V. kapitulua

 

        Ziega haiek ez nituen Palman ikusi, Bartzelonan baizik, Inkisizioaren etxeko hondakinetan, hamalau oin lodiko hormetan zulatuta. Seguru asko Palmako ziegetan ez zen presorik izango herritarrak hara sartu zirenean. Hortaz, mallorcarren sentikortasunari barkamena eskatzen diot irakurri berri den testu horretan hartu dudan lizentzia poetikoagatik.

        Dena dela, esan behar dut, egiaren arrastorik ez duen ezer ezin asma daitekeenez, ezagutu nuela Mallorcan abade bat, gaur egun Palmako parrokia bateko erretore, zeinak Inkisizioaren presondegian igaro baitzituen bere bizitzako zazpi urte, bere gaztaroko onenak, eta zeina berarekin liluraturik zegoen dama baten babesari esker bakarrik irten ahal izan baitzen handik. Sasoi betean zegoen gizona, begiak zituen bizi-biziak eta manera atseginak. Ez zuen, itxuraz, ofizio santuaren errejimena asko ere deitoratzen.

        Domingotarren komentu horri dagokionez, Grasset Saint-Sauveurren pasarte bat aipatuko dut; ezin leporatu zaio alderdikeriaz jokatu izana, hasieran biziki goraipatzen baititu inkisidoreak, zeintzuekin harremanak izan baitzituen Mallorcan:

        «Baina, oraindik ere, juduen kontra garai batean egindako basakeriak gogora ekartzen dituzten pinturak ikus daitezke Santo Domingoko klaustroan. Sutan erretako dohakabe bakoitza koadro batean agertzen da, oinean jarrita dagoela dohakabearen izena, adina, eta hil zuten garaia.

        »Esan didate, errukarri haien ondorengoek, gaur egun Palmako biztanleen artean chouettes izen barregarria duen talde berezia osatzen dutenek, diru kopuru handiak eskaini zituztela, alferrik ordea, monumentu samingarri haiek ezaba zitzaten. Ez nuen halakorik sinetsi...

        »Dena dela, ez dut sekula ahaztuko domingotarren klaustroan nenbilen egun batean pintura triste haiei nola begiratu nien samintasunez: fraide bat hurbildu zitzaidan eta koadro haietako asko gurutzean jarritako hezurrez markatuta zeudela ohartarazi zidan. «Erretratu hauek, esan zidan, errautsak lurretik atera eta haizetara barreiatu zituztenen erretratuak dira».

        »Odola izoztu zitzaidan; korrika irten nintzen handik, ikuskizun hark bihotza erdibitu baitzidan eta izpiritua zauritu.

        »Patuak zerrenda bat ekarri zidan eskura, 1755ean argitaratu zena Inkisizioaren aginduz: 1645etik 1691 arte Mallorcan kondenatu zituzten zoritxarrekoen izenak, abizenak, ezaugarriak eta delituak azaltzen ziren zerrenda hartan.

        »Dardara batean irakurri nuen idatzi hura: lau mallorcar aurkitu nituen, emakume bat tartean, bizirik erreak judaismoa zela eta; beste hogeita hamabi, Inkisizioaren ziegatan arrazoi beragatik hilak eta hil ondoren erreak; hiruren errautsak lurretik atera eta barreiatu zituzten haizetara; holandar bat zegoen luteranotzat salatua; mallorcar bat, mahometanotzat salatua; sei portuges, tartean emakume bat, eta sei mallorcar, judutzat akusatuak, irudian erreak, ihes egiteko zori ona izan baitzuten. Beste berrehun eta hamasei biktima kontatu nituen, mallorcarrak eta atzerritarrak, judu, heretiko edo mahometanotzat salatuak izan arren espetxetik irten zirenak jendaurrean damua agertu zutelako eta Elizaren altzora itzuli zirelako.

        »Katalogo izugarri hori Inkisizioaren dekretu ez gozoago batekin amaitzen zen».

        Grasset jaunak gaztelerazko testua ematen du ondoren; hona hemen haren hitzez hitzezko itzulpena.

