XIV

 

        Abian jarri zuen Charlesek taxia, guztiak sartu eta gero. Haren ondoan eseri zen Turandot eta gibelaldean Madeleine, Gridouxen eta Laverdureren artean.

        Loroari begiratu eta honela galdetu zien Madeleinek lagunei:

        — Ikuskizuna gustokoa izango duela uste duzue?

        — Ez kezkatu —esan zuen Turandotek, atzeko eserlekuetan esaten zutena hobeki entzutearren bitarteko kristala korrituta—. Ongi dakin hik gogoa duenean zimino bat bezala libertitzen dela. Zergatik ez da hori gertatuko Gabrielen ikuskizunean?

        — Animalia hauekin ez dago sekula zer arraio nahi duten jakiterik! —adierazi zuen Gridouxek.

        — Hitz eta pitz ari haiz —esan zuen Laverdurek—, hitz eta pitz, besterik ez dakik egiten.

        — Ikusten? —esan zuen Gridouxek—. Jendeak uste baino askoz ere gehiago konprenitzen dute.

        — Hori bai egia dela —onartu zuen Madeleinek gartsuki—. Egia benetakoa. Izan ere, ulertzen ote ditugu guk benetan, ustez ulertzen ditugun gauza guztiak?

        — Nola? —galdetu zuen Turandotek.

        — Bizitza, jo dezagun. Amets bat dela esan liteke askotan.

        — Ezkontzear dagoen jendeak esan ohi ditu horrelakoak.

        Turandotek zaplasteko ozen bat eman zion Charlesi izterrean eta taxia irauli ere egin zen ia ukaldiaren ondorioz.

        — Utz nazak bakean! —esan zion Charlesek.

        — Ez, ez da hori —esan zuen Madeleinek—, ez nintzen bereziki ezkontzaz ari. Ari nintzen, horra!

        — Hori da modu bakarra — esan zuen Gridouxek jakitun.

        — Modu bakarra zertarako?

        — Hik esan dunan horretarako.

        (isilunea)

        — Zeinen higuingarria den existentzia —ekin zion berriro Madeleinek (hasperena).

        — Ez ba —esan zuen Gridouxek—. Ez ba.

        — Hitz eta pitz ari haiz —esan zuen Laverdurek—, hitz eta pitz, besterik ez dakik egiten.

        — Honek ez du plaka askotan aldatzen, ez horixe!—esan zuen Gridouxek.

        — Motza dela adierazi nahi izan al duk? —kargu hartu zion Turandotek sorbalden gainetik.

        Charles, beti bezala Laverdurerengatik batere axola gabe, txorijabearen aldera makurtu eta horrela esan zion ahapetik:

        — Galdeiok ea kontent dagoen ezkontzeko horrekin.

        — Nori galdetuko diot? Laverdureri?

        — Txorakeria gutxiago, babo horrek!

        — Hemen ez zagok txantxetan ibiltzerik! Ez horixe! —esan zuen Turandotek minduaren ahotsaz.

        Eta oihu egin zuen, sorbalden gainetik:

        — Mado Ptits-pieds!

        — Bai? —esan zuen Madeleinek.

        — Charlesek galdetu din senartzat nahi ote dunan oraindik.

        — Bai, nahi dut —erantzun zuen Madeleinek irmoki.

        Turandotek Charlesen aldera jira egin eta galdetu zion:

        — Mado Ptits-pieds emaztetzat hartu nahi duk oraindik?

        — Bai, nahi dut —erantzun zuen Charlesek irmoki.

        — Orduan —esan zuen Turandotek are irmoago—, senar eta emazte zarete une honetatik aurrera, ezkontzaren lotura hautsiezinak betikoz elkartuak.

        — Amen —esan zuen Gridouxek.

        — Txantxa gutxiago gero! —esan zuen Madeleinek sumindurik—. Broma ezin ergelagoa izan da!

