak, esan dezakegu zurirantz aurreratzen dela denbora, eta, gehiago irudikatuz, mundua bere azken egunetan ikusi zuen, bizia iraungirik, mundua haizeak ekortzen zuen buru zuri erraldoia zen, hori baino ez zegoen han, haizea eta zuritasuna. Jubilatuak tragoxka kendu zion kafeari, hotsaz xurgatuz, eta gero aurrean zeukan kopa uxualaren erdia edan zuen, Aaaa egin zuen, eta irakurtzen segitu. Raimundo Silva halako ernegu sor bat sentitu zuen gizon harekiko, nolabaiteko bekaitza, zeren bekaitzez zegoen, ordea, ez zekien, agian erabateko lasaitasuna zirudienaz, unibertsoaren egonkortasunarekin konfiantza osoz sinesteaz, egia da pattarrak ematen duen ongizatea askoz ere handiagoa dela zerbezak ematen duena baino, praktikan ere ikusten da, pattarra perfektoa da bere klasean azken tantoraino, zerbeza-hondar hau hiltzen ari da edalontzi zilindrikoaren hondoan, hondakinen harria da bere xedea, ur ustela bailitzan. Kafea eskatu zuen, bizkor, Ez, ez dut digestiborik nahi, horixe da jatetxeen herriak pattarren, uxualen eta koñaken leinuari ematen dion izena, eta ez da falta botika honek duen urdailaren aldeko bertuteaz zin egiten duenik, jubilatuak trago bakar batez edan zuen kopan gelditzen zitzaiona, Aaaaaaa, eta, koparen ertzean hatzaren puntarekin kolpea emanez, zerbitzariari seinalea egin zion berriz bete zezan. Raimundo Silvak ordaindu eta alde egin zuen, pasadan ohartu zen gizonaren ilajean xerlo horiak bazeudela, tindagaiaren hondakina, agian, zaharreriaren seinale behin-betikoa, agian, antzinakoa den bolian bezala, zeina iluntzen eta pitzatzen hasten baita.

        Duela zenbait hilabete Raimundo Silva ez da gazteluan sartu, baina orain badoa, erabaki berri du, azken batean horregatik atera zela etxetik pentsatzen badu ere, bestela ideia ez zitzaion hain berezkoa irudituko, bere izpirituak, gogora gaitezen, nazka gaindiezina sentitu zuen, gogor egin zuen sukaldean sartzeko ideiaren aurka, baina hala egin bazuen, hobeki engainatzeko izan zen, eskaera eginez gero, Goazen gaztelura, era txarrean erantzungo zuelako beldurrez, Eta han zer egingo dugu, horixe zen, hain zuzen ere, izpirituak ez zekiena edo aitortu ezin zuena. Haizeak bolada bortitzez astintzen du, zuzentzailearen ilea zirimola bat eginda inarrosten da, gabardinaren hegalek zapart egiten dute, maindire bustien antzera. Burugabekeria da gaztelura joatea halako eguraldiarekin, babesik gabeko dorreetara igotzea, are, eror liteke ere eskudelik gabeko zurubi haietan, abantaila da ez dela inor egongo, tokiaz goza daiteke lekukorik gabe, hiria ikus daiteke, Raimundo Silvak hiria ikusi nahi du, oraindik ez daki zertarako. Ordoki zabala hutsik dago, lurra putzuz beterik, putzuetan haizeak uhin ñimiñoak sortzen ditu, zuhaitzek ulu egiten dute haizeteak inarrosita, haizetea zikloia da, ia, zilegi izan bedi gehigikeria hau esatea mila bederatziehun eta berrogeita batgarren urtean tifoi baten buztanaren eragin apala pairatu zuen hiri batean, eta gaur den egunean ere tifoi horrek eragindako kalteez kexatzen dena, ehun urte barru Chiado erre zelako kexatuko den bezala. Raimundo Silva hormara hurbildu da, behera eta urrutira begiratzen du, teilatuak, fatxaden goi aldeak eta teilatuegalak, ezkerrean ibaia lokatzez zikindua, Rua Augustako garaipen-arkua, kale koadrikulatuen nahasketa, plaza bateko txoko bat edo bestea, Carmoko aurriak, sutearen ostean gelditu zirenak. Ez da han luzaro gelditzen, eta ez da haizeak traba egiten diolako, ilunki bada ere badaki bere ibilaldi bitxi honek baduela helburua, ez da honaino etorri Amoreiraseko dorreak begiratzeko, nahikoa amesgaiztoa izan zen ametsetan ager zekizkion. Gazteluan sartu zen, sartzen den bakoitzean hain txikia izateak harritzen du, jostailuzkoa dirudi, lego edo mekano bat bezalakoa da. Horma altuek bultzada nagusia kentzen diote haizeteari, arkuetan eta barnebideetan murgiltzen diren aurkako korronte anitzetan zatitzen dute haizea. Raimundo Silvak bideak ezagutzen ditu, San Vicente aldetik igoko da harresira, handik ikusiko du lursailen antolamendua. Han dago, Graçako muinoa, dorre garaienaren aurrean, eta Campo de Santa Clararanzko lur beheratua, han egin zuen kanpamentua On Afonso Henriquesek bere gizonekin, gure gizonekin, nazioaren aitalehenak, zeren hauen arbasoak, goizegi jaio izanaren kariaz, ezin izan baitziren portugaldarrak. Hau gehienetan arretarik merezi ez duen genealogiaren puntu bat da, hau da, jakitea zein izan zen garrantzi gabeko gauza hura, guztiz garrantzi gabea izanik ere, garrantzizko bihurtu ahal izateari bizia, eta gaur garrantzizkoa dela esaten dugun horri, tokia eta abagunea eman zizkiona.