        «Zerrenda horretan aipatutako errudun guztiak jendaurrean kondenatu zituen ofizio santuak, heretikotzat ezagututa; haien ondasun guztiak bahian hartu eta errege altxorrak beretu zituen; eta ezgai eta ezgauzatzat hartu zituzten aginte edo ondasun elizakoak zein sekularrak edukitzeko edo lortzeko, eta orobat beste ofizio publiko edo ohorezkorik betetzeko ere; ezin eraman zuten soinean, eta ezin zieten beren mendekoei eramanarazi, ez urre eta ez zilar, perla, harribitxi, koral, seda, artile, edo oihal finik; ez zeukaten zaldiz ibiltzerik, ezta armarik eramaterik ere, eta ezin zuten erreinu horretako zuzenbide orokorrak, legeak edo pragmatikak, eta ofizio santuaren aginduek eta estiloak, era horretan mailaz beheratutakoei debekatzen zien beste edozer egin edo erabili; debeku hori bera zegokien erreta hiltzera kondenatutako emakumeei, haien seme-alabei, eta erreta hiltzera kondenatutako gizonezkoetan, berriz, haien semeen seme-alabei; zigortu zen, era berean, irudian erretakoen oroitzapena, agindu eman zen beren hezurrak (kristau fidelen hezurretatik bereiz baitzitezkeen) lurretik atera, eta justiziaren eta aginte sekularraren esku utz zitezen, erre eta errauts bihurtzeko gero; ezabatu eta karrakatu ziren haien hilobietako idazkun guztiak eta edozein lekutan jarrita edo margotuta agertzen ziren haien armarriak, halako eran, ezen ez baitzen lurrean haien arrastorik batere geldituko, salbu haien kontrako epaiaren eta hilketaren oroitzapena.»

        Era horretako agiriak irakurtzen direnean, gure garaiaren hain hurbilekoak izaki, eta ikusten denean juduak kristautu zirenetik hamabi edo hamabost belaunaldi igaro ondoren ere nolako gorroto garaitezinak esesten duen gaur egun Mallorcako arraza errukarri hori, ezin sinets daiteke Inkisizioaren izpiritua Mendizabalen dekretuaren garaian esan zen bezala erabat iraungia zenik.

        Ez dut artikulu hau amaituko eta ez naiz inkisizioaren komentutik irtengo irakurleari aurkikuntza ikusgarri baten berri eman gabe. Aurkikuntza horren ohore guztia Tastu jaunarena da; aurkikuntza horrek ospea ekarriko zion orain dela hogeita hamar urte jakintsu hari, baldin eta, bihotz onez, munduaren nagusiaren esku utzi ez balu behintzat, bere buruaren onura bilatu gabe, eta uste hau egokitzen zaio bestea baino hobeto Tastuk zuen artista axolagabe eta ardurabearen izakerari.

        Idazki hori interesgarriegia da nik oso-osorik ez emateko. Hona hemen, beraz, niri eskura etorri bezalaxe, argitaratzeko baimenarekin.

 

        Santo Domingo komentua Palman

        Santo Domingoren kide batek, Miguel de Fabrak, sortu zuen anaia predikarien ordena Mallorcan. Gaztela Zaharrekoa zen jaiotzez, eta Jaime I.aren laguntzaile izan zen Balear nagusiaren konkistan, 1229an. Gizon ikasia eta argia zen, eta debozio gartsukoa; eta itzal handia ematen zion horrek Conquistador-aren, bere kide nobleen, eta are bere soldaduen aurrean. Sutsu mintzatzen zitzaien gudariei, meza ematen zuen, komunioa ematen zien eliztarrei eta gogor hartzen zituen fedegabeak, garai hartan elizgizonek egin ohi zuten bezala. Arabiarrek esaten zuten Ama Birjinak eta aita Miguelek biek bakarrik konkistatu zituztela. Soldadu aragoitar eta kataluniarrek Jainkoari eta Ama Birjinari erregutu ondoren Miguel Fabra aitari erregutzen zioten, hala esaten da behintzat.

        Domingotar ospetsu honek bere adiskide Domingoren eskutik hartu zituen bere ordenako fraide jantziak Tolosan: Domingok Parisa bidali zuen beste bi kiderekin batera garrantzizko eginkizun bat betetzera. Miguelek sortu zuen lehenengo komentu domingotarra Palman, Mallorcako gotzain nagusiaren prokuradore D.J.R. de Torellak emandako laguntza baten bidez: 1231. urtean izan zen hori.

