Ez ziren oraindik goizeko zortziak Costak atea jo zuenean. Zuzentzaileak, gau zail samarra izan ondoren, labur eta urduri lo egin ondoren, sakon egiten zuen lo azkenik, horrela uste zuen bederen pentsatzeko adinako konzientzia-maila harrapatu zuen bere baitako parteak, eta lo sakonean zetzala zen ateratzen zen ondorioa, ikusirik bere baitako beste partea iratzartzea benetan zaila zela, txirrinaren karranka etengabea zen arren, lau joaldi, bost, orain infinituraino luzatzen zen joaldia, botoiaren mekanismoa iltzez josita balego bezala. Raimundo Silvak bazekien, noski, jaiki behar zuela, baina ezin zuen bera zen pertsonaren erdia, edo gehiago apika, ohean utzi, zer esango zuen Costak, seguru Costa zela, orain polizia ez da etortzen egunsentian ohetik inor ateratzera, ba hori, zer esango du Costak, Raimundo Silvaren erdia bakarrik agertzen dela ikustean, beharbada Benvindo, gizon batek oso-osorik joan behar du deitzen duten tokira, ezin desenkusa daiteke honela, Hemen dago naizenaren parte hau, gainerakoa bidean atzeratu da. Txirrinak hots egiten segitzen zuen, Costa hasi da kezkatzen, Hau isiltasuna, etxe honetakoa, azkenik iratzarririk dagoen zuzentzailearen parteak lortu du ahots marrantatuaz oihu egitea, Banoa, eta orduantxe bai, orduantxe lo dagoen parteak uzten du higi dezaten, gogorik gabe. Orain, bere baitako bi parteek, hala moduz bildurik, norenak diren jakiterik ez dagoen hanken gainean segurtasunik gabe ibiliz, gela zeharkatzen dute, eskailerako ateak eta gelakoak angelu zuzena osatzen dute, ia mugimendu bakar batez biak ireki litezke, Costa da, bistan da damutu dela goizeko alarma-hots horrengatik, Barkatu, orduan konturatzen da ez duela egunon esan, Egunon, barkatu, Silva jauna, hain goiz etorri izana, probatxoen bila nator, badakizu, Costak benetan nahi du barkatua izatea, txikigarri apalak ez du besterik esan nahi, Bai, bai, esaten du zuzentzaileak, sartu bulegora.
Raimundo Silva berriz agertzen denean, urdinkara eta marrazki eskoziarrekoa den bataren gerrikoa estutuz eta papar-hegalak lepoaren inguruan egokituz, Costak eskuetan dauka proben totxoa, hartu du haztatzen ariko bailitzan, are, esan ere egiten du, ulerkor, Lodia da, izan ere, baina ez ditu gainetik ikusi, galdetu baino ez du egiten, kezkatu samar, Asko zuzendu behar izan al duzu, eta Raimundo Silvak erantzuten du, Ez, eta irribarre egiten du, zorionez inork ezingo dio galdetu zergatik egiten duen irribarre hori, Costak ez daki halako hitz txiki batek, hain zuzen, engainatzen duela, ahots-kolpe berean ezkutatu eta erakutsi egiten duen Ez horrek, Costak galdetu du, Asko zuzendu behar izan al duzu, eta zuzentzaileak erantzun du, Ez, irribarre eginez, orain ernegatu egin da esan duelarik, Ikus ditzakezu, nahi baduzu, borondate onak harritzen du Costa, azkar ke bihurtu zitzaion sentimendu lausoa da, Ez du merezi, zuzenean inprentara eramango ditut, agindu didate probak iritsi bezain pronto liburua makinetan sartuko dutela. Zuzentzaileak uste du Costak orriak begiratuko balitu, eta errakuntzaz konturatuko balitz, oraindik komentzitzen ahalko lukeela, testuinguru nahaspilatuzko bizpahiru esaldi ukazioz beterikoekin, bizpahiru esaldi kontraesankor eta itxurazkorekin, loturazko bizpahiru esaldi zehaztugaberekin, baina Costak alde egin nahi du, ez beste ezer, inprimategi bat dauka zain, pozik dago Produkzioak beste garaipen bat lortu duelako denboraren aurkako borrokan, Gaur gelditzen zaizun bizitzaren lehen eguna da, egia da zorrotz agertu beharko zuela, jakina, ez da ona gauzei azken unean irtenbidea bilatzea, segurtasun-epe luzeagoekin lan egin behar dugu, baina zuzentzaileak hain du itxura errukarria Eskoziako sasiartilezko bata hartan bildurik, bizarra egin gabe, ilea barregarri tindatua, aurpegiko arrasto zuriekin aurkakotasun tristea osatzen duela, ezen Costak, sasoian dagoen mutilak, ontasun ekonomikoaz trufatu ziren belaunaldikoa izanik ere, bere kexu ezin justuagoak isiltzen baititu, ia maitasunez karteratik zuzentzeko beste liburu baten jatorrizkoa ateratzen du, Hau laburra da, berrehun orri baino askoz gehiago ez, eta ez da oso presazkoa. Raimundo Silvak hartu eta hitzen zein keinuaren esanahia ulertzen du, bere adimenak bokal bati gaineratu edo kendu zaion tonu-erdia irakurtzen badaki, bere belarriak bere begiek bezain ongi irakurtzen du, eta horregatik kontzientzia alatzen zaio apur bat Costaren tolesgabetasuna horrela engainatzen ari delako, honez gero bere erantzukizunekoa ez den errakuntza baten eramaile eta garraiolari, gizon gehienei gertatzen zaien bezala, gehienak bizi eta hiltzen baitira errugabetasunean, baietz edo ezetz besteren kontura esaten, baina kontuak norberarenak bailiran ordainduz, baina Ala jakintsua da, eta gainerakoa arrazoiaren mamua baizik ez da.
Costak alde egin du, zoriontsu eguna hain ongi hasi duelako, eta Raimundo Silva sukaldera doa, kafesnea eta ogi xigortua gurinarekin prestatzera. Ogi xigortua, arauak eta printzipioak dituen gizon honentzat, ia bizioa da, benetan sabeldarraiotasun eutsiezin baten adierazpena ia, eta sentsazio anitz biltzen dira horretan, hala ikusizkoak nola ukimenezkoak, nahiz usaimenezkoak nahiz dastamenezkoak, hasteko xigortzaile kromoztatuaren dirdira, gero zerrendak ebakitzen dituen labana, ogi xigortuaren usaina, urtzen den gurina, eta azkenik, ahoko plazer konplexua, ahosabaia, mihia, hortzak, non mintz esanezin, ilun, xigortu eta beratz hori itsasten den, eta berriz ere usaina, orain bere baitan, zeruan bego halako gauza bikaina asmatzen jakin zuena. Egun batez, Raimundo Silvak hitz hauek goraki esan zituen, ogiaren eta suaren obra perfektoa odolari barreiatzen ari zitzaiola iruditu zitzaion une arin batean, ze, egia esan, berarentzat, gurina ere sobran bailegoke, bazter uztekoa litzateke pena handirik gabe, nahiz eta oso ergela izango litzatekeen oinarrizkoari gaineraturik inoren ahogozoa eta goseak biderkatzen dituenari muzin egingo liokeena, horixe da mintzatzen ari garen ogia eta gurinaren kasua, eta antzeratsu izango zen amodioarena, adibidez, baldin eta zuzentzaileak amodioari buruzko esperientzia luzeagoa eduki izan balu. Raimundo Silvak jaten bukatu zuen, bainugelara joan zen, bizarra egitera, itxura zaintzera. Aurpegia aparrez ongi beteta ez duen bitartean ez dio ispiluari aurrez aurre begiratzen, gaur ilea tindatu zuelako damuturik bizi da, bere artifizioen preso bezala dago, zeren, bere irudiak eragiten dion desplazerraz haratago, eraman ezin dezakeena zera baita, ilea tindatu ezean eduki behar dituen ile urdinduak bat-batean argitara azalduko direla, denak batera, oldar basati bat bezala, eta ez egun batez banitate eroak hartaraturik eten zuen berezko aurrerapen geldoa bezala. Gorputzak, errurik ez duen arren, ordaindu behar izaten dituen izpirituaren miseria txikiak dira.
