VI

 

        — Zer ari dira elkarri kontatzen? —galdetu zuen Zaziek blujinak ia gerriraino jantziak zituela.

        — Apalegi mintzo ditun —esan zuen Marcelinek eztiki, belarria gelako atean paratua zuela—. Ez naun deus ulertzera iristen.

        Gezurretan ari zen Marceline eztiki, ederki asko entzuten baitzituen tipoaren esanak: bueno, bueno, horregatik beraz, maritxu bat zarelako utzi du amak umea zure babespean, ezta? eta Gabrielek erantzuten zion: Ez ba, esan dizut ba ez naizela maritxu bat. Egia da, neure saioa egiten dut emakumez jantzirik boite horietako batean, egia, baina horrek ez du deus esan nahi. Jendea libertiarazteko zerbait da, besterik ez. Uler ezazu, jendeak eztanda egiten du barrez ni, honen handia, itxura horretan ikusita. Baina ni ez, ni ez naiz horietakoa. Eta gainera, ezkondurik nago ni, horra froga garbia.

        Ispiluaren aurrean zegoen Zazie adurrari ezin eutsiz, bere buruaz miratua. Neurri-neurrira zituen blujinak, oso ongi. Eskuak pasa zituen galtzetan estuturiko ipur-masail txikietatik eta hasperen sakon bat egin zuen ondoren, asebeterik.

        — Ez duzu ezer entzuten? —galdetu zuen—. Ezertxo ere ez?

        — Ez —erantzun zion Marcelinek eztiki, gezurretan orain ere.

        Hizketan ari baitzen tipoa: Horrek ez du deus esan nahi. Nolanahi ere, ez didazu niri ukatuko benetako izebatzat zaituelako utzi dizula amak haurra. Amore eman behar izan zuen orduan Gabrielek: bada zerbait, bada zerbait, aitortu zuen.

        — Zer moduz nago? —galdetu zuen Zaziek—. Ez al nago dotore?

        Gizonen arteko kontuak utzi eta begira jarri zitzaion Marceline.

        — Horrela janzten ditun oraingo neskatoak —esan zuen eztiki.

        — Ez duzu gogoko?

        — Bai, noski. Baina, esan, ez ote du gizon horrek zerbait esango zorroa hartu dionala ohartzean?

        — Zenbat aldiz esan behar dut nireak direla? Ahoa bete hortz geratuko da ikusten nauenean.

        — Irten nahi dun orduan, berak alde egin baino lehen.

        — Jakina! —baieztatu zuen Zaziek— Ez naiz hemen umo-umo egin arte geratuko!

        Gela igaro eta atean itsatsi zuen belarria berak ere. Tipoaren ahotsa entzun zuen: Hara! Non jarri dut ba neure zorroa?

        — Aizu, izeba Marceline —esan zuen—, bietako bat, edo adarra jotzen ari zatzaizkit edo herriko elizako horma baino gorrago zaude. Ongi baino hobekiago entzuten zaie guztia.

        — A bai? Zertan dira ba berriketa horiek?

        Izebaren bat-bateko gorraire haren azterketa sakona beste momentu baterako utzi eta berriro itsatsi zuen leihatila atearen zurean. Hizketan ari zen tipoa: Hau da hau! Espero dut txikiak berriro ez hartu izana, nire zorroa. Eta Gabrielek: ez duzu beharbada zurekin ekarri. Nola ezetz? tipoak. Neskatoak eraman badu, ez da zalapartarik faltako etxe honetan!

        — Nolako hitzontzia den! —esan zuen Zaziek.

        — Ez du oraindik amaitu? —galdetu zuen Marcelinek eztiki.

        — Ez —esan zuen Zaziek—. Zurekiko txanda da oraingoan.

        Nork jakin, ari zen tipoa, zure emazteak ebatsiko zidan beharbada zorroa. Blujinak janzteko gogotan egongo da bera ere, ez litzateke batere harritzekoa izango. Hori bai ezetz, erantzun zion Gabrielek, hori bai ezetz. Zer dakizu zuk? iharduki zion tipoak. Aisa etor daitezke ideia horiek itxura hormosesualak dituen senarra edukita.

