Hamahiru egun luze eta petral behar izan zituen argitaletxeak, edo besteren batek haren ordez, gaiztakeria atzemateko, Raimundo Silvak bizi izan zuen eternitate hori gorputzean eragin geldoko pozoia bailuen, geldoa baina azken finean pozoirik indartsuena bezain hilgarria, hau gutariko bakoitzak bizitzan zehar prestatzen duen heriotzaren konparazio ezin hobea da, bizitza bera da heriotza horren kusku babesle, umetoki egoki eta hazkuntza-zukua. Lau aldiz joan zen argitaletxera hara joateko arrazoirik eduki gabe, bere lana, dakigunez, bakarka eta etxean egitekoa baita, langile arruntak lotzen dituen menpekotasun gehienetatik aske, administrazio-eginkizunetan, zuzendaritza literarioko lanetan, produkzio, zabalkunde eta gordetegikoetan dabiltzan langileak zaindaritzapeko munduan bizi dira, haientzat zuzentzailearen lana askatasunaren erresumakoa da. Zer nahi zuen galdetzen zioten, eta berak erantzuten zuen, Ezer ez, hemendik hurbil pasatu naiz, sartzea bururatu zait. Minutu batzuk egoten zen, elkarrizketei, begiradei adi, susmo baten haria, disimuluzko irribarre probokatzaile bat, esanahi ezkutua harrapatzeko moduko esaldi bat atzeman nahian. Costarekin topo egitea saihesten zuen, ez uste zuelako harengandik inolako kalte berezirik etorriko zitzaionik, engainatu zuelako baizik, Costak bereganatzen zuen errugabetasun irainduaren irudia, aurre egin ezin dioguna, laidoa egin diogulako eta horrelakorik oraindik ez dakielako. Esan liteke Raimundo Silva krimenaren lekura itzultzen den gaizkilea bezala doala argitaletxera, baina ez litzateke erabat zehatza, krimena agerian geldituko den lekuak erakartzen du Raimundo Silva, prebarikatzaile, biluzik, faltsu eta defentsarik gabe, epaileak kondenatuko duen epaia emateko bilduko diren lekuak.

        Zuzentzaileak badaki zalantzarik gabe hutsegite ergela egiten ari dela, badaki bisita hauek, une egokian, gaiztakeria perbertsoaren adierazpen bereziki gorrotagarriak bezala gogoratuko direla, Zuk bazenekien zenbat kalte egiten ari zinen, eta hala ere ez zenuen nahikoa gizontasun izan, horrela esango zuten, gizontasuna, nahikoa zintzotasun eta lañotasun zuk zeuk hobena aitortzeko, zeure borondatez, borondate hitza esango zuten, gertaeren zain gelditu zinen, barrutik irri egiten ari zinela, berriz diot, perbertsoki, guri adarra jo nahian, azken hitz hauen zatarkeria ez da bat etorriko errieta moralizatzailearen tonuarekin. Alferrik izango da azaldu nahi izatea oker zeudela, Raimundo Silva lasaitasunaren bila baizik joaten ez zena, baretasunaren bila, Oraindik ez dakite, horixe esaten zuen, hasperenka, joaten zen bakoitzean, baina baretasunak eta lasaitasunak labur irauten zuten, etxera sartu orduko Lisboa sekula egon zena baino setiatuago ikusten baitzuen bere burua.

        Superstiziosoa ez zenez, ez zuen uste hamahirugarren egunean zerbait txarrik gerta zekiokeenik, Asturuzalea den jendeari baizik ez zaizkio zoritxarrak edo ezbeharrak hamahiru zenbakiko egunean gertatzen, nik ez dut sekula jokatu behe mailako jokabide horien arabera, horixe edo antzeko zerbait erantzungo zukeen inork hipotesia iradoki izan balio. Errotiko eszeptizismo honek azaltzen du bere lehen sentimenduak ustekabea eta ernegua izatea, telefonoan zuzendariaren idazkariaren ahotsa entzun zuenean, Silva jauna, bilera baterako deia egiten dizut, gaur lauetan, horrela esan zuen, lehor, gaztigu idatzi bat irakurtzen ari balitz bezala, arretaz idatziriko gaztigu bat, behar ziren hitzetatik bat bera ere falta ez izateko, eta behar ez zen beste hitzik, gogoa nahigabetzeko efektua, urratu lojikoa leundu zezakeen hitzik, tartean sar ez zedin; lehen sentimenduak ustekabea eta ernegua izatea horrelakorik sentitzeko arrazoia jada ez dagoenean, baieztatu denean hamahirugarren egunak, sendoak ez diren izpirituak gobernatzeaz landa, ez diela sendoenei ere ezbeharrik aurrezten. Telefonoa eskegi zuen, oso poliki, eta ingurua behatu zuen, etxea kulunkatzen ari zelako inpresioarekin, Tira, listo dago, esan zuen. Hau bezalako uneetan estoikoak irribarre egingo zuen, baldin eta espezie klasiko hori ez bada erabat iraungi ziniko modernoaren joan-etorriei toki zabala uzteko, zeinak, bere aldetik, arbaso filosofiko arrunt horren antz oso txikia baitu. Edonola ere, Raimundo Silvaren betartean bada irribarre zurbila, gizon-tristura batek eztitzen du biktima etsituaren itxura, pertsonaia lantzen duten nobeletan hau da gehien aurkitzen dena, berrirakurriz izugarri ikasten da.

