Raimundo Silvak Lisboako Setioaren Historiaren egileari idatzi zion gutunak bazuen barkamenezko quantum satis beharrezkoa, baita igorlearen eta hartzailearen arteko harreman onek onartzen duten umore diskretuzko zertzelada arina ere, konfiantza gehiegikeriaz usatu gabe, hondarrean nahaste zintzo baten inpresioa eta zenbait ekintza absurdu egiteko tentazio eustezinari buruzko galdera doia nabarmen utzi behar ziren arren. Giza ahultasunari buruzko nolabaiteko gogoeta honek azken erresistentziak hautsiko lituzke, erresistentziarik gelditzen bazen bere jabetza intelektualaren atentatu zaurigarriaren berri izatean Ez da hil ala bizikoa erantzun zuen harengan, erantzunarekin zuzendari literarioa sor eta lor utzirik, bizitza arruntean ez da halako eroapenik nolanahi aurkitzen, baina gogoeta hau, esan beharrik ere ez zegoen, ez zuen historialariak egin, eta ez da, hortaz, esanahi bikoitzeko eranskina baizik, orain sartu den bezain egoki narrazio honetako beste edozein orritan sar zitekeena. Paperen saskia orri zimurrez, jarraitasunik gabeko saiakerez, alde guztietatik emendatutako zirriborroez beterik gelditu zen, egun oso bateko estilo eta gramatika-ahaleginen hondakin baliogabeak, epistola osatzen zuten parteen oreka lortzeko harmonia milimetrikoa lortzeko saioez beterik gelditu zen, Raimundo Silva ozen lasaitzera ere iritsi zen, Errukarriak dira, gero, egileak, beti horrela sufritzen badute, eta proba-zuzentzailea baizik ez izateak poz apur bat eman zion.
Raimundo Silvak, gutuna postontzira eramatera joan eta gero, etxeko eskailera igotzen ari zela, telefonoa entzun zuen. Ez zen presatu, partez nekatuta sentitzen zelako, partez axolagabekeriaz, baita nahasia sentitzen zelako ere, segurutik Costa izango zen, poesia-liburuaren probak zertan zeuden jakin nahiko zuen, edo egun beltz hartan utzi zuen nobelaren aldez aurreko irakurketa nola zihoan, Gogoratzen al zara. Nahikoa denbora igaro zen Costa emaitzarik gabeko deiaz asper zedin, baina telefonoa ez zen isiltzen, nolabaiteko seta barearekin hots egiten zuen, bere betebeharra horixe delako, erantzungo duten edo ez kontuan hartu gabe. Giltza sarrailan lasai-lasai sartzen ari zen konturatu zenean deitzen zuena ezin zitekeela Costa izan, Costa ez zen jada bere solaskide zuzena, Costa gizajoa, biktima errugabea, organigramak ekarri-eta-eramanezko eginkizun ia mekanikora gutxiagotua, nor eta bera, beharrezkoa izatera zuzentzaileen camorrarekin aurrez aurre borrokatzeko gauza zena. Raimundo Silva bulegoko ateko atalasean gelditu zen, eta telefonoak, hor zegoela konturatu balitz legez, kalapita areagotu zuen, nagusia etorri dela konturatzean pozaz txoratzen dagoen zakurtxoa iruditzeraino, mahaitik behera jausi eta fereka eske jauzika hastea baizik ez zuen falta, mihia ahotik kanpo, arnasestuka, gozamen hutsez lerdea zeriola. Raimundo Silvak noizean behin telefonoz hots egiten dioten ezagun batzuk baditu, hortik zehar, eta are gertatu izan da emakumeren batek bere ahotsa entzuteko eta berarekin mintzatzeko beharra sentitu izana, edo horren itxura egin izana ere, baina horiek iraganeko kasuak dira, iraganean gertatu zirenak eta iraganean gelditu zirenak, orain ahots horiek iraganetik etorriko balira beste munduko zerbait, naturaz gaindiko zerbait bezalakoa izango litzateke.
Eskua telefonoaren gainean pausatu zuen, itxaron egin zuen oraindik ere, isiltzeko azken aukera eman nahiko balio bezala, eta azkenik entzungailua jaso zuen, zer etorriko zen zehatz bazekielako ustean, Silva jauna al zara, galdetu zuen telefonariak, eta berak erantzun zuen, labur, Bai, Inork hartzen ez zuenez, eskegitzekotan nintzen, Zerbait nahi al duzu, Nik ez, Maria Sara doktorea da zurekin hitz egin nahi duena, itxaron apur bat. Eten bat izan zen, zaratek konmutazioren bat salatzen zuten, antza, nahikoa denbora izan zen Raimundo Silvak pentsatu ahal zezan, Maria Sara du izena, partez asmatu zuen, baina jakin gabe, zeren, alde batetik hatz salatzailea Maria izenaren gainean zuela lo gelditu zela egia bazen ere, egia baitzen, baita ere, horretaz ez zuela oroitzapenik gordetzen, eta iratzarri zenean, liburuaren gainean zabal-zabal zegoen eskutik burua altxatu, eta bi eskuez igurtzi zituen begiak, eta horrela kendu zuen orritik orientazio-seinale behin-behineko hura, bakarrik bi muturretako erreferentziak edukiko lituzke, eta jakingo zuen, gehienez ere, aurkitu zuena Manuela eta Marularen artean zegoela, eta izen horiek, bestalde, berehala kanpo uzteko modukoak dira, pertsona edo pertsonaiaren nortasunari guztiz desegokiak zaizkiolako. Telefonariak esan zuen, Lotuko zaitut, telefonarien artean ohiko gaztigua da, profesioaren denentzako tokia, eta, hala ere, ondorioak agintzen dituzten hitzak dira, onerako zein txarrerako, Lotuko zaitut, esan zuen, bere zerbitzuak erabiltzen dituen patuarekiko axolagabe, eta ez da konturatzen zer esaten ari den, Elkartu, estutu, hartu, pasatu, bildu, finkatu, batu, hurbildu, lotetsi, harremanean sarrarazi, kidetu egiten dut, bere ustez bi pertsona elkarrekin komunikazioan jartzea baizik ez da, baina ekintza bakun honek, kontura gaitezen, nahikoa arrisku dakar berarekin, eta gehiago, arinkeriaz egin dezagun. Alabaina, gaztiguak alferrekoak dira, esperientziak hitz bakoitza aztigai arriskugarria dela egunero erakusten digun arren.
