XI

 

        Café des Deux Palais-ko terrazan ari zen Gabriel, bostgarren granadina hustu bidean, frantsesa gutxiago ulertu eta adiago zirudien biltzar baten aurreko hitzaldi gartsuan.

        — Zergatik —ari zen—, zergatik ezin jasan genezake bizitza, ezerez bat aski baldin bada hura gabe geratzeko? Ezerez batek ekartzen du, ezerez batek bizkortzen du, ezerez batek hondatzen du, ezerez batek eramaten du. Hura gabe, nork eraman litzake patuaren ukaldiak eta egonaldi eder honetako umilazioak, dendarien iruzurrak, harakinen prezioak, esneketarien ura, ahaideen umore txarrak, irakasleen haserreak, enkargatuen oihuak, aberatsen itsuskeriak, gabetuen aieneak, espazio mugagabeen isila, azaloreen usaina edo zurezko zaldien geldoa, zelula ezdeus batzuen jokabide gaizto ugalkorrak (keinua) edo izenik gabeko arduragabe batek nahigabean tiraturiko bala batek kezka hauek guztiak zeruaren urdinean ustekabean suntsiaraz litzaketela ez bageneki? Nik, hizketan ari natzaizuen honek, gogoeta ugari egin dut arazo hauen aurrean, nire izterrak berez nahiko iletsuak baina profesionalki tipilduak zuek bezalako babaloreei tutu-jantzian erakusten dizkiedan bitartean. Gainera dezadan, azkenik, ikuskizun horretara etor zintezketela gaur arratsean plazer bazenute.

        — Bejondeizula zuri! —egin zuten oihu konfidantzazko bidaiariek.

        — Baina, baina... gero eta arrakasta handiagoa duzu, osaba!

        — Hara! Hemen hago berriro ere! —esan zuen Gabrielek lasai—. Ikusten dunan bezala, bizirik nagon betiere, oparo bizi gainera!

        — Sainte-Chapelle erakutsi diezu?

        — Egundoko zori ona izan diten. Ixten ari zitunan eta ehun metro egiteko aukera izan diten beirateen aurrean. Izugarri ederrak (keinua), beirateak. Pozez gainezka zauden (keinua). Ez da hala, my gretchen lady?

        Baietz esan zuen aukeraturiko turistak, xoraturik.

        — Bejondeizula zuri! —egin zuten oihu besteek.

        — Harrapa ditzagun bahitzaileak! —erantsi zuen Mouaque alargunak, Trouscaillon ondoan zuela.

        Polizia Gabrielengana hurbildu eta, begiramenez makurtu eta gero, osasunari buruz galdetu zion. Gabrielek osasunez ongi erantzun zion labur. Galdeketan segitu zuen besteak, askatasunaren arazoari heldu ondoren. Galdeketaria lasaitu zuen Gabrielek esanez zeinen aske bizi zen eta zeinen aise eta lasai zegoen. Hasieran oinarrizko eskubideen aurkako eraso txiki bat jasan izana ukatzen ez zuen arren, jarraitu zuen, azkenean egoera horretara moldatu zela, hain egoki moldatu ere non bahitzaileak bere esklabo bihurtu eta, gaineratu zuen, aurki erabiliko baitzituen bere gogara. Zera adierazi zuen deklarazioa amaitu baino lehen, biziro higuintzen zuela zomorroek bere aferetan sudurra sartzeak eta, horrelako portaerek zekarkioten lazturak nazka, benetako nazka, sortu behar ziolarik, zetazko mokanes bat, lila kolorekoa (ez zuria, ordea) eta Barbouze Fior etxeko lurrinaz loriatua, sakelatik atera eta eraman zuen sudurrera.

        Kirats hura ezin eramanik, bere burua zuritu eta agur egin zion Trouscaillonek Gabrieli. Firme jarri eta erdizkako itzulia egin ondoren, urrundu eta jendartean galdu zen, Mouaque alarguna atzetik zihoakiola, ttipi-ttapa, ttipi-ttapa.

        — Aupa osaba, xahutu galanta eman diozu! —esan zion Zaziek Gabrieli, mahaian haren ondoan esertzen ari zen bitartean —. Izozki bat hartuko dut nik, marrubi-txokolatea.

        — Beste nonbait ikusi dinat nik aurpegi hori —esan zuen Gabrielek.

        — Zomorroteria aldendu den honetan —esan zuen Zaziek—, erantzun egingo didazu. Hormosesuala zara, bai ala ez?

        — Ez, hitz ematen dinat.

        Gabrielek besoa zabaldu eta tu egin zuen lurrera aldi berean. Harritu xamar geratu ziren bidaiariak. Folklore galiarreko ohitura haren gorabeherak azaltzen hasteko prest zegoenean, Zaziek asmo didaktiko haiei aurrea hartu eta tipoak haietakotzat zergatik hartu zuen galdetu zion.

        — Hasi gaituk berriro! —egin zuen aiene Gabrielek.

