IX

 

        — Ongi zabaldu leihatilak, koitadu kirten horiek —esan zuen Fedor Balanovitchek—. Eskuinaldean Orsay-ko geltokia ikusiko duzue. Ez dago hain gaizki arkitektura aldetik, eta kontsolamendua izan liteke Sainte-Chapellera garaiz iritsiko ez bagina, eta gauza segurua da hori neure barrabiletako greba honek sortarazi dituen trafiko-traba madarikatu hauekin.

        Guztizko ezin ulertuak batera ekarririk, ahoa zabalik geratu ziren bidaiari gehienak. Haietan fanatikoenek, ordea, ez zieten inolako jaramonik egin ozengailuaren kurrinei eta, gerriak jarlekuen gainetik bihurrikaturik, zirraraz behatzen zioten Gabriel supergidariari. Irribarre egin zien Gabrielek. Itxaropenez bete zituen keinu hark.

        — Sainte-Chapelle —saiatzen ziren esaten—, Sainte-Chapelle...

        — Bai, bai —esan zien Gabrielek amultsuki—. Sainte-Chapelle (isilunea) (keinua), arte gotikoaren bitxi ederrenetako bat (keinua) (isilunea).

        — Ez zaitez berriro petralkeriatan hasi —esan zion Zaziek garratz.

        — Segi, segi —oihu egin zuten bidaiariek txikiaren ahotsa estaliz—. Entzun nahi dugu, entzun nahi dugu —erantsi zuten ahalegin berlitzeskolatar   Jatorrizko bertsioan berlitzcoulien, Berlitz School hizkuntza-eskola ospetsua gogoan. (Itzultzailearen oharra) ikaragarri bat eginik.

        — Ez zara babalore hauen aurrean kokilduko, ezta? —esan zuen Zaziek.

        Galtza-oihaletik zehar, zimikoan hartu zion Zaziek haragi-puska bat bere osabari, eta gaizto bihurritu zion azkazalen artean. Oinaze biziaren poderioz, malko lodi handiak jarion zitzaizkion Gabrieli masailetan behera. Bidaiariek, kosmopolitismo-esperientzia handia izanagatik, ez zuten egundaino ikusi gidaririk negarretan eta biziki kezkatu ziren. Portaera bitxi hura, dedukzioz batzuek eta indukzioz besteek, aztertu ondoren, eskupekoaren ordua iritsia zela deliberatu zuten guztiek. Dirua bildu eta gizagaixoaren belaunetan ezarri zuten fruitua. Irribarrea itzuli zen Gabrielen begitartera, eskerrak adierazteko baino sofrimendu hura amaitu zelako, bildutako diru-pixar haiek ez baitziren, izan ere, hain kontuan hartzekoak.

        — Bitxia irudituko zaizue hau guztia —esan zien bidaiariei apalki.

        Iritzi amankomuna adierazi zion emakume frantses hiztun iaioenetako batek:

        — Eta Sainte-Chapelle?

        — A, a! —esan zuen Gabrielek keinu handi bat eginez.

        — Hitz egin behar du —esan zien dama poliglotak gainerakoei beren hizkuntzan.

        Bidaiari batzuk, saiatuenak, jarlekuen gainean jarri ziren haren hitzaldi eta mimikalditik deus ere ez galtzeko. Eztul egin zuen Gabrielek bere lekuan hobeki egokitzeko. Baina berriro eraso zion Zaziek.

        — Atx! —esan zuen Gabrielek argi eta garbi.

        — Gizagaixoa! —esan zuen damak.

        — Malapartatua! —marmar egin zuen Gabrielek izterra igurtzen ari zela.

        — Ni —esan zion Zaziek belarri ixkinera—, ni banoa hemendik hurrengo semaforo gorrian. Zuk ikusiko duzu, osaba, zer egin.

        — Baina nola moldatuko gara etxeratzeko? —esan zion Gabrielek aiene batez.

        — Esan dizut ba, ez dudala etxera joateko gogorik.

        — Baina gure atzetik etorriko ditun hauek...

