IV

 

        Hiritarrek eta etxekoandreek eztabaida beroan segitzen zutelarik, lekutu egin zen handik Zazie. Eskuineko kaletik jo zuen lehenik, ezkerrekotik ondoren eta, hiriko ate baten aurrean gertatu zen tupustean. Etxe-orratz ikusgarriak, lauzpabost oinekoak, luzatzen ziren hiribide bikain baten ertzetan eta kale-denda zorritsuak nahastekatzen ziren haren espaloietan. Jende-saldo trinko malba kolore bat mugitzen ari zen, han-hemenka, bazter guztietatik. Globo-saltzaile batek eta feria-musikak bare-ukitu txiki bat ematen zioten ikuskizunaren bortitzari. Liluran zegoen Zazie. Denbora puxka bat eman zuen espaloian, beragandik hurbil xamar landatua zen burdineria barroko baten gaineko inskripzioa irakurri zuen arte: MÉtro. Instantean ahantzi zuen neskatoak kaleko ikuskizuna, eta metroaren ahora hurbildu zen, berea emozioak lehortua zegoela. Babeserako balaustra urrats txikitan inguratu eta sarrera aurkitu zuen azkenean. Itxirik zegoen, ordea, burdinazko ate-hesia. Arbel bat zeukan zintzilik, kleraz idatziriko inskripzio bat agerian. Nekerik gabe deszifratu zuen Zaziek: bere horretan zirauen grebak. Burdin-hauts idorraren usaina ateratzen zen eztiki galarazitako leizeetatik. Negarrari eman zion Zaziek, atsekabez.

        Hain plazer handia eman zioten isuritako malkoek non aulki batean eseri baitzen erosoago negar egiteko. Handik gutxira, ordea, aldamenean norbait bazuela ohartu eta perzepzio hark atera zuen aurreko nahigabeetatik. Egon egin zen, jakinmin, gertatu behar zuena gertatu arte. Eta gertatu zen. Hitz batzuk entzun ziren, gizonezko batek sasi-ahotsean ebakiak. Hona hemen belarrietara iritsi zitzaion galderazko esaldia:

        — Atsekabe handia dun neskatxa horrek, ez da hala?

        Galderaren hipokresiaren ergela ezin eramanik, Zaziek bikoiztu egin zuen negarraren bolumena. Zotinek bularra betikoz estutu beharrean ziharduten, halako maneraz ezen guztiak irensteko betarik gabe geratuko zela baitzirudien.

        — Horren larria al da? —galdetu zion gizonak.

        — Ba bai, jauna.

        Izan ere, bazen satiroak zer itxura zeukan ikusteko garaia. Eskua pasa zuen aurpegitik eta lokatzezko malko-xirripak bihurtu ziren arestiko negar-errekak. Aurpegiz aurpegi begiratu zion azkenean Zaziek. Ezin zien begiei sinetsi. Nolako piura! Mustaxa beltz lodiak, onddo-kapelua, euritakoa eta oinetako luze-zabal batzuk. Ezinezkoa, ziotson Zazieri bere barneko ahots txikiak, ezinezkoa dun, kalean amaitu duen aktore bat dun, lehengo haietako bat. Negargarria, barre egitea ere ahantzi zuen.

        Tipoak nola-halako keinu atsegina egin eta muki-zapi harrigarri garbi bat luzatu zion neskatoari. Eskura orduko, masailetan metaturiko zikin hezearen gainetik pasa zuen Zaziek zapia eta zintz egin zuen ondoren, gogoz eta adorez, eskaintza hura behar bezala borobiltzearren.

        — Baina nolatan horrela? —zioen tipoak animatu nahian— Zer gertatzen da hemen? Gurasoek jotzen haute? Zerbait galdu dun eta errietaren beldur hago?

        Hipotesiak egiten zituen hark. Zaziek ezin hezeago itzuli zion muki-zapia. Besteak ez zuen nazkarik batere adierazi zabor hura patrikara zeraman bitartean. Segitu zuen:

        — Guztia kontatu behar didan. Ez izan beldurrik. Fio haiteke nirekin.

        — A, bai, zergatik? —galdetu zion Zaziek murduska eta maltzur.

        — Zergatik? —errepikatu zuen tipoak nahasirik.

