XVII

 

        Malko bat erori zen ogi-kozkor kiskali baten gainean eta airatu egin zen berehala.

        — Goratu bihotza! —esan zion Gabrielek Mouaque alargunari—. Ez etsi, eutsi goiari! Bat galdu, hamar aurkitu! Zu bezalako momorro batek ez du arazorik izango beste morroi bat amarratzeko.

        Hasperen egin zuen alargunak, hain seguru ez zegoela. Ogi-kozkorra goilare erdira lerrarazi eta hestegorrian amildu zuen gori-gori. Gorriak ikusi zituen.

        — Su-hiltzaileei deitu —esan zuen Gabrielek.

        Eta basoa bete zion berriro. Muscadet garratz batez bustitzen ari zen alarguna ahotara bakoitza.

        Zazie bat egina zen loan Laverdurerekin. Gridoux eta Turandot gazta-harien aurkako teman ari ziren isil-isilik.

        — Ederra zagok, tipula-zopa hau! —esan zien Gabrielek—. Bazirudik hik (keinua) heure bota-lokarriak jaurti dizkioala eta hik (keinua) heure baxera-ura erantsi dioala. Baina horrela nahi ditiat nik gauzak: zirtzileriarik gabe, naturalak. Puru-puruak, horra!

        Onartu egin zuten besteek, iruzkinik egin gabe.

        — Baina, Zazie, ez al dun zopa jan behar?

        — Utziozu lotan —esan zion Mouaque alargunak ahots abaildu batez—. Utziozu amesten.

        Begi bat ireki zuen Zaziek.

        — Hara! —esan zuen—. Hemen dago oraindik atso zantarra.

        — Urrikal gaitezen zorigaiztokoez —esan zuen Gabrielek.

        — Zeinen ona zaren —esan zuen Mouaque alargunak—. Ez neskato hori bezalakoa (keinua). Haurrek, badakizu, ez dute bihotzik.

        Godaleta hustu eta keinu bizia egin zion Gabrieli berriro bete ziezaion lehenbailehen.

        — Nolako txorakeriak esaten dituen —esan zuen Zaziek ahots izpi batez.

        — Puu! —esan zuen Gabrielek—. Zer axola du? Ez da hala, mamutzar? —erantsi zuen, alargunari zuzenduz.

        — Zeinen ona zaren —esan zuen alargunak—. Ez neskato hori bezalakoa. Haurrek, badakizu, ez dute bihotzik.

        — Noiz arte segitu behar du matraka horrekin gure kaskoak berotzen? —galdetu zion Turandotek Gabrieli, irentsialdi on batez baliaturik.

        — Gogorrak zarete, haatik! —esan zuen Gabrielek—. Bada nolanahi ere atsekaberik, adindu zahar hauengan.

        — Eskerrik asko —esan zion Mouaque alargunak gogo onez.

        — Ez da zerik —esan zuen Gabrielek—. Eta, tipula-zopa honetara itzuliz, egundoko asmazioa dela aitortu beharra dago aho betean.

        — Honako hau —galdetu zuen Gridouxek, zopa bukatu eta gero, oraindik itsatsirik zirauen gruyerea ez galtzearren, plateraren hondoari karraka bizian ari zitzaion bitartean—, honako hau bereziki ala tipula-zopa oro har?

        — Oro har —erantzun zuen Gabrielek deplauki—. Oro har mintzo nauk ni beti. Ez ditiat erdipurdikoak gogoko.

        — Arrazoi duk —berretsi zion Turandotek, ahia tripa barruan zuela berak ere—, ez dezagun itsasoa mendian bila. Adibidez: muscadet eskas gaudek, atsoak ziplo edan digulako guztia.

        — Ederra dago eta! —esan zuen Mouaque alargunak dohatsu irriño batez—. Ni ere, oro har mintzo naiz nahi dudanean.

        — Hitz eta pitz ari haiz —esan zuen Laverdurek, bat-batean, inork ez eta berak ere zergatik ez zekiela, esnatu eta gero—, hitz eta pitz, besterik ez dakik egiten.

        — Aski dut —esan zuen Zaziek platera urrunduz.