        — Jaisten ez bagara —esan zion Zaziek basaki—, hormosesual bat zarela esango diet.

        — Lehenik —esan zuen Gabrielek baketsu—, ez dun egia, eta, bigarrenik, ez diten ulertuko.

        — Egia ez bada, zergatik esan dizu hori satiroak?

        — Barkatu (keinua), baina ez dun batere frogatu tipo hura satiroa denik.

        — Baina zer behar duzu horretaz jabetzeko.

        — Zer behar dudan? Ekintzak!

        Eta bidaiariak sakon hunkitu zituen keinu handi bat egin zuen berriro, goi-argituen itxura harturik. Liluraturik zeuzkan bidaiariak hiztegi mailako zailtasunak ideia exotikoen eskutik zekartzan solasaldi misteriotsu hark.

        — Izan ere —gaineratu zuen Gabrielek—, ekarri dunanean zomorro bat zela esan digun.

        — Bai, baina orain satiro bat zela diot. Eta gainera zuk ez dakizu horretaz deus ere.

        — O, barkatu (keinua), baina bazakinat hori zer den.

        — A, bai?

        — Ongi baino hobekiago —erantzun zuen Gabrielek sumindurik—. Maiz egin behar izan zienat aurre jendaila horren erasoei. Harritu egiten al haiz?

        Leher gaiztoan ari zen Zazie barrez.

        — Ez nau batere harritzen horrek —esan zuen dama frankofonoak, konplexuen atalean sartuak zirela ulertu-edo ondoren—. Batere ez, batere ez!

        Eta morroskoari beha geratu zen begiak ameskor.

        Gabriel lotsagorritu eta tatarraren korapiloa estutu zuen, hatz prestu zuhur batez brageta ongi itxirik zeukan egiaztatu ondoren.

        — To! —esan zuen Zaziek barreari utzi eta gero—. Benetako etxekojauna zara zu. Alde egingo dugu?

        Zimiko egin zion berriro garrazki. Jauzi txiki bat egin zuen Gabrielek atx! oihukatu bitartean. Muturreko bat jo ziezaiokeen mukizuari eta bizpahiru hortz saltarazi, baina zer esango zuten bere miresleek? Nahiago zuen haien begi-esparrutik aldendu, haur-borrero baten irudi gaizto zoldatsua utzi baino. Eta auto-meta handi xamar batek eskaini zion egokieraz baliatuz, lasai-lasai jaitsi zen Gabriel autobusetik, Zazie atzetik zuela, bidaiari harrituei kidetasunezko zeinu txiki batzuk egiten zizkien bitartean. Ziri ederra sartu zien amarru zuri hartaz. Izan ere, berriro abiatu ziren bidaiariak Gabriel geldiarazteko neurri egokiak hartzeko astirik gabe. Fedor Balanovitchi axolarik batere ez Gabriellaren joan-etorriek: bildotsak aginduriko lekura eramatea zuen kezka bakarra, museo-zaindariak eguneko zurrutaldia egitera joaten diren ordua baino lehen, hain xuxen. Izan ere, erremediorik ez zuen izango halako hutsak programan, biharamunean abiatzekoak baitziren bidaiariak Gibraltar aldeko parapeto zaharretarantz. Horixe zuten-eta ibilbidea.

        Urruntzen ikusi ondoren, irriño egin zuen Zaziek eta, azkar harturiko ohitura bati jarraiki, osabaren haragi-puska bat hartu zuen azkazalen artean galtza-oihalean zehar eta bira helikoidal bati eragin zion.

        — Kaka putza! —egin zuen ulu Gabrielek—. Ez din batere graziarik joko honek, ez al dun oraindik ulertu?

        — Osaba Gabriel —esan zuen Zaziek bare-bare—, lehenik, oraindik ez didazu argitu hormosesuala zaren ala ez, eta bigarrenik, non arraio ikasi dituzu arestian atzerriko hizkuntzan esan dituzun loriazko ahapaldi horiek? Esan!

        — Ideiak jarraian lotzeko trebetasun handia dun, mukizu bat izateko —egin zion ohar Gabrielek abaildurik.