        Ez ziren han elkartu gurutzatuak eta erregea, han behean elkartuko ziren, estuarioaren beste aldean, baina Raimundo Silvak bilatzen duena, honek esanahirik badu, ikusizko ukigarritasun-inpresio bat da, definitzen ez dakien zerbait, bera, oraintxe bertan, etsaien ziluetak eta euren ezpaten dirdira begiratzen ari den borrokalari mairu bihur zezakeen zerbait, kasu honetan, buruko bide ezkutu batetik barna jasotzea espero dezakeen zerbait, narrazioak falta duen datua, Ez biribil hori eman eta gero gurutzatuen aldentzearen zio erabatekoa. Haizeak Raimundo Silva bultzatzen du, behin eta berriz, merloiei heltzera behartzen du oreka ez galtzeko. Une jakin batean, zuzentzaileak inozoarena egiten ari delako sentsazioa badu, kontzientea da eszenatokian duen jarreraz, hobeki esan, bere jarrera zinematografikoaz, gabardina erdi aroko kapa da, ile soltea lumak dira, eta haizea ez da haizea, makina batek sortzen duen aire-korrontea baizik. Eta une jakin hartan, bere buruaren aurka zuzendutako ironiak nolabait errugabe eta babesgabe egin zuen une hartan, bere izpirituan sortu zen, azkenik garbi, eta baita ironiko ere, bila zebilen zioa, Ezetzaren arrazoia, egia historikoen aurka eginiko atentatuaren azken justifikazio erabatekoa. Orain Raimundo Silvak badaki gurutzatuek zergatik eman zieten ukoa portugaldarrei Lisboa setiatzen eta hartzen laguntzeko, eta bere etxera itzuliko da Lisboako Setioaren Historia idaztera.

        Lisboako Setioaren Historiak, beste historiak, alegia, esaten du gurutzatuak hagitz alaitu zirela Portugaleko erregea bere proposamenak jakinaraztera bazetorrelako berria zabaldu zenean, euren helburu askatzaileak Lur Santuan jarri zituzten borrokalari prestuak bereganatzeko proposamenak baitziren haiek, hain zuzen. Eta esaten du, halaber, iturri osberniko probidentziala, ezen ez Osbernorena, oinarri harturik, jende hura guztia, aberatsak zein pobreak, hala esaten du zehazki, On Afonso Henriques hurbiltzen zela jakinik, bere bila atera zela jai-giroan, beharrik ez ziren zain gelditu, besterik ez genuen behar, hala izan zela ulertu beharko da, horixe da horrelako topaketetan gertatzen dena, Europako gainerako tokietan, alegia, erregea datorrenean, denak lasterka hasten dira bidea laburtu beharrez, esku-zartaka eta ufaka ongi etorria ematera. Zorionez, azalpen hau berehala eman ziguten, gure harrokeria nazionalak apaltzeko, irudika ez genezan, inozoki, errege portugaldar batek garai haietako europarrak, gaurkoak bezala, neurrigabe higiarazten eta hunkitzen zituela, are eta gutxiago hura bezalako errege egin berri batek, hor dator bere zaldiaren gainean, bera bezalako gailegoen troparekin, batzuk aitoren semeak, beste batzuk elizgizonak, denak eskola gutxikoak. Beraz, jakitun gara orduan erregetzak bazuela, artean, jendea kalerarazteko nahikoa ospe, elkarri esango zioten, Goazen erregea ikustera, goazen erregea ikustera, eta erregea izerdi usaina darion bizardun hauxe da, arma zikinak ditu, zaldiak ez dira zamari iletsuak baizik, arrazarik gabeak, borroka hiltzeko kontua baita, goi eskolako itzulipurdi kontua baino areago, baina, dena hain xume izanik ere, ez da aukera galdu behar, sekula ez da jakiten ahal joan-etorrian dabilen erregea inoiz itzuliko ote den.

