V

 

        Tipoa isildu eta berriro ekin zion Zaziek hitzaldiari:

        — Aita bakarrik zegoen etxean, bakar-bakarrik, zain... ez zegoen deus bereziren zain, baina zain zegoen, bakar-bakarrik, hala uste zuen berak behintzat. Egon pixka batean, ulertuko duzu. Sartu naiz ba halako batean eta, a, total egina zegoen, zahagia baino mozkorrago, esan gabe doa. Sartu naiz ba, eta hortxe hasi zait musuka, nahiko normala bestalde, nire aita baitzen, baina hara non hasten zaidan han eta hemen ukitzen, zirri eta zirri, eta nik, a ez, honelakorik sekula ere ez, bai bainekien noraino iritsi nahi zuen urdeak. Jauzi egin du orduan aitak ate aldera, itxi eta giltza gorde du patrikan. Bat-batean, begiak biratu eta a, aa, aaa... zineman bezala hasi da oihuka, mundiala! Iztapetik pasatuko haut, oihu egiten zuen, iztapetik pasatuko haut...! Lerdea zerion tipoari mehatxu lohi haiek egiten ari zitzaidan horretan, eta salto egin zuen nire gainera azkenean. Ozta-ozta saihestu nuen. Arrailduta zegoenez, muturrez aurrera erori zen lurrera. Jaiki eta toreatzen hasi zait berriro, pase motzean, benetako corrida. Haren eskuetan nago atzera. Zirrika hasi da berriro urdea. Baina atea ireki da une horretan berean, emeki-emeki, izan ere, jakin ezazu, amak zera esan zion, dendara zihoala espageti eta txerri-txuletak erostera, baina ez zen egia, gezurra asmatu zuen amak, aizkora gordea zuen gobaralekuan ezkutatu baitzen eta, jakina, giltzak ere aldean zituen. Azkarra gure atsotxoa, ezta?

        — Bai, hala da —erantzun dio tipoak.

        — Orduan, atea isil-isilean ireki eta lasai-lasai sartu da etxean. Aitak ez zuen horrelakorik espero, gizagaixoak, ez zen ezertaz ere ohartu eta horrenbestean erdibitu zioten buruko hezurra. Amak neurri guztiak hartu zituen ez huts egiteko, ez dago esan beharrik. Ez zen ikuskizun polita izan. Nazkagarria esango nuke. Ez nago ni konplexutarako ordea. Honenbestez utzi zuten ama libre. Egokiera izan nuen guztietan adierazi nuen nola Georgesek zorroztu zion aizkora, baina alferrik, zera esan zuten, senarra tamaina horretako urdea denean beste erremediorik ez dagoela, akatu beharra dagoela ezinbestean. Esan dizut ba, zorionak ere eman zizkioten. Gehiegizkoa, ez zaizu iruditzen?

        — Jendea... badakizu —esan du tipoak keinu bat eginez.

        — Oldarka hasi zitzaidan ama ondoren. Hala esan zidan, mokoprestua halakoa, zer dela-eta kontatu behar huen aizkoraren kontutzar hura? Eta hala erantzun nion nik: ez al zen ba egia? Ergela alaena, segitu zuen amak, eta txiki-txiki egin nahi izan ninduen bertan, hara bilduriko guztien bozkariorako. Baretu egin zuen Georgesek, ordea, eta, hain zegoen harro bere ezagunengandik txalo zaparrada hura bildu ondoan non aurrerantzean ez zuen besterik izan kaskoan. Puska batean iraun zuen horrela, puska batean.

        — Zer gertatu zen gero? —galdetu zuen tipoak.

        — Gero? Georges izan zen inguruka hasi zitzaidana. Zera esan zuen orduan amak, ezin zituela denak akatu, usain txarra hartuko baitzion azkenean baten batek, eta aurrean bidali zuen atetik kanpora. Morroirik gabe geratu zen niregatik. Ez ote da ederra hori? Ez ote zaizu goitik-beherako ama iruditzen?

        — Bai, noski — esan zuen tipoak guztiz ados.

        — Eta orain, ba... duela gutxi aurkitu du beste bat. Harekin etorri da Parisera, atzetik baitoakio beti. Eta ni satiro horien guztien artean, eta asko dira, asko, bakarrik ez uzteagatik, osaba Gabrielen babespean utzi nau. Badirudi ez dudala harekin zertan beldurtu.

        — Zergatik?

        — Horixe ez dakit. Atzo iritsi nintzen eta ez dut hori jakiteko astirik izan.