Lan berriaren nondik norakoaz jabetzeko baizik ez bada, Raimundo Silvak, bulegoan, Costak utzi dion jatorrizko testua begiratzen du, ea ez zaidan Portugaleko Historia oso bat ateratzen, han Bai eta Ez jartzeko beste hainbat tentazio agertuko lirateke, edo are limurtzaile eta espekulatiboagoa litzatekeen beste tentazio bat, harririk harriaren gainean eta gertaerarik gertaeraren gainean utziko ez lituzkeen Agian infinitu batena. Nobela bat da, beste nobela bat nobela guztien artean baizik ez da, bertan dagoena bertan sartzeaz ez da kezkatu behar, zeren honelako liburuak, eta bertan kontatzen diren fikzioak, batzuk zein besteak, denak egiten baitira zalantza etengabe baten gainean, gauzak mesfidakor baieztaturik, batez ere ezer ez dela egia jakitearen urduritasunarekin, eta egia delako plantak eginik, hainbat denboran zehar gutxienez, aldaketa zalantzagabe eta begibistakoari aurre egin ezin zaion arte, orduan igaro zen denborara joan ohi da, denbora hori delarik bakarrik, benetan, denbora, eta ezagutzen jakin ez genuen unea berreraikitzen saiatzen gara, beste une bat berreraikitzen ari ginen biartean igaro zen unea, hain zuzen, eta horrela hurrenez hurren, unerik une, nobela guztia horixe besterik ez da, etsipena, igarotakoa betiko galdu den zerbait izan ez dadin egiten den saiakera zapuztua. Oraindik erabat jakin izan ez dena da nobela ote den gizonari ahaztea galeratzen zaiona, edo eta ezin ahaztua ote den gizona nobelak idatzera bultzatzen duena.
Raimundo Silvak badu, liburu baten zuzenketa bukatzen duenean, bere buruari egun bateko atsedenaldia emateko ohitura osasungarria. Hustuketa bat bezalakoa da, hala esaten du berak, purga bat, eta egun hartan bere etxetik jaisten da, mundura, karriketan ibiltzen da, erakusketetan berandutzen da, lorategiko jarleku batean esertzen da, bi orduz dibertitzen da zineman, museo batean sartzen da berriz ikusteko bat-batean premiazko bihurtu den margolan bat, hau da, bisita egitera etorri eta pixka batean itzuliko ez denaren bizitza egiten du. Hala ere, ez du beti egitarau osoa betetzen. Ez da arraroa izaten etxera itzultzea arratsaldearen erdia baizik igaro ez denean, ez asperturik, ez nekaturik, bere baitako ahotsak deitu diolako baizik, ahots horrekin eztabaidatzea alferrik da, liburu bat dauka zain, beste liburu bat, argitaletxeak, hain kontsideratua eta estimatua duenez, ez baitu orain arte lanik gabe utzi. Beti berdin den bizimodua urte luzeez egin arren, zain izango dituen hitzen jakinmina sentitzen du oraindik, liskarraren, iritziaren, gertaeraren jakinmina, horixe bera gertatu zitzaion Lisboako Setioaren Historiarekin, ez da batere arraroa, behialako eskola-garaietatik patuak edo eta bere borondateak ez baitzuten sekula gehiago gertaera urrun horietaz kezkatzera eraman.
Oraingo honetan, ordea, Raimundo Silvak aurreikusten du oso berandu itzuliko dela etxera, are, litekeena da gauerdiko emanaldi batera joatea, eta ez dugu oso bizkorrak izan behar konturatzeko bere nahia dela Costaren peskizan ez egotea, iruzurra harrapatuko dion beldurrez, iruzurraren egilea eta gaizkidea delako aldi berean, idazlearena egin nahi izan duen aldetik huts egin zuelako, eta zuzentzailea den aldetik ez zuelako zuzendu. Beste alde batetik, ia hamarrak dira, inprimategian lehen arramak montatzen ariko dira, inprimatzaileak, espezialista bereizten duten keinu geldo eta zehatz horiekin, doiketak egingo ditu, eta handik gutxira Lisboako Setioaren Historia faltsua kontatzen duten paper-orriak arin-arin ateratzen hasiko dira, eta handik gutxira, baita ere, telefonoak hots egingo duke, harritzekoa da dagoeneko hots egin ez izana, eta beste aldean Costa egongo da, oihuka, Silva jauna, azalpenik ez duen oker bat, beharrik garaiz konturatu naizen, etorri berehala, taxia hartu, hau zure erantzukizuna da, ez, ez da telefonoz konpontzen ahal den kontua, hemen egon zaitezen agintzen dizut, lekukoak eta guzti, Costari, urduritasuna dela-ta, ahotsak huts egiten dio, eta Raimundo Silva, Costa bera bezain urduri, irudipenek bultzatuta, arin bait arin janzten da, leihora doa eguraldiaren berri edukitzeko, hotz baina ateri. Ibaiaren beste ertzean, kebide garaiek ke-zirimolak jailkitzen dituzte airera, hasieran zut igotzen dira, haizeak euren gorako bultzada abaildu eta hegorantz doan hodei geldo bihurtzen dituen arte. Raimundo Silvak Lisboako lur zaharra estaltzen duten teilatuetarantz beheratzen ditu begiak. Eskuak begiratokiko eskudelean ditu bermatuta, burdina hotz eta latza sentitzen du, orain lasai dago, ez du begiratzen, ia, ez du pentsatzen, eta une honetantxe etortzen zaio bere izpiritu hutsari atseden egun hau betetzeko ideia bat, bere egunetan sekula egin ez duen zerbait, ez dute arrazoirik bizitza laburra dela esaten dutenek, iristen zaien moduan profitatzen ez badakite.
Begiratokia utzi, bulegora joan, armairu bateko paperen artean Setioko lehen probak bilatu ditu, oraindik baditu proba horiek, bigarrenak eta hirugarrenak ere bai, jatorrizko testua ez, ordea, hori argitaletxeak gordetzen du lehen zuzenketa bukatu ondoren, dena paper-poltsa batean sartu zuen, eta orduantxe jo zuen telefonoak. Ikaraldi batek astindu zuen Raimundo Silva, ezkerreko eskua, azturak eramanda, telefonora hurbildu zen, baina bidearen erdian gelditu eta atzera egin zuen, gauza beltz hori lehertuko den erloju-bonba bat da, eraso egiteko prest dagoen kriskitin-suge dardartia. Poliki-poliki, deitzen dioten tokitik pausuak entzuten ahalko lituzketelako beldurrez bailegoen, zuzentzailea urrundu egiten da, Costa da, dio marmarka, baina oker dabil, eta ez da goizeko ordu hartan nork hitz egin nahi izan zuen berarekin jakitera iritsiko, ez eta zertarako ere, Costak ez dio esango, egun batzuk barru, Etxera deitu nizun, baina inork ez zuen telefonoa hartu, beste inork ere ez dio esango, nork baina, ez dio errepikatuko, Hura pena, berri on bat eman nahi nizun, telefonoak jo eta jo, eta ezer ez. Egia da, telefonoa jo eta jo ari da, pasabidean dago jada, ateratzeko gertu dago, azkenik, hainbeste zalantza eduki eta hain arrangura izan ondoren, zenbakiaz tronpatu zen norbait izango zen, batzuetan gertatzen da, baina hau bera ere ez gara jakitera iritsiko, uste bat baizik ez da, hala ere hipotesia profitatzeko gogoa ez da txikia, horixe delako zuzentzailea lasaien utziko zuen hipotesia, zeina, bestalde, gauzak diren-direnetan ikusirik, kaskarinkeria baita, urrun ezazu kaliza hau nigandik esatea bezala da, besteak esan zuen bezala, kaskarinkeria da zeren lasaitasun hori, egoera honetan, geroratze hutsaren uneko aringarri baten parekoa da, zalantza gabe, eta ez dio inolako mesederik ekarriko, kaliza berriz egotziko diotelako.
