XVI

 

        Berriro jantzi zuen Trouscaillonek polizia-uniformea. Mont-de-piétéren ondoko plaza txikian zegoen zain, malekoniatsu, kabareta noiz itxiko. Begira zegoen gogoetatsu (hala zirudien) metroko arnas-zulo bateko parrila gainean, grebaren hotzak ere menderatu ezin izan zuen ahoaren etengabeko epel mediterraniarraren gozoan, lo zeuden kloxar batzuei. Gogoan eduki zuen une batzuez giza kontuen hauskorra eta gogoan eduki zituen halaber saguen proiektuak, buru onik izaten ez dutenak gehienak, antropoideen artean gertatzen den bezala. Gutiziatu zuen ondoren —une txiki batzuetan, pasa gabe— gabetuen patua, gabetuak beharbada baina gizarte mailako betebeharren eta munduko konbentzioen zama astunetik libro. Hasperen egin zuen Trouscaillonek.

        Zinkurin minago baten oihartzuna jabetu zen bere barneaz eta zeharo asaldatu ziren gogoeta trouscaillondarrak. Zer da, zer da, zer da?, galdetzen zioten elkarri gogoeta trouscaillondarrek polizia-jantzia egokitzen ari ziren bitartean, eta haien begi zorrotzek itzalpeko eremuetan argi-izpi bat barneratu ondoren, soinualdi haren jatorria ediren zuten aulki batean zurrun jarririk zegoen urlia batengan. Hurbildu egin zitzaion Trouscaillon, ohiko neurriak hartu eta gero. Lo zirauten kloxarrek, huskeria baitzen hura guztia leherrak ikusitakoentzat.

        Loantzean zegoen tipoa eta horrek lasaitu ez bazuen ere, barrenak agindu zion Trouscailloni honela mintzatzera:

        — Zer ari zara zu alde honetan eta horren berandu?

        — Zer axola dizu zuri? —erantzun zion X jaunak.

        Izan ere, galdera bera egina zion Trouscaillonek bere buruari, barnean zeukan zalantza-mataza harilkatzen ari zen bitartean. Bai, zer axola zion? Lanbideak, mozorroen lanbideak, eskatzen zion hura guztia, baina Marceline galdu ondoan, portaeraren oskola desiren espermatan beratzeko joera nagusitzen hasia zitzaion. Isuri galgarri haren aurka jauki eta honenbestean eman zion segida solasaldiari:

        — Bai —esan zuen—, axola dit.

        — Aldea bada orduan —esan zuen X jaunak—, hala bada.

        — Baimena ematen didazu horrenbestez arestian galdera eginez niotzuna berriro esateko.

        — Niotsuna —esan zion ilunak.

        — Niotxuna —esan zuen Trouscaillonek.

        — Niotsuna esez.

        — Niotsuna — esan zuen Touscaillonek azkenean—. A, gramatika! Ez da nire hoberena, ez! Nolako une gaiztoak pasarazi dizkidan! Pasa gaitezen ba. Eta?

        — Eta, zer?

        — Nire galdera.

        — Hara! Ahantzi dut —esan zuen besteak—. Aspaldiko kontua da hori.

        — Berriro hasi behar ote dut?

        — Esango nuke.

        — Hau nekea!

        Hasperena saihestu zuen Trouscaillonek, solaskidearen ihardukiaren beldur.

        — Tira! —esan zion X jaunak bihotz onez— Ahalegin txiki bat egin ezazu.

        Gatazkan erantzun zion Trouscaillonek:

        — Izena deiturak sorteguna sorlekua gizarte segurantzako zenbakia banku kontuko zenbakia aurrezki kutxako libreta etxe-alokairuaren ordainagiria uraren ordainagiria gasaren ordainagiria argiaren ordainagiria metrorako asteko karneta autobuserako asteko karneta altzarien faktura neberaren prospektua giltzeroa mantenurako agiriak sinadura txurian igarotzeko agiria aita santuaren bulda eta tutti frutti emaidazu dokumentazio guztia inkik esan gabe. Konturatuko zinen alde batera utzi ditudala kotxearen kontuak gidatzeko baimena segurtasun-argiak nazioarteko pasaportea eta tutti quanti hori guztia ez baita bixtan da zure eskumenean izango.

        — Polizia jauna, ikusten al duzu autobus hura (keinua), han behean?

        — Bai.