        — Zer lanbide du osaba Gabriel horrek?

        — Gau-zaindaria da, ez da sekula eguerdiko ordubata baino lehen jaikitzen.

        — Eta hik lo zegoen bitartean alde egin dun etxetik.

        — Horra.

        — Non bizi haiz?

        — Hor barrena (keinua).

        — Eta zergatik ari hintzen arestian negarrez kale-aulki horretan?

        Erantzunik ez Zaziek. Nazkatzen hasia da tipo horrekin.

        — Galdu egin haiz, ezta?

        Bizkarrak harrotu ditu Zaziek. Nolako zerria den tipo hori.

        — Emango hidake osaba Gabriel horren helbidea?

        Zazie hitzaldi handitan barneratu da, barneko ahots txikiak hartaratua: horixe bai ezetz, nolatan sartuko haiz horretan, zer uste du horrek? Ongi merezia din datorkiona.

        Bat-batean, zutitu, zorroa hartu eta hanka egin du ziztu bizian. Jendartera jo du, oinezkoen eta kale-saltzaileen artera, zuzen beti, ixkin eginez behar denean. Lasterka joan da ondoren, bira itxia eskuin aldera, bira itxia ezker aldera, motelago haraxeago, beste arinaldi bat, nahikoa, beste saio txiki bat, jira alde batera, jira beste aldera. Listo!

        Tipoaz eta tipoari geratuko zitzaion tonto-aurpegiaz barrez lehertzear zegoela konturatu zen goizegi zela festarako. Bazihoan baten bat bere ondoan. Ez zen tipo haren berri jakiteko begiak goratu beharrik, goratu zituen halere, nork jakin, besteren bat izan zitekeen. Baina ez, lehengo bera zen, berbera. Ez zirudien ezer berezirik gertatu zenik, hantxe zihoan tipoa, lasai ederrean.

        Zaziek ez zuen deus esan. Begitartea makur, auzoko jendea hasi zen aztertzen. Jendetzatik urrun zeuden, kale estuxeago batean, ordenuko jendea gora eta behera, babalore itxura galanta guztiek, familiaburuak, jubilatuak, emakume ponpoxak beren umeekin, urrezko jendea, horra!. Hauxe dun aukera, esan zion Zazieri barneko ahots txikiak. Arnasari eutsi, ahoa ireki eta gerrarako deiadarra zabaldu zuen lau haizeetara: satiro bat, harrapa ezazue, satiro bat! Baina tipoa ez zen bartarratsean sortua. Zorroa modu txarrean kendu eta neskatoa iharrosten hasi zen, honako hitz hauek goraki jaurtitzen zituen bitartean:

        — Ez dun lotsarik, lapurra alaena, bizkar emana nengoenean.

        Eta honela adierazi zion ordurako inguruan zeukan jendeari:

        — A, oraingo gazteak! Begira, begira zer lapurtu nahi zidan!

        Eta zorroa erakutsi zien buruaren gainetik.

        — Blujin pare bat! —marru egin zuen—. Mukizu honek blujin pare bat ostu nahi izan dit.

        — Hau mixeria —esan zuen etxekoandre batek.

        — Hazi gaiztokoa — esan zuen beste batek.

        — Lotsagarria —esan zuen hirugarren batek—. Ez ote dio inork sekulan neskato honi erakutsi jabetza sakratua dela?

        Neska iharrosi eta iharrosi segitzen zuen tipoak.

        — Eta komisariara eramango bahindut? E? Orduan, zer? Gartzelara zuzenean, aditzen?, Gartzelara! Eta adingabeen epaitegitik igaro beharko huke. Eta, azkenik, erreformatoriora. Ez hintzateke, ez, libratuko. Kondena gorena eta barrura!

        Leku hartatik pitxi exotikoen bila halabeharrez igarotzen ari zen goi mailako dama batek ontzat eduki zuen inguru hartan geldialdi bat egitea. Hara bildutako populu arruntari galdetu eta kostata baina ulertu ahal izan zuen azkenean istilu haren nondik-norakoa eta, denbora galdu gabe, itxuraz jendearen arreta piztu ez zuen gizaseme onddo-kapeludun muxarda handi antioju ilun bitxi harengan egon litezkeen giza-sentimenduen alde egin zuen.

        — Jauna —esan zuen—, urrikal zaitez haur gaixo honetaz. Ez da eman zioten heziketa zalantzarik gabe txar horren erantzule. Goseak ekarri du, seguru nago, gaiztakeria honetara, eta ez zaio horren erru guztia, «guztia» esan dut, berari leporatu behar. Ez ote zara inoiz goseak egon (isilunea), jauna?

