II. kapitulua

 

        Uharteari Balearis major esan zion Laurens jaunak, erromatarrek bezala; mallorcar historialarien errege Juan Dameto doktoreak, berriz, antzina Clumba edo Columba izan zela zioen; eta gaur egun Mallorca esaten zaio ordez hiriburuari, berriz, ez zaio inoiz Mallorca deitu, gure geografo askok esan duten bezala, Palma baizik.

        Balear uhartediko uharte handiena eta emankorrena da Mallorca, Mediterraneoak arroa inbaditu bide zion kontinente baten aztarna, eta, zalantzarik gabe inoiz Espainia eta Afrika lotu zituenez, bataren eta bestearen klima eta uzta ditu. Bartzelonatik hego-ekialdera dago, 25 legoatara; Afrikako kostaldetik hurbileneko puntua 45 legoatara du, eta Toulongo golkoa 95-100 legoatara, nik uste. 1.234 milia koadroko area du, uhartearen inguru guztiak 143 milia ditu, eta gehieneko zabalera 54koa eta txikiena 28koa. 136.000 biztanle zituen 1787an, eta 160.000 inguru gaur egun. Palmako hiriak, berriz, 36.000 biztanle ditu gaur egun, eta 32.000 zituen garai hartan.

        Tenperatura gorabehera handiak izaten dira, argialdiaren arabera. Uda kiskalgarria da lautada osoan; baina ipar-ekialdetik hego-mendebalera mendilerro batek (norabide horrek ematen du aditzera Afrikako eta Espainiako lurraldeekiko duen ahaidetasuna; herrialde horietako hurbileneko puntuek makurdura hori bera dute, eta uharteko angelu irtenenei dagozkie) eragin handia du neguko tenperaturan. Hala, Miguel de Vargasek dio, 1784ko negu beltzean, Palmako golkoan, Réamur termometroa behin bakarrik jaitsi zela 6 gradu zero azpitik, urtarrileko egun batean; 16 gradura igo zela beste egun batzuetan, eta gehienetan, 11 gradu izan zituztela. Tenperatura hori da, gutxi gorabehera, negu arrunt batean Valldemossako mendialdean izan genuena, eta mendialde horrek du uharte guztiko inguru hotzenetakoa den ospea. Gau gogorrenetan, bi arra elur genuela, 6 edo 7 gradutan egoten zen termometroa. Goizeko zortzietan 9 edo 10 gradutara igotzen zen tenperatura, eta 12 edo 14 iristen zituen eguerdian. Gehienetan, hirurak aldera, orduan ezkutatzen baitzitzaigun eguzkia inguruko mendi gailurren atzean, termometroa 9 gradutara jaisten zen bat-batean, eta are 8 gradutara ere tarteka.

        Ipar haizeak indar handiz jotzen du han askotan, eta Frantzian sekula ezagutu ez dugun moduan aritzen du euria neguan, erruz eta etengabe, urte batzuetan. Oro har, klima osasungarria eta gozoa da uhartearen hegoaldean, Afrikara makurtzen den aldean; erdialdeko mendilerroak eta iparraldeko kostaldeko labar gaitzek babesten dute alderdi hura iparraldeko ekaitz bortitzetatik. Uhartearen plano orokorra ipar-mendebaletik hego-ekialdera okerturiko gainalde bat da; itsasketa ia ezinezkoa da iparraldean, kostaldea labartsua eta izugarria delako, escarpada y horrorosa, sin abrigo ni resguardo (Miguel de Vargas), eta erraza eta segurua da, aldiz, eguerdialdean.

        Haize erauntsi eta laztasun horiek gorabehera, Mallorca, arrazoiz Urrezko Uhartea deitua antzina, izugarri emankorra da, eta kalitatez bikainak dira bertako gaiak. Garia hain da garbia eta ederra, non hango biztanleek esportatu egiten duten, eta Bartzelonan gari hura soilik erabiltzen dute pan de Mallorca deritzon opil mota bat —zuria eta fina— egiteko. Mallorcarrek gari zakar eta merkeagoa ekartzen dute Galiziatik eta Bizkaitik, beraiek elikatzeko; horregatik, ogi nazkagarria jaten da garia bikain eta oparo hazten den herrialdean. Nik ez dakit, dena den, espekulazio horrekin onura handirik ateratzen ote duten.

