IV. kapitulua

 

        Bakarrik geunden, beraz, Mallorcan, basamortuan bezain bakarrik; eta ziminoekiko gerraren bidez eguneroko bizibidea lortuta zegoelarik familiartean esertzen ginen, sutontziaren inguruan, haien lepotik barre egitera. Baina negua aurrera zihoan heinean, tristurak eteten zituen nire baitan pozaren eta lasaitasunaren aldeko ahaleginak. Gure eriaren osasuna okerretik okerragora zihoan; haizeak negar egiten zuen uharrean, euriak gure leihoak jotzen zituen, hormetan zehar sartzen zen trumoiaren ahotsa eta haurren barrearen eta jolasen artean jartzen zuen bere doinu goibela. Arranoak eta putreak, lanbroarekin harrotuta, nire leihoa mukuru betetzen zuen mingranondoraino jaisten ziren gure txoritxoak jatera. Itsaso haserreak kaietatik ezin irtenik zeuzkan itsasontziak; atxilo bezala sentitzen ginen, laguntza argitsu eta adeitasun eraginkor orotik urrun. Heriotza gure buruen inguruan biraka zebilela ematen zuen, gutako norbait noiz harrapatuko, eta gu geu ginen hari harrapakina kentzeko lehian ari ginen bakarrak. Gure inguruan ez zegoen gizaki bakar bat ere gure eria hilobira eraman nahi izango ez zukeenik haren hurbiltasunaren arriskua desagerraraztearren. Etsaitasunezko pentsamendu hori izugarri tristea zen. Aski indartsu sentitzen ginen besteek ukatu ziguten laguntza eta adeitasuna geuk emateko besteen ordez, zainketen eta eskaintzaren bidez; are gehiago, halako egoera zailetan bihotza handiagotzen eta maitasuna biziagotzen direla uste dut giza elkartasunaren sentimenduak ematen dien indarrarekin. Baina gure arimetan pairamen handia genuen, sentimendu hura ulertzen ez zuten izakien artean harrapatuta baikeunden eta izaki haien ustez guk hartu behar baikenuen beraiengatik damurik minena haiek gutaz errukitu ordez.

        Ni zeharo harrituta nengoen gainera. Ez dut inolako ezaguera zientifikorik, eta sendagilea izan beharko nintzatekeen, sendagile handia, erantzule bakarra nire bihotza zuen eritasun bat sendatzeko.

        Bisitan etorri ohi zitzaigun sendagilea, zeinaren arreta eta talentua ez baitut zalantzan jartzen, oker zebilen, sendagile guztiak, baita ospetsuenak ere, ibil daitezkeen bezala, eta bere aitorpenaren arabera, jakintsu zintzo oro sarritan tronpatzen den bezala. Bronkitisaren ondoren, laringeko hetikari dagozkion gertaera batzuk eragiten zituen urduritasun bitxi bat etorri zen.

        Gertaera horiek ikusita zegoen sendagilea tarteka, eta niretzat begibistakoak ziren arren berak kontrako sintomarik ikusten ez zuenez, hetikak jotakoei komeni zaien osabidea ezarri zion: odol ateratzea, dieta, esnekiak. Neurri horiek guztiak kaltegarriak ziren, eta odol ateratzeak heriotza ekarriko ziokeen. Eriari bere senak esaten zion hala gertatuko zela eta nik ere, sendagile ez naizen arren gaixo asko zainduta nagoenez, susmo berbera nuen. Baina dardara eragiten zidan huts egin zezakeen sen horri jarraitzeak eta sendagile trebe baten esana ez betetzeak; eta eriaren egoerak okerrera egiten zuela ikusirik, izugarrizko estuasuna sentitzen nuen, edonork pentsa lezakeen bezala. Odol ateratze batek salbatuko du, esaten zidaten, eta ezezkoa ematen baduzu, hil egingo da. Eta hala ere, bazen beste ahots bat, ametsetan ere hitz egiten zidan ahots bat: odol ateratze batek hil egingo du, eta ebaketatik babesten baduzu, onik aterako da. Ziur nago Probidentziaren ahotsa zela, eta gaur egun, gure adiskidea, mallorcarren etsaia, nik baino hetika larriagorik ez duela begi bistakoa den honetan, Jainkoari eskerrak ematen dizkiot salbazioa ekarri zigun adorea galarazi ez zidalako.