        — Gasoeak ni, andere? —erantzun zion tipoak mingostasunez (zineman ez diten hobe egiten, pentsatu zuen Zaziek)— Ni? Goseak? Baina kajako umea naiz ni, andere!

        Errukizko murmurio batek durduzatu zuen entzulegoa. Hitz haien eraginaz baliaturik, erdiz-erdi egin zuen tipoak jendearen artetik eta herrestan eraman zuen Zazie, honako hitz handi hauek borobiltzen zituela trajedia klasikoetako doinuan: ikusiko dinagu zer dioten hire gurasoek.

        Isildu egin zen urrunxeago egon orduko. Mutu segitu zuten oinez une batzuetan eta bat-batean:

        — Hara! Tabernan utzi diat euritakoa —esan zuen tipoak.

        Bere artean ari zen, ahapean ia, baina segituan hauteman zuen Zaziek ohar horren esanahia. Ez zen, ez, sasizomorro baten itxura harturik zebilen satiro bat, baizik eta benetako zomorro baten itxura hartutako sasisatiro baten itxura hartua zuen benetako zomorroa. Argi zegoen dena, inondik ere: euritakoa ahantzia zuen. Arrazonamendu horrek ez zuen okerrik Zazieren ustez, eta zera pentsatu zuen, ez ote zen ideia polita izango osaba benetako zomorro baten aurrean jartzea. Halatan, tipoak, hura guztia oraindik amaitu gabe zegoela zin egin ondoan, non arraio bizi zen galdetu bezain laster eman zion neskak helbidea, bi aldiz pentsatu gabe. Amarruak fruitu gozoa eman zuen inolaz ere: atea ireki, Zazie! oihu egin eta neskatoaren iragarki alaia, «osaba, hona hemen zurekin hitz egin nahi duen polizia bat», entzun ondoren, paretari heldu eta kolore zurbila hartu zuen Gabrielek. Argia izan zitekeen, iluna baitzen sarrera hura. Nolanahi ere, ez ikusiarena egin zuen tipoak eta sarrera egin zion Gabrielek, sar zaitez ba, ahotsa kraskaturik.

        Sartu ziren ba jangelan, eta jauzi egin zuen Marcelinek Zaziegana pozaren pozez, haurra agertu zelako. Esan zion Gabrielek: ateraiozu zerbait gizon honi, baina besteak ezetz, ez zuela deus nahi. Gabrielek bestela egin eta litroko granadina eskatu zuen.

        Inork gonbidatu gabe eseri zen tipoa, Gabriel edalontzian xorta eder bat sirop isurtzen ari zen bitartean. Ur freskoa erantsi zion gero.

        — Ez duzu egiaz zerbait edan nahi?

        — (keinua)

        Gabrielek ziplo edan du bixigarria: basoa mahai gainean ezarri eta begira geratu da, begiak ezdeusean josiak. Baina tipoak ez du nonbait hitz egin nahi. Begira geratu zaizkie Zazie eta Marceline, zutik.

        Luzaroan egon ziren horrela.

        Isilaldi hura urratzeko bide egoki bat aurkitu zuen Gabrielek azkenean.

        — Polizia zaitugu orduan —esan zuen.

        — Ez, bai zera! —erantzun zion tipoak gogo onez— Kale-saltzaile arrunt bat baizik ez naiz ni.

        — Ez kasurik egin —ohar egin zuen Zaziek— zomorro arrunt bat baizik ez da-eta.

        — Eta ados jarrriko bagina? —esan zuen Gabrielek lagunkiro.

        — Txantxetan ari da txikia —azaldu zuen tipoak paperak galdu gabe—. Pedro-surplus deitzen naute eta Puces-ko azokan ikus nazakezue larunbat, igande eta astelehenetan, armada amerikarrak liberazioaren ondoan utzi zituen erreusak jendearen artean banatzen.

        — A. Eta urririk banatzen ote dituzu horiek guztiak? —galdetu zion Gabrielek jankimina piztu ondoren.

        — Adarra jotzen ala? —erantzun zion tipoak—. Diru xehearen aldera trukatzen ditut nik (isilunea). Oraingo honetan izan ezik.

        — Zer adierazi nahi izan duzu? —galdetu zuen Gabrielek.

        — Esan nahi dizut, garbi hitz egin dezagun, txikiak (keinua) blujin pare bat lapurtu didala.

        — Besterik ez bada —esan zuen Gabrielek—, itzul diezazkizula eta listo.

