VIII

 

        — A, Paris! —oihu egin zuen Gabrielek bero-bero—. Hara, Zazie —segitu zuen bat-batean, urruneko zerbait adierazten ari zela—, begira!! Metroa!!

        — Metroa? — egin zuen Zaziek.

        Muturra beztu zuen.

        — Airekoa, jakina! —esan zuen Gabrielek ironiaz.

        Berriro egin zuen oihu, Zazie erretxin hasi baino lehen.

        — Eta hori? Begira! Panteoia!

        — Ez duk Panteoia —esan zuen Charlesek—, Inbalidoak dituk.

        — Ez zarete berriro hasiko, ezta? —esan zuen Zaziek.

        — Ez, baina... Ez al da hori Panteoia? —oihu egin zuen Gabrielek.

        — Ez, Inbalidoak —erantzun zuen Charlesek.

        Gabriel haren aldera itzuli eta begi-ninietara begiratu zion zuzen.

        — Horren seguru hago? —galdetu zion—. Horren seguru hago benetan?

        Erantzunik ez Charlesek.

        — Zertaz hago hain seguru, e? —jarraitu zuen Gabrielek.

        — Listo! —ulu egin zuen Charlesek—. Sacre-Cœurra zuan aurreko hori, ez Inbalidoak.

        — Eta hi? —esan zion Gabrielek alaiki—. Hi ez haiz menturaz sakre-tontoa izango?

        — Nolako pena ematen didazuen, agure barregarri gizagaixo horiek! —esan zuen Zaziek.

        Panoramari begira jarri ziren orduan biak. Bitartean, hiruehun metro beherago, bertikalean, gertatzen zena hasi zen aztertzen Zazie.

        — Ez da ba horren garaia —adierazi zuen Zaziek.

        — Nolanahi ere —esan zuen Charlesek—, ozta-ozta bereiz daiteke hemendik beheko jendea.

        — Bai —esan zuen Gabrielek sudur-zurrupada bat eginez—. Ozta-ozta ikusten dituk baina senti egiten zaiek.

        — Metroan baino gutxiago —esan zuen Charlesek.

        — Hik ez duk sekula metroa hartzen —esan zuen Gabrielek—. Nik ere ez, egia esan.

        Honela esan zion Zaziek osabari, sujet negargarri hartatik urrundu nahian:

        — Ez begiratu eta makur zaitez kanpoaldera. Hori zoramena, ikusiko duzu.

        Begiratu bat egin zuen Gabrielek amildegi sakonetara.

        — Zaldi beltzaren behorra! —esan zuen atzera egiten zuela—. Txorabiatu egiten da bat hemen!

        Kopeta xukatu eta zapiaren lurrina zabaldu zuen lau haizeetara.

        — Ni banoa beheiti —erantsi zuen—. Beheko horretan itxoingo dizuet, oraindik aski ez baduzue.

        Alde egin zuen, Zazieri eta Charlesi bertan atxiki zezaten betarik eman gabe.

        — Badu hogei urte ni hona igo gabe —esan zuen Charlesek—. Bezero asko ekarri dut honaino ordea.

        Kasurik ez Zaziek.

        — Zuk ez duzu askotan barre egiten —esan zion Zaziek—. Zenbat urte dituzu?

        — Zenbat hire ustez?

        — Ez oso gaztea: hogeita hamar urte.

        — Eta hamabost gehiago.

        — Ez duzu hain zaharra ematen. Eta osaba Gabrielek?

        — Hogeita hamabi.

        — Horrek zaharrago ematen du.

        — Ez iezaion horrelakorik esan. Negar egingo liken.

        — Zergatik? Hormosesualitatea praktikatzen duelako?

        — Nondik atera dun hik hori?

        — Hala esan dio tipoak osaba Gabrieli, ekarri nauen tipoak. Zera esaten zion, kartzelan sar zaitzaketela horrengatik, hormosesualitate horrengatik. Zer da hori?

        — Ez dun egia hori.

        — Bai, egia da, hala esan du tipoak! —iharduki zion Zaziek, bere hitz bakar bat ere zalantzan jartzea ezin eramanik.

        — Ez ninan horrelakorik esan nahi. Zera esan nahi ninan, ez dela egia tipoak Gabrielez esan duena.

        — Hormosesuala dela? Baina zer esan nahi du horrek? Lurrindurik ibiltzea?

        — Horixe eta bera. Ulertu dun.

        — Inor ez dute horregatik barrura eramaten.

        — Horixe ezetz.

        Amets egin zuten une batez, isilik, Sacré-Cœurrera begira.