        Dietari dagokionez, oso zen kaltegarria. Haren ondorio txarrez jabetu ginenean ahal bezain jaramon gutxi egin genion, baina zoritxarrez ez zegoen aukera handirik bertako bizigarri minen eta jatenik urrienaren artean. Esnekien kalteaz gerora jabetu ginen; izan ere, hain ziren urriak Mallorcan, ezen ez baitziguten batere kalterik ekarri. Garai hartan esneak mirariak egingo zituela uste genuen oraindik, eta izugarrizko atsekabeak izan genituen esnea lortzeko. Mendi haietan ez dago behirik, eta saltzen ziguten ahuntz esnea bidean edaten zuten haurrek, esne bila joaten zitzaizkigunean; horrek, halere, ez zuen galarazten txarroa irten zenean baino beteago itzultzea gurera. Goizero gertatzen zen mirari hura, mezularia kartujako patioan, iturri alboan, otoitz egiten saiatzen zenean. Halako miraririk gehiago gerta ez zedin ahuntz bat eskuratu genuen. Zalantzarik gabe, munduko pertsonarik gozo eta adeitsuena zen Afrikako ahuntz txiki hura; sarrioaren koloreko ile laburra zuen, burua adarrik gabea, sudurra zapala eta zintzilik belarriak. Hangoak gureen oso bestelakoak dira. Orkatz larrua dute eta arkume tankera, baina ez dute gure antxume alaien tankera bihurri eta bizia. Aitzitik, malenkoniak hartuta daudela dirudi. Ahuntz horiek bestelakoak dira, orobat, erro txikiak dituztelako eta esne gutxi ematen dutelako. Beren onenean zapore zakar eta basatiko esnea ematen dute, eta mallorcarrek asko goresten duten arren, nazkagarria iruditu zitzaigun guri.

        Kartujako gure adiskideak lehenengo umaldia zuen; ez zituen bi urte ere eta oso esne gozoa ematen zuen; ez zuen oparo ematen ordea; batez ere, garai batean mendi gailurretan berarekin jauzika ez (serioegia, mallorcarregia baitzen bera horretarako) baina ametsetan ibili ohi zen taldetik bereizi zutelarik gurearen moduko malenkonia batean murgilduta gelditu zenez gero. Eta hala ere, oso belar onak zeuden patioan, eta belar usaintsuak, kartujoek denbora gutxi zela landatu eta oraindik gure lore saileko lubakietan hazten ziren belarrak; alferrik ordea, ezerk ez zuela arinduko haren gatibualdia. Klaustroetan noraezean ibiltzen zen, lurjota eta erabat atsekabetuta, harriak pitzatzeko moduko intziriak boteaz. Ardi handi bat jarri genion lagun, artile zuri eta sei hazbete luzekoa, gurean jostailu dendetako erakus-mahaietan eta gure amonen haizemaileetan bakarrik ikusten diren ardi horietako bat. Adiskide zoragarri hark lasaitasun pixka bat eman zion, eta esne gurintsua eman zigun. Baina bien artean, eta ondo bazkatzen ziren arren, hain gutxi ematen ziguten, ezen susmo txarra hartu baikenien Maria Antoniak, niñak eta Katalinak gure abereei egiten zizkieten bisita sarriei. Horrela bada, kanpandorrearen azpiko patio txiki batean giltzapetu genituen ardia eta ahuntza, eta geuk hartu genuen haiek jezteko ardura. Oso esne mehea ematen zuten, baina semeak eta nik txandaka txikitzen genituen almendren esnearekin nahastuta edabe nahiko osasungarria eta atsegina gelditzen zen. Ez genuen bestelakorik lortzeko aukera handirik ere. Palmako droga guztiak zikintasun jasangaitzekoak ziren. Espainiatik eramaten duten azukre findu gabea beltza da, koipetsua, eta eragin libragarria du hartara ohituta ez daudenentzat.

        Egun batean gure salbazioa aurkitu uste izan genuen abeltzain aberats baten lorategian bioleta batzuk ikusi genituelarik. Infusio bat egiteko bioletak hartzeko baimena eman zigun, eta gure fardeltxoa osatua genuelarik, bioleta bakoitzeko txanpon bana ordainarazi zigun: txanpon mallorcar bat, Frantziako hiru txanponen balioa duena.