        Hor zetorren, bada, On Afonso Henriques, eta gurutzatuen buruzagiak, zerrenda osoa aipatu da dagoeneko, iturrien hutsuneak gorabehera, hari itxaroten zeuden lerroan jarririk, beren menpeko hainbat jenderekin, armadarik parte handienak itsasontzietan segitzen baitzuen, buruzagiek denen jomuga zein izango zen, buruzagiena ere barne, noiz erabakiko zain. Erregearekin Bragako artzapezpikua zegoen, Joâo Peculiar, eta Portoko gotzaina, Pedro Pitôes, biak latinez adituak, zein baino zein areago, eta erregearen sekitoa duintasunez osatzeko adina jende, eta horiek ziren Fernâo Mendes, Fernâo Cativo, Gonçalo Rodrigues, Martim Moniz, Paio Delgado, Pêro Viegas, Pêro Paz ere deitua, Gocelino de Sousa, beste Gocelino bat, baina hau Sotero edo Soeiro, Mendo Afonso de Refoios, Múcio de Lamego, Pedro Pelágio, edo Pais da Maia, Joâo Rainho, edo Ranha, eta erroldan sarturik gelditu ez diren baina han zeuden beste batzuk. Aldeak hizketan hasi ziren, eta, elkarren aurkezpenak egin ondoren, nahiz eta aurkezpenek bere denbora behar izan zuten, izen-deiturez aparte jaun bakoitzak jauna izateko zeuzkan atributuak ere aipatzen baitziren, Portoko gotzainak gaztigatu zuen erregeak bere predikua egin behar zuela, eta berak egingo zuela, fidelki, interpretari-lana, Jainkoaren eta gizonen legeen aurrean zin eginda. Bitartean zaldizkoak zamarietatik jaitsi ziren, eta erregea harri baten gainean igo zen, nabarmenago egoteko, eta gainera egundoko ikuspegia eduki behar zuen gurutzatuen buruen gainetik, estuarioa bere zabaltasun osoan, eta portugaldarrek eragindako hondamenaren ondorioz abandonaturik zeuden baratzeak, zeren, aurreko bi egunetan, portugaldarrek fruitu eta barazkien lapurreta orokorra egin baitzuten. Han goian gaztelua dago, almenetan giza-irudi txikiak ikusten dira, beherago hiriaren harresia, alde honetako bere bi ateekin, Alfofa eta Ferroko ateak, biak itxirik, biak langaz trabatuak, beste aldean mairu-jendea xuxurlaka dabilela susmatzen da, apur bat kezkaturik baina seguru oraindik, nola bukatuko da hau guztia, ibaia itsasontziz mukuru dago, muga egiten duen muinoan egiten ari diren topaketa, zutoihalak eta banderatxoak airean ikusten dira, ikusgarria da, garretan dauden suak ere ikusten dira, auskalo zertarako diren, eguraldia bero baitago eta ez baita bazkaltzeko ordua, almuedanoak iloba batek ematen dizkion azalpenak entzuten ditu eta txarrenera jartzen da, hau da, txarra oraindik gutxi gorabehera jasangarria izango zela pentsatzen hasten da. Une hartan erregeak ahots indartsua goratu zuen, Guk, hemen, munduko ipurdi honetan bizi izanagatik, laudorio handiak entzun ditugu zuei buruz, entzun dugu indar handiko gizonak zaretela, eta armekin izan litekeen trebeenak zaretela, eta ez dugu zalantzan jartzen, zuen gorpuzkera sendoak ikustea aski, eta gerra egiteko trebeziari dagokionez, gauza erlijiozkoetan nola profanoetan egin dituzuen ekintzen kontaketak dioenaz fio gara. Gu, hemen, hala egokitu zaigun lur eskergaiztotik nola eratzen ari den izpiritu portugaldarrak pairatzen dituen axolagabekerietatik datozkigun zailtasunak ditugun arren, ahal duguntxoa egiten gabiltza, ez beti ur eta ez beti ardo, eta gainera mairu hauek hementxe edukitzeko zorte txarra eduki dugu, aberastasun gutxiko jendea, Granadakoekin edo Sevillakoekin alderatuz gero, horregatik hobe behin-betiko kanporatzen baditugu, eta une honetara iritsirik arazo bat sortzen da, afera latz bat, zuen iritziaren kontsiderazioaren pean paratu nahi dudana, honako hau, alegia, Egia esan, guri komeni zaiguna laguntza da, nola esango nuke, debaldeko bezala edo, hau da, geldi zaitezte hemen bolada batez, laguntzera, noski, eta hemengo kontua bukatzen denean ordainketa sinboliko batekin konformatuko zarete, eta gero segi Toki Santuetara, han bai, han ordaindu eta berriz ordaindu egingo dizuete, hala ondasun materialetan, ez baita konparatzerik mairu hauek daukaten aberastasuna turkoek daukatenarekin, nola izpirituzkoetan, han izpiriztuko ondasunak fededunaren bizkarraren gainean hedatzen baitira oina lurrean paratu orduko, Zu, Pedro Pitôes, adi ibili, dezente ikasi baitut latinez, itzulpena nola doan jakiteko beste bai behintzat, baina hor zaudeten gurutzatu jaunak, arren, ez ezazue pazientzia gal, ordainketa sinbolikoarena hitz egiteko modu bat baizik ez da izan, nik esan nahi nuena zen gure nazioaren etorkizuna bermatzeko oso komenigarria litzaigukeela hirian dauden ondasunak oro guretzat gordetzea, burutazio hau ez da inor harritzeko modukoa izango, baina egia hutsa da honako hau esaten edo egunen batean esango duen esaera, Pobrearentzako laguntzarik onena pobrearena da, tira, mintzatuz gero jendeak elkar ulertzen du, zuek esan zenbat kobratu nahi duzuen zerbitzuaren truke, eta ondoren ikusiko dugu prezioa adostu ahal dugun, nahiz eta, nire ahotik uneoro mintzo den egiaren izenean, esan behar dudan ezen, nire arrazoiak baditudala pentsatzeko adostasunik lortu gabe ere, gu geu bakarrik mairuak garaitzeko eta hiria hartzeko gauza izango garela, Santaremen orain hiru hilabete egin genuen bezala, zurubi batekin eta dozenerdi gizonekin, gero armada osoa sartu zen, eta biztanleria guztia ezpataz pasatu zuen, gizonak, emakumeak eta haurrak, adinari erreparatu gabe, eskuetan armarik ba ote zuten edo ez kontuan hartu gabe, ihes egitea lortu zutenak baizik ez ziren salbatu, eta gutxi izan ziren, hortaz, hau guztia egin bagenuen, Lisboa setiatzeko ere bagara, eta hau esaten badizuet ez da zeuen laguntzari muzin egiten diodalako, baizik eta ikus dezazuen ez gaudela hain gabetuak, indarrez eta kemenez, eta hori ez dudalarik oraindik aipatu gure arrazoirik onenak, honako hauek, hain zuzen, geuk, portugaldarrok, geure alde daukagula Jesukristo Gure Jauna, isilik egon hadi, Afonso.