        — Esan ba! —esan zion berriro Zaziek, orkatilean ostiko eder bat joaz batera.

        Txingoka hasi zen Gabriel keinu handiak eginez.

        — Aaatx! Aaatx! —oihu egin zuen.

        — Esan! —esan zuen Zaziek.

        Inguru hartan zebilen andere burges bat neskari hurbildu eta hala esan zion:

        — Baina, ez haiz konturatzen, polit hori, min egiten dionala jaun gaixo honi? Ez dira horrela tratatu behar pertsona helduak.

        — Popatik, pertsona helduak! —iharduki zion Zaziek—. Ez die nire galderei erantzun nahi!

        — Hori ez dun arrazoi aski. Beti saiatu behar dinagu, polit hori, indarkeria giza harremanetatik kanpora uzten. Erabat kondenatu beharra zagon indarkeria.

        — Popatik, kondenatu! —iharduki zion Zaziek—. Ez dizut zer ordu den galdetu!

        — Laurak eta laurden —esan zion burgesak.

        — Zergatik ez duzu neskatoa bakean uzten? —esan zion aspaldian aulki batean eserita zegoen Gabrielek.

        — Bai hezitzaile bitxia zarela zu! —erantzun zion andereak.

        — Popatik, hezitzailea! —egin zuen iruzkin Zaziek.

        — Hizketan entzun behar zaio, horra froga garbia! (keinua). Nolako hizkuntza gordina! —esan zuen andereak, nazka-espantu handiak eginez.

        — Zeure ipurdiaz ardura zaitez eta bakean utz gaitzazu —esan zuen Gabrielek—. nik baditut neure ideiak heziketari buruz.

        — Zer ipurdi eta zer ideia? —galdetu zuen andereak, ipurdia aulkian, Gabrielen ondoan, pausatu eta gero.

        — Lehenik, beste ezeren aurretik, ulertu beharra dago.

        Zazie Gabrielen beste aldean eseri zen eta zimiko txiki bat egin zion.

        — Eta nire galdera? —galdetu zuen melingatsu—. Ez da horretarako erantzunik?

        — Ezin dut Senara bota, nolanahi ere —egin zuen marmar Gabrielek izterra igurtzitzen ari zela.

        — Izan zaitez ulerkor —esan zion burgesak irriño xarmangarri batez.

        Harengana makurtu eta hala esan zion Zaziek:

        — Noiz arte segitu behar duzu nire osabarekin kattottean? Ez al dakizu ezkondurik dagoela?

        — Andereño, zure adierazpen maltzur horiek ez dagozkio batere alargun-egoera aspaldian ezagutu zuen emakume honi.

        — Alde egin ahal baneza! —esan zuen Gabrielek marmarioan.

        — Ez lehenago erantzun gabe —esan zion Zaziek.

        Zeruaren garbiari begira zegoen Gabriel, erabateko axolagabean bizi direnen imintzioan.

        — Ez du nahi duenik ematen —esan zuen alargunak objetiboki.

        — Beste erremediorik ez du.

        Eta Zaziek zimiko baten aierua egin zuen. Ukitu ez zuen arren, jauzi egin zuen osabak. Bozkario handian zeuden bi emakumeak. Helduenak, barreak eraginiko ikaratxoak menderatu eta honako galdera hau egin zuen:

        — Zer nahi huen ba esatea?

        — Hormosesuala den ala ez.

        — Bera? —galdetu zuen andereak (unea)—. Ez zagon batere dudarik!

        — Zertan ez dago dudarik? —galdetu zuen Gabrielek mehatxuan.

        — Horietako bat zarela.

        Hain barregarri gertatzen ari zitzaion hura non ezin eutsi zion irriari.

        — Ez esan! —esan zuen Gabrielek, andereari boltsa eskuetatik saltarazi zion bizkarreko txiki bat ematen zion bitartean.

        — Ez dago zurekin hitz egiterik! —esan zuen alargunak, lurrean barreaturiko objektu batzuk jasotzen ari zen bitartean.