        — Ni naiz haren txoferra.

        — A.

        — Aizu, esaidazu, ez zara azkarra batere. Ez nauzu oraindik ezagutu?

        Lasaixeago zegoen Trouscaillon eta haren ondoan eseri zen.

        — Ondoan jar naiteke?

        — Nahi bezala.

        — Ez naiz, ez, oso zuzen ari.

        (isilunea)

        — Egia da —ekin zion Trouscaillonek berriro—, gaur benetan pasatu naizela uste dut.

        — Bolada txar bat.

        — Hurakana.

        (isilunea)

        Hala gaineratu zuen Trouscaillonek:

        — Eme kontuak.

        (isilunea)

        Segitu egin zuen Trouscaillonek:

        — ...zintzurra estutzen dit barrenak itotzeraino... badakizu, ezin barrenean gorde... barrena hustutzen, kantatzen, hasi beharra daukat...

        (isilunea)

        — Ulertzen dut —esan zuen Fedor Balanovitchek.

        Eltxo bat hegaldatu zen farola baten argi-konoaren inguruan. Beroaldi bat hartu nahi zuen beste larruazal batzuk ziztatu aurretik. Bete-betean asmatu zuen. Kiskaldurik erori zen, baratxe-baratxe, haren gorpua lur gorriaren gainera.

        — Aurrera, gizona —esan zuen Fedor Balanovitchek—, bestela neu hasiko naiz.

        — Ez, ez —esan zuen Trouscaillonek—, segi dezadan neure buruarekin.

        Kaskarrari azkazal harrapari igitailari batez hatz egin ondoren, hitz batzuk esan zituen, halako inpartzialitate eta are noblezia kutsu batez. Hona bada, hitz haiek:

        — Ez dizut neure haurtzaroaz eta gaztaroaz deus esango. Hitzik ere ez neure heziketaz: ez dut horrelakorik izan, eta ikasketei dagokienez, hobe aurrera pasa, zer kontatua gutxi baita benetan. Soldadutzan nago dagoeneko, eta alferrekoa da horretan geldialdirik egitea. Ezkongai nago gazte-gaztetxotatik eta bizitzak egin nau naizen hau.

        Mintzaldia eten eta ameskeriatan galdu zen instant batez.

        — Segi, ba! —esan zion Fedor Balanovitchek—. Neu hasiko naiz bestela.

        — Gauzak ez datoz batere ongi, ezin uka hori —esan zuen Trouscaillonek—. Gaur goizean irodo dudan emakumeak ditu erru guztiak.

        — Idoro dudan.

        — Idodo dudan.

        — Idoro dudan, de-erre.

        — Idoro dudan.

        — Gabrielen atzetik doan atsoak?

        — Ez, horrek ez, beste batek. Izan ere, petardo ederra eman dit zuk diozun horrek. Nire ihardunetara, nolako ihardunetara!, utzi nau, berekin atxikitzeko saio txikiena ere egin gabe. Nahi zuen gauza bakarra, Gabriella dantzan ikusi. Gabriella... Grazia badu tipoak... Barregarria benetan.

        — Horixe baietz —esan zuen Fedor Balanovitchek—. Gabrielen saioak ez du parekorik Paris osoan eta, sinista iezadazu, ongi ezagutzen dut nik hiri honetako gaugiroa.

        — Hori mandinga! —esan zuen Trouscaillonek oharkabean.

        — Baina, egia aitor dezadan, kokoteraino bukatu dut Grabielen numero horrekin, hainbestetan ikusi ondoren. Ez baitu beste saiorik egin nahi. Horrelakoak izaten dira artistak gehienetan, zer nahi duzu! Asmazio bat egin eta hura fosildu arte ez dira gelditzen. Tipo horretakoak gara neurri batean guztiok, egia da, nor bere esparruan.

        — Ez ni —esan zuen Trouscaillonek lañoki—. Etengabe aldatzen ditut nik moduak.

        — Egokirik ez duzulako oraindik aurkitu. Zeure buruaren bila ari zara, horra! Baina eutsi egingo diozu noizbait, ikusiko duzu, onartzeko moduko zerbait lortu orduko. Izan ere, ez dirudi orain arte lortu dituzun emaitzak batere distiratsuak izan direnik. Aski da zuri gainbegiratu bat egitea: gizagaixo bat, ez dirudizu besterik.

        — Polizia-jantziaz ere?