        Erdialdeko gure probintzietan —nekazaritza han dago atzeratuen—, laborarien ohiturak haien burugogortasunaren eta ezjakintasunaren seinale dira soilik. Are gehiago Mallorcan, non arreta handia jartzen badute ere, nekazaritza hastapenetan den oraindik. Lurra han adinako patxadaz eta egonarriz lantzen dutenik ez dut inon ikusi. Makina arruntenak ere ez dituzte ezagutzen; gizonaren besoek —beso arras meheak eta ahulak gureen aldean— egiten dute lan guztia, ezin mantsoago ordea. Egun erdia behar dute gurean bi ordutan irauliko litzatekeena baino lur gutxiago iraultzeko, eta bost edo sei gizon sendoren beharra dute gure zamaketari ahulenak bizkarrean lasai asko jasoko lukeen zama batetik bestera eramateko.

        Baina nagikeria hori gorabehera, Mallorcan lur guztia dago landua, eta itxuraz, ondo landua ere. Uhartetar hauek ez omen dute miseria zer den ezagutzen, hala esaten dute behintzat; hala ere, naturaren altxor guztiez inguratuta, eta zerurik ederrenaren azpian, haien bizitza gure nekazariena baino askoz ere latzagoa, zuhurragoa eta tristeagoa da.

        Bidaiariek hegoaldeko herrien zorionari buruz aritzeko ohitura dute; herri horien irudia eta janzkera bitxiak ikusten dituzte igandetan, eguzki argitan, eta haien ideia gabezia eta aurreikuspenik eza landako bizitzaren lasaitasunaren erakusgarri gorentzat hartzen dituzte. Neronek ere askotan egindako akatsa da hori, baina oker horretatik osatua naiz, Mallorca ezagutu dudanetik, batez ere.

        Ez dago munduan nekazari hura baino gauza triste eta pobreagorik, beti erreguan, kantuan, lanean, sekula ez gogoetan. Haren otoitza inongo zentzurik ez duen lelo ergel bat besterik ez da; haren lana giharren ariketa hutsa, ahaleginak eginda ere adimenak erraztu ezin duen ariketa gainera, eta haren kantua, berriz, oharkabean atsekabetzen duen malenkonia hitsaren adierazpena, zeinaren poesiak hunkitu egiten baikaitu, bera konturatu gabe. Noizean behin lozorrotik esnatu eta dantzara bultzatzen duen harrokeria horregatik ez balitz, lotan emango lituzke jai egunak.

        Baina neure buruari jarritako mugetatik irteten ari naiz. Ahaztu egin dut, artikulu geografikoak, ohiturak agintzen duenez, produkzio eta merkataritza ekonomia aipatu behar dituela ezer baino lehen, eta Gizakiaz, laboreen eta abereen ondoren aritu behar duela, nonbait aritzekotan ere.

        Begiratu ditudan geografia deskribatzaile guztietan hemen berridatziko dudan azalpen labur hau —eta horrek ez du esan nahi pasarte horren egia ukatuko duen ezer esango ez dudanik— aurkitu izan dut Balearrak sarreran: «Uhartetar hauek oso adeitsuak dira (gauza jakina da uharte guztietan gizakiak bi kategoriatan banatzen direla: antropofagoak batetik, eta oso adeitsuak direnak, bestetik). Jende gozoa da, abegitsua; ez dute krimenik egiten ia, eta lapurreta zer den ez dakite». Baina geroago arituko naiz berriro gai honetaz.

        Ezer baino lehen, ordea, aipa dezagun haien produkzioa; izan ere, uste dut Ganbaran zenbait gauza esan direla azkenaldian —gauza zuhurtzia gabeak esan ere— frantsesek Mallorca okupatzeko omen duten asmoaz, eta susmoa daukat idatzi hau gure diputaturen baten eskuetara iristen bada, kezka handiagoa izango duela hango produkzioaz, mallorcarren egoera intelektualari buruzko nire gogoeta filosofikoez baino.

