VII. kapitulua

 

        Establimentsen hirugarren astea genuenean hasi zuen euria. Ordu arte eguraldi zoragarria izan genuen; limoiondoak eta mirtoak loretan ziren artean, eta abenduko lehenengo egunetan terraza ireki batean gelditu nintzen goizeko bostak arte, tenperatura atsegin haren gozamenari loturik. Eta aintzat hartzeko modukoa naiz ni kontu horretan, izan ere, ez dut munduan inor ezagutzen ni bezain hozbera denik, izadi ederrarekiko lilurak ere ez nau ni hotzik txikienaren aurrean sorgor bihurtzen. Bestalde, paisajea ilargi argitan xarmagarria eta loreak oso usaintsuak ziren arren, nire gaubeila ez zen batere hunkigarria izan. Ez nengoen han goi-argi bila, olerkari batek egingo lukeen bezala, baizik eta begira eta entzuten gelditzen den olgetari bat bezala. Denbora-pasa gustagarria nuen, oroitzen dut, gaueko zaratak biltzea eta haietaz ohartzea.

        Egia da, eta mundu guztiak daki, herri bakoitzak dituela zeinek bere harmoniak, intziriak, oihuak, marmar misteriotsuak, eta ez da gauzen hizkuntza material hori izaten bidaiaria harritzen duten ezaugarrien artean txikienetakoa. Urak marmolezko pareta hotzean egiten duen par-par hots misteriotsua, aguazilen urrats geldo eta ongi neurtua kaian, arratoiek harri lokaztuetan elkarri segika eta borrokan aritzen direnean ateratzen duten intziri ozen eta haurrarenaren tankerakoa, eta, oro har, Veneziako gauetako isiltasun malenkoniatsua aztoratzen duten zarata ezkutu eta bitxiek ez dute batere antzik Bartzelonako itsasoaren zarata beti berdinarekin, gau zaindarien quien vivearekin eta serenosen kantu malenkoniatsuarekin. Mayor aintzirak ez ditu Genebako aintziraren harmonia berberak. Eta Suitzako basoetako pinaburuen karraska etengabeak ere ez du hormategietan entzuten diren karrasken batere antzik.

        Mallorcan munduko beste edozein bazterretan baino sakonagoa da isiltasuna. Gaua jaten ematen duten asteme eta mandoek urratzen dute, tarteka, hango isiltasuna beren zintzarriekin; baina ezkila horien zarata suitzar behien zintzarriena baino ozenagoa eta melodikoagoa da. Boleroa entzuten da lekurik mortuenetan eta gau itxienetan. Ez dago nekazari bat bera ere bere gitarra ez duenik eta hara-hona gitarra alboan duela ibiltzen ez denik. Nire terrazatik itsasoa ere entzuten zen, baina hain urrun eta ahul ezen Djinnsen olerki izugarri fantastiko eta hunkigarria ekartzen baitzidan gogora:

 

                J'écoute,

                Tout fuit.

                On doute,

                La nuit,

                Tout passe,

                L'espace

                Efface

                Le bruit

 

        Alboko etxaldean haur baten negarra entzuten nuen eta entzuten nuen, orobat, haren ama, haurra loarazteko herriko aria eder bat kantatzen, aria arrunt monotonoa, oso goibela, oso arabiarra. Baina beste ahots batzuek, ez hain poetikoak hauek, Mallorcaren alderdirik zakarrena gogorarazi zidaten.