Raimundo Silva aulkiaren gainean jausi zen, bat-batean bi aldiz nekatuago sentitu zen, Gu, zaharrok, belaunetik hasten gara ihartzen, aipu derrigorrezkoak berari irri egin zion, injustuki, berrogeita hamarrak ozta-ozta pasatu dituen gizona ez baita zaharra, garai batean bai, orain hobeki zaintzen dugu geure burua, badira lozioak, tindagaiak, kremak, leuntzaile zenbait, adibidez, non aurkitu mundu zibilizatuan, egun, bizarra egin eta gero aurpegian alunbre-harria emango lukeen gizona, hura larrumintzaren aurkako basatikeria zen, egun kosmetika erregina da, eta errege eta lehendakaria, eta kosmetikarekin zangoen dardara ezin ezkuta daitekeela ikusita badago ere, gutxienez nolabaiteko txukuntasuna ematen dio norberaren betarteari lekukorik dagoenean. Orain lekukorik ez dagoenez, Raimundo Silvaren betartea uzkurtu egiten da, eta bitartean, hariaz beste aldean, Maria Sara doktoreak, keinu dudarik gabe segail batez, buruaren mugimendu batez, atzera botatzen du ezker aldeko ilea, entzungailua belarrira hurbildu ahal izateko, eta azkenik mintzatzen hasten da, Lehengo egunean ez zituzten aurkezpenak egin, nik neuk aurkeztuko dut neure burua orain, Maria Sara dut izena, zurea ezagutzen dut, horixe esatera zihoan, baina Raimundo Silvak, ohiturak hartaratua, bere izena esan zuen, bere izen osoa, Benvindo eta guzti, eta erredikuluaz bertan hiltzekotan egon zen. Alabaina, Maria Sara, bere pertsonaz gutxi hura baizik iragarri ez bazuen ere, ez bide zen konturatu aitorpen hartaz, eta Raimundo Silva jauna tratamendua eman zion, iragarri gabe zenbat baltsamu isurtzen ari zen zuzentzailearen minberatasun hilduratuan, Zurekin hitz egin nahi nuke lana antolatzeko moduari buruz, zuzentzaile guztiekin elkarrizketatzen ari naiz, zer pentsatzen duten jakin nahi dut, bai, zita pertsonalak, ez dago beste modurik, bihar eguerdian, ongi iruditzen bazaizu, konforme, bihar arte. Telefonoa eskegirik zen, eta Raimundo Silvak ez zuen erabat berreskuraturik barneko baretasuna, orain etxea isiltasunez betea da, taupada entzungaitza baizik ez da igartzen, hiriaren arnasbeharra izan daiteke, edo ibaiaren mugimendua, edo, besterik gabe, zuzentzailearen bihotza.
Gauean hainbat aldiz iratzarri zen, asaldaturik, norbaitek inarrosi izan bailuen. Begiak itxirik zituen, iratzartzetik babestu nahian, ondoren egonezin traketsetik beste ametsik gabeko lo kezkatu batera pasatzen zen. Gaueko azken orduan euria hasi zuen, begiratokiko estalkia izaten zen euria iragartzen zuen lehena, euria arina bazen ere, tantoek erortzean ateratzen zuten hotsak iratzarri zuen Raimundo Silva, begiak ireki zituen leihoko zirrikituetatik lerratzen hasia zen argi hauskara hartzeko. Ordu horretan iratzartzen denari gertatu ohi zaionez, berriz lokartu zen, amets egin zuen oraingoan, kezka baten aurka ari zen borrokan, ia nahikoa denbora edukiko ote zuen ilea tindatzeko, beharrezkoa baitzuen ilea tindatzea, eta ilea tindatuta zegoela ez igartzeko bezain ongi tindatzeko gauza izango ote zen. Berriz esnatu zenean bederatziak joak ziren, burura etorri zitzaion lehen gauza izan zen, Ez dut astirik, gero ikusi zuen baietz, bazuela. Bainugelan sartu zen, eta, begiak ñarrotuz, orraztu gabe, aurpegia zimurtuz, bere burua aztertu zuen ispiluko alde banatan berau argitzen zuten bi bonbilen argi indartsuaren azpian. Erro zuriak malenkoniatsuki ikusgarriak ziren, disimulatzeko ez zen nahikoa izango ilea harrotzea, irtenbidea tindatzea zen. Segundo gutxitan gosaldu zuen, ogi xigortua gurinarekin jateko gurari ezaguna sakrifikatuz, eta bainugelara itzuli zen, han itxi zen, bere gisako txanpon faltsutze horri ekiteko, hau da, produktua aplikatzeari, kaxako argibideetan esaten zen bezala. Bakarka eta atea itxirik tindatzen zuen ilea, etxean beti bakarrik zegoen arren, sekretuan egiten zuen inorentzat sekretua ez zena, jakin beharko zuen, egia da lotsak hilko zuela egunen batean inork berak operazio penagarria irizten zion hori aurrera eramaten harrapatuko balu. Maria Sara doktorearena bezala, bere ilea, egiaren garaietan, gaztainkara zen, baina orain ezinezkoa litzateke ile batzuen eta besteen tonuak alderatzea, bi naturak erkatzea, Raimundo Silvarenak tonu beti berdin bat badu, soto batean ahazturik egon ondoren berriz aurkitu den sitsak jandako peluka bat dakar gogora, ezinbestez, irudi zahar, altzari, apaingarri, zokobetailu eta beste garai bateko mozorroekin nahasirik egon den peluka bat. Ia hamaika eta erdiak ziren irteteko prestatu zenerako, atzeratuta zebilen, taxi bat berehala aurkitzeko zoria ez bazuen, beste aipu bat gogoratu beharko zuen, erranairu zahar bat, Eroriari, ostikoz, esaera trinko eta sarkorra, honela ere itzul daitekeena, Ez baten ondoren, berandu zatoz bat, azkeneko hau egokiena litzateke kasurako, zalantzarik gabe. Zoria izan zuen, izan ere, beharrik Rua do Milagre de Santo Antonion bizi zen, mirakulu bati esker baizik ezin zitekeen espero, halako kale soilean, eta hura bezalako egun euritsu batean, taxi bat agertzea, taxia gelditzea horretarako keinua egiten zaionean, eta taxiak beste norabaitera zihoalako keinurik ez egitea. Raimundo Silva taxian sartu zen, zoriontsu, argitaletxeko helbidea eman zuen, baina gero, euritakoa behar bezala jarririk eduki