        Ez bedi pentsa sekitoko inor edo arrotzen saldoko inor erregea isilarazteko bezain lotsagabe izatera ausartu denik, berari bataio izenez deituz, inoiz erregearekin plater beretik jan izan bailuen, esaldi hura erregeak bere buruari esan zion, Isilik, aho hori, esatea bezala da, eta honek, aditzeko ohitura izanik hitzekin batera etorri ohi diren esanahi ezkutuenak bilatzeko ohitura ere baduenak aise jakingo duenez, esan nahi du, hain zuzen ere, mintzatu dena amorratzen dagoela isilpean gordetzea erabaki duena ozenki esateko. Hala ere, oztopo taktikoa higiarazteko, besteren jakinmin onustea aintzat hartu behar da, ondoren datorrena bezalako esaldi bat eragingo duena, gutxi gorabehera, Segi, segi, buka ezazu, ez gaitzazu zintzilik utz, baina gauzak oso bestela gertatzea ere litekeena da, pertsona eta egoeraren arabera, kasu honetan mintzatu zena Guilherme Vitulo izan zen, muturzikina halakoa, auskalo da Longa Espada izan zen edo ez, seguru dena da zalantza agertzera ausartu zela, nolabaiteko zakarkeriarekin, Jesukristo Gure Jaunak kristau guztiei laguntzen die, guztiei berdin, horixe besterik ez genuen behar, batzuk semeak eta besteak semeordeak baldin bagara, akabo erlijioa. Zenbait gurutzatuk agirika eginez bezala begiratu zioten ateraldia bota zuenari, esateko moduarengatik gehiago esan zuenarengatik baino, zeren, mamiari dagokionez, adostasuna nahiko orokorra izango baitzen, izan ere, erregearen predikuan, dena hondora bidal dezakeen zekenkeria gaitzesgarriaz aparte, handinahikeria ez nolanahikoa egon baitzen, harrokeria handia, mintzatzeko modu harekin artzapezpiku bat ematen zuen, erregea baino areago, eta errege apal bat baino ez zen, are, errege titulua erabiltzeko eskubiderik ez zuen erregea, aita santuak ez baitio erregetza ezagutzen, hiru urte lehenago dux tratamentua eman zion arren, eta eskerrak. Isilunea ez zen, guztia kontatzeko behar izan zen denborari erreparatuta pentsa zitekeenaren kontra, hain luzea izan, baina bai ordea nahikoa luzea egoeraren giroa ekaitzez zamatua geldi zedin, On Afonso Henriquesi mesfidantza ez zitzaion batere atsegin izan, ahoa irekitzekotan zegoen, biraoa botatzeko, inondik ere, baina orduan diplomatikoagoa zen beste gurutzatu batek, Sahério de Archelles izenekoak, elkar ulertzeko zubi bat egin zuen, Ez dugu zalantzarik egiten portugaldarrek zurubi bat eta Jainkoaren laguntza baizik ez zutela Santarem hartu izana, Jericoko harresiak zenbait tronpeta jota erori ziren ber, horixe izan baitzen Bere nahia, beharrezkoa ere izan ez zelarik tronpetak zazpi gerrarik jotzea, nahikoa izan baitzen zazpi apaizek jotzea, eta ez da harrigarria ere portugaldarrek halako sarraskia egin izana, Jerico hirian bertan, gizonak, emakumeak, haurrak eta zaharrak ez ezik, idiak, ardiak eta astoak hil zituztenez, harritzen gaituena da, ordea, gizon batek, erregea izanik ere, Jainkoaren izena gisa horretan ahotan hartzea, jakin badakigularik Haren borondatea, nahi duen tokian eta nahi duen bezala agertzen dela, agertarazteko ez delarik nahikoa eskatzea, arrenka ibiltzea, erregutzea, eta gogaitzea, eta seme zein semeordeei buruzkoan, nahiago dut ezer ez esatea.