        Esnatu ziren zerriak eta protestaka hasi ziren, azaldu ezingo nukeen doinu bat eginez. Pagès familia burua itzarri egin zen bere zerri maiteen ahotsa entzutean, ama bere haurtxoaren negarrarekin esnatu zen bezalaxe. Leihora atera eta kortako bizilagunei ahots larderiatsuz errieta egiten ziela entzun nuen. Zerriek arretaz entzungo zioten, bai horixe, isildu egin ziren eta. Gero, pagèsa, berriro lokartzeko edo, arrosarioa errezatzen hasi zen, ahots goibelez; loa etorri eta joan ahala isildu edo ozenagotzen zen haren otoitza, olatuen marmar urruna bezala. Zerriek oihu basaren bat egiten zuten aldian behin; baserritarrak ahotsa ozenagotzen zuen halakoetan, bere otoitza eten gabe, eta animalia otzanak, hala moduz esandako Ora pro nobis edo Ave Maria batekin lasaitu eta isil-isilik gelditzen ziren bat-batean. Haurrari zegokionez, entzuten egongo zen zalantzarik gabe, begiak zabal-zabalik, izuak hartuta, sehaskako gizonaren pentsamendu jaio berriari, nabarmendu aurretik bere burua hain era misteriotsuan lantzen duen pentsamendu horri, hots ulertezinek eragiten dioten izu moduko horrek hartuta.

        Baina, bat-batean, gau lasai haien ondoren, uholdea hasi zen. Gau batean haizeak kulunka erabili gintuen bere intziri luzeekin eta euriak leihoen kontra jo zuen; goiz hartan esnatu ginenean errekastoaren hotsa entzun genuen, uberkako harri artean bidea eginez nola zetorren. Biharamunean ozenagoa zuen urak ahotsa, eta hurrengoan eraman egiten zituen bidea eragozten zioten harri guztiak. Zuhaitzetako hosto guztiak erorita zeuden, eta euria uholdeka sartzen zen gure gela gaizki itxietara.

        Ulertzen zaila da mallorcarrek haize eta euri erauntsi horien kontra hain babes gutxi izatea. Hain dira ameslariak edo hantusteak gai honi dagokionez, ezen ukatu egiten baitituzte beren klimaren txartze aldian behinkako baina larri horiek. Bi hilabeteko uholdea jasan genuen arren, uholdeak iraun zuen denboran behin eta berriro esan ziguten Mallorcan ez zuela sekula euririk egiten. Mendi gailurrak eta haizearen norabidea hobeto behatu izan bagenitu, aldez aurretik antzeman izango genien ondoren etorriko zitzaizkigun ezbehar saihetsezinei.

        Baina beste atsekabe bat ere izan genuen: lehen, gure bidaia amaieratik hasita kontatzen hasi naizenean, esan dudana hain zuzen. Gutako bat gaixotu egin zen. Ez zen sendoa gorpuzkeraz, eta laringea minduta zuelarik, berehala sumatu zuen hezetasunaren kaltea. Haizetxea (Son Vent hango dialektoan) —hala zuen izena Gomez jaunak alokatu zigun landetxeak— ezin bizizkoa egin zitzaigun. Hormak hain ziren meheak ezen, gure geletan, belaki bat bailitzan puzten baitzen hormako karea. Niri dagokidanez, sekula ez dut halako hotzik jasan, nahiz eta, egia esan, ez zuen hotz handi-handirik ere egiten: baina, neguan epeletan egoten ohituta baikeunden, tximiniarik gabeko etxe hura izotzezko soingaineko bat bezalakoa zen guretzat, eta zeharo sorgortuta nengoen.

        Ez ginen ohitzen braseroen kirats itogarri hartara, eta gure gaixoa oinazetzen eta eztulka hasi zen.

        Harrezkero herritar guztien izu eta beldur eragile bihurtu ginen. Biriketako hetika genuela leporatu ziguten eta kondenatu egin gintuzten, eta horrek izurria esan nahi zuen espainiar medikuntzak izurrien kutsadurari buruz zituen aurreiritzien arabera. Baina sendagile aberats batek guri bisita egitea onartu zuen, 45 liberako ordainsari txikiaren truke, eta esan zigun ez genuela ezer ere, eta ez zigun inolako errezetarik eman. Malvavisco jarri genion ezizena, sendagai horixe besterik ez baitzuen agintzen.

