XIII

 

        Mado Ptits-piedsek telefono oihukariari begiratu zion hiru segunduz, eta laugarrenean erabaki zuen hariaren beste aldean zer gertatzen ari zen entzutea. Tresna eskegilekutik eraitsi eta berehalakoan sumatu zuen Gabrielen ahotsa, etxekoandreari pare bat gauza esan behar ziola-eta.

        — Eta bizkor —gaineratu zion Gabrielek.

        — Ezin dut —esan zuen Mado Ptits-piedsek—. Bakarrik nago, Turandot jauna atera egin da.

        — Hitz eta pitz ari haiz —esan zuen Laverdurek—, hitz eta pitz, besterik ez dakik egiten.

        — Tuntuna alaena —esan zuen Gabrielen ahotsak—, inor ez badago, ixtan atea, eta kitto!, baten bat bada aurrean bidali eta kitto! Ulertu ote didan, babalore horrek?

        — Bai, Gabriel jauna.

        Eskegi egin zuen telefonoa. Ez zen hain erraza. Bazen, izan ere, bezero bat. Bakarrik uzteko modukoa zen halere, Charles baitzen eta Charles ez zen diru-kaxatik txanpon batzuk erauztearren miaka ibiltzen ziren horietakoa. Tipo jatorra zen Charles. Horren froga nahikoa bazuen gainera, elkarrekin ezkontzeko galde egitera joana baitzitzaion une hartan.

        Arazo haren inguruko gogoetatan sartu bezain laster hasi zen berriro telefono-hotsa.

        — Kaka zaharra! —egin zuen marru Charlesek— Ez zagok lasai egoteko modurik bordel honetan.

        — Hitz eta pitz ari haiz —esan zuen Laverdurek, egoera hark urduri jarririk—, hitz eta pitz, besterik ez dakik egiten.

        Berriro eskegi zuen Mado Ptits-piedsek entzungailua eta adjetibo andana luze bat, zein baino zein higuingarriago, entzun behar izan zuen.

        — Ez ezan eskegi, sorgin horrek, ez huke-eta nora deitu jakingo. Eta bizkor, bakarrik hago ala besteren batekin.

        — Charles dago nirekin.

        — Zer arraio nahi dute Charlesengandik? —galdetu zuen Charlesek prestuki.

        — Hitz eta pitz ari haiz —esan zuen Laverdurek—, hitz eta pitz, besterik ez dakik egiten.

        — Bera al da horrelako karrakak egiten ari dena? —galdetu zuen telefonoak.

        — Ez, Laverdure da. Charles ezkontzari buruz ari zait.

        — Ausartu dun, orduan? —esan zuen telefonoak axolarik gabe—. Deusen trabarik ez du, halere, Marcelineri deitzeko, hik ez badun eskaileretan nekatu nahi. Egingo din hiregatik, Charlesek.

        — Esango diot —esan zuen Mado Ptits-piedesek.

        (une luzea)

        — Zera esan du, ez duela nahi.

        — Zergatik?

        — Haserre dago zurekin.

        — Ergela alaena. Esaion jartzeko.

        — Charles —oihu egin zuen Mado Ptits-piedsek (keinua).

        Inkik ere ez Charlesek (keinua)

        Mado urduritzen (keinua)

        — Ba al dator? —galdetu zuen telefonoak.

        — Bai —esan zuen Mado-Ptits-piedsek (keinua).

        Godaleta hustu eta, azkenean, telefono aldera hasi zen Charles astiro hurbiltzen. Ondoren, bere agian etorkizuneko emaztearen eskutik telefonoa hartu eta hitz zibernetiko hau bota zuen:

        — Allo.

        — Hi haiz, Charles?

        — Baa.

        — Hi, bahoa abian Marcelinerengana, harekin hitz egin behar diat-eta. Premia handia dik.

        — Nik ez diat inoren agindurik bete behar.

        — Hori huen orduan guztia! Mugi hadi, premia handia dik-eta!

        — Eta nik berriro esaten diat ez dudala inoren agindurik bete behar!

        Eskegi egin zuen.

        Barrara hurbildu zen ondoren. Haren atzean zegoen Mado Ptits-pieds, erdi-ametsetan.

        — Orduan, zer? —esan zion Charlesek— Zer erabaki dun? Bai? Ez?

