X

 

        Funikularren eta metrobusen grebaren poderioz, mota guztietako ibilgailu saldo handia bildua zen kaleetara. Espaloi-ertzen luzeran, auto-stopean ari ziren oinezko emakume eta gizaseme asko, nekaturik edo ezin-egonik. Egoeraren zailtasunak autodunengan piztuko zukeen elkartasun-sentimenduan oinarritzen zen egiteko haren arrakasta.

        Trouscaillon bera ere bide ertzean jarri zen eta, patrikatik txilibitu bat atera ondoren, doinu batzuk urratu zituen airean.

        Leku hartatik igarotzen ziren autoek bidean aurrera egin zuten batere axolarik gabe. Txirrindulariek bozkariozko oihu batzuk egin eta kezkatu gabe segitzen zuten helmugarantz. Bigurpileko motordunek zarataren dezibelioak areagotzen zituzten gelditu gabe. Bestalde, ez zituen Trouscaillonek horiek geldiarazi nahi.

        Egon egin behar. Inguru hartako zirkulazio guztia geldiaraziko zuen berandu gabe goitik-beherako auto-meta batek. Halako batean, berlina arrunt bat agertu zen bidetik bakar-bakarrik. Txioka hasi zen berriro Trouscaillon, eta geratu egin zen autoa.

        — Zer demontre gertatzen da? —galdetu zion txoferrak Trouscailloni mehatxuka—. Nik ez dut okerrik egin. Ongi ezagutzen dut bide-kodea nik. Ez didate sekula isunik jarri eta paperak legera ditut. Zer nahi duzu? Hobe zenuke metroa ibilarazten saiatuko bazina, hiritar zintzoak inpromatzen ibili baino. Ez zaudela oraindik kontent? Baina, zer arraio nahi duzu?

        Alde egin zuen.

        — Aupa Trouscaillon! —egin zuen oihu Zaziek urrunetik serio antzean.

        — Ez ezan umilatu —esan zion Mouaque alargunak—, gogogabetu egingo dun horrela.

        — Esan dizut ba, babalore bat da.

        — Ez ote dun mutil ederra dagoela uste?

        — Oraintxe bertan nire osaba zenuen gusto-gustoko —esan zion Zaziek garrazki—. Guztiak behar al dituzu?

        Soinu-xirulika ozen batek eraman zituen berriro Trouscaillonen balentrien aldera. Apalagoa zen kontzertua orain. Auto-korapiloa nonbait askatu zen eta ibilgailu jario bat ari zen poliziaren aurretik astiro igarotzen. Haren txilibitu txikiak ez zuen inortxo ere kezkatzen. Geroxeago, tantaka hasi zen autoen emana berriro, X Enean suertatu zen auto-pikortaren ondorioz.

        Berlina arrunt batek egin zuen sarrera eszenatokian. Txioka hasi zen Trouscaillon. Geratu egin zen autoa.

        — Zer demontre gertatzen da? —galdetu zion txoferrak Trouscailloni mehatxuka—. Nik ez dut okerrik egin. Ongi ezagutzen dut bide-kodea nik. Ez didate sekula isunik jarri eta paperak legera ditut. Zer nahi duzu? Hobe zenuke metroa ibilarazten saiatuko bazina, hiritar zintzoak inpromatzen ibili baino. Ez zaudela oraindik kontent? Ba joan zaitez mairuetara!

        — Baina, nola? —esan zuen Trouscaillonek gaizkiturik.

        Baina tipoa alde egina zen.

        — Aupa Trouscaillon! —egin zuen oihu Zaziek pozez gainezka, bozkario ederrenean laketurik.

        — Gero eta gustokoago dinat —esan zuen Mouaque alargunak ahapetik.

        — Jota zaude zeharo —esan zion Zaziek modu berean.

        Sumindurik zegoen Trouscaillon, eta zalantza gogorretan hasi zen polizia-jantziaren eta txilibituaren bertuteen gainean. Baina txistu txiki madarikatu hura barnean gordea zuen tua hustu beharrean astintzen ari zela, hara non berlina arrunt bat egokitu zen besterik gabe haren ondoan. Buru bat gailendu zen karrosaren gainetik eta itxaropenezko hitz hauek esan zituen:

        — Barkatu, polizia jauna, adieraziko zenidake zein den Sainte-Chapelle, arte gotikoaren bitxi eder horretara joateko bide laburrena?

