HITZAURREA

 

        George Sand

        George Sand, Aurore Dupin jaiotza izenez, Parisen jaio zen 1804an eta Nohanten hil, 1876an.

        Haurtzaroa Nohanten igaro zuen, amonarenean, eta han igarotako urteetan sortu zitzaion gerora bere idazlanetan izadiarekiko eta paisajearekiko erakutsi zuen zaletasuna. 1817an Parisko komentu batean sartu zuen amonak, eta handik urte batzuetara atera zuen, ezkontzeko. 1822an ezkondu zen Casimir Dudevantekin, eta bi seme-alaba izan zituen. Hasieran bizitza zoriontsua izan zuten baina beren harremanak okerrera egin zuen eta handik bederatzi urtera banandu egin ziren. Parisen hartu zuen bizitoki eta literaturan murgildu zen burubelarri.

        George Sandek hainbat maitale izan zituen, garai hartako pertsonaia ospetsuak gehienak, besteak beste Prosper Mérimée, Alfred de Musset eta Frédéric Chopin; Chopinen maitale zen, hain zuzen ere, obra hau idazteko gaia eman zion bidaiaren garaian, 1838-1939 arteko neguan. Bere garairako emakume aurreratua izan zen, bizitzaren hainbat alorretan, eta ideia aurrerazaleak defenditu zituen, garai hartako moral zorrotzari aurre eginez. Ideia horiek eta bere bizimodu eta ohitura bitxiak zirela-eta hainbat eskandalu sortu zituen.

        Literaturari dagokionez, lehenengo lanak prentsan eman zituen argitara, eta lehen eleberria, berriz, Indiana, 1832an argitaratu zuen, George Sand ezizenarekin. Eleberri horretan emazteak senarrarekiko zuen mendekotasuna eta hainbat gizarte hitzarmen salatu zituen. Iskanbila handia sortu zuen baina lan hark eman zion idazle ospea. Urte hartan bertan Valentine idatzi zuen eta garai hartan hasi zen Revue des Deux Mondes aldizkarian kolaborazioak idazten. 1833an Lélia eman zuen argitara. Horiez gainera aipagarriak ditu beste obra hauek: Mauprat (1837), Spiridion (1839), La Petite Fadette (1849), Histoire de ma vie (1854-1855), Contes d'une grand mére (1873).

        Oro har, sentimentalismoa eta lirismoa dira nagusi George Sanden obretan, eta idazle erromantikotzat hartua den arren, azpimarratu beharra dago erromantizismo frantsesak erabili ohi zuen ereduari ihes egin ziola sarritan, eta erromantikoen etsipen eta eszeptzismoaren ordez Rousseauren optimismo filosofikoa gogorarazten duen sentimentalismo idealista erakutsi zuela askotan. Maitasuna agertzen zuen bizitzako oztopo guztiak gainditzeko bide gisa eta sarritan bizitzaren alderdi iluna ezkutatzen ahalegintzen zen.

        Oso idazle oparoa izan zen, eta zenbait adituk diote artista handia izan ez arren eleberrigile profesionala izan zela. Bere lanetan ideien errepertorio bikaina gorde zuen, eta hainbat gairi buruzko iritzia eman zuen; maitasunaz, dibortzioaz, askatasun sozialaz, gizarte erakunde eta ohiturez eta gobernu motez hitz egin zuen besteak beste, gizartearen moralari eragiteko asmoz gehienetan. Pentsamolde modernoaren bilakaeran garrantzi handiko emakumea izan zen.