        — Berriro esan behar ote dizut? —xuxurlatu zion Mado Ptits-piedsek—. Ustekabean harrapatu nauzu, horrela bat-batean, ez nuen horrelakorik espero, pentsatu egin behar dut, Charles jauna, pentsatu egin behar dut.

        — Aski pentsatua ez bahu bezala!

        — O, Charles jauna! Nolakoa zaren!

        Telefuntzioan hasi zen berriro maxinaren soinuteria.

        — Baina, zer da hau? Zer da hau?

        — Uztan bere horretan —esan zuen Charlesek.

        — Ez zaitez hain gogorra izan, lagun bat da azken finean.

        — Bai, baina neskato horrekin ez zagon nondik heldu.

        — Ez neskatoaz kezkatu. Adin horretan, badakizu, ez dira aintzat hartzekoak.

        Maxinak zurrungan zirauenez, berriro jarri zen Charles entzungailuaren hariaren bestaldean.

        — Allo —egin zuen ulu Gabrielek.

        — Baa —esan zuen Charlesek.

        — Ez ezak txorakeriarik egin eta deitu egiok Marcelineri. Nazkatzen hasi nauk.

        — Ez duk ulertzen —esan zion Charlesek gailendurik—. Molestatzen ari haiz.

        — Horrelakorik! —egin zuen marru telefonoak—. Zer ez dugu oraindik entzun behar! Ni zuek molestatzen? Zer ote da ba ari zareten gauza garrantzitsu hori?

        Charlesek irmoki estali zuen esku batez entzungailuaren fonoa eta honela galdetu zion Madori, jira egin ondoren:

        — Bai ala ez?

        — Bai —erantzun zion Mado Ptits-piedsek lotsagorrituz.

        — Egiaz?

        — (keinua).

        Charlesek eskua fono gainetik kendu eta honela jakinarazi zion Gabrieli, hariaren beste aldean beti:

        — Berri bat eman behar diat, horra!

        — Axola zidak niri. Hoa...

        — Marcelineren bila, bazakiat.

        Abiadura bizian segitu zuen ondoren:

        — Mado Ptits-pieds eta biok ezkongai gaituk dagoeneko.

        — Ideia ona, benetan. Azken finean, pentsatu diat eta ez dik merezi...

        — Baina ulertu ote duk zer esan diadan? Mado Ptits-pieds eta biok, aditzen?, ezkondu egin behar dugula!

        — Herorrek ikusi, gogoko baduk... Aizak, ez iezaiok Marcelineri telefonora deitu. Esaiok besterik gabe txikia neurekin eramango dudala Mont-de-piétéra, ikuskizunera. Bidaiari dotore batzuk eta lagunxar bat edo beste ere etorriko dituk gurekin, talde ederra benetan. Eta, jakina, gaurko saioa, primeran zainduko diat gaurko saioa, eta Zaziek ere ikus dezan nahi diat, aukera paregabea baita beretzat. Eta, baina nola ez naiz horretaz ohartu! Etor hadi hi ere Mado Ptits-piedsekin, ospakizun ezin ederragoa izango duk zuen ezkongaitzea ospatzeko! Ospatu egin beharra zagok hori, motel, ongi bustirik ospatu ere! Nire kontura guztia, ikuskizuna barne! Eta Turandoti ere esan diezaiokek, datorrela kaiku hori ere, eta Laverdure, horrela libertitu behar badu, eta Gridoux, ez ahantzi Gridoux, gure parte txarreko Gridoux!

        Moztu egin zuen Gabrielek, besterik gabe.

        Harian zintzilik utzi zuen Charlesek entzungailua eta, Mado Ptits-piedsen aldera jira egin ondoren, hitz gogoangarri batzuk esan zituen gizon prestuen antzean.

        — Orduan? —esan zuen—. Listo? Dena ongi?

        — Eta nola, gainera! —esan zuen Madeleinek.

        — Ezkondu egin behar diagu, Madeleinek eta biok —esan zion Charlesek Turandoti, tabernako sarreran une hartan.

        — Oso ideia ona. Bixigarri bat edan dezagun, horrelako gauzak busti egiten dituk-eta. Baina pena duk Madok alde egitea. Langile fina duk.

        — Bai, baina segituko dut —esan zuen Madeleinek—. Izugarri aspertuko nintzateke etxean, bera taxian ari den bitartean.

        — Egia da hori —esan zuen Charlesek—. Azken finean, oraingo berean iraungo du guztiak. Hori bai, hemendik aurrera legearen barnean joko dugu txorta.