        Asfalto karraka hasi zen euritakoaren puntaz.

        — Bai —azaldu zion Zaziek—. Zergatik fidatu behar dut nik zurekin?

        — Ba —erantzun zion tipoak, karraka-lana utziaz batera—, ba... haurrak maite ditudalako. Neskatoak. Eta mutikoak.

        — Agure urde likits bat zara zu, horra!

        — Horrelakorik! Ez, inolaz ere ez! —esan zuen tipoak, Zazie harriturik utzi zuen oldarrean.

        Abantaila honetaz baliaturik, kokakola bat eskaini zion gizonak, hantxe, topo egingo zuten lehen tabernan: egunaren argitan, mundu guztiaren aurrean, proposamen jator bat, horra.

        Kokakolaren ideiaren aurrean halako garrik erakutsi nahi ez zuelarik, beste aldeko espaloian, kale-denda zerrenda biren artetik, ziharduen jendearen emanari beha jarri zen Zazie, serio.

        — Zertan ari ote dira horiek guztiak? —galdetu zuen.

        — Puces-ko azokara   Jatorrizko bertsioan foire aux puces, denetarik eta prezio egokan aurki daitekeen kale-azoka, frantsesez marché aux puces edo besterik gabe les puces ere deitua. Parisen dago «Marché aux Puces» ospetsua, gisa horretako azokei izena eman diena. zoazan —esan zuen tipoak—, edo, hobe esan, Puces-ko azoka dun haien atzetik doana, leku horretan berean hasten baita.

        — A, Puces-ko azoka! —esan zuen Zaziek, ezerk ere harritzen ez duen pertsonaren doinuan—. Hor eskura ditzakezu ranbranak prezio onean, ondoren amerikar txatxo horietako bati saldu eta horrela ez duzu eguna galtzen.

        — Ranbranak eta beste gauza asko —esan zion tipoak—. Baditun zola higienikoak, izpiliku-koloniak, iltzeak eta baita oraindik erabili gabeko jakak ere.

        — Eta amerikarren armadako erreusik?

        — Jakina. Eta patata frijitu saltzaileak. Patata onak, goizean eginak.

        — Izugarri onak, amerikarren erreusak.

        — Muskuiluak ere baditun, nahi izanez gero. Primerakoak. Pozointzen ez duten horietakoak.

        — Blujinak ere badira, amerikarren gauzen artean?

        — Izango ez ditun ba! Eta ipar-orratzak, ilunpean ere aritzen diren ipar-orratzak.

        — Bost axola niri ipar-orratzek —esan zuen Zaziek—. Blujinak ordea... (ilsilunea).

        — Ikustera joan gintezken —esan zuen tipoak.

        — Eta nola? —esan zion Zaziek—. Sosik ez dut batere, erosi ahal izateko. Ez badugu pare bat maneatzen...

        — Goazeman, nolanahi ere —esan zuen tipoak.

        Kokakola edana zuen Zaziek hartarako. Tipoari begiratu eta esan zion:

        — Badakit nora iritsi nahi duzun, patogas   Jatorrizko bertsioan pataugas, Maulen egiten zen espartina mota bat, Frantziako armadak bereziki Ipar Afrikan erabili zuena. (Itzultzailearen oharra) horiekin.

        Eta erantsi zuen:

        — Abian?

        Tipoak ordaindu eta jendartean galdu dira biak. Zazie aise moldatzen da azokan, axolarik ez diotela txirrinda-matrikula grabatzaileek, beira-puztutzaileek, tatar-korapilogile iaioek, erloju-saltzaile arabiarrek eta zernahi saltzeko prest dauden ijitoek. Orpoan du tipoa, Zazie bezain aise hau ere. Neskak ez du oraingoz gainetik kentzeko asmorik, ongi konturatu da ez dela lan xamurra izango. Ez dago dudarik, benetako espezialista da.

        Bat-batean, tentemozu geratu da erreus-postu baten aurrean. Zirkinik ez. Inolaz ere ez. Tipoak ere, galga ezarri eta, dart!, neskatoaren atzean geratu da. Saltzailea hasi da.

        — Zer nahi duzue, ipar-orratz bat? —galdetu du lehiatsu— Linterna elektriko bat agian? Kanoa pneumatikoa?