 

        Negu batez Mallorcan

        Eleberri hau 1838an Mallorcara egindako bisitaldian oinarritua da, esan bezala, baina ez zuen egonaldia amaitu eta berehala idatzi, atalka eman zuen argitara bidaia hartatik itzuli eta handik urtebetera. Balio historiko eta literario handiko eleberria da, eta egileak iraultza aurreko mundu klasikoaren eta iraultza ondoko mundu erromantikoaren artean bizi zen gatazka islatu zuen bete-betean. Mugimendu erromantikoaren eraginez, beste artista askok bezala George Sandek lorategi eta areto dotoreak utzi eta urrutiko izadi liluragarri eta basatia miresten du, Erdi Aroko izuak gogorarazten ditu eta kristautasun xume eta dogmetatik aldendua aldarrikatzen du. Mallorcarrei erakutsi nahi izan zien munduan aldaketa handiak gertatzen ari zirela eta bere esanari jaramon eginez gero gizarte modernoa osatuko zutela, beren oztopo intelektual eta moral guztiak gainditurik. Baina uhartean hiru hilabete igarota zeregin horretan huts egin zuen eta etsipenak hartuta alde egin zuen. Izan ere, Mallorcako gizartearen errealitatea beraienaren oso bestelakoa zen eta Sanden ohitura aurrerazaleek mallorcar gizarte kontserbadorearekin aurrez aurre egin zuten topo. Eta horrez gainera, Mallorcako egonaldiari eta mallorcarren erlijiotasunari egotzi zion Chopin maitalea berak irakatsitako ebanjelio libertariotik aldendu eta eliza katolikoaren ortodoxiaren mende jarri izana berriro. Chopinen jarrera horrek eragin zion, zenbait adituren ustez, mallorcarrei mendekua hartzeko grina George Sandi.

        Liburuaren hasieran esaten duenez, bere asmoa ez zen Mallorcako egonaldiaren kontaera eskaintzea, baizik eta irakurleari uharteari buruzko argibideak ematea bere egonaldiaren zenbait xehetasunetan oinarriturik, baina objektibotasunez betiere. Liburu hau irakurri ondoren, ordea, ez dirudi helburu hori bete zuenik.

        Izan ere, eguraldi txarra zela batetik, eta Chopin maitalearen eritasuna zela bestetik, ezin izan zituen Mallorcako hainbat paraje ezagutu eta ezin izan zuen Mallorcaren gida moduko liburua izan behar zuena osatu. Palman Bellver jauregia besterik ezin izan zuen bisitatu, hirigunetik lau bat kilometrora; ez zen egon San Frantziskoren komentuan ezta bertako klaustro gotikoan ere. Ez zituen ezagutu ez Soller, ez Deya, ez Pollensa, ezta Lluch monasterioa ere, eta are gutxiago Formentor lurmuturra. Ez zen joan uhartearen hegoaldera. Hala uler daitezke Georgek uharteari buruzko argibideak emateko izan zituen eragozpenak; Mallorcari buruz eskaintzen dituen deskripzio gehienak «bigarren eskukoak» dira, Tasturen eta Laurensen liburuetatik hartuak.

        Bertan azaltzen dituen bizipenak garraztasunez beteak dira, eta Mallorcako egonaldia amaitu eta hurrengo urtean hasi zen arren egonaldi hartako gorabeherak atalka argitaratzen, saminez eta gorrotoz idatzia da. Liburua ulertzeko, beraz, oso baligarria da bidaia zergatik egin zuen eta zer hondamen ekarri zizkion azaltzea aurretik, hori baita egileak Mallorcako biztanleekiko azaltzen duen higuinaren benetako zergatia.

        George Sandek Europa erdialdean igaro zuen 1836-1837ko negua, bere seme Mauriceren osasun arazoentzat klima egokiagoa izango zelakoan eskualde haietan. Hurrengo urtean, ordea, arazoak izan zituzten berriro bai semeak eta baita amak ere. 1838ko urtarrilean idatzi zuenez: «Erreumak hartuta nago erabat, eta Maurice gaixorik dago». Handik egun batzuetara, erreumak eskuineko besotik hasi eta belauneraino hartuta zuela esan zuen. Eta horrez gainera zioen «Mauricek askotan besoa minberatua edukitzen du eta egunero izaten du buruko mina. Asko sufritzen dut; semea hala ikusteak, nire eritasunak berak baino min handiagoa ematen dit».