        Etxeko zainketa horiez gainera, logeletan erratza pasa eta ohea egin behar izaten genuen gauean lotarakoan; neskame mallorcarrak ohea ukitu orduko joritasun handiz kutsatzen zizkigun nire seme-alabak oilasko erre baten bizkarrean ikusi eta hainbeste dibertitu zituen tasunak. Ordu batzuk baino ez zitzaizkigun gelditzen lanerako eta paseoan ibiltzeko, eta ondo erabiltzen genuen denbora hura. Haurrak ikasten aritzen ziren, eta ondoren gure muturrak gure ezkutalekutik atera besterik ez genuen paisaje askotariko eta zoragarrienetan sartzeko. Mendien ikusmira zabal hartan urrats bat eman orduko ikusten zen gertaera bitxi bat, kapera bat harkaitz malkartsu baten gainean, gurbitzezko basotxo bat malda pitzatu batean, baseliza bat kanabera handiz betetako iturri baten ondoan, zuhaizti sarri bat goroldioak estalitako eta zuntzez brodaturiko harkaitz puska handien gainean. Eguzkiak une batez agertzea erabakitzen zuenean landare haiek guztiek, harri haiek guztiek eta euriak arazturiko lur haiek guztiek kolore liluragarria eta distira izugarri bizia hartzen zuten.

        Bi ibilaldi egin genituen bereziki aipagarriak. Ez dut lehenengoaren oroitzapen onik, nahiz eta une zoragarriak izan ziren. Gure eria, osasuntsu artean (Mallorcako gure egonaldiaren hasieran izan baitzen), gurekin etorri zen, eta orduan jasan zuen gerora bere eritasunaren erasoa ekarriko zuen itomen larria.

        Itsasertzean zegoen baseliza batera iristea zen gure helburua; kartujatik hiru miliara zegoen. Mendikatearen eskuineko adarrari jarraitu genion eta muinoz muino igo ginen uhartearen iparraldeko kostalderaino, oinak birrintzen zizkigun bide harritsu batean gora. Bidexkaren bihurgune guztietatik ikusten genuen itsasoaren ikuskizun handia, han hondoan, landare ederren artean. Lehenengo aldia zen itsasertz emankorrak ikusten nituena, lehenengo olaturaino zuhaitzez beteriko itsasertz berdeak ikusten nituena, amildegi zurbilik gabe, hareatza morturik gabe eta hondartza buztintsurik gabe. Frantziako kostaldetik ikusi dudan guztian, itsasoa beti iruditu izan zait zikin edo nardagarriegia hartara hurbiltzeko, are Port Vendresko kostaldean ere, non agertu zitzaidan azkenik bere edertasun betean. Hain miretsia den Veneziako Lidok harea izugarri biluziak ditu zure oinetara saldoka joan eta amesgaizto batean bezala gero eta talde handiagoan jarraitzen dizuten musker handiez beteta dago. Royanten, Marseillan, eta uste dut gure itsasertzeko bazter guztietan ia, itsasbelar likatsuzko eraztun batek eta harea antzuak itsusten dute itsasbazterra. Mallorcan ikusi nuen, azkenik, ametsetan agertu ohi zitzaidan bezalaxe, aratza eta zerua bezain urdina, uhin leunekikoa, garaiera jakin batetik begiratuta mugikortasunik apenas sumatzen zaien ildoetan erregularki landutako zafirozko zabaldi bat bezala, eta baso berde ilunez inguratua. Mendi makur hartan urrats bat egin orduko ikusmira berria agertzen zitzaigun begi bistan, aurrekoa baino are ikusmira bikainagoa. Hala ere, ermitara iristeko oso behera jaitsi behar izan genuenez, itsasertza ez zitzaidan hilabete batzuk geroago kostalde hartako beste gune batean ikusi nuen bezain eder agertu, nahiz eta han ere ederra zen benetan.