zuenean, ergela iritzi zion bere buruari, larridura bi modutan nabarmentzen zitzaion, joateko beldurra, iristeko gogoa, alde batetik argitaletxea toki gorrotagarri bihurtu zitzaion, eta beste alde batetik, gidariari presa ematen zionean, Presaka nabil, ez zen bakarrik hamabi-hamabietan iristearren, martxa hartan etsai bihurtuko zuen hasieran mirakulu baten tresna bezala agertu zena. Beheko hirira jaisteak bere denbora hartu zuen, euriak oztopatzen zuen trafikoaren erdian ibiltzea ezti-putzu batean labain egitea bezalakoxea izan zen, Raimundo Silva, estu ta larri, izerditan zegoen, azkenik, hamabiak eta hamar ziren argitaletxera sartu zenean, ufaka, ardura berriak eztabaidatuko ziren zita baterako izpiritu-egoera txarrenean, segurutik arestiko laidoak harira ekarriko zirelakoa ez aipatzeagatik. Maria Sara doktorea aulkitik altxatu zen, bere bila joan zen, amultsu, Zer moduz, Silva jauna, Barkatu berandu etorri izana, euria, taxia, Ez du axolarik, eser zaitez. Zuzentzailea eseri egin zen, baina berriro zutitzeko keinua egin zuen, Maria Sara doktorea bere mahaira itzultzen zelako, Ez zaitez higitu, arren, eta liburu batekin itzuli zen, ardilarru ondu beltzez forratutako bi sofaren arteko mahaitxoan utzi zuena. Gero patxadan eseri zen, zangoak gurutzatu zituen, oihal lodizko gona zeukan, neurri egokiaz estua, eta zigarroa piztu zuen. Zuzentzailearen begiek goiko eskualdeak biziarazten zituen mugimendua lagundu zuten, aurpegia berrezagutzen zuen, ilea askea, sorbalden gainean eroriz, eta, bat-batean, zartada bat sentitu zuen, bertan ikusi zituelarik, argi bezain argi, sabaiko argiaren azpian dir-dir egiten zuten ile urdin batzuk, Ez ditu tindatzen, pentsatu zuen, eta handik alde egiteko gogoa etorri zitzaion. Maria Sara doktoreak erre nahi zuen galdetu zion, baina berak ez zion entzun, bigarren aldiz bai, Ez dut erretzen, eskerrik asko, erantzun zuen, eta begiak apaldu zituen, beraietan jaso zuelarik eskote pikoa zuen blusaren irudia, zer koloretakoa zen ez zuen esaten jakingo, hain zegoen asaldaturik. Orain ez zituen begiak mahaitik kentzen, liluratua, han zegoen Lisboako Setioaren Historia, bera zegoen aldera bihurtua, nahita bihurtua, dudarik gabe, dena zegoen, egilearen izena, letra handiko izenburua, irudi bat azalaren erdian, bertan gurutzatuen ikurra zeukaten Erdi Aroko zaldun batzuk ageri ziren, eta, gazteluko harresien gainean, mairuen irudi proportziorik gabeak, bera zegoen urruneran nekez antzeman zitekeen antzinako miniatura baten erreprodukzioa ote zen, edo antzinakoen erara, inozentzia faltsuaz eginiko konposizio modernoa. Ez zuen azal probokatzaileari begira jarraitu nahi, baina ez zuen nahi, ezta ere, Maria Sara doktorearen aurrez-aurre gelditu, doktoreak, une hartan, berarengan iltzatuko zituen bere begiak, errukirik gabe, azken eta behin-betiko jauzia egiteko prestatzen ari den kobra batek bezala. Baina doktoreak, inolako kolore berezirik gabeko ahots-tonu berezkoaz, ahots-tonu nahita neutroaz, ahoskatu zituen lau hitzak bezain sinpleaz, hau esan zuen, Liburu hau zurea da, isilune bat egin zuen, eta ondoko hau gaineratu zuen, zenbait silabatan indar gehitxoa jarriz, oraingoan, Beste modu batez esan dezagun, liburu hori zure liburua da. Raimundo Silvak burua jaso zuen, nahasirik, Nirea, galdetu zuen, bai, okerren zuzenketarik ez daraman Lisboako Setioaren Historiaren ale bakarra, ale horrek segitzen du esaten gurutzatuek ez zietela portugaldarrei lagundu nahi izan, Ez dut ulertzen, Ez ote da denbora irabazi nahi duzula nirekin nola hitz egin behar duzun asmatzeko, Barkatu, nire asmoa, Ez duzu zure burua zertan zuritu, ez duzu bizitza guztia azalpenak ematen pasatuko, nik benetan espero nuena zen galde zeniezadan zergatik ematen dizudan zuzendu gabeko ale bat, iruzurra bere hartan daukan alea, okerrean tematzen dena, gezurrean tinkoagotzen dena, zuk zeuk aukeratu gehien gustatzen zaizun esamoldea, Oraintxe galdetzen dizut, Beranduegi ibili zara, jada ez dut erantzuteko gogorik, baina irribarrez esan zuen, aho-lerroko tentsioa nabarmentzen bazitzaion ere, Mesedez, ostera berriz gizonak, irribarrez bera ere, eta bere buruarekin harriturik gelditu zen, hortzak horrela erakustea halako egoera batean guztiz ezezaguna den emakume bati, segurutik nitaz trufatzen ari behar duen emakume bati. Maria Sara doktoreak zigarroa amatatu zuen, beste bat piztu, urduri zirudien. Raimundo Silvak arretaz behatu zuen, balantza bere aldera egiten hasia zen, baina ez zuen zergatik ulertzen, are eta gutxiago zein zen horren guztiaren esanahia, azken finean ez zioten deitu zuzenketak egiteko prozedura berriari buruzko argibideak eztabaidatzeko edo jasotzeko, besterik gabe, han gertatzen ari zenak nabarmen uzten zuen Setioaren afera ez zela behin-betiko konpondurik gelditu argitaletxera epaitua izateko etorri zen hamahirugarren eguneko ordu beltz hartan, Ez pentsa berriz lotsaraziko nauzunik, pentsatu zuen, onartu nahi izan gabe ez zela zuzen jokatzen ari, egia esatera kaleratze iraingarri baten laidotik libratu baitzen, hain zuzen ere, ez zuen uste izango domina bat jarriko ziotenik edo eguneko gai-zerrendan aipatuko zutenik, zuzentzaile-buru izendatzeko, lehen ez zegoen lanpostua eta orain, agi denez, bai.
