I. kapitulua

 

        Abendu erdialdean abiatu ginen Valldemossa aldera, goiz nare batean, guretzat gero eta bakanago izango ziren udazkeneko eguzki irraden artean, gure Kartujaren jabetza hartzera. Establimentsko zabaldi emankorrak igaro ondoren, landu gabeko larre haietara iritsi ginen: zuhaitzez estalitako lurrak agertzen ziren hemen, lur lehor eta harritsuak han, eta lur heze eta hotz samarrak harantzago, ezeren antzik ez zuten zeharbide malkartsuek etenak alde guztietan.

        Inon ez zitzaidan agertu izadia, Pirinioetako bailara batzuetan izan ezean, Mallorcako sasitza haietan agertzen zen bezain aske; eremu zabal samarrak ziren, eta horrek nolabaiteko zalantza eragin zidan mallorcarrek beren lurralde guztian lortu omen duten eta harrotasunez goraipatzen duten lanketa bikainari buruz.

        Ez zitzaidan bururatu, dena den, horregatik kontuak eskatzea, ez baitago lur utzi horiek baino gauza ederragorik, nahi den guztia ematen baitute eta ez baitute ezeren faltarik: zuhaitz okerrak, makurrak, baldarrak; sasi izugarriak, lore zoragarriak; belar eta ihizko tapizak, kapar arantzatsuak, anbulo fin liluragarriak eta Jainkoari gogoak eman dion itxura hartu duten beste hainbat gauza: amildegia, muinoa, ustekabean harrobi batean amaitzen den bidexka harritsua; gezurrezko erreka batean murgiltzen den bide berdez-zipriztindua, edozeri zabaldutako larrea, pikotxez ebakitako mendi batean bat-batean amaitzen dena; gero, zerutik eroriak ematen duten harri lodiz beteriko basoak, erreka bazterrean mirto eta sasiama artean zulatutako bideak; eta azkenik, landetxe bat, basamortu erdian botatako oasi bat bezala, bere palmera duela beilari, ibiltariaren gidari bere bakardadean.

        Suitzari eta Tiroli ez nien hartu Mallorcan hainbeste liluratu ninduen sormen aske eta pribimitiboaren itxura. Iruditu zitzaidan Helbetiako mendietako paraje basatienetan izadia, eguraldiaren eraso zakarregien mende, gizonaren eskutik aske zebilela baina ez zuela zeruaren eskutik eraso are gogorragoa besterik jasotzen eta bere kasa utzitako arima sutsu batek bezala sofritzen zituela bere baitako zarratadak. Mallorcan zeru kiskalgarri baten musuekin loratzen da izadia eta irribarre egiten du itsasoetan barrena igarotzean laztan egiten dioten ekaitzen erasoen pean. Lore hautsia bizikorrago ernatzen da, enbor apurtuak kimu sendoagoak ematen ditu mendebalaren ondoren, eta egia esan, uharte honetan leku morturik ez dagoen arren, biderik ezak utzikeria edo jazarpen itxura ematen dio, Luisianako sabana bikainetan gertatzen denaren antzera, nire gaztaroko amets maiteetan Renéri segika Atala edo Chactasen aztarnen bila ibili nintzen sabana haietan gertatzen den antzera.

        Erabat ziur nago Mallorcaren goratzarre hau ez dutela gustukoa izango mallorcarrek eta harro daudela oso bide atseginak dituztelako ustean. Atseginak dira ikusteko, ez dut hori ukatuko; baina gurdiz ibiltzeko egokiak diren, erabaki beza irakurleak.

        Herrialde hartan tartana da borondatez hartzen duten gurdia, coucou-omnibus moduko gurdi bat, zaldi edo mando batek tiratua eta batere malgukirik gabea; edo birlocho delakoa bestela, lau eserlekukoa, tartana bezala finkatua eta gurpil sendoez, ferra trinkoez hornitua hura bezala, barnealdea ahuntz ilez estalia duela. Estalki horrek zer pentsatu handia ematen dio lehen aldiz hain itxura arineko ibilgailu batean esertzera doanari. Gurdizaina oholtxo batean esertzen da, hori da haren eserlekua; oinak gurdi hagetan jartzen ditu zabal-zabal eginda eta zaldi bizkarra hanken artean gelditzen zaio, halako eran ezen bere gurdi zaharraren astinduak ez ezik aberearen astinduak ere sentitzen baititu eta aldi berean gurdian eta zaldi gainean ibiliko balitz bezala joaten baita. Ez dirudi, ordea, inola ere asko larritzen denik horrela joan beharrarekin, kantari joaten baita beti, direnik eta astindu izugarrienak hartzen dituela ere, eta ez baita sekula isiltzen, non eta ez den bere doinu patxadatsuarekin zaldiari izugarrizko biraoak botatzeko zaldi gaixoa amildegira jausteko edo harrizko horma batean gora igotzeko trantzean dagoenean.

        Horrelaxe bidaiatzen dute han, izan ere: ezdeusak dira amildegiak, uharreak, sasitzak, ezpondak; ez dira halako huskeriengatik gelditzen. Gainerakoan, bide esaten zaio han horri guztiari.

        Abiatzerakoan oztopo lasterketa hori apustu baldar bat bat dela iruditzen zaio berorri eta zer haizek jo duen galdetzen dio gidariari.

        — Hau da bidea —erantzungo dio.

        — Eta, ibai hau?

        — Hau da bidea.

        — Eta zulo sakon hau?

        — Bidea hori ere.

        — Eta sasitza hau ere bai?

        — Dena da bidea.

        — Bejondeiola!

        Orduan ez zaio berorri beste irtenbiderik gelditzen: zaindu berorren burua, bedeinkatu gurdiaren kutxa estaltzen duen lastaira, harengatik ez balitz gorputz guztia txikituta izango bailuke ordurako, gomendatu berorren arima Jainkoari eta paisajea behatu, heriotza edo mirari bat etorri bitartean.

        Eta, hala ere, bidaiatik onik irtetea lortzen da batzuetan, gurdiak balantza handiak egiten ez baditu, zaldiak zango sendoak baditu, edo agian, gurdizainaren axolagabekeriari esker, hau da zaldia bere kasa utzita besoak gurutzatu eta zigarroa errez lasai ederrean joaten bada, gurdiaren gurpil bat doala menditik eta bestea amildegitik.

        Berehala ohitzen zara arrisku batekin, ingurukoek batere garrantzirik ematen ez diotela ikusita; eta hala ere, bene-benetakoa da arriskua. Gurdiak ez dira egunero iraultzen, baina iraultzen direnean, ez da erraza izaten onik irtetea. Tastu jaunak halako istripu bat izan zuen aurreko urtean Establimentsko gure bidean eta hiltzat jo zuten hantxe bertan. Buruko min izugarriak gelditu zitzaizkion istripu hartatik, baina horrek ez dio, alajaina, Mallorcara itzultzeko gogo bizia epeldu.