        — Bada beti arrazoiren bat —esan zuen Turandotek—. Zer hartu behar duzue?

        — Nahi duana —esan zuen Charlesek

        — Aldi batez, neronek zerbituko dinat —esan zion Turandotek Madeleineri galaikiro, ipurdian jotzen zuen bitartean. Ez zuen horrelako ohiturarik lan-orduetatik kanpo eta orduan ere giroa berotzeko egiten zuen bakarrik.

        — Charlesek fernet-branca bat hartuko luke agian? —esan zuen Madeleinek.

        — Hori ez zagon edaterik —esan zuen Charlesek.

        — Godalet bat hartu duk ba eguerdian —oroitarazi zion Turandotek.

        — Egia duk. Txopera bat atera egidak orduan.

        Eta edaten hasi ziren.

        — Zuen legezko txortaldiengatik —topa egin zuen Turandotek.

        — Mila esker —erantzun zion Charlesek ezpainak zapelaz xukatzen ari zen bitartean.

        Eta Marcelineri oraindik deus esan gabe zeudela adierazi zuen ondoren.

        — Zer axola dio ba Marcelineri hi ezkontzeak edo ez ezkontzeak? —esan zion Turandotek—. Bihar jakingo dik.

        — Beste zerbait duk Marcelinerena —esan zuen Charlesek—. Gabrielek berekin eraman dik Zazie eta gu guztiok gonbidatu gaitik trago bat egitera saioan ari den bitartean. Trago bat eta ondokoak espero diat.

        — Nolako barrena daukaan! —esan zuen Turandotek—. Marikoi-zulo batera joan behar duk hire ezkongaitzea ospatzera! Nolako barrena daukaan, berriro esaten diat!

        — Hitz eta pitz ari haiz —esan zuen Laverdurek—, hitz eta pitz, besterik ez dakik egiten.

        — Ez haserratu —esan zuen Madeleinek—. Marcelinerengana noa, gaztigua ematera. Dotore jantziko naiz ondoren, gure Gabyren ohoretan.

        Atera egin zen andregai berria. Bigarren mailara iritsi eta atean jo zuen. Ireki beste irtenbiderik ez du horrenbesteko graziaz jotako ate batek. Eta ireki egin zen atea, hain zuzen ere.

        — Egunon, Mado Ptits-pieds —esan zuen Marcelinek eztiki.

        — Egunon... —esan zuen Madeleinek, eskaileretako espiralean noraezean utzitako hatsa berriro hartu ondoren.

        — Sar hadi, baso bat granadina edango dun —esan zuen Marcelinek eztiki, Madoren hitzak eten ondoren.

        — Jantzi egin behar dut ordea.

        — Ez haut ba biluzik ikusten —esan zuen Marcelinek eztiki.

        Lotsagorritu zen Madeleine. Hala esan zion Marcelinek eztiki:

        — Granadina bat hartuko dun nolanahi ere, ezta? Emakumeen artean...

        — Baina...

        — Bihotza korapiloan hagoela ematen din.

        — Oraintxe bertan andregaitu naiz. Pentsa!

        — Haurdun ote hago?

        — Oraingoz ez.

        — Orduan ez didan baso bat granadina ukatuko.

        — Zeinen ongi mintzo zaren!

        — Ez naun apartekoa —esan zuen Marcelinek eztiki, begiak apalduz—. Sar hadi ba!

        Esker-hitz ilunetan segitu du Madeleinek barrenera sartu arte. Esertzeko esan diote eta hala egin du. Etxeko anderea bi godalet, pitxer bat ur eta granadina botilaren bila abiatu da. Kontu handiz isuri du granadina, ausarki gonbidatuarentzat, hatz bat beretzat.

        — Kontuz ibili beharra zagon —esan zuen eztiki, kidetasunezko irriño batez.

        Edaria ongi nahasi eta zurrupan hasi ziren biak, keinu txikiak eginez.

        — Orduan? —galdetu zion Marcelinek eztiki.

        — Ba... telefonoz deitu du Gabriel jaunak —hasi zen Madeleine—, esanaz txikia kabaretera eraman behar duela bere saioa erakustera eta gu biok, Charles eta biok, ezkongaitzea ospatzera.

        — Charles dun orduan.

        — Nahiago dut bera beste edozein baino. Serioa da eta elkar ezagutzen dugu aspaldidanik.

        Elkarrekiko irriñoan segitzen zuten bi emakumeek.