        Han bizi diren eremutarrek —lauzpabost dira— ez zuten inongo poesiarik. Haien bizitokia beren bizibideak aditzera ematen zuen bezain miserablea eta basatia zen; eta mailetan antolatutako beren baratzean, zeinetan aurkitu baikenituen aitzurrean, itsasoaren bakartasuna agertzen zaie begien aurrean bete-betean. Baina munduko izakirik ergelenak iruditu zitzaizkigun. Ez zuten inolako eliz jantziren arrastorik. Fraide nagusiak aitzurra utzi zuen eta guregana etorri zen artile beigezko bere jaka biribilarekin; haren ile motzak eta bizar zikinak ez zion batere itxura erakargarria ematen. Bere bizitzako nekaldiez hitz egin zigun, eta batez ere, inguru hartan egiten zuen hotz jasanezinaz; baina sekula izotzik egiten ote zuen galdetu genionean, ezin izan genion ulertarazi izotza zer den. Ez zuen hitz hori inongo hizkuntzatan ezagutzen, eta sekula ez zuen Mallorca baino herrialde hotzagoen berririk izan. Hala ere, bazuen Frantziaren entzutea, 1830ean Argel konkistatzera zihoan ontzidia ikusi baitzuen handik igarotzen; hori izan zen bere bizitzako ikuskizunik ederrena, harrigarriena, bakarra agian. Frantsesek Argel hartzerik lortu al zuten galdetu zigun; eta Constantina hartu berri zutela esan genionean begiak zabal-zabal egin eta esan zigun frantsesak herri handia zirela.

        Gelaxka zikin batera igo gintuen, eta han ikusi genuen ermitauen burua. Ehun urtetik gora izango zituela iruditu zitzaigun, eta harri eta zur gelditu ginen laurogehi besterik ez zituela jakin genuenean. Gizon hura ergeltasun egoera bete-betean zegoen, baina oraindik lanean aritzen zen oharkabean, zurezko goilareak egiten esku lokaztu eta dardaratiekin. Ez zigun jaramonik egin, nahiz eta ez zen gorra; eta abade nagusiak deitu zionean, bere buru handia altxa (argizarizkoa zela esan zitekeen) eta piztia aurpegi izugarri bat erakutsi zigun. Gutxiespen intelektualezko bizitza oso baten aztarna ageri zen aurpegi eragabe hartan; begiak berehala apartatu nituen harengandik, munduko gauzarik izugarriena eta penagarriena ikusi banu bezala. Limosna eman genien, eskeko ordena bat baitzen, eta nekazariek oraindik haienganako jaiera handia dutenez, ez baitute uzten ezeren beharrean egon daitezen.

        Kartujarako itzuleran haize zakarra atera zuen bat-batean; behin baino gehiagotan bota gintuen lurrera eta hainbeste zaildu zigun bidea ezen zeharo abailduta gelditu baitzen gure eria.

        Bigarren ibilaldi aipagarria Mallorcatik alde egin baino egun batzuk lehenago egin genuen, eta bizi guztian ahaztuko ez dudan bihotz-ikara eragin zidan. Izadiaren ikuskizuna sekula ez zitzaidan hain erakargarri agertu, eta jakin badakit hiruzpalau aldi baino gehiagotan liluratu nauela bizitzan zehar.

        Euria atertu zuen azkenik, eta udaberria hasi zen bat-batean. Otsailean geunden; almendrondo guztiak loretan ziren, eta larreak ihi usaintsuez betetzen ari ziren. Hori zen, zeruaren koloreaz eta paisajearen tonuen bizitasunaz gainera, bi urte sasoien artean begiak suma zezakeen desberdintasun bakarra; izan ere, eskualde horretako zuhaitzak hosto iraunkorrekoak dira gehienak. Hostoak goiz irteten zaizkien zuhaitzek ez dute izoztearen kaltea jasaten; belarrak fresko irauten du eta loreek aski dute goiz eguzkitsu bat muturra haizeari erakusteko. Gure lorategiak oin erdi elur zuenean, ekaitzak larrosatxo igokari ederrak kulunkarazten zituen gure hesian eta zurbil samar egonagatik ere, ez zuen ematen oso aldarte txarrean zeudenik.