Eskailera estu eta pikua jaisten duen bitartean, Raimundo Silvak gogoan du oraindik garaiz lebilkeela bere ekintza ausartegiaren berri jakingo denean edukiko duen ordu txarra saihesteko, nahikoa luke taxia hartu eta inprimategira lasterka joatea, bertan egongo da Costa, noski, zoriontsu berriz ere bere ezaugarri nagusia agertu duelako, Costak, Produkzioa denez, izugarri maite du inprimategira joatea eta, nolabait esan, abiatzeko agindua ematea, eta abiatzeko agindua emateko dagoela atean Raimundo Silva agertu da, oihuka, Geldi, geldi zaitezte, azken segundoan heriotza-kondenatuari erregearen barkamena ekartzen dion mezulari hatsantuaren nobelako pertsonaia dirudi, hura lasaitua, baina lasaitu hau ere badaezpadakoa, hala ere amildegi bat dago egunen batean hilko garela jakitearen eta begi aurrean guztiaren amaiera ikustearen artean, pelotoia armak destatuz, beste inork baino hobeki adieraziko du diferentzia lehen aldiz mirakuluz bezala itzuri eta gero, orain behin-betiko tenorearen aurrean dagoenak, erremediorik gabe, Dostoievski lehen aldiz libre gelditu zen, baina bigarrenean ez. Karrikaren argi arin eta hotzean, badirudi Raimundo Silva neurtzen ari dela azkenean zer egingo ote duen, baina neurtzen ari delakoa itxura baizik ez da, planta hutsa, zuzentzailea aurrez ezagutzen duen ondorioa duen eztabaida proposatzen ari zaio bere buruari, honetan ahotsa du xake-jokalari intransigenteen esaerak, peza ukitua, peza jokatua, Alekhine maitea, idatzi dena idatzita dago. Raimundo Silvak sakon hartzen du arnasa, ezker-eskuin dituen bi eraikin-lerrokadak begiratzen ditu, dena, baita zanpatzen duen lurra ere, berea delako sentipen bitxiarekin, nork eta berak, ondasunik edo halakorik edukitzeko esperantzarik ez duen horrek, denboran urruti galdua baita amabitxiaren bidez prebenda lortzeko ilusioa, amabitxiak Benvinda zuen izena, goian bego, bego, bai, baldin eta bere legezko ondorengo eskertuen otoitzek kontsolamendua eman behar badiote, ondorengoak ondorengoen izaera orokorrak agindu ohi dituen bezalako berekoiak ziren, ez gutxiago eta ez gehiago ere, izaera hori toki guztietan berdina da. Egia da ordea zuzentzailea, gaztelu ondoko auzo honetan bizi dena urte luzeetatik, hain luzeetatik non zenbatu ere egiten ez baititu, zeinetik etxea itsumustuka aurkitzeko erreferentzia besterik behar ez baitu, sentitzen ari dela orain, jabe berriaren aipatu gozamenaz landa, plazer-sentsazio lasaia, askea, batek daki hurrengo kantoitik harantz luzatuko ote den, Bartolomeu de Gusmâo kalerantz buelta emango duenean, itzalaren aldera. Ibiltzen den bitartean galdetzen dio bere buruari nondik datorkion halako segurtasuna, Damoclesen ezpata famatua, lanetik kanporatzeko gutunaren itxuraz, atzetik datorkiola ongi oharturik egonik, eta kausa justua dela tarteko, gaitasun eza, nahita eginiko iruzurra, jakinaren gainean eta maltzurki, galbidean sartzeko dei akuilaria eta guzti. Galde egiten du eta iruditzen zaio egin zuen faltak erantzuten diola, ez faltak berak, baizik eta bere ondorio begibistakoek, hau da, Raimundo Silvak, hain justu behialako mairuen hiriko tokietan dagoenak, halabehar historiko eta topografiko honen gaineko kontzientzia anitza badu, kaleidoskopikoa, gurutzatuek portugaldarrei ez zietela lagunduko erabaki zutelako ebazpen formala hartu izanari esker, zalantzarik gabe, eta, hortaz, hor konpon portugaldarrak, molda daitezela beren indar nazional urriekin, baldin eta nazionalak deitzen ahal bazaie, egia delarik zazpi urte lehenago, beste antzeko gurutzada baten laguntza edukirik ere, muturrez aurrera jo zutela harresien kontra, edo harresietara hurbiltzen saiatu ere ez zirela, oldar txiki, baratzeen eta barrutien suntsitze eta jabetza pribatuaren aurkako halako beste batzuk baizik gertatu ez zirelarik. Alabaina, kontsiderazio xehe hauen helburu bakarra da argitzea ezen, errealitate gordinaren argipean halakorik onartzea zinez zaila bada ere, Raimundo Silvarentzat, agindu berririk jaso arte edo eta Gure Jaun Zerukoak besterik xedatzen duen arte, Lisboak mairuena izaten segitzen duela, zeren, jaso bedi errepikapena behar den eramanaz, ez baitira oraindik hogeita lau ordu igaro gurutzatuek beren ezetz lotsagarria adierazi zuten minutu zorigaiztoko hartatik, eta hain denbora laburrean ezingo baitzuten portugaldarrek, berek bakarrik, setio, jazarpen, gatazka eta oldarraren —gehiagotik gutxiagora doan iraupenaren arabera, espero dezagun, une egokian ikusiko dugu— afera taktiko eta estrategiko korapilatsuei buruzkoak ebatzi.
