XV

 

        Marceline loak hartua zen besaulki batean. Zerbaitek iratzarri zuen. Orduari begiratu zion ñikada batez eta ez zuen hartatik inolako bururapen berezirik egin. Azkenean, atean jotzen ari zirela konprenitu zuen. Isil-isilean ari ziren.

        Argia itzali eta geldi geratu zen. Ez zitekeen Gabriel izan, besteekin itzultzerakoan auzo guztia iratzarriko zuen harrabotsa ekarriko baitzuen berekin. Polizia ere ezin izan, oraindik argitu ez zuelako. Bestalde, Gabrielek eginiko aurrezkiak gutiziatuko zituzkeen ohoinaren hipotesiari zegokionez, irria eragiten zuen ideia horrek.

        Isilune baten ondoren, baten bat hasi zen atearen eskutokia biratzen. Horrek ez zion nahi bezalako emaitzarik ekarri eta sarrailan hasi zen ondoren zirika. Luzaroan ari izan zen horrela. Ez dun oso iaioa, bere artean Marcelinek. Atea ireki egin zen azkenean.

        Tipoa ez zen berehalakoan sartu. Marcelinek arnas mehe bati eusten zion, hain trebe non besteak ezin zion sumatu.

        Urrats bat egin zuen azkenean. Haztamuka hasi zen argi-pizgailuaren bila. Aurkitu zuen noizbait eta etxe-sarrera argitu zen.

        Marcelinek berehala ezagutu zuen tipoaren zilueta: Pedro-surplus izenez azaldutako tipoa zen. Baina tipoak gela argitu orduko, oker zebilela pentsatu zuen Marcelinek, aurrean zuen pertsonaiak ez baitzeraman mustaxarik ez betaurreko ilunik.

        Zapatak esku batean zeuzkan, irribarrez.

        — Izutu egin zaitut, e? —galdetu zuen jendetasunez.

        — Ez, bat ere ez —erantzun zion Marcelinek eztiki.

        Eta, eseri eta gero, zapatak isilik berriro janzten ari zen bitartean, ongi jabetu zen Marceline ez zuela lehenengo begiratuan okerrik egin. Gabrielek eskaileratan behera amildu zuen tipo bera zen.

        Zapatak lotu eta berriro begiratu zion Marcelineri, irribarrez.

        — Oraingo honetan —esan zuen— gogo onez hartuko nuke godalet granadina hori.

        — Zergatik «oraingo honetan»? —galdetu zion Marcelinek, itaunaren azkeneko hitzak kakotxen artean ebakiz.

        — Ez al nauzu ezagutzen?

        Dudatan egon zen Marceline une batez, baina baietz adierazi zuen gero (keinua).

        — Hona eta ordu honetan zertara etorri naizen ariko zara, ez da hala?

        — Psikologo zorrotza zara, Pedro jauna.

        — Pedro jauna? Zergatik «Pedro jauna»? —galdetu zuen tipoak intrigaturik oso, Pedro jauna hura kakotxen artean dotoreturik.

        — Horrela deitzen zinelako gaur goizean —erantzun zion Marcelinek eztiki.

        — A bai? —esan zion tipoak ozarki — Ahantzia nuen.

        (isilunea)

        — Eta? —ekin zion berriro— Ez al didazu tenore honetan eta hemen zertan ari naizen galdetu behar?

        — Ez, ez dizut galdera hori egingo.

        — Tamal handia da baina —esan zuen tipoak—, baso bat granadinaren eskaintza onartzera etorria nintzela erantzungo bainizun.

        Marceline isilik geratu zen bere buruarekin hizketan, honako kontsiderazio hauek gogoan zituela:

        — Aitzakia hori benetan ergela dela esan diezaiodan nahi din inondik ere, baina egon hadi horretan, ez diat horrelakorik egingo, ez horixe!

        Ingurua miatzen hasi zen tipoa.

        — Hor al dago (keinua), granadina?

        Eta han zegoen alasa ezin zatarrago bat adierazi zion.