        Herrialde hartako jende gehienek dute zeinek bere gurdia, nola halakoa, eta nobleek Luis XIV.aren garaiko karrozak dituzte, kutxa zabaleko karrozak, zortzi beirakoak batzuk eta oztopo guztiak gainditzeko gai diren gurpiltzarrekikoak. Lau edo sei mandok arin-arin eramaten dituzte makina astun eta gaizki eseki horiek, zabartasun harrokoak baina leku askokoak eta oso gotorrak, zeintzuetan trostan eta ausardia handiz igarotzen baitira diren amildegirik izugarrienak, ez halere mailadura, buruko kolpe edo, gutxien gutxienera, giharretako min handiak jasan gabe.

        Miguel de Vargas gizon txit serio eta espainiar petoak, zeinak ez baitu sekula txantxarik egiten, ondoko aipamen hau egin zuen Mallorcako horrorosos caminos omen diren horiei buruz: «En cuyo esencial ramo de policía no se puede ponderar bastantemente el abandono de esta Balear. El que llaman camino es una cadena de precipicios intratables, y el tránsito desde Palma a los montes de Galatzó presenta al infeliz pasajero la muerte a cada paso» etab.

        Herri inguruetan bideak ez dira hain arriskutsuak, baina eragozpen handi bat dute, eta da bi harresi edo ezpondaren artean egoten direla eta ez direla bi gurdi batera sartzen tarte horretan. Halakorik gertatuz gero, idiak orgatik edo zaldiak gurditik askatu behar izaten dira bietako batek atzera egin dezan, bide puska luzean askotan. Eztabaida amaigabeak sortzen dira halakoetan, bietatik zeinek atzera egin, eta bidaiari berandutuari ez zaio gelditzen bitarte horretan mallorcarren esapidea bere buruari behin eta berriro esatea besterik: mucha calma, bere onbiderako.

        Mallorcarrek beren bideak zaintzeko egiten duten gastuaren murritza kontuan harturik, abantaila dute horrelako bidexkak nahi adina izatea. Ongi aukeratzea da zaila. Hiru aldiz bakarrik egin nuen Kartujatik Palmarako joan-etorria; sei aldiz egin nuen bide desberdina eta sei aldiz galdu zen birlochoa eta eraman gintuen mendi eta haranetan noraezean, haren esanetan onena omen zen baina sekula aurkitu ez zuen zazpigarren bide baten aitzakian.

        Palmatik Valldemossara hiru legoa daude, baina hiru legoa mallorcar, trosta luzean ere hiru ordu baino denbora laburragoan ezin egin direnak. Lehenengo bi orduetan gora egiten du bideak, ia oharkabean; hirugarrenean, ordea, mendian sartzen da eta ongi zolaturiko malda batean gora egiten du (kartujoek antzina egindako lana seguruenik), malda estu eta izugarri laster bat da ordea, harainoko bidea baino are arriskutsuagoa.

        Han hasten da Mallorcako parte menditsuaren ikusmira. Baina alferrik da amildegiaren alde batera eta bestera mendiak egotea eta errekastoak harkaitzez harkaitz jauzika jaistea; negu minean bakarrik hartzen dute paraje horiek mallorcarrek esan ohi duten itxura basatia. Abenduan, euri uholdeak egin berritan bazen ere, ur jauzia errekasto txiki bat baino ez zen, belar eta lore artean irristaka zetorren errekastoa; mendia alaitsua zen eta Valldemossako haran meharra udaberriko lorategi bat bezala agertzen zen gure begien aurrean.

        Kartujara iristeko gurditik jaitsi beharra dago, haraino doan harrizko bidean gora inolako gurdirik ezin baita igo; oso bide atsegina da, bestelakoan, begien gozamenerako, bere bihurdura ausartak, zuhaitz ederren artean eratzen dituen bihurguneak eta urratsez urrats agertzen diren ikuspegi zoragarriak direla eta —zenbat eta gorago orduan eta ederragoak—. Ez dut ikuspegi haiek baino gauza alaitsuago eta, aldi berean, malenkoniatsuagorik ikusi: arte, algarrobo, pinu, olibondo, makal eta nekostek beren nabardura ugariak nahasten dituzte adartza sarrietan; berdetasunezko benetako amildegia, zeinetan behera baitu amiltzen uherrak bere bidea, aberastasun oparoko eta grazia paregabeko sasitzen artean. Ez dut sekula ahaztuko amildegiko bihurgune bat, zeinetatik, atzera begiratuz gero, ikusten baita, mendi baten gailurrean, dagoeneko deskribatuak ditudan etxetxo arabiar horietako bat, indipikondo hostoen artean erdi ezkutaturik, eta palmondo handi bat, bere irudia airean marraztuz amildegirantz makurtua. Parisko lohiaren eta lainoaren ikusmirak gogaitzen nauenean, ixten ditut begiak eta berriro ikusten dut, ametsetan bezala, mendi berdatu hura, harri basati haiek eta palmondo bakarti hura, zeru gorrixkan galdua.

        Valldemossako mendilerroa ordokiz ordoki igotzen da harik eta mendi garaiez inguraturiko inbutu moduko bat —azken ordokiaren isuraldeak itxia iparraldetik— osatuz ixten den arte; azken ordoki horren sarreran dago, hain zuzen ere, monasterioa.

        Kartujoek leundu egin dute, ondo kostata leundu ere, paraje erromantiko honen gogortasuna. Harresiz inguraturiko lorategi handi bat bihurtu dute mendikatea amaitzen den ibarra, harresiek ikusmirari enbarazurik egiten ez diotela. Lorategiari operako hilerri baten itxura arauzkoa ematen dio maila desberdinetan binaka jarritako nekosta piramide formakoez osaturiko hesi batek.

        Palmondoez eta almendrondoez betetako lorategi honek hartzen du ibar txikiaren hondo maldatsua oso-osorik eta maila zabalak eratzen ditu mendiaren aurrealdean. Ilargi argitan, eta maila horien gorabeherak itzal artean ezkutaturik daudela, erraldoien borrokek zizelaturiko anfiteatro bat dela esan liteke. Erdian, palmondo sail eder baten azpian, harrizko urmael batek mendian sortzen den iturburuko urak jasotzen ditu eta behealdeko zapaldetara isurtzen ditu ondoren, ubide lauzatuetan behera, Bartzelona inguruak ureztatzen dituztenen antzeko ubideetan behera. Lan handiegiak eta bikainegiak dira horiek Mallorcan, Katalunian bezala, arabiarrek eginak ez izateko. Uhartearen barnealde guztia zeharkatzen dute, eta Kartujoen baratzetik abiatzen direnek errekaren uberka guztia igaro eta dabilen ura eramaten dute Palmara urte sasoi guztietan.