Bistan denez, A Graciosa goxotegia, zuzentzailea orain sartzen ari den tokia, ez zegoen hemen orain gauden mila ehun eta berrogeita zazpigarren urtean, hain zuzen, ekaineko zeruaren azpian, bikain eta zerrepel, itsasoaren aldetik, barraren ahotik datorren haize leuna freskoa den arren. Goxotegi bat, betidanik, berriak ikasteko toki ona izaten da, gehienetan jendea ez dabil oso presaturik, eta honako hau auzo herrikoia da, denek elkar ezaugutzen duten horietakoa, komunikazioaren hasierako zeremonia, egunerokotasunaren familiartekotasunak hartaratua, litekeen txikiena da, hainbat formula soil alde batera utzirik, jakina, Egunon, Zer moduz, Etxean dena ongi, galderen zein erantzunen egiazko esanahiari gehiegi begiratu gabe esaten diren horietakoak, hortaz eguneko kezkei buruz berehala aritzea berez dator, kezkak asko dira, eta denak larriak. Hiria auhen abesbatza bilakatu da, Ibn Arrinque Galiziarraren tropak xaxatua ihesean datorren jende horrekin guztiarekin, Alak fundi eta infernu sakonera kondena dezala, eta errukarriak era txarrean datoz, zauriei odola dariela, oihuka eta aieneka, esku gabeko besamotz ez gutxi, edo ankerki belarrigabetuak, edo sudurrik gabe, horixe da-ta errege portugaldarrak aurretik bidaltzen duen gaztigua, Eta badirudi, esaten du goxotegiaren jabeak, gurutzatuak datozela, itsasoz, madarikatuak bitez, zurrumurruak dio berrehunen bat itsasontzi izango direla, oraingo honetan gauzak beltz jartzen ari dira, ez dago zalantzarik, Ene, gizajoak, esaten du emakume potolo batek malko bat garbitzen duenarekin batera, oraintxe nator Porta de Ferrotik, zoritxarren eta miserien erakusketa bat bezalakoa da, medikuek ez dakite nondik hasi, begitartea odolbildu bat eginda zeukaten pertsonak ikusi ditut, eta begi-zuloak hutsik zeuzkan koitadu bat, izugarria, izugarria, eror bedi Profetaren ezpata erailtzaileen gainean, Erori egingo da, esan zuen barran bermaturik baso bat esne edaten ari zen gazte batek, baldin eta ezpata geure eskuaz altxatzen badugu, Ez dugu amore emango, esan zuen goxotegiko jabeak, orain zazpi urte etorri ziren, baita ere, portugaldarrak eta gurutzatuak, eta zer kontatua zutela itzuli ziren, Bai horixe, ostera berriz gazteak, ahoa eskuaren gibelaldearekin garbitu eta gero, baina Alak ez dio laguntzen bere buruari laguntzen ez dionari, eta hor dauzkagu ibaian duela sei egun ainguratuta dauden gurutzatuen bost itsasontzi horiek, zergatik ez diegu eraso egiten eta hondora bidaltzen, Hori ekintza egokia litzateke, esan zuen emakume potoloak, guretarren miserien ordainez, Ordainez ez, esan zuen goxotegiko jabeak, gure mendekuen kontuak ez dira sekula berdindu ehun kristau mairu bakar baten truke egin ezean, Baina nire begiak habiara itzuliko ez diren uso hilak dira, esan zuen almuedanoak.
Raimundo Silva sartu zen, egunon esan zuen, nor zegoen erreparatu gabe, eta erakusleihoaren atzeko mahai batean eseri zen, erakusleihoan ohiko goxokien sedukzioak erakusten ziren, esnegain pastelak, palmondoak, kornukopiak, opilak, arroz pasteltxoak, jesuitak eta, nola ez, kruasanak, frantsesezko izena eman zien ilgora-eite horrekin, lehen ausikiarekin ilbehera bihurtzen dena, gutxiagotzen doana, platerean apurrak baizik gelditzen ez diren arte, Alak bere hatz itzel bustiarekin ahoratzen dituen argizagi ñimiñoak, ondoren huts kosmiko izugarria baizik ez da geldituko, baldin eta izatea eta hutsa bateragarriak badira. Zerbitzariak, jabea ez eta zerbitzaria baizik ez denak, edalontziak garbitzeari utzi eta zuzentzaileak eskatu dion kafea ekarri du, ezagutzen du, eguneroko bezeroa ez den arren, noizbehinkako bezeroa da, eta beti ematen du hutsarte galdu bat betetzearren etortzen dela hona, orain luzeagorako eseri dela dirudi, paperezko poltsa bat ireki eta bertatik orri solteek osaturiko multzo bat ateratzen du, zerbitzariak tokia bilatzen du, baso bat ur eta kikara ipintzeko, platerean azukre kozkorra uzten du, eta alde egin baino lehen goizean zehar egin duen komentarioa errepikatzen du, egunaren hotzaz mintzatzen da, Eskerrak gaur lainorik ez dugun, zuzentzaileak irribarre egiten du, albiste atsegina jaso berri bailuen, Egia da, eskerrak gaur lainorik ez dugun, baina emakume potolo batek, bere hostopila kafesne katilukada handi batekin laguntzen duenak, jakinarazten du meteorologi aldizkariaren arabera, berak Metrologia ahoskatzen du, bizioz, litekeena dela arratsa abailtzean berriro lainoa sartzea, nork esango luke, zerua orain hain garbi egonik, eguzki dirdiratsu honekin, emakumeak ez zuen ohar poetiko hau egin, baina oharra egiteko gogoa eutsi ezinezkoa da, eta horregatik bildu da hona. Eguraldia, zoria bera bezala, aldakorra da, esan zuen zuzentzaileak, esaldia guztiz ergela zela jakinik. Zerbitzariak ez zuen erantzun, emakumeak ere ez, horixe da jokabiderik zuhurrena horrelako erranairu behin-betikoen aurrean, entzun eta entzun ondoren isildu, denborak berak txiki-txiki eginda eroraraziko dituelako zain, oraindik are eta behin-betikoago bihur ditzala arraroa ez den arren, hala gertatu da greziar eta latinoenekin, haiek ere ahazturan amiltzera kondenaturik, denbora erabat iragan denean. Zerbitzariak edalontziak garbitzeari ekin zion ostera, emakumeak gelditzen zaion hostopil zatiari, berehala, disimuloz, heziketa txarreko seinalea delako, baina tentazio eutsi ezinezkoa, pastelaren apurrak dastatuko ditu, hatz-erakusle bustiaz baliatuz, ezin izango ditu den-denak bildu, banan-banan, ordea, hostopilaren zatiak, esperientziaz dakigu, izarren hautsa bezalakoak baitira, zenbatezinak, laino infinitu eta erabateko baten ttanttak. Goxotegi honetan gazte bat egon zatekeen, baita ere, gerran hil izan ez balitz, eta almuedanoaz ari garela, gogoratu behar da jakiten hasiak ginela zer azken eduki zuen, izualdi urrikalkorrezkoa, bere gainean Osberno gurutzatua zetorrenean, ezpata goian eta odol freskoa zeriola zetorren gurutzatuak berak zer azken eduki zuen ez dakigu, ordea, Ala urrikal bedi berak sortu dituen izakiez, berak sortuak eta hala ere dohakabeak. Kafea hartu bitartean, Raimundo Silvak Lisboako Setioaren Historiaren probak bilatzen zituen, berari interesatzen zitzaizkionak, ez erregearen diskurtsoa, ez gatazkaren pasarteak, habail balear edo balearikoen kontua ez zitzaion jada batere interesatzen, eta orain ez du ezer jakin nahi, ezta ere, errendizioaz edo harrapaketaz. Bila zebilena aurkitu du, besteetatik bereizten eta arretaz irakurtzen dituen lau orri, erreferentziarik garrantzizkoenen gainean arkatz markatzaile fluoreszente horia pasatuaz. Emakume potoloak begirune mesfidatiaz begiratzen du ariketa ulertezina, eta gero, ezerk ez duelarik horrelakorik gaztigatu, are eta gutxiago kausa-ondorio harreman zuzena dagoelako besteren ekintzaren eta norberaren pentsamenduaren artean, apurrak arin-arin elkartu ditu metatxo ba eginez, eta hatz-mamiak bat eginik, bildu, estutu eta ahora eramaten ditu, boluptuosoki xurgatuz. Hotsak gogaiturik, Raimundo Silvak zeharka egin zuen so, agiraka eginez bezala, ez da dudarik, egiten du gogoeta, atzera jotzeko tentazioa giza espeziean konstantea dela, On Afonso Henriquesek zakarki jaten badu, hatzekin, alegia, tira, zer egingo diogu, behialako ohitura da, nahiz eta hortik zehar zenbait berrikuntza ikusten hasi den, adibidez labana xerran ilkatzea eta gisa horretan ahora eramatea, inori bururatuko zaio laster labanaren ahoan bertan hortzak egiteko ideia begibistakoa, berandutzen ari dira asmazioarekin, nahikoa litzateke asmatzaile despistatuek nekazariek segatu duten garia batu eta biltzeko erabiltzen duten sarde zakarretako hortzei erreparatzea, garia ez ezik garagarra ere bai, eta bildu ez ezik jaso eta gurdietan sartu, esperientziak garbi erakutsi du, behin eta berriz, artean bezala bizitzan inor ez dela oso urrutira joango gorteko azturek itsututa gelditu bada. Baina goxotegiko emakume honek ez du barkamenik, seguru bere gurasoek, neke handia hartuta, mahaian nola jokatu behar zuen erakutsi ziotela, eta begira orain, berriz jardun txarrean, agian mairuak eta kristauak azturetan berdintzen ziren garai haietako ohituratik asko geldituko zaio, hau, bestalde, oso iritzi eztabaidagarria da, ez baita falta zibilizazio-kontuan Mahomaren jarraitzaileak nagusi zirela uste duenik eta frogatzen saiatzen denik, besteak, bitartean, astapotro ez nolanahikoak, beren egoskorkerian tinkoagotuak, doi-doi kezkatzen hasiak zirela heziketa eta modu onen tirriarekin, dena aldatuko da Andredena Maria gurtzeko sukarra ariman txertatuko zaien egunean, hain sukar bortitza non Jesukristo Bere Semea gurtzea ahaztuko baita, ia, ez esateagatik Zeruetako Aitari, egunerokoan hain jaramon gutxi egiten zaionez, irain egiten ari zaiola. Eta horrela ikusten da nola, berez, ahaleginik gabe, gauzarik gauza leun labain egitearen kariaz, A Graciosan jaten ari den emakumearen hostopil horretatik Harengana igotzen den, batere jan beharrik ez duena baina, ironikoki, guregan mila nahikari eta behar jarri zituena.