        — Ez zara batere dotore ari anderearekin —esan zuen Zaziek.

        — Eta erantzunak saihestea ez da haur baten heziketa bideratzeko modu hoberena —erantsi zuen alargunak, Gabrielen ondoan berriro esertzera zihoanean.

        — Ulerkorrago izan behar duzu —erantsi zuen Zaziek zuri-zuri.

        Hortz-karraska hasi zen Gabriel.

        — Esaiozu ba! Zara ala ez zara?

        — Ez, ez eta ez —erantzun zuen Gabrielek irmoki.

        — Horixe esaten diten beti —azpimarratu zuen andereak, batere sinetsi gabe.

        — Azken finean —esan zuen Zaziek—, hori zer den jakin nahi nuke nik.

        — Zer den, zer?

        — Zer den hormosesual bat.

        — Ez al dakin?

        — Baditut neure ideiak, baina berak esatea nahi nuke.

        — Eta zein dira ideia horiek?

        — Osaba, atera ezazu zeure zapia une batez.

        Hasperen egin eta zintzo obeditu zuen Gabrielek. Lurrinez bete zen kalea.

        — Ulertu duzu? —galdetu zuen Zaziek zorrozki.

        Egiaztatu zuen alargunak:

        — Barbouze, Fior etxekoa.

        — Horra bada! —esan zuen Gabrielek zapia sakelara itzulirik—. Gizasemeentzako lurrina.

        — Hori bai egia —esan zuen alargunak.

        Eta Zazieri:

        — Ez dun deus ere asmatu hik.

        Gabrielengana egin zuen jira Zaziek, ikaragarri sumindurik:

        — Orduan, zergatik egin dizu tipoak salaketa hori?

        — Zer tipok? —galdetu zuen andereak.

        — Kalea egiten ari hintzela salatu din tipoak —iharduki zion Gabrielek, Zazieren asmoez jabeturik.

        — Zer kale? —galdetu zuen andereak.

        — Atx! —egin zuen oihu Gabrielek.

        — Ez espanturik egin, txiki! —esan zuen andereak errukituaren itxura eginez.

        — Ez dut zure aholkuen beharrik.

        Eta zimiko egin zion berriro Gabrieli.

        — Xarmagarriak dira gaztetxo hauek —egin zuen marmar ezaxolaturik Gabrielek, martiritza haren aurrean amore emanez.

        — Haurrak maite ez badituzu —esan zuen burgesak—, jakin liteke zergatik hartzen duzun haien heziketaren ardura?

        — Hori —esan zuen Gabrielek—, benetako historia duzu hori.

        — Kontaidazu ba! —esan zion andereak.

        — Ez, eskerrik asko —esan zuen Zaziek—. Ezagutzen dut.

        — Baina nik ez —esan zuen alargunak—, nik ez dut ezagutzen.

        — Bost axola niri! Noizko erantzun hori, osaba?

        — Esan dinat ba! Ez, ez eta ez!

        — Trebetasuna badu ideiak jarraian lotzeko, bai horixe! —egin zuen ohar andereak, bere juzkuaren orijinaltasunaz zeharo harturik.

        — Egoskorra bera bezalakoa! —esan zuen Gabrielek xamurturik.

        Beste ohar bat, aurrekoa bezain zorrotza, egin zuen andereak ondoren:

        — Ez dirudi ongi ezagutzen duzunik, haur hau. Zera esan liteke gainera, oraintxe ari zarela bere dohaiak pixka bat ezagutzen.

        Kakotxen artean ebaki zuen dohai hitza.

        — Popatik, dohaiak! —marmarikatu zuen Zaziek.

        — Begizorrotza zaitugu, andere! —esan zuen Gabrielek—. Izan ere, atzodanik dago neska hau enekin.

        — Ongi dakust.

        — Zer dakus horrek? —galdetu zuen Zaziek garrazki.

        — Ba ote daki berak ere? —esan zuen Gabrielek bizkarrak harrotuz.