        — Horrek ez du deus konpontzen.

        Isildu egin zen Trouscaillon, abaildurik.

        — Eta?—jarraitu zuen Fedor Balanovitchek— Nora goaz horrenbestean?

        — Ez dakit batere. Mouaque alargunaren zain nago ni.

        — Eta ni, neure kaiku horien zain nago ni, besterik gabe, ostatura eramateko. Goizean goiz abiatu behar dute Gibraltar aldeko parapeto zaharretarantz. Horixe dute ibilbidea.

        — Hori mandinga! —marmar egin zuen Trouscaillonek oharkabean.

        Fedor Balanovitchek bizkarrak harrotu eta ez zuen hitz horiei buruzko iruzkinik egiteko beharrik sentitu.

        Oihu batzuk entzun ziren orduan: ixten ari ziren, Mont-de-piété.

        — Ez da hain berandu —esan zuen Fedor Balanovitchek.

        Altxa eta autobus aldera joan zen, horrela, agur-hitzik esan gabe.

        Altxatu zen Trouscaillon bera ere. Zalantzak. Kloxarrak lo. Eltxoa hilik.

        Fedor Balanovitchek tutualdi batzuk jo zituen bildotsak biltzearren. Pozez gainezka zeuden hauek eman zuten gau on, gau bikain, horrengatik eta nor bere mordoiloan ari zen «gero eta hobeago, gero eta hobeago» mezua garbi uzten saiatzen. Agurren tenorea iritsi zen. Emakumeek musu eman nahi zioten Gabrieli, gizasemeak ez ziren ausartzen.

        — Zalaparta gutxiago —esan zuen almiranteak.

        Autobusera igo ziren bidaiariak pixkana-pixkana. Aharrausika ari zen Fedor Balanavitch.

        Lo zegoen Laverdure, Turandotek besotik dilindan zeraman kaiolan. Adorez eusten zion Zaziek enbidoari: ez zuen inolaz ere Laverdurek bezala egingo. Gurdiaren bila joan zen Charles.

        — Hona hemen gure alproja! —esan zuen Mouaque andereak Trouscaillon heldu zitzaiela ikusita—. Gau ona ote daramagu?

        — Ez hain ona, ez hain ona —esan zuen Trouscaillonek.

        — Ba guk nolako gozatua hartu dugun! Nolako grazia duen gure adiskideak!

        — Eskerrik asko —esan zuen Gabrielek—, baina ez ezazu artea ahantzi. Artea baita nirea, josteta hutsa baino askoz ere gehiago.

        — Non arraio utzi du ba Charlesek taxia? —galdetu zuen Turandotek.

        — Laketu egin ote da xoriñoa? —galdetu zuen almiranteak ikusirik mokoa hegalpean zuela.

        — Ezin ahantzizko oroitzapenak zaramatzak berekin —esan zuen Turandotek.

        Autobus barnean ziren ordurako azkeneko bidaiariak. Postalak bidaliko zituztela (keinuak).

        — Eeee! —oihu egin zien Gabrielek—. Txin-txin, lagunok, hurren arte!

        Eta urrundu egin zen autobusa, atzerritarrak zoramenean. Goiz hartan berean abiatu behar zuten Gibraltar aldeko parapeto zaharretarantz. Horixe zuten ibilbidea.

        Espaloi-ertzera iritsi zen Charlesen taxia.

        — Jende gehiegi —azpimarratu zuen Zaziek.

        — Axola gutxi horrek! —esan zuen Gabrielek—. Tipula-zopa on batena egin behar dinagu-eta oraintxe bertan.

        — Eskerrik asko —esan zuen Charlesek—. Etxera noak.

        Esan eta egin.

        — Heldu haiz, Mado?

        Autoan sartu eta senargaiaren ondoan egokitu zen Madeleine.

        — Hurren arte neska-mutilok —egin zuen oihu leihatilatik kanpora—, eta mila esker gau... mila esker guzt...

        Baina ez zitzaion gainerakoa entzun. Urrunean galdu zen taxia.

        — Ameriketan bageunde —esan zuen Gabrielek—, arroza botako genien gainera.

        — Filme zaharretan ikusi duzu zuk hori —esan zion Zaziek—. Gaurko egunean lehen baino gutxiago ezkontzen da jendea. Nik nahiago dut jo eta zapart egiten dutenean denek.