        Zuzentzaileak galdetzen dio bere buruari nahigabetuta dagoen ala ez, eta ez du bere baitan erantzunik kausitzen. Jasanezina egiten zaiona da laurak arte itxaron behar izatea jakiteko zer ñabardura ezarriko dion argitaletxeak bere zuzentzaile errudunaren patuari, nola zigortuko duen gertaera historikoen finkotasunaren aurkako atentatu lotsagabea, aintzat hartzen dugularik, gainera, delako finkotasun hori etengabe tinkoagotu behar dela, istripuen aurka babestu, ez baldin badugu gure gaurkotasunaren zentzua galdu nahi, gidatzen gaituzten iritzien eta iritzi horien ondorio diren sinesmenen kalterako. Okerra atzeman delarik, alferrik da pentsatzen hastea Ez hori Lisboako Setioaren Historia egoteak etorkizunari begira zer ondorio ekarriko duen, gutxienez zoriak inkubazio luzeagoa edukitzea utzi baliezaio, orria orriaren kontra, irakurleen begien oharkabean, baina bere bidea egiten zuela, denen ezkutuan, zurean intsektuek egiten duten bezala, oskol hustu bat uzten baitute altzari pisu bat bazegoela uste genuen tokian. Alde batera bultzatu zituen zuzentzen ari zen probak, ez Costak egun seinalatu hartan utzi zion nobelarenak, hau poesia-liburu mehar bat da, eta buru nahastua bere eskuetan ematean, izenbururik eta egilerik gogoan ez zuen istorio batez oroitu zen, iruditzen zitzaion izenburua Tarzan eta Inperio Galdua zela, edo horrelako zer edo zer, istorio hartan bazegoen erromatar antzinakoak eta kristau berriak zituen hiri bat, denak Afrikako oihanean zeuden ezkutaturik, egia da egileen irudimenak ez duela mugarik ezagutzen, eta egile hau, gainerakoa zuzen badago, Edgar Rice Burroughs baizik ezin daiteke izan. Zirku bat bazen eta kristauak piztietara botatzen zituzten, hau da, lehoietara, gainera lehoiak etxean jokatzen duenaren abantailarekin, eta nobelagileak idazten zuen, frogarik eman edo adituen iritzirik aipatu gabe, gizajo horien artean urdurienak zirenak ez zirela lehoien oldarraren zain gelditzen, lasterka hasten zirela, nolabait esan, heriotzaren bila, eta ez paradisuan sartzen lehenak izateko, saihestezinaren begira egoteko kemenik ez zutelako baizik. Gaztaroko irakurketez gogoratze honek eraman zuen Raimundo Silva, ideien errekurrentziaren bide ezagunen bitartez, historia bizkorrago iraganeraztea, denbora azkarragotzea bere esku zegoela pentsatzera, argitaletxera joaten ahal zen berehala, edozein aitzakia zela bide, adibidez, Lauetan medikuarenera joan behar dut, esaidazue zer nahi duzuen, tonu horretan Costarekin mintzatuko zen, baina argi zegoen zuzendariaren idazkariak ez ziola deitu Produkzioarekin biltzeko, maila gorenetan arduratuko ziren bere kasuaz, eta honetaz konturatzeak, absurduki, bere banitatea balakatu zuen, Erotu egin naiz, murmurikatu zuen, duela hamahiru eguneko hitzak errepikatuz. Nahasmen honen erdian nahi izango luke gainerakoei nagusituko zitzaien sentimendu bat aurkitu, geroago, erantzun ahal izateko, inork galdetuko balio, Eta nola sentitu zinen hori bezalako egoera izugarrian, Oso kezkatuta, edo axolagabe, edo libertitua, edo larritua, edo beldurtua, edo lotsatua, egia esan ez daki zer sentitzen duen, nahi duen gauza bakarra da laurak lehenbailehen iristea, ahoa irekirik zain duen lehoiarekin topatzea, erromatarrak esku zartaka ari diren bitartean, minutuak horrelakoak dira, gehienetan alde batera joan eta pasatzen uzten digute larrua harramazkatu eta gero, baina beti izango da irentsi egingo gaituen bat. Denbora eta patuari buruzko metafora guztiak tragikoak eta aldi berean alferrekoak dira, pentsatu zuen Raimundo Silvak, beharbada ez hitz zehatz hauekin, baina benetan aintzat hartu beharrekoa zentzua denez, horrela sumatu zuen, eta pozik gelditu zen hausnarketa hori egin izanaz. Hala ere, ez zen ia ezer bazkaltzeko gauza izan, korapilo bat zuen eztarrian, ezaguna den sentsazioa da, urdailean astamakila edukitzea bezalakoa, ez da egunero gertatzen eta egoeraren larria adierazten du. Neskameari, bere lan-eguna zen-ta, arraro zegoela iruditu omen zitzaion, are, galdetu egin zion, Gaixo al zaude, eta hitzek, ostera, ondorio pizgarria eduki zuten, zeren, bere piurek arrotzen begietara gutxiagotzen baldin bazuten, gaixo zegoelako ustea eragin izateraino, orduan bere buruaren jabe izateko tenorea baitzen, suntsitzen zuen miseria uxatzeko tenorea zen, eta horregatik erantzun zuen, Oso ongi nago, eta une hartan egia izan zen.

        Bost minutu falta ziren laurak izateko argitaletxean sartu zenean. Lehen bilatu zuen guztia aurkitu zuen, zurrumurruak, begiradak, irriñoak, baita harritasunezko espresioa ere, betarte batean edo bitan, agerikoarekin nahikoa izan ez eta sinetsi beharko lukeenaren antzera. Zuzendaritzako itxaron gelara pasarazi zuten, hantxe utzi zuten ordu laurden bat baino gehiago, zain, horrek adierazten du puntualtasun gutxiko beldurrak alferrekoak direla. Erlojuari so egin zion, garbi zegoen lehoia atzeratzen ari zela, gaur egun oso zaila da oihanetik zehar gidatzea, galtzada erromatarrik edukirik ere, baina, kasu honetan, oso litekeena da norbaitek pentsatu izana taktika psikologiko frogatuak erabiltzea ideia ona dela, itxaronaraztea kirioak higatzeko, krisiaren mugaraino eramateko, defentsarik gabe uzteko lehen erasoladia bere gainera etortzen zenerako. Raimundo Silvari otu zaio ezen, guztiarekin ere, gauzak nola dauden kontuan hartuz gero, nahikoa lasai dagoela, bizitza guztian zehar egien ordez gezurrak jarri izan balitu bezala, diferentziaz gehiegi arduratu gabe, eta homo sapiensen buruan loratu diren dialektika eta kasuistika guztien aroetatik zehar aldeko zein aurkako argudioen artean aukeratzen ikasi izan balu bezala. Atea bat-batean ireki zen, eta bertan ez zen zuzendari orokorraren idazkaria azaldu, beste zuzendariarena, hots, literarioarena baizik, Mesedez, etor zaite nirekin, esan zuen idazkari andreak, eta Raimundo Silvak, besteak gaizki esan zuela konturatu bazen ere, bere lasaitasuna itxurazkoa baizik ez zela ikusi zuen, eta txikia, sofatik jaiki zenean belaunak dardara batean zeuzkalako, adrenalinak odola nahasten ziolako, bat-batean eskuak eta galtzarbeak izerditzen hasi zitzaizkiolako, eta are, koliko lausotu batek liseriketa-aparatu guztian zehar zabaldu nahi zelako seinalea ematen zuela, Hiltegira daramaten txekorra ematen dut, pentsatu zuen, eta zorionez bere buruari erdeinu izateko gauza izan zen.