        Desirak eta grinak joa dago Zazie. Ez daki ziur tipoaren asmoak benetan gaiztoak diren ala ez. Ez da nahi duena adieraziko lukeen hitz hirusilabadun anglo-saxoi hori esatera ausartzen. Tipoak hartu du haren ordea.

        — Ez dituzu ba, neskato honentzako blujinak edukiko? —galdetu dio erreus-saltzaileari— Gogoz jantziko hituzke, ez da txiki?

        — O, bai —esan du Zaziek murduska.

        — Bai, baditut blujinak, nola ez! —esan du saltzaileak—. Mota eta neurri guztietakoak ditut nik, baita sekula higatuko ez direnak ere.

        — Bai, bai —esan du tipoak—, baina garbi ikusten duzu neskatoak oraindik hazi egin behar duela. Datorren urtean ezin jantziko ditu galtza horiek, eta zer egingo dugu une horretan?

        — Anaia edo ahizpa txikiarentzat geratuko dira.

        — Ez du.

        — Izan lezake datorren urtean (irria).

        — Trufarik ez, aizu! —esan du tipoak kopeta ilundurik—. Joan den urtean galdu zuen gaixoak ama.

        — O, sentitzen dut.

        Jakinminez, egiazko jakinminez, begiratu dio une batez Zaziek satiroari, baina geroko utzi du gorabehera haien guztien azterketa sakona. Barrua lehengo zorian du, ezin du gehiago, ausartu egin da:

        — Baduzu nire neurrikorik?

        — Nola ez ba, andereño —erantzun dio kale-saltzaileak adeitsu.

        — Eta zenbat balio dute?

        Zaziek egin du galdera orain ere. Hitzetik hortzera. Ez baita xuhurra, dirua aurreratu zale den arren. Zenbat balio duten adierazi dio saltzaileak. Buru-mugimendu txiki bat egin du tipoak. Ez du ematen oso garestiak iruditu zaizkionik. Hala ulertu nahi izan du Zaziek behinik-behin.

        — Proba nitzake? —galdetu du.

        Ahoa zabalik utzi du erreus-saltzailea: Fior etxean dagoela uste du nexka mukizu honek. Irribarre polit bat egin du, hortzeria erakusgai, eta esan du:

        — Ez du merezi. Begira!

        Galtzak hartu eta haren gainetik zabaldu ditu. Zazie mutu. Nahiago du probatu.

        — Ez dira handiegiakizango? —galdetu du neskak oraingoan.

        — Begira! Ez dute aztaletik beherago egingo, eta esaidazu ez ote diren estuak, zu ozta-ozta sartzeko eginak, andereño! Ongi mehea zaude gainera, bai horixe!

        Eztarria lehortu zaio Zazieri. Blujinak. Horrela, besterik gabe, bere Parisko lehenengo egunean. Ez litzateke batere gaizki egongo, ez horixe!

        Tipoa, bere aldetik, bestetan galdu antzean dabil. Inguruan gertatzen ari denari adi ez balego bezala.

        Amorerik ez saltzaileak.

        — Ez zarete damutuko, ez —ekin dio berriro—, sekulan higatzen ez diren horietakoak dira, egia.

        — Lehenago ere esan dizut, ez dit axola sekula ez higatzeak —erantzun dio tipoak arduragabe.

        — Bai, bai... Halaz ere ez zenuke iraunkortasun hori erdeinuz hartu behar —azpimarratu dio saltzaileak.

        — Baina iruditzen zait —esan du bat-batean tipoak—, ongi ulertu badut, eta ongi ari naizela uste dut, iruditzen zait blujin hauek amerikarren soberakinetatik datozela, ez da hala?

        — Natürlich —erantzun dio erreus-saltzaileak.

        — Orduan, honako hau argituko didazu beharbada: ba al zegoen neskatorik amerikar horien armadan?

        — Denetik zegoen —erantzun dio saltzaileak zalantza izpirik gabe.

        Ez dirudi tipoa oso konforme geratu denik.

        — Baietz, ba! —esan du saltzaileak, unibertsoko historia dela-eta salmenta bat huts egiteko prest ez dagoela—. Denetik behar da gerra bat irabazteko.