        Mallorcako lurraren emankortasuna miresgarria dela diot, beraz, eta lurgintza eraginkor eta burutsuago batekin hamar halakotu egingo litzateke gainera. Kanpora saltzen diren gai nagusiak almendra, laranja eta zerria dira. Oi, hesperidio landare ederrak, dragoi zantar horiek dituzue zaindari! Zuen oroitzapena eta mallorcarrek zuen lore urrintsuak eta zuen urrezko sagarrak baino ardura eta harrotasun handiagoz zaintzen dituzten zerri doilor horien oroitzapena lotu behar hau ez da nire errua! Azken batean, zuek lantzen zaituzten mallorcarra ez da nire idatzi hau irakurriko duen diputatua baino poetikoagoa.

        Itzul nadin, beraz, zerrietara. Animalia horiek dira, irakurle maitea, Lurreko animalia ederrenak. Miguel Vargas doktoreak zerrikume baten deskripzioa egin zuen harenganako mirespen xaloena adieraziz: urte eta erdi zituenerako hogeita lau arroako pisua, seiehun librakoa, zuen zerri hark. Garai hartan zerri aziendak ez zuen Mallorcan gaur egun duen ospea. Asentista edo hornitzaileen harrapakeriak oztopatu egiten zuen abere merkataritza, Espainiako gobernuak haien esku uzten baitzuen, hau da, haiei saltzen baitzien, hornikuntzaren zeregina. Espekulatzaile haiek abereak esportatzea galarazten zuten, beren botere neurrigabearen izenean, eta mugarik gabe inportatzeko eskubidea hartzen zuten berentzat.

        Lukurreria haren ondorioz, bertan behera utzi zuten nekazariek abere hazkuntza. Haragia merke saltzen zen, eta kanpo merkataritza debekatuta zegoenez, hondoa jo edo abeltzaintza betiko utzi beste erremediorik ez zuten izan nekazariek. Berehala galdu zen, horrenbestez, abeltzaintza. Aipatu dudan historialari horrek atsekabez gogoratzen du Mallorca arabiarren mende egon zeneko garaia, gaur egun lautada guztian dauden baino behi emankor eta zezen bikain gehiago baitzegoen garai hartan Artà mendian bakarrik.

        Baina ez zen hondamen hori izan herri hura bere berezko aberastasunez gabetu zuen hondamen bakarra. Idazle hark berak kontatzen du munduko zuhaitz ederrenak zituztela garai batean hango mendietan, Torellan eta Galatzón batez ere. Bazen berrogeita bi oineko bira eta hamalauko diametroa zuen olibondorik; baina, Aljeriaren kontrako espainiarren espedizioa zela eta, ontzigileek suntsitu egin zituzten baso oparo haiek, handik atera baitzuten ontzidi oso bat —kanoi ontzi txikiez osatua— eraikitzeko behar zuten zura. Baso jabeei garai hartan egindako erasoak eta emandako ordain zekenak zirela eta, mallorcarrek beren basoak bota zituzten, ugaltzeko partez. Gaur egun, landaredia hain da sarria eta ederra, non bidaiaria ez den iraganarekin atsekabetzen; baina lehen bezala orain ere, gehiegikeriak agintzen du Mallorcan, eta baita Espainia osoan ere. Bidaiariak ez du, hala ere, intziririk entzuten inoiz; izan ere, erregimen bidegabe bat hasten denean ahula isildu egiten da beldurrez, eta behin kaltea egina delarik, isilik jarraitzen du ohituraz.

        Asentisten tiranokeria desagertu den arren, abeltzaintza ez da hondamenditik irten, eta ez da irtengo gainera, esportazio eskubidea zerrien salerosketara mugatua den bitartean. Oso idi eta behi gutxi ikusten dira lautadan, bat bera ere ez mendian. Haragia giharra eta zaila da. Ardiak arraza bikainekoak dira, baina ez dituzte behar bezala hazten eta gobernatzen; ahuntzak, berriz, afrikar arrazakoak dira, eta ez dute gureek ematen duten esnearen hamarrena ere ematen.

