XVIII

 

        — Hots egin beharko niokek Mercelineri telefonoz —esan zuen Gabrielek.

        Besteek kafesnea edaten segitu zuten isilik.

        — Eztanda gertu zagok —esan zuen kafe-mutilak ahapean.

        — Inork ez dik iritzia eskatu —iharduki zion Mouaque alargunak.

        — Hartu haudan tokira eraman behar haut! —esan zuen Gridouxek.

        — Ongi da, ongi da —esan zuen kafe-mutilak—. Broma txikiena ere ezin da egin hemen!

        Heldu zen Gabriel.

        — Hau duk izorratzea! —esan zuen—. Inork ez dik hartzen.

        Kafesnea hartu nahi izan zuen.

        — Kaka zaharra! —erantsi zuen—. Hotza zagok.

        Barra gainean utzi zuen, nazka-keinu batez.

        Kanpora begira jarri zen Gridoux.

        — Heldu dira —iragarri zuen.

        Barra utzi eta bere inguruan jarri ziren guztiak, diru-kutxa azpitik desagertu zen kafe-mutila izan ezik.

        — Ez dute kontent itxurarik —azpimarratu zuen Gabrielek.

        — Ikusgarria da benetan —marmar egin zuen Zaziek.

        — Espero dut Laverdurek nahigaberik ez izatea —esan zuen Turandotek—. Ez du deus esan.

        — Eta nik —esan zuen Mouaque alargunak—, zer egingo dut nik?

        — Zu zeure Trouscaillon horrekin joango zara norabait —esan zuen Gabrielek bizkarrak harrotuz.

        — Bera da baina! —oihu egin zuen alargunak.

        Aux Nyctalopeseko sarreran barrikada moduko zerbait eratzen zuen giza-hondakin metatik bestaldera igaro ondoren, garbi adierazi zituen Mouaque andereak irmo bezain sendo hurreratzen ari ziren erasotzaileen kontrako guduan hasteko asmoak. Metraileta-bala zaparrada batek moztu zuen errotik saio hura. Mando erori zen lurrera Mouaque anderea kiskal-kiskal egina, tripak eskuetan zituela.

        — Bai ergela ni! —esan zuen marmarioan—. Errentetatik bizi nintekeena, ni!

        Eta hil egin zen.

        — Bukatu dira txorakeriak! —adierazi zuen Turandotek—. Ez dakiola Laverdureri txarrik gerta!

        Mintxuriak jota zegoen Zazie lurrean.

        — Kasu egin behar liketek horiek —esan zuen Gabrielek sumindurik—. Badituk haurrak hemen.

        — Zuzenean egin ahal izango dizkiek ohar horiek —esan zuen Gridouxek—. Horra hor!

        Jaun horiek, goitik behera armaturik zeuden jaun horiek, kristalen beste aldera zeuden oraingo honetan. Defentsa-lerro hura berez oso gotorra ez bazen, are ahulagoa zen orduan txikiturik baitzeuden kristal gehienak aurreko borrokaren ondorioz. Jaun horiek, goitik behera armaturik zeuden jaun horiek, lerroan geratu ziren espaloiaren erdian. Jaunskila bat, euritako bat besapean, aurreratu, taldetik nabarmendu eta Mouaque alargunaren gorpuaren gainetik igaro ondoren, garagardotegian sartu zen.

        — Hara! —egin zuten Gabrielek, Turandotek, Gridouxek eta Laverdurek koroan.

        Mintxuriak jota zirauen Zaziek.

        — Bai —esan zuen euritakoa (berria) zeraman gizonak—. Ni naiz, Aroun Arachide. Ni naiz, bai, ezagutu nauzuen eta zenbaitetan itxura nekez igarri didazuen berbera. Mundu honetako eta alboko beste lurralde batzuetako printzea naiz ni, plazer dut neure lurrak itxura bereziak harturik korritzea, bete-betean dagozkidan menturazko irudi nahasle horietaz baliatzea. Galoiak kenduriko polizia arrunta, gaizkin gauzalea, alargun eta neska umezurtzen jarraikile dudakorra... irudi iheskor horiek aukera ematen didate barregarri gelditzeak, asmo ezdeusek eta sentimenduen emanek (keinu noblea Mouaque alargun zenaren aldera) dakartzaten arrisku txikiei beldurrik gabe aurre egiteko. Zuen kontzientzia arin horietan arestian deus ez zena gailen agertzen zaizue oraingo honetan, inolako apaltasunik gabe. Ikus ezazue (keinu berria, aurrekoa bezain noblea, baina oraingoan egoera osotasunean mendean hartu duena.)