        Negua iritsi aurretik Italiara joateko asmoa zuen Sandek. «Italiara itzuli behar dut» esan zion Christine Bulozi 1837ko urrian, eta 1838ko martxoan, amets hura asmo sendo bihurtu zen: «Maurice gaixoa hobeto doa, baina osasuna eta gorputza hain ditu ahulak, ezen Italiara joatea erabaki baitut klima arinago baten bila». Maiatzaren bukaeran, ordea, Mauriceren osasunak okerrera egin zuen eta abuztuan erabaki zuen negua igarotzera leku beroago batera eramango zituela seme-alabak.

        1838ko udan zehar harreman handia izan zuen George Sandek Marlianitarrekin. Charlotte Marlianiren senarra Espainiako kontsula zen, oso pertsonaia ospetsua, eta 1840an Mallorcako senatore izendatu zuten. Marlianitarrenean Sandek Francisco Frontera y la Serra espainiar musikaria ezagutu zuen; Mallorcan jaioa zen eta jaioterriaren izena hartu zuen goitizen, Valldemosa hain zuzen. Hark hitz egin zion Sandi uharteko lilurez. Marliani jaunak eta Mendizabalek —Chopinen eta Sanden laguna, Espainiako ministroen Kontseiluko presidente ohia— Mallorcari buruz egiten zituzten goratzarreek ere eragin handia izan zuten Georgerengan. Horrela, bada, hasierako asmoak aldatu eta ez zen Napolira joan, Mallorcara baizik. Marlianitarren adiskide baten bidez Sandek mugagabeko kreditua lortu zuen Palmako Canut et Mugnerot bankuan, eta esku-eskura zuen, beraz, bere abentura aurrera eramateko behar zuen guztia.

        Semearen onura bilatuz prestaturiko abentura zen itxura batean, aitzakia hori jarri zien Sandek behintzat bere lagunei eta irakurleei Mallorcarako bidaiaren kontakizuna egin zuenean, baina izan zen Mallorcara abiatzera bultzatu zuen beste arrazoirik: Chopinenganako maitasuna, hain zuzen. Izan ere, Chopinek ordu arte Sanden maitasunaren jabe zen Mallefilleren lekua hartu zuelarik, istilu latzak izan zituzten Mallefillerekin (George eta maitale berria hiltzeko saioa ere egin omen zuen) eta arrisku hartatik ihesi jarri zuen Georgek abian bidaiaren egitasmoa. Mallorca hautatu zuen azkenik, pentsaturik herrialde hartan, hara iristea zaila zenez, Italian baino lasaiago biziko zirela.

        Itxura batean Chopinek berak eskatu zion Georgeri berarekin eta seme-alabekin joaten uzteko, bidaia hark osasuna itzuliko ziolakoan. Hala ere, Chopinek ez zuen azken unea arte hartu erabakia eta Perpignanera iritsi zenean, ustekabe atsegina hartu zuen Georgek. «Maitea, maitea —idatzi zion Georgek Grzymalari urriaren 1ean— hau zoriona! Bera hemen da, eta sendo dagoela ematen du gainera!»

        Georgerentzat ez zen, hortaz, gozamen bila prestaturiko bidaia bat, ez zen amodiozko ihesaldi bat, baina bazuen eritasunaren zoritxarrak eta marmarrak pozoituriko girotik urruntzeko aukera emango zion itxaropena. Astolphe de Custinek Sophie Gayri 1838ko urriaren 22an idatzitako eskutitz batek azaltzen du zertan zen giro itxurati hura. «Chopin —idatzi zuen hark— Valentziara abiatuko da, Espainiara, alegia, beste mundura. Sinestezina Sand andereak zer egin dezakeen uda batean. Akituta utzi du eta arimarik gabeko gorputz bihurtu du. Pianoa jo du bere agurrean, eta esan beharrik ez dut nolako trebetasunaz. (...) Chopin haren atzetik doa Espainiara, bera abiatua da dagoeneko. (...) Ez du kemenik izan joatekoa zela esateko: berak klima onaren eta atsedenaren beharra aipatu dit bakarrik! Atsedena, Corinne gisa emakume banpiro bat daramala!»

