ATARIKOAK

 

        Itzultzailearen oharra

        Xehetasunetan sartzen hasita, liburu oso hau baino beste mardulago bat bete liteke, erraz, aurkitu ditudan (eta oharkabean noski pasatuko zitzaizkidan) itzulpen-gorabeherekin (eta, horien haritik, hizkuntzen egoeraz eta Hizkuntzaren izateaz beraz ere balegoke tesigai luzea). Hala ere, halako ezerk ez luke aldatuko praktikan azkenean horrelaxe joan den testu hau. Laburrenik, bada, esan dezadan konpromiso askoren arteko oreka nolabaitekoan bide egiten saiatu naizela. Eztabaidagarriak dira, oso, hartu ditudan erabakietako asko, eta neuk ere ikusten dut beste bertsio hagitz bestelakorik egin zitekeela. Espero dut, hala ere (horretan ahalegindu naiz), nitaz eta jatorrizko testuaz, biez ahaztea xalo-xalo irakurlea berehala, eta euskarazko mundu mexikar zehatz eta lauso horretan murgiltzea zuzenean, ez harridurarik, zalantzarik, eta are enigmarik gabe, baina bai harrigarriok ere bere harrigarrian natural gertatzen direla testuaren eta istorioaren jarioan. Bizian bezala, horratx, hain hurbil eta hain arrotz. Hori bai: apeta hutsez hartatik urrundu gabe ere, ez naiz ibili hemen beti, prezisamentean, euskara batu estandar zuzen egoki dotoreenaren arrastotik. Hori ere, bizian bezala: jendeak halamoduz hitz egiten du. Hori behintzat jakin dezatela hasterako euskarazaintzaile zurrunek: nahita eginak direla, alegia, akats batzuk, ez hiztegi eta gramatika garbiaren kaltetan propio, baina bai literatur adierazkortasun askotan ez hain aseptikoaren beharretara makurtuz. Jatorrizkoarekiko baliokidetasunaz, berriz, epai bezate jakintsu astitsuek: ni, irakurleak gogatzearekin konformatzen naiz.

        Hemen kabitu ezineko beste kontu bat: nire Pedro Páramo honen azken bertsioak Anjel Lertxundi adiskidearen begi-belarri-buru erne eta bihotz-esku zabalari dien zorra. Hala ere, haren makulu lagunkoiarekin ere, herren handiegia ageri badu itzulpen honek, nirea da soilik errua. Ezertan asmatu badut, berriz, berari eskaintzen diot: zorra kitatzeko esperantzarik gabe, hala ere.

        Esker berezi-bereziak eman nahi dizkiot, bestetik, irakurleak amaieran (neuk euskaratua) aurkituko duen Hondar solas ederraren egileari, Carlos Blanco Aguinagari. Izan ere, bera jaiotzez irundarra izaki (ni jaio orduko gure historia tristeak erbesterarazia), nik ez nuen haren begietan, lankidetza honetara hain eskuzabal bil zedin, bizitokiz neu ere Irungoa izatea besterik ia. Eta ia, diot, zeren biziaren halabeharrek, urrunetik eta elkartzeko aukera gutxirekin bada ere, beraren adiskide izateko zoria ekarri baitidate.

        Aitortu behar dut, bestetik, harengana jo nuenean ez nekiela Rulforekin zuzeneko traturik izan zuenik: zoriari zor zaio hori ere. Banekiena, ordea, zera zen: espainierazko literaturaren jakile eta —zentzurik nobleenean— kritikari hoberenetarikoa zela; ederki ezagutzea egokitu zitzaiola Mexiko eta ingurumaria, literaturaz eta bestez; berak idatziak direla Rulfori buruzko iruzkinik goiztiarren eta burutsuenak; eta, pasatu dituenak pasatu arren (edo pasatu dituelako), txoil aguregazte jatorra zela eta dela, berean buru-gogor bezain ingurukoekiko bihotz-samur.

        Beste ikuspuntu batetik, liburu honi beroni eman behar nizkioke eskerrak, aitzakia eman baitit, hain zuzen, Blanco Aguinaga maisu handiarekin maiseaketan ibiltzeko, eta Carlos lagun xaharrarekin, berriz, aspaldiko partez, birtualki bada ere, gertuagotik lantzeko adiskidantza. Hurrena agian Irunen.