        — Zergatik? —galdetu zion Turandotek—. Nahi dun ala ez dun nahi? Gauzak argi eta garbi esan behar ditun.

        — Ez da batere broma polita izan.

        — Ez nintzen bromatan ari. Aspaldidanik nago noiz ezkonduko zareten zain, Charles eta zuek biok.

        — Zeure aferez ardura zaitez, Turandot jauna.

        — Horra, azken hitza! —esan zuen Charlesek gozoki—. Iritsi gara! Jende guztia kanpora. Kotxea aparkatu eta heldu naiz segidan.

        — Azkenean! —esan zuen Turandotek—. Lepoa gogortzen hasia nintzen! Xamurturik oraindik ere?

        — Ez ba —erantzun zion Madeleinek—, txatxoegia zara zu aintzakotzat hartzeko!

        Almirante gala-jantzi dotore bat joan zitzaien ateak zabaltzera.

        Oihu egin zuen.

        — O, zeinen xarmanta den gure poxpolintxoa! —esan zuen loroa ikusi orduko—. Gureetakoa ote da bera ere?

        Karraka egin zuen Laverdurek:

        — Hitz eta pitz ari haiz, hitz eta pitz, besterik ez dakik egiten.

        — Harrapa ezan! —esan zuen almiranteak—. Nahi duela ematen din, honek ere!

        Eta etorri berriei:

        — Gabriellaren gonbidatuak, ezta? Lehen begiratuan ezagutu zaituztet.

        — Erne gero, pardel hori! —esan zuen Turandotek—. Ez hadi petrala izan!

        — Eta hau, Gabriella ikusteko irrikitan al dago hau ere?

        Loroari begira geratu zen, barrena nazka-irabioan daukanaren itxura guztiak eginez.

        — Enbarazu egiten al dik? —galetu zuen Turandotek.

        — Pixka bat —erantzun zion almiranteak—. Konplexuz betetzen naute piztia mota hauek.

        — Psitakoanalista batengana joan beharko duzu ba! —esan zion Gridouxek.

        — Proba egin dut, ametsak aztertu eta —erantzun zion almiranteak—. Baina alferrik, emaitzak eskasak izan dira.

        — Zer nolako ametsak dira?

        — Inudeak eta.

        — Okaztagarria! —esan zuen Turandotek jostakin.

        Gurdia ongi egokitua zen Charles ordurako.

        — Baina, baina... —esan zuen— ez al zarete oraindik sartu?

        — Hona hemen gaixto bat —esan zuen almiranteak.

        — Hitz eta pitz, hitz eta pitz... —esan zuen Laverdurek.

        — Hau da hau, sortzen ari zareten iskanbila! —esan zuen Gabriel agertu berriak—. Sartu ba, ez beldurrik izan. Bezeroak ez dira oraindik etorri. Bidaiariak baizik ez daude barrenean. Eta Zazie. Sartu ba, sartu. A ze algarak egin behar dituzuen gutxi barru!

        — Zergatik eskatu diguk hik, eta bereziki hik, gaur hona etortzeko? —galdetu zuen Turandotek.

        — Hori da, zergatik zuk, zeure ihardueren barrutiaren sarrera ixtearren ostrazismoaren errezela pudikoa hain irmoki zabaldu zenuen horrek? —jarraitu zuen Gridouxek.

        — Bai, zuk —erantsi zuen Madeleinek—, zeure artearen emana gure arteko inork miresterik sekula nahi izan ez duzun horrek!

        — Bai —esan zuen Laverdurek—. Ez diagu nuc honen hic ezta quid honen quod ulertzen.

        Loroaren hitz hauen gainetik igaro eta honela erantzun zien Gabrielek aurreko solastiarrei.