Maria Sara doktorea zutitu egin zen, mugimendu azkar batez, interesgarria da keinuak biziak baina aldi berean berezkoak zirela, eta berezkotasun honek zakarkeria-itxurak oro kentzen zizkiela, zutitu eta mahaira joan zen, orri baten bila, orria Raimundo Silvari eman zion, Hemendik aurrera zuzenketa-lanak argibide hauetan esaten denaren arabera bideratuko dira, ez da sakoneko aldaketarik orain arte egiten ari zenarekin konparatuz, eta, ikusten ahalko duzunez, garrantzizkoena da, zuk bezala, bakarka lan egiten duten zuzentzaileen kasuan, probek azken galbahe bat edukiko dutela, nik neuk egingo dut azken zuzenketa hori, edo beste zuzentzaile batek, beti ere, oroz gain, lehen zuzentzailearen irizpideak errespetatuko dira, nahi dena da azken azterketa bat ezartzea, okerrak saihestu eta arreta-faltak konpontzeko, Edo nahita egindako desbideraketak konpontzeko, gaineratu zuen Raimundo Silvak, irribarre mingots bat egiten saiatuz, Oker zaude, afera horretaz ez du merezi ohoinak helki, borta hertsi esatea ere, seguru nagoelako hemen ez dela ohoinik izango eta atea beti bezala egongo dela, hor ezarri diren arauak zentzuzkoak dira, besterik ez, ez da gaizkile porrokatu baten atentatuak zigortzeko edo atentatuak egiteko gogoa kentzeko kode penala, Ni bezalako gaizkile baten atentatuak, Delitu bakar batek, gainera, berriz diot, errepikatuko ez denak, ez du pertsona normal bat gaizkile bihurtzen, are eta gutxiago gaizkile porrokatu, Eskerrik asko zure konfiantzagatik, Ez duzu nire konfiantzaren beharrik, logika kontua da, psikologia oinarrizkoa, haur batek ere ulertuko lukeen gauza da, Nire mugak ditut, Nork bereak izaten ditu. Raimundo Silvak ez zuen erantzunik eman, esku artean zuen paperari begira gelditu zen, baina irakurri gabe, bera bezalako zuzentzaile arituarentzat, nekez asmatuko zen esateko behar dena baino denbora luzeago iraungo zuen ustekabea. Maria Sara doktoreak eseririk jarraitu zuen, baina soin-enborra tentetu eta aurrerantz makurtu zen apur bat, ikusiarazi nahian edo, berari zegokionez, elkarrizketa bukaturik zela, ondorengo segundoan, ez bazen okerrik gertatzen, zutitu egingo zela azken hitzak esateko, jaramonik egiten ez zaien hitz horiek, errepikapenak eta azturak esnahiaz gabetu dituzten agurtzeko formula horiek, hau ere komentario errepikatua da, hemen beste denbora batean eta beste toki batean egin zen beste baten oihartzun gisa sartu dena, hortaz, ondorengo garapenik merezi ez duena, ikus Retrato do Poeta no Ano da sua Morte.
Raimundo Silvak bi aldiz tolestu zuen orria, anguluetan berandutuz, eta jakaren barne poltsikoan gorde zuen. Ondoren Maria Sara doktorea engainatu zuen mugimendu bat egin zuen, irudi zuen altxatzera zihoala, baina ez, indarra hartzeko modu bat baizik ez zen, esatea erabaki zuen esaldiaren erdian ez gelditzeko, eta honek esan nahi du, gutxi gorabehera, une horiek, eta uneak beti dira asko, segundoak gutxi izanik ere, biek oreka kulunkarian bizi izan zituztela, zuzentzailea arduradunaren mugimendua, bere borondatearen kontra, jarraitzera behartuta, arduradunak bere bulkadaren norabidea aldatuz, konturatu zenean gizonaren asmoaren nolakoaz okertu zela. Zineak jakin beharko luke, antzerkiak berak baino hobeki, keinu-dantza fin hauen berri ematen, keinuok zatitu eta berriz osatu ditzakeelarik, hurrenez hurren, baina komunikazioari buruzko esperientziak frogatu du irudikatzeko modu ustez ugari horiek ez dutela hitzaren beharra gutxiagotzea ekarri, edozein hitzen beharra, hitzek gorputzaren ekintzez eta gorputzen arteko eraginez, gorputzean dagoen borondateaz edo gorputza den borondateaz, beste izenik ezean sena deitzen dugun horretaz eta emozioen kimikaz horren gutxi esaten dakiten arren, horretaz guztiaz eta gainerakoaz, baina gainerakoaz ez gara mintzatuko, hitzik ez dagoelako, hain zuzen ere. Baina gu hemen zineaz edo antzerkiaz, are bizitzaz, ari ez garenez, esan behar duguna esateko denbora luzeago eralgi behar dugu, batez ere konturatu egiten garelako lehen, bigarren eta are hirugarren saioaren ondoren, gaietako zati oso txiki bat baizik ez zatekeela azaldurik geldituko, hala eta guztiz ere interpretazioen oso menpe, eta, komunikazio-ahalegin laudagarria egin eta gero, hau guztia esanik, itzul gaitezen hasierara, nahasturik jada, enfoke-planoa hurbiltzeko edo urruntzeko zorian, trebeziarik gabe, interesgunearen ertzak belatzeko arriskuarekin, interesgunea bera, nolabait esateko, identifikagaitz bihurtzeraino. Hala ere, kasu honetan, zorionez, ez dugu Raimundo Silva bistatik galdu, esaldi bat garraiatzeko egin zuen uhinezko mugimendu hartan utzi dugu, eta Maria Sara doktorea ere ez dugu bistatik galdu, esaneko eta otzan, nolabait, barkatu hitzak gehiegizkoak badira, ez da borondatea galdu duela, azken aldiz itxaroten dagoela baizik, ontasunez, agian, kontua da jakitea zuzentzaileak hitz zehatzak esango dituen, batez ere kakofoniarik txarrena saihestuz, hitza eta hotsarekin uztar ez dadin, alegia, eta hitza zein hotsa esanahiarekin, ikus