III. kapitulua

 

        Mallorcan ez dakitenez idiak nola gizendu, artilea nola erabili, behiak nola jetzi (mallorcarrek industriari adinako gorrotoa diete esneari eta gurinari); ez dakitenez beraiek jateko adina gari ereiten; ez dutenez masustondoak lantzen eta seda biltzen; galdua dutenez zurgintza, garai batean oparoa eta gaur egun erabat ahaztua; ez dutenez zaldirik (Espainiak, amatasunaren izenean, bere gudarosterako hartzen ditu Mallorcako moxal guztiak, eta horregatik mallorcar baketsua ez da erreinuaren zaldieria elikatzeko lanean aritzeko bezain inozoa); ez dutenez bide bakar bat ere edukitzeko beharrik ikusten, erabili ahal izango den bide zidor bat bera ere edukitzeko uharte osoan, eta txikikeriez kezkatzeko denborarik ez duen gobernu baten apetaren mende dagoenez esportazio eskubidea, mallorcarrak soseguan bizi izan dira eta beren zeregin bakarra izan da arrosarioa errezatzea eta galtzak konpontzea, miserian eta harrokerian nagusi zuten On Kixote berarenak baino urratuagoak baitzituzten, harik eta zerria etorri den arte haiek salbatzera. Behin lau hankako hori esportatzeko baimena eman denean hasi da garai berria, salbazioaren garaia.

        Musulmanek beren historian elefantearen aroa duten bezala, mallorcarrek zerriaren aroa esango diote mende honi ondorengo mendeetan.

        Gaur egun ez dago ez olibarik ez zalge lekarik lurrean barreiaturik; kaktusaren pikuak ez dira, jadanik, umeentzako jostailu, eta babak eta patatak aurrezten ondo ikasi dute etxekoandreek. Zerriarekin ez da ezer alferrik galtzen, den-dena baliatzen baitu; jalekeria oparoenaren adibide argiena da zerria, eta herrialdeei eman dakiekeen gustu eta ohitura soilenen eredua. Horrez gainera, gizonari sekula orain arte eman ez dizkioten eskubide eta abantailak ditu zerriak Mallorcan. Gelak handitu, haizatu, egin dira; lurrean hondatzen ziren fruituak bildu, sailkatu eta kontserbatan sartu dira, eta lurrinezko nabigazioa, ordu arte alferrikako eta zentzugabetzat hartua, ezarri da uhartetik kontinentera.

        Beraz, zerriari esker bisitatu ahal izan dut nik Mallorca uhartea; orain dela hiru urte bururatu izan balitzait hara joatea, bertan behera utzi behar izango nukeen asmo hura, luzea eta arriskutsua baitzen bidaia gaboteria ontzietan. Baina, zerriaren esportazioa hasi zen egunean bertan hasi zen zibilizazioa uhartean sartzen.

        Steamer txiki polit bat erosi dute Ingalaterran, paraje haietako haizeei aurre egiteko txikiegia, oso gogor jotzen baitu haizeak han, baina astean behin berrehun zerri eta, zama erantsi gisa, zenbait bidaiari garraiatzen dituena Bartzelonara, eguraldia bare denean.

        Hunkigarria da nolako begirunez eta samurtasunaz tratatzen dituzten jaun horiek ontzian (ez naiz bidaiariez ari), eta zein gozoki uzten dituzten lehorrean. Steamer-eko kapitaina oso gizon maitagarria da; abere bikain horiekin bizitzearen eta aritzearen poderioz, haien oihuak bereganatu ditu, eta baita haien ganora pixkaren bat ere. Bidaiariren bat zerriek egiten duten zarataz kexu bada, kapitainak erantzuten dio zarata hori urre txanponek erakusmahaian atzera eta aurrera egitean ateratzen duten hotsa dela. Emakumeren batek, itxurakeria hutsez, ontziko kiratsa aipatzen badu, bere senarrak hartantxe erantzungo dio diruak ez duela kiratsik, eta zerririk ezean ez lukeela izango ez sedazko soinekorik, ez Frantziako kapelurik, ezta Bartzelonako mantelinarik ere. Eta inor zorabiatzen bada, ez dadila saiatu eskifaiari laguntza eskatzen; izan ere, zerriek ere izaten dituzte zorabioak, eta kosta ahala kosta gainditu beharreko ahultasun, makalaldi eta bizitzarekiko higuina ere ematen die gainera ondoez horrek. Orduan, erruki eta begikotasun guztiak alde batera utzirik bere bezero kuttunen ongizatea begiratzeko, kapitainak berak zigor bat harturik haiengana jauzi egiten du, eta haren atzetik marinelek eta ontzi mutilek, eskura duten edozer harturik, dela burdinazko barra bat, dela soka muturra: isil-isilik etzanda dagoen zerri taldea zigortzen dute istant batean, aitak semea nola, eta behartu egiten dituzte jaikitzera, mugitzera, eta emozio bortitz horren bidez ontziaren kulunkaren eragin zorigaiztokoa gainditzera.