        Arroila horren hondoan dago Kartuja. Ibar zabal batera ematen du iparraldetik; ibarra zabalagotu eta malda leunetan igotzen da itsasoak jotzen eta urratzen duen kostalde malkartsuraino. Mendikatearen beso bat Espainia aldera doa, eta ekialdera, berriz, bestea. Kartuja bitxi honen bi aldeetatik ikusten da, beraz, itsasoa. Iparraldean entzuten den bezala haren marrua, halaxe ikusten da, lerro distiratsu lauso bat bezala, beherantz doazen mendiez eta hegoaldean zabaltzen den lautada handiaz haraindi; koadro ezin ederragoa, inondik ere, aurrealdean pinuz estalitako harkaitz beltz handiek mugatua, ondoren dituela soslai bihurriko eta zuhaitz tantaiek ertzaturiko mendiak eta hirugarren eta laugarren mailan ikusten direla erro biribilduak, sartalde eguzkiak direnik eta nabardura epelenez argituak, eta zeinaren gainean ikusten den, legoa bateko distantzian, zuhaitzen inguru mikroskopikoa, tximeleten antenak bezain fina, urre distiratsuzko hondo baten gainean tinta txinatarrez bustitako lumekin egindako lerroa bezain beltz eta argi. Hondo argitsu hori da zabaldia; eta distantzia horretan, mendiko lurrinak usaintzen hasten direnean eta amildegia estalki garden batek estaltzen duenean, itsasoa dela pentsa liteke. Baina are urrunago dago itsasoa, eta eguzkia ezkutatzera doanean, zabaldia aintzira urdin bat bezalakoa denean, Mediterraneoak zilar biziko lerro bat irudikatzen du ikusmira liluragarri haren odaiertzean.

        Ikusmira abailgarria da, zer desiatu, zer imaginatu uzten ez duten horietakoa. Olerkariak eta margolariak amestu dezaketen guztia sortu du izadiak gune horretan. Multzo izugarria, xehetasun infinituak, oparotasun amaigabea, forma gandutsuak, isla koskadunak, sakontasun lausoak, dena dago han, eta arteak ezin erantsi dio ezer ere. Izpiritua ez da beti aski izaten Jainkoaren obra ederresteko eta ulertzeko; eta bere baitara begiratzen badu, ahalketasunaz jabetu eta horditzen eta liluratzen duen bizi handitasun horren adierazpen bat sortzeko da.

        Niri dagokidanez, sekula ez nuen hain ongi sentitu hitzen hutsaltasuna Kartujan behaketan emandako ordu haietan baino. Erlijio sentipenek hartua nuen gogoa; baina ez zitzaidan hau beste formularik bururatzen goratzarrerako: Jainkoa, bedeinkatua zu ikusmen ona eman didazulako!

        Gainerakoan, iruditzen zait ezen ikuskizun paregabe horien gozamen ustegabekoa eraberritzaile eta osasungarria den bezala hala baita arriskutsua etengabe gozamen horren jabe izatea. Izan ere, sentipenen nagusitasunaren mende bizitzera ohitzen da bat, eta sumindura da sentipenaren gehiegikeria guztiak gidatzen dituen legea. Horrela azal daiteke, bada, monjeek beren monasterioen poesiari buruz erakusten duten axolagabekeria, eta nekazariek eta artzainek beren mendien edertasunari buruz erakusten dutena.

        Guk ez genuen, ordea, horretaz guztiaz aspertzeko astirik izan, eguzkia ezkutatzean lainoa sartzen baitzen ia arratsero eta azkarragotu egiten baitzuen inguru hartan bestela ere aski laburrak genituen egunen iluntzeak. Eguerdia arte ezkerreko mendiaren itzalpean egoten ginen, eta eskuinekoaren itzalpean gelditzen ginen hiruretarako. A zer nolako argi efektu ederrak ordea, eguzki izpiak zeharka sartzen zirenean harkaitz artean, edo irristatzen zirenean mendi gailurren artean eta iristen zitzaizkigunean urrezko eta purpurazko marrazkiak egitera gure bigarren planoetan! Batzuetan gure nekostek, koadroaren lehen planoa osatzen zuten obelisko beltz haiek, jariakari sugartu horretan murgiltzen zuten burua; gure palmondoetako datil sortek errubizkoak ematen zuten eta lerro ilun batek bi ataletan banatzen zuen ibarra, soslaian ebakitzen zuelarik alderik alde: udaren argitasunak blaitua zen bata, neguko paisaje bat bezala urdinxka eta hotza bestea.

        Valldemossako Kartujan hamahiru erlijiogizon bizi ziren, doi-doi, nagusia barne, kartujoen arauaren arabera, eta horrela itzuri zen 1836ko dekretuaren bidez hamabi pertsona baino gutxiagoko komunitatean bizi ziren monasterioak eraisteko agindutik; baina komunitate hau, beste guztiak bezala, banatu egin zuten eta komentua suntsitu, hau da, Mallorcako estatuaren jabetzako bihurtu. Mallorcako estatuak eraikin handi horiek nola erabili ez zekienez, erabakia hartu zuen gelaxkak alokairuan emateko —eraikina erabat hondatu bitartean— han bizi nahi zutenei. Prezio izugarri merkeak ziren arren, Valldemossako herritarrek ez zituzten baliatu nahi izan, neurriz gaineko fedeagatik eta monjeen oroitzapenagatik, edo agian, sineskerien ondorioz sorturiko beldurragatik: horrek ez zien eragozten inauterietako gauetan dantzara hara joatea, gero azalduko dudan bezala, baina, aldiz, ez zuten begi onez ikusten gure presentzia lotsagabea harresi haien barruan.

        Dena dela, udaminean, zabaldikoa edo hirikoa baino giro freskoagoaren bila Kartujako lur garai eta ganga astun haietara joandako burges palmatarrak bizi izaten ziren han. Negua hurbiltzean, ordea, hotzak uxatzen zituen handik eta gu han izan ginen garaian, Kartujak ez zuen ni eta niretarrez gainera, botikaria, sakristaua eta Maria Antonia beste egoiliarrik izan.

        Maria Antonia hori neskame giltzain moduko bat zen, miserietatik ihes egitearren Espainiatik hara joana, hala uste dut, eta han gelaxka bat hartu zuena Kartujan bidez ziren ostalariei alokatzeko. Gure gelaxkaren alboan zegoen harena, eta sukalde gisa erabiltzen genuen: andrea berriz neskame genuen, ustez. Gaztetan emakume ederra izana, fina, itxuraz garbia, gozoa zen; etorki handikoa zela zioen eta manera atseginak, ahots doinu harmoniazkoa eta aire maltzurra zituen, eta oso adeitasun bitxia zen berea. Iritsi berriei bere zerbitzuak eskaintzeko ohitura zuen eta haien truke ordainen bat eman nahi izanez gero muzin egiten zion, haserre eta aurpegia ezkutatuz ia. Jainkoaren maitasunagatik eta por l'asistencia jokatzen omen zuen horrela —hala esaten zuen berak—, bere auzokideen adiskidetasuna lortzeko beste asmorik gabe. Altzariei dagokienez, ohexka bat, sutontzi bat, lastozko bi aulki, gurutze bat eta buztinezko plater batzuk besterik ez zuen. Hori guztia jartzen zuen zure esku, eskuzabalki, eta haren etxera eraman zenitzakeen neskamea eta eltzea.