        Idazkariak pasatzen utzi zion, Sar zaitez, eta atea itxi zuen, Raimundo Silvak esan zuen, Arratsalde on, han zeudenetako bik erantzun egin zuten, Arratsalde on, hirugarrenak, zuzendari literarioak, hauxe esan zuen, Eser zaitez, Silva jauna. Lehoia ere eserita dago, begiratu egiten du, kristau zurbil honen haragien ahogozoa eta gogortasuna baloratzen dituela jo dezakegu, muturra milikatu eta letaginak erakusten dituen bitartean. Raimundo Silvak hanka gurutzatzen du, keinua desegin egiten du berehala, une hartan konturatzen da ez duela hor dagoen pertsonetako bat ezagutzen, zuzendari literarioaren ezkerrean esertzen dena, emakume bat da. Eskuinean eserita dagoena Produkzio burua da, baina ez du inoiz emakumea argitaletxean ikusi, Nor ote da. Behatzen saiatzen da, disimuloz, baina zuzendari literarioa hizketan hasi da, Uste dut jakingo duzula zergatik etorrarazi zaitugun, Baietz uste dut, Zuzendari orokor jaunak berak nahi zuen gai honetaz arduratu, baina azken orduko arazo premiazko bat sortu da, ustekabean, eta alde egin behar izan du. Zuzendari literarioa isildu egin zen, Raimundo Silvari bere zoritxarraz konturatzeko denbora eman nahi balio bezala, zuzendari orokorrak berak galdekatua izateko abagunea horrela galtzea ere, baina, zuzentzailearen mututasunaren aurrean, bere ahotsari nolabaiteko narritadura itoa adierazten utzi zion lehen aldiz, nahiz eta nolabait baketsua zen tonu batean diluitu zuen, Eskertu egiten dizut, esan zuen, zure erantzukizuna inplizituki onartu izana, egoera penagarria saihestu duzu horrela, penagarria izan zatekeen ukatzen edo egin duzuna zuritzen saiatu izan bazina. Raimundo Silvak pentsatu zuen orain hitz labur hauek, Baietz uste dut, baino erantzun osoagoaren zain zeudela, baina mintzatzen hasi baino lehen Produkzio buruak hitz egin zuen, Ni oraindik harriturik nago, Silva jauna, urte luzeak direla lan egiten duzu etxe honetan, profesional gaitua zara, nola egin zenezakeen horrelako oker bat, Ez zen oker bat izan, moztu zuen zuzendari literarioak, ez du merezi esku errukior hori Silva jaunarengan luzatzea, berak bezain ongi dakigu guk nahita egindako zerbait izan zela, ez al da hala, Silva jauna, Eta zerk eramaten zaitu nahita egindako zerbait izan zela esatera, zuzendari jauna, Espero dut ez zarela atzeraka egiten ari hona sartu zarenean zure lehen asmoa izan zenari buruz, Ez naiz atzeraka egiten ari, galdetu egiten dut, besterik ez. Zuzendari literarioaren haserrea nabarmena izan zen, are eta gehiago ondorengo hitzetan jarri zuen ironiazko zamarengatik, Uste dut ez dela beharrezkoa izango esatea galderak egiteko eskubidea eta barkamena esijitzeko eskubidea, egoki ikusten ditugun beste hainbat neurri hartzekoaz aparte, ez dagozkizula zuri, guri baizik, niri batez ere, zuzendari orokorraren ordezkoa naizenez, Arrazoi osoa daukazu, zuzendari jauna, galdera baztertu egiten dut, Ez da beharrezkoa galdera baztertzea, nik erantzun egingo dizut, badakigu nahita egindako zerbait izan zela Ez proban idatzi zenuen moduarengatik, letra zamatuekin, nabarmenekin, zure ohiko kaligrafiaz ez bezala, hori sueltoagoa da, baina irakurterraza. Une honetan zuzendari literarioa isildu zen, bat-batean, konturatu bailitzan gehiegi mintzatzen ari zela, eta, beraz, partida hartan zuen jokua ahultzen zela. Isilune bat izan zen, Raimundo Silvari iruditu zitzaion denbora horretan guztian zehar emakumeak ez ziola begirik gainetik kendu, Nor ote da, baina emakumeak isilik zirauen, horrek guztiak berarekin zerikusirik edukiko ez balu bezala. Beste alde batetik, bazirudien Produkzio-burua, hitza kendu ziotelako erretxindua, zalantzarik gabe bide txarretik zihoan eztabaida horrekiko interesa galtzen hasia zela, Ergel hau ez da konturatu hau ez dela kasua aurrera eramateko modua, mintza eta mintza ari da, atsegin du bere buruari entzutea, Silvari triunfo guztiak ematen dizkio, Silva ezin hobeki pasatzen ari da, isiltasunak nola administratzen dituen ikustea baino ez dago, ezin izutuago egon beharko luke eta baretasuna bera da. Produkzio burua engainaturik zegoen Raimundo Silvaren baretasunaz, gainerakoan beharbada ez hainbeste, egia dena da ez dugula zuzendari literarioa ongi oinarrituriko iritzia edukitzeko beste ezagutzen, gure iritzia osatzeko beste. Raimundo Silva ez dago lasai, baina lasai dagoela ematen du, elkarrizketak hartu duen norabide ustekabekoak eragiten dion nahasteari esker, berak aldez aurretik irudikatu zuen elkarrizketa katastrofiko bat, akusazio formal eta larria, defenda ezinaren aldeko bere defentsa totela, laidoa, ironia astuna, iraina, zemaia, agian lanetik kaleratzea, kaleratzea guztiaren buruan, Kalean zaude, eta ez pentsa guk gomendiozko karta egingo dizugunik. Raimundo Silva orain mintzatu behar duela konturatu da, are eta gehiago lehoia ez dagoelako aurrez aurre, alde batera joan da pixka bat, azkazal zatitu batez hazka egiten dio adatsari, agian azkenik ez da zirku honetan kristaurik hilko, Tarzan agertu den seinalerik ez dagoen arren. Zera esaten du, lehen Produzkio-buruari zuzenduz, gero emakumeari, zeharka, Ez dut ukatu hitza neronek idatzia dela, ez dut sekula pentsatu ukatzea, gauza denen jakinean jarriko zenean, baina garrantzizkoa ez da hitza idaztea, garrantzizkoa izan beharko luke, hori uste dut behintzat, zergatik idatzi nuen atzematea, Uste dut orain ez didazula esango ez dakizula zergatik, ironizatu zuen zuzendari literarioak, kasuaren zuzendaritza berriro bere gain hartuz, Bada, halaxe da, ez dakit zergatik idatzi nuen, Ederki gaude, orduan, oker bat egin duzu, nahita, egileari zein argitaletxeari kalte morala eta materiala eragin dizkiezu, ez duzu barkamen-hitz bakar bat ere esan, eta orain munduko errugabetasun-itxurarik handienarekin nahi duzu sinets dezagun indar ezezagun batek, mundu honetakoa ez den izpiritu batek gidatu zuela zure eskua hipnosiak jota zeunden tenorean. Zuzendari literarioak irribarre egiten zuen, harro erakutsitako etorreraz, baina irribarrea ironiazko espresio itogarri bihurtu nahi zuela. Ez dut uste hipnosiak jota nengoen tenorean izan zenik, erantzun zuen Raimundo Silvak, ongi gogoan dut dena nola gertatu zen, baina horrek ez du esan nahi niretzat garbi dagoenik oker hori nahita zergatik egin nuen, Beraz, aitortu egiten duzu ez zela hutsegitea izan, iruzurra baizik, eta, hortaz, kontzienteki argitaletxeari kalte egin eta liburuaren egilea barregarri utzi nahi izan zenuela, Iruzurra dela onartuko dut, gainerakoari buruz, ez zen izan hori nire asmoa, Agian une jakin bateko aztoraldia izan zen, iradoki zuen Produkzio-buruak, lagundu nahi duenaren tonuarekin. Raimundo Silvak zuzendari literarioaren erreakzioa, zakarra ezbairik gabe, itxaron zuen, baina ez zen erreakziorik izan, eta orduan ulertu zuen esaldia aldez aurretik prestatuta zegoela, ez zutela kaleratuko, dena hitzetan geldituko zela, bai, ez, agian, eta hartu zuen lasaia hain zen handia izan ezen sentitu baitzuen gorputza beratu egiten zitzaiola, izpiritua baretzen zitzaiola, hagitz, orain hitz egokiak esatea baino ez zuen falta, adibidez, Bai, une jakin bateko aztoraldia, baina ezin ahaztuko dugu ordu batzuk pasatu zirela probak Costari eman arte, Raimundo Silvak zorionak eman zizkion bere buruari ezin ahaztuko dugu hori sartu zuen modu abilarengatik, bera ere epaileen aldera lerratzen zela, esango balie bezala, Ez gaitezen inozoak izan, ez gaitezen engaina. Zuzendari literarioak esan zuen, Ongi da, liburua oker-zuzenketa batez zabalduko da, oker-zuzenketa erridikuloa da, ez irakurtzen den tokian ez bedi irakur ez, gurutzatuek ez zuten lagundu irakurtzen den tokian, irakur bedi gurutzatuek lagundu zuten, ederki egingo dute irri gure kontura, baina tira, zorionez garaiz ohartu ginen, eta egilea ulerbera agertu zen, beste alde batetik iruditu zitzaidan arront estimatzen zaituela, duela egun batzuk izan zenuten elkarrizketa bat aipatu zidan, Bai, elkarrizketa bat eduki genuen, deleaturrari buruz mintzatu ginen, Zeri buruz, galdetu zuen emakumeak, deleaturrari buruz, ez al dakizu zer den hori, galdetu zuen Raimundo Silvak, oldarkor, Bai, badakit, baina ez dut ongi aditu. Antza, inork espero ez zuen emakumearen parte hartzeak elkarrizketa desbideratzera behartu zuen, Emakume honek, esan zuen zuzendari literarioak, hemendik aurrera argitaletxe honetan lan egiten duten zuzentzaile guztiak gidatzeko ardura hartuko du, bai lan-epeak eta erritmoei buruzkoan nola zuzenketen txukuntasunari buruzkoan, dena berarengandik igaroko da, baina itzul gaitezen gure gaira, argitaletxeak erabaki du gertaera zoritxarreko hau ahaztea, gaur den egunera arte Silva jaunak eman dituen zerbitzu on eta leialak kontuan hartuz, onartuko dugu honen guztiaren arrazoia nekea izan dela, ahalmenen itsualdi iragankor bat, tira, ahantzi dezagun arazo hau, errepikatuko ez delakoan, horretaz aparte, argitaletxeari zein egileari gutun bana idatzi beharko diezu, barkamen eske, egileak esaten du ez dela beharrezkoa, baina egunen batean mintzatuko dela zurekin gertaerari buruz, hala ere guk uste dugu zure eginbeharra dela gutun hori idaztea, Silva jauna, Idatziko dut, Oso ongi, zuzendari literarioa orain lasaiturik ageri zen, esan beharrik ez dago datozen garaiotan zure lanak gure arretarik bereziena bereganatuko duela, ez uste dugulako berriz ere testuak nahita alda ditzakezunik, berriro ager litezkeen bultzada eutsi ezinezkoek zure gogoan iraun ote dezaketen, eta horrelakorik galarazteko baizik, eta hala balitz, esan gabe doa hurrengoan ez gintuzkezula honen barkabera aurkituko. Zuzendari literarioa isildu zen, zuzentzaileak bere etorkizuneko asmoei buruzko aldarrikapena egin zain, asmo kontzientei buruz bederen, zeren bestelako asmorik baldin bazen, inkontzientearen eremukoak izango baitziren, asmatu ezinak. Raimundo Silva konturatu zen zer espero zen berarengandik, egia da hitzak hitza behar duela, horregatik esaten da Hitzak hitzari tira egiten dio, baina egia da, baita ere, Batek nahi ez duenean bik ez dutela eztabaidatzen, irudika dezagun Romeirok erantzunik gabe uzten zuela Telmo Ezkutariaren jakinmin zorigaiztokoa, seguru asko, hala izatera, gauzak konponduko ziren eta ez zen gatazkarik, dramarik, heriotzarik, zoritxar orokorrik izango, edo eman dezagun gizon batek emakume bati galdetzen diola, Maite al nauzu, eta emakumea isiltzen dela, begiratu besterik egiten ez diola, urrun, esfinge baten moduan, gizona suntsituko lukeen Ez esateari, edo biak suntsituko lituzkeen Bai esateari uko eginik, atera dezagun ondorioa, beraz, mundua askoz hobeki lihoake norbera esan ohi duenarekin konformatuko balitz, erantzunik espero gabe, eta are, erantzun diezaioten eskatu edo desio gabe. Baina Raimundo Silvak honako hau esan behar du, Ulergarria da argitaletxeak bere neurriak hartzea, ni ez naiz inor egingo dutenarengatik haserretzeko, barkamena eskatzen dizuet, hitz batez, eta agintzen dizuet neure onean nagoen bitartean ez dela berriro gertatuko, hemen etenaldi bat egin zuen, bere buruari galdetuko balio bezala aurrera segitu behar ote zuen, baina gero pentsatu zuen dena esana zegoela eta isildu egin zen. Zuzendari literarioak esan zuen, Ongi da, eta espero izateko ziren hitzak esatera akomeatu zen, Arazoa bukatu da, orain goazen lanera, eta hori esatean altxatu egingo zen eta esku irekia luzatuko zion Raimundo Silvari, bakeak egin nahian, irribarrea ezpainetan, baina ezkerrean eseririk zegoen emakumeak mugimendua eta eskuzabaltasuna eten zituen, Zuen baimenarekin, harritzen nauena da ikustea Silva jauna, uste dut hau dela bere izena, ez dela saiatu ere egin horrelako gehiegikeria larria zergatik egin zuen azaltzen, zergatik aldatu zuen esaldi haren esanahia, zuzentzailea den aldetik esanahia errespetatu eta defendatu behar zuelarik, ezinbestean, horretarako daude-eta, zuzentzaileak. Lehoia berriz agertu zen, orroka, hortz izugarriak erakusten ditu, atzapar zorrotzak eta osoak, orain, hondartzan galdurik gaudela, gure azken esperantza Tarzan agertzea da, liana batetik zintzilik eta oihuka, A-a-a-o-o, oroimenak huts egiten ez badu, eta are, baliteke elefanteak ekartzea ere, laguntzaile, horiek bai memoria ona. Ustekabeko erasoa ikusirik, zuzendari literarioak eta Produkzio-buruak berriro muturtu ziren, betebehar profesionalak aintzat hartzen zituen emakume hauskor batek, betebehar horien erantzukizuna hartu berri izanik ere, ahuleziaz akusatuko ote zituelako lotsaz, agian, eta horregatik gogortasun egokiaz begiratu zioten zuzentzaileari. Ez ziren konturatu emakumearen aurpegian ez zegoela gogortasunik, hain zuzen ere, irribarre arin bat baizik, azken finean egoerak libertituko balu bezala. Raimundo Silvak so egin zion, nahasirik, emakumea gaztea da oraindik, berrogei urte baino gutxiago, altua dela sumatzen da, azala matea du, ilea gaztainkara, zuzentzaileak, gertuago balego, hari zuri batzuk atzemango lituzke, aho betea du, haragitsua, baina ezpainak ez dira lodiak, kasu bitxia da, Raimundo Silvaren gorputzeko atalen batean artegatasunezko seinale batek jotzen du, asaldura izango litzateke hitz aproposa, orain hitz horri lagundu behar dion adjektibo egokia aukeratu behar dugu, sexuala, adibidez, baina ez dugu aukeratuko, Raimundo Silva ezin daiteke horrenbeste denbora egon erantzun gabe, honelako egoeretan denbora gelditu egin zela esatea ohikoa dela egia den arren, baina denbora, mundua mundu denetik, ez da behin ere gelditu. Emakumearen aurpegian irribarrea ageri da oraindik, baina zakarkeria, hitzen lehorra ezin daiteke bazter utzi, zuzendariak ere ez ziren hain gogorrak izan, Raimundo Silvak zalantzak ditu, ez daki besteak erabili duen tonu oldarkorrarekin erantzun behar duen, edo emakume haren menpeko izateak aholkatzen duen tonu otzanarekin erantzun behar duen, bistan da emakumeak badituela baliabideak etorkizunean bere bizimodua ozpintzeko, edozein aitzakia on izango da, eta azkenik, egoera horretarako eduki zuen denbora laburrak uzten zion bezain zehatz neurtu ondoren, behaketa fisionomikoak egiten pasatu zuenaz aparte, azkenik erantzun egin zuen, Neu naiz asebetetzeko moduko azalpena aurkitu nahi duen lehena, baina, orain arte ez badut horrelakorik lortu, zalantzak ditut inoiz lortuko ote dudan, nik uste dudana da nire baitan halako gatazka bat piztu dela, nire alde onaren, benetan alde onik badaukat, eta nire alde txarraren artean, hori denok daukagu, Jekill doktorearen eta Hyde jaunaren artekoa bezalakoa, erreferentzia klasiko hau egitea zilegi bazait, edo, hobeki esateko, eta gainera nire hitzekin, gaiztakeriaren tentazio mutantearen eta ontasunaren izpiritu konserbatzailearen artean, batzuetan galdetzen diot neure buruari zer oker egingo zituen Fernando Pessoak, berrazterketak egiterakoan edo bestela ere, heteronimoekin zeukan nahaste harekin, deabru guztien arteko liskarra litzateke, hala uste dut. Emakumeak irribarreari eutsi zion mintzaldiak iraun zuen denbora guztian, eta irribarre egiten ari zela, honako hau galdetu zuen, Eta zu, Jekill eta Hyde izateaz landa, ba al zara beste inor, Orain arte eutsi diot Raimundo Silva izateari, Ederki, ea horri eusten segitzea lortzen duzun, argitaletxe honen eta gure etorkizuneko harremanen mesederako, Harreman profesionalen mesederako, Bestelakorik egon litekeenik ez zaizula burutik pasatuko espero dut, Esaldia bukatzen lagundu dizut, besterik ez, zuzentzailearen betebeharretako bat da anbiguotasunak, estilo mailakoak nola esanahikoak, saihesteko irtenbideak proposatzea, Uste dut jakingo duzula anbiguotasunak sortzen dituen tokia entzuten edo irakurtzen duenaren burua dela, Batez ere estimulua idatzi edo hitz egin zuenarengandik badatorkio, Edo bere burua estimulatzen duenetakoa bada, Ez dut uste hori denik nire kasua, Ez duzu uste, Oso nekez baizik ez dut behin-betiko baieztapenik esaten, Behin-betikoa izan zinen Lisboako Setioaren Historian Ez hura idatzi zenuenean, eta ez duzu behin-betikoa izatea lortzen iruzurra zuritzen saiatzen zarenean, zuritzen edo gutxienez azaltzen, zuritzea ezinezkoa baita, Barkatu, hasierakora itzultzen ari gara, Eskerrik asko informazioagatik, horrela ez dut zure ekintza zer iruditu zaidan berriz esateko lana hartuko. Raimundo Silvak ahoa ireki zuen, erantzuteko, baina une hartan konturatu zen zuzendariak zur eta lur zeudela, eta isiltzea erabaki zuen. Isilune bat izan zen, emakumeak bere irribarrearekin segitzen zuen, baina, agian horrenbeste denbora zeramanez irribarrearekin, aurpegian nolabaiteko krispazioa ageri zen, eta Raimundo Silvak, bat-batean, itotzen ari zela sentitu zuen, bulego hartako giro astuna bere bizkarren gainean erortzen zela, Nazka ematen dit marisorgin honek, horixe pentsatu zuen, eta nabarmen begiratu zien zuzendariei, une hartatik aurrera, haiengandik baizik ez zuela galderarik onartuko, haiei baizik ez ziela erantzungo aditzera eman nahiz bezala. Bazekien alde hartatik partida irabazirik zegoela, zuzendariak, biak, altxatzen ari ziren, horietako batek esan zuen, Kito aferarekin, goazen lanera, baina ez zion bostekoa luzatu Raimundo Silvari, baketze zalantzazko hau ospatzea ez zuen merezi, zuzentzailea atera zenean, zuzendari literarioak zera esan zion produkziokoari, Hobe kalera bidali izan bagenu, errazagoa zatekeen, eta emakumeak argudio hau eman zuen, Zuzentzaile ona galduko genukeen, Hemen gertatu dena ikusirik, gaizki moldatuko zarete, Beharbada ez.