        — Eta zu? —galdetu zuen Zaziek—. Hormosesuala zara zu ere?

        — Maritxu baten itxura ote dut ba?

        — Ez, baina txoferra zara.

        — Ikusten?

        — Ez dut deus ere ikusten.

        — Ez dinat, nolanahi ere, marrazkirik egingo.

        — Ongi marrazten duzu?

        Beste aldera jira egin eta Sainte-Clotilderen geziei, Gau eta Ballu-ren obrari, beha geratu zen. Honela proposatu zuen ondoren:

        — Zer, jaitsiko gara?

        — Esan —galdetu zion Zaziek mugitu gabe—, zergatik ez zara ezkondu?

        — Horrelakoa dun bizitza.

        — Zergatik ez zara ba ezkontzen?

        — Ez dinat gogoko inor aurkitu.

        Xixtu egin zuen Zaziek miraturik.

        — Snob galanta egina zaude haatik! —esan zuen.

        — Hola dun, neska. Eta gainera, zer uste dun hik, handitzean heure aukerako gizonak izango ditunala ezkontzeko?

        — Minutu txiki bat —esan zuen Zaziek—. Zertaz ari gara, gizonez ala emakumeez?

        — Emakumeak nire kasuan eta gizonak hirean.

        — Ez da gauza bera —esan zuen Zaziek.

        — Ez habil batere oker.

        — Grazia baduzue zuek, bai horixe! —esan zuen Zaziek—. Ez duzue sekulan ongi jakiten zertan ari zareten. Nekosoa izango da benetan. Horregatik hartzen ote duzue serio itxura hori hainbestetan?

        Irribarre bat eskaini zion Charlesek.

        — Eta ni —galdetu zion Zaziek—, gogoko nindukezu?

        — Neska mukizu bat baizik ez haiz hi.

        — Badira hamabost urtetan ezkontzen diren neskak, baita hamalau urtetan ere. Eta gizon batzuek gustoko dute hori.

        — Eta ni? Gogoko ninduken ni?

        — Horixe ezetz —erantzun zion Zaziek lañoki.

        Lehenengo egia hau dastatu ondoren, honela mintzatu zen Charles:

        — Ideia benetan xelebreak ditun, xelebreak, adin horretan.

        — Egia da. Askotan galdetzen diot neure buruari nora arraio joaten naizen haien bila.

        — Ez dinat nik esango.

        — Zergatik esaten dira gauza batzuk eta ez beste batzuk?

        — Ez geniken elkar ulertuko, esan beharrekoa esango ez bagenu.

        — Eta zuk, esan beharrekoa esaten al duzu zuk beti, ulergarri gertatzeko?

        — (keinua)

        — Halaz ere, ez da esaten den guztia ezinbestean esan behar. Besterik ere esan liteke.

        — (keinua).

        — Baina, erantzungo ote didazu?

        — Meningeak nekatzen dizkidan. Ez ditun galderak horiek guztiak!

        — Galderak dira, bai. Erantzuten ez dakizun galderak, besterik ez.

        — Uste dinat oraindik ez nagoela ezkontzarako listo —esan zuen Charlesek gogoetatsu.

        — O! Badakizu? Ez dituzte emakume guztiek nik bezalako galderak egiten.

        — Emakume guztiek! Esate ere! Emakume guztiek! Baina neska mukizu bat baizik ez haiz hi!

        — Barkatu, jauna. Prestatu egin da bat.

        — Bukatu dun ba!. Akabo likiskeriak!

        — Baina non da hemen likiskeria? Horrelakoa da bizitza.

        — Garbia dun bizitza.

        Biboteari tiraka hasi zen, begi-ertzetik Sacré-Cœur aldera behatzen zuen bitartean.

        — Ongi ezagutzen duzu zuk bizitza —esan zuen Zaziek—. Badirudi zure lanbidean denetik ikusten dela.

        — Non ikasi dun hik hori?

        — Sanctimontronais du dimanche igandeetako kazetan. Oso ongi dago egunkari hori probintzianoa izateko eta han agertzen dira amodio ospetsuak, astrologia eta nahi duzun guztia, eta zera kontatzen zuten taxi-gidariek sesualitatearen alde eta molde guztiak ikusten dituztela, beren naturaz ordaindu nahi izaten duten bezeroengandik hasita. Maiz gertatzen al zaizkizu horrelakoak?

        — Bu-ka-tu-dun.

        — Ez dakizu besterik esaten: bukatu dun, bukatu dun... Erreprimitu bat izango zara zu, seguru!