        — Nola ez ba! —erantzun zuen Trouscaillonek hitzetik hortzera—. Ezkerretara har ezazu lehenik, eskuinetara ondoren, eta gero, plaza txiki batera iritsitakoan, eskuineko hirugarren kaletik jo ezazu, ezkerreko bigarrenetik ondoren, berriro ere eskuinetara eta hiru aldiz ezkerretara, eta azkenean xuxen-xuxen, berrogeita hamabost bat metroan. Eta, jakina, horietan guztietan galerazitako norabideak aurkituko dituzu, eta horrek ez dizu lana erraztuko.

        — Ez naiz sekula iritsiko! —esan zuen gidariak—. Saint-Montrondik etorria naiz espreski horretara.

        — Ez etsi, gizona! —esan zion Trouscaillonek—. Jo dezagun nik eramaten zaitudala.

        — Zuk beste egiteko batzuk izango dituzu noski...

        — Ez ezazu uste. Libre nago haizea bezala. Hori bai, egingo al zenidake bi pertsona horiek ere eramateko mesedea? (keinua)

        — Arazorik ez, beste hura itxi baino lehen iristen banaiz.

        — Harri bihur —esan zuen alargunak—, auto bat ez badigu lortu gure morroskoak!

        — Txunditurik naukazu —esan zuen Zaziek objetiboki.

        Trouscaillon lauhazka hurbildu eta hala esan zien dotoreziarik gabe:

        — Azkar, neskak! Tipo honek eramango gaitu-eta!.

        — Goazen! —esan zuen alargunak—. Gureak dira bahitzaileak!

        — Hara! Ahantzirik neuzkan nik horiek —esan zuen Trouscaillonek.

        — Hobe dugu gidariari honetaz deus ez aipatzea —esan zuen alargunak, diplomazia handia erakutsiz.

        — Orduan —galdetu zuen Zaziek—, ditxosozko kapera horretara eramango gaitu txito horrek?

        — Baina mugituko ote zarete noizbait?

        Zazieri beso banatatik heldu eta abian zuzendu ziren Trouscaillon eta Mouaque alarguna berlina arrunt hartarantz. Barnera jaurti zuten Zazie autora orduko.

        — Ez dut batere gogoko horrela trata nazaten! —egin zuen marru Zaziek amorruz beterik.

        — Bahitzaileen itxura duzue zuek biok —esan zuen saintmontrondarrak txantxetan.

        — Itxura besterik ez —esan zuen Trouscaillonek, haren ondoan eseri eta gero—. Abiatzen ahal zara itxi baino lehen iritsi nahi baduzu!

        Eta abiatu zen. Bidea erraztearren, gorputz erdia atera zuen Trouscaillonek leihotik kanpora eta txilibitu kontzertu ederra eskaini zuen piura hartan. Nolabaiteko eragina izan zuen kontzertu hark, izan ere. Pozez gainezka zihoan probintzianoa.

        — Ezkerretik jo behar duzu orain —agindu zion Trouscaillonek.

        Mutur zihoan Zazie.

        — Eta? —esan zion Mouaque alargunak zuri—. Ez al hago osaba berriro ikusteko irrikitan?

        — Popatik, osaba! —esan zuen Zaziek.

        — Hara! —esan zuen gidariak—. Baina Jeanne Lalochèreren alaba da-eta! Ez nuen ezagutzen, horrela, mutil jantzian.

        — Ezagutzen duzu, beraz? —galdetu zion Mouaque alargunak axola gabe.

        — Jakina! —esan zuen gidariak.

        Eta identifikazio-prozesua osatzeko itzuli egin zen une berberean aurretik zihoan autoaren barnean sartu zuen bere gurdia.

        — Kaka putza! —esan zuen Trouscaillonek.

        — Bera da, bai, berbera —esan zuen saintmontrondarrak.

        — Nik ez zaitut ba ezagutzen —esan zuen Zaziek.

        — Baina, baina... ez al dakizu gidatzen? —galdetu zion jotakoak, autotik jotzailearekin irain burrunbatsu batzuk trukatzeko xedean atera ondoren—. A! Ez nau harritzen batere... probintziano bat! Parisko kaleak mukurrutzera etorri beharrean, hobe zenuen etxean antzarak zaintzen geratu izan bazina!

        — Baina jauna —esan zuen Mouaque alargunak—, berandutzen ari zaigu zure sermoiak direla-eta! Komando-misio garrantzitsu batean ari gara, bahituriko pertsona bat askatzeko!

        — Zer, zer? —esan zuen saintmontrondarrak—. Ni ez noa. Ez naiz Parisera kauboi ibiltzera etorri.