        Mallorcatik Bartzelonara itzuli ginenean, martxoan, itotzeko moduko beroa zegoen; eta hala ere, ezin jarri izan genituen oinak zubian. Zerri petralen batek hanketan kosk egiteko arriskua gure gain hartu nahi izan bagenu ere, kapitainak ez zigukeen baimenik emango, dudarik gabe, gu kanpora atera eta haiek nahigabetzeko. Lehenengo orduetan oso lasai egon ziren; baina, gauaren erdian, pilotoa ohartu zen oso lo tristea zutela eta malenkonia beltzak hartuta bezala zeudela. Orduan zigorraz jo zituzten, eta aldian-aldian, ordu laurdenero, garrasi eta orro artean esnatzen ginen; hain ziren garraisiak eta orroak beldurgarriak —zigortutako zerrien intziriak eta amorruzko oihuak batetik, eta kapitainak bere mendekoei oihuka esaten zizkien kemen hitzak eta mendekoei grinak ateratzen zizkien biraoak, bestetik—, ezen behin baino gehiagotan uste izan genuen zerri taldea eskifaia irensten ari zela.

        Aingura bota genuenean, konpainia bitxi harengandik aldentzeko irrikitan geunden, eta, aitortu behar dut, uhartekoena ere beste hura bezain astuna egiten zitzaidan ia; baina ez ziguten kanpora irteteko baimenik eman harik eta zerriak lehorreratu zituzten arte. Gure gelan itota hil izan bagina ere, inor ez zatekeen kezkatuko, lehorreratzeko eta zorabiotik libratzeko zerriren bat gelditzen zen bitartean.

        Nik ez diot beldurrik itsasoari, baina senide bat oso gaixo nuen. Eta bidaia, kiratsa eta lo eza ez ziren izan haren sofrimenduaren aringarri. Kapitainak ez zigun, ez, begiramen berezirik erakutsi; gure gaixoa gelako oherik onenean ez etzateko erregutu zigun; izan ere, espainiar ustearen arabera, gaixotasun oro da kutsagarri, eta gure gizonak ordurako erabakita zuenez gaixoa zetzan lastaira erreko zuela, nahiago zuen lastairarik txarrena izatea. Bere zerrietara bidali genuen; eta handik hamabost egunera, Frantziarako itzuleran, gure aberriko Phénicien lurrin ontzi apartan, frantsesen samurtasuna eta espainiarren harrera ona alderatu ahal izan genituen. El Mallorquin ontziko kapitainak ohea ukatu zion hil zorian zegoen bati; marseillar kapitainak, gure gaixoa ez zegoela eroso ikusirik, bere oheko lastariak kendu zituen gaixoari emateko... Gure bidai saria ordaintzean, frantsesak diru gehiegi ematen niola esan zidan; mallorcarrak bikoitza ordainarazi zidan.

        Hortik ez dut nik ondorioztatzen gizakia on hutsa denik lurbirako bazter batean, eta gaizto hutsa denik beste bazter batean. Gaitz morala ez da, gizakiarentzat, gaitz materialaren ondorioa besterik. Sofrimenduak beldurra dakar, mesfidantza, iruzurra, borroka, alderdi guztietan. Espainiarra ezjakina eta sineskorra da; hori dela eta, kutsagarritasunean sinesten du, beldur die eritasunari eta heriotzari, ez du ez federik ezta karitaterik ere. Zekena da eta zergek itota bizi da; hortaz, diruzalea da, berekoia, maltzurra atzerritarrekin. Historian ikusten dugu handia izateko aukera izan duenetan handitasun horren jabe dela erakutsi duela; baina gizakia da, izan, eta eguneroko bizitzan, gizakiak amore eman behar duen uneetan amore ematen du berak ere.

        Hori guztia azaldu beharra nuen lehenik, Mallorcan ezagutu ditudan gizakiez hitz egin aurretik; espero dut aurrerantzean ez zaidala eskatuko olibondoez, behiez eta zerriez gehiago hitz egin dezadan. Artikulu honen beraren luzera ere ez da gustu onekoa. Barkamena eskatu nahi diet mindu diren haiei, eta ganoraz ekingo diot, orain, nire kontakizunari; izan ere, nik uste nuen aski izango nuela Laurens jaunak bere Voyage d'art-en egindako bideari urratsez urrats jarraitzea, baina irudipena daukat hainbat kontu gogoratuko ditudala Mallorcako bidexka lehorretara itzultzen naizenean nire oroimenarekin.

 

 

 

© George Sand

© itzulpenarena: Miren Arratibel, Aintzane Atela

 

 

"George Sand / Negu bat Mallorcan" orrialde nagusia