        — Mukizu jasanezina haiz benetan!

        — Ea ba, ez purrustaka hasi eta kontaizkidazu zure konplexuak.

        — Baina zer ez dugu oraindik entzun behar!

        — Beldur handia diezu emakumeei, ezta?

        — Banoan beheiti. Txorabiatzen hasia naun. Ez horren aurrean (keinua), ez, hi bezalako neska mukizu baten aurrean baizik.

        Urrundu eta horra non, luzaro gabe, itsas mailatik metro gutxi batzuk gora dagoen. Zain zegoen Gabriel, begiak motel eta eskuak zabalduriko belaun-buruen gainean. Charles iloba gabe ikusi orduko, jauzi bat egin zuen eta kolore berde grinatsu batez tintatu zitzaion aurpegia.

        — Ez didak ba hori egin duala esango —oihu egin zion.

        — Erortzen sumatuko huen —erantzun zion Charlesek, lur jota eseri ondoren.

        — Hori ez lukek deus izango. Baina bakarrik uztea...

        — Irteeran jasoko duk. Ez dik hanka egingo.

        — Bai, baina nork daki bitartean nolako iskanbilak sortaraz ditzakeen? (hasperena). Jakin izan banu!

        Erantzunik ez Charlesek. Lur jota zirauen.

        Dorreari begira egon zen Gabriel luzaroan, arreta bizian. Iruzkin hau egin zuen ondoren:

        — Jakin nahiko nikek zergatik irudikatzen duten Parisko hiria emakume bat bezala. Horrelako kirtenarekin! Hori eraiki aurretik, tira! Baina orain? Kirol eginez gizon bihurtzen diren emakumeak bezala. Egunkarietan irakurri diat hori.

        — (isilunea)

        — Eta? Mutu geratu haiz. Zer deritzak hik?

        Irrintzi luze mingarri bat egin zuen orduan Charlesek eta buruari heldu zion bi eskuen artean aieneka:

        — Berak ere —egiten zuen aiene—, berak ere, gauza bera beti... sesualitatea... beti... sesualitatea... eten gabe... narda... higuina... Besterik ez ditek gogoan.

        Bizkarrean jo zuen Gabrielek lagunxarren modura.

        — Zer ez doa ongi, Charles? —esan zion—. Zer gertatzen zaik?

        — Hire iloba duk... hire iloba puta hori...

        — A! Kontuz gero esaten duanarekin —oihu egin zion Gabrielek eskua bizkarretik kendu eta zeru aldera goratuz—, iloba iloba duk. Neur itzak hire solasak edo bestela hire amonaren berri ere izango duk xehe-xehe.

        Etsipenezko keinu bat egin zuen Charlesek eta bat-batean zutitu zen ondoren.

        — Banoak —esan zuen—. Nahiago diat neskato hori sekula gehiago ez ikusi. Agur.

        Auto aldera jo zuen bizkor.

        Atzetik joan zitzaion Gabriel korrika:

        — Nola moldatuko gara itzultzeko?

        — Har ezak metroa.

        — Hau izorratzea! —marru egin zuen Gabrielek, jazarpena bertan behera utzita.

        Urrundu egin zen taxia.

        Gogoetan egon zen une batzuez Gabriel, zutik. Honako hitz hauek esan zituen ondoren:

        — Izan ala ez izan, horra arazoa. Igo, jaitsi, joan, etorri, hainbeste egiten du gizonak non azkenean desagertu egiten baita. Taxi batek eramaten du, metro batek garraiatzen, dorrea ez da hartaz kezkatzen, ezta Panteoia ere. Ilusio bat baizik ez da Paris, amets (xarmagarri) bat baizik ez Gabriel, amets (edo amets gaizto) baten ilusioa Zazie eta historia hau guztia ilusio baten ilusioa, amets baten ametsa, nobelagile ergel batek (o, barkatu!) idaz-makinan moldaturiko eldarnio batetik harantz ozta-ozta doana. Han behean, Errepublikako plazatik urrunago, urrunxeago, noizbait izan, eskailerak igo eta jaitsi, karriketan barrena joan eta etorri, eta hainbeste egin ondoren, azkenean, desagertu ziren paristarrez beterik daude hilobiak. Forceps batek ekarri zituen, hil-karroza batek eramaten ditu eta dorrea herdoilduko da, eta Panteoia artezituko, hildako presenteegien hezurrak kezketan trenpaturiko hiri-humusean disolbatu baino askoz ere lehenago. Baina bizirik nago ni eta hortxe amaitzen da nire jakituria, une honetan berean ez baitakit deus ere bere alokairu-gurdian ihes eginiko taxizaleaz edo atmosferan hiruehun metroko altueran eskegirik dagoen ilobaz edo etxean geratu den emazteaz, Marceline eztiaz, ez dakit deus ere une honetan, hauxe baizik, esan dezadan alexandrotarretan: hortxe dituzue, hilik ia, ausente batzuk baizik ez baitira. Baina, zer ikusi ote dut inguruan dudan jende honen gazta iletsuen gainetik?