        Iparraldetik komentuko atetik begiratzen nuenez itsasoa, gure eria bizpahiru orduz laguntza gabe moldatzeko moduan zegoen egun batean abiatu ginen, azkenik, ni eta nire seme-alabak, alde hartako hondartza ikustera. Ordu arte ez nuen batere jakinminik izan, nahiz eta seme-alabek —sarrioak bezala ibiltzen baitziren atzera eta aurrera— esan zidaten munduko lekurik ederrena zela. Dela baselizara egindako bisitak —zeina izan baitzen gure saminaren lehenengo arrazoia— gorroto nahikoa arrazoitua eragin zidalako, dela zabaldi hartatik ikusiko nuen itsasoaren ikuspegia mendi gainetik ikusi nuena bezain ederra izango zen itxaropenik ez nuelako, kontua da ez nuela Valldemossako bailara meharretik ateratzeko tentaziorik izan.

        Lehen ere esan dut, kartuja dagoen lekuan mendikatea ireki egiten dela eta zabaldi makur samar bat dagoela, haren beso elkarretatik aldenduen artetik igotzen dena itsasoraino. Bada, eguna joan eguna etorri, zabaldi horren gainetik itsasoa odaiertzean ikusten nuenean, akats xelebre bat egiten zuten nire ikusmenak eta arrazoiak: zabaldiak gora egiten zuela eta bat-batean nire aurrean eteten zela uste izan ordez, maldan behera jaisten zela eta itsasertza handik sei zazpi legoara zegoela pentsatzen nuen. Nola azaldu, izan ere, itsasoa, zeina iruditzen baitzitzaidan kartujaren maila berean egon behar zuela, bi edo hiru mila oin beherago zegoela? Batzuetan harritu egiten ninduen hain ozen entzutea nik uste bezala hain urrun egonik; ez nintzen jabetzen gertaera horretaz, eta ez dakit batzuetan zergatik egiten dudan Parisko burgesengatik barre, neroni inozo baino inozoagoa bainintzen neure arrazoibideetan. Ez zitzaidan iruditzen nire begiradaren pasealeku nuen itsas odaiertz hura kostaldetik hamabost hogei legoara egon behar zuenik, eta, aldiz, itsasoak kartujatik ordu erdiko bidean jotzen zuen uhartearen oinarria. Hori dela eta, seme-alabek itsasoa handik bi urratsera zegoelakoan hara joateko eta joateko esaten zidatenean ez nuen sekula ikusten une egokirik, itsasoa haurren bi urratsera, hau da, erraldoi baten bi urratsera zegoela uste bainuen; izan ere, gauza jakina da haurrak buruarekin ibiltzen direla, oinak ere badituztela gogoratu gabe, eta Erpurutxoren zazpi legoako botak haurrek oharkabean munduari buelta emango lioketela adierazten duen mito bat direla.

        Amor eman nien, azkenik, baina jakinik hain urrutikoa iruditzen zitzaidan itsasertz liluragarri hartara ez ginela sekula iritsiko. Nire semeak bidea ezagutzen zuela erakutsi nahi zuen; baina, zazpi legoako botekin edozer gauza denez bide, eta ni aspaldian txinalekin bakarrik ibiltzen naizenez hor zehar, esan nion ezin nintzela berak eta bere arrebak bezala ibili lubakien, sasien eta uharren gainetik jauzika. Ordu laurdena bazen itsasaldera jaisten ari ez ginela konturatuta nengoela; izan ere, uharren ibilbidea bizkor zetorren gugana, eta zenbat eta aurrerago, orduan eta bizkorrago hondoratzen eta murgiltzen zen itsasoa odaiertzean. Atzean utzi genuela iruditu zitzaidan azkenik, eta hala erabaki nuen han inguruan ikusten nuen lehen nekazariari itsasoa aurkitzerik ba ote genuen galdetzea.

        Sahasti sarri baten azpian, lokatzez beteriko lubaki batean, hiru artzaintsa txiki zeuden, hiru maitagarri mozorrotu agian; palaz buztina nahasten ari ziren, auskalo zein kutunen edo gatzozpinen bila. Lehenak hortz bakarra zuen; Hortzbakar maitagarria izango zen seguruenik, bere hortz bakar nazkagarriarekin eltze batean bere sorginkeriak nahasten dituen hura bera. Bigarren atsoa Urubi zen itxura batean, ortopediako arau guztien etsaia. Keinu ikaragarria egin ziguten biek. Lehenak bere hortz bakar izugarria nire alabarengana hurbildu zuen, haren guritasunak gosea piztu baitzion. Bigarrenak burua astindu eta bere makulua hartu zuen nire semeari jipoia emateko, haren gerri zuzen lirainak laztu egiten baitzuen. Baina hirugarrena, gazte eta ederra, lubakitik kanpora atera zen arin-arin, bere kapa bizkar gainean jarri zuen, eskuaz keinu egin zigun eta bidea zabaldu zuen. Maitagarri zintzo txiki bat zen, baina menditar tankeran jantzita zegoenean Périca de Pier Bruno izena hartzen zuen.