Raimundo Silvak Lisboako Setioaren Historiaren probak paperezko poltsan sartzen ditu berriz, aukeratu dituen lau orri horiek izan ezik, horiek artoski tolestu eta jakako barruko poltsikoan gordetzen ditu, eta barrara doa, han zerbitzaria baso bat esne eta opil bat ematen ari zaio lan bila dabilenaren aurpegia duen gazte bati, gazteak egun horretan beste otamen naroagorik izango ez duela aurreikusten duenaren espresio bildua dauka. Zuzentzaileak nahiko oharmen du, nahiko sentiberatasun behatzerakoan, begirada arin batez horrelako informazio osoa atzemateko, are, egunen batean bere etxeko ispiluan horiek bezalako begiak ikusi dituelako hipotesia ere onar genezake, bereak, jakina, esan beharrik ez dago, eta berari iraganaz galdetzea ez du merezi, berarengan gehien interesatzen zaiguna orainaldia da, eta iraganeko oroitzapenik interesatzen bazaigu, gutxiago interesatzen zaigu bererik, hitz tokiz kanpokoak iragan orokorrean aldatu duen zatirik baino. Orain ikusi behar da hitz tokiz kanpoko horrek nora eramango gaituen, lehenik eta behin Raimundo Silva bera nora eramango duen, zeren hitzak, edozeinek, dohain edo bertute hori baitu, hitza esan zuena gidatzearena, alegia, eta gero, agian, agian, baita gu ere, hitzaren atzean ari garelako usnaka ari diren eper-zakurrak baikinen, kontsiderazio hauek guztiak goiztiarrak dira, inondik ere, setioa ez da oraindik hasi ere egin, goxotegian sartzen diren mairuek aho batez kantatzen dute, Irabazi, irabazi egingo dugu, eskuan dauzkagun armekin, litekeena da, baina horrenbesterako beharrezkoa izango da Mahomak dakien erarik onenean lagun dezala, izan ere ez dugu armarik ikusi, eta armategiak, herriaren ahotsa Alaren ahotsa delakoa egia baldin bada, ez du premien arabera beharko lukeen beste arma-hornirik. Raimundo Silvak honako hau esaten dio zerbitzariari, Gorde iezadazu fardel hau apur batean, itxi baino lehen etorriko naiz bila, erraz ulertzen da goxotegiari buruz ari dela, eta zerbitzariak bere atzean dauden bi goxoki-ontzien artean sartzen du paperezko poltsa, Hemen egonik inork ez du ukituko, esan du, ez zaio burutik pasatu galdetzea zergatik ez doan Raimundo Silva bere etxera poltsa uztera, handik gertu bizi delarik, Rua do Milagre de Santo Antónion, karrikaren kantoiari buelta eman eta hantxe, orain, zerbitzariak, iritzi orokorrak besterik esaten badu ere, pertsona diskretuak dira, pazientzia santuaz entzuten dituzte zabaltzen diren zurrumurruak, egun batean bai eta beste batean ere bai, bizitza osoan, eta monotoniak aspertzen hasiak dira, egia da, baina, gizabide profesionaleko behar bati men eginez, beren bizitzeko arrazoia den bezeroa ez dadin haserre, arreta eta interes handia erakusten dutela, baina, dena esatera, beti dute beste zerbait buruan, honi, adibidez, zer axola litzaioke zuzentzailearen erantzuna, erantzungo balio, Telefonoak joko duen beldurrez nago. Gazteak bere opila bukatu du, orain esnea mazel-barnetatik pasarazten du, disimuloz, hortzetan eta hortzoietan erantsirik gelditu zaizkion hondakinak askatzeko, aprobetxatzen den oro irabazia da, horixe erakusten zuten gure gurasoek, baina hainbesteko jakinduria horrek ez zituen aberastu, eta, dakigunez, ez zen hori izan, ezta ere, Benvinda amabitxiaren lanturua jotako ondasunen jatorria, Jainkoak barka diezaiola, ahal badu.
Goxotegiko zerbitzariak ongi egiten du esaten denari adi ez egote horretan. Bestalde, gauza jakina da nazioarteko tirabira larririk denean, turismoa dela ezegonkortasun eta kiebraren berehalako seinalea ematen duen lehen industria-jarduera. Hortaz, hemen, Lisboa izeneko hiri honetan, egoerak berehala setioa eta jazarpena iragarriko balitu, turista hauek ez lirateke iristen ariko, goiz honetan iristen diren lehenak dira, bi autobus, bata japoniarrena, betaurrekoak eta argazkimakinak, bestea amerikarren anorak eta prakekin. Intrepretarien atzean jartzen dira, eta alde banatan, bi lerro bereizietan, igotzeari ekiten diote, Rua do Châo da Feiratik sartuko dira, San Jorgeren horma-konka duen atetik, santua eta herensuge izugarria behatuko dute, japoniarren begietara, espezie honetako basapizti miragarriagoekin ohiturik, herensugea, tamainaz, barregarria da. Amerikarrei gagozkiela, ikustekoa izango da nola gelditzen diren, apal-apal, konturatzen direlarik zein irudi eskasa egiten duen titia kendu berri dioten txekor bat sokaz harrapatzen ari den Mendebaldeko unai batek, zilarrezko armak dituen zaldun honen aldean, garaitezina gatazka guztietan, nahiz eta susmatzen hasi den beste hainbat borrokari uko egin ziola eta iraganean lortu zuen ospeari esker bizi dela. Turistak sartu egin dira, karrika bat-batean geldirik dago, lozorroan dagoela idazteko gogoa emango luke, baldin eta hitzak ez balitu iradokiko ezinbestez, hala gorputzean nola izpirituan, uda kiskalgarri baten makaltasunak, eta iradokizun hori ez balitz bateraezina gaurko goiz hotzarekin, tokia ezin bareago dagoen arren eta pertsonak hain baketsu joanagatik ere. Hemendik ibaia ikusten da, Katedralaren merloien gainetik, eta merloiek, lurraren maldak ikusezin egiten dituen kanpandorrearen gainean, haur-jostailuak dirudite, eta urrun egonik ere, ibaiko baretasuna antzematen da, are, antxeten hegaldia ere igartzen da, ur argien gainetik. Harantzago gurutzatuen bost itsasontzi daudela egia balitz, hiri defentsarik gabea bonbardatzen hasiak lirateke honez gero, baina ez da horrelakorik gertatuko, ederki dakigu alde horretatik ez zaiela mairuei perilik etorriko, esana baitago, eta esana idatzi egin zen fede emateko, portugaldarrek, kasu honetan, ez dutela haiengandiko laguntzarik edukiko, hemen porturatu ziren urez hornitzeko eta nabigazioak sortzen dituen nekeetatik eta ekaitzen nahigabeetatik atseden hartzeko, gero beren bideari ekingo diote berriz, fedegabeen eskuetatik erauzteko, ez hau bezalako hiri arrunta, Jainkoaren pisua sentitu zuen lur baliotsua baizik, Jainkoaren beraren oin-arrastoa, ortozik, oraindik ere gorde behar duen lurra, beste inor gehiagok sekula berriz zanpatu ez zuen tokiren batean, euriak eta haizeak ukitu ez duten tokiren batean.