        Bidaiari batzuek inguratua zeukaten, inoizko turista-gidari horietakotzat hartua. Gabrielen begiradaren norabidean bihurtu zuten haiek ere burua.

        — Zer ikusi duzu ba? —galdetu zion haietako batek, frantses hizkuntza ongi menderatzen zuen abtek.

        — Bai —onartu zuen beste batek— zer dago ikusteko?

        — Horixe —erantsi zuen hirugarren batek— zer ikusi behar dugu?

        — Zerikusi? —galdetu zuen laugarren batek—, zerikusi? zerikusi? zerikusi?

        — Zerikusi? —erantzun zuen Gabrielek—, ba (keinu handia), Zazie, nire iloba Zazie, dorretik ateratzen eta gugana hurbiltzen!

        Kamarak klik-klak hasi ziren eta bidea egin zioten ondoren txikiari. Irriz iritsi zen Zazie, maltzur.

        — Aupa, osaba! Arrakasta handia, e?

        — Ikusten dun —erantzun zion Gabrielek kriskitin-kraskitin.

        Bizkarrak harrotu eta jende aldera begira hasi zen Zazie. Ez zuen Charles ikusten eta hartaz galdetu zion Gabrieli.

        — Alde egin din —erantzun zion Gabrielek.

        — Zergatik?

        — Haatik.

        — Haatik ez da erantzuna.

        — Alde egin din, horra!

        — Zerbaitengatik egingo zuen alde.

        — Badakin nolakoa den (keinua).

        — Ez didazu esan nahi?

        — Nik bezain ongi dakin hik.

        Parte hartu zuen bidaiari batek:

        — Male bonas horas collocamus si non dicis isti puellae the reason why this man Charles went away.

        — Adiskidea —erantzun zion Gabrielek—, ez zaitez besteren saltsetan sartu. She knows why and she bothers me quite a lot.

        — Baina, baina —oihu egin zuen Zaziek—, atzerriko mintzairak ere ezagutzen dituzu!

        — Ez dinat espreski egin —erantzun zuen Gabrielek begiak apalduz.

        — Most interesting —esan zuen bidaiarietako batek.

        Abiapuntura itzuli zen Zazie.

        — Honek ez dit argitu zergatik alde egin duen Charlesek.

        Urduri jarri zen Gabriel.

        — Ulertzen ez dituen gauzak esan dizkionalako. Haren adineko ez diren gauzak.

        — Osaba Gabriel, ulertzen ez dituzun gauzak, zure adineko ez diren gauzak, esango banizkizu, zer egingo zenuke?

        — Saiatu —esan zion Gabrielek herabe.

        — Adibidez —segitu zuen Zaziek gupida gabe—, adibidez, galdetuko banizu hormosesuala zaren ala ez, ulertuko zenuke zerbait? Zure adineko galdera izango litzateke?

        — Most interesting —esan zuen bidaiari batek (aurreko berak).

        — Gaixo Charles! —hasperen egin zuen Gabrielek.

        — Erantzungo didazu, bai ala ez? —oihu egin zuen Zaziek—. Ulertzen duzu hitz hori, hormosesual, ala ez?

        — Nola ez ba! —ulu egin zuen Gabrielek—. Nahi duzu marrazki bat egitea?

        Baietz esan zuen jendeak biziki interesaturik. Txalo egin zuten batzuek.

        — Ez duzu horretarako behar dena! —iharduki zion Zaziek.

        Orduan agertu zen Fedor Balanovitch.

        — Ea ba, mugitu, azkar! —hasi zen oihuka—. Schnell! Schnell! Itzul gaitezen autobusera, azkar!

        — Where are we going now?

        — Sainte-Chapellera —erantzun zuen Fedor Balanovitchek—. Arte gotikoaren bitxi ederrenetako bat. Mugitu, azkar! Schnell! Schnell!

        Baina jendea ez zen mugitzen, interesgarriagoak baitziren Gabriel eta haren iloba.

        — Ikusten? —esaten zion Zaziek osabari, deus ere marraztu ez zuela-eta—. Ikusten nola behar den hori ez duzun?