        Baina zure errediza guztiak eskuratu bezain pronto beretzat hartzen zituen zure arroparik eta jakirik onenak. Sekula ez dut ikusi atso harena baino aho fededun jakizaleagorik, ez hatz trebeagorik azala erre gabe irakiten zeuden eltzeen hondoa garbitzeko, ez zintzur elastikoagorik kantu edo bolero bat kantatzen zuen bitartean bere ostalari maiteen azukrea eta kafea ezkutuan irensteko gaitasuna zuenik. Gauza bitxia eta dibertigarria izango zen, arazo harekin hain kezkatuta ez bageunde, Antonia zintzo hura, eta Katalina —gure ganbarazain aritzen zen sorgin valldemossar handi hura— eta niña, mandatari genuen mamu txiki tximaduna, gure janariaz arduratzen ikustea. Angelusaren ordua zen eta hiru kateme haiek etengabe esaten zuten errezoa behin eta berriro: bi atsoak batera, eskua plater guztietan sartzen zutela, eta txikiak amenka, trebestasun paregabez saiheski bat edo fruitu azukreztaturen bat osten zuen bitartean. Pintatzeko moduko koadroa zen eta ondo merezi zuen ez ikusiarena egitea: baina euri jasen ondorioz Palmarekiko komunikazioa sarritan etenda gelditzen hasi zenean eta elikagai falta sumatzen hasi ginenean ez zen, ez, hain atsegina gertatzen Maria Antoniaren eta haren adiskidearen l'asistencia hura eta horrela, txandak egin behar izan genituen, seme-alabek eta nik, elikagaien zaindari aritzeko. Gogoan dut nola gorde behar izan genituen, oheburuan gorde ia, hurrengo goizean gosaritarako oso beharrezkoak genituen bizkotxo saski batzuk, eta nola ibili behar izan genuen putreak bagina bezala arrain plater batzuen inguruan, aire zabalean jarritako gure labeetatik hezurrak besterik utziko ez zizkiguten txoritxo harrapari horiek uxatzeko.

        Sakristaua haurtzaroan agian kartujoekin meza-mutil ibilitako gizon mozkote bat zen, eta komentuko giltzen arduraduna izango zen aurrerantzean. Eskandaluz beteriko historia bat zuen bizkarrean: aitortu egin zuen eta zigorra ezarri zioten gurasoekin aldi batez Kartujan egondako neskatxa bat limurtu eta egoera txarrean utzi izanagatik, eta esaten zuen, horren aitzakia gisa, estatuak berari eman zion ardura bakarra koadroetako Ama Birjinak zaintzea izan zela. Ez zen gizon ederra, ezta hurrik ere: baina dandi baten harrotasuna zuen. Bere klaseko jendeek eraman ohi duen traje arabiar tankerakoaren ordez, inguru hartako neskatxak liluratzen zituzten europar tankerako galtzak eta tiranteak janzten zituen. Haren arreba sekula ikusi dudan neska mallorcarrik ederrena zen. Ez zen komentuan bizi, aberatsak ziren eta harroputzak, eta etxe bat zuten herrian: baina egunero egiten zuten osteratxoa eta etortzen ziren Maria Antoniari bisita egitera: Maria Antoniak gure janaria eskaintzen zien, bera gose ez zenean, noski.

        Botikaria, kartujoa hura ere, bere gelaxkan sartuta aritzen zen bere ofizioak bakarka esaten, bere estalkia —garai batean zuria izan bide zena— soinean, gala handiko janzkeran. Malba zuri edo aski-sustraien eske haren atea jo orduko (horiek ziren hark zituen berariazko sendagai bakarrak) berehala ezkutatzen zuen bere eliz jantzia ohe azpian eta agertzen zen praka beltz, galtzerdi eta galtza motzez jantzita, Molièreren saioetako atsedenaldietan balleta dantzatzen zuten antzezleak bezala. Agure fidakaitza zen oso, sekula ez zen ezertaz kexu eta Don Karlosen garaipenaren eta Inkizisio Santuaren itzuleraren itxaropenetan bizi zen, inori kalterik opa gabe halere. Urre prezioan saltzen zigun bere askia, eta hobari horiekin kontsolatzen zen txirotasun bototik gabetu izanaz. Haren gela guretik oso urrun zegoen, monasterioaren sarreran, zoko ziztrin batean, eta akain-belarrezko eta itxura atseginagoko beste sendabelar batzuen atzean ezkutatuta atea zeukan. Hantxe itxita bizi zen, zakurrak bere zelatan jarri nahi ez dituen erbi zahar bat bezala; gutxitan ikusten zuen inork, eta haren edabeen bila joan ez bagintzaizkio sekula ez genuen pentsatuko Kartujan kartujoren bat bizi zenik artean.

        Kartuja honek ez du batere edertasunik, arkitektura apaingarriei dagokienez, baina eraikin gotorrez osaturiko multzoa da, oso zabala gainera. Horrelako esparru eta harri landuzko masa handi batean ondo erraz sartuko litzateke gudarosteko gudatalde oso bat, eta, aldiz, hamabi lagunentzako bakarrik eraikia zen. Klaustro berrian bakarrik (garai desberdinetan batzuk besteei erantsitako hiru Kartujaz osatua baita monasterio hau) badira hamabi gelaxka, klaustroaren alde batera ematen duten hiru gela handiz osatuak horietako bakoitza. Alboetako bi fatxadetan hamabi kapera daude. Monje bakoitzak zuen berea, eta han egiten zituzten beren bakar-otoitzak. Kapera guztiak bakoitza era batean apainduta daude, urre kolorez eta margo zabarrez hornituak, zur margotuzko santuekin, hain santu itsusiak ezen aitortu behar baitut ez nituzkeela ikusi nahi gauean beren horma-konketatik kanpo. Otoitz gela hauetako zorua adreilu esmaltatuzkoa da, eta adreilu horiek itxura ederreko mosaikoak osatzen dituzte. Arabiar estiloa nabarmena da oraindik horretan, eta horixe da Mallorcan mendeetan iraun duen gustu oneko tradizio bakarra. Kapera bakoitzak iturri edo aska bat du, bertako marmol ederrez egina, eta monjeek ur horrekin garbitu behar zuten egunero bere otoitz gela. Areto gangadun, ilun eta adreilu esmaltatuzko horiek hain dira freskoak ezen udamineko egun sargorietan ongi asko bihur zitzaketen otoitzari eskainitako ordu luzeak atseginerako ordu.