        Meskita bat eta meskita horren mendeko zenbait kana lur erabili ziren hastapenetan. Anai predikariek komunitatea handitu zuten geroago, era guztietako gaien salerosketa aberasgarriari eta eliztarrek maiz samar egiten zituzten diru emateei esker. Dena dela, lehenengo fundatzailea, Miguel de Fabra anaia, Valentziara joan zen hiltzera, berak konkistatzen lagundu zuen lurraldera hain zuzen.

        Jaime Fabra izan zen domingotarren komentuko arkitektoa. Ez da inon aipatzen aita Miguelen senide zenik, abizen berekoak izan arren; planoak 1296. urte inguruan eman zituela eta handik urte batzuetara Bartzelonako katedralekoak (1371) eta Aragoiko erregeen lurraldeko beste hainbateko planoak marraztu zituela, beste ezer ez da ezagutzen.

        Komentuak eta elizak hainbat aldaketa jasan dituzte denboraren joanean, une batez alderatzen badira, guk egin dugun bezala, minek hondatutako monumentuen zatiak. Hemen ez da hamalaugarren mendeko estiloko ataurre eder bat besterik gelditzen; baina harantzago, hondakinen artean dauden arku hautsiek eta ganga etzanek —monumentuaren osagai, hauek ere— Jaime Fabraz gainera beste arkitekto batzuk aritu zirela erakusten dute, hura baino maila apalagoko arkitektoak halere.

        Hondakin hedadura handiko horietan —zeinetan zutik iraun duen gauza bakarra mendeetan han egondako palmondo batzuk, gure erreguei esker gordeak, baitira— deitoratu ahal izan dugu Bartzelonan Santa Katalina eta San Frantziskoren komentuetan egin genuen bezala, irizpiderik gabeko suntsitze horiek politika hotzak bakarrik eraginak izana.

        Hala da, arteak eta historiak ez dute ezer ere galdu Palmako San Jeronimoren komentua erortzen ikustearekin, edo Bartzelonako San Frantziskoren komentua, muralla del Mar inguratzen zuena eta traba besterik egiten ez zuena, erortzen ikustearekin; baina, historiaren izenean, eta artearen izenean, zergatik ez ziren gorde behar, monumentu gisa bederen, Bartzelonako Santa Katalinaren komentua eta Palmako Santo Domingorena, zeinetako habeartean gordetzen baitziren jende zintzoaren hilobiak, las sepulturas de personas de be, gure eskuetara iritsi den eta komentuko artxiboetakoa zen koaderno txiki batek dioen bezala? N. Cotoner, Maltako Ordenako Burua, izenaren ondoren beste hauek irakur zitezkeen han: Dameto, Muntaner, Villalonga, La Romana, eta Bonapart! Liburu hau, komentuaren gainerako guztia bezalaxe, komentua irauli zuen enpresarioarena da gaur egun.

        Gizon hori, mallorcar petoa bera —lehenengo begi kolpean harritu egiten zaitu, baina berehala liluratzen eta lasaitzen zaitu— ikusirik hondakin haiek, historiaren oroigarri haiek, sortzen ziguten jakinmina, eta, herri gizona izaki, Napoleon handiaren jarraitzailea zenez, lehiatsu etorri zitzaigun Bonapart armarria zuen hilobia, bere arbasoena, erakustera, hori baita mallorcarren ohitura. Hilobi hura zenbait azterketa egiteko modukoa iruditu zitzaigun; baina beste eginbehar batzuk genituen, eta ez genuen denbora nahikoa izan azterketa haietan sakontzeko.

        Bonapart-en armarriak bildu ditugu, eta hauek dira:

        Parte urdin ilunean, urrezko sei izar, seina puntakoak, bi, bi eta bi; parte gorrian, urrezko lehoia ibilian, eta urrezko buruan, arrano beltz bat, ateratzen ari dela:

        1) Montenegroko konde jaunaren liburutegian gordetako aberastasunen parte den noble edo armarri liburu batean, armarri horien faksimile bat lortu genuen.