        Irten zelarik, Raimundo Silvak Costarekin egin zuen topo, Costa inprimategitik zetorren. Arratsaldeon esan zion, zakarki, aurrera segitzeko asmoz, baina Costak besotik heldu zion, bortxarik gabe, gabardinaren maukatik arinki tira eginez, Costaren begiak serioak ziren, errukiorrak ia, eta hitzak izugarriak izan ziren, Zergatik egin zenidan hori, Silva jauna, horixe galdetu zuen, eta Raimundo Silva zer erantzun ez zekiela gelditu zen, haur baten moduan uko egin zuen, Nik ez dizut ezer egin, ordea. Costak burua higitu zuen, eskua kendu eta aurrera egin zuen pasabidean barna, ezinezkoa iruditzen zitzaion gizon hori ez ohartzea bera pertsonalki iraindu zuela, egiazkoa arazoa bien artekoa zela, Costaren eta Raimundo Silvaren artekoa, engainatuaren eta engainatzailearen artekoa, haientzat ez zegoen azken unean salbatuko zituen oker-zuzenketarik. Pasabidearen hondoan, Costak atzera egin zuen, galdetu egin zuen, Kalera bota al zaituzte, Ez, ez naute bota, Beharrik, kaleratu izan bazintuzte nagoena baino izorratuago geldituko nintzatekeen, azken finean Costa gizon handia da, eta neurtua bere adierazpenetan, ez zuen esan haserre edo mingostua larderiatsuegi ez ematearren, izorratua baizik, hitz zakarra hiztegien arabera, baina ezin hobea, puristek nahi dutena esatea daukate. Costa, gauzak diren bezala, izorratuta dago, beste ezein hitzek ez du bere izpiritua nola dagoen hobeki adierazten, ezta Raimundo Silvarena ere, zeren, honek galdetu baitio bere buruari milagarren aldiz, Nola nago ni neu, eta azkenik erantzun baitu, behin-betiko, Izorratuta nago.