        Marcelinek erantzuten ez ziolarik, bizkarrak harrotu, altxa, altzaria ireki eta botila eta godalet bi atera zituen hartatik.

        — Xorta bat edango duzu, ezta? —proposatu zion.

        — Ez nuke gero lorik egingo —erantzun zion Marcelinek eztiki.

        Tipoak ez zion bigarrenez esan. Edan egin zuen.

        — Nazkagarria benetan! —azpimarratu zuen bidenabar.

        Iruzkinik ez Marcelinek.

        — Ez dira oraindik etxeratu? —galdetu zuen tipoak zerbait esateagatik.

        — Ongi dakizu zuk. Horrela izatera behean zeundekeen dagoeneko.

        — Gabriella...—esan zuen tipoak gogoetatsu— (unea). Grazia badu tipoak (unea). Barregarria benetan!

        Godaleta hustu zuen.

        — Pfua! —murduskatu zuen.

        Isiltasuna jabetu zen berriro giroaz.

        Ausartu zen azkenean.

        — Ea ba! —esan zuen—. Baditut galdera batzuk zuri egiteko.

        — Egin —esan zion Marcelinek eztiki—, nik ez dizut erantzungo.

        — Beste erremediorik ez duzu —esan zuen tipoak—. Bertin Poirée inspektorea naiz ni.

        Barre egin zion Marcelinek.

        — Hona hemen nire karneta —esan zuen tipoak gaitziturik.

        Eta urrunetik erakutsi zion Marcelineri.

        — Faltsua da —esan zion Marcelinek—. Lehen begiratuan ikusten da hori. Egiazko inspektorea bazina, jakin beharko zenuke hau ez dela ikerketa bat aurrera eramateko modua. Nekerik apurrena ere ez duzu hartu polizia-nobela bat, frantsesa noski, irakurtzeko. Hor ikasiko zenituen horiek guztiak. Bada zu zertan harrapatua: sarraila-haustea, besteren etxean bortxaz sartzea...

        — Eta beste zerbaiten bortxatzea agian.

        — Nola? —galdetu zion Marcelinek eztiki.

        — Hona bada —esan zuen tipoak—. Txoraturik naukazu. Honelaxe esan nion neure buruari lehenengoz ikusi zintudanean berean: akabo mundu honetako aldia berandu baino lehenago ez badut horren larrua dastatzen, eta erantsi nion: eta lehen baino lehen izan dadila gainera. Ezin naiz gehiago egon. Odolerrea naiz: horrelakoxea dut izakera. Orduan, zera esan diot neure buruari: gaur duk hirea, bakar-bakarrik egongo duk gaur hire jainkosa —zu alegia— bere habian, etxeko gainerakoak, Turandot babo arraio hori barne, Mont-de-piétéra joango baitira Gabriellaren jauziak mirestera. Gabriella (isilunea). Grazia badu tipoak (isilunea). Barregarria benetan!

        — Nola dakizu zuk hori guztia?

        — Bertin Poirée inspektorea naizelako.

        — Adarrik ez! —esan zuen Marcelinek hizketa moldea bat-batean aldaturik—. Aitor ezazu sasi-zomorro bat zarela!

        — Zer uste duzu, zomorro bat, zuk esaten duzun bezala, ezin dela maitemindu?

        — Goitik beherako ergel bat zara zu, orduan.

        — Badira hain azkarrak ez diren poliziak...

        — Baina zuk hausten dituzu marka guztiak.

        — Hori ote da nire maitasun-aitorpenak eragin dizun guztia?

        — Ez zenuen ba uste izango, hori esan eta, horrela, besterik gabe, zabalduko nintzaizula?

        — Benetan uste dut nire xarma dastatu ondoren ezin eutsiko diozula barruan piztuko zaizun aiher aseezinari. Hori uste dut nik.

        — Zer ez dugun oraindik entzun behar!

        — Zerorrek ikusiko duzu. Solas txiki batzuk, eta nire erakarriak ez du mugarik topatuko.

        — Eta topatzen badu?

        — Jauzi egingo dut zure gainera. Di-da!

        — Ea ba, saiatu!