Raimundo Silvak Rua do Milagre de San António aldera ematen duen kantoia jiratu zuen, eta bere etxe aurrean pasatu zelarik, agian inguratzen zuten hotsen erdian entzumena erdi kontzienteki zorrozten zuelako edo, une batez, telefono baten txirrin-hotsa nabaritzen zuela iruditu zitzaion, Nirea izango da, pentsatu zuen, baina hotsa oso gertutik iritsi zen, kalearen beste aldeko bizartegitik agian, eta segundo hartantxe beste posibilitate bat etortzen zaio burura, hura arduragabekeria, berea, Costa telefonoa erabiltzetik hasiko zela uste izatea ergelkeria itzela izan zen, Batek daki ez ote den oraintxe bertan hortik zehar etorriko, irudimenak amore eman zuen berehala, jazoera osatu zuen, berehala, Costa bere ibilgailuan, Rua do Limoeiro suturik igoz, Katedraleko bihurgunean pneumatikoen kirrinka-hotsa airean da oraindik, Raimundo Silva lehenbailehen ezkutatzen ez bada, hor agertuko da Costa, motorra orro batean, atera iristen denean frenuari hondoraino sakatuz, eta esanez, hatsalbo, Igo, igo, hitz egiteko asko daukagu, ez, hemen ez dut hitz egin nahi, guztiarekin ere Costa ongi hezitako jendea da, ez da kalean eszena bat antolatzeko gauza. Zuzentzaileak ez du gehiagorik behar, S. Crispimeko eskailerak arrapaladan jaitsi, eta bihurgunea eman arte ez da gelditzen, Costaren miatzetik ezkutuan. Eskaileretako tranko batean esertzen da, beldurra uxatzeko, muturra luzatuz eta irrika nabarmenaz hurbildu den zakur bat xaxatzen du, eta proba-metatik bereizi dituen paperak ateratzen ditu poltsikotik, destolesten ditu, belaun gainean lisatzen.
Bere ideia, begiratokitik mailadiak bailiran ibairaino jaisten diren teilatuak miratzen zituenean jaiorikoa, mairuen harresiaren trazadura ibiltzea da, historialariak ematen dituen informazioen arabera, informazio gutxi da, eta zalantzaz beterikoa, historialariak berak zintzo onartzen duen bezala. Baina hemen, Raimundo Silvaren begien aurrean, harresi ustelezinaren beraren zatia ez bada, gutxienez harresi horren toki zehatza betetzen duen horma bat da, eskaileretatik behera doa, leiho nasaien lerrokada baten azpitik, horien gainean teilategal garaiak ikusten direla. Raimundo Silva, beraz, hiritik kanpoko aldean dago, armada setiatzailearen kidea da, leiho nasai horietakoren bat zabaldu eta bertan neskatila mairu bat azaltzea baizik ez da falta, kantari, Hau da Lisboa estimatua, Babestua, Hemen galduko da, Kristaua, eta kantuan aritu ostean leihoa danbatekoaz itxi zuen, erdeinuz, baina, zuzentzaileen begiak ez badira gezurretan ari, muselinazko errezela leunki apartatu zen, keinu soil hori nahikoa izan zen hitzetan zetzan zemaia hauts zedin, esanikoa hitzez hitz hartuz gero bederen, litekeena baitzen, itxurak besterik erakusten bazuen ere, Lisboa emakumezkoa izatea, eta ez hiria, orduan galera maitasunezkoa liteke soilik, adberbio murriztailea sartzen ahal badugu hemen, eta egiazko galera zoriontsu bakarra horixe ez baldin bada. Zakurra berriz hurbildu zen, Raimundo Silvak orain beldurrez so egiten dio, amorratua egongo ote den edo, egun batean, non ez du gogoan, buztana eroria edukitzea dela gaitz izugarriaren seinaleetako bat irakurri zuen, buztan hau ez dabil oso kementsu, baina gosearengatik izango da, animaliari ongi nabari zaizkio saihetsezurrak, eta beste seinaleetako bat da, hau erabakigarria baina, letagin eta ahutzetatik erortzen zaion lerde makurra, alabaina, hemen den txakurtxoari lerdea badario, hemen S. Crispimeko eskaileretan gisatzen ari den janari-usainaren eraginez izango da. Zakurra, lasai gaitezen, ez dago amorratuta, mairuen garaian balitz, agian, baina orain, hau bezalako hiri moderno, osasuntsu, ongi antolatuan, zakur alderrai bat ikustea bera ez da ohikoa, segurutik bide apartatu eta maldatsu honetan maiz ibiltzea nahiago izateak libratu du sarean erortzetik, bide honek zango zalua eta hats gaztea eskatzen ditu, eta zakurzainek ez dituzte ezinbestez dohain horiek beren baitara biltzen.
Raimundo Silvak paperak kontsultatzen ditu, buruz jarraitzen dio ibilbideari, zeharka so egiten dio zakurrari, eta orduan gogoratzen du historialariak nola deskribatzen duen bi hilabetetan goseak zer nolako kalteak eragin zituen setiatuetan, orik edo katurik ez zen bizirik atera, azkenean baita arratoiak ere jan zituzten, baina orduan, hala bazen, almuedanoa sinestunak otoitz egitera deitzeko alminarrera igo zen goiz bare hartan zakur batek zaunka egin zuela esan zuenak arrazoi zuen, eta oker zegoen, bai, zakurra animalia lohia izanik, mairuek ez zutela beren begibistan onartuko argudiatuko zuena, alabaina, onets daiteke etxeetatik kanpo edukiko zituztela, fereketatik kanpo, baita eltzekotik kanpo ere, baina ez Islam zabaletik kanpo, zeren, egia esanda, geure-geureak diren lohikeriekin bakean bizitzeko gauza bagara, nondik nora uxatuko dugu, bortizki uxatuko, besteren lohikeriarik, kasu honetan zakurrena, eta, beraz, gizakiena baino askozaz errugabeagoa, zakurraren izena gaizki erabiltzen dute gizakiek, ezker-eskuin erabiltzen dute etsaien aurpegira botatzeko, mairuek kristauei, kristauek mairuei, eta guztiek juduei. Hobekien ezagutzen ditugunen gainean baizik ez mintzatzeagatik, hau da, hortik datozen aitoren seme portugaldarren gainean, ezin artatsuago zaintzen dituzte euren dobazakurrak eta alanoak, eurekin lo egitea atsegin izateraino, beren ohaideekin baino areago, eta, ikustekoa da, etsairik ankerrenarentzat ez dute hitz itsusiagorik, Zakurra, esaten diote, eta badirudi ez dela hori baino laido mingarriagorik, Zakurkumea ez bada. Eta hau guztia gizakien nahibezalakotasunezko irizpideari esker, haiek dira hitzak egiten dituztenak, animaliek, errukarriek, liskarra ikusten dute, gramatika horien berririk batere eduki gabe. Zakurra, dio mairuak, Zeu bai zakurra, erantzuten dio kristauak, eta borrokan hasten dira, lantza, ezpata edo dagarekin, zakurrek bitartean zera esaten diote elkarri, Zakurrak geu gara, eta haiei ez zaie axola.