        Esker bihotz-bihotzetikoak, bada, gure irundar unibertsal horri, eta bihoa nire hau beraren jaio-lurraren aitorpen xume modura, hobearen esperantzan: berak ez du ahantzi, eta trukezko gizalegea zor zaio.

 

        Lurraren kexua: Pedro Páramo

        Juan Rulfok bi liburu nagusi eta ia bakar utzi dizkigu, aski laburrak biak. Hogeigarren mendeko narratibaren antologia guztietan lekua irabazia duten obra pare horretatik bata, Lautada sutan («El llano en llamas», Koldo Etxabek euskaratua), ipuin sorta bat da, generoaren bilakabidean mugarri nabaria. Bestea, berriz, gure Pedro Páramo hau, eleberri laburra dela esan daiteke, oso jite berezikoa (azpi)genero guztiz zehaztugabe horren barruan ere, nahiz oraingo irakurleari ez zaion gertatuko beharbada hain berezi, argitaratu zenetik hona Rulforen saio berritzaile eta —hitza oraindik erabilgarri bada— iraultzaileak —aldez edo moldez, onerako nahiz gaitzerako— izan dituen jarraitzaile ugariek eredu nagusietakoa bilakarazi baitute dagoeneko hori egungo idazle eta irakurleentzat. Besteak beste, «errealismo magiko» delako etiketa lauso bezain arrakastatsuak liburu honetantxe duke bere sorburuetako bat.

        Denbora pasatu baita ordutik hona. Liburua 1955ean argitaratu zen. Urte berekoa da, kasurako, Becketten Godoten esperoan antzezlana. Uste dut neure itzultzaile-halabeharrek eragindako paranoiatxo hola-halako batek baino zerbait funtsezkoagoak naramala bat-etortze hori seinalatzera. Urte bereko obra giltzarri bion parekatze batetik (antzak eta aldeak, biak zaizkit adierazgarri) etekin galanta atera litekeelakoan nago, ez bakarrik obra bakoitza hobeki kokatzeko orduan, baizik eta, oro har, mendearen erditsu horretan giza kezka larrienak zein ziren eta literaturak nola islatu zituen ikusteko; bikainki laburbildurik ikusi ere. Esaterako, bietan detekta baitaiteke halakorik, «existentzialismo» delakoa zer zen gogoetatzeko, ezer baldin bazen, edo, izatekotan, bat ote zen zer hain zabaldu horren zera. Adibidean barrendu naizenez, saia dezadan halako konparaketa ahalegintxo bat. Rulforen paradigman kezka existentziala (zeinak biziaren mugetatik aurrera ere, hilen artean, kezka izaten baitirau) fatalismoz janzten da, eta zeharo loturik ageri da lurrarekin —lur konkretu, zehatz, historiko batekin—, harekin bat eginik. Beckett antonomasikoan, berriz, Lur-Agertoki zabal, zehaztugabe, ko(s)miko-metafisiko batean dihardute pertsonaia nortasun guztiz prekariokoak, espazio-denbora deuseztatu batean. Bistan da, estetikaren mailakoak dira aldeok, zeren giro moralaren aldetik, epai espliziturik ageri ez bada ere (horra beste kidetasun funtsezko bat, eta ez apika estetika soilari dagokiona), ia gai-zerrenda bera osa baikenezake obra bien hustuketa eginez gero. Izan ere, Godoten esperoanen bizirik daude, ustez, pertsonaiak, baina hilik baleude bezain ezindurik, eta Pedro Páramon, berriz, hilik gutxi-asko, baina bizirik zeudela bezain izorratuak. Hala, bietan ere, edo ziklikoa delako denbora edo egonean egonik mugitzen ez delako, betibatekoa, zinezko denbora gabea zaie mundua pertsonaiei. Horra irudia: Lurra jiraka beti, eta beti geldi lurra.