        Klaustro berriaren laugarren aldearen erdian patio txiki bat dago, eta patio horretan monjeen guraizeek emandako piramide tankera erabat galdu ez duten ezpel batzuk, simetrikoki landuta. Klaustroa eliza polit baten aurrez aurre dago. Han organoa aurkituko genuela uste izan genuen; baina ahaztu egin zitzaigun kartujoen arauak musika tresna oro baztertzen zuela, luxuaren erakusgarri eta zentzuen plazer hutsal gisa hartzen baitzituen. Elizak nabe bakarra du, axuleiuz lauzatua; tapiz batean bezala artistikoki ezarritako lore sortekiko irudi finez apainduta daude axuleiuak. Sabaiko zurezko apaingarriak, aitorlekuak eta ateak oso soilak dira; baina zainen bikaintasunak eta apaingarri neurritsuez eta apaindura finez hornituriko lan garbiak gaur egun Frantziako zurgintzan aurkitzen ez den moduko esku lanaren trebetasuna ageri dute. Zoritxarrez egikera burutsu hori galdua da Mallorcan ere. Tastu jaunak esan zidanez, Mallorca guztian bi langile bakarrik gelditzen dira lanbide hori arte moduan iraunarazi dutenak. Kartujan guretzat jardun zuen zurgina artista petoa zen izatez, baina musikan eta pinturan bakarrik. Egun batean zur zurizko apal batzuk jartzera gure gelaxkara etorri zelarik, gure artista-ekipaia txikia begiratu zuen, antzina greziar-eslabiarretan antzeman nuen jakinmin tolesgabe eta begiluze berarekin. Monjeak olgetan irudikatzen dituzten Goyaren marrazkiak kopiatuz nire semeak egindako zirriborroak, zeintzuekin apaindu baitzuen gure gela, harritu egin zuten apur bat zurgina; baina Rubensen arabera grabaturiko Gurutzeko jaitsiera ikusi zuenean denbora asko igaro zuen kontenplazio bitxi batean murgilduta. Zer iruditzen zitzaion galdetu genion: «Ez dago Mallorca guztian, erantzun zigun bere dialektoan, hain gauza eder eta naturalik».

        Txundituta gelditu ginen natural hitz hori basati baten tximak eta manerak zituen baserritar baten ahotik entzun genuenean. Pianoaren soinuak eta artistaren trebetasunak estasi moduko batera eramaten zuten. Bere eginbeharrak utzi eta jotzailearen eserleku atzean jartzen zen, ahoa erdi zabalik eta begiak beren zuloetatik irten beharrean. Sen goren haiek gorabehera ordea, lapurra zen bera ere, nekazari mallorcar guztiak atzerritarrarekin diren legez; eta hori inolako barne zimikorik gabe, nahiz eta leialtasun erlijiozkoa gordetzen duten beren arteko harremanetan, hala esaten dute behintzat. Prezio izugarri garestia eskatzen zuen bere lanaren ordainetan, eta eskuak irrikaz luzatzen zituen Frantzian egin eta guk erabiltzeko eraman genituen gauza txiki guztietarantz. Neureak eta bi egin behar izan nituen bere patriketatik libratzeko garbiketarako nire gauzakiak. Gehien-gehien erakartzen zuena beira tailatuzko ontzi bat zen, edo haren barruan egoten zen hortz eskuila agian, nahiz eta seguru asko ez zuen jakingo zertarako erabiltzen zen ere. Gizon hark italiar baten behar artistikoak eta malaisiar edo kafre baten sena zuen.

        Bazter solas honek ez dit ahaztaraziko Kartujan aurkitu genuen arte lan bakarraren aipamena egitea. San Brunoren zur margotuzko estatua bat zen, elizan zegoen. Marrazkia eta kolorea bikainak zituen; eskuak zehatz-mehatz ikasiak ziren eta erregu errukarria eta lazgarria adierazten zuten beren mugimenduaz; buruaren keinua benetan fede goienekoa eta pairamenezkoa zen. Eta hala ere, egile ezjakin baten lana zen; izan ere, haren aurrez aurre zegoen estatua, artista berak egina, penagarria zen alde guztietatik; baina inspirazio une bat izango zuen nonbait San Brunorena egiteko, bere buruaz gaindi goretsi zuen erlijio bulkada bat agian. Ez dut uste Grenobleko santu fanatikoa beste inork sekula hain ongi ulertu eta halako sentimendu sakon eta suharrez adieraziko zuenik. Kristau aszetismoaren irudia bera zen. Baina, Mallorcan ere, antzinako filosofia horren ikurrak bakardadean dirau zutik.

        Klaustro zaharra, zeinetatik nahitaez igaro behar baita berrira sartzeko, ingurubira soila eginez iristen da klaustro berrira, hain soila ezen lekuetarako dudan oroimen kaskarra dela-eta ezin izan bainuen hirugarren klaustroan galduta ibili gabe sekula aurkitu.

        Hirugarren eraikin hau, zeina esan beharko nukeen dela lehenengoa, bera baita zaharrena, da orobat txikiena ere. Lehenengo begiratuan zoragarria ematen du. Eraikin honetako horma hautsiek inguratzen duten patioa monjeen hilerri zaharra da. Ez dago idazkun bereizgarririk kartujoek beren bizitzan zehar zulatzen zituzten hilobi horietan, zeinetan ezerk ez baitzion lapurtuko haien oroitzapena heriotzaren ezerezari. Hilobiek ez dute ikur berezirik, beraz, beste guneetan baino belar gehiago hazten dela ez bada. Laurens jaunak marrazki polit batean erakutsi du klaustro honen eitea eta marrazki horretan atsegin izugarriz aurkitu dut estalki punta-zorrotzeko putzu txiki bat, harrizko leiho gurutze-formakoak, zeinetatik txirikorden moduan zintzilikatzen baitiren hondakinetako belar alderrai guztiak, eta gauez zur zurizko gurutzearen inguruan mamu beltzak bezala agertzen diren nekosta garaiak. Atsekabetu egiten nau Ilargia ikusi ez izanak klaustroaren gaineko harea anbar koloreko mendi gainean, eta ez irudikatu izana aurre-aurrean ereinotz bat, enbor lodi eta buru lehorrekoa, baina agian ez zen han egongo bera Kartujara joan zenerako. Aurkitu dut, dena den, nire seme-alaben suhartasun naturalistaren aurrean babestu nuen palmondo nanoa (chamoerops), Europa guztian dagoen mota horretako sendoena izango dena seguruenik.

        Klaustro honen inguruan daude XV. mendeko kartujoen kapera txikiak. Itxita daude, eta sakristauak ez dizkio inori ere zabaltzen; gure jakinmina piztu zuen horrek. Paseatzera ateratzen ginenean sarraila-zulotik begira eta begira ibilian, oso antzinako zurezko altzari eta eskulturen aztarna ederrak ikusi uste izan genituen. Mallorcako inork sekula hautsa kenduko ez dien aberastasun asko egongo dira, agian, ganbara horietan ezkutatuta.