        — Zergatik? Zergatik galdetzen didazue zergatik? Galdera bitxia benetan batek nori zer nola erantzun ez dakienean. Zergatik? Bai, zergatik galdetzen didazue zergatik? O! Utzidazue une gozo honetan bahitura-kontratuen eta bermeen arragoan urtzen ari diren existentziaren eta ia zergatik horien arteko fusioa gogora ekartzen. Zergatik, zergatik, zergatik, zergatik galdetzen didazue zergatik? Horra bada: ez ote dituzue gloxinien dardara entzuten eztei-kantuen emanarekin batera?

        — Guri esan al diguk hori guztia? —galdetu zion Charlesek, maiz egiten zituen hitz gurutzatuetan ikasitako doinuan.

        — Ez ba, inola ere ez —erantzun zuen Gabrielek—. Baina begira! Begira!

        Erditik egin zuen ikusgarriro oihal balus gorri batek eta Mont-de-piété, Parisko maritxu-boite guztietan —eta ez dira gutxi— ospetsueneko barra, mahaiak, eszenatokia eta pista agertu ziren bisitari miretsien begien aurrean. Une hartan, Gabriel ciceronearen jarraikileen ohiz kanpoko presentzia bitxiak baizik ez zuen animatzen lekua, askorik sumatzen ez bazen ere. Haien artean zebilen Zazie neskatoa, nagusi, bere aise.

        — Leku pixka bat mesedez, atzerritar prestu horiek —esan zien Gabrielek.

        Harenganako konfiantza sekula galdu gabe, mugitu egin ziren bidaiariak, etorri berriak beren artean txerta zitezen. Nahastura egin ondoren, mahai baten gainean ezarri zuten Laverdure. Ingurua pipaz beterik adierazi zuen loroak bere atsegina.

        Goitik behera begiratu zion lokaleko zerbitzari soila zen ar-eme eskoziar batek eta bere iritzia adierazi zuen ozenki.

        — Erorik ez da falta, ez, mundu honetan! —esan zuen—. Niri, lur berdeak...   Jatorrizko bertsioan la terre verte, la terre jaune («lur horia», hau da «ipurtzuloa», sexu-adiera garbia duen argot-hitzetan) esamoldearen ez bestea adierazteko. (Itzultzailearen oharra)

        — Marikoia alaena! —esan zuen Turandotek—. Zuzen ikusten al duk hire burua gonatxo horrekin?

        — Utz ezak bakean —esan zuen Gabrielek—, hori duk bere lan-tresna. Eta Laverdureri dagokionez —erantsi zion eskoziarrari—, neronek esan zionat etortzeko. Ahoa itxi eta gorde itzan gogoeta horiek heure golkorako.

        — Hori duk ongi mintzatzea, hori! —esan zuen Turandotek, eskoziarrari gailen begiratuz—. Eta honetan gaudela —erantsi zuen—, zer hartuko dugu? Txanpaina edo?

        — Ezinbestekoa da hemen —esan zuen eskoziarrak—. Uiskia hartzen ez baduzue behintzat. Zer den baldin badakizue, noski.

        — Niri horrelakorik? —oihu egin zuen Turandotek—. Niri? Gremiokoa naizen honi?

        — Aski zenuen esatea —esan zuen eskoziarrak, gonatxoa eskugainaz lixatzen ari zen bitartean.

        — Kitto ba! —esan zuen Gabrielek—. Etxeko pitar apartsua ekarri eta kitto!

        — Zenbat botila?

        — Prezioaren arabera —esan zuen Turandotek.

        — Esan diat ba, nire kontura zoak guztia! —esan zuen Gabrielek.

        — Hire interesen alde ari ninduan. —esan zuen Turandotek.

        — Nolako xuhurra zaren! —azpimarratu zuen eskoziarrak, tabernariari belarritik tira ondoan urruntzen ari zela—. Hamabiko handi bat ekarriko dut.

        — Hamabiko handia? —galdetu zuen Zaziek, solasaldian bat-batean parte harturik.

        — Hamabi dozena botila esan nahi din —azaldu zion Gabrielek handikiro.