        — Egon —esan zion Gabrielek platera bere aldera eramanik—, neronek bukatuko dinat hori. Dakarzkigutela bi botila muscadet eta beste bat granadina —gaineratu zuen, inguruetan zebilen zerbitzari baten atentzioa erakarri nahian. Eta beste hori? (keinua) Ahantzi egin diagu! Mokadu bat egingo dik horrek ere!

        — E, Laverdure! —esan zuen Turandotek—. Goseak?

        — Hitz eta pitz ari haiz —esan zuen Laverdurek—, hitz eta pitz, besterik ez dakik egiten.

        — Horrek —azaldu zuen Gridouxek—, baietz esan nahi dik horrek.

        — Ez didak hik, babo horrek, kontatzen duena ulertzen erakutsiko! —argudiatu zion Turandotek destainez.

        — Ez nindukek ausartuko —esan zuen Gridouxek.

        — Ausartu zara ba! —esan zion Mouaque alargunak.

        — Ez ezazue egoera pozoindu —esan zuen Gabrielek.

        — Ulertzen duk —esan zion Turandotek Gridouxi—, hik bezain ongi ulertzen diat nik hik ulertzen duana. Ez nauk beste edozein baino ergelagoa.

        — Nik bezain ongi ulertzen baduk —esan zion Gridouxek—, ez haiz orduan ematen duan bezain ergela.

        — Eman, hala ematen du, nola gainera! —esan zuen Mouaque alargunak.

        — Nondik nora haize horiek, atso honek? —esan zuen Turandotek—. Ez ote zait ba inpromatzen hasi!

        — Horra zer gertatzen den bat hutsaren hurrengo denean —esan zuen Gridouxek—. Kaiku ezdeusenak ere tu egiten dik mutur betean. Nirekin ez lukek ausartuko.

        — Ergela da jende guztia —esan zuen Mouaque andereak bat-bateko adoreaz—. Zu barne —erantsi zuen Gridouxi begira.

        Belarrondoko eder baten jabe egin zen alarguna berehalakoan.

        Ordaina itzuli zion Gridouxi txorakeriarik gabe.

        Baina Gridouxek bazeukan beste bat mahukapean gordea eta durdurian utzi zuen mouaquetarraren aurpegia.

        — Ekin neska-mutilok! —ulu egin zuen Turandotek.

        Eta mahaien artean hasi zen jauzika, Gabriellak Zisnearen Heriotzaren saioan egiten zituenak imitatu nahian.

        Lo zegoen Zazie berriro. Laverdure, mendeku asmo biziek horretaratua, zirin egiten saiatzen ari zen kaiolatik kanpora.

        Bitartean, bizi-bizi ari ziren masailekoak Gridouxen eta Mouaque alargunaren arteko bidean, eta algara bizian zen Gabriel Turandoten dantza-saio ikusgarriaren aurrean.

        Baina hura ez zen Aux Nyctapoleseko zerbitzarien batere gustokoa. Horrelakoetan trebezia handia zuten haietako bik beso banatatik hartu zuten bat-batean Turandot eta, gisa horretan oraturik, segundurik galdu gabe eraman zuten kanpo alderantz bideko asfaltoaren gainera jaurtitzeko. Taxi berantiar batzuen bezeroketa geldia eten zuen jaurtialdiak goizaldeko giro grisaska hotz hartan.

        — Hori ez! —esan zuen Gabrielek—. Hori bai ezetz!

        Jaiki eta, etxeko lanetara pozaren pozez itzultzen ari ziren bi kafe-zerbitzariak harrapatu eta elkarren kontra joarazi zituen bien kaskarrak, halako indarrez eta edertasunez non konortea galdurik mando erori baitziren lurrera bi harroputzak.

        — Biba hi, motel, hori duk-eta! —egin zuten oihu koroan Gridouxek eta Mouaque alargunak, elkarrekin ados jarri eta gutun-trukatzeari utzi eta gero.