        Bere asmoak ustel atera ziren, ordea. Chopin eta semea eri zituelarik, ezin izan zuen egonaldi hartaz nahi adina gozatu eta egonaldi antzu gisa azaldu zuen, nahiz eta Chopinek oso bestelako iritzia zuen. Chopin gaixo zegoen eta egia da hainbat zailtasun izan zituztela bai jatekoa lortzeko, bai ostatua lortzeko eta baita beren ohituraren arabera bizitzeko ere, baina Chopinen arabera lanerako giro aproposean bizi izan ziren, ingurune bikain batean, nahiz eta bere eritasunak ez zion inguruneaz nahi adina gozatzeko aukerarik eman; zailtasunak zailtasun, monasterioko bakartasunean denboraldi atsegina bizi izan zuen beraz, bere adiskideei idatzitako gutunen arabera, eta horren erakusgarri izan daiteke hainbat musika lan idatzi izana (Sandek berak han amaitu zuen bere Spiridion lana). Chopinek monasterioko bizitza lasaia goretsi bezala George Sandek bizitza hori gutxiesten du.

        Palman egon ziren lehenik, eta ezin esan daiteke han ongi etorri berorik egin zietenik, hainbat arrazoi direla medio. Batetik Chopin berekin bizitzea onartezina iruditzen zitzaien (Sand emakume ezkondua zen), eta bestetik Sand Mendizabalen laguna zen eta ez zuen bere errepublikazaletasuna ezkutuan gorde. Ordurako Mallorcan ezaguna zen Sanden obra, baina egilea dama frantses ospetsu bat zela uste izan zuten eta atsekabe handia hartu zuten espainiar intelektualek emakume hura ikustean. Bestalde, ez zituzten Parisen zituzten erosotasun guztiak aurkitu, baina ulergarria da hori, garai hartan gerrako errefuxiatuez beteta baitzegoen hiria. Espainian gerra zegoen eta uhartean gudurik izan ez zen arren, setio egoeran zegoen uharte guztia eta horrek eragin latza izan zuen ekonomian.

        Palmako egoera kaskarra zela eta, landara abiatu ziren handik. Han ere ez zuen bere gustuko giroa aurkitu Sandek, are egoera okerragoa aurkitu zuen hiriburuan baino. Lehen esan bezala, oso kontserbadoreak, erlijiosoak eta zorrotzak ziren mallorcarrak, eta joera horiek are nabarmenagoak ziren hiritik landara: nekazariek ezin onartu zuten beren artean emakume erretzaile bat, gizonez jantzia, bekatuan bizi zena. Egunez lo egiten zuen, gauak idazten ematen zituen, kafea edaten zuen... eta frantsesa gainera! Gogoan izan behar da garai hartako apaizek ziotenez frantsesak kupidagabe, moralgabe eta arerio militarrak zirela espainiarrentzat. Horrez gainera, Chopin gaixo zegoen eta herritarrek beren osasunerako arrisku gisa ikusten zuten, hetikak joa zegoela eta izurria zabalduko zuela uste baitzuten. Garai hartan Mallorcan bizi izan ziren beste atzerritar batzuen ustez ez ziren hain basatiak mallorcarrak eta Sand izan zen beraren eta uhartetarren artean hesia eraiki zuena, baina egia da, bestalde, ez zituela herritar atseginenak izan bizikide, eta eramanezina gertatu zitzaiola herritarrek Chopin baztertzea eta eritasunaren mende igarotzea hilabete haiek.

Miren Arratibel

Aintzane Atela

 

 

 

© Miren Arratibel, Aintzane Atela

 

 

"George Sand / Negu bat Mallorcan" orrialde nagusia