        — Astia badut. Beste bideak ixten direnean hartuko dut nire kontzientziak erabat onartzen ez duen neurri hori.

        — Mugitu beharko zenuke ba. Gabriel hemen da sarri.

        — Oker zaude. Gaurkoak goizeko seiak arte iraungo du gutxienez.

        — Gaixo Zazie! —esan zuen Marcelinek eztiki—. Leher egina etorriko da eta seiak eta hirurogeiko trena hartu beharko du segidan.

        — Pikutara Zazie! Nazka ematen didate neskato txoro horiek, nazka, hozkia, bœœ...! Zu bezalako ale ederrek, aldiz...

        — Horrexegatik ibili zara txiki horren atzetik gaur goiz osoan.

        — Ezin duzu horrelakorik esan. Neronek itzuli dizuet neskatoa etxera. Eta gainera kaleratu berria nintzen ordu horretan. Baina zu ikusi zaitudanean...

        Malenkonia aire nabarmen batez begiratu zion gaueko bisitariak Marcelineri. Gogo biziz hartu zuen ondoren granadina botila eta edari hartaz bete zuen godaleta; zurrut batean hustu eta mahai gainean pausatu zuen zati janezina, txuleta baten edo mihiarrain baten hezurrarekin egiten den bezala.

        — Pffuaaa! —egin zuen, berak aukeraturiko edabe hura vodka edaten denean ohi den lehia beretsuan golkoratu eta gero.

        Ezpain bizkatsuak (ezkerreko) eskugainaz xukatu eta xarma-numeroari ekin zion ondoren, aurrez iragarri bezala.

        — Ni — hasi zen tipoa—, gizon ñapur horietakoa naiz ni. Mendialdeko mukizu horri dagokionez, ez nuen batere gogorik harenganako, kontatzen zituen hilketa-istorio guztiengatik ere. Goizeko horretaz ari naiz. Baina egunak aurrera egin ahala, hona non bat-batean topo egiten dudan goi mailako atso batekin. Mouaque baronesa. Nolako itzulipurdia egin duen haren bizitzak bost minututan! Esan dezadan une hartan jantziak nituela nire trafiko-goardia jantzi apainenak. Izugarri maite dut hori. Nola libertitzen naizen jantzi horrekin, ez dakizu zuk ongi! Taxi bat txilibituz geldiarazi eta barrura igotzea da horretan hartzen dudan pozik handiena. Bolantean doan labezomorroak ez du erantzuteko betarik izaten. Eta etxera eraman nazan behartzen dut. Lur eta zur, labezomorroa (isilunea). Snob xamarra egingo nauzu beharbada?

        — Nork berea.

        — Ez zaitut oraindik liluratu?

        — Ez.

        Honelaxe jarraitu zuen Bertin Poiréek, bizpahiru eztul txiki egin ondoren:

        — Orain kontatuko dizut nolatan aurkitu dudan alarguna.

        — Ez dit axola batere —esan zuen Marcelinek eztiki.

        — Halaz ere. Mont-de-piétén utzi dut. Gabriellaren (O, Gabriella!) biribilketek niri, egia esan, ez hotz eta ez bero. Baina zuk... kiskaltzen jartzen nauzu zuk.

        — Pedro-surplus jauna! Ez al duzu lotsarik?

        — Lotsa... lotsa... Erraz esaten da hori. Hain sentikorrak ote gara berriketan ari garenean? (unea). Eta gainera, ez Pedro-surplus deitu. Ez dut batere gustoko. Jo eta bertan asmatu nuen izena da hori, holaxe, Gabriellaren (O, Gabriella!) eder egiteko asmatu nuen, baina ez naiz horretara ohitu, ez dut sekula erabili. Baditut, ordea, beste batzuk, egoki-egokiak.

        — Bertin Poirée, esate baterako.

        — Esate baterako. Edo poliziaz jaizten naizenean erabiltzen dudan beste hori (isilunea).

        Urduri zirudien.

        — Jaizten naizenean... —errepikatu zuen saminez—. Zuzena ote da hori? Jaizten naizenean... Jaisten naizenean bai, baina jaizten naizenean? Zer diozu zuk, eder horrek?