        2) Bartzelonan, Aragoiko koroaren artxibozain jakintsu batena zen beste noble liburu espainiar batean —egitez ez aurrekoa bezain ederra—, zeinetan agertzen baitira 1549ko ekainaren 15eko datarekin, Fortuny familiaren nobletasunaren ikurrak, eta horietako laurden batean amaren aldeko amonarena, zeina baitzen Bonapart etxekoa.

        Aragoiko koroaren artxiboetako II. alean, Indice: Pedro III atalean, 1276ko bi akta aipatzen dira, Bonpar familiako kideei buruzkoak. Garai hartako beste hainbat izen bezala, izen hori ere, Proventzakoa edo Languedoc-ekoa jatorriz, mallorcar erara aldatuko zen eta Bonapart bihurtuko zen horrela.

        1411n, Hugo Bonapart, mallorcarra jaiotzez, Kortsikako uhartera joan zen Martin Aragoikoaren errejente edo gobernadore gisa; eta hura hartzen da Bonaparte-tarren, edo geroago esan zen bezala, Buonaparte-tarren, arbasotzat; hala, Bonapart da erromantze izena, Bonaparte italiera zaharrekoa, eta Buonaparte italiera modernokoa. Gauza jakina da Napoleonen senideek berdin-berdin sinatzen zutela Bonaparte edo Buonaparte.

        Zeinek daki aztarna sotil horiek, urte batzuk lehenago aurkitu izanez gero, zenbateko garrantzia izango zuten baldin eta Napoleoni, frantsesa izateko grina handia baitzuen, baliagarri izan balitzaizkio bere familia jatorriz frantsesa zela frogatzeko?

        Gaur egun halako balio politikorik ez duen arren, ez du horregatik interes gutxiago Tastu jaunaren aurkikuntzak, eta Frantziako gobernuak letretarako gordeta duen diruaren banaketaren gainean erabakitzeko ahalmenik banu, aurkikuntza amaitzeko behar dituen baliabideak emango nizkioke bibliografo hari.

        Gaur egun ez du garrantzirik, eta horrekin bat nator, Napoleon jatorriz frantsesa zela ziurtatzeak. Kapitain handi hark, zeina ez baitzen hain printze handia izan nire ustez (eta barkamena eskatzen diot modari), baina bai gizon handia, berez zuen izaeragatik, ondo asmatu zuen Frantziaren semetzako bihurtzen, eta etorkizunak ez dio galdetuko bere arbasoak florentziarrak, kortsikarrak, mallorcarrak edo languedoctarrak ziren; historia, ordea, beti saiatuko da arraza hautatu hori, zeinetan Napoleon ez zen ustekabea edo gertaera isolatua izan, estaltzen duen oihala altxatzen. Seguru nago ondo bilatuz gero, familia horren aurreko belaunaldietan hainbat gizon edo emakume aurkituko direla ondorengotza horren duin, eta armarriak —berdintasunaren legeak zigortu dituen arren, historialariak beti oso kontuan hartu beharrekoak monumentu adierazgarri gisa— aski argigarriak izan daitezke horretan, antzinako Bonapartetarrak borrokazaleak edo handinahiak ziren jakiteko.

        Izan ere, izan al da inoiz mallorcar zaldun hauena baino armarri harroagorik eta sinbolikoagorik? Oldarrerako jarreran dagoen lehoi hori, izarrez betetako zeru hori, zeinetatik ihes egin nahi baitu arrano igarleak, ez al dira ohiz kanpoko patu baten hieroglifo misteriotsua? Napoleonek, zeinak izarren poesiaren aldeko sineskeria moduko maitasun bat baitzuen eta Frantziako armarriari arranoa eman baitzion, ba al zuen bere armarri mallorcarraren berri? Eta bere jatorrian Proventzako Bonpar-tarretaraino atzera egin ezin izan zuenez, isilpean gorde al zuen aiton-amonak espainiarrak zituela? Horixe da gizon handien hil ondoko zoria, nazioak haien sehaskari edo hilobiari buruz eztabaidan aritzea.

 

 

 

© George Sand

© itzulpenarena: Miren Arratibel, Aintzane Atela

 

 

"George Sand / Negu bat Mallorcan" orrialde nagusia