        Périca da Mallorcan aurkitu nuen izakirik adeitsuena. Bera eta nire ahuntza dira nire bihotzaren zatitxo bat gorde duten Valldemossako izaki bakarrak. Gaztetxoa hain zegoen lokatzez zikin, ezen ahuntza bera ere lotsatu egingo zatekeen hura bezain zikin ibiliaz; baina, belar hezetan pixka batean ibili ondoren, haren oin biluziak ez zuri baina bai andaluziar batenak bezain polit ikusi ziren, eta haren irribarre ederra, haren jario fidakor eta bitxia, haren adeitasun tolesgabea medio perla fin bat bezala ikusi genuen. Hamasei urte zituen eta oso fina zuen aurpegiera, aurpegi biribil eta leuna, mertxika bat bezalakoa. Greziako estatuen lerro erregulatasun berbera eta haiek bezain plano ederrak zituen. Gerria zuen ihia bezain malgua, eta bere beso biluziak beltzaranak ziren. Oihal lodiko rebozilloaren azpian adatsa aske zeraman, mando gaztearen isatsa bezala nahasturik. Zelaiaren muturreraino eraman gintuen eta ondoren larre landatu eta zuhaitzez eta harrizko bloke handiez inguraturiko batetik igaroarazi gintuen; itsasoaren arrastorik ere ikusten ez nuenez, mendian barrena sartu ginela iruditu zitzaidan eta Périca maltzurra gutaz trufatzen ari zela pentsatu nuen.

        Baina halako batean larrea ixten zuen hesi bat zabaldu zigun eta bidexka bat ikusi genuen azukre tontor baten tankerako harkaitz handi baten inguruan. Bidexkari jarraituz bira egin genuen, eta mirariz bezala, itsasoaren gain-gainean aurkitu ginen, mugagabetasunaren gainean; gure oinen azpian beste itsasertz bat zegoen handik legoa batera. Ikuskizun ustegabeko haren lehenengo ondorioa bertigoa izan zen, eta eseri egin nintzen lehenik. Pixkanaka konfiantza hartu nuen, ordea, eta bidexkan behera jaisteko kemena bildu nuen, nahiz eta bidexka hura ez zegoen giza oinek ibiltzeko egina, ahuntz hankentzat egina baizik. Hain zen ederra begi bistan nuena, ezen orain nik nituen ez zazpi legoako botak, baizik eta enara hegoak buruan; eta hala, biraka hasi nintzen kostaldeko hormetan zehar ehun oin luzeko erraldoiak bezala altxatzen ziren kareharrizko orratz handien inguruan, nire eskuinean lurrean sartzen zen eta arrantzaleen ontziak euliak bezain handi ikusten ziren badia baten hondoa ikusteko irrikitan.

        Bat-batean ez nuen nire aurrean eta nire azpian itsaso urdin-urdina besterik ikusten. Bidexka beste alde batetik joan zen ez dakit nora: Péricak oihu egin zuen nire buru gainetik eta haurrek, lauhankan nire atzetik zetozela, garrasika hasi ziren. Atzera begiratu eta negar batean ikusi nuen nire alaba. Atzerantz egin nuen, zer zuen galdetu nion, eta egoera hartaz jabetu nintzenean haur haien beldurra eta etsipena hain funtsgabeak ere ez zirela ohartu nintzen. Beste urrats bat eta komeni zena baino askoz ere bizkorrago jaitsiko nintzatekeen, baldin eta euli batek sabaian egiten duen bezala hankaz gora ibiltzen asmatu ez banu behintzat; izan ere, golko txikiaren gainean zintzilik zeuden nire oin azpiko harkaitzak, eta uhartearen oinarria zeharo janda zegoen behealdetik. Seme-alabak nolako arriskuan jarri nituen jabetu nintzenean izugarrizko beldurra sentitu nuen eta atzera haiengana igo nintzen lasterka; baina, azukre tontor handi batzuen atzean arriskutik kanpo utzi nituelarik, berriro hartu ninduen badiaren hondoa eta osinaren beheko aldea ikusteko grinak.