dezagun Raimundo Silvak zailtasuna nola konpontzen duen, Mesedez, esan zuen, eta ongi ekin diola hasierari ez da zalantzarik, liburuaren aurrean eduki dudan erantzuna, ez dagoela zuzenduta entzutean eduki dudan ustekabea, hori guztia ulergarria da, nonbait mina eduki eta puntu hori ukitzerakoan gorputza berez kuzkurtzen denean bezala da, esan nahi dizudana da nahiko nukeela dena oroimenetik ezabatzea, Hemen egon zinen azken aldian gaur baino erronkazaleago ikusi zintudan, Argiak itzaltzen dira, garaipenek esanahia galtzen dute, erronkek nekatu egiten dute, berriz diot nahiko nukeela gertatutakoa ahaztea, Beldur naiz hori ez dela posible izango, egin gogo dizudan iradokizuna onartzen baduzu, Iradokizun bat, Edo proposamen bat, nahiago baduzu. Maria Sara doktoreak txosten bilduma bat hartu zuen bere ondoko apalategi baxu batetik, txosten bilduma bere magalean ipini zuen, eta hauxe esan zuen, Hemen daude bildurik zure iritziak, gero argitaletxeak, iragan urteetan, argitaratu zituen edo ez zituen hainbat libururi buruzkoak, Hori aspaldiko kontua da, Hitz egidazu horretaz, Uste al duzu merezi duela, Baietz uste dut, hala uste izateko arrazoiak dauzkat, Ongi da, argitaletxea, orduan, hasieran zegoen, edozein laguntza ongi etorria izaten zen, eta garai hartan, baten batek pentsatu zuen nik probak zuzendu baino zerbait gehiago egin nezakeela, adibidez hainbat libururi buruzko iritzia eman nezakeela, benetan esango dizut, ez nuen inondik ere uste paper zahar horiek gaur arte gordeko zirenik, Nire lanerako interesatzen zitzaidan artxibategiko zatia arakatzean aurkitu nituen, Ia ez naiz gogoratzen, Denak irakurri ditut, Espero dut hainbeste xelebrekeria ikusirik ez zinela irriz hasiko, Ez da xelebrekeriarik, aitzitik, zure iritziak bikainak dira, ongi hausnartuta eta ongi idatzita daude, Ez zenuen aldaketarik aurkituko, bai baten tokian, ez bat, eta horrelakorik, eta Raimundo Silva irribarre egiten ausartu zen, ezin izan zion eutsi gogoari, baina ezpain-ertzetatik bakarrik, konfiantza gehiegi hartzen zuela ez ematearren. Maria Sara doktoreak ere irribarre egin zuen, Ez, ez dago aldaketarik, den-dena bere tokian dago, txukun, zehatz. Isildu egin zen une batez, txostenen bilduma gainetik begiratu zuen, zalantza-une bat eduki zuen oraindik ere, eta gero, Iritzi hauek bultzatu ninduten, eta, lehen ere esan dudan bezala, ongi idatzita egoteak, eta erakusteak, behaketa kritikorako gaitasunaz aparte, nola esango nuke, nolabaiteko zeharkako pentsamendua, oso bere gisakoa, Zeharkako pentsamendua, Ezin dizut azaldu, sentitu baino gehiago, ikusi egiten dut, honek guztiak bultzatu ninduen, berriz esango dut, egin nahi dizudan proposamena hezurmamitzera, Eta zein da proposamena, Lisboako setioaren historia idatz dezazun, baina gurutzatuek portugaldarrei lagundu nahi izan ez zieteneko historia, hain zuzen ere, zure desbideraketa, arestian entzun dizudan hitza erabiltzeagatik, hitzez hitz hartuz, Barkatu, baina ez dut ideia oso ongi ulertzen, Oso ideia garbia da, Beharbada horregatik beragatik ez dut ulertzen, Oraindik ez duzu ideia zureganatzeko astirik izan, hala, ustekabean, lehen erantzuna errefusa izatea oso normala da, Ez da errefusatzea, kontua da niri absurdua iruditzen zaidala, Zure desbideraketa hura baino absurdu handiagorik ezagutzen al duzu, Ez dezagun nire desbideraketaz hitz egin, Horretaz gehiago hitz egingo ez bagenu ere, nahiz hemen duzun ale honek beste gainerakoek duten akatsen zuzenketa eduki, edizioa erabat suntsituko bagenu ere, nolanahi ere, egun hartan idatzi zenuen Ez hura zure bizitzan egin duzun ekintzarik garrantzikoena izan dateke, Zuk zer dakizu nire bizitzaz, Deus ez, hau baizik ez, Orduan ezin dezakezu nire bizitzaren gainerakoaren garrantziari buruzko iritzirik eman, Egia da, baina esan dudana ez da hitzez hitz hartu beharrekoa, adierazpen enfatikoa zen, beti ere solaskidearen adimenaren laguntza behar duen horietakoa, Ez naiz oso adimentsua, Hori ere beste adierazpen enfatiko bat baizik ez da, ez diot duena baino balio handiago emango, hau da, bat ere ez, Galdera bat egiten ahal dizut, Bai horixe, Zinez, nire lepotik irri egiten ari al zara, Zinez, ez naiz ari, Orduan, nondik nora interes hau, proposamen hau, elkarrizketa hau, Batek ez duelako egunero aurkitzen zuk egin duzuna egiten duenik, Buruz nahasirik nenbilen, Tira, tira, Azken finean, eta zakarra izan nahi gabe, zure ideiak ez du bururik, ez buztanik, Orduan egin ezazu kontu, azken finean, sekula ez dudala halakorik esan. Raimundo Silva zutitu egin zen, gabardina, artean kendu gabea, lisatu zuen, Nirekin beste gairik mintzatu behar ez baduzu, ni banoa, Eraman ezazu zure liburua, ale bakarra da. Maria Sara doktorearen eskuek ez dute eraztunik, ezta aliantzarik ere. Blusa, chemisier edo dena delakoari dagokionez, setazkoa dela ematen du, definitzen zaila den tonu zurbilekoa, beige, boli-zahar edo zuri-goiza, agian hatz-puntek diferente bibratzen dute ukitzen edo ferekatzen dituzten koloreen arabera, ez dakigu.