        Bidaiariek hala-hola ulertu zuten hura guztia eta, afera hark halako graziarik ez zuela ikusi ondoren, elkarri galdezka hasi ziren, ahapetik eta nor bere jatorrizko hizkuntzan, irtenbide bila. Batzuk neskatoa Senara botatzearen alde zeuden; besteek, ordea, bidai-manta handi batean ongi troxatu eta, soinurik entzun ez zekion, uataz goitik behera galkatu ondoren, geltoki bateko kontsignan uztea hobetsi zuten. Inork nahi ez bazuen mantarik galdu nahi, aski izan zitekeen maleta bat, neskatoa barnean ongi zapatuz gero.

        Bileratxo haietaz kezkatu zen Gabriel eta amore egitea erabaki zuen.

        — Ongi dun —esan zuen—, dena azalduko dinat gaur arratsean. Hobeago oraindik, heure begiez ikusiko dun dena.

        — Zer ikusiko dut?

        — Ikusiko dun. Agindurik zagon.

        Bizkarrak harrotu zituen Zaziek.

        — Aginduak, nik...

        — Tu egin behar ote dut lurrean berriro?

        — Aski da. Zilipirtak botako dituzu nire izozki gainera.

        — Bakean utz nazan ba orain! Ikusiko dun, agindurik zagon.

        — Zer ikusi behar du txiki honek? —galdetu zuen Fedor Balanovitchek, takatekoarekikoak toki hartatik lekutzeko gogo biziak erakutsi zituen saintmontrondarrarekin konpondu ondoren.

        Gabrielen ondoan jarri zen eta lekua utzi zioten begiramenez bidaiariek eser zedin.

        — Mont-de-piétéra eramango diat gaur arratsean —erantzun zion Gabrielek (keinua)—. Baita hauek guztiak ere.

        — Egon hadi —esan zuen Fedor Balanovitchek—, egitarautik kanpo zagok hori! Goiz bidali behar ditiat lotara, bihar Gibraltar aldera, parapeto zaharrak ikustera, abiatu behar ditek-eta. Hori ditek ibilbidea.

        — Nahi duan guztia, baina gogoko ditek ideia —esan zuen Gabrielek.

        — Ez zakitek zer datorkien —esan zuen Fedor Balanovitchek.

        — Oroitzapen ederra gordeko ditek sekula betiko.

        — Baita nik ere —esan zuen Zaziek, marrubiaren eta txokolatearen zaporeen dasta-esperientzien arteko alderatze metodikoari une batez utzi eta gero.

        — Bai, baina zeinek ordainduko du Mont-de-piétérako sarrera? Ez ditek gainerakorik ordaindu nahi izango.

        — Sakelan zauzkaat guztiak. —esan zuen Gabrielek.

        — Eta hain xuxen ere —esan zion Zaziek—, uste dut berriro gogoratu zaidala egin nahi nizun galdera.

        — Txanda pasa orduan! —esan zuen Fedor Balanovitchek—. Utziezu gizonei hizketan.

        Mutu geratu zen Zazie, harri eta zur.

        Kafe-mutil bat ari zen une hartan ingurutik igarotzen eta hala esan zion Fedor Balanovitchek:

        — Garagardo bat ekarridak, mutil!

        — Basoan ala latan? —galdetu zion mutilak.

        — Zerraldo batean —erantzun zion Fedor Balanovitchek, eta nahi bezala egiteko adierazi zion ondoren keinu batez.

        — Ona, ezin hobea! —ausartu zen Zazie—. Vermot jeneralak berak ere ez zukeen hobeagorik asmatuko.

        Jaramon zipitzik ere ez Fedor Balanovitchek neskatoaren esanei.

        — Orduan —galdetu zion Gabrieli—, hik uste duk gainerako bat erraz ezar lekiekeela?

        — Ez diat ba esan, sakelan dauzkadala guztiak. Balia gaitezen, beraz! Esate baterako, nora eramango dituk afaritara?

        — Esne-mamitan edukitzen ditiagu guk bezeroak. Buisson d'Argenterako eskubidea ditek. Baina ajentziak ordaintzen ziek zuzenean.

        — Beha ezak. Garagardotegi bat ezagutzen diat Turbigo bulebarrean eta askoz ere merkeago egingo ditek han. Luxuzko jatetxe horretako nagusiarekin mintza hadi eta ajentziak emango dionetik zerbait eska iezaiok patrikarako. Mundu guztiak irabaziko dik horrela. Ataule ederra egingo ditek eramango ditudan tokian, benetan. Afaria, jakina, Mont-de-piétérako eskatuko diegun gainerakoarekin ordainduko diagu eta erdi-bana egingo diagu beste jatetxean itzuliriko dirua.

        — Arrain ederrak eginak zaudete zuek biok! —esan zuen Zaziek.

        — Goitik-beherako amarrua, egia dun —esan zuen Gabrielek—. Baina hauengatik (keinua) egiten dinat egiten dudan guztia.