        Borroka gaietan aditu handia zen hirugarren zerbitzari batek zirt eta zarteko garaipena eraman nahi izan zuen. Sifoi bat eskuetan hartua zuen, Gabrielen kaskoaren aurka errepika erabiltzeko xedean. Baina kontraerasoa prest zeukan Gridouxek ordurako. Beste sifoi bat, aurrekoa bezain trinkoa, jalgi zen zapatariaren besoetatik eta, ibilbidearen amaieran, desmasia ikusgarriak eragin zituen maltzurraren buru txikian.

        — Ekin, neska-mutilok! —ulu egin zuen Turandotek, zutitu eta lurraren gaineko oreka gau-auto bereziki goiztiar batzuen balazta-soinuari esker berreskuratu ondoren, garagardotegian borrokarako gogo bizian berriro sartzen ari zelarik.

        Zerbitzari-taldeak ari ziren une hartan zoko guztietatik ateratzen. Sekula pentsatuko ote zuen inork ere horrenbeste zegokeenik! Sukaldeetatik ateratzen ziren, sotoetatik, jaki-geletatik, ikaztokietatik. Berehala irentsi zuen Gridoux masa trinko hark eta beste hainbeste egin zuten Turandot ausartarekin. Baina Gabrielekin gauzak ez ziren hain errazak. Mirmidon-tropa batek erasoriko koleopteroaren antzera, izain-mordo handi batek jazarririko idiaren antzera, hantxe zebilen Gabriel josteta bizian, iharroska, burbutzika, jauzika, giza jaurtiketak norabide desberdinetan eginez, mahaiak eta aulkiak hautsiz batzuetan edo bezeroen hanken artera baloi tentagarriak igorriz besteetan.

        Zalaparta handi hark iratzarri zuen azkenean Zazie. Osaba zerbitzari oldar-talde haren aurkako borrokari eusten ari zitzaiola konturatu eta uluka hasi zen: eutsi gogor, osaba! Pitxer bat hartu eta masaren aurka jaurti zuen itsumustuan. Handia baita izpiritu militarra Frantziako nesken artean. Adibide hari jarraiki, inguruko lur guztian zehar barreatu zituen Mouaque andereak eskura zituen hautsontzi guztiak. Handia baita imitaziorako joerak geldoenen artean ere eduki dezakeen eragina. Burrunba izugarri bat entzun zen orduan: Gabriel baxeran hondoratua zen eta hondakinen artera berekin batean eraman zituen zazpi zerbitzari suhar, alderdi baten aldeko hautua eginiko bost bezero eta epileptiko bat.

        Mugialdi bakar batean jaiki ondoren, zerrautsaren eta baxera-pusken barnean taplastan ari zen giza magma aldera hurbildu ziren Zazie eta Mouaque alarguna. Sifoi-ukaldi egoki batzuek lehiaketatik kanpo utzi zituzten kaskarra ahul xamarra zuten hainbat lagun. Jokaldi paregabe honi esker jaiki ahal izan zen Gabriel, urratu ondoren, nolabait esateko, aurkariek eraturiko errezela. Aldi berean agertu zitzaion begietan Gridouxen eta Turandoten presentzia itxuragabea, bi gorputzak lurrean zabal-zabal. Emakume kantinerek aurpegi gainera jaurtiriko ur-irain batzuk aski izan ziren suspertzeko. Handik aurrera, zalantzarik ez zegoen batere garaipena noren alde joango zen.

        Bezero epelak edo axolagabeak zaratarik gabe alde egiten ari ziren bitartean, beroak eta kafe-zerbitzariak, arnasarik gabe ia, banan-bana hertzen ari ziren Gabrielen ukabil gotorraren, Gridouxen burdinazko okotzekoen eta Turandoten ostiko lazgarrien menpean. Ezdeusean utzi ondoren, Aux Nyctalopeseko eremuetatik ateratzen zituzten Zaziek eta Mouaque alargunak, eta espaloiraino eramaten zituzten arrastaka. Hara orduko, oinezko ongile batzuek, bihotz onaren aginduetara beti, metatan ezartzen zituzten gorputzak. Laverdure izan zen hekatonbean parte hartzerik gabe geratu zen bakarra, hebainaldiaren hasieran zopa-ontzi puska batek perineoan jo baitzuen doloroski. Kaiolaren hondoan etzanik, marmar egiten zuen aieneka: gaupasa xarmagarria, gaupasa xarmagarria... Plaka aldarazia zion traumak.