        Sekula ez nuen ikusi han zegoenaren antzeko ezer, eta nire irudimena trosta eroan zebilen. Beste bidexka batetik jaitsi nintzen, sasiei helduta eta harrizko orratzak besarkatuz; orratz bakoitzaren ondoren beste jauzi bat egiten zuen bideak. Azkenik, olatuak harmonia bitxian lehertzen ziren sakonunearen aho izugarria ikusi nuen. Ez dakit nolako akorde magiko batzuk entzun uste izan nituen, ez dakit nongo mundu ezezaguna aurkitu izanaz harro nengoen, nire semeak, beldurtuta eta haserre samar, indarrez atzerantz tira zidanean. Ez nuen izan munduko erarik baldarrenean erori beste erremediorik, ez aurrerantz, nire abenturaren eta neronen amaia izango baitzen hori, baizik eta eserita, pertsona zuhurrak bezala. Haurrak halako errieta eman zidan ezen bertan behera utzi bainuen nire asmoa, baina oraindik gainditu ez dudan atsekabeaz; izan ere, nire txinalek pisu handiagoa dute urtetik urtera eta ez dut uste egun hartan izan nituen hegoak sekula gehiago etorriko zaizkidanik hura bezalako beste itsasertz batzuetara eramatera.

        Egia da, dena den, ikusten dena ez dela beti amets egiten dena bezain balitotsua, eta edonork bezain ongi dakit nik ere hori. Baina hori artean eta giza sormenean bakarrik da egia biribila. Niri dagokidanez, edo irudimen alferra dudalako, edo Jainkoak nik baino talentu handiagoa duelako (eta hori ez da guztiz ezinezkoa), gehienetan nik uste baino askoz ere ederragoa aurkitu izan dut izadia, eta ez dut oroitzen sekula ezatsegina ikusi izana, salbu ni ere horrelaxe egon naizenetan.

        Beraz, ez naiz sekula kontsolatuko harkaitzaren inguruan bira ez emanaz. Anfitrite ikusi ahal izango nuen han, nakarezko ganga baten azpian, kopeta itsasbelarrez koroatuta zuela. Horren ordez ez nituen ikusi kararrizko harri orratz batzuk besterik, zutabeak bezala amildegian gora igotzen, estalaktitak haitzuloz haitzulo bezala, forma bitxi eta egokera fantastikokoak guztiak. Zuhaitz izugarri sendoak baina haizeak makurtuak eta errotik atereak ia, amiltzen ziren osinean behera, eta osin haren hondotik beste mendi bat igotzen zen zeruraino, beirazko, diamantezko eta zafirozko beste mendi bat. Ilusio horixe sortu ohi du itsasoak, leku garai batetik begiratzen denean; plano bertikala ematen du, edonork dakien bezala. Azal beza nahi duenak.

        Nire seme-alabek landareak biltzen hasi nahi zuten. Harkaitz haietan sortzen dira munduko liliazeorik ederrenak. Hiruren artean amaryllis tipula gorrixka bat atera ahal izan genuen, baina hain zen pisua ezen azkenean ez genuen kartujaraino eraman. Nire semeak zatitu egin zuen gure eriari eramateko landare zoragarri haren puska bat, bere burua bezain handia. Péricak, bidean bildutako sorta egur bat harturik bere mugimendu bortitz eta bizkorrez behin eta berriro sudurretan jotzen zigula, herriaren sarreraraino eraman gintuen. Kartujara etorrarazi nuen oparitxo bat emateko; izugarri kostatu zitzaidan hark nire oparia onartzea. Péricatxo gaixoa, sekula ez duzu jakingo zenbat on egin zenidan ziminoen artean gizaki gozo, zoragarri eta adeitsu bat, gibel asmorik gabekoa, bazela erakutsiarekin! Gauean oso pozik geunden izaki maitagarri bat ezagutu gabe Valldemossatik ez genuela alde egingo eta.

 

 

 

© George Sand

© itzulpenarena: Miren Arratibel, Aintzane Atela

 

 

"George Sand / Negu bat Mallorcan" orrialde nagusia