        Atsegin izan zitzaion On Afonso Henriquesi, jakinduria biblikoaren egokiaz aparte, Saherio de Archellesek adierazpenean erabili zuen tonu neurtua, mamiari dagokionez Guilhâo da Longa Setarena bezain zalantzakoa izan bazen ere, baina Archellesek, besteak ez bezala, bai forma eta bai musika zaintzeko arta eduki zuen, orduan erregea, zenbait minutuz Bragako artzapezpikuarekin eta Portoko gotzainarekin kontsultatu eta gero, zeinetarako harritik jaitsi behar izan baitzuen, berriz harri gainera igo zen, eta honako hau esan zuen, Jakin ezazue, jaunak, etorri zareten Portugaleko lur hau, ez hemen, hegoalderago baizik, eta zortzi urte baizik ez direla, Kristo Gure Jainkoaren agerpen mirakuluzko baten lekua izan zela, eta, ni Josue ez naizen arren eta nire jendea hebraitarra ez bada ere, Berak Jericon izan garaipenari, eta antzeko kalitatea duten garaipenei zorrik ez dien garaipena obratu zuen, handik beldurrak hartuta dardarrez begiratzen diguten etsai horiek baino izugarriagoak ziren etsaien aurka, eta horrelako ekintza bat egiteko gauza izan baldin baginen, oso litekeena da Lisboako harresien aurrean Munduko Salbatzaileak berriz bere eskua azaltzea, eta hala balitz, eta hori balitz Haren borondatea, gure arte militarrak zeuenak bezain gutxi balioko luke, eta denok elkarrekin, Jainkoaren botere eta maiestatearen lekuko zoratuak baizik ez ginateke. Erregea mintzatzen zen bitartean, artzapezpikuak eta gotzainak baietz egiten zuten buruarekin, atseginez, eta erregeak bere predikua dotoreki bukatu zuenean, eskubeteka jo zituzten txaloak, sutsu, eta gainontzeko portugaldarrek festari lagundu zioten, biak bezain sutsu haiek ere. Gurutzatuek elkarri begiratu zioten, harriturik, eta une batez ez zuten jakin zer esan, Gil de Rolim izan zen azkenik mintzatu zena, hau esateko, Arrazoi du berorrek, hori guztia batere nekerik gabe egin lezake Kristo Gure Jaunak, baina guk, puntu honetara iritsirik, jakin nahi duguna ez da Berak zer egin lezakeen, baizik eta zer egin zuen, horregatik berorri eskatzen diogu garaipen handi hura xehetasunez konta dezan, zeren, dirudienez, garaipen haren berri jakiteagatik egin behar izan dugun bidaia luze eta neketsuak mereziko du, zuena, eta oraingoz mairuena ere baden lurralde honetara etortzeko egin behar izan duguna. Erregeak aholkua eskatu zien, berriz ere, artzapezpikuari eta gotzainari, eta denok konforme jarri zirelarik, esan zuen, Entzun ezazue, bada.