        Parentesi peioratibo honetatik jo eta pasa egin eta honela galdetu zuen alargunak:

        — Zure iloba da?

        — Bai, nire iloba da —erantzun zion Gabrielek.

        — Eta bera nire izeba —gaineratu zuen Zaziek, txiste berri bat asmatu zuelakoan.

        Barkatu egin zioten, hain gaztea izaki.

        — Hello! —egin zuten oihu taxi batetik jaisten ari ziren pertsona batzuek.

        Aurreko ustekabe tamalgarria ahantzirik, supergidariaren atzetik abiatuak ziren Gabrielen zale gartsuenak, andere frantses hiztuna buru, auto-metaz josiriko laberinto luteziarrean barrena, eta berealdiko abiadan heldu ziren atzaparra erantsi nahian. Bozkario bizian zeuden, arrangura guztiak auzoan, horretarako arrazoiak bazituzketela ohartu ere gabe. Heldu zioten Gabrieli, goazen neska-mutilok gurea da-eta Sainte-Chapelle! oihukatuz, eta ibilgailuraino eraman zuten herrestan. Barrenean egokitu zuten, nahiko trebe, gauzak diren bezala, eta haren gainean pilatu ziren, kuttuneko monumentu hura xehe-xehe erakutsi aurretik ihes egin ez ziezaien. Inor ez zen Zazie eramateaz oroitu. Andere frantses hiztunak kidetasunezko sasi-keinu txiki bat egin zion ironiaz, autoa abiatzeaz batera, eta beste andere bat, aurrekoa bezain frankofonoa baina alarguna, jauzi txikitan hasi zen oihuka. Inguru haietan zebiltzan gizon-emakumeek erretira egin zuten ausiabartza hartatik, barearen bila.

        — Uluka segitzen baduzu —marmarikatu zuen Zaziek—, bada hor zomorro bat gugana etortzeko gogotan.

        — Zozoa alaena! —esan zuen alargunak—. Horrexegatik beragatik ari naun oihuka: Bahitzaileak harrapatu! Bahitzaileak harrapatu!

        Hantxe agertu zen azkenean polizia bat, atsoaren marruek hartaratua.

        — Zer gertatzen da hemen? —galdetu zuen.

        — Inork ez dizu deitu —esan zion Zaziek.

        — Zer dela-eta ba istilu hau? —esan zion zomorroak.

        — Gizon bat bahitu dute oraintxe bertan —esan zuen andereak arnas-estuka—. Gizon ederra gainera.

        — Kaka zaharra! —egin zuen marmar poliziak, guztiz interesaturik.

        — Nire izeba da —aurreratu zen Zazie.

        — Eta bahiturikoa? —galdetu zuen poliziak.

        — Bahiturikoa da nire izeba, artaburu!

        — Eta beste hau?

        Alarguna adierazten ari zen.

        — Hau? Deus ez da hau.

        Isildu egin zen polizia egoeraren nondik-norakoa hobeki aztertzearren. Zazieren epitetoak akuilaturik, proiektu asmutsu bat borobildu zuen andereak berehalakoan.

        — Korri egin dezagun bahitzaileen bila —esan zuen—, eta Sainte-Chapellen askatuko dugu.

        — Lekutan dago Sainte-Chapelle! —egin zion ohar auzoko sarjentoak burges airean—. Ni ez naiz cross-txapelduna.

        — Taxi bat har genezake nolanahi ere. Neronek ordainduko nuke.

        — Arrazoi du andereak —esan zuen Zaziek, nahiko xuhurra bera—. Ez da uste bezain txatxoa emakume hau.

        — Mila esker —esan zion andereak pozik.

        — Ez da zerik —erantzun zion Zaziek.

        — Atsegina da, halaz ere —esan zion berriro andereak.

        — Nahikoa da, nahikoa da —esan zuen Zaziek apalki.

        — Ea noizbait bukatzen dituzuen zirigontzi horiek guztiak —adierazi zuen poliziak.

        — Inork ez dizu zuri deus galdetu —esan zuen andereak.