Euria ez du arindu. Argitaletxeko eraikuntzako atarian, Raimundo Silvak, umore txarrez, zuhaitzen adar artean ageri zen zeruari begiratzen zion, baina zerua hodei astuna zen, hodei bakarra, urdinezko pitzadurarik gabea, eta ernegatzeko moduko erregulartasunez erortzen zen euria, ez gehiago, ez gutxiago. Ez dugu beste egunik edukiko, murmurikatu zuen, metereologia praktikoetara ohituriko jendearen esaera zaharra errepikatuz, erabat sinesgarria ez dena, ordea, zeren egun haren ondoren beste batzuk etorri baitziren, eta Raimundo Silvarentzat hau ez baita azkena. Eguraldia hobetuko ote zen aiduru zegoen bitartean, langileak bazkaltzera irteten hasi ziren, ordubata baino beranduago zen, elkarrizketa luzexka izan zen. Costarekin topo egitea ez zitzaiola laketuko pentsatu zuen, berarekin mintzatu behar izatea, entzutea, errietazko begirada jasan behar izatea, eta une hartan konturatu zen are gutxiago laketuko zitzaiola beste pertsona batekin topo egitea, Maria Sara doktorearekin, hain zuzen, zeina, unerik egokienean, hor baitator igogailuan, atean geldirik ikusiko zuen, nahita gelditu zela pentsa zezakeen, euriaren aitzakian elkarrizketa beste giro batean segitu ahal izateko, jatetxean, adibidez, gizonak gonbidatuko zuen, edo, hipotesi are beldurgarriagoa, kotxean etxera eramateko eskaintza egiten ahal zion, jarrera gizabidetsu eta eskuzabalarekin, ikusirik euria etengabe erortzen ari dela, ezta pentsatu ere, ez da inolako nekerik, sartu, sartu barrura, bestela txirriatu egingo zara. Egia esan Raimundo Sivak ez daki Maria Sara doktoreak autorik ote duen, baina aukera handiak daude autoa eduki dezan, daukan airea ez da engainagarria, pertsona modernoa eta zirt edo zartekoa da, nahikoa da bere keinu metodikoak ikustea, neurtuak, abiadura-kaxa segundo zehatzean erabiltzen dakienaren keinuak dira, begi-kolpe azkar batez distantziak eta maniobra egiteko tarteak neurtzen ohituta dagoenaren keinuak dira. Igogailua gelditu zela entzun zuen, atzera begiratu zuen, arin, zuzendari literarioa zen, ateari eusten zion, Maria Sara doktorea pasa zedin, biak zetozen berriketa alaian, igogailuan ez zegoen beste inor, orduan Raimundo Silvak liburua jaka eta atorraren artean sartu zuen, liburua babesteko erreflexua izan zen, euritakoa braust ireki eta etxeak igurtziz labain egin zuen, harrika uxatu den zakurra bailitzan, horixe zen bere gorputza, ihesean doan zakurra, buztana hanka artean, Elkarrekin bazkalduko dute, horixe, pentsatu zuen. Pentsamenduari atxiki zitzaion kaletik behera egiten zuen bitartean, gero bere burua aztertu zuen gogoeta haren arrazoia ulertzeko, baina idatzirik gabeko horma zuri bat baizik ez zuen aurkitu, gizona bera galdera-ikur bat baizik ez zen.