        Telefonoak hots egin zuen. Antzinako txirrina dauka, bere zaratarekin etxe guztia betetzen duena, eta hain zen handia Raimundo Silvaren kontzentrazioa ezen, ustegabeko asaldurarekin, eskuak mugimendu zakarra egin baitzuen, paperean zirriborro bat eraginez, munduak, azeleratuz, bat-batean lumaren azpian labain egin izan bailuen. Telefonoa hartu, eta galdetu egin zuen, Esan, berehala ezagutu zuen argitaletxeko telefonistaren ahotsa, Maria Sara doktorearekin lotuko zaitut, esan zuen. Zain zegoen bitartean erlojua begiratu zuen, seiak hamar gutxi ziren, Zein azkar joan den denbora, eta egia zen denbora azkar joan zela, baina hori pentsatzeak halamoduzko babesa ematea beste helbururik ez zuen, haize leunak hedatu eta eskobatzen duen ke meharrezko gortina bezalako babesa, Raimundo Silva Zein azkar joan den denbora pentsatuz entretenitzen baldin bazen, beste denborak, zeinetara bat-batean amildu baitzen bere burua, geroratzen ari zelako ilusioa emango zion, eta etenaldia dardarizo batean oinarritzen da, eskuineko eskuak dar-dar egiten duela dirudi, emeki, paperaren gainean pausatua. Orduan telefonistak, txoriburuak halakoak, hauxe esan zuen, Maria Sara doktorea, loturik zaude, Raimundo Silvak ukabila itxi zuen, denbora uhertu egin zen, nahasirik, gero hedatu egin zen, berezko jarioan isuri zen, Arratsalde on, Silva jauna, Arratsalde on, Zer moduz, Ongi eta zu, Ongi, eskerrik asko, hementxe nabil lana antolatzen, eta jakin nahi nuen poesia liburu horretako probak zertan diren, Oraintxe bertan bukatu dut zuzenketa, egun osoa eman dut horretan, bihar eramango dut argitaletxera, Beraz, egun osoa eman duzu horretan, Egun oso-osoa ez, Costa jaunak ekarri zidan nobela irakurri dut pare bat orduz, Ongi aprobetxatu duzu denbora, Bestela ez dut zertan aprobetxatu, Esaldia interesgarria da, Interesgarria izango da, baina azpi-asmorik gabe esan dut, pentsatu gabe atera zait, Dirudienez trebea zara horretan, Zertan, baina, Pentsatu gabe esate horretan, pentsatu gabe egitean, Beti uste izan dut gizon pentsakorra naizela, halaxekoa naizela uste dut, gizon pentsakorra, Baina uneko bultzadaren menpekoa, Andrea, mesedez, gertatu zenari buruzko etengabeko eztenkadak jasaten ibili behar badut, hobe dut lana beste argitaletxeren batean bilatzea, Ez zintudan ernegatu nahi, barkatu, nire ahotik ez da horri buruzko hitz gehiagorik aterako, Estimatua, Ongi da, orduan ekarri bihar proba horiek, eta nobelari dagokionez, egun osoa horretan eman dezakezula kontuan hartuta, laster ekarri ahalko duzula espero dut, Ez da oso kontu luzea izango, ez kezkatu, Ez naiz kezkatzen, Silva jauna, badakit zure lanaz fio naitekeela, Ez diot inoiz huts egin nire lanaz fio izan denari, Orduan, ez iezadazu niri huts egin, Ez horixe, Bihar arte, Silva jauna, Bihar arte, Maria Sara doktorea. Telefonoari heltzen zion eskuak hegan egin zuen airean, poliki-poliki jaitsi zen, eta telefonoa pausatu eta gero, hantxe gelditu zen, telefonotik bereizi nahiko ez bailuen, edo ezin esan daitekeen hitzaren zain bailegoen. Hobe zukeen Raimundo Silvak beste hitzez kezkatu izan balitz, ahoskatu egin ziren hitzez, adibidez, edozein konturatuko litzateke Maria Sara doktoreak ez zuela sinetsi egun osoa poesia liburuaren gainean lanean pasatu zuelako aldarrikapen hura, ez eta nobela irakurtzen balizko bi ordu pasatu zituelako aitzakia sinesgarria gaineratu zuenean ere, baina emakumeak ezin zezakeen jakin inondik inora ere nola bete zuen egun hartako denbora, igartzen ibili zen, tira, emakumeen gauzak, denek uste dute sorginak eta pitonisak direla eta azkenean beren burua engainatzen dute, edozein gizontto arruntek bezainbeste, gehienetan onberatasun ironiko eta tolerantearekin hartzen duten gizontto arruntek bezainbeste. Baina Raimundo Silva goren graduan asaldatu zuena izan zen emakumeak esan zuela, larderiaz esan ere, baina tonua gehiegi azpimarratu gabe, Ez iezadazu huts egin, zalantzarik gabe ez zen ari bere gaitasun profesionalari buruz, nola ariko zen horretaz, baldin eta bizitza osoa lanean jardun eta gero, eta barkatu errepikatzea, baina bestela ahaztu egiten da, baldin eta bizitza osoa lanean jardun eta gero oker bakar bat baizik ez bazuen egin, eta hura atzemanda, aitortua eta, zorionez, barkatua. Orain, izaera intimoagoa eduki lezaketen zioak, noski, alde batera utzirik, elkarren arteko harremanen nolakoa aintzat hartzera lehengoz eta behin bazter utzi beharrekoak izanik, gelditzen dena da probabilitatea, handia gainera, esandakoa berak Lisboako Setioaren Historia, Berria, idatz zezan eginiko iradokizun famatuaren zeharkako aipamena izatea, eta orduan ikusi zuen bere burua horretara behartua, bat-batean, eta bi bider behartuta gainera, ez bakarrik lana hasia zuelako, baizik eta, besteak erabilitako bezainbesteko seriotasunez, erantzun baitzion, Ez dizut huts egingo, eta une hartan ez zekien zer esaten ari zen.