        Etxera iritsi zenean neskamea ez zegoen bertan, etxean ez zegoenean uzten zion betiko mezua utzirik zion, Joan egin naiz, dena txukun dago, arropa eraman dut, lisatzen bukatzeko, arta horrek erakusten zuen aukera profitatu zuela ordua iritsi baino lehen irteteko, berak ez zuen, noski, halakorik sekula aitortuko, eta Raimundo Silva, horretaz zalantzarik ez zuena, azalpena onartu eta isildu egiten zen. Zenbait harreman harmoniatsu sortzen dira, eta sortu ez ezik, iraun ere egiten dute, gezur txikien eta ukoen sistema konplexu bati esker, nolabaiteko keinu eta jarreren dantza konplizeari esker, dena laburbiltzen da inoiz behar beste aipatzen ez den erranairu edo sententzia hartan, erranairua esan dezagun, izena egokiago zaio-ta, Badakizu zuk, badakit nik, isil zaitez zu, isilduko ni. Kontua ez da sekreturik ote dagoen, misteriorik ote dagoen, Raimundo Silva bizi den etxean jauna eta jopuaren arteko harremanari buruz hitz egitean erakutsi beharko liratekeen eskeletoak ba ote diren, zigiluz jotako armairuetan, etxe horretara neskamea joaten da, noizean behin, baina lan egin beharrez, eta neskamearen izen osoa jakitea ere ez da beharrezkoa. Baina hagitz interesgarria da ikustea bi izaki hauen bizitzak, aldi berean, opakoa eta gardena direla, Raimundo Silvak ez du beste inor hurbilago, eta hala ere, gaur arte ez zaio batere axola izan zer nolako bizitza duen emakume honek bere zerbitzuan ez dagoenean, eta izenari dagokionean, nahikoa da Maria andrea esan dezan, eta emakumea atetik azaltzen da, On Raimundo, zerbait nahi al duzu, galdezka. Maria andrea baxua da, argala, beltzarana iluna emateraino, badu bere harrotasuna den berezko ile kizkurra, ezin dezake beste harrotasunik eduki, edertasunaren kontuan ez zelako oso hornitua jaio. Esan edo idazten duenean Dena txukun dago, hitzen esanahiaz abusatzen du, txukuntasunaz pentsatzen duena urrezko arau bat aplikatzean baitatza, honako hau, hain zuzen, nahikoa da dena txukun dagoelako itxura, honela ere interpreta daitekeena, ez bedi ikusmiran geldi txukun ez dena, zenbait kasutan sekula txukunduko ez dena. Raimundo Silvaren bulegoa salbuetsirik dago, noski, han txukuntasun faltak lanaren beraren baldintza ematen du, berak hala ulertzen du, gauzen lerrokatzearekin, zehaztasunarekin, harmoniarekin maniatikoak diren beste hainbat zuzentzailek ez bezala, horiekin sufrimendu latzak pairatuko zituen Maria andreak, esango zioten, Paper hau ez dago utzi nuen bezala, Raimundo Silvaren lan-mahaiko paperak beti berak utzi zituen bezala daude, Maria andreak ukitzea debekatuta duelako arrazoi sinplearengatik, eta horregatik protesta egiten du, Errua ez da nirea, Raimundo Silvak libururik edo probarik aurkitzen ez duenean.