        — Jaitsi zaitezela.

        — Ez dut asmorik txikiena ere. Orduan, jaizten naizenean...

        — Mozorrotzen zarenean...

        — Ez ba! Inolaz ere ez! Ez da mozorro bat!!! Nork esan dizu ni ez naizela benetako polizia?

        Bizkarrak harrotu zituen Marcelinek.

        — Jantzi zaitez orduan!

        — Jaitzi zaitez, eder panpoxa hori, jaitzi zaitez esan behar da.

        Eztanda egin zuen Marcelinek barrez.

        — Jaitzi zaitez! Jaitzi zaitez! Asto galanta egina zaude zu! Jantzi zaitez esan behar da.

        — Ez didazu niri ziri hori sartuko.

        Sumindua zirudien.

        — Begira ezazu hiztegian.

        — Hiztegi batean? Baina ez dut hiztegirik aldean. Ezta etxean ere. Ez dut irakurtzeko astirik, zer uste duzu? Betebeharrek ez didate horretarako tarterik uzten.

        — Hortxe duzu bat (keinua).

        — Alajainkoa! —esan zuen harriturik—. Intelektual horietako bat zara, gainera!

        Zirkinik ez zuen egin, ordea.

        — Nahi duzu neronek har dezadan? —galdetu zion Marcelinek eztiki.

        — Ez, nik hartuko dut.

        Mesfidantzaz joan zen liburua apaletik hartzera, Marceline begietatik kendu gabe. Liburua eskuetan itzuli zen eta orrien kontsultari ekin zion neke handiz. Gogoa irentsi zion erabat lan horrek.

        — Ikustagun... jaintia... jaipur... jairo... jakarta... Indonesiako hiriburua... Ez dakar!

        — Orri arrosen aurretik begiratu behar duzu.

        — Zer dago orri arrosa horietan? Urdekeriak, egingo nuke... Ez nengoen oker, latina da... «jam proximus ardet Ucalegon, judicatum solvi, jurae in verba magistri»   Jatorrizko bertsioan fer' ghiss ma-inn nich't' (vergiss mein nicht ahoskatu behar den bezala adierazia), veritas odium ponit, victis honos, Larrouse hiztegiko orri arrosetan vêtir («jantzi») aditzari legokiokeen lekuan ondozka ageri diren hiru esamolde. Joko berbera egin du itzultzaileak «jantzi» hitzetik abiatuta. (Itzultzailearen oharra), gurearen arrastorik ere ez hemen ere.

        — Esan dizut ba! Orri arrosen aurretik.

        — Kaka zaharra! Ez da xamurra batere! Hara! Azkenean! Jende guztiak ezagutzen dituen hitzak... jaibal... jakiroko... jalaman... Hementxe da! Jantzi, n batez, esaten ari nintzaizuna! Jan-tzi! Janzten naiz, ikusten nola ari nintzen ongi? Janzten zara, janzten da, janzten gara, janzten zarete... bitxia, bitxia benetan! Eta eraitzi? Barka... erantzi? Ikustagun... eraman... erantsi... erantzi. Hementxe! E-ran-tzi, jantzi horren kidea edo. Orduan, erantzi zaitez esaten da. Hortaz, eder hori —marruka hasi zen tupustean—, erantzi zaitez! Abian! Larru gorritan ikusi nahi zaitut! Larru gorritan!

        Odolgorriturik zituen begiak, eta gorriago jarri zitzaizkion Marcelinek tupustean ihes egin ziola konturatu zenean.

        Etxe-kantoiko horma-hortzez baliaturik, erraztasun handiz jaitsi zen Marceline paretan behera, boltsa bat eskuan, eta aski izan zuen hiru metro eskaseko jauzi txiki bat beheranzko ibilbide hura amaitzeko.

        Kale-ertzean itzali zen haren irudia.

 

 

 

© Raymond Queneau

© itzulpenarena: Joxan Elosegi

 

 

"Raymond Queneau / Zazie metroan" orrialde nagusia