        — Zer da hormosesual bat —galdetu zuen Zaziek.

        — Blujinak janzten dituen gizaseme bat —esan zion Marcelinek eztiki.

        — Txantxetan ari zara —esan zuen Zaziek.

        — Aurrean bidali beharko zinan Gabrielek —esan zuen Marcelinek eztiki.

        — Ez dago gaizki esana —esan zuen Zaziek.

        Eta gero, mesfidantzaz.

        — Behar dena badu hori egiteko?

        — Ikusiko dun.

        — Egon. Ni sartuko naiz aurrena.

        Atea ireki eta honako hitz hauek esan zituen, ozen eta garbi:

        — Aupa osaba! Zer moduz ikusten nauzu blujin hauekin?

        — Erantzi itzan oraintxe bertan! —egin zuen oihu Gabrielek—. Eta itzuli egizkion gizon honi berehalakoan!

        — Popatik, itzuli! —ihardetsi zion Zaziek—. Ez duzue arrazoirik. Nireak dira blujinak.

        — Ez nagon horren seguru —esan zion Gabrielek umore txarrez.

        — Hori da —esan zuen tipoak—. Erantzi, eta berehala gainera!

        — Bota ezazu etxetik —esan zion Zaziek Gabrieli.

        — Ederra kontua! —esan zuen Gabrielek—. Zomorroa dela esanez ekarri dun eta orain bizkarra bero niezaion nahi huke.

        — Ez duzu beldurrik izan behar zomorroa bada ere —esan zuen Zaziek hitz handi—. Egundoko urdea egina dago eta proposamen likitsak egin dizkit. Polizietan poliziena izanagatik ere, epaileengana joko dugu, ongi ezagutzen ditut nik epaileak, neskatoak maite dituzte epaileek, eta zomorro urde zerri nazkagarri hau hiltzera kondenatuko dute, gilotinan, eta nik otarreko zerrautsetatik burua atera eta tu egingo diot zerri-mutur higuingarri horretan, horra! (keinua).

        Begiak itxi zituen Gabrielek, dardarean, hainbesteko izugarrikerien aurrean. Tipoari ekin zion ondoren.

        — Aditzen? —esan zion—. Ongi neurtu ote dituzu horren ondorioak. Izugarriak dira, badakizu, haurrak.

        — Osaba Gabriel —oihu egin zuen Zaziek—, blujinak nireak dira, zin dagizut. Defenda nazazu, osaba Gabriel, defenda nazazu. Zer esango ote du amak jakiten duenean gaiztagin zerri handi bati, gixonkila urde okaztagarri bati edo, nork daki, lizentziarik gabeko taxizale higuin horietako bati, utzi diozula Zazieri zernahi irain egiten?

        — Primeran, Zazie —erantsi zuen bere artean, barneko ahots txikiaz baliaturik—, Michèle Morgan La Dame aux camélias-en baino hobeki portatu haiz.

        Biziki hunkiturik utzi zuen Gabriel deialdi patetiko hark eta, mezza voce, in petto ia, neurturiko hitzetan adierazi zuen bere egonezina:

        — Higuingarria da, benetan, zomorro horietako bat lepoan eraman beharra!

        Irriño egin zuen tipoak.

        — Zeinen zitala zaren! —esan zuen Gabrielek lotsagorrituz.

        — Baina, baina, ez duzu muturretik aurrera deus ikusten! —esan zuen tipoak mefistofele-doinu nazkagarri batez—. Proxenetismoa, iruzurra, hipospadia balanikoa... hamar urte guztira galeretan.

        Marcelineri ekin zion ondoren:

        — Eta anderea? Gauzatxo batzuk ikasi nahiko nituzke andereari buruz.

        — Zer nolako gauzak? —galdetu zuen Marcelinek eztiki.

        — Ez erantzun, zeure abokatuaren aurrean ez bada —esan zuen Zaziek—. Osabak ez dit kasurik egin nahi izan eta begira nolako lohian sartua den dagoeneko.

