XIX

 

        Tupustean esnatu zen Jeanne Lalochère. Gau-mahaian ezarri zuen eskumuturreko erlojuari begiratu zion; seiak paseak ziren.

        — Mugitu egin beharko dun.

        Une batzuez egon egin zen, ordea. Ohe-morroiaren aurrean. Hantxe zegoen biluzik, zurrungaka. Osorik aztertu zuen hasieran, xehean geroago, eta kontu berezia egin zion, patxadan eta soseguz, egun batez eta bi gauez hain okupaturik eduki zuen tresnari. Izan ere, une hartan gehiago zirudien haurtxo txiki ditia hartu berria granadari loratu bat baino.

        — Zeinen ergela dirudien gainera piura horretan!

        Bizkor jantzi ondoren, objektu batzuk jaurti zituen boltsa barrura eta aurpegia ukitu zuen pixka bat han eta hemen.

        — Ez hadi beranda, neskatoa berreskuratu nahi badun. Ongi ezagutzen dun hik Gabriel. Hantxe egongo dun, esandako orduan. Deus gertatu ez bazaie behinik-behin.

        Barra gorria estutu zuen ezpainetako bihotzean.

        — Hori, jakina, deus gertatu ez bazaio.

        Listo zegoen dagoeneko. Ohe-morroiari begiratu zion berriro.

        — Etortzen bazain bila. Berriro eskatzen badin. Ez dion agian ezetz esango. Baina ez dun gehiago haren atzetik korri egingo.

        Atea itxi zuen eztiki. Taxi bat eskatu zion ostalariak eta geltokian zen t'erdirako. Bi leku hartu eta tren-moilera jaitsi zen berriro. Geroago, hantxe agertu zen Zazie, maleta zekarkion tipo batek lagundurik.

        — Hara! —esan du Jeanne Lalochèrek—. Marcel.

        — Ni neu.

        — Baina lo dago-eta zutik!

        — Gau-pasa eginda dago. Barkaiozu. Eta niri ere, barkaidazu, banoa.

        — Ulertzen dut. Eta Gabriel?

        — Hainbestean. Banoa. Hurren arte, txiki!

        Jeanne Lalochèrek tren-gelara eraman du Zazie.

        — Libertitu egin haiz orduan...

        — Hola hola.

        — Metroa ikusi dun?

        — Ez.

        — Orduan, zer egin dun?

        — Zahartu egin naiz.

 

 

 

© Raymond Queneau

© itzulpenarena: Joxan Elosegi

 

 

"Raymond Queneau / Zazie metroan" orrialde nagusia