        Papera zimurtu, mezuari kasurik egin gabe, eta saskira bota zuen. Gero gabardina kendu zuen, arropaz aldatu zen, alkandora lodi bat jantzi zuen, beste ezertarako erabiltzen ez zituen prakak, puntuzko txalekoa, ez da bakarrik eguraldia hotza delako, bera barrutik hotz dagoelako baizik, egia da Raimundo Silva hozpera dela, hain hozpera non, jantzi dituen gauza guztien gainetik, koadro eskoziarren bata janzten baitu, ongi bildua gelditu da, baina eroso, eta gainera ez du bisitarik espero. Argitaletxetik etxerako bidean ezertan ez pentsatzea lortu zuen, bada horrelakorik lortzen ez duenik, baina Raimundo Silvak ikasi du ideia lausoak gora eta behera erabiltzearen artea, elkarrengandik bereizirik dauden hodeiak bailiran, are, badaki gehiegi hurbiltzen direnei putz egiten ere, behar dena da hodei guztiak hodei bakarrean bil ez daitezen, etenik gabeko hodei jarrai bihur ez daitezen, edo, oraindik ere okerragoa izango litzatekeena, buru barruko eguratsean elektrizitatea sor ez dadin, orduan ortots eta tximistez beteriko ekaitza sortzen baita. Zenbait denboraz baimendu zuen pentsamendua Maria andreaz ardura zedin, baina orain burmuinak hutsik zeuden, berriro. Horrela iraun zezaten, telebista zegoen egongelako atea ireki eta tresna piztu zuen. Han, airea are hotzagoa zen. Hiriaren gainean, zeru zohardiari esker, eguzkiak dir-dir egiten zuen, itsasoaren aldean zegoen jada, erortzen ari zen, argi biguna jaurtitzen zuen, argizko fereka bat, laster mendi magaleko kristalek erantzungo zutena, lehen zuzi sutsuen antzera, gero zurbilduko ziren, mirail-zati dardarati bihurtzeraino, azkenik iraungi egingo ziren, eta arratseko arginabarra hasiko zen bere errauts geldoa etxeen artean bahetzen, teilatuegalak ezkutatuz, teilatuak ezabatuz, beheko hiriaren zarata amatatuz joan eta Raimundo Silva bizi den goiko karriketatik barreiatzen den isiltasunaren aurrean atzera egiten duenarekin batera. Telebistak ez du soinurik, hau da, Raimundo Silvak kendu egin dio, higitzen diren argizko irudiak baino ez daude, ez bakarrik pantailan, baino altzarien, pareten edo Raimundo Silvaren betartearen gainean, Raimundo Silvak so egiten du ikusi gabe, eta ez du pentsatzen. Ia ordubete dela ari dira ematen Tottaly Liveren bideoklipak, kantariak, hitz honek tokirik baldin badu, eta dantzariak inarrosi egiten dira, gizakien pentsamendu eta sentipenak oro adierazten dituzte, batzuk dudamudazkoak dira, dena aurpegian daukate, ez da esaten dutena entzuten baina ez du inporta, ezin sinestekoa da musu batek eduki dezakeen higikortasuna, krispazioak dira, soslaiak, distentsioak, karatula zemaikorrak dira, izaki androgino txiki eta obszeno bat, emakume helduak adats luzeekin, neskatila freskoak, izter, ipurmazel eta titi oparokoak, beste batzuk meharrak zumea bezain, deabrukeriaraino erotikoak, zimur aukeratu eta interesgarri batzuk erakusten dituzten gizon helduak, dena oinaztura bezalako argiekin dago fabrikatuta, dena isiltasunean itoa, Raimundo Silvak eskuak jarri izan balitu bezala eztarri horien gainean, ur-jauzi batetik harantzago estutu bailituen, ur-jauzia bera ere isila izanik, gorreriaren garaipen unibertsala da. Orain gizon bakar bat ageri da, ezpainak ia-ia mugitzen ez dituen arren, distikoak Leonard Cohen esaten zuen, irudiak tinko-tinko begiratzen dio Raimundo Silvari, ahoak egiten dituen mugimenduak galdera bat josten dute, Zergatik ez didazu aditu nahi, gizon bakar horrek, eta honako hau gaineratzen du, antza, Entzuidazu orain, gero beranduegi izango da, bideoklip baten ostean beste bat dator, ez dira errepikatzen, hau ez da mila bider, eta bat gehiago, birarazi dezakezun diskoa, ni itzultzea litekeena da, baina ez dakit noiz, eta agian zu, une horretan, ez zara han egongo, aprobetxa ezazu, aprobetxa ezazu, aprobetxa ezazu. Raimundo Silva aurrerantz makurtu zen, soinua piztu zuen, Leonard Cohenek egin zuen keinua eskerrak emateko bezalakoa izan zen, orain kantatzen ahal zuen, eta kantatu egin zuen, bizi izan denak eta zenbat eta zertarako galdetzen duenak esan ohi dituen gauzak esan zituen, maite izan zuenak eta nor eta zergatik galdetzen duenak esan ohi dituenak, eta galdera guztiak egin eta gero erantzun bakar bat ere gabe aurkitzen denak esan ohi dituenak, erantzun bakar bat bildu izan balu, sikira, beste horrek esan zuenaren kontrakoa da, beste horrek esan zuen erantzun guztiak hor nonbait daudela, eta guk aski dugula galderak egiten ikastea. Cohen isildu zenean, Raimundo Silvak soinua eten zuen berriz, eta berehala telebista itzali. Egongela, kalera ematen ez zuena, gau beltz bihurtu zen bat-batean, eta zuzentzaileak eskuak begietara eramaten ahal izan zituen inork keinu hori egiten ikusi gabe.