        Bigarren klaustroak hamabi gelaxka eta kapera ditu, besteek bezala. Honen arkuteriek izaera arranditsua dute, beren hondatuan. Jada ez dute euskarririk, eta arratsean arku artean bide puska bat egiten genuenean Jainkoari gomendatzen genion gure arima; ez baitzen urakanik igarotzen Kartuja hartatik horma zati bat edo ganga puska bat erorarazten ez zuenik. Sekula ez nuen entzun haizea galeria huts eta zoli haietan adinako oihu mingarriak egiten eta halako intziri etsiak botatzen. Uharren zarata, hodeien ibili lasterra, itsasoaren zurrumurru beti berdinak, ekaitzaren txistu etenak, eta haize boladetan izututa eta noraezean igarotzen ziren itsas hegaztien intziriak; eta ondoren, bat-batean arkuteria hautsien gainetik oihal bat bezala jausten ziren eta ikusezin bihurtzen gintuzten laino handiak eta galerietan noraezean zebilen iratxo bat ematen zuen gure lanpara eta monasterioko bizitza hartako beste mila xehetasun, oroimenean pilatuta ditudanak: horrek guztiak Lurreko bizitokirik erromantikoena bihurtzen zuen Kartuja hura.

        Ez ninduen atsekabetzen bere osotasunean ikustea, eta aurrez aurre behingoz, ametsetan edo boladan zeuden baladetan eta Operan Roberto Deabrua obrako mojen ekitaldian baino ikusi ez nuen hura. Izan genuen agerpen fantastikorik ere, orain azalduko dudan bezala. Eta han iragartzen zitzaidan erromantikotasun hura guztia gorabehera, erromantikotasunari buruzko gogoeta orokor batzuk ere egin nituen.

        Lehen adierazitako eraikin multzo horri erantsi behar zitzaizkion abade nagusiaren partea, zeina ezin izan baikenuen bisitatu, eta beste zenbait atal misteriotsu; anaia konbertituen gelaxkak, Kartuja zaharrarena izandako eliza txiki bat eta beste hainbat eraikin, bakardade bila edo penitentziako debozioak egitera hara bildutako handikientzat gordeak; patio txiki asko, komunitatearen abereentzako ukuiluez inguratuak, bisitarien jarraigo handiarentzako gelak; eta azkenik, falansterio handi bat —gaur egun esango litzatekeen bezala—, Ama Birjinaren eta San Brunoren babespekoa.

        Eguraldi oso txarra egiten zuenean eta mendira joaterik ez genuenean komentuan zehar egiten genuen gure ibilalditxoa, aterpean, eta hainbat ordu behar izaten genuen jauregitzarra aztertzeko. Ez dakit zer jakinminek bultzatzen ninduen horma abandonatu haietan monasterioko bizitzaren sekretu gordea bilatzera. Hain zen berria haren arrastoa, ezen beti entzun uste bainuen sandaliaren hotsa zolan edo otoitzen zurrumurrua kaperetako gangen azpian. Gure gelaxketan latinezko otoitz irarriak ikus zitezkeen paretetan atxikita, irakurtzeko moduan artean, baita oremus otoitza esan daitekeenik imaginatu ezingo nukeen toki ezkutuetan ere.

        Egun batean, goiko galerietan aurkikuntza bila genbiltzala, tribuna eder bat agertu zitzaigun; gure begirada kapera handi eder batera jausi zen ondoren. Hain altzari egokiak zituen eta hain zen txukuna, ezen aurreko egunean abandonatu zutela baitzirudien. Monje buruaren jargoia behinolako tokian zegoen eta asteko erlijio jardunen ordena, zur beltzeko marko batean finkaturik, koruko eserlekuen arku zentraletik zintzilik zegoen. Eserleku bakoitzak santu imajina bana —erlijiogizon bakoitzaren zaindariarena seguruenik— zuen bizkarrean itsatsita. Artean erabat desagertu gabe zegoen hormak luzaz kirastu zituen intsentsu usaina. Aldareak lore lehorrez apainduta zeuden eta kandela erdi ahituak beren argimutiletan zutik zeuden oraindik. Ordenak eta gauza horien egoera onak ez zuen batere antzik kanpoaldeko hondamenarekin, leihoak estaltzen zituzten sasitzekin eta klaustroetan mosaiko zatiekin txingoan jolasean zebiltzan haur bihurrien oihuekin.

        Nire seme-alabei dagokienez, harrigarrizko aurkikuntzen jaierak bultzatzen zituen, gu bultzatzen gintuen baino are grina handiagoz, behaketa urduri eta amorratu haietara. Zalantzarik gabe, nire alabak Kartujako ganbaran gauza zoragarriez beteriko maitagarri-jauregi bat aurkituko zuen uste osoa zeukan, eta semeak, berriz, hondakin haien artean ezkutaturik drama izugarri eta harrigarri baten aztarnak aurkituko zituen itxaropena zuen. Askotan beldurtu egiten ninduen katuak bailiran habe okerretan eta terraza erdi erorietan gora igotzen ikusteak, eta urrats batzuk aurreratu eta zurubi kiribil baten bihurgunean desagertzen ziren orduko betiko galduak nituela uste izaten nuen, eta presaka abiatzen nintzen haien atzetik, beldurrez, eta arrazoi ezjakinen bategatik, sineskeriaren batek eraginda.

        Izan ere, nahita ere ezin dira sineskeriak desagerrarazi areto zorigaiztoko haietan, are gurtza zorigaiztoko bati eskainitako areto haietan; badute nolabaiteko eragina gure irudimenean, eta bururik hotz eta lasaienari erronka botako nioke ezetz denbora luzean han iraun osasun betean. Beldur fantastiko txiki horiek, horrela dei banitza, erakargarriak ere badira; gure baitan gainditu behar izateko bezain errealak dira ordea. Aitortu behar dut ia inoiz ez nintzela ibili klaustroan gauez halako estuasun eta plazerraren arteko emozio bat sentitu gabe, eta ez nukeen nahi nire seme-alabek sentimen hori antzematerik, beraiek ere halakorik sentituko zuten beldur bainintzen. Eta hala ere ez zuen ematen horretarako prest zeudenik, pozik ibiltzen baitziren lasterka, Ilargi argitan, arku hautsi haien artean, akelarrerako deia egiten ari zirela ematen zuen arku hautsi haien artean. Behin baino gehiagotan eraman nituen hilerrira gauerdi inguruan.

        Bakarrik irteten ez nien gehiago utzi, ordea, laino artean gora eta behera ibiltzen zen agure batekin topo egin genuen gau batez gero. Komunitatearen zerbitzari edo bezero zaharra zen, eta ardoak eta debozioak burua galarazten zioten sarritan. Mozkortzen zenean klaustroen artean ibiltzen zen hara-hona, gelaxka mortuetako ateak joaz bere erromes makilarekin, arrosario luze bat zeramala makilatik zintzilik, monjeei deitzen zien oihu ardoz blaituekin eta ahots goibelaz otoitz egiten zuen kaperen aurrean. Gure gelaxkatik argi izpirik txikiena ikusi orduko, han etortzen zen mehatxuka eta birao izugarriak esanez. Maria Antoniaren etxean sartzen zen —izugarrizko beldurra zion gajoak—, eta sermoi luzeak esaten zizkion, tarteka arnegu lotsagabeak botatzen zituen, eta sutontziaren ondoan eserita gelditzen zen azkenean, harik eta sakristaua agertu eta adeitasunez eta amarruz handik eramaten zuen arte: izan ere, sakristaua ez zen oso ausarta, eta berari etsaituko zitzaion beldur zen. Halakoetan, gizona guri etortzen zitzaigun ordu txikietan ate joka, eta Aita Nikolasi alferrik deika aritzeaz nekatzen zenean, hura baitzen bere burutapen betierekoa, Ama Birjinaren oinetan etzatzen zen, gure atetik urrats batzuetara, eta hantxe gelditzen zen lo, bere labana irekia esku batean, eta arrosarioa bestean.