Zer bide hartu behar duen badakiela, Raimundo Silva zutitu egiten da, prakak astintzen ditu eta eskailerak jaisten hasten da. Zakurrak atzetik darraio, baino urrun samarretik, harrikada kontuan eskarmentu luzea duenaren antzera, eta beldurtzen hasteko nahikoa du ikustea gizona makurtzen dela, eta harri bat hartzen duelakoa egiten duela. Eskaileren bukaeran zalantzan hasi zen, bazirudien bere artean esaten zuela, Aurrera egingo dut, ez dut aurrera egingo, baina azkenean zuzentzailearen atzean joan zen, zuzentzailea Calzada do Correio Velho jaisten ari da. Toki horietatik, pittin bat barrurago agian, S. Crispimeko zatiaren errenkadari men eginez, jaisten zen harresia, lerro zuzenean, uste izatekoa da, Porta de Ferro ospetsuraino, hainbatek de Ferro ez eta do Ferro esaten dio, guk dakigula delako ate horren arrastorik ez da inon gelditu, Plaza de Santo António da Sé honetako harzola moderno hau altxatuko bagenu, eta sakoneraino zulatuko bagenu, agian garai haietako gairik azalduko litzateke, behialako armen herdoilaren ezkata batzuk, hilobioaren usaina, eta bi eskeleto nahasirik, baina ez maitaleenak, borrokalarienak baizik, aldi berean oihu egingo dute, Zakurra, eta aldi berean elkar hilko dute. Automobilak gora eta behera doaz, tranbiek karranka hotsak ateratzen dituzte Magdalenako bihurgunean, hogeita zortzi lerrokoak dira, zine-zuzendariek bereziki maite dituztenak, hor aurrean, Katedralaren aurrean bira eginez, turistez leporaino dagoen beste autobus bat badabil, Espainian daudela uste duten frantziarrak izango bide dira. Zakurra kalea igaro ez igaro dago, hobekien ezagutzen duen mundu hurbila goiko karriketakoa da, eta gizonak Rua da Padariatik behera doan bitartean atzera begiratzen duela ikusten duen arren, ez du erabakia hartzen, gizona orain mende batzuk Rua da Padariatik Rua dos Bacalhoeiroseraino iritsiko zen harresi-zatia izango zenaren ondoan doa, zakurra ez da aurrera egiten ausartzen, beldurra jasanezina egin zaio, behialako izu bat etorri zaio, katu galdarraztatuak ez du urik maite, zakurrak ere ez. Zakurra S. Crispimeko eskaileretara itzultzen da, inor noiz agertuko zain.
Zuzentzailea miatzen ari da, Arco Escurotik sartu da, eskailera ezagutzeko, historialariak baieztatzen duelako eskailera hori zela, garai haietan, harresiko adarbera sartzeko zegoenetako bat, edo hobe, eskailera hau jatorrizkoa egongo zen tokian dagoela, bi edo hiru belaunaldik, gehienez ere, higatu dituzten gaurko trankoak. Raimundo Silvak leiho ilunak arretaz behatzen ditu, fatxada kresaltsu eta zikinduak, axuleiuen irudiak, honako honek mila zazpiehun eta hirurogeita lauko data du, Santa Ana bat ageri da, Maria alabari irakurtzen erakusten ari zaio, alboetako dominetan akolitoak daude, S. Marçal, esatera, suteetatik babesten duena, S. Antonio, potin-konpontzailea eta bidez tronpatu diren gauzakien aurkitzaile gorena. Axuleiuak, egiaztagiria ezean, gutxi gorabeherako dokumentuak dira, daramaten data baldin bada, dirudienaren arabera uste izatekoa den bezala, etxea eraiki zenekoa, lurrikara gertatu eta zazpi urte geroagokoa. Zuzentzaileak bere jakintzen emaria baloratzen du, eta uste baino aberatsagoa aurkitu, horregatik, Rua dos Bacalhoeirosera itzulirik, oinezko ezjakinei gehiagotasunezko erdeinuaz begiratuko die, bizitza eta hiriaren bitxikeria hauei erreparatzen ez dietelako, bi data hain esanguratsu elkarrekin lotzeko ere gaitasunik ez dutelako. Haatik, geroxeago, Arco das Portas do Maren aurrean dagoenean, bere baitan hausnartzen duela izenak beste itzulpen arkitektoniko bat mereziko zuela, eta ez funtzionarioen mailako izen mordoilo eta arrunt hori, une horretan, hitza eta zentzuaren arteko elkarrekin ezin topo egiteari buruzko gogoeta egiten ari dela, bere buruari erreparatu zion, eta bere buruaz egin zuen juizio zorrotza, Azken finean ba ote dut nik besteak epaitzeko eskubiderik, Lisboan bizi naiz jaio nintzenetik, eta gaur arte ez zait sekula burutik pasa ikustera etorri, neure begiez, liburuetan dauden gauzak, inoiz miratu eta berriz miratu nituen gauzak, miratu bai baina ikusi ez nituenak, almuedanoa bezain itsu ia, eta Costaren mehatxuagatik ez balitz, seguru asko ez zitzaidan inoiz burura etorriko harresiaren trazatua errepasatzea, ateak, hemengo hauek uste dut harresi fernandotarrekoak izango direla, nire ibilaldiaren bukaerara iristen naizenean gehiago jakingo dut, noski, baina aldi berean gutxiago jakingo dut, gehiago dakidalako, hain zuzen ere, ea azaltzea lortzen dudan, gehiago jakitearen kontzientziak gutxiago jakitearen kontzientziara eramaten nau, gainera, zer da jakitea, galdetzeko gogoa ematen du, historialariak arrazoi zuen, filosofoaren jaidura daukat, filosofo onarena, buruhezur bat hartu eta bizitza osoa buruhezur batek unibertsoan zer garrantzi duen bere buruari galdezka pasatzen duene horietakoarena, eta are unibertsoak buruhezur horretaz kezkatzeko arrazoirik ote duen, edo inork unibertsoaz eta gogoeta egiteko, eta orain iristen ari gara, hau gidari ezinbestekoak dio, jaun-andreok, turistak, bidaiariak edo hankabiko ikusbera soilak, iristen ari gara Arco da Conceiçaora, Preguiça iturria eraiki zen tokira, ur ezin gozoagoak, jende askoren egarria eta lan egiteko gosea amatatu zituztenak, gaur artean.