        Une honetan, logikarekin arazoak dituenak galdetuko du sinesgarria ote den, denbora luze honetan guztian, Raimundo Silvari burura behin ere ez etortzea argitaletxean bizi izandako eszena iraingarria, eta, horretaz pentsatu bazuen, zergatik ez zen horri buruzko aipamen taxuzkoa egin, pertsonaia baten koherentzia eta egoeren sinesgarritasunaren izenean. Alabaina, egia da Raimundo Silvak pentsatu zuela, behin baino gehiagotan, gainera, gertaera zorigaiztoko hari buruz, baina pentsatzea ez da beti gauza bera izaten, eta oroitzearekin konformatu zen, beste hitzetan lehen ere adierazi den bezala, zeruko hodeiez eta aireko elektrizitateaz hitz egin denean, lotugabeko hodeiez eta tentsio txikiko elektrizitateaz. Diferentzia, gertaera jakin baten inguruan putzuak eta meazuloak induskatzen dituen pentsamendu eragilearen eta pentsamendu inorendu, bizigabearen artean dagoena da, baldin eta bigarren horrek, begiratzen duenean inon pausatzen ez den horrek, pentsamendu izena merezi badu, bigarrenak inon pausatu gabe aurrera segitzen du, aipatzen ez dena ez dagoela sinetsi nahian, bere eritasunaren izena ahoskatu ez denez osasuntsu dagoela uste duen eria bezala. Bere burua engainatzen du, ordea, defentsa-sistema hauek betiko direla uste duenak, noraezean dabilen pentsamendua ideia tinko bihurtzen den unea iristen ari da, gehienetan min pixka bat gehiago egitea nahikoa izaten da. Horixe da Raimundo Silvari gertatu zitzaiona, afaltzeko zikindu zuen loza gutxi hori garbitzeko tenorean zegoenean, gogoan piztu zitzaion agerikoa zen ideia bat, hau da, argitaletxeak ez zituela hamahiru egun behar izan engainua atzemateko, eta honek superstizio zaharra ezereztuko luke, eta, aldi berean, superstizo berri bat ernetzeko beharra ezarriko luke, ordura arte hamahirugarrena ez zen beste egun ordura arte errugabe bat energia negatiboaz zamatuko zuelarik. Argitaletxera deitu ziotenean engainua atzemanda zegoen, eta dena erabakita, Zer egingo dugu morroi horrekin, galdetu zuen zuzendari orokorrak, eta zuzendari literarioak egileari deitu zion gertaera absurduaren berri emateko, makina bat barkamen eskatzen zituela, Ezin zara inorekin fio, eta egileak erantzun zuen, gezurra badirudi ere, Ez da hil ala biziko gauza, oker-zuzenketa batek konponduko du afera, eta irri egiten zuen, Begira gizona nondik atera den, orduan Costari bururatu zitzaion ideia, Zuzentzaileak kontrolatuko zituen norbait behar genuke, Costak badaki zertaz ari den, eta ideiak hain harrera ona izan zuen ezen Produkzio-buruak berea balitz bezala jaso baitzuen goragoko mailara, eta hain onespen zabala izan zuen ezen hamahirugarren eguna baino lehen pertsona bilatu, aukeratu eta bertaratu baitzen, delako pertsona horrek aginpide eta eskubide osoz erruei buruz ebatzi behar zuen epaiketa sumarisimoan parte hartzeraino, erruak begibistakoak, frogatuak eta azkenik aitortuak ziren, nahiz eta, aitortzeari dagokionez, errudunaren susmoak eta buru erreserbak onargarria denetik harantzago joan, eta jokabide honek, azkenik, langile berria sumindu, azken roundean piztu zen eraso bortitzak ezin dezake beste azalpenik eduki, Baina merezi zuen bezala erantzun nion, marmar egin zuen Raimundo Silvak bere kolkorako, eskuak lehortu eta etxeko lanetarako jaso zituen maukak jaisten zituen bitartean.