        Raimundo Silvak papera begiratu zuen, Entzun ezazue bada, boligrafoari heldu zion narrazioarekin segitzeko, baina konturatu zen burua hutsik zuela, berriz orri txuria, edo beltza, hitz guztiak elkarren gainean, elkarrekin gurutzatuak, ulertezinak. On Afonso Henriquesek esan zuena esan zuela, zeukan aukera bakarra zen Ouriqueko mirakulua kontatzea, bere hitzez, bertan sartuz, jakina, espero izatekoa zen eszeptizismo modernozko tantoak, Herculano handiak berak onartua, eta hizkera apur bat askatuz, baina gehiegikeriarik gabe, zuzentzaileak ez ohi direlako, iritzi publikoak horrenbeste zaintzen duen gai batean, ausarkeriak aldarrikatu zaleak. Baina tentsioa eten zen, edo beste tentsio bat zegoen lehengoaren ordez, agian bultzada geroago itzuliko zen, gaueko orduetan, inspirazio berri bat bezala, adituek diotenez horrelakorik gabe ez dagoela zer eginik. Raimundo Silvak entzun du horrelako kasuetan onena izaten dela natura deitzen dugun hori ez bortxatzea, gorputzak gogoaren nekearekin bat egin dezan, batez ere elkarren aurka ez dezatela borrokarik egin, borroka horien historiak heroikoak eta eredugarriak izanik ere, eta hori iritzi jakintsua da, noski, haatik ez da gutariko bakoitzak egin behar duenari buruz ideiak dituzten horiek, bere baitari aplikatzeko askoz borondate urriagoa badute ere, gehien aldezten dutena. Erregeak bere predikuarekin segitzen du, Entzun ezazue, bada, baina errepikatzen, eta errepikatzen den disko akastuna da, hipnotikoki errepikatzen disko akastuna. Raimundo Silvak begiak igurtzitzen ditu, garuneko orria zuri dago, erdiraino idatzia baizik ez, eskuineko eskuaz Fray António Brandâoren On Afonso Henriquesen Kronika hurbiltzen du, bera izango du gidari narraziora itzuliko denean, gaur gauean edo bihar, eta, orain idazteko gauza ez denez, irakurri egiten du pasadizo mitikoaz jabetzeko, bigarren kapitulua da, On Afonso Henriques printze saiatuak esku artean zekartzan gauzen nolakoak ez zion atseden handia hartzeko aukera ematen, eta negozio hartako handitasunari eskainitako pentsamenduek ez zuten baretasunerako edo arintasunerako parada eskaintzen. Eta hala, neke hori nolabait arintzearren, Biblia sakratua hartu zuen eskuetan, bere kanpadendan zeukan bat, eta bertan irakurtzen hasi zelarik, aurkitu zuen lehenbiziko gauza Gedeon juduen kapitain entzutetsuaren garaipena izan zen, zeinak, hirurehun soldadurekin, medianitarren lau erregeak eta beren armadak hautsi baitzituen, ehun eta hogei mila gizon ezpataz pasatuz, ondorengo anabasan hil ziren beste asko zenbatu gabe. Infantea, halako aurkikuntzarekin alaiturik, garaipen hau bere zain zegoenaren iragarpen zoriontsutzat harturik, are eta gehiago tinkoagotu zen gatazkari ekiteko erabakian, eta, bihotza suturik, begiak zeruan ipinirik, hitz hauek jaulki zituen: Ongi dakizu zuk, ene Jaun Jesukristo, zu zerbitzatzeagatik eta zure izen santua goresteagatik ekin niola zure etsaien aurkako gerrari; Zu guztiahalduna zarenez, lagun iezadazu, aupa eta lagun iezaiezu nire soldaduei garaipena erdiets dezagun, etsaiak zure izen ezinago santuaren blasfematzaileak eta burroegileak baitira. Hitz hauek esanda, lo beratz batek bereganatu zuen, eta amesten hasi zen itxura beneragarria zuen agure bat ikusten zuela, adorea edukitzeko esaten ziona, gauza segurua baitzen gatazka hura irabaziko zuela, eta Jainkoak maite eta lagunduko zuelako seinale ezin argiago gisa, gatazkan sartu baino lehen bere begiez ikusiko zuela munduko Salbatzailea, honek eta ez beste inork nahi baitzuen agerpen honen bidez ohoratu. Infantea amets gozo honetan zegoela, ez erabat lo, eta ez erabat esna ere, bere kamarakoa zen Joâo Fernandes de Sousa dendan sartu zen, eta jakinarazi zion bereganaino iritsia zela agure zahar bat, eta agureak audientzia eskatzen zuela, eta, aditzera ematen zuenez, guztizko garrantzia zuen afera bati buruz ari zela. Infanteak sar zedila agindu zuen, baldin eta kristaua bazen, eta ikusi bezain pronto ezagutu zuen ametsetan ikusi zuen agure bera, honekin erabat kontsolaturik gelditu zelarik. Agure onak ametsetan entzun zituen hitz berberak errepikatu zizkion infanteari, garaipena eta Kristo agertuko zitzaiola egiaztatuz, eta Jainkoarengan konfiantza handia eduki zezala gehitu zuen, Berak maite baitzuen, berarengan eta bere ondorengoengan jarririk baitzituen bere miserikordiaren begiak hamaseigarren belaunaldiraino, zeinean ondorengotza ahulduko baitzen, baina egoera hartan ere Jainkoak bere begiak ipiniko zituen, eta ondorengorik izango zen. Jainkoaren beraren partetik gaztigatu nahi ziola ezen, hurrengo gauean ermitako kanpaia jotzen ari zela entzutean, non agurea, Goikoaren mesede berezi bati esker, zuela hirurogei urte bizi baitzen, kanpamentutik atera zedila, Jainkoak