Raimundo Silvak ez du presarik. Ibilbidea seriotasun osoz kontsultatzen du, oharrak hartzen ditu jakinahia asetzeko, buruz, elkarren osagarriak, nolabait esatearren, bere garaikidetasunaren lekuko badirenak, Calçada do Correio Velhon hileta-zerbitzuetako agentzia iluna, zeru urdinean apar txuria, erreaktore batena, itsaso urdinean itsasontzi arin baten arrasto luzea bezalakoa, Rua da Padariako Casa Oliveira Bons Quartos, Restaurante Come Petisca Paga Vai Dar Meia Volta, Portas do Maren ondo-ondoan, Arco da Conceiçao Cervejaria, Arco de Jesus-eko etxe bateko kantoian Mascarenhas leinuaren armarri altua, mairuen harresiko ate bat egongo zen tokian, hormako grafitia, protestaka, Coculim kondeen jauregiko atari neoklasikoa, horiek ere Mascarenhas familiakoak ziren, burdin gordetegia, horretan bukatu ziren handitasunak, gauza iheskor, iragankorren mundu bat, bistan da dena dela iheskor eta iragankorra, hegazkinaren arrastoa desagertu egin da, denborak desagerraraziko ditu gainerakoak bere denboran, zain egoteko pazientzia edukitzea nahikoa. Zuzentzaileak Arco do Chafariz d'El-Reitik barna sartu zen Alfamara, hor nonbait bazkalduko du, Rua de S. Joâo da Praçako jatetxe batean, S. Pedro dorreko alde horretatik, janari portugaldar herrikoa, txitxarro frijitua eta arroza tomatearekin, entsaladarekin, zorte ona izan zuen, letxuaren kukuiluko hosto ezin samurragoak egokitu zitzaizkion, kukuiluetan biltzen dira, eta hau denek ez dakiten egia da, goizaren freskotasun alderaezina, ihintza, langarra, dena gauza bera da, baina errepikatu egiten da hitzak idazteko gustuarengatik eta goxo-goxo esateagatik. Jatetxeko atarian bazen neskatila bat, ijitoa, hamabi bat urtekoa, eskua luzatuz, zain, hitzik ere esan gabe, zuzentzaileari tinko-tinko so egiten ziola, besterik ez, eta zuzentzaileak, bere burua betetzen duten pentsamenduetan eskegirik, ez zuen ijitorik ikusi, mairua baizik, beharraren lehen orduan, oraindik nori eskatua bazegoen orduan, zakurrek, katuek eta saguek berez hil arteko bizimodua, gaixotasunaz edo espezieen arteko gerraz hil arteko bizimodu segurua bazutela uste zutenean, finean aurrerapena egiazkoa da eta gaur egun inor ez dabil Lisboan hau bezalako piztiak ehiztatu nahian gero jateko, Baina setioa ez da bukatu, ijitoaren begiek gaztigatzen dute.
Raimundo Silvak polikiago ibiliko du aztertzeko gelditzen zaion aldea, Pátio do Senhor da Murçan beste harresi zati bat, Rua da Adiça, hortik igotzen zen harresia, orain Norberto de Araújo bataiatu berria, gainean harresi zati ahaltsu bat, oinarrian pipiak janda, hauek harri benetan biziak dira, duela bederatzi edo hamar mende daude hemen, gehiago ez bada, barbaroen garaietatik, eta hor diraute, Santa Lucia edo S. Brás, berdin da, elizaren kanpandorreari eusten diote, ikaragaitz, toki honetan irekitzen ziren, ladies and gentlemen, behialako Portas do Sol, sortaldeari begira, egunsentiaren hats gorrixka jasotzen lehenak, orain ateen izena hartu zuen plaza baizik ez da gelditzen, baina goiztiriaren efektu bereziak ez dira aldatu, milaurteko bat, eguzkiarentzat, gure hasperen labur bat bezalakoa da, sic transit, bistan da. Harresiak alde hauetatik segitzen zuen, angelu kamutsa eginez, oso irekia, zuzenean zihoalarik gotorlekuko harresira, horrela ixten zen hiriko gerriari inguratzea, beheko uren ertzetatik, gaztelutxoan topo egiten zuten korapiloetaraino, burua goian eta mihiztadura sendoak, besoak arkua eginez, hatzak elkarri lotuak, irmoak, sabelari eusten dion emakume haurdun baten antzera. Zuzentzailea, nekaturik, Rua dos Cegosetik igotzen da, On Fradiqueren patioan sartu, denbora bi adarretan irekitzen da labar-herrixka hau ez ukitzeko, godoen garaietatik berdin-berdin dago, nolabait esateko, edo erromatarren edo feniziarren garaietatik, mairuak ondoren etorri ziren, gero jatorrizko portugaldarrak, horien seme eta bilobak, gaur garenok, boterea eta loria, lehen dekadentzia, bigarrena eta hirugarrena, horietako bakoitza genero eta azpigeneroetan banaturik. Gauez, etxe baxuen arteko espazio honetan, hiru mamuak elkartzen dira, izan zenaren mamua, izateko zorian egon zenarena eta izan zitekeenarena, ez dira mintzatzen, elkarri begiratzen diote, itsuek elkarri begiratzen dioten bezala, isilik.
Raimundo Silva harrizko jarleku batean esertzen da, arratsaren itzal hotzean, paperak azken aldiz begiratzen ditu, eta ez dagoela ezer gehiago ikusteko egiaztatzen du, gaztelua nahikoa ezagutzen du, gaur, inbentarioa egiten ari izanik ere, joan behar ez izateko. Zerua zuri jartzen hasten da, agian metereologiak agindu duen lainoaren gaztigu bat da, tenperatura bizkor jaisten da. Zuzentzailea patiotik irten eta Rua do Châo da Feirara doa, aurrean Porta de Sâo Jorge dago, oraindik bada santuari argazkiak ateratzen ari zaion jendea. Berrogeita hamar metro baino hurbilago, hemendik ikusten ez den arren, bere etxea dago, eta hori pentsatzen duenean konturatzen da lehen aldiz, argitasun beteaz, behiala Porta da Alfofa irekitzen zen toki zehatzean bizi dela, ate horretatik barru aldera edo atetik kanpo aldera bizi ote den, gaur ezin jakin daitekeen gauza da, eta horrek galarazten digu jakitea Raimundo Silva setiatzailea edo setiatua ote den, etorkizuneko irabazlea edo erremediorik gabeko galtzailea.
Etxeko ate azpian ez zen Costa haserrearen inolako mandaturik. Gaua etorri zen eta telefonoak ez zuen hotsik egin. Raimundo Silvak mairuen Lissibonaz mintzatzen ziren liburuak apalategietan bilatuz amaitu zuen eguna. Berandu zelarik, begiratokiraino joan zen, eguraldia nola zegoen ikustera. Lainoa bazegoen, baina ez atzokoa bezain lodi. Bi zakurren zaunka entzun zuen, eta horrek, bitxia izanik ere, gehiago lasaitu zuen. Zakurrak zaunkaka ari ziren menderik mende, mundua bera zen, hortaz. Lotara joan zen. Eguneko ariketak nekaturik, sakon egin zuen lo, baina zenbaitzuetan iratzarri egin zen, barruan ezer ez zuen harresi batekin amets egiten zuenean, behin eta berriz, sabela ibai ertzeraino luzatzen zuen aho estuko zakua bezalakoa zen harresi batekin, bere inguruan muino zuhaiztun, baso eta ibar, erreka, etxe barreiatu zenbait, baratze, olibadiak eta lehorrerantz sartzen zen estuario zabala bazituena. Urrutian, Amoreiraseko dorreak argi nabarmentzen ziren.
© José Saramago
© itzulpenarena: Jon Alonso