        Haren zalapartak ez gintuen gehiegi larritzen, ez baitzen bat-batean jendeari erasotzen dioten horietakoa. Bere oihu hasperenekin eta lurrean makuluaz egiten zuen zaratarekin urrutitik iragartzen zuenez bazetorrela, denbora aski izaten genuen animalia basati hura iritsi aurretik hanka egiteko. Gure gelaxkako haritzezko ate bikoitzak harena baino eraso bortitzagoa ere aise jasango zukeen; halere gau haietako erasoa ez zen beti dibertigarria izaten, lur jota baikenuen gure eria eta hari atseden ordu batzuk lapurtzen baitzizkion. Mucha calma behar zen hura jasateko, zeren, jakina, ez genukeen herrizainen aldetik inolako laguntzarik jasoko; gu ez ginen mezatara joaten, eta gure etsaia, berriz, sekula mezatara huts egiten ez zuen santu bat zen.

        Gau batean beste era bateko larrialdi eta agerpen bat izan genuen, sekula ahaztuko ez dudana. Hasieran zarata ulertezin bat izan zen, zurezko zoruan itzulika zebiltzan milaka intxaur-zakuren moduko zarata bat. Lasterka atera ginen klaustrora, zer ote zen ikustera. Klaustroa mortu eta goibel zegoen, beti bezala, baina etenik gabeko zarata hura gero eta gero hurbilago entzuten genuen eta halako batean argitasun ahul batek argitu zuen gangen sakontasun itzela; pixkana-pixkana argitu zen hainbat zuziren argitan, eta zuziek botatzen zuten lurrin gorritan agertzen ikusi genuen Jainkoaren eta gizonaren begietara higuingarri ziren gizon batzuez osaturiko aldra bat. Luzifer bera zen, hara, bere gorte guztia zuela lagun; halako deabru jaun beltz bat, adarduna, aurpegia odol kolorekoa zuena, eta haren inguruan hamaika deabrutxo, hegazti burua, zaldi buztana eta kolore guztietako urre antzeko apaingarriak zituztenak, eta emakume deabru edo artzainak, soineko zuri edo arrosa kolorekoez jantzita, deabruzko iratxo izugarriek bahituak bailiran. Oraintxe egin berri ditudan aitorpenekin, onartu behar dut minutu bat edo bitan, eta hura guztia zer zen jakin ondoren ere puska batean, borondatezko ahalegin handia egin behar izan nuela lanpara maskarada itsusi hartatik apartatu gabe eusteko; orduak, lekuak eta zuzien argitasunak naturaz gaindiko ikuskizuna osatzen zuten bene-benetan.

        Herriko jendea zen, nekazari aberatsak eta burges txikiak; Astearte inautea ospatzen ari ziren, eta Maria Antoniaren gelaxkara zetozen beren dantzaleku oihesa han jartzera. Bere ibilaldian soinu bitxi bat zuten lagun, kriskitin hotsa; maskara zikin eta nazkagarriak zeramatzaten mutiko batzuek jotzen zuten kriskitina, aldi berean denak, baina ez erritmo eten eta neurtuaz, Espainian ohi den bezala, baizik eta etengabeko zalapartan, gudu zelaietako danborraren tarrapata bezala. Zarata hura, zeina beren dantzetan erabiltzen baitzuten, hain da lehorra eta zakarra, ezen egonarri handia behar baita ordu laurdenez hura jasateko. Jai martxan ari direnean, martxa bat-batean eten eta coplita bat botatzen dute denek batera, etengabe errepikatzen den eta sekula amaituko ez dela ematen duen musika esaldi baten gainean; ondoren beren tarrapatari ekiten diote berriro kriskitinek, hiruzpalau minutuko joaldian. Ez dago hura baino denborapasa ankerragorik: zuraren tarrapataz tinpanoa zulatzea. Musika esaldiak, bere horretan ezdeusa den arren, tankera arranditsua hartzen du tarte luze horien ondoren, berez oso tankera berezia duten ahots batzuek esaten dutenean. Ahotsak lauso bezala entzuten dira pasarterik distiratsuenean, eta motel bezala bizitasun handieneko pasarteetan.

        Arabiarrek horrela kantatuko zutela pentsatzen dut eta Tastu jaunak, zeinak gai horri buruzko zenbait ikerketa egin baititu, uste du mallorcarren erritmo nagusiak, beren apaindura gogokoenak, hitz batean bere tankera, arabiar tankera eta motakoak direla.

        Deabru haiek guztiak hurbildu eta inguruan jarri zitzaizkigun gozotasun eta adeitasun handiz, mallorcarrak ez baitira batere itsusiak eta oldarkorrak, oro har, beren maneretan. Beltzebu erregeak espainieraz hitz egiteko ohorea egin zidan, eta abokatua zela esan zidan. Ondoren, bere pertsonaren iritzi jasoagoa ematearren, frantsesez hasi zitzaidan, eta Kartuja atsegin nuen ala ez galdetu nahi izan zidanean, cartuxa espainierazko hitzaren ordez cartouche frantsesezko hitza erabili zuen, kontraesan txikia, beraz. Deabru mallorcarrak, dena den, ez du zertan hizkuntza guztietan hitz egiten jakin behar.

        Dantza ez dute kantua baino alaiagoa. Haien atzetik joan ginen Maria Antoniaren gelaxkaraino, zeina baitzegoen huntzezko girlandetatik zintzilik gelan alderik alde jarritako paperezko lanpara txikiez apaindua. Haien orkestra —gitarra handi batez, gitarra txiki batez, biolin zoli batez eta hiruzpalau kriskitin parez osatua— bertako jotak eta fandangoak jotzen hasi zen; hango doinuek Espainiakoen antza dute, baina erritmo orijinalagoa eta errepika are ausartagoa dute.

        Rafael Torres lurralde hartako lurjabe aberatsaren omenez ematen ari ziren jai hura; neska eder samar batekin ezkondu omen zen egun batzuk lehenago. Ezkonberria izan zen ia gau guztian emakume batekin aurrez aurre dantzan aritzera kondenaturiko gizon bakarra, eta horrela, bata bestearen atzetik atera zituen banan-banan dantzara. Bikotea dantzan ari zen bitartean lurrean kokoriko esertzen ziren inguruan bildutako guztiak, kopetilun eta isilik, ekialdekoak eta afrikarrak egoten diren bezala; horrelaxe egon zen alkatea bera, bere fraide kapa jantzita eta zilarrezko heldulekua zuen eskumakila beltz handia hartuta.