        On izan zuen Zaziek orduan etorri berriei jaramon egitea.

        — E, taxizale? —esan zion Charlesi—. Badirudi ezkonduko garela, ezta?

        — Bazirudin —erantzun zion Charlesek labur.

        — Azkenean zeure gogoko norbait aurkitu duzula ematen du.

        Makurtu egin zen Zazie Madeleineri begiratzeko.

        — Hau al da?

        — Gabon, andereño —esan zuen Madeleinek amultsuki.

        — Kaixo —esan zuen Zaziek.

        Mouaque alargunaren aldera jira egin zuen ondoren:

        — Ezkondu egin behar dute, horko bi horiek —esan zion, aipaturikoak behatz luze batez adierazten zizkiola.

        — O, zeinen hunkigarria den! —esan zuen Mouaque alargunak—. Eta nire Trouscaillon, kolpe txarren batek joko du beharbada gau beltz honetan! Ai! (hasperena), berak aukeratua da lanbide hori (isilunea). Barregarria litzateke, benetan, baldin ezkondu aurretik beretik bigarrenez alargunduko banintz.

        Irri txiki samin bat egin zuen ondoren.

        — Nor da atso kroska hori? —galdetu zion Turandotek Gabrieli.

        — Ez zakiat. Arratsaldean itsatsi zaizkiguk galtzetan bera eta bidean jaso duen zomorro bat.

        — Zein da zomorroa?

        — Hor barrena joan omen duk, itzuli bat egitera.

        — Ez ditiat batere gustoko gisa horretako lagunak —esan zuen Charlesek.

        — Bai —esan zuen Turandotek—. Ez dituk ez osasunerako onak, batere ez.

        — Ez kezkatu —esan zuen Gabrielek—. Hutsarengatik ari zarete kezkatzen. Horra zurruta. Aupa neska-mutilok! Laket zaitezte lagunok eta bidaiariok, baita hi ere, iloba maite, eta zuek biok, ezkongai xamur horiek. Egia da! Ahantziak genituen ia gure ezkongaiak. Topa! Topa egin dezagun ezkongaien alde!

        Koroan eta xamur-xamur kantatu zuten bidaiariek hapiberdeitxuiu eta zerbitzari eskoziar batzuek, bihotza urturik, nekez baina eutsi ahal izan zieten azkenean rimmela desitxuratuko zieten malkoei.

        Ondoren, gaseosa botilen txapa-kentzeko batez jo zuen Gabrielek godalet batean eta, zerion xarma izugarri hari esker, instantean lortu zuen guztiok adi jartzea. Aulki batean izter zabalka eseri eta esan zuen:

        — Orain, ene bildots maiteok, eta zuek ere, ene arkume andere bihotzekook, ene talentuaren erakustaldia dastatzeko ohorea izango duzue. Azkenean. Zuetako batzuek badakizue aspaldidanik, eta zuetako beste batzuek duela gutxi ikasi duzue, koreografiaren artea bihurtu dudala neure mozkinen ugatz-diti nagusi. Ongi bizi beharra dago, ez da hala? Eta zertaz bizi gara gizakiok? galdetzen dizuet nik. Munduak ematen digun eskasiaz, jakina —neurri batean behinik-behin, esango nuke nik, eta hil ere horrela hiltzen gara—, baina nagusiki fauxa izena ematen diogun muinaren muin mamitsu bikain horretaz. Gai eztitsu, zaporetsu eta sorburuanitz hori erraztasun handienaz airatzen da, nahiz kopeta-izerdi latz askoren truke baizik ez den eskuratzen, mundu honetako zapalduen artean bederen —eta ni ere horien artekoa naiz—, eta gogora dezadan, Adan, Elohim-en kastakoek hain basaki maneatu zuten hura, izan zela zapaldu haietako lehena, ongi dakizuen bezala. Egungo gizakumeen juzkuaren ikuspegitik, Edenen egin zuen egonaldiak anker haiei inolako zamarik erantsi ez ziela dirudien arren, kolonietara bidali zuten lurra jorratu eta pomeloak landu zitzan, hipnotizatzaileei haren emeari erditzen lagun ziezaioten eragotzi eta ofidioak betikoz zango­lepo egitera behartzen zituzten bitartean. Pitokeriak, pegeseriak, iztapeko bibliakeriak guztiak! Nolanahi ere den, belaunetako bilguneak gantzutu ditut neure kopeta-izerdiaz eta gisa horretan, eden eta adan gisa, irabazten dut egunoroko ogi-kozkorra. Ihardunean ikusiko nauzue berehalaxe, baina kontuz! ez zaitezte engaina, azalduko dizuedan hau ez da sliptis arrunt horietako bat izango, ez, artea baizik! Artea, benetako artea, A handi batez idatzia, erne gero! Arte lauhizkiduna, horra! eta lau hizki dituzten hitzak askoz ere maila goragokoak dira, ezbairik gabe, hala frantses hizkuntzaren ur ezinago handietan barrena hainbeste gordinkeria garraiatzen duten hitz hiruhizkidunak nola itsuskeria gutxiago ez daramaten hitz bostizkidunak baino. Neure hitzaldi honen hondarrean nagoela, hauxe baizik ez zait geratzen amaitu baino lehen: bihoakizue ene eskerrik beroena, ene aitorpen zintzoena, ene ohorean eta ene loria handienean zartaraziko dituzuen ezin konta ahala txalo horiengatik guztiengatik. Mila esker guztioi! Mila esker aldez aurretik! Mila esker berriro!

        Jauzi batez zutitu zen ezustean morroskoa, zaulitasun bitxi bat erakutsiz, eta dantza-pauso batzuk egin zituen, hankak airean elkar-joz eta eskuak lepaustaien atzealdetik dardaratuz, pinpilinpauxa baten hegaldiaren irudia eskaintzearren.

        Hainbesteko talentuak izugarrizko garra piztu zuen bidaiarien artean.

        — Go, femme —oihu egiten zioten kuraia emateko.

        — Biba hi! —ulu egin zuen Turandotek, sekulan dastatu zuen edabe hoberenari hamaikagarrenez ohore egin ondoren.

        — Zalapartaria alaena! —esan zuen zerbitzari eskoziar batek.

        Leku haietako familia-autobusek kalean utzitako bezero berriak mordoka sartzen ari ziren unean, arin-arinari bat-batean utzi eta eserlekura abiatu zen Gabriel, begitartea ilun.

        — Zer duzu, Gabriel jauna? —galdetu zion Madeleinek maitekiro.

        — Beldurrak airean nago.

        — Zozoa! —esan zuen Charlesek.

        — Nire betiko zorte txarra! —esan zuen Zaziek.

        — Hitz eta pitz ari haiz —esan zuen Laverdurek—, hitz eta pitz, besterik ez dakik egiten.

        — Badaki non zer esan piztia alu honek! —esan zuen zerbitzari eskoziar batek.

        — Ez buruz gain jartzen utzi, Gaby —esan zion Turandotek.

        — Egizu besteak bezalakoak garela —esan zion Zaziek.

        — Egizu niregatik —esan zion Mouaque alargunak mokoa zimurtuz.

        — Zuregatik? —esan zuen Gabrielek—. Nazka-nazka eginik naukazu! Ez, lagunok —azaldu zien besteei—, ez, ez da hori bakarrik (hasperena) (isilunea), izan ere... nolako poza izango nukeen baldin Marceline ere ni mirestera etorri izan balitz.

        Ikuskizuna hastear zegoela iragarri zuten: martinikar biziki xarmant batzuek dantzatu beharreko caromba baten txanda zen.

 

 

 

© Raymond Queneau

© itzulpenarena: Joxan Elosegi

 

 

"Raymond Queneau / Zazie metroan" orrialde nagusia