        Lurrak ongarri faltan daude, eta mallorcarrek beren nekazaritza moldea goresten duten arren, ongarri gisa erabiltzen duten alga mota hori ahulegia da nire ustez, eta zeru oparoa izanik ere, lurrak ez du behar lukeen adina ematen. Arretaz behatu dut hemengo gari ederra, zeina ez duten bertakoek jaten, horretarako duin ez direla uste baitute; eta haren berdina da erdialdeko gure probintzietan lantzen dugun garia, gure nekazariek gari zuria edo Espainiako garia esaten diotena; hemen bezain ederra da gurean ere, oso bestelako klima dugun arren. Mallorcako gariak hobea izan beharko luke, ordea, negu gogorrei eta udaberri gorabeheratsuei aurre egin behar baitie gureak. Dena dela, gure nekazaritza ere oso zakarra da, eta alde horretatik, badugu zer ikasia; baina nekazari frantsesak baditu bi dohain, energia eta iraunkortasuna, mallorcarrak asaldura nahasitzat hartuko lituzkeenak.

        Pikuak, olibak, almendrak eta laranjak ugari biltzen dira Mallorcan; baina, uhartearen barnealdean bide aski ez dagoenez, horien salerosketa ez da behar lukeena bezain jarduera zabala eta bizia. Alorrean bertan, bostehun laranja saltzen dira 3 bat liberatan; baina, beste hainbeste balio du halako zama handia uhartearen erditik kostaldera mando gainean eramateak. Hori dela eta, gero eta laranjondo gutxiago aldatzen da barnealdean. Sóllerko ibarrean eta gure ontzi txikiak zamatzen diren golkoen inguruko lurretan bakarrik hazten dira zuhaitz hauek oparo. Hala ere, nonahi lora daitezke, eta Valldemossako gure mendian, uharteko eskualde hotzenetakoa izan arren, limoi eta laranja bikainak biltzen genituen, Sóllerkoak baino berantagoak baziren ere. Granja inguruan —eskualde menditsua hau ere— buru baten neurriko limoiak bildu izan ditugu. Irudipena daukat Mallorca uhartea nahikoa litzatekeela Frantzia osoa fruitu zoragarri horiez hornitzeko, Hyeres eta Genoako kostaldean biltzen ditugun laranja zakarren prezio berean gainera. Baina fruitu hauen salerosketa ere, Mallorcan estimu handitan duten arren, gainerako guztia bezala, bazter utzi dute zabarkeriaz.

        Gauza bera esan daiteke olibondoei buruz; munduan diren olibondo ederrenak dira, eta uzta izugarri ugariak ematen dituzte, mallorcarrek, arabiar ohiturei esker, oso ondo lantzen baitituzte. Zoritxarrez, ez dakite guri nazka emango ligukeen olio mingots eta garratz bat besterik egiten, eta ezingo dute Espainiara beste inora esportatu ugari; olio horren usaina nabarmena da han. Baina Espainia ere oso aberatsa da olibondoetan, eta Mallorcak olioz hornituko badu, oso prezio merkean izan beharko du.

        Frantzian erruz kontsumitzen dugu oliba olioa, baina zoritxarrez oso garesti daukagu. Mallorcan gure langintza ezagutuko balute eta Mallorcak bide egokiak edukiko balitu, alegia merkataritza nabigazioa behar bezala antolatuta balego alor horretan, orain ordaintzen duguna baino askoz ere merkeago edukiko genuke oliba olioa, eta purua eta ugari gainera, negurik gordinena izanda ere. Badakit Frantzian bakearen olibondoa lantzen duten industria gizonek nahiago dutela gure dendariek koltza eta krabelin oliotan itotzen eta ondoren eginsariz saltzen diguten isurkari preziatu horren tona batzuk urre prezioan saldu; baina zentzugabekeria handia litzateke gai hori lortzeko klimari aurre egiten tematzea, hogeita lau orduko bidea eginez olio hobea eta merkeagoa eskura dezakegula jakinik.

        Ez daitezela gehiegi beldurtu gure hornitzaileak; mallorcarrari, eta uste dut espainiar guztiei oro har, hitz emango bagenio herrialde horretan hornituko ginatekeela olioz eta beren aberastasuna bikoiztuko genukeela, ez lituzkete hargatik beren ohiturak aldatuko. Atzerritik, eta batez ere Frantziatik, datozen hobekuntzak hainbesteraino baztertzen dituzte, ezen zalantza baitut diruagatik ere (gainerakoan gutxitan erdeinatu ohi duten arren dirua) ez luketen onartuko gurasoengandik jasotako ohiturak aldatzea.

 

 

 

© George Sand

© itzulpenarena: Miren Arratibel, Aintzane Atela

 

 

"George Sand / Negu bat Mallorcan" orrialde nagusia