I. kapitulua

 

        Bi turista ingelesek aurkitu zuten, orain dela, nik uste, berrogeita hamar bat urte, Chamounixko ibarra, Mer-de-Glaceren sarrerako haitz puska batean grabatuta dagoen idazkunak erakusten duenez.

        Asmo handinahi samarra, beharbada, bailara txiki horren egongune geografikoa kontuan hartuta, baina zilegia ere bai, neurri batean; izan ere, turista haiek —ez dut haien izena gogoratzen— erakutsi zizkieten, lehenengo, Byronek Manfred drama miresgarria asmatu zueneko toki erromantiko haiek poetei eta margolariei.

        Oro har, esan daiteke, modaren ikuspegitik begiratuta, ertien munduak eta artistek ez zutela Suitza azken mendea arte aurkitu. Jean-Jacques Rousseau da poesia alpetarraren benetako Cristobal Colon, eta berori da erromantizismoaren aitalehena gure hizkuntzan, Chateaubriand jaunak adierazi duen bezala.

        Neure izena hilezkor bihurtzeko Jean-Jacquesek zituen titulu berberen jabe ez banaiz ere, eta eduki nitzakeenen bila jarrita, jabetu naiz, agian, nik ere Chamounixko ibarreko bi ingeles haiek bezalaxe lor nezakeela ospea eta erdietsi nezakeela Mallorca uhartea aurkitu izanaren ohorea. Baina mundua hain bihurtu da zorrotza, non gaur egun ez nukeen nahikoa Baleareetako harkaitz batean neure izena idaztea. Nire bidaiaren deskripzio zehatza eskatuko lidakete, edo, gutxienez, haren kontakizun poetikoa egitea, nire hitzekin bidaia horren grina pizteko turistei; eta lurralde hartan ez nuelarik izpiritua halako estasi egoera batean, uko egin diot nire aurkikuntzaren ospeari, eta ez dut haren lekukotasunik utzi ez granitoan ez paperean.

        Orduko pena eta nahigabeen eraginpean idatzi izan banu ezin izango nintzatekeen aurkikuntza honetaz harro egon; izan ere, ez zela hainbesterako esango baitzidaten denek nire hitzak irakurri ondoren. Hala ere, bazen hainbesterako, eta orain ausartzen naiz hori esatera; munduko leku eder eta ezezagunenetakoa baita Mallorca marrazkilarientzat. Edertasuna besterik ezin deskriba daitekeen hartan, literaturazko adierazpena hain da urria eta eskasa, ezen ez nuen lan hori neure gain hartzea amestu ere egin. Marrazkilariaren lapitza eta zizela behar dira bidaiari porrokatuei izadiaren handitasun eta edertasuna erakusteko.

        Beraz, nire oroitzapenak lozorrotik esnatu baditut, goiz hauetako batean nire mahai gainean liburu eder bat aurkitu dudalako izan da:

        Souvenir d'un Voyage d'art à l'île de Majorque, J.-B. Laurensena.

        Benetan pozgarria izan zen niretzat Mallorca aurkitzea berriro: hango palmondoak, hango aloeak, hango monumentu arabiarrak eta hango jantzi greziarrak. Leku guztiak ezagutu nituen hark ematen zien kolore poetikoaren bidez, eta berriro etorri zitzaizkidan gogora ordurako iraungiak uste nituen zirrara guztiak. Ez zegoen hondakinik, ez sasitzarik, nigan oroitzapen mundu bat —gaur esaten den bezala— esnatuko ez zuenik; eta neure bidaia kontatzeko kemenik bildu ez banuen ere, Laurensen bidaiaren berri emateko indarra izan nuen, gutxienez. Artista argia zen Laurens, saiatua, bizkorra eta artatsua lanean, eta hari itzuli behar zaio nik neure buruari egozten nion Mallorca uhartea aurkitu izanaren ohorea.

        Gure bi ingelesek Montanvertera egin zuten ibilaldia baino askoz ere txalogarriagoa da Laurensek Mediterraneoaren bihotzera egin zuen bidaia hura, batzuetan biztanleek bezain harrera txarra egiten baitu han itsasoak. Hala ere, baldin eta europar zibilizazioak aduanak eta gendarmeak desagerrarazi izan balitu, nazioen uste txar eta ezinikusien erakusgarri baitira horiek; baldin eta, gure herritik paraje horietara lurrun ontziz zuzenean joateko biderik balego, Mallorcak kalte handia egingo lioke Suitzari, egun gutxitan iristeko modua izango bailitzateke, eta hain edertasun eztiak eta hain handitasun bitxi eta gorenak aurkituko lirateke han, non gai berriez hornituko litzatekeen margolaritza.