        — Eta hau? —galdetu dio tipoak—. Zer balio du honek?

        Eguzkitako betaurrekoak dira. Hartu eta probatu ditu.

        — Hori, blujin-erosle guztiei ematen zaien saria duzu hori —esan du erreus-saltzaileak, bezeroa sakelan duela pentsatuz.

        Zazie ez dago hain seguru. Baina, noiz arraio erabaki behar du? Zeren begira dago? Zer uste du? Zer nahi du? Urde zikin bat izango dun seguruenik, ez babesik gabeko lizun horietakoa, ez, egiazko urde likits bat baizik. Erne ibili beharra zagon, erne, erne. Baina, blujinak...

        Azkenean! Hortxe blujinak! Ordaindu ditu. Galtzak bildu eta besapean hartu du zorroa tipoak. Kiskaltzen hasia da Zazie barrutik. Ez ote da oraindik bukatu?

        — Eta orain —esan dio tipoak— mokadu bat hartu behar dugu.

        Aurretik doa tipoa, arazorik gabe. Atzetik doakio Zazie, zorroa begietatik kendu ezinik. Eta horrela iritsi dira taberna-jatetxe batera. Eseri dira. Zorroa aulki baten gainean geratu da, Zazieren eskumenetik kanpo.

        — Zer nahi duzu? —galdetu dio tipoak—. Muskuiluak ala patata frijituak?

        — Biak —erantzun dio Zaziek, amorru bizian.

        — Muskuilu batzuk ekar itzazu neskarentzat —esan dio tipoak zerbitzariari, lasai ederrean—. Niretzat muscadet bat eta bi azukre-kozkor.

        Mutu geratu dira biak bazkaren zain. Erretzen hasi da tipoa, gozo-gozo. Muskuiluak mahaira orduko, oldarrean eraso die Zaziek: saltsan murgildu, zukuan talastatu eta muturra lohitu. Egosaldiari eutsi dioten lamelibrankioen oskolak bortxatzen ari da oraingoan, merovingioak berak ere harro utziko zituzkeen basakeriaz. Gutxik egin du oskolak eta guzti ez irensteko. Denak ziplo garbitu dituenean, ez ba, nola uko egin pataten kontuari. Ongi, bere artean tipoak. Edabea dastatzen ari da, xurrupa txikitan, chartreuse bero batekin ari balitz bezala. Ekarri dituzte azkenean patata frijituak. Oso bero, kiskaltzeko moduan. Zazie asegaitzari hatzak erreko zaizkio, ez ahoa.

        Amaitu duenean, panaxe-erdia klikada batean edan, hiru korrok txiki egin eta aulkian erdi-etzan da zabal-zabal. Argitu zaio arestiko itzal gizajaleek ilunduriko begitartea. Inork ez din orain arte hartutakoa kenduko, bere artean asebeterik. Ondoren, tipoari atseginez zerbait esateko ordua iritsi ote zaion pentsatu du. Zer, ordea? Honako hau aurkitu du, ahalegin handi baten ondoren:

        — Ez duzu ba denbora makala galtzen basoerdi bat hartzeko! Aitak horrelako hamar edanak zituen gaurgero bere garaian.

        — Asko edaten al du hire aitak?

        — Edaten zuen. Hila da.

        — Tristura handia hartuko huen hil zenean?

        — Pentsa (keinua). Gertatuak gertatu, ez nuen astirik izan. (isilunea)

        — Zer gertatu zen ba?

        — Beste pinta erdi bat hartuko nuke, baina ez panaxea, benetako pinta erdi bat, benetako garagardoa.

        Eskatu du tipoak Zazierentzat eta goilare txiki bat beretzat. Basoaren hondoan geratu den azukrea hartu nahi du. Egiteko horretan ari dela, garagardoaren aparrari ekin dio Zaziek zurrupaka. Erantzun egin dio ondoren:

        — Egunkariak irakurtzen dituzu?

        — Batzuetan.

        — Gogoan duzu Saint-Montrongo jostun hura, aizkorakada batez senarrari burua erdibitu zion emakumea? Bai? Ba ama dut emakume hura. Eta senarra, bistan da, aita.

        — A —esan zuen tipoak.

        — Ez zara oroitzen?