bere miserikordiaren handia erakutsi nahi baitzion. Printze katolikoak, halako mezu goren mailakoa entzunik, mezularia benerazioaz hartu zuen, eta esker infinitua erakutsi zion Jainkoari apaltasun ezin sakonagoarekin. Agure ona kanpadendatik atera eta bere ermitara itzuli zen, eta infanteak, agindutako seinalearen zain, otoitzean pasatu zuen gaua, bigarren zaindari-txandara arte, eta orduan entzun zuen kanpaiaren soinua; bere ezkutua eta ezpatarekin armaturik, orduan, kanpamentutik atera zen, eta begiak Zeruan ipinirik, ekialdetik distira ezin ederrago bat ikusi zuen, gero eta zabalago eta handiago bihurtzen zena. Distiraren erdian Gurutze Santuaren seinale patu onekoa ikusi zuen, eta gurutzean ilkatua munduaren Berreroslea, inguruan aingeru-saldo hagitz ugari zuela, denak jantzi zuri eta distiragarriekin apaindurik eta mutil ezin ederragoen itxura hartuta, eta infantea ohartu ahal izan zen Gurutzea izugarri handia zela, eta lurraren gainetik ia zazpi metrora zegoela. Halako agerpen miresgarriak eragindako harriduraz, Salbatzailea bertan egoteak sortu beldur eta begiramenaz, infanteak zeramatzan armak alde batera utzi, errege-jantzia kendu zuen, eta, oinutsik, lurrean makurtu zen, eta malko ugariez Jainkoari otoitz egiten hasi zitzaion, arrenka, bere menpekoen alde, eta hauxe esan zuen: Zer merezimendu aurkitu duzu ni bezalako bekatari handi honengan, Jauna, mesede hain bikainarekin aberasteko? Nire fedea areagotzeko egiten baduzu, hori ez da beharrezkoa, Bataio-harritik egiazko Jainko bakartzat zauzkat, humanitatearen aldetik Ama Birjina sakratuaren, eta Jainkoaren aldetik Aita Eternalaren semetzat. Hobe litzateke miresgarritasun honen handitasunaren berri fedegabeei ematea, hauek, beren hutsegiteak gaitzesiz, ezagutu zaitzaten. Orduan Jainkoak, ahots leunaz eta printzeak ongi aditu zezakeen moduan, hitz hauek esan zizkion: Ez naiz modu honetan agertu zure fedea handiagotzeko, baizik eta zure bihotza, eginkizun honen aurrean, sendotzeko, eta zure Erresumaren hasiera harri ezin tinkoagoaren gainean eratzeko. Konfiantza eduki ezazu, ez duzulako gatazka hau bakarrik irabaziko, baizik eta Fede katolikoaren etsaiei emango dizkiezun gainerako guztiak ere. Zure jendea borrokan sartzeko prest aurkituko duzu, eta arren eskatuko dizute bataila honi errege tituluarekin ekin diezaiozun; ez zalantzarik eduki titulu hori onartzeko orduan, eskaera horri libreki egin iezaiozu men, ni naizelako munduko Inperioen eratzailea eta hondatzailea, eta zuregan eta zure leinuarengan niretzako erresuma bat eratu nahi dut, erresuma horren jardunaren bidez nire izena jende arrotzei ezagutarazi ahal izateko. Eta zure ondorengoek zer eskutatik jasotzen duten erresuma jakiteko amoreagatik, zure armak gizateria erosi nuen salneurrian erosiko dituzu, juduek ni erosteko ordaindu zuten berbera, eta erresuma hau santifikatua geldituko da, nik maitatua, bere Fedearen araztasuna eta bere errukiaren bikaintasuna direla kausa. On Afonso infantea, halako agindu hain bakan hau entzun zuelarik, berriz makurtu zen lurrean, eta Jainkoa gurtuz, esan zion: Zer merezimendutan oinarritzen duzu, ene Jainkoa, nirekin darabilzun erruki aparta? Baina hala delarik, jar itzazu zure miserikordiaren begiak agintzen dizkidazun ondorengoetan, Portugaleko jendea peril eta arriskuetatik libre gorde ditzazun, eta, jende honen aurkako zigorrik agindu baduzu, eskatzen dizut neroni eta nire ondorengoei ezar diezaguzula, nire seme bakarra bailitzan maite dudan herri hau zigor horretatik gorderik geldi dadin. Den-denari eman zion Jainkoak aldeko erantzuna, esanez ez zituela sekula bere miserikordiaren begiak erregearengandik edo bere jendearengandik apartatuko, eskualde apartatuetan erein-lan handiak egingo zituzten langiletzat eta segalaritzat aukeratu baitzituen. Honekin agerpena bukatu zen, eta On Afonso infantea, kemenez eta ulertzekoak den arimako poztasunez beterik, kanpamentu aldera itzuli eta bere kanpadenda barrura bildu zen.

        Raimundo Silvak liburua itxi zuen. Nekatuta bazegoen ere, bere borondatea zen irakurtzen jarraitzea, batailaren pasadizoak segitzea mairuen azken porrota iritsi arte, baina Gil de Rolimek hitza hartu zuen han zeuden gurutzatuen izenean, eta erregeari esan zion ezen, Jesus Gure Jaunak eskualde apartatu hartan, Castro Verdetik hegoaldean, Ourique deitzen duten tokian, Alentejoko probintzian, obratu zuen mirari gogoangarri hura modu hartan jakinarazirik, hurrengo eguneko goizean erantzungo ziotela. Eta horren ondoren, ordenantzak agintzen dituen agurrak eta zeremoniak beterik, beren kanpadendetara bildu ziren, era berean.

 

 

 

© José Saramago

© itzulpenarena: Jon Alonso

 

 

"José Saramago / Lisboako setioaren historia" orrialde nagusia