        Gaurko egunean, artista gorputzez sendoei eta bihotzez suharrei beste inori ezin diot egin, zintzoki behintzat, bidaia horretarako gonbita. Zalantzarik gabe, etorriko da eguna, bidaiazale finak, eta are emakume ederrak ere, Palmara joan ahal izango direna Genebara joateko baino neke eta akidura gehiagorik gabe.

        Laurensek, luzaroan Taylorrek Frantziako monumentu zaharrei buruz egindako lan artistikoari loturik ibili ondoren, Baleareetara joatea erabaki zuen iaz, bere indarren eskutik utzita. Uharte haietaz hain informazio gutxi zuen, ezen Baleareetako itsasbazterra ukitzean bihotz ikara handia sentitu zuela aitortu baitzuen; hala ere, itsasbazter hark atsekabe handia emango zion, bere urrezko ametsei erantzunez beharbada. Baina, han bilatu nahi zuen hura aurkituko zuen eta esperantza guztiak beteko zituen bertan, zeren, berriro diot, Mallorca da margolaritzaren Eldorado. Han guztia da pintatzeko modukoa: pintatzeko modukoa nekazariaren etxaldea, zeinak arabiar estiloa gorde duen eraikin txikietan, pintagarria zarpailez jantzitako haurra, garaitzailea bere narrastasun berealdikoan, Henri Heinek Veronako barazki azokako emakumeei buruz esan zuen bezala. Paisajea, landareetan Afrikakoa baino joriagoa, baina, bestela, hangoa baino zabalagoa, lasaiagoa eta soilagoa da oro har. Helvetia berdea da Kalabriako zerupean, Ekialdearen handitasun eta isiltasunarekin.

        Suitzan, pinturak batzuetan behar bezala ezin islatu dituen halako kolore mugikortasun eta, nolabait esateko, mugimendu jarraitasun bat ematen diote paisajeari bazter guztiak bustitzen dituen uharrak eta etengabe igarotzen diren hodeiek. Naturak artistari iseka egiten diola dirudi. Mallorcan, aldiz, haren zain dagoela eta deika ari zaiola ematen du. Landareek forma harro eta bitxiak dituzte han, baina ez dute Suitzako paisajearen lerroak sarritan desagerrarazi ohi duen luxu ordenagabe hori. Harkaitzaren tontorra, bere muga ondo zehaztuak islatzen dituena zeru distiratsuan; palmondoa, bere gisa makurtzen dena amildegietara, haize apetatsuak haren adats dotorea nahasi gabe; eta bide bazterreko kaktus txikiena; guztia dago han ikusmenaren atseginerako handikeriaz bezala jarria.

        Ezer baino lehen, Balear nagusiaren deskripzio laburra egingo dugu, geografia hiztegi bateko artikulu arrunt baten antzera. Eta hori ez da uste bezain lan erraza, batez ere argibideak herrialdean bertan eskuratu nahi direnean. Hainbesteraino dira espainiarrak zuhurrak eta uhartetarrak mesfidatiak, ezen atzerritarrak ezin baitio galderarik hutsalena ere egin inori, ajente politikotzat har dezaten nahi ez badu behintzat. Laurens gizajoa bera ere, gustatu zitzaion gaztelu hondatu baten krokisa egiteagatik preso eraman zuen gobernadore aierukorrak, eta bere gotorlekuaren planoak egin izana leporatu zion. Hala, gure bidaiariak, bere albuma Mallorcako estatu espetxeetatik kanpo osatu behar zuela erabakita, ondo begiratu zuen bere burua mendiko bideez bakarrik galdetzetik, eta hondakinetako harriak beste dokumenturik aztertzetik. Mallorcan lau hilabete egin ondoren neuk ere ez nukeen hark baino gehiago aurreratuko, baldin eta paraje haiei buruz iritsi zaizkigun xehetasun apurrak aztertu ez banitu. Baina hemen sortu zaizkit berriro zalantzak; izan ere, lan haiek, lan zaharkituak dagoeneko, ez datoz bat, eta bidaiariek ohi duten bezala, elkar ukatzen eta gutxiesten dute, halako eran non, ezinbestekoa den zenbait akats zuzentzea, beste akats batzuk egiteko arriskuan. Hona hemen, dena dela, nire geografia hiztegiko artikulua; eta, hasteko, esan dezadan, ni ere bidaiaria naizen aldetik, aurrez idatzitako beste guztiak baino askoz hobea dela nire hau.

 

 

 

© George Sand

© itzulpenarena: Miren Arratibel, Aintzane Atela

 

 

"George Sand / Negu bat Mallorcan" orrialde nagusia