        Mallorcako boleroek arbasoen handitasuna dute eta Andaluzian miresten dituzten grazia profano horien falta dute. Gizon eta emakume, besoak zabalik eta geldi egoten dira denak, hatzekin kriskitinak tarrapataka eta etengabe jotzen dituzten bitartean. Rafael ederra kontzientzia lasaitzeko aritu zen dantzan. Bere eginbeharrak bete zituelarik, zakur bat bezala esertzera joan zen, besteak bezala, eta herriko deabruak hasi ziren orduan. Liztorra bezain argala zegoen gaztetxo batek mirespen unibertsala irabazi zuen bere aurpegian poz arrastorik txikiena ere agertu gabe mugimendu zurrunak eta jauzi galbanikoen moduko salto bertikalak eginez. Nekazari lodi bat ere bazegoen, oso dotorea eta harro tankerakoa; hankak luzatu eta besoak gerrian jarri nahi izan zituen, espainiar erara. Oihuka eraso zion jendeak, ondo merezita gainera: denik eta karikaturarik barregarriena zen. Dantza baserritar hark denbora luzean liluratuko gintuen, zaldun eta dama haiek botatzen zuten olio kedar eta baratzuri kiratsagatik izan ez balitz, eztarrian itsatsita gelditzen baitzen.

        Inauterietako mozorroak ez ziren jantzi indigenak bezain erakargarriak guretzat; bertako jantziak oso dotore eta xelebreak dira. Emakumeek farfail edo muselinazko buruko zuri moduko bat eramaten dute, rebozillo deitua. Bi parte ditu bata bestearen gainean jarrita: lehena buruan eutsia da, atzealderantz eroria pixka bat, kokots azpitik igarotzen dela lekaimeen burukoa bezala, horrek rebozillo en amount du izena; bestea, berriz, sorbaldatik zintzilik eramaten da, bizkarreko baten modura, eta rebozillo en volant esaten zaio. Ilea zerrenda leundutan eramaten dute kopetan, eta lotuta atzean, rebosillotik txirikorda luze bat ateratzen dela bizkarrean behera, alboan berriro goratzen dena, gerritik gora. Eguneroko zarpailez jantzita daudenean bizkarretik zintzilik eramaten dute txirikorda, estoffade moduan. Gorontza, merino artilezkoa edo seda beltzekoa, leporik gabea eta mahuka motzekoa da, eta metalezko botoiak eta gustu eta aberastasun handiz botoietan pasatako zilarrezko kateak ditu ukondo azpietan eta bizkarreko josturetan. Gerria dute estua eta lerdena, oina oso txikia, jai egunetan zapata txukunez jantzia. Herritar xaloenak ere eramaten ditu farfailezko galtzerdiak, satenezko zapatak, urrezko katea lepoan eta zilar katezko besaldi asko soinean eta gerritik zintzilik. Asko ikusi nituen gorpuzkera egokikoak, gutxi ordea politak; aurpegiera erregularra dute, andaluziarrek bezala, baina fisonomia xaloagoa eta gozoagoa. Soller ingurukoek eder fama dute, baina ez nintzen hara joan.

        Ikusi nituen gizonak ez ziren ederrak, baina hala ematen zuten lehen begiratuan, beren janzkerak ederki ematen baitie. Igandetan seda nabardunezko gerruntze bat (guarde-pits) janzten dute, bihotz moduan ebakia eta oso irekia bularraldean; eta jaka beltz bat (sayo), laburra eta gerrian estua, emakumezkoen gorontza bezala. Alkandora zuri-zuria, lepoan eta mahuketan zerrenda brodatu batekin itxia, lepoa estali gabe duena eta bularrean oihal zuri eder batez apaindua, janzkera nabarmentzen duela. Gerrian koloretako gerriko bat eramaten dute lotuta, eta galtza luze lasaiak, turkiarrenak bezalakoak, bertan egindako kotoizko eta sedazko zerrendekiko oihalezkoak. Horrekin batera hari zuri, beltz edo nabarrezko galtzerdiak eramaten dituzte, eta tinte edo apresturik gabeko behi larruzko oinetakoak. Kapelu hegal-zabala, basakatuaren larruz egina (moxine), sedazko eta urrezko hariz egindako kordoi eta bolekikoa da, eta hautsi egiten du gainerako jantzien ekialdeko kutsua. Etxean, foulard edo zapi indiar bat lotzen dute buruan, turbante modura, eta kapeluan baino askoz ere hobeto ematen die. Neguan, artile beltzezko txapel bat janzten dute, tonsura estaltzeko; izan ere, moztu egiten dute kalpar aldeko ilea, fraideek bezala, garbitasunagatik —eta Jainkoak badaki ez diela askorik laguntzen!— edo debozioagatik. Ilea sendo harroa, zakar eta kizkurra, lepo inguruan zintzilik eramaten dute beraz (zurda gelditzen den bezala). Guraizeekin kopetan egindako ebakiak osatzen du adats hori, Erdi Aroko modaren arabera doi moztua, eta aurpegi guztiei indarra ematen diena.

        Landan erabiltzen duten janzkera, are baldarragoa, xelebreagoa da oraindik. Hankak eramaten dituzte biluzik edo larru horizko azpantarrez belauneraino estaliak, urte sasoiaren arabera. Bero egiten duenean ez dute alkandora eta galtza harroak besterik janzten. Neguan, fraide jantziaren tankerako kapa gris bat janzten dute gainetik, edo Afrikako ahuntz larru bat bestela, ilea kanpoalderantz jarrita. Taldean dabiltzanean, zerrenda beltz batek alderik alde zeharkaturiko lehoi tankerako larru horiek bizkar gainean jarrita burutik oinetaraino iristen zaizkiela, atzeko hanken gainean dabilen artaldetzat har litezke erraz asko. Landara doazenean edo etxerako itzuleran, aurretik joaten da bat, ia beti, gitarra edo flauta jotzen, eta atzetik joaten dira besteak, isilean, haren urratsari jarraituz, burumakur, aire inozo edo ergelaz. Eta hala ere, ez dute zorroztasunik falta, eta leloa litzateke haien itxurarekin fio dena.

        Altuak dira, eta beren janzkerak are altuago egiten ditu, argal itxura ematen baitie. Lepoa ederra eta sendoa dute, eta ez dute sekula estalita eramaten; bularra zabala eta ongi eratua dute, eta ez dute gerruntze esturik eta tiranterik eramaten; baina hanka okerrak dituzte gehienek.

        Agureak eta gizon adintsuak, aurpegieraz ederrak izan ez arren, serioak dira bederen eta duintasun handiko tankera dute. Fraideak ematen dute guztiek, poetikoki adierazi izan dituzten bezala. Belaunaldi gaztea arrunta iruditu zitzaigun, eta tankera xelebrekoa; jatorriarekiko lotura eteten duela iritzi genion. Fraideek duela hogei urtez geroztik bakarrik utzi al diote etxeko intimitatean esku hartzeari?

        — Bidaia-txantxa bat baino ez da.

 

 

 

© George Sand

© itzulpenarena: Miren Arratibel, Aintzane Atela

 

 

"George Sand / Negu bat Mallorcan" orrialde nagusia