        — Horrelakoak dituk emakumeak! —esan zuen auzoko sarjentoak—. Nolatan ez duzula deus eskatu? Polizia-zerbitzu bat eskatu didazu, ez da hala? Eta hori ezer ez bada, ezertxo ere ez dut ulertu nik orduan.

        Eta honela erantsi zuen nostalgiaz:

        — Hitzek ez dute garai bateko esanahia.

        Eta hasperen egin zuen oinetakoen puntari begira.

        — Honek ez dit osaba itzuliko —esan zuen Zaziek—. Berriro esango dute etxetik ihes egiten saiatu naizela eta ez da egia izango.

        — Ez kezkatu, neskato —esan zuen alargunak—. Behar den lekuan egongo naiz zure borondate on errugabeaz fede emateko.

        — Inork ez du inoren beharrik izaten benetan errugabea denean —esan zuen auzoko sarjentoak.

        — Urde zerria! —esan zuen Zaziek—. Urrunetik ikusten zaio nondik nora datorren. Berdinak dira guztiak!

        — Horren ongi ezagutzen al dituzu, gaixo horrek?

        — Ez dakizu nola gainera, andere —erantzun zion Zaziek asko ikusiarena eginez—. Jakin ezazu amak aitari burua erdibitu ziola aizkorakada batez. Haren ondotik, andanaka ezagutu ditut zomorroak, andanaka, neure andere ori.

        — Hau entzun beharra! —esan zuen auzoko sarjentoak.

        — Eta halaz ere, hutsaren hurrengo dira zomorroak epaileen aldean —esan zuen Zaziek—. Horiek bai...

        — Babo batzuk guztiak ere! —esan zuen poliziak alderdikeriarik gabe.

        — Horra! Ba honela (keinua) eduki ditut nik batzuk eta besteak, honela —esan zuen Zaziek.

        Begira zeukan alarguna, miraturik.

        — Eta ni? —galdetu zuen auzoko sarjentoak—. Nolakotzat naukazu ni?

        Goitik behera aztertu zuen Zaziek.

        — Zu —esan zuen—, nonbait ikusi zaitut nik lehen ere.

        — Harritzekoa litzateke —esan zuen poliziak.

        — Eta zergatik? Zergatik ez zintudan nik beste nonbait ikusiko?

        — Hori, zergatik? —esan zuen alargunak—. Arrazoi du txikiak.

        — Mila esker, andere —esan zion Zaziek.

        — Ez da zerik.

        — Baietz ba, baietz ba.

        — Adarra jotzen ari zaizkit —egin zuen marmar auzoko sarjentoak.

        — Eta? —esan zuen alargunak—. Hau al da egiten dakizun guztia? Baina, mugi zaitez gizona, mugi zaitez!

        — Beste tokiren batean ikusi dut nik, seguru nago! —esan zuen Zaziek.

        Baina, bat-batean, poliziaren gainean ezarri zituen alargunak mira guztiak.

        — Erakuts iezazkiguzu zure talentuak —esan zion, hitzekin batera begirada afrodisiako gartsu bat luzaturik—. Zu bezalako polizia eder batek trikimailu guztiak ezagutuko ditu ezbairik gabe. Legearen barneko trikimailuak, noski.

        — Babalore bat da —esan zuen Zaziek.

        — Ez ba! —esan zion andereak—. Akuilu txiki bat behar du. Ulerkor jokatu beharra dago berarekin.

        Behatu egin zion berriro, begiak heze eta gori.

        — Egon —esan zuen poliziak, bat-batean mugitzen hasi ondoren—. Orain bai, orain ikustekoa ikusi behar duzue. Ikusiko duzue noraino irits daitekeen Trouscaillon.

        — Trouscaillon du izena! —oihu egin zuen Zaziek gogobeterik.

        — Eta ni —esan zuen alargunak apur bat gorriturik—, Mouaque anderea naiz ni. Mundu guztia bezala —gaineratu zuen.

 

 

 

© Raymond Queneau

© itzulpenarena: Joxan Elosegi

 

 

"Raymond Queneau / Zazie metroan" orrialde nagusia