        Beste sendagile bat ere etorri zitzaigun, adeitasun handiz, guri laguntzera, baina Palmako botika erdi hutsik zegoen, eta droga nazkagarri batzuk baino ezin izan genituen eskuratu. Bestalde, eritasuna larriagotu egin zen nonbait, eta ez zegoen ez zientziarik eta ez deboziorik larriagotze haren eragileei behar bezala aurre egingo zienik.

        Goiz batean, elkarri lotuta zeuden euri eta sofrikario haien iraupenaren kezkak zeharo etsituta ginduzkala, Gomez ankerraren gutun bat jaso genuen, esanez, espainiar estiloan betiere, higuingarria irizten zion eritasun bat zuen pertsona bat genuela gure artean —nori irudituko higuingarria eritasun hura eta hari, Gomez jaunari, munduko lau bazterretako gizonik zikin itsusienari—, bere etxea kutsatzen ari ginela eta horrek garaia baino lehenago jartzen zuela arriskuan bere familia; horregatik guztiagatik arren eskatzen zigun bere jauregitik ahal bezain laster alde egin genezala.

        Ez genuen nahigabe handi-handia ere hartu, ezin izango baikinatekeen han gelditu baldin eta gure geletan itota hil nahi ez bagenuen behintzat; baina gure gaixoa ez zegoen arriskurik gabe inora eramateko moduan, batez ere Mallorcako garraiobideak nolakoak diren eta nolako eguraldia egiten zuen kontuan hartuta. Hortaz, nora joan erabakitzea zen zailena; izan ere, bat-batean zabaldu zen gure hetikaren zurrumurrua eta ez zegoen inon aterperik aurkituko genuen itxaropen izpirik, ez urre truke ere, ezta gau bakar baterako ere. Jakin bagenekien aterpea eskaintzen zizkiguten gizaki zintzoek gainerakoen aurreiritzi berberak izango zituztela, eta bestalde, gu haiengana hurbilduz gero, guri ematen ziguten tratua emango zietela haiei ere. Frantziako kontsularen abegi onagatik izan ez balitz —gu guztiok bere etxean hartzeko eginahalak egin zituen—, ijitoak bagina bezala edozein haitzulotan babesa hartzeko arrisku gorrian egongo ginen.

        Beste mirari bat gertatu zen ordea, eta negurako aterpea lortu genuen azkenik. Espainiar errefuxiatu bat bizi zen Valldemossako kartujoen monasterioan; ez dakit zer arrazoi politiko zela-eta han ezkutatu behar izan zuen. Monasterioan egon ginenean harrituta gelditu ginen haren manerekin, haren emaztearen edertasun malenkoniatsuarekin eta beren gelako altzari arrunt baina erosoekin. Monasterioaren poesiak liluratu egin ninduen. Eta gertatu zen bikote misteriotsuak alde egin nahi izan zuela ustekabean eta atsegin handiz eskaini zizkigutela altzariak eta gela, eta guk ere atsegin handiz onartu genuen eskaintza hura, noski. Mila libera doiren truke errediza guztiak lortu genituen beraz, Frantzian ehun ezkuturen truke lortu izango genituzkeenen modukoak nolanahi ere: Mallorcan hain dira urriak, garestiak eta lortzen zailak oinarrizko ondasunak.

        Palman lau egun egin genituenez, nahiz eta ordukoan ez nintzen apenas aldendu kontsulak —zorionez— zuen tximiniaren ondotik (uholdea baitzen artean), etena egingo dut, orain, kontakizun honetan, Mallorcako hiriburuaren deskripzio txiki bat egiteko. Laurens jauna, hurrengo urtean hiria aztertzera eta hango ikuspegi ederrenak marraztera joana, jarriko diot, orain, irakurleari bide-erakusle, ni baino jakitunagoa baita bera arkeologia kontutan.

 

 

 

© George Sand

© itzulpenarena: Miren Arratibel, Aintzane Atela

 

 

"George Sand / Negu bat Mallorcan" orrialde nagusia