        — Nahiago dut arroza —esan zuen Mouaque alargunak.

        — Inork ez dizu iritzia emateko baimenik eman —esan zion Zaziek.

        — Andereño! —esan zuen Trouscaillonek—. Txukunago portatu behar huke emakume zahar batekin.

        — Zeinen xarmanta den nire alde ari denean! —esan zuen Mouaque alargunak.

        — Arrut! —esan zuen Gabrielek—. Aux Nyctalopesera eramango zaituztet. Jende guztiak ezagutzen nau han.

        Atzetik jarraitu zitzaizkien Mouaque alarguna eta Trouscaillon.

        — Erreparatu al diezu atsoari eta zomorroari, gure atzetik beti? —esan zion Zaziek Gabrieli.

        — Zer egingo diogu ba? —esan zuen Gabrielek—. Libre ditun nahi dutena egiteko.

        — Ezin dituzu uxatu? Ez ditut ikusi nahi.

        — Hori baino jendetasun zabalagoa erakutsi behar dun bizitza honetan.

        — Zomorroak ere —esan zuen Mouaque alargunak, dena entzun ondoren—, gizonak dira azken finean.

        — Erronda hau nirea da —esan zuen Trouscaillonek herabe.

        — Alferrik ari haiz —esan zuen Gabrielek—, gaur nire kontura zoak guztia.

        — Erronda txiki bat, besterik ez! —otoi egin zion Trouscaillonek—. Muscadet bana, esaterako. Nire ekonomiaren neurriko zerbait.

        — Ez ezak dotea alferrik xahutu —esan zion Gabrielek—. Nirea besterik duk.

        — Izan ere —hartu zuen parte Turandotek—, hik ez diguk deus ere eskainiko. Zomorroa haizela ahantzi ote duk? Nik, gremiokoa naizen honek, ez niokek sekula deus aterako nire tabernan zintzurra bustitzearren jende parrasta batekin sartuko litzatekeen zomorro bati.

        — Ez zarete batere azkarrak zuek biok! —esan zuen Gridouxek—. Ez ote duzue oraindik ezagutu? Gaur goizeko satiroa da-eta.

        Makurtu egin zen Gabriel xeheago aztertzeko. Mundu guztia geratu zen ikuskatze haren begira, baita kolpea hain ongi eraman ez zuen Zazie harritua ere. Isilik geratu zen Trouscaillon bera ere, bada-ezpada.

        — Zer egin duk mustaxarekin? —galdetu zion Gabrielek, bare bezain irmo.

        — Ez diozue deus txarrik egingo, ezta? —esan zuen Mouaque alargunak.

        Gabrielek esku batez heldu zion jakaren hegal-paparretatik Trouscailloni eta farola baten argipean ezarri zuen azterketa hobeki osatzearren.

        — Zer egin duk mustaxarekin? —galdetu zion berriro.

        — Etxean utzi dut —esan zuen Trouscaillonek.

        — Egia duk, orduan, zomorroa haizela?

        — Ez, ez —esan zuen Trouscaillonek—. Mozorro bat da... libertitzeko... zuei barre eragiteko... erabiltzen dudana... zure tutuaren antzekoa... modu beretsuak dira...

        — Tortura-modu beretsuak —esan zuen Gridouxek zorioneko ateraldian.

        — Halaz ere, ez diozue deus txarrik egingo, ezta? —esan zuen Mouaque alargunak.

        — Ezinbestekoak dira hemen azalpenak —esan zuen Turandotek, barruko ezinegona gainditurik.

        — Hitz eta pitz, hitz eta pitz... —esan zuen Laverdurek motel-motel, berriro loak hartu aurretik.

        Isil-isilik zegoen Zazie. Gertakariek gaina hartua zioten eta, logaleak erreta zegoen arren, jarrera egoki eta aldi berean duin bat erakusten saiatzen ari zen egoera hartan, baina ez zuen horrelakorik lortzen.

        Farolaren argiaren luzeran goratu eta berriro begiratu zion Gabrielek Trouscailloni, isilik beti. Lurrean pausatu zuen ondoren, oinen gainean eta zakarkeriarik gabe, eta horrela mintzatu zitzaion:

        — Zer dela-eta ari haiz modu horretan, gure atzetik etengabe?

        — Ez doa zuen atzetik —esan zuen Mouaque alargunak—, nire atzetik baizik.