        — Eta zu? —esan zuen beste gidariak Trouscaillongana zuzenduz—. Zeren begira zaude honen guztiaren egiaztagiri bat egiteko?

        — Lasai, ez zaitez kezkatu —erantzun zion Trouscaillonek—. Egiaztaturik dago dena, egiaztaturik. Zaude lasai.

        Eta, trafiko-polizien antzera, zirriborro batzuk egiten hasi zen kantoirik gabeko koaderno txiki higatu batean.

        — Autoaren dokumentazioa, mesedez?

        Aztertu zuelakoa egin zuen Trouscaillonek.

        — Pasaporte diplomatikorik?

        — (ezetz nahigabeturik)

        — Konforme —esan zuen trouscailletarrak—, aurrera segi dezakezu.

        Jotakoa autoan sartu eta bideari ekin zion, gogoetatsu. Zirkinik ez, ordea, saintmontrondarrak, bera ez zen mugituko.

        — Eta? —esan zion Mouaque alargunak—. Zeren begira zaitugu?

        Berealdiko zarata ateratzen ari ziren auto-tutuak atzetik.

        — Esan dizuet ba, ez dudala kauboi ibili nahi. Erraz asko harrapa dezake bat bala erratu batek.

        — Gure herrian —esan zuen Zaziek— ez gara hain kakatiak.

        — Hago isilik hi, ongi ezagutzen haut! —esan zion gidariak—. Mendiak ere jarriko hituzke hik elkar joka.

        — Hau da hau! —esan zuen Zaziek—. Zergatik saiatzen zara niri hain ospe gaiztoa eransten?

        Tutuen uluak gero eta bortitzagoak ziren, egiazko infernua!

        — Abia gaitezen behingoan! —oihu egin zuen Trouscaillonek.

        — Bizitza maite dut nik —esan zuen saintmontrondarrak lañoki.

        — Ez zaitez kezkatu —esan zuen Mouaque alargunak, diplomaziaz beti—, ez dago arriskurik. Txantxetan ari ginen.

        Itzuli egin zen gidaria andere haren aurpegiera xeheago ikusteko. Arretaz aztertu eta emakume hari sinets zekiokeela deliberatu zuen.

        — Hitz ematen didazu? —galdetu zion.

        — Ez ote zara nirekin fio?

        — Ez da politika-aferaren bat izango, ezta?, horrek dakartzan ondorio higuingarri guztiekin?

        — Ez ba, txantxetan ari ginen, hitz ematen dizut.

        — Goazen ba! —esan zuen saintmontrondarrak, guztiz sinetsi ez zion arren.

        — Ezagutzen nauzula esaten duzunez —esan zuen Zaziek—, ez zenuen ba nire ama ikusiko? Parisen da bera ere.

        Metro txiki batzuk aurrera egin eta lauak jo zuten inguru hartako eliza bateko ezkiladorrean (estilo neoklasikoan egina, hain zuzen ere).

        — Akabo! —esan zuen saintmontrondarrak.

        Galgari eman zion eta une hartantxe hasi ziren lanean berriro atzealdeko ozengailu bizkorrak.

        — Ez du jarraitzea merezi —erantsi zuen—. Oraintxe itxiko dute.

        — Arrazoi gehiago azkarrago mugitzeko! —esan zuen Mouaque alargunak, arrazoitsu eta estratejiari leial beti—. Bestela ez dugu bahitua sekula berreskuratuko.

        — Bost axola! —esan zuen gidariak.

        Baina hain bortitza zen atzeko tutuen kontzertua non berriro abiatu beste erremediorik ez zuen izan, ezin eutsi baitzion gerarazitakoen aho bateko haserreak aireratu zuen bibrazio-emanari.

        — Aupa, gizon! —esan zuen Trouscaillonek—. Ez horrelako muturrik egin. Iritsi gara ia-ia. Zera esan ahal izango diezu herrikoei, Sainte-Chapelle ikusi-ikusi ez, baina nahikoa hurbil ibili zinela. Hemen geratzen bazara, ordea...

        — Ez du nahi duenean gaizki hitz egiten —azpimarratu zuen Zaziek alderdikeriarik gabe, poliziaren hitzaldia ahotan zuela.

        — Gero eta gogokoago dut —egin zuen marmar Mouaque alargunak inork aditu ez zion doinu txikian.

        — Eta nire ama? —galdetu zion berriro Zaziek gidariari— Ezagutzen nauzula esaten duzunez, ez zenuen ba nire ama ikusiko?

        — Hau zoritxarra neurea! —esan zuen saintmontrondarrak—. Hainbeste auto egon hemen eta nirea aukeratu behar zenuten hain xuxen ere!