        Baina haren partaidetza gabe ere, garaipena erabatekoa izan zen segituan.

        Azkeneko aurkaria xehe-xehe egin ondoren, eskuak gogobeterik igurtzi eta halaxe esan zuen Gabrielek:

        — Orain, ordu egokia duk orain kafesne bat hartzeko.

        — Ideia bikaina —esan zuen Turandotek barraren bestaldera igaro aurretik.

        Barraren aurrean jarri ziren beste laurak.

        — Eta Laverdure?

        Turandot abiatu zen animaliaren bila eta hantxe aurkitu zuen marmar bizian, geldigabe. Kaiolatik atera eta matte-matte hasi zitzaion balaku eta balaku, nere kuttuneko xoriño berdea esanez. Laverdure bere senera etorri eta erantzun egin zion:

        — Hitz eta pitz ari haiz, hitz eta pitz, besterik ez dakik egiten.

        — Hori bai egia —esan zuen Gabrielek—. Non da kafesne hori?

        Lasaitu eta gero, Turandotek loroa kaiolan sartu eta makinetara bihurtu zen. Saiatu zen martxan jartzen, baina, modelo hura ezagutzen ez zuelarik, esku bat erre zuen estraineko.

        — Uiuiuuiuui! —esan zuen memelo-memelo.

        — Moldakaitza alaena! —esan zuen Gridouxek.

        — Gaizoa! —esan zuen Mouaque alargunak.

        — Kaka zaharra! —esan zuen Turandotek.

        — Kafesnea niretzat —esan zuen Gabrielek—. Esnez ongi hornitua.

        — Eta niretzat —esan zuen Zaziek— gaina gainezka.

        — Aaaaaaaaaa! —erantzun zien Turandotek, lurrun txorrotada bat aurpegi betean jaso ondoren.

        — Hobe genuke etxeko norbaiti eskatuko bagenio —esan zuen Gabrielek bare-bare.

        — Egia duk! —esan zuen Gridouxek—. Banoak baten baten bila.

        Gorputz-metara hurbildu eta hau ez hau ere ez ongien zegoena aukeratu zuen. Atoian ekarri zuen.

        — Sasoian zaude, inolaz ere! —esan zion Zaziek Gabrieli—. Zu bezalako hormosesualak, gutxi!

        — Eta nola nahi du andereñoak bere gaina? —galdetu zuen bizkorturiko zerbitzariak.

        — Gainezka —esan zuen Zaziek.

        — Zergatik deitzen didan oraindik hormosesual? —galdetu zion Gabrielek lasaikiro—. Mont-de-piétén ikusi naun eta honez gero jakin beharko huke...

        — Hormosesuala ala ez —esan zuen Zaziek—, bikain egon zara benetan.

        — Zer nahi dun? —esan zuen Gabrielek—. Ez ditinat modu horiek batere gogoko (keinua).

        — O, jauna —esan zuen adierazitako zerbitzariak—, biziki sentitzen dut gertaturikoa.

        — Nolatan iraindu nauzue, orduan? —esan zuen Gabrielek.

        — Hortan, jauna —esan zuen zerbitzariak—, oker zaude.

        — Ni oker? —erantzun zion Gabrielek.

        — Ez kezkatu —esan zion Gridouxek—, beti egongo duk inpromatzaileren bat tartean.

        — Ongi esana! —esan zuen Turandotek.

        — Eta orain —galdetu zion Gridouxek Gabrieli—, zer asmo duk orain?

        — Kafesnea hartu.

        — Eta ondoren?

        — Etxetik pasa eta txikia geltokira eraman.

        — Kanpora begiratu ote duk?

        — Ez.

        — Begira ezak, ba!

        Kanpora begira jarri zen Gabriel.

        — Hau felizidadea! —esan zuen itzultzerakoan.

        Gau-zaindari dibisio blindatu bik eta Jurako zipaio eskuadroi batek lekua hartua zuten Pigalleko plazaren inguru osoan.

 

 

 

© Raymond Queneau

© itzulpenarena: Joxan Elosegi

 

 

"Raymond Queneau / Zazie metroan" orrialde nagusia