        — Urde zerria! —parte hartu zuen Zaziek—. Kendu egin dizkit berriro.

        — Orduan —esan zion Gabrielek tipoari—, zer duzu kexu?

        — Kexu naiz, besterik ez.

        — Nireak dira, blujinak —esan zuen Zaziek—. Berak lapurtu dizkit. Bai. Eta zomorroa da gainera. Ez zaitez berarekin fida, osaba.

        Nahasi xamar zegoen Gabriel eta granadinaz bete zuen berriro edalontzia.

        — Hau ez dago batere garbi —esan zuen—. Polizia bazara, ez dakit zergatik ari zaren hau guztia kontatzen, eta ez bazara, ez duzu niri galderak egiteko inolako arrazoirik.

        — Barkatu —esan zuen tipoak—, ez ni baina zu ari zara galderak egiten.

        — Egia da hori —aitortu zuen Gabrielek guztiz objetibo.

        — Akabo! —esan zuen Zaziek—. Urdearen sarean erori da.

        — Iritsi da, nire ustez, galderak egiteko garaia —esan zuen tipoak.

        — Ez erantzun, zeure abokatuaren aurrean ez bada —esan zuen Zaziek.

        — Utz nazan bakean —esan zion Gabrielek—. Bazakinat nola moldatu.

        — Nahi duen guztia esanaraziko dizu.

        — Tontotzat hartu nau txikiak —esan zion Gabrielek tipoari amultsuki—. Horrelakoak dira gaurko gazteak.

        — Gaurgero ez dago begirunerik zaharren aurrean —adierazi zuen tipoak.

        — Hunkigarria da benetan horrelako txorakeriak entzutea —argudiatu zuen Zaziek bereari eutsiz—. Nahiago dut kanpora joan.

        — Ez dago gaizki pentsatua —esan zuen tipoak—. Bigarren sexuko pertsonek une batez utziko bagintuzte...

        — Nola ez! —esan zuen Zaziek irri maltzur batez.

        Gelatik ateratzerakoan, isilean berreskuratu zuen Zaziek tipoak aulki baten gainean ahantzia zuen zorroa.

        — Bagoaz ba —esan zuen Marcelinek eztiki aterako bidea hartu aurretik.

        Eztiki itxi zuen atea gelatik irten ondoan.

        — Orduan —esan zuen tipoak (isilunea)—, neskatoen prostituziotik bizi zara zu orduan?

        Gabrielek protesta-keinu dramatiko baterako imintzioa egin zuen, baina bertan gelditu zen kokildurik.

        — Ni? —murduskatu zuen.

        — Bai, zu —iharduki zion tipoak—. Zu. Ezin ukatuko didazu hori.

        — Horixe baietz.

        — Kopeta galanta zurea! Atzamarrak zakuan harrapatu zaitut. Neskato hau kalea egiten ari zen Puces-ko azokan. Espero dut, behinik-behin, mairuekin ere joatera ez behartzea.

        — Horrelakorik ez, sekula ez, jauna.

        — Ezta poloniarrekin ere.

        — Ezta ere.

        — Frantsesekin eta turista aberatsekin bakarrik, e?

        — Inorekin ez, horra!

        Granadina berea egiten ari zen. Bizkorrago zegoen Gabriel.

        — Ukatu egiten duzu orduan —esan zuen tipoak.

        — Eta nola gainera!

        Deabruzko irribarre bat egin zuen tipoak, zineman bezala.

        — Esan bada, morrosko —xuxurlatu zuen—, zein da zeure delituzko iharduerak isilpean gordetzeko baliatzen zaren ogibide edo lanbidea?

        — Berriro esaten dizut nirean ez dagoela delituzko iharduerarik.

        — Alde batera istorio horiek. Lanbidea?

        — Artista.

        — Zu? Artista, zu? Txikiak gau-zaindaria zarela esan dit.

        — Zer daki horrek? Gainera, haurrei ezin zaie beti egia esan. Ez da hala?

        — Niri bai, ordea.

        — Baina zu ez zara haurra (irribarre amultsua). Granadina bat?

        — (keinua).

        Gabrielek beste baso bat bete zuen beretzat.

        — Segi dezagun —ekin zion berriro tipoak—. Zer artista mota?

        Apaldu egin ditu Gabrielek begiak.

        — Xarma-dantzaria —erantzun du.

 

 

 

© Raymond Queneau

© itzulpenarena: Joxan Elosegi

 

 

"Raymond Queneau / Zazie metroan" orrialde nagusia