        Bulegoko lan-mahaiaren aurrean eseri da, poesia liburuko probak bere aurrean, pentsamenduaren atzetik abiatu da, agian zehatzago litzateke esatea pentsamenduaren aurretik doala, zeren, pentsamendua zein bizkor den jakinik, bere atzetik joatearekin konformatzen bagara denbora laburrean arrastoa galdu diogu, gu passarola asmatu orduko bera jada izarretara iritsi baita. Raimundo Silvak hausnarketa egiten du, behin eta berriz, saiatzen ari da konturatzen zergatik, lehen hitzetatik, ezin izan zion oldarkeriari eutsi, Ez al dakizu deleatur bat zer den, batez ere galdera egin zuen tonuaren oroimenak larritzen du, probokatzailea, are baldarra ere, eta gero, bukaerako dueloa, etsaien artekoa, han kontu pertsonal bat, herra zahar bat erabakitzen ari bailitzan, gauza jakina denean bi hauek aurretik inoiz ez zirela elkartu, eta, baiezkoan, ez zutela elkar begiz jo, Nor ote da, pentsatu zuen orduan Raimundo Silvak, eta hori pentsatu zuelarik laxatu zuen, konturatu ere egin gabe, pentsamendua gidatzeko erabiltzen ari zen uhala, nahikoa izan zen pentsamenduak aurrea hartu eta bere kabuz hegaldatzen has zedin, oraindik emakume gaztea da, berrogei urte baino gutxiago, ez da lehen kolpean iruditu zitzaion bezain garaia, azalaren tonua, matea, ilea askea, gaztainkara, begiak ere kolore berekoak, amiñi bat argixeagoak, ahoa txikia eta betea, ahoa txikia eta betea, ahoa txikia, ahoa, betea, betea. Raimundo Silvak aurrean duen apalategiari begiratzen dio, han daude lan-bizitza oso batean zehar zuzendu zituen liburu guztiak, ez ditu zenbatu, baina liburutegi oso bat egiten dute, izenburuak, izenak, hau da nobela, hau poesia, hau antzerkia, hauek dira oportunismo politiko eta biografikoak, hauek dira oroitzapenak, izenburuak, izenak, izenburuak, izenak, batzuk gaur egun ere ospetsuak, beste batzuk beren garaia izan zutenak eta erlojua gelditu zaienak, bakar batzuk oraindik ere bere patuaren zain, Baina daukagun patua garen patua da, esan zuen zuzentzaileak ahopeka, lehen pentsatutakoari, Daukagun patua gara erantzunez. Bat-batean bero zen, berogailu elektrikoa piztuta ez zegoen arren, eta bataren gerrikoa askatu zuen, eserlekutik altxatu zen, bazirudien mugimendu hauek helburua zutela, eta, hala ere, ez zegoen beste azalpenik, ustekabean ongi izatearen adierazpena baizik ez ziren, ustekabeko kemen abantzu komikoaren adierazpena, kontzientzia alatu gabeko jainkoaren lasaitasunaren adierazpena. Supituki etxea txiki gelditu zitzaion, hiru zabaltasunetara, hiriarenera, ibaiarenera eta zeruarenera irekiriko leihoa bera ere ateska itsu bat iruditu zitzaion, egia da ez zegoela lainorik, baita gaueko hotza freskotasun epeltzaile bihurtu zela ere. Ez zen orduantxe izan, baizik eta lehenago, Raimundo Silvak pentsatu zuenean, Nola ote du izena, batzuetan gertatu egiten da, badugu pentsamendu bat baina ez dugu aitortu nahi, ez diogu konfiantza eman nahi, alboko pentsamenduen bidez islatzen dugu, kasu honetan, adibidez, emakumearen izena behin ere ez zela aipatu gogoratzea, Andre honek, esan zuen zuzendari literarioak, une honetatik aurrera erantzukizuna bere gain hartzen du, eta, zela heziketa-faltarengatik, hau oso litekeena ez zen arren, zela urduritasunarengatik, berea eta orokorra, ez zuen aurkeztu, Raimundo Silva, Urlia andrea. Gogoeta hauen bidez Raimundo Silvak atzeratu zuen galdera zuzena, Nola ote izena, eta egin duelarik, ezin du burutik kendu, ordu hauen guztien ondoren, bere helburura iritsi balitz bezala, uler bedi esanahi arruntean, hau da, bidaiaren bukaera, desbiderapen ontologikorik gabe, bidaiariek esaten dutena, alegia, Iritsi egin naiz, zain daukaten guztiaren berri dakitelakoan.

        Orain inork ez dezala azalpenik espero edo agindu Raimundo Silvak egin zuena azaltzeko. Bulegora itzuli zen, José Pedro Machadoren Hiztegia ireki, eseri, eta onomastika ataleko zutabeak begiratzen hasi zen, A letratik, lehen izena Aala antroponimoa da, jeneroren berririk ez da ematen, ordea, maskulinoa, femeninoa, ez dago jakiterik, hau da arretarik gabeko zuzenketaren kasu nabarmena, agian bientzat balio duen izena da, dena den, ezinezkoa da zuzentzaileen arduradun batek izen hori edukitzea, Aala. M letrara iritsi zenean Raimundo Silva lo gelditu zen, hatza Maria izenaren gainean zuela, hau emakumezkoarena ezbairik gabe, eta neskamearena, dakigunez, honek kasualitate baten hipotesia alde batera uzten ez duen arren, munduan horrelakorik maiz gertatzen da-eta.

 

 

 

© José Saramago

© itzulpenarena: Jon Alonso

 

 

"José Saramago / Lisboako setioaren historia" orrialde nagusia