        — Hori da —esan zuen Trouscaillonek—. Zuk ez duzu beharbada hori ulertuko, baina emakume eder paregabe batekin txoratzen zarenean...

        — Zer arraio (o, zeinen xarmanta den) esan nahi izan duk (ederra deitu nau) nitaz (ederra, ni) —esan zuten aldi berean Gabrielek (eta Mouaque alargunak), sumindurik batak (gogobeterik besteak).

        — Gaizo anderea! —jarraitu zuen Gabrielek anderearen aldera jira eginik—. Tipo honek ez dizu egiten duenaz deus esan.

        — Ez dut astirik izan —esan zuen Trouscaillonek.

        — Satiro nazkagarri bat da —esan zuen Gabrielek—. Gaur goizean etxeraino segitu dio txikiari. Higuingarria.

        — Hori egin ote duk? —galdetu zion Mouaque alargunak asaldaturik.

        — Ez zintudan orduan ezagutzen —esan zuen Trouscaillonek.

        — Aitortu du! —egin zuen ulu Mouaque alargunak.

        — Aitortu du! —egin zuten ulu Turandotek eta Gridouxek.

        — Aitortu duk, e? —esan zion Gabrielek ozenki.

        — Barkatu! —egin zuen oihu Trouscaillonek—. Barkatu!

        — Urde zerria! —egin zuen marru Mouaque alargunak.

        Orroa zaratatsu haiek bi txirrinda-zomorro aterarazi zituzten itzalpetik.

        — Gaueko iskanbila —hasi ziren uluka bi txirrinda-zomorroak—, ilargipeko harramantza, kalapita loeragozlea, medianoche zalaparteroa... baina zer da hau? —egin zuten ulu bi txirrinda-zomorroek.

        Gabrielek Trouscaillonen jakaren hegal-paparrak utzi zituen besterik gabe.

        — Geldi! —agindu zuen Trouscaillonek kuraia handia erakutsiz—. Geldi! Ez al nauzue ikusi? Begira nire jantziari! Polizia naiz, hona hemen nire hegalak.

        Eta kapusaia astindu zuen.

        — Nondik atera haiz hi? —galdetu zuen hitz egiteko ikastaroa egina zuen txirrinda-zomorroak—. Ez haugu inoiz ikusi alde honetan.

        — Beharbada —erantzun zion Trouscaillonek bere buruaren jabe, idazle on batek burugabetzat baizik joko ez lukeen ausardiaz—. Beharbada, baina horrek ez du esan nahi polizia ez naizenik eta polizia iraungo ez dudanik.

        — Eta beste horiek? —esan zion txirrinda-zomorroak maltzurki—. Horiek ere poliziak ote dira guztiak?

        — Ez, noski! Baina isipua bezain gozoak dira.

        — Ez zaidak ba hau guztia hain katolikoa iruditzen —esan zuen txirrinda-zomorro hizlariak.

        Besteak nahikoa zuen keinu batzuk eginda. Ikaragarria.

        — Lehen jaunartzea egin nuen ordea —iharduki zion Trouscaillonek.

        — Hitz horiei ez zariek batere polizia-usainik —esan zuen txirrinda-zomorro hizlariak—. Zera sumatzen diat hire baitan, apaiz beltzen isipuaren eta goardien zigor zuriaren arteko aliantzaren beharraz diharduten agerkari nahastaile horien irakurlea. Baina, entzun ezazue denok (eta denei begira jarri zen), poliziak, apaiz horiek guztiak, hemendik! (keinua)

        Hotz xamar jaso zuten mimika hura irribarre koldar bat egin zuen Turandotek ez beste guztiek. Espantu handian harrotu zuen Gabrielek bizkarra.

        — Hi —esan zion zomorro-txirrinda hizlariak—, bai hi. Kirats galanta darik hiri (unea). Mendaro-usaina.

        — Mendaro-usaina! —oihu egin zuen Gabrielek urrikalkor—. Barbouze da, Fior etxekoa.

        — O! —egin zuen txirrinda-zomorroak sineskaitz—. Ikus dezagun.

        Gabrielengana hurbildu eta jaka usnaka hasi zitzaion.

        — Alafedea! —esan zuen ondoren, ia-ia sinetsirik—. Begira, begira! —adierazi zion kideari.

        Usnaka hasi zen bestea ere Gabrielen jakan.

        Baietz eta baietz egin zuen buruaz.