Etxera itzultzeko bi autobus eta tranbia bat hartu zituen, horietako ezeinek ez zuen etxeko atean uzten, jakina, baina ez zuen hurbiltzeko beste modurik, ez zen taxi hutsik, ezta bakar bat ere. Edonola ere, euriak ez zuen barkatu, azken finean, berdin zipatua gelditzen da bat itsasoan erori edo norberaren herrixkako errekan erori, honekin esan nahi dena da Raimundo Silva ibilbidea oinez egin izan balu ez zatekeela dagoena baino gehiago bustiko, zipa-zipa eginik dago. Bidaia bitartean une ez oso atsegin bat pasatu zuen, edo ia izugarria, egoera dramatizatu nahi badugu, irudikatu zuenean Maria Sara doktorea jatetxean, zuzentzaile literarioari zuzentzailearen istorio barregarria kontatzen ziola, Orduan esan diot liburu bat idazteko, eta guztiz nahasirik gelditu da, are, erantzun dit Lisboako Setioaren Historia hartan Ez hura idaztea burua asaldaturik edukitzearen ondorio izan zela, pentsa, Hagitz komikoa da gizona, beti egurrezko aurpegi hori du mintzatzen denean, lanean ona da, baina, aitortu behar da, eta zuzendari literarioak, errukia eta justiziazko ekintza hau egin ondoren, dena libre duela uste duenak bezala egin ere, afera bukatutzat eman eta benetan interesatzen zaizkion gaietara pasatzen da, Aizu, Maria Sara, zer moduz hauetako egun batean afaltzera bagoaz, gero norabaitera joan gintezke, dantza egitera, kopa bat edatera. Kalekantoiari buelta ematean haize-kolpe doilor batek batekoz bestera jarri zuen euritakoa, zerutik erortzen zen ur guztiak Raimundo Silvaren aurpegiaren kontra jo zuen, haizea zikloia zen, maelström, hurakana, segundo gutxiko kontua izan zen, baina amorru eta agoniazko segundoak izan ziren, liburua baizik ez zen salbatu, jaka eta atorraren artean zegoelako. Haize-zirimola pasatu zen, eta baretasuna itzuli, euritakoak, hagatxo bat apurturik zeukan arren, bere betebeharra egiten segitu ahal izan zuen, egia esatera eraginkorra baino gehiago sinbolikoa, Ez, pentsatu zuen Raimundo Silvak, eta hitz honi atxiki zion, ez dugu jakingo, hortaz, horixe izan ote zen Maria Sara doktoreak baliatu zuena zuzendari literarioaren gonbidapenari erantzuteko, edo eta Escadinhas de S. Crispimeko igotzen ari den gizon honek, non zakur alderraiaren arrastorik ez baita, finean ez duela sinesten zuzentzaile gizajo eta babesgabe batez modu honetan trufatzeko moduko jende errukigabea egon daitekeen. Eta gainera, oso litekeena da Maria Sara doktorea bazkaltzera bere etxera joatea.
Arropaz aldatu zen, eta nola edo hala lehortu zelarik, Raimundo Silvak bazkaria prestatu zuen, kontserbazko atun-platera osatzeko patatak egosi zituen, horixe izan zen azkenik hartu zuen erabakia, zeuzkan aukerak, urriak, aztertu eta gero, ohiko plater zoparekin ondu zuen eskastasun hau, horrela nahikoa suspertua eta energiaz indarberritua sentitu zen. Bazkaltzen zuen bitartean halako harridura-inpresio bitxia kausitu zuen bere baitan, urrutiko lurretatik eta beste zibilizazio batzuetatik zehar bidaia luzea egitetik etorri berri bailitzan, esperientzia irudimen hutsekoa izanik ere. Bistan denez, horren abentura gutxi ezagutzen zuen bizimoduan, edozein berrikuntza, beste batentzat hutsaren hurrengoa izanagatik, berarentzat ia iraultzailea zen, nahiz eta, arestian gertatutako adibide hau jartzeagatik, Lisboako Setioaren Historia testu ia sakratuaren aurka aurrera eramandako ausardia gogoangarriak ez baitzion, ezta hurrik eman ere, horrelako efektua eragin, orain etxea beste batena balitz bezala dago, eta bera arrotza da, usaina bera ere bestelakoa da, altzariak tokiz kanpo bezala daude, edo beste lege ezberdin batzuek gobernatzen duten perspektibak desitxuratuta. Kafe oso beroa prestatu zuen, beti egiten zuen bezala, eta katilua eta platertxoa eskuan zituela, trago txikietan xurgatuz, etxea ibili zuen berea zela berriz sentitzeko, bainugelatik hasi zen, hondarrean horrelakorik egiteaz lotsatuko zela jakin gabe burutu zuen tindatze-operazioaren aztarnak han ziren, gero egongelara joan zen, han ez zen ia inoiz egoten, han zegoen telebista, mahai baxua, dibana, sofa txiki bat, ate kristalduneko apalategia, gero bulegora joan zen, han mila bider ukitu eta ikusi denak ohikotasun-sentsazioa itzuli zion, eta azkenik logelara joan zen, antzinako kaobazko ohea, arropa gordetzeko armairua, hau ere egur berekoa, mesanotxea, altzariak horma handiagoetarako eginak ziren, hemen konkortuta bezala zeuden, espazioa txikiagotzen zuten. Ohe gainean, sartzean bota duen tokian, liburua dago, tribu detxematuaren azken cherokeea, Maria Sara doktorearen adeitasun esplikagaitzaz Rua do Milagre de Santo António errefuxiatu dena, esplikagaitza, esaten dio bere buruari, ez delako ulergarria proposamena egin izana bakarrik ironiarengatik, Idatz ezazu liburu bat, eta, bestalde, konplizitate batek, intimoa denez, ez du sarrerarik hemen, non ez bada doktoreak ikusi nahi duela gizona noraino dagoen prest erokeriaren bidean barna ibiltzeko, buruko nahastea gizonak berak aipatu zuela kontuan hartuta. Raimundo Silvak platertxoa eta katilua mesanotxean pausatu zituen, Batek daki ez ote den harridura-inpresio hau sintoma bat, etxea nirea ez balitz bezalako inpresio hau, edo ni toki honetakoa eta gauza hauetakoa ez banintz bezalakoa, galdera eskegirik gelditu zen, erantzunik gabe, horrela, Batek daki leloarekin hasten diren guztiak bezala. Liburua hartu zuen, azala antzinako miniatura frantziar edo alemaniar baten imitazioa zen, azken buruan, eta une hartan, gainerako guztia ezabatu zuen osotasunezko, indarrezko sentsazio batek bereganatu zuen, bazuen esku artean erabat berea zen zerbait, gainerako guztiek erdeinatzen zutena, egia da, baina, arrazoi horregatik berberagatik, Batek daki, are preziatuagoa, azken buruan liburu honek ez dauka maitatuko duen maitalerik, eta gizon honek ez du, maitatzeko, liburu hau besterik.