        Pertsonaien bizi- eta hil-penen txirikordak gogoetagai abstraktu zabalik badakarkigu ere (giza trajedia orokorreraino proiekta baitaiteke noski, hots, Lur osora), Pedro Páramon, beste zentzu fisiko horretan ulerturiko lurtasuna azpimarratu behar da, nik uste, hasiera-hasieratik (eta bukaeraraino, protagonista ere lurtu egiten baita azkenean, irakurle pazientziatsuak ikusiko duenez): Mexikoko lur bazter bat dugu irudikagai, Comala, hautsez eta nekez lurrarekin berdindutako bere jendeekin. Lur-arras berdinduxeak dirudite, orobat, hilek eta biziek, eta ustekabe galantak emango dizkio horrek irakurleari eta, haren bitartekari gisa, hasierako narratzaile Comalara etorri berriari. Etorri ere, hango lurren eta jendeen jabe (egin) den Pedro Páramo jauntxoaren bila dator narratzailea, lehen esalditik jakinarazten digunez. Hori baino gehiago ere adierazten digu lehen esaldi horrek, baina ez diezaiegun lapurtu testuari eta irakurleari bien artean zertzeko dena, eta itzul gaitezen lurtasunaren kontura, nahiz eta Comalako lurraren lehen irudia Paradisu izaniko Infernu batena ere baden. (Alegia, zentzu espiritual lausoago baina nabaririk iradoki dezakeela deskribapen fisiko zehatzak eta erruz baliatzen dela teknika horretaz Rulfo. Areago, ez dakit Literaturan, baina bai behintzat literatur bide batean, horixe da prozedura nagusia.)

        Kontatzen dena Mexikoko lur konkretu horretan hain txertaturik egotearen alderdi batek badu arriskua zenbait irakurle tronpatzeko. Jatorrizkoan erabiltzen den hizkerak, hain zuzen, badu, baduenez, narrazioa kokatuta dagoeneko lur zehatz-mehatz horri dagokion kolore nabarmena. Eta liluragarri gertatzen zaio hori jatorrizkoaren irakurleari, xarmagarri, eta, horrenbestez, itsugarri ere gerta dakioke, anekdota folklorikoan edo geratzeko arriskuarekin. Alde horretatik, itzultzailearentzat arazo bezain irakurlearentzat mesede izan liteke beste hizkuntza batean emana aurkitzea testua: ikustea, alegia, ez dela txoko-mintzaira jakin baten kontua lurtasun horrena, eta semantika sakonago, unibertsalago bati dagokiola. Esaterako, klimarena eta aztura batzuen aldea salbu, edonongo lur-maizterrena dela mundu eta hizkuntza berezi hori. (Eta, hizkerarekin batera, mundu-ikuskera ere berdintsu. Aipagarri da, besteak beste, erlijioaren papera, bestelako sineste partikularrez nahasia, ez baitago mila alde Mexikoko «arima herratu» horietatik Euskal Herrikoetara.)

        Izan ere, horixe da funtsean Pedro Páramoko jende gehienaren egoera: jauntxoak maizter —edo morroi— izatera (edo alde egitera) kondenatzen duen herri oso batena. Maizterra lurrarena da, eta lurra jabearena, Pedro Páramorena. Literalkiago ere badira Pedro Páramorenak pertsonaietako batzuk (iradokizunez, asko edo gehienak), haren haur (sasikoak zein ez) direnez. Hots, patriarkaren haur dira maizterrok, baina haren zurtz ere bai, sasikoak seme-alaba eskubiderik ez duen aldetik.

        Goiz nahiz berandu Pedro Páramoren meneko izatea egokituko zaion comalatarraren historiatxo partikularraren ondoan, hondo-irudi modura, Mexiko osoko jendeak pairaturiko Historia ere ageri zaigu une batez esplizituki, gurutzatu egiten baitira herrixkarena eta nazioarena. Ez diogu deus zehatzik aurreratuko horretaz irakurleari, baina Mexikoren historia markatu duten etengabeko iraultza eta matxinadek ez diete ez askatasunik eta ez beste ezer onik ekarriko azkenean Comalako lur-maizterrei: hori ere kontrola dezake Pedro Páramok.

        Pedro Páramok kontrolatzerik ez daukana, berriz, bere maitasun bakarra da (testuak tonu liriko nabarmena hartzen du gai horretan barrentzen denean, gainerakoarekin kontraste bizian). Horretantxe du bere boterearen pitzadura bakarra, eta horrexek bihurtzen du jauntxo ikaragarria gizaki haragizko eta, aldez, bera ere biktima. Berak gogotsu beretzen eta lantzen duen patuaren biktima, hain zuzen. Horra kasu honetan fatalismoa noraino iristen den: lurrean lur eginik berdinduko du bere lurrak bera ere: lurrak soilik iraungo du. Berriro ere, kasu: on eta gaiztoen, bizien eta hilen patuak berdintzen dituen fatalismo beltz hori ez zaio zor Mexikoko kultura indigenaren eraginari soilik eta bereziki, giro horretan txertaturik ageri bada ere; ez dela, alegia, bitxikeria folkloriko hutsa, zerbait unibertsalagoa baizik. Existentzialismoaren modaz oroitzea ere ez da aski, gogo-giro haren jatorri eta oinarrian dagoena gogora ekarri ezean; izan ere, besteak beste, Beckett irlandarraren ikuskeran mundu-gerren eskarmentu larria bazen gogoragai ezinbestekoa, Rulfo mexikarrak ere bazuen, erreferentzia unibertsal horretaz gainera, fatalista izateko motibo historiko konkreturik bere lurrean, guduz eta miseriaz. Seinalatu izan denez, lurreko gabetuei zuzeneko ahots propioa ematen die ia lehen aldiz eleberri honek, haien gainean jardun beharrean.