        — Esaidazu, Marceline anderea —esan zuen Madeleinek—, zer arropa jantzi behar dut?

        — Bon —esan zuen Marcelinek eztiki—, ezkongai-egunean xuri arrunta dun nagusi, zilar birjina ukitu batez.

        — Birjina kontu hori, jo eta pasa egin genezake, ez da hala? —esan zuen Madeilenek.

        — Halaxe egiten dun, ordea.

        — Baita maritxu-boite batean ere?

        — Horrek ez din deus aldatzen.

        — Bai baina bai baina bai baina, zer egingo dut ez badut soineko xuri arrunt zilar birjina ukitudunik edo, besterik gabe, jantzi bat bi pieza eta bainugela brusa, galtzerdi-lokarri eta sukaldearekin, e, zer egingo dut? Esan, baina, zer egingo dut?

        Burua apaldu zuen Marcelinek, hausnarketarik sakonenean murgildu zela adierazi nahian.

        — Bon —esan zuen eztiki—, horrela baldin bahago, zergatik ez dun jaka gorria janzten uztailaren hamalau bateko dantzaldian ikusi ninan gona plixatu berde-horiarekin?

        — Erreparatu zenion egiaz nire jantzi hari?

        — Bai, noski — esan zion Madeleinek eztiki—, horixe erreparatu niola hire jantziari. Xarmangarri hengoen.

        — Zeinen atsegina zaren —esan zuen Madeleinek—. Orduan, kasu egiten didazu niri batzuetan?

        — Bai ba —esan zion Marcelinek eztiki.

        — Zeren nik —esan zuen Madeleinek—, nik, zeinen ederra ikusten zaitudan nik!

        — Egiaz? —galdetu zion Marcelinek eztiki.

        — Egiaz —erantzun zion Madok irmoki—, horixe baietz. Ederra zara zinez! Zer emango ez nuke zu bezalakoa izatearren. Zeinen ongi egina zaren! Eta zeinen dotorea!

        — Gehiegikeriatan ari haiz —esan zuen Marcelinek eztiki.

        — Benetan ari naiz, ordea. Zergatik ez zaitugu maizago ikusten? (isilunea). Maizago ikusi nahi zintuzkegu. Nik (irriñoa), maizago ikusi nahi zintuzket nik.

        Begiak apaldu zituen Marcelinek, arrosa kolorea haren begitarteaz eztiki jabetzen ari zen bitartean.

        — Bai ba —jarraitu zuen Madeleinek— zergatik ez zaitugu maizago ikusten zu, hain osasuntsua, barka atrebentzia, eta hain ederra, zure parekorik gutxi, jakin ezazu, gutxi. Baina zergatik ez zaitugu maizago ikusten?

        — Ez naun batere burrunbazalea —erantzun zion Marcelinek eztiki.

        — Horretara iritsi gabe ere, maizago...

        — Hago horretan, maite —esan zuen Marcelinek.

        Goi hartako isilpean geratu ziren biak, gogoetatsu, ameslari. Astiro igarotzen zen denbora beren artean. Urrunean entzuten zuten gauak harturiko kaleetako pneumatikoen haize-hustutze geldoa. Erdi-zabalik utziriko leiho batetik ikusten zuten ilargiak telebista-antena baten grilean soinu isil batez igortzen zuen distira ikaratia.

        — Janztera joan beharko dun ba —esan zuen Marcelinek eztiki—, Gabrielen saioa huts egin nahi ez badun.

        — Hala da, bai —esan zuen Madeleinek—. Jaka berde sagarra eta uztailaren hamalauko gona laranja eta limoia jantziko ditut orduan.

        — Horixe.

        (une bat)

        — Halaz ere, pena da zu orain bakarrik utzi beharra —esan zuen Madelenek.

        — Lasai —esan zion Marcelinek—. Ohituta nagon.

        Batera altxa ziren, mugimendu berberak bultzaturik.

        — Bon, hala dena hala da — esan zuen Madeleinek—. Banoa janztera.

        — Xoragarri egongo haiz —esan zion Marcelinek eztiki hurbilduz.

        Begietara behatu zion Madeleinek.

        Atean jo zuen baten batek.

        — Ba al gara? —egin zuen oihu Charlesek.

 

 

 

© Raymond Queneau

© itzulpenarena: Joxan Elosegi

 

 

"Raymond Queneau / Zazie metroan" orrialde nagusia