        — Isilduko haiz? —esan zion tipoak Zazieri—. Bon —ekin zion berriro—, esan ote zeniezadake, andere horrek, zer lanbide duzun.

        — Etxekoandre —erantzun zion Gabrielek basaki.

        — Eta zer da hori? —galdetu zuen tipoak ironiaz.

        Jira eta begi-keinu bat egin zion Gabrielek Zazieri, txikia zetorrena dastatzeko presta zedin.

        — Zer da hori, zer da hori? —anafora egin zuen Gabrielek ondoren—. Ba... zakarra kanpora ateratzea, adibidez.

        Jaka-paparretatik heldu eta beterrietara jaurti zuen tipoa eskaileretan behera.

        Soinu lehor bat entzun zen.

        Bide beretik joan zen kapelua, baina zarata txikiagoa atera zuen, onddoa ederra izanagatik.

        — Bikain! —oihu egin zuen Zaziek lorian.

        Bitartean, hantxe ari zen tipoa, beterrietan, mustaxa eta antioju beltzak beren tokian berregokitzen.

        — Zer hartuko dugu, nagusi? —galdetu zion Turandotek.

        — Bixigarri bat —erantzun zion tipoak propio.

        — Era guztietakoak ditugu, aukeratu.

        — Nahi duzuna atera.

        Taberna hondora joan zen esertzera.

        — Zer emango diot? —hasi zen Turandot gogoetan—. Fernet-branca   Urdailerako «bertute ongarriak» omen dituen likore edo «digestif» ezaguna. (Itzultzailearen oharra) bat?

        — Edanezina duk hori —esan zion Charlesek.

        — Zer jakingo duk hik? Ez duk-eta sekulan probatu! Ez duk hain txarra, eta primerakoa urdailerako gainera. Probatu beharko huke.

        — Atera ba, xorta bat —esan zion Charlesek moldakor.

        Basoa bete zion Turandotek.

        Ezpainak hezatu, palasta-soinu txiki bat egin eta, edabea aho barnean zuela, dastatzen hasi zen Charles ezpainei gogoetatsu eraginez. Barrura eta berriro ekin zion zeremoniari.

        — Eta? —galdetu zion Turandotek.

        — Hainbestean.

        — Beste xorta bat?

        Basoa atzera bete eta apalean utzi zuen botila. Miaka segitu zuen ondoren, zerbait aurkitu zuen arte.

        — Arkabuz-ura   Jatorrizko bertsioan eau d'arquebuse, arkabuz zauriak «sendatzen» omen zituen patarra. (Itzultzailearen oharra) ere badiagu —esan zuen.

        — Antigoalekoa duk hori. Gaurko egunean ur atomikoa behar genikek, ur atomikoa.

        Barrez lehertarazi zuen jende guztia unibertsoko historiaren aipamen honek.

        — Hola, hola! —oihu egin zuen Gabrielek tabernan dena emana sartzeaz batera—. Ez zarete zulo honetan aspertzen, e? Ez zaizue niri bezala gertatu, ez! Nolako istorioa, neska-mutilok! Aizak hi, granadina bat atera egidak, ongi hornitua, ez salda bat, aditzen? Bixigarri bat behar diat instantean. Ez dakizue oraintxe bertan zer gertatu zaidan!

        — Kontatuko diguk geroxeago —adierazi zion Turandotek haserre xamar.

        — Hara! Egunon motel —Esan zion Gabrielek Charlesi—. Gurekin bazkalduko duk?

        — Ez al ginen horretan?

        — Gogora ekarri nahi izan diat, besterik ez.

        — Ez zagok gogora ekarri beharrik. Ez diat ahantzi.

        — Berretsi egiten diat orduan gonbitea.

        — Ez zagok berretsi beharrik. Ez al ginen horretan?

        — Gurekin bazkalduko duk orduan —bukatu zuen Gabrielek, azken hitza beti bere.