        — Nolanahi ere —esan zuen hizketan zekien txirrinda-zomorroak—, ez naik engainatuko. Jasanezina duk horren mendaro-kiratsa.

        — Baina zer ote dakite lurrinez bi ergel hauek? —esan zuen Zaziek aharrausika.

        — Mila lukainka! —esan zuen hizketan zekien txirrinda-zomorroak—. Aditu al duk, menpeko? Ez ote du irainaren kizkurra kizkurtu?

        — Ez da kizkur bat —esan zuen Zaziek lañoki—, permanentea baizik.

        Gabriel eta Gridoux barreari ezin eutsirik zeudela ikusirik, honako hau erantsi zuen Zaziek haien plazer eta gozamenerako.

        — Vermot jeneralaren oroitzapenetan irakurritako bat da hau ere!

        — Baina zer da hau? —esan zuen txirrinda-zomorroak—. Neskato mukizu honek adarra jo nahi ziguk besteak mendaroarekin bezala!

        — Berriro esan behar ote dizuet? Ez da mendaroa, Barbouze baizik, Fior etxekoa —esan zuen Gabrielek.

        Usaintzera hurbildu zitzaion Mouaque alarguna.

        — Egia da —esan zien bi txirrinda-zomorroei.

        — Inork ez dizu iritzirik eskatu —esan zuen hizketan ez zekienak.

        — Hori bai egia dela —marmar egin zuen Zaziek—. Horixe bera esan diot nik arestian.

        — Begiratu beharko zenukete zeuen portaera anderearen aurrean —esan zuen Trouscaillonek.

        — Aizak hi —esan zuen hizketan zekien txirrinda-zomorroak—, hobe huke mutur zikin handi hori gehiago erakutsiko ez bahu!

        — Begiratu beharko zenukete —errepikatu zuen Trouscaillonek, Mouaque alarguna hunkitu zuen adoreaz.

        — Ez al huke dagoeneko ohean egon behar?

        — A, a! —esan zuen Zaziek.

        — Atera itzak paperak! —esan zion Trouscailloni hizketan zekien txirrinda-zomorroak.

        — Ez da sekulan horrelakorik ikusi —esan zuen Mouaque alargunak.

        — Hago isilik hi, atso berritsu hori! —esan zuen hizketan ez zekien txirrinda-zomorroak.

        — A, a! —esan zuen Zaziek.

        — Ari zaitezte txukun anderearekin — esan zuen Trouscaillonek, gero eta ausartago.

        — Sasipolizia baten solasak berriro ere —esan zuen hizketan zekien txirrinda-zomorroak—. Paperak! —egin zuen ulu—. Agudo!

        — Hau dun hau barre-giroa! —esan zuen Zaziek.

        — Ongi jaioak gaude! —esan zuen Trouscaillonek—. Niri paperak eskatu eta beste horiei (keinua) deus ere ez.

        — Ez da betere xik izan hori, ez horixe! —esan zuen Gabrielek.

        — Okaztagarria benetan! —esan zuen Gridouxek.

        Baina txirrinda-zomorroek ez zuten aburuz nolanahi aldatzen.

        — Paperak! —egin zuen ulu hizketan zekienak.

        — Paperak! —egin zuen ulu hizketan ez zekienak.

        — Gaueko iskanbila —egin zuten ulu gainetik une hartan xukadera-auto batean agertu ziren bi zomorro berrik—, ilargipeko harramantza, kalapita loeragozlea, medianoche zalaparteroa... baina zer da hau?

        Beren usna bikainaz baliatuz, urrunetik sumatu zituzten istilu haien erantzuleak eta, duda-mudarik gabe, autoratu zituzten Trouscaillon eta bi txirrinda-zomorroak. Instantean desagertu ziren guztiak.

        — Bada nolabaiteko justizia, hala eta guztiz ere —esan zuen Gabrielek.

        Aieneka ari zen Mouaque anderea.

        — Ez negarrik egin —esan zion Gabrielek—. Txanpon faltsua zen zure morroi hori. Eta gainera kokoteraino ginduzkan, gure atzetik beti. Goazen ba, zatoz tipula-zopa eder bat gurekin jatera. Tipula-zopa, penak arindu eta kontsolatzen duena.

 

 

 

© Raymond Queneau

© itzulpenarena: Joxan Elosegi

 

 

"Raymond Queneau / Zazie metroan" orrialde nagusia