        — Ez dugu apropos egin —esan zuen Trouscaillonek—. Neuri, adibidez, ezagutzen ez dudan hiri batera iristen naizenean, ba askotan gertatzen zait bideaz galdetu behar izatea.

        — Bai, eta Sainte-Chapelle? —esan zuen saintmontrondarrak.

        — Hori bai egia! —esan zuen Trouscaillonek, elipse xinple hartan parabolaren biziozko zirkulua hiperbolean itxiz.

        — Bon —esan zuen saintmontrondarrak—. Banoa!

        — Gureak dira bahitzaileak! —egin zuen oihu Mouaque alargunak.

        Trouscaillonek burua karrosatik kanpora atera eta txilibituari ekin zion enbarazugileak baztertzeko. Erdipurdiko abiaduran zihoazen aurrera.

        — Hau mixeria! —esan zuen Zaziek—. Metroa besterik ez dut maite nik.

        — Nik ez dinat sekula erabili —esan zion alargunak.

        — Snob galanta egina zaude zu! —esan zion Zaziek.

        — Horretarako aukera dudan bitartean...

        — Halaz ere, arestian ez zeunden taxi-bidaia bat ordaintzeko prest.

        — Alferrekoa zelako. Hementxe duzu horren froga.

        — Bagoaz! —esan zuen Trouscaillonek, burua bidaiarien onarpenaren bila itzuliaz batera.

        — Baaaii! —esan zuen Mouaque alargunak lilura betean.

        — Espanturik gabe! —esan zuen Zaziek—. Gu iristerako, orduak ditu osabak handik alde egina.

        — Ahal dezakedan guztia egiten ari naiz —esan zuen saintmontrondarrak.

        Bide-lerrotik aldatu eta deklaratu zuen:

        — A, metroa bagenu Saint-Montronen! Ez da, txiki?

        — Horiexek dira, hain zuzen ere, bereziki nazka-nazka eginik uzten nauten pitokeriak! —bota zuen Zaziek—. Nola arraio nahi duzu gure herrian metroa egotea?

        — Etorriko dun noizbait —esan zuen tipoak—. Aurreramenduak ekarriko din. Leku guztietara zabalduko dun metroa. Izugarri ederra izango dun. Metroa eta helikopteroa, horra hiri-garraioen etorkizuna! Metroa hartuko dinagu Marseillara joateko eta helikopteroa handik itzultzeko.

        — Zergatik ez alderantziz? —galdetu zuen Mouaque alargunak, grina berri hark jatorrizko kartesianismoa oraindik erabat lausotu ez ziola erakutsiz.

        — Zergatik ez alderantziz? —esan zuen tipoak anafora eginez—. Haizearen abiaduragatik.

        Buru-itzuli txiki bat egin zuen atzealdera amarru maltzur haren ondorioez gozatzeko, eta bigarren lerroan geldirik zegoen autobus baten barnean sartu zuen autoaren muturra. Iritsiak ziren. Izan ere, bertan agertu zen Fedor Balanovitch, ohiko ahapaldiak ahotan:

        — Baina, baina... ez al dakizu gidatzen? A! Ez nau harritzen batere... probintziano bat! Parisko kaleak mukurrutzera etorri beharrean, hobe zenuen etxean antzarak zaintzen geratu izan bazina!

        — Hara! —oihu egin zuen Zaziek—. Baina Fedor Balanovitch da-eta! Ikusi duzu nire osaba?

        — Salba dezagun osaba! —esan zuen Mouaque alargunak, autotik kanpora ia.

        — A, baina ez, horixe ezetz —esan zuen Fedor Balanovitchek—. Begira, baina begira! Ikusi! Lan-tresna hondatu didazue!

        — Bigarren lerroan geratua zinen —esan zuen saintmontrondarrak—. Hori ez da egiten.

        — Liskarrik ez, lagunok! —esan zuen Trouscaillonek, autotik atera eta gero—. Nik konponduko dut dena!

        — Hau ez da joko bat —esan zuen Fedor Balanovitchek—, autoaren barnean zindoazen zu. Alde batera jokatuko duzu zuk!

        — Nahi bezala molda zaitezte ba! —esan zuen Trouscaillonek, Mouaque alargunarekin egotea besterik ez kaskoan.

        Neskatoaren atzetik abiatua zen Mouaque alarguna.

 

 

 

© Raymond Queneau

© itzulpenarena: Joxan Elosegi

 

 

"Raymond Queneau / Zazie metroan" orrialde nagusia