        — Hitz eta pitz ari haiz —bota zuen Laverdurek—, hitz eta pitz, besterik ez dakik egiten.

        — Edan ezak, ba —esan zion Turandotek Gabrieli.

        Hitzez hitz bete zuen Gabrielek aholkua.

        — (hasperena) Hau istorioa! Ikusi al duzue Zazie beste tipo batekin itzultzen?

        — Ba... baaai —murdukatu zuten Turandotek eta Mado Ptits-piedsek apalki.

        — Geroago iritsi nauk ni —esan zuen Charlesek.

        — Eta zuetako inork ikusi al du berriro tipoa? —galdetu zuen Gabrielek.

        — Ez zakiat ba —esan zion Turandotek—, ez diat haren sudurra ongi ikusteko betarik izan, eta berriro ikusita ere ez nikek beharbada ezagutuko, baina, ez ote da atzealde horretan, tabernaren hondoan, eserita dagoen tipo hori?

        Itzuli egin zen Gabriel eta hantxe ikusi zuen tipoa, aulki batean eserita, lasai, bixigarriaren zain.

        — Alajainkoa! —esan zuen Turandotek—. Egia da, barkatu jauna, ahantzia nuen.

        — Ez kezkatu, gizona —esan zuen tipoak gizalegez.

        — Zer moduz fernet-branca bat?

        — Hori baldin bada zure aholkua...

        Mintxuriak jo zuen une hartan berean Gabriel, eta lurrera erori zen zerraldo.

        — Bi izan daitezela —esan zuen Charlesek, laguna lurretik jasotzen ari zela.

        — Bi fernet-branca, bi —erantzun zuen Turandotek mekanikoki.

        Urduri zegoen Turandot. Ez zuen basoak betetzen asmatzen, dardarka zituen eskuak. Basoen ondoan putzu beltzaska batzuk eratu ziren; pseudopodo luzeak irteten ari ziren haietatik okupazio garaian zurez berritu zuten barra zikintzeko xedean.

        — Utzidazu niri —esan zuen Mado Ptits-piedsek, botila nagusi nahasiaren eskuetatik erauzi ondoan.

        Kopeta xukatu zuen Turandotek. Zurrupada lasaiak egiten ari zen bitartean tipoa, bixigarria mahaian baitzuen dagoeneko. Sudurra zimikoan hartu eta hortzen artean isuri zion edabea Charlesek Gabrieli. Tanta gutxi batzuk loratu ziren haren ezpain-ertzetan. Ernatu zen Gabriel.

        — Txerri hori! —esan zion Charlesek amultsuki.

        — Barru eskasa —azpimarratu zuen tipoak susperturik.

        — Ez zara ongi ari, ez horixe!—esan zuen Turandotek—. Erakutsi beharrekoak erakutsi zituen gerra garaian.

        — Zer erakutsi zuen ba? —galdetu zuen tipoak axolarik gabe.

        — Steoa   STO, Service du Travil Obligatoire, Vichy-ko gobernuak 1943tik aurrera 20-23 urte bitarteko gazte frantsesei nazien alde eginarazi zien derrigorrezko lanaren izena. (Itzultzailearen oharra) egin zuen —erantzun zion tabernariak, beste fernet-erronda bat listatzen ari zela.

        — A —esan zuen tipoak axolagabe.

        — Ez zara beharbada oroitzen —esan zion Turandotek—. Zeinen azkar ahanzten ditugun gauzak. Derrigorrezko lana. Alemanian. Ez ote zara oroitzen?

        — Horrek ez du barru sendoa ezinbestean erakusten —azpimarratu zuen tipoak.

        — Eta bonbak? —iharduki zion Turandotek—. Ahantzi al dituzu bonbak?

        — Zer egiten zuen ba, zuen morroskoak bonbekin? Besoetan jaso eztanda egin ez zezaten?

        — Ez duzu batere graziarik —esan zion Charlesek, urduri jartzen hasia ordurako.

        — Zaudete isilik! —esan zuen Gabrielek, ohiko paisaiarekin topo egin ondoan.