        — Hitz eta pitz ari haiz —esan zuen Laverdurek—, hitz eta pitz, besterik ez dakik egiten.

        — Hona hemen kazolarako batere gaizki etorriko ez litzatekeen bat —esan zuen Trouscaillonek... barka, Aroun Arachidek.

        — Sekula ere ez! —oihu egin zuen Turandotek kaiola bihotzean estuturik—. Lehenago hil!

        Solas haietan ari zela, zorupean hasi zen Turandot hondoratzen, Gabriel, Zazie eta Gridoux bezala. Beheraino jaitsi zen zama-igogailua, Aux Nyctalopesko soto barreneraino. Igogailu-gidariak, ilunpetako ahots gozo eta aldi berean irmo batek, jarraitzeko eta azkar mugitzeko agindu zien. Dilindan zeraman lanpara elektriko bat, erretiradarako deiaren eta elikatzen zuen pilaren bertuteen ikurra zena aldi berean. Lokaleko behe-oinean, jaun goitik-behera armatuak, emozioari eutsi ezinik, hanken artetik metraileta-saio bizian tiroka hasi ziren bitartean, talde txikia, aipaturiko agindu eta argiei jarraiki, izugarri azkar mugitzen ari zen muscadina eta granadet botilez beteriko apalen artetik. Gabrielek Zazie zeraman aldean, konortea galdua beti; Turandotek Laverdure, erretxin beti. Gridouxek ez zeraman deus ere.

        Eskailera batzuetan behera jaitsi, ate txiki bat ireki eta estolda baten barnean gertatu ziren. Haraxeago, beste ate txiki bat igaro eta bernizaturiko adreiluz atonduriko barnebide batean sartu ziren. Ez zegoen inor barrunbe ilun hartan.

        — Orain —esan zuen argieramaileak eztiki—, nork bere aldetik jo beharko du, harrapa gaitzaten nahi ez badugu. Aizak hi, bai, hi —esan zuen Turandot adierazirik—, hik ez duk onik txori alu horrekin.

        — Beltzez pintatuko diat! —esan zuen Turandotek ilundurik.

        — Horrek —esan zuen Gabrielek—, ez dik batere graziarik horrek.

        — A, Gabriel! Zorioneko Gabriel! —esan zuen Gridouxek—. Barre egiteko prest beti, gure Gabriel!

        — Nik eramango dut txikia —esan zuen argieramaileak—. Zu ere, Gabriel, ikusterraza zara zu. Bere maleta hartu dut, baina gauza batzuk ahantzi ditut. Presaka ibili behar izan dut.

        — Konta egidazu guztia.

        — Orain ezin.

        Argiak piztu ziren.

        — Listo —esan zuen besteak eztiki—. Metroa abian da berriro. Gridoux, hik hartuko duk Étoile aldera eta, hik, Turandot, hik hartuko duk Bastilla aldera.

        — Eta ahal bezala moldatuko gaituk, orduan, ez da hala? —esan zuen Turandotek.

        — Betunik gabe, ordea, —esan zuen Gabrielek— lanean jarri beharko duk irudimena.

        — Eta ni kaiolan sartu eta Laverdurek eramaten banau?

        — Beste aukera bat duk hori.

        — Etxera noak ni —esan zuen Gridouxek—. Zapatagintza gizartearen oinarrietako bat duk zorionez. Zerk bereizten ote du zapatari bat beste horrelako batengandik?

        — Bixtan duk.

        — Hurren arte orduan, mutilok! —esan zuen Gridouxek.

        Eta Étoile aldera urrundu zen.

        — Hurren arte orduan, mutilok! —esan zuen Laverdurek.

        — Hitz eta pitz ari haiz —esan zuen Turandotek—, hitz eta pitz, besterik ez dakik egiten.

        Eta alde egin zuten Bastilla aldera.

 

 

 

© Raymond Queneau

© itzulpenarena: Joxan Elosegi

 

 

"Raymond Queneau / Zazie metroan" orrialde nagusia