        — Zeinen higuina den batzuetan! —pentsatu zuen Gabrielek.

        Fedor Balanovitch autobusera igoa zen gainerakoak atzetik zituelakoan, baina hiruzpalau elbarri baizik ez ziotela jarraitu konturatu zen.

        — Baina zer da hau! —orroa egin zuen—. Ez al dago disziplinarik? Zer arraio ari ote dira hauek?

        Tutua jo zuen bizpahiru aldiz. Inor ez zen mugitu. Gehiegizko zarata haietaz arduraturiko zomorro batek bakarrik egin zion kasu begirada beltz batez. Fedor Balanovitchek mota horretako pertsonaia batekin ahozko istilurik nahi ez zuenez, txofer-zulotik jaitsi eta bere ardurapekoen taldera zuzendu zen mutin hartarako arrazoiak ikastearren.

        — Baina, Gabriella duk-eta! —oihu egin zuen—. Zer habil, motell, hemen barrena?

        — Xxt... —egin zuen Gabrielek.

        Ahoa zabalik utzi zituen topaldi-ikuskizun hark Gabrielen inguruan ziharduen miresle-taldeko kide guztiak.

        — Nolanahi ere —segitu zuen Fedor Balanovitchek— ez diek orain egingo Zisnearen Heriotzeko eszena tutu-jantzian?

        — Xxt... —egin zuen berriro Gabrielek, hitzaldi luzetarako gogorik gabe.

        — Eta nor da garraio daramaan neskato hori? Non harrapatu duk?

        — Nire iloba duk eta saia hadi nire familia errespetatzen, baita txikiak ere.

        — Nor da tipo hori? —galdetu zuen Zaziek.

        — Lagun bat —esan zuen Gabrielek—. Fedor Balanovitch.

        — Ikusten duk —esan zion Fedor Balanovitchek Gabrieli—. Utzi ditiat dagoeneko txerpolari-lanak. Gorago igo nauk gizarte hierarkian eta orain Sainte-Chapelle aldera eraman behar ditiat txatxo hauek guztiak.

        — Eraman gintzakek orduan etxera. Garraio greba alu honekin pikutara joan zaizkiguk plan guztiak, ezin diagu nahi bezala egin. Ez zagok taxirik inon ere.

        — Ez gara oraindik itzuliko, ezta? —esan zuen Zaziek.

        — Aurrez Sainte-Chapelletik igaro beharko dugu nolanahi ere, laster itxi behar ditek-eta —adierazi zuen Fedor Balanovitchek—. Han egon eta gero —erantsi zuen, Gabrieli zuzenduz—, hire etxetik igaro gintezkek.

        — Interesgarria al da Sainte-Chapelle hori? —galdetu zion Gabrielek.

        — Sainte-Chapelle! Sainte-Chapelle! —Horrelako zarata ateratzen zuen turisten orroak eta oihu haiek egin zituen taldeak berak eraman zuen Gabriel autobus barreneraino, adore geraezin batez.

        — Begitan jo zien, bete-betean —esan zion Fedor Balanovitchek Zazieri, atzean geratuak biak.

        — Nolanahi ere, ez dezala pentsa babalore-talde horrekin joango naizenik —esan zuen Zaziek.

        — Bost axola niri! —esan zuen Fedor Balanovitchek.

        Eta autobusean egokitu zen berriro, bolantearen eta mikroaren aurrean. Berehala hasi zen mikroan:

        — Goazen ba! Azkar! —egin zuen oihu goraki eta alaitsu— Schnell! Schnell!

        Miresleek leku eroso batean egokitu zuten Gabriel eta, makina egokiak eskuetan, argiaren indarra neurtu zuten, argazkiak eguneko argi-itzalen efektuez egin ahal izateko. Kontu hauek guztiek lausengatzen zuten arren, ilobaren zorteaz kezkatu zen. Iloba higikundearen atzetik joateko prest ez zegoela Fedor Balanovitchengandik jakin ondoan, xenofonoen xarma-ingurua eten, autobusetik jaitsi eta harengana joan ondoren, beso batez heldu zion Zazieri, autobusera arrastaka eramateko.

        Argazki-makinak klik-klak, klik-klak geldigabe.

        — Min egiten didazu —garrasi egiten zuen Zaziek amorruz beterik.

        Baina bera ere eraman zuen Sainte-Chapelle aldera pneumatiko lodiko ibilgailuak.

 

 

 

© Raymond Queneau

© itzulpenarena: Joxan Elosegi

 

 

"Raymond Queneau / Zazie metroan" orrialde nagusia