        Erdi-balantzan, egia aitor dezagun, urrats batzuk egin eta aulki batean amildu zen, tipoa zegoen mahai berean halabeharrez. Sakelatik malba koloreko xatar txiki bat atera eta, hartaz baliaturik, aurpegia xartakatu ondoan, ilargiko anbarez eta zilar-muxketaz lurrindu zuen taberna.

        — Pua! —egin zuen tipoak—. Nolako kiratsa zure oihaleriak!

        — Berriro ere ni inpromatzen hasi behar al duzu? —galdetu zion Gabrielek sumindu antzean—. Fior etxeko lurrina duzu, jakizu.

        — Ulertu egin behar zaiok jendeari —esan zion Charlesek—. Ugari dira mundu honetan gauza finak prezia ez ditzaketen astakaikuak.

        — Gauza finak? Ez adarrik jo! —esan zuen tipoak—. Kaka-findegi batean findu dute hori!

        — Ez zabiltza, ez, urrun —esan zuen Gabrielek jostakin—. Badirudi etxe hoberenek tanta bat eransten dietela beti beren gaiei.

        — Kolonia ere horrela egiten ote dute? —galdetu zuen Turandotek, taldera herabe bildu ondoren.

        — Zeinen kirtena haizen hi ere! —azaldu zion Charlesek—. Ez haiz konturatu Gabrielek, batere konprenitu gabe zer dioen, errepika eta errepika egiten dituela entzundako txorakeria guztiak, behin entzunagatik ere.

        — Nola errepikatuko ditut entzuten ez baditut? —iharduki zion Gabrielek—. Sekula bota ote duk hik herorrek asmaturiko txorakeriarik?

        — Ez gaitezen espantuka hasi —esan zuen tipoak.

        — Non da hemen espantua? —galdetu zion Charlesek.

        Zirkinik ez tipoak, lasai.

        — Ez al duzu sekula txorakeriarik esaten? —galdetu zion maltzur.

        — Beretzat gordetzen ditu guztiak —esan zien Charlesek beste biei—. Nagusitu bat da.

        — Ez diat deus ulertzen —esan zuen Turandotek.

        — Nondik hasi gara? —galdetu zuen Gabrielek.

        — Esaten ari nintzaian hik ezin dituala esaten dituan txorakeria guztiak besterik gabe asmatu —esan zuen Charlesek.

        — Zein txorakeria?

        — Ez zakiat. Hainbeste esaten dituk...

        — Orduan, ez duk hain zaila izango bat bederen aipatzea.

        — Ni banoak, mutilak, segi lasai zuen kontuetan —esan zuen Tuandotek, jokoz kanpo aspaldian.— Jendea heldu duk.

        Eguerditarrak ziren, xakutoa eta guzti haietako batzuk. Laverdureren txioa entzun zitekeen: hitz eta pitz ari haiz, hitz eta pitz, besterik ez dakik egiten.

        — Bon —esan zuen Gabrielek gogoetatsu—, zertaz mintzatuko gara?

        — Ezertaz ez —erantzun zuen tipoak—, ezertaz ez.

        Nazka-aurpegia jarri zion Gabrielek.

        — Hala bada, zer arraio egiten ari naiz ni hemen?

        — Nire bila etorri haiz —esan zuen Charlesek—. Oroitzen haiz? Hire etxean bazkalduko diat eta Eiffel Dorrera eramango diagu txikia ondoren.

        — Goazemak ba!

        Altxa egin zen Gabriel eta, Charles atzean zuela, mahaia utzi zuen tipoari agur egin gabe.

        Mado-Ptits-piedsi deitu zion tipoak (keinua).

        — Beratan bazkalduko dut, hemen nagoenez gero —esan zuen.

        Eskaileratan gora zihoazela, geratu eta horrela adierazi zion Gabrielek bere lagunxarrari.

        — Gonbidatu egin behar genian, ez zaik iruditzen?

 

 

 

© Raymond Queneau

© itzulpenarena: Joxan Elosegi

 

 

"Raymond Queneau / Zazie metroan" orrialde nagusia