        Ez dago oso seguru. Sumindurik utzi du Zazie.

        — Eskandalo gogorra izan zen ba hura! Amak bazuen abokatu bat Paristik espres etorria, ospetsu horietako bat, zuk eta nik ez bezala hitz egiten zuena, txatxo handi bat, horra! Baina libre atera zuen hartatik, honela (keinua), aulkitik altxa gabe ia. Eta, nolakoak diren gauzak, txaloka hartu zuen jendeak ama, andatan trofeo gisa eraman ez zutenean! Festa gogorra egin zen egun hartan. Gauza bakar batek inpromatu zuen gure ama, abokatuak ez baitzuen saltxitxoi-xerratan kobratzen. Lapur galanta, malapartatua! Eskerrak Georges han zegoen laguntzeko.

        — Nor da Georges hori?

        — Harakin bat. Txaparrote musugorri bat. Amaren amorantea. Berak zorroztu zion aizkora (isilunea) egurra mozteko (irri arina).

        Garagardo zurrut bat egin du Zaziek. Dotore. Hatz txikia luzatu du ia bere keinuan.

        — Eta ez dut oraindik bukatu. Aurrean duzun neska loratsu honek auzian deklaratu zuen, ateak itxita deklaratu ere.

        Zirkinik ez tipoak.

        — Ez al didazu sinesten?

        — Horixe ezetz. Legearen kontrakoa dun haur batek gurasoen aurka deklaratzea.

        — Lehenik eta behin, guraso bakarra nuen nik hartan. Lehenik. Eta bigarrenik, ez dakizu deus ere zuk, gizagaixo horrek. Etxera etorri beharko zenuke, Saint-Montronera, eta egunkari-artikuluak itsatsi ditudan koadernoa erakutsiko nizuke. Nitaz hitz egiten dute artikulu horietan, babo arraioa! Ama barruan eduki zuten garaian, Georgesek Prentsaren Arguserako harpidetza egin zidan opari Gabonetarako. Ezagutzen al duzu Prentsaren Argusa?

        — Ez —esan dio tipoak.

        — Negargarria. Nolatan ausartzen zara nirekin eztabaidan?

        — Zer dela-eta deklaratuko huen hik ateak itxita?

        — Jakin nahi duzu, e?

        — Ez bereziki.

        — Ez duzu egia aitortu nahi.

        Trago bat egin du Zaziek bere pinta erditik. Dotore. Hatz txikia luzatu du ia bere keinuan. Zirkinik ez tipoak (isilunea).

        — Baina, baina... —eten du Zaziek isilaldia— ez horrela jarri. Kontatuko dizut neure historia.

        — Adi naukan.

        — Hona bada. Amak ez zuen aita maite, esan gabe doa; aita ilundu zen orduan eta edanari eman zion. Eta nola edan gizagaixoak, litroak eta litroak! Orduan, egoera hartan zegoenean, hobe zen beragandik aldendu, katua bera ere ez baitzen libratzen. Abestian bezala. Ezagutzen duzu?

        — Bai —esan dio tipoak.

        — Hainbat hobe. Aurrera orduan: igande batean, futboletik nentorren etxera. Stade Sactimontronais eta Neuflizeko Étoile Rouge taldeen arteko partidoa zen, biak bertako ohorezko mailakoak, e, punta-puntakoak. Interesatzen zaizkizu kirolak?

        — Bai, lutxalibrea.

        Irri gaiztoa egin du Zaziek, gizonaren piura mengel hari erreparatu ondoren.

        — Ikusleen mailan, noski —esan du ondoren.

        — Txiste zaharra hori — iharduki dio tipoak lehor.

        Amorru bizian dago Zazie. Garagardoa bukatu eta mutu geratu da.

        — Baina, baina... —esan du tipoak— ez horrela jarri. Segi ezan heure historia.

        — Benetan entzun nahi duzu nire historia?

        — Bai.

        — Orduan gezurra esan didazu arestian.

        — Konta ezan.

        — Lasai, ez haserratu. Ez zenuke egoera horretan nire historia behar bezala dastatuko.

 

 

 

© Raymond Queneau

© itzulpenarena: Joxan Elosegi

 

 

"Raymond Queneau / Zazie metroan" orrialde nagusia