Gure bizitza laburraren heren bat lotan pasatzen dugu, hau ez dakienik ez dago, hau jakiteko gure esperientzia begiratzeko begiak edukitzea nahikoa, ohera joan eta jaikitzearen arteko eragiketak erraz egiten dira, hortik kendu beharko lirateke, horrelakorik sufritzen duenaren kasuan, lo galduko tarteak, eta, orokorrean, maitasunezko arteari dagozkion gaueko ariketetan eralgitzen den denbora, jardun horiek ordu hil horietan egiten direla joaz, ordutegi malgua gero eta zabalduago dagoen arren, badirudi ordutegi malguak, bai honetan eta baita beste zenbait jardunetan ere, anarkiaren amets urrezkoak bururatzera bideratuko gaituztela, hau da, norberak gogoak agintzen diona egin ahalko duen adin desiragarri horretara, hori egin ahal izateko baldintza bakarra, oinarrizkoa, izango delarik lagun hurkoak gogoak agintzen diona egiteko eskubidea ez haustea edo mugatzea. Bai, ez dago gauza errazagorik, baina bestek osatzen duten multzo jendetsutik gure lagun hurkoak zeintzuk diren segurtasun iraunkorraz identifikatu ezinak demostratzen du, hau beharrezkoa izatera, tradizioz bagenekiena, erraza dena egiteko zailtasunak aise gainditzen duela beste edozein ofizio edo teknikaren konplexutasuna, hots, beste hitzetan esateko, errazagoa da garun elektroniko bat asmatu, sortu, eraiki eta manipulatzea gure garunaren barruan zoriontsu izateko modu sinplea aurkitzea baino. Alabaina, besteak esaten zuen bezala, garaiak pasa eta gero beste garai batzuk datoz, eta esperantza da galtzen den azken gauza. Zoritxarrez, geu gara esperantza oraintxe bertan galtzen has gaitezkeenak, zoriontasun unibertsala lortzeko falta den denbora neurri astronomikoetan zenbatzen delako, eta belaunaldi honek ez du uste hainbeste biziko denik, hagitz desanimatzen ari dela nabarmen izateaz aparte.
Ezin eragotzi du luzamendua, hitzak hizpidea dakarrenez, badirudi hondarrean hitzek euren ordez erantzun beharko duenaren desioari jarraitzen diotela, baina delako hori azkenik engainatzeko, zenbat aldiz uzten dute hitzek narrazioaren haria izen eta historiarik gabeko zoko batean, abandonaturik, helbururik eta kausarik gabeko diskurtso huts bilakaturik, hitzen joan-etorriak bihurtuko du zoko hori, hain zuzen, edozein drama edo fikzioren eszenatoki edo osagarri, eta luzamendu honek, lo egiteko ordu eta esna-aldiko orduei buruzko ikerketa egiteko xedez hasi zenak, bizitzaren laburraz eta esperantzen bizitza luzeaz gogoeta higatua egiten bukatu denak, luzamendu honek, buka dezagun, justifikazioa edukiko luke baldin eta, bat-batean, geure buruari galdetuko bagenio zenbat aldiz, bizitzan zehar, badoan pertsona bat leihora, zenbat egun, aste eta hilabete pasatu zituen leihoan, eta zergatik. Gehienetan zer eguraldi dagoen jakiteko joaten gara, zerua arakatzeko, hodeiak laguntzeko, ilargiarekin denbora pasatzeko, deitu zuenari erantzuteko, auzokoak behatzeko, eta, baita ere, begiak lanean jarri eta distraitzeko, irudiak jaiotzen diren bezala, horrelaxe, jaiotako pentsamenduaren jarioak irudiei laguntzen dienean. Begiradak dira, eta uneak, horma leun eta itsua, hiri bat, ibai errauts-kolorea edo teilatuegaletatik erortzen den ura, begiratua izatera iristen ez denaren kontenplazio luzeak dira.
Raimundo Silvak ez zuen leihoa ireki, kristalen atzetik begiratu du, eskuan liburua dauka, orri faltsuan irekirik, faltsua diogu zeren, horretarako ahalmenik ez duenak egiten duen txanpona ere faltsua dela esaten baita. Euriak hots sor bat egiten du begiratokiko sabaiaren zinkaren aurka joaz, eta berak ez du entzuten, zaldiek trostan oso urrun ibilki ateratako zurrumurrua baita, horrelaxe esan genezake inguruabarrei egoki doakien konparazioa bilatuz gero, lur beratz eta hezean zanpatzen duten apatxak, putzuetako ura ezpata-xafla bihurtuz, hau fenomeno arraroa da, neguan gerrak bertan behera uzten zirenez, zer gertatuko zen zaldunekin, arropa gutxi eramango zuten kota eta lorigen azpitik, euria zirrikitu, pitzadura eta loturen artetik sartuko zitzaien, oinezko tropaz ez hitz egiteagatik, oinutsik, edo ia, lokatzetan, eskuak hotzez kakoturik, hain kakoturik non Lisboa konkistatzeko ekarri dituzten arma ñimiñoei eusteko ez baitira gauza, hura ideia, erregearena, gerrara etortzea eguraldi honekin, Baina setioa udan izan zen, xuxurlatu zuen Raimundo Silvak. Teilatu gaineko euriaren hotsa entzungarriagoa da, indar txikiagoz erortzen den arren, zaldien plisti-plasta urruntzen doa, beren kaxernetara biltzera joango dira. Keinuera geldoa ohi duen pertsona batengan ezustekoa den mugimendu azkar batez, Raimundo Silvak alderik alde ireki zuen leihoa, zenbait tantok aurpegia zipriztindu zioten, liburua ez baina, babestu zuelako, eta gainez egiten zion indar erabatekoaren inpresioa bere gorputza eta bere izpirituaren jabe egin zen, hau da setiatu zuten hiria, harresiak hortik jaisten dira itsasoraino, ibaia hain zabala izaki aise merezi du izen hori, eta gero harresiak gora igotzen dira ostera, maldatsu, ikusi ezin den tokiraino, hau da Lisboa mairua, neguko egun honetako airea nabarra ez baledi, padurarantz jaisten den magaleko olibondoak hobeki ikus genitzake, baita beste ertzetakoak ere, orain ke-hodei baten atzean ezkutaturik bezala egonik ikusten ez diren horiek. Raimundo Silvak begiratu zuen behin, eta begiratu zuen berriz, unibertsoak hauxe xuxurlatzen du euripean, Jainkoarren, hau da tristura gozo eta leuna, ez dakigula inoiz ments, ez eta ordu alaietan ere.
© José Saramago
© itzulpenarena: Jon Alonso