        (Hona, antzinako kontuek berdintsu dirautelako zantzu, egunotako egunkari batek mexikar indigena batzuen ahotik jasotakoa, zapatisten martxa hiriburura hots handiz sartzen ari dela eta, ekitaldietan parte hartzen dutelarik eta, aldi berean, kazetariak «eszeptizismo» deitzen diona gordetzen etorkizunari buruz: «Horregatik bildu ginen, zaratak entzun genituelako indiar herrien eskubideak aitortuko zirela, eta badaukagu denbora asko hori entzuten»; «Bihar, ikuskizun hau amaitzen denean, denak berdin iraungo du».)

        Pedro Páramorena, bada, errealitate baten ispilu den aldetik, errealismoa da. Magikoa zenbateraino den, beste auzi bat da. Objektiboki azterturik, akaso hiperbole puntu bat nabari dezakegu kontu batzuetan, baina jakina da bizitza bera dela askotan hiperbolikoagoa literatura baino. Edozein modutan, sekula karikaturaren gehiegikerian erori gabe halako estilizazio markatu bat nabari da, laburrean kontzentraturiko gertakari ez-arrunten pilaketak eragina, besteak beste. Kontuan hartu behar da, gainera, eleberri laburra, genero gisa, ipuin luzearen mugakide dela, eta, oro har, berezkoago duela estilizazio hori, noski, tarteko genero horrek eleberri luze tipikoak baino. Hala, bada, ia elementu fantastiko bat baino ez litzaiguke geratuko «magiko» delakoa justifikatzeko: hilak biziak bezalatsu mintzo zaizkigu liburuan.

        Ez da dudarik konbentzio errealista hausten duela horrek, baina, ondo pentsatuz gero, ez da sinesgaitzagoa hori errealismo petoaren beste prozedura batzuk baino: narratzaile orojakilea bera dut gogoan adibide nagusi. Gainera, narratzaile orojakilea Jainkoaren irudiko den moduan, mintzo den hilak, xumekiago, «arima herratu» eta enparauen irudiko dira, eta erlijioak berak ere iradoki ohi du badela erabat hilen eta erabat bizien artean gradurik, mundu honetan segitzen duten defuntuak eta beren kezkez gu kezkatzera hilen artetik bisitan etortzen zaizkigun zenduak barne. Eta (eta funtsezkoagoa zaigu hori hemen) hilek ere ez dutela hiltze hutsarengatik bakerik. Bizitako kezkek bizi dituztela hilotzak ere. Hori guztia literalki hartu besterik ez du egin Rulfok, eta guztiz koherentea dirudi, horixe baita Comalako jendeen mundu-ikuskera. Izatekotan, osatu egin du ikuspegia: biziek hilen mamuak ikusten eta, bereziki, entzuten dituzte (haien zurrumurru etengabea, hain zuzen), eta hilek ere berdin bizien mamuak; eta beren artean solastatzen dira guztien kontuez.

        Hala, ezabatu egiten da lur gainekoen eta azpikoen arteko bereizkuntza, eta denak hil-bizi dira lur-muga horretan. Urrunduz doaz hilak agian, dagokien zeru-infernurantz, baina kostata, bide luze bihurria baita, eta askotan galdu eta atzera leku berean daudela konturatzen dira. Eta haien arrangura, bizkitartean, lurtarra da oso: lur gainean bizi zireneko kontuez arduraturik dabiltza hilean ere.

        Baina utz diezaiegun berei hitza.

Juan Garzia Garmendia

 

 

 

© Juan Garzia

 

 

"Juan Rulfo / Pedro Páramo" orrialde nagusia