        — Haien ongia besterik ez dinagu gogoan —esan zuen Fedor Balanovitchek—. Parouart deitzen den hiri ospetsu honen oroitzapen ahantziezina eraman dezaten nahi dinagu. Berriro itzul daitezen.

        — Hoberena baizik ez dinagu nahi —esan zuen Gabrielek—. Afalaurrean, garagardotegiko sotoa ezagutzeko aukera izango diten: hamabost bilar eta hogei pinpon. Ez zagon Parisen beste horrelakorik.

        — Betikoz gordeko diten gogoan —esan zuen Fedor Balanovitchek.

        — Baita nik ere —esan zuen Zaziek—. Paseatzera joango bainaiz bitarte horretan.

        — Ez Sebastopol inguruetatik —esan zuen Gabrielek ikaraturik.

        — Ez kezkatu —esan zion Fedor Balanovitchek—, hau ez duk galduko.

        — Nolanahi ere, bere amak ez zidak etxera ekarri Les Halles eta Château d'Eau inguruetan ibil dadin.

        — Ehun pauso egingo ditut, besterik ez, zure garagardotegi horren aurrean —esan zuen Zaziek etorkor.

        — Horrexegatik ba, ez dinat inork kalea egiten ari haizela uste izaterik nahi —esan zuen Gabrielek izuturik—. Areago daramatzanan blujin horiekin. Zale asko zagon bazter horretan.

        — Era guztietako zaleak, gainera —esan zuen Fedor Balanovitchek, bizitza ezagutzen duen gizonaren airean.

        — Ez zarete batere dotore ari, niri dagokionez —esan zuen Zaziek alde batera eta bestera begiratuz.

        — Akabo, orain hire xarma egiten hasten bada! —esan zuen Gabrielek—. Harez gero, dena ikusia izango diagu mundu honetan.

        — Zergatik —galdetu zuen Zaziek—. Hormo ote da ba?

        — Normala, esan nahi izango huen —zuzendu zion Fedor Balanovitchek—. Bikaina, neskatoa, ez da hala, osaba?

        Eta eskuz jo zuen berebiziko gogoaz Gabrielen izterrean. Gabrielen gorputz osoa astindu zuen ukaldiak. Hurrenaren zain zeuden bidaiariak, begira.

        — Nazkatzen hasi dituk dagoeneko —esan zuen Fedor Balanovitchek—. Bilar ponpoxo horietara eramateko ordua iritsi zaik, pittin bat eguras daitezen. Paris hori dela uste ditek, inozoak alaenak!

        — Sainte-Chapelle erakutsi diedala ahantzi ote duk? —iharduki zion Gabrielek harro-harro.

        — Zozoa halakoa! —erantzun zion Fedor Balanovitchek, frantses hizkuntza sakon ezagutzen zuela erakutsiz, Bois-Colombesen sortua izaki—. Merkataritza Ganbara aurrera eraman dituk hik, tentel horrek!

        — Heure bidera eraman nahi nauk hik —esan zuen Gabrielek sinetsi ezinik—. Seguru hago?

        — Beharrik Charles ez zen han —esan zuen Zaziek—. Nahaste galanta bestela!

        — Sainte-Chose delako hori ez bazen ere, zer? —esan zuen Gabrielek—. Egundoko monumentu ederra ikusi ditek nolanahi ere!

        — Sainte-Chose??? Sainte-Chose??? —galdetu zuten kezkati, bidaiari frankofonoenek.

        — La Sainte-Chapelle —argitu zuen Fedor Balanovitchek—. Arte gotikoaren bitxi ederrenetako bat.

        — Horra! (keinua) —erantsi zuen Gabrielek.

        Lasai geratu ziren bidaiariak, irribarrez.

        — Azal iezaiek bada gure plana! —esan zuen Gabrielek.

        Hizkuntza batzuetan azaldu zituen planak Fedor Balanovitchek.

        — Hara! —esan zuen Zaziek jakitun—. Abila da benetan gure eslabiarra.

        Izan ere, adostasuna adierazi zuten bidaiariek dirua poltsikotik gogo beroz atereaz. Goretsi nahi izan zituzten horrenbestez, hala Gabrielen omen handia nola Fedor Balanovitchen hizkuntza jakituriaren zabala.

        — Horixe da, hain xuxen ere, nire bigarren galdera —esan zuen Zaziek—. Eiffel dorrearen oinetan berriro aurkitu zaitudanean, eslabiarra bezain ongi ari zinen atzerritarrez mintzatzen. Zer zenerabilen orduan? Zergatik ez duzu orain hitz egin?

        — Hori —esan zuen Gabrielek—, ez zagon azaltzerik. Berez etortzen diren gauzak ditun, inork ez dakiela nola. Jeinu-kolpe bat, horra!

        Baso granadina ahitu zuen orduan.

        — Zer nahi dun! Horrelakoak gaitun artistok.

 

 

 

© Raymond Queneau

© itzulpenarena: Joxan Elosegi

 

 

"Raymond Queneau / Zazie metroan" orrialde nagusia