III

 

        Marcelinek toilette-kabinete antzeko instalazio bat antolatua zuen gelako txoko batean, mahai bat, konketa txiki bat, pitxer bat, nekazari giroko gela baten antzera. Honela, Zaziek ez zuen bere burua herritik kanpora sentituko. Baina Zazie herritik kanpora bizi zen dagoeneko. Moldatzen zen zoruan finkaturiko bidetean eta ezagutzen zituen, erabiliak zituelako, sanitatearen arteak plazaraturiko beste objektu miragarri asko eta asko. Horrenbesteko harpetarkeriaren aurrean etsi ondoren, aurpegia han eta hemen pittin bat hezatu eta orraztu bat eman zion ileari, orraztu bat bakarra.

        Patioari begira jarri zen ondoren: ezertxo ere ez aipatzekorik. Apartamentuan ere beste hainbeste, ez bide zen deus gertatzen ari. Belarria atean jarri eta ez zuen inolako soinurik entzun. Isilean atera zen gelatik. Janegongela ilun bezain mutu zegoen. Urrats txiki-txikiak egin zituen, oinak aldiko oinbete aurreratuz, haurrak jokoan nor hasiko oinketan hasten direnean bezala, pareta eta objektuak haztatuz —are jostagarriagoa izaten da hori begiak itxirik—, eta beste ateraino iritsi zen. Kontu handiz ireki zuen atea. Ilun eta mutu zegoen beste gela hura ere; seko lo zegoen norbait barrenean. Atea itxi eta atzeraka hasi zen Zazie —jostagarria da hori beti—, eta denbora-tarte izugarri luze baten ondoren, hirugarren gela bateraino iritsi zen. Berriro ere ireki zuen atea, ez lehenagokoan baino kontu gutxiagorekin ordea. Sarreran zegoen. Ozta-ozta argitzen zuen sarrera beira gorriak eta urdinak zituen leiho batek. Beste ate bat zabaldu eta txango haren helmuga jo zuen Zaziek: komunak.

        Ingelesen   Jatorrizko testuan, vécés... à l'anglaise, esertzeko komunak alegia, eserlekurik gabeko komun arruntetatik, frantsesez à la turque («turkoen erara»), bereizten zena. (Itzultzailearen oharra) erako komunak zirenez, Zazie zibilizazioan lehorreratu eta ordu laurden luzea eman zuen haien barnean. Erosoa ezezik atsegina ere bazen leku hura. Garbi zegoen dena, goitik-behera pintatua. Komuneko papera hatzen artean zimurtzen zen alaiki. Eguneko ordu horretan, sarrera egina zuen eguzkiak berak ere barrunbean: bafada argitsu bat jaisten zen argizulotik behera. Gogoetan egon da Zazie luzaroan, kateatik tira ala ez tira. Gaitzeko nahasmendua sor dezake horrek. Zalantzan dago Zazie, noizbait erabaki du, tira eta jarioan da dagoeneko ur-jauzia. Egon egin da une batez, baina ez dirudi ezer mugitu denik: oihaneko loti ederraren etxea da hura. Berriro eseri da Zazie eta ipuin hartan murgildu da, aktore ospetsuen lehen planoak tartekatzen dituela. Noraezean galdu da neurri batean, istorioak eramanik, baina, azkenean, bere senera itzuli eta, maitagarrien ipuinak benetan ergelak direla deliberatu ondoan, handik irtetea erabaki du.

        Sarrerara orduko beste ate bat hauteman du berriro. Eskailera aldera joko du horrek seguru aski. Etxea hobeki zaindu nahian sarrailan utzitako giltza biratu du Zaziek eta, horra, eskaileran gaude azkenean! Atzean utzitako atea ahalik eta eztikien itxi eta mantso-mantso abiatu da eskaileran behera. Gelditu egin da lehen oinean: deus ez da mugitu. Behe oinean da dagoeneko; horra pasabidea, kaleko atea zabalik dago, angeluzuzenaren argia! Hortxe da Zazie, kanpoan da Zazie dagoeneko.

        Kale lasaia da. Auto gutxi igarotzen da han barrena; inork ez luke errepidearen erdian txingoka aritzeko oztoporik izango. Badira denda arrunt batzuk, probintzia-itxurakoak. Han-hemenka dabiltza oinezkoak, urrats lasaian. Bidea igaro behar dutenean, ezker aldera begiratzen dute lehenengo, eskuin aldera hurrengo, jende-legea eta gehiegizko zuhurtasuna bateratuz. Zaziek ez du erabat etsi, badaki ongi dagoela Parisen, badaki Paris hiri handi bat dela eta Parisen guztia ez dela kale horren antzekoa. Baina horretaz ongi jabetzeko, irudi hori guztiz berresteko, urrunago jo behar du. Eta xede horretan abiatu da, ezeren axolarik gabe.

        Tarrapatan atera da Turandot, ordea, bere tabernatik, eta honela egin dio oihu eskailerapetik:

        — E, txiki, nora arraio hoa?

        Zaziek ez dio erantzun, nahiago izan du abiadura bizkortu. Turandot eskaileran gora igo da:

        — E, txiki! —segitu du oihuka.

        Hanka-jokoari eragin dio Zaziek bat-batean. Itxi-itxian hartu du bihurgunea. Beste kalea biziagoa da nabarmenkiro. Laster bizian ari da oraingoan Zazie. Inork ez du harenari erreparatzeko betarik, axolarik ere ez. Baina Turandot bera ere lauhazka hasi da. Dena emana doa Turandot. Harrapatu, besotik heldu eta, hitzik esan gabe, bere esku sendoaz itzularazi du neskatoa. Zaziek ez du batere dudarik izan, garrasi bizian hasi da:

        — Lagundu, lagundu!

        Oihuak ez dira alferrekoak izan eta inguru hartan zeuden etxekoandreak eta oinezkoak erakarri dituzte. Nork bere egiteko edo desegiteko guztiak utzi ditu gertatuen berri jakiteko.

        Berriro ekin dio Zaziek, hasierako arrakastaren ondoren:

        — Ez dut gizon honekin joan nahi, ez dut gizon hau ezagutzen, ez dut jaun honekin joan nahi!

        Eta abar.

        Kausaren nobleziaz zeharo jabeturik, arras seguru senti da Turandot bere arrazoiekin. Azkar asko konturatu da, ordea, eginiko okerraz, eta moralista gogorrez osaturiko zirkulu baten erdian geratu da batere erremediorik gabe.

        Aukerako entzulego honen aurrean dagoela, kontsiderazio orokorretatik salaketa xehe zehatzetara igaro da Zazie.

        — Gizon honek —mintzatu da— gauza zikinak esan dizkit.

        — Zer esan dizu? —galdetu dio andere batek, jakin tirriak erreta.

        — Andere! —oihu egin du Turandotek—. Neskato honek alde egin du bere etxetik. Gurasoengana eramaten ari nintzen une honetan.

        Zirkulukoek irri egin dute, gaizto, eszeptizismo irmotik atera gabe.

        Andereak ez du amorerik eman; Zaziegana makurtu da.

        — Ea ba, txiki, ez beldurrik izan, esaidazu niri zer kontatu dizun gizon gaizto honek?

        — Zikinegia da —xuxurlatu dio Zaziek.

        — Zerbait egiteko eskatu dizu, ezta?

        — Horixe da, andere.

        Zaziek xehetasun batzuk eman dizkio ahapetik andereari, belarri-ertzera. Anderea zutitu eta tu egin du Turandoten aurpegira.

        — Urde zerria alaena! —esan dio gainsari gisa.

        Eta tu egin dio berriro, bigarren aldikotz, muturraren erdian.

        Jakinmin geratu da tipo bat:

        — Zer eskatu dio egiteko?

        Andereak belarrira azaldu dizkio tipoari Zaziek emandako xehetasun guztiak.

        — O! —hasperen egin du tipoak—, ez nuen nik sekula horrelakorik pentsatuko.

        Eta berriro esan du, gogoetatsu:

        — Sekula ere ez.

        Beste hiritar batengana jo du:

        — Entzun al duzu sekula horrelakorik... (xehetasunak). Sinestezina benetan!

        — Egundoko urdeak ditugu geure artean —esan du beste hiritarrak.

        Jendearen artean zabaldu dira bitartean xehetasunak. Emakume batek:

        — Ez dut ulertzen.

        Gizon batek argitu dio. Patrikatik paper-puska bat atera eta marrazki bat egin dio boligrafoz.

        — Eta? —galdetu dio emakumeak pentsakor.

        Eta gaineratu du:

        — Praktikoa da?

        Boligrafoaz ari da.

        Eztabaidatan sartu dira bi zale:

        — Nik hola eta hola (xehetasunak) entzun dut —adierazi du batak.

        — Ez nau harritzen —ihardetsi dio besteak—. Dakienak esanda dakit nik... (xehetasunak).

        Isileko kontuak agerian uzten hasi da jakinminak dendatik aterarazi duen emakume saltzaile bat:

        — Ba, nik ere badut horrelakoen berri. Egun batean ez da ba nire senarra hola eta hola... (xehetasunak) hasi. Non arraio piztu ote zitzaion grina hura? Ba ote dakizu zuk?

        — Liburu gaiztoren batean irakurriko zuen beharbada —idaroki du batek.

        — Beharbada. Nolanahi ere, zera esan nion senarrari, hola eta hola... (xehetasunak) nahi duk? Bai, ba ez nirekin, horixe bai ezetz, erantzun nion nik. Mairuetara jo ezak, hala nahi baduk, baina ez nazaala gehiago nazkatu hire likiskeriekin. Horixe esan nion senarrari, neure senarrari, hola eta hola... (xehetasunak) egin niezaion nahi ez zuen ba urdeak!

        Aho batez onartu da erabakia.

        Turandotek ez du ezer entzun. Ez du onik honetan eta Zazieren salaketek piztu dituzten jakinmin teknikoez baliatu da inor konturatu gabe hanka egiteko. Kale-kantoia hormari itsatsia igaro ondoren, tabernarantz abiatu da ziztuan. Hara orduko, okupazio garaian zurez berritu zuten zinkezko barraren barnean murgildu eta baso bete ardoa klikatu du instantean, beste bat haren segidan. Kopeta xukatu du ondoren, muki-zapi gisa erabiltzen duen zatarraz.

        Mado Ptits-pieds patata xuritzen ari da:

        — Ondoezik?

        — Hago isilik. Ez naun sekula oraintxe bezain beldur izan neure bizitza guztian. Satiro horietakotzat hartu naiten alu horiek guztiek. Geratu banintz, hebain-hebain egingo ninditenan bertan.

        — Ikasiko duzu horrela besteren aferetan ez sartzen —esan dio Mado Ptits-piedsek.

        Isilik geratu da Turandot. Martxan jarri du garunean duen telebista txikia bizi berri duen pasadizoko irudiak bere gaur egun partikularrean berriro ikusteko, historian ez baina gertakari beltzen kronikan sarrera egin baitio pasadizo horrek. Dardara batek astindu dio gorputza, saihestu duen arriskuaz gogoetan hasi orduko. Izerdia dario berriro aurpegian goitik behera.

        — Jja...inkomamaitia, Jja...inkomamaitia — esan du totelka.

        — Hitz eta pitz ari haiz —dio Laverdurek—, hitz eta pitz, besterik ez dakik egiten.

        Izerdia xukatu ondoren, hirugarren baso ardoa prestatu du Turandotek.

        — Jja...inkomamaitia —esan du berriro.

        Horixe izan du bere barrenaz jabetu den emozioa adierazteko espresio egokiena.

        — Baina gizona —esan dio Mado Ptits-piedsek—, oraindik ez zara-eta hil!

        — Egoera horretan ikusi nahi hinduket.

        — Eta? Ez du deus balio horrek: «egoera horretan ikusi nahi hinduket». Ez gara gu biok bat.

        — Ez nagon eztabaidatarako, utz nazan mesedez!

        — Eta ez ote zaie besteei deus esan behar?

        Egia da hori, kaka zaharra, burutik ere pasa ez horrelakorik egitea. Hirugarren basoa, ukitu gabe oraindik, barra gainean utzi eta abian jo du gora.

        — Hara! —dio Marcelinek eztiki, trikota eskuan duela.

        — Txikiak —esan dio Turandotek arnas-estuka—, txikiak... alde egin du!

        Erantzunik ez Marcelinek. Gelara zuzendu eta zast!: Neskatoakankaindu.

        — Nik ikusi dut —esan du Turandotek—, saiatu naiz harrapatzen, baina... uf (keinua).

        Gabrielen gelan sartu da Marceline. Astindu du, baina astuna da, mugitzen zaila, esnatzen oraindik zailagoa; gogoko du loa, sudur-xistuka aritzen da eta mugitu egiten da. Lo dagoenean lo egiten du, ez da nolanahi esnatzen.

        — Zer, zer? —oihu egin du azkenean.

        — Zaziek hanka egin du —esan dio Marcelinek eztiki.

        Begira gelditu zaio Gabriel. Ez du ezer esan. Azkar ulertzen du. Ez da batere tentela. Jaiki eta Zazieren gelara joan da. Gauzez ahaleginean jabetzea gogoko duten horietakoa da Gabriel.

        — Komunean itxirik geratu da agian —esan du baikor.

        — Ez —erantzun dio Marcelinek eztiki—, Turandotek ikusi du alde egiten.

        — Zer ikusi duk hik, hain juxtu? —galdetu dio Turandoti.

        — Alde egiten ikusi diat. Harrapatu egin diat eta hona ekartzen saiatu nauk.

        — Ongi zagok hori — esan dio Gabrielek—, benetako laguna haiz hi.

        — Bai, baina txikiak inguruko guztiak mutinatu ditik, nik halako gauza batzuk egiteko eskatu diodala deiadar eginez.

        — Eta hori ez ote zen egia? —galdetu dio Gabrielek.

        — Jakina ezetz.

        — Ez zagok sekula jakiterik.

        — Ados, ez zagok sekula jakiterik.

        — Ikusten?

        — Utziozu kontatzen —esan dio Marcelinek eztiki.

        — Horra bada nire ingurura jende asko bildua, jo eta ni txikitu nahian guztiak. Satiro horietakotzat hartu naute denek, aluak alaenak!

        Leher gaiztoan hasi dira Gabriel eta Marceline barrez.

        — Baina une batean nitaz arduratzen ez zirela konturatu naizenean, ziztuan alde egin dut handik.

        — Kaka egina!

        — Goitik behera. Ez nauk sekula horren beldur izan neure bizitza guztian. Ezta bonben garaian ere.

        — Ni —esan du Gabrielek—, ez nauk sekula bonben beldur izan. Ingelesenak ziren aldetik, bonbak niretzat ez baina alemaniarrentzat zirela pentsatzen nian. Izan ere, besoak zabalik egon ninduan denbora guztian ingelesen zain.

        — Arrazonamendu zozoa benetan —azpimarratu du Turandotek.

        — Nahi duan guztia, baina nik ez diat sekula santan beldurrik izan eta ez zidatek urratu txikiena ere egin masail loratu hauetan, ezta momentu gaiztoenetan ere. Alemaniarrek, horiek bai, horiek kaka eginak zeudean guztiak goitik-behera, abian sartzen zituan babes-zuloetan; nik, ordea, axola gutxi horri, kanpoan geratzen ninduan ni, suzko ziriei begira, pan, pan eta pan, bete-betean asmatzen guztiek, munizio-biltegi bat airean, geltokia erraustua, lantegia xehe-xehe egina... egundoko ikuskizuna!

        Hasperen batez amaitu du Gabrielek:

        — Azken batean, ez gintuan hain gaizki bizi...

        — Ba niri —esan du Turandotek— gerrak ez zidaan halako onik ekarri. Gaizki, arrunt gaizki, moldatzen ninduan merkatu beltzean. Ez zakiat zergatik, baina isunak nitian etengabe, bata bestearen atzetik, guztiek ebasten zizkidatean gauzak, Estatua zela, zergak zirela, kontrolak zirela, denda ixten zidatean... 1944ko ekainean diru-pixar batzuk besterik ez nian poltsa isilean, eskerrak horri zeren une hartan hor heldu duk bonba bat eta bum!, gero deus ez. Makurra. Zorionez, barraka hau jaso nian heredentzian, bestela...

        — Ez daukak kexu egoterik —dio Gabrielek—, ongi moldatu haiz azken finean. Apaizak baino hobekiago bizi haiz hi, alferren lanbidea duk hirea.

        — Ikusi nahi hinduket neurean. Leher egina bukatzen diat egunoro, aditzen?, leher egina, egun guztian kobazulo nazkagarri honetan sartuta!

        — Zer esango huke orduan gauez lan egin beharko bahu nik bezala? Eta egunez lo eginik. Egunez lo egitea, hori bai nekea bestela dirudien arren! Eta ez diat deus ere kontatuko gaur bezala behar ez den ordu batean esnatzen hauten egunetan... Ez nikek goiz guztiak honelakoak izaterik nahi.

        — Giltzapean ezarri beharko duk neskatoa —esan dio Turandotek.

        — Jakin nahi nikek zergatik alde egin duen —esan du Gabrielek berekiko.

        — Ez du zaratarik atera nahi izan —esan du Marcelinek eztiki—. Ez zaitu esnatu nahi izan, ibilaldi bat egitera atera da.

        — Baina ez dut bakarrik irtetea nahi —esan du Gabrielek—, kalea bizioaren eskola da, jende guztiak daki hori.

        — Egunkariek ihes deitzen duten hori egin dik beharbada neskatoak —dio Turandotek.

        — Horixe besterik ez genian behar —dio Gabrielek—, zomorroei deitu beharko geniekek orduan. Nolako muturra jarri beharko nieke?

        — Ez duzu uste —esan dio Marcelinek eztiki—, haren bila ahalegindu beharko zenukeela?

        — Ni —erantzun du Gabrielek—, lotara noa berriro ni.

        Logela aldera abiatu da.

        — Heure egitekoa beteko huke joan eta aurkituko bahu —esan dio Turandotek.

        Irri gaiztoa egin du Gabrielek. Ondoren, mokoprestuen aieruak egin eta honela argudiatu du Zazieren ahotsa imitatuz:

        — Popatik, egitekoa!

        Eta erantsi du:

        — Ongi moldatuko da hori bere kasa ere.

        — Emazu —esan dio Marcelinek eztiki—, emazu satiro baten eskuetan dagoela.

        — Turandot bezalako satiro baten eskuetan? —galdetu du Gabrielek jostakin.

        — Ez zakiat non dagoen grazia —dio Turandotek.

        — Gabriel —esan du Marcelinek eztiki—, saio txiki bat egin beharko zenuke haren bila.

        — Zerori joan zaitez.

        — Gobara su gainean daukat.

        — Amerikarren makina automatikoetara eraman behar zenuke arropa zikina —aholku eman dio Turandotek Marcelineri—, lan gutxiago izango zenuke. Hala egiten dut nik.

        — Eta zer —esan du Gabrielek eratsu—, gobara berak egin nahi baldin badu? E, zer? Zergatik sartu behar duk muturra honetan? Hitz eta pitz ari haiz, hitz eta pitz, besterik ez dakik egiten. Hemen zauzkaat nik hire makina amerikar alu horiek, hemen!

        Eta esku batez jo du bere ipurdian.

        — Eta nik uste nian amerikanofiloa hintzela! —iharduki dio Turandotek ironiaz.

        — Amerikanofiloa! —oihu egin du Gabrielek— ezagutzen ez dituan hitzak erabiltzen dituk hik. Amerikanofiloa! Horrek arropa zikina etxean garbitzea galaraziko balu bezala! Marceline eta biok amerikanofiloak eta gehiago gaituk, txolin hori, amerikanofiloak eta aldi berean, jakin ezak txolin horrek, aldi berean, gobarafiloak gaituk, aditzen?, gobarafiloak. Harriturik geratu haiz, e, harriturik (unea), txolin hori!

        Turandotek ez du erantzutekorik. Oraingo arazo zehatzetara, garbitzen hain errazak ez diren atorra zirtzilduen mundura, itzuli da.

        — Neskatoaren bila joan beharko huke —egin dio aholku Gabrieli.

        — Hiri bezala gerta dakidan? Populu-masa xeheak jo eta bertan lintxa nazan?

        Bizkarrak harrotu ditu Turandotek.

        — Hi ere —adierazi du mespretxuz—, hitz eta pitz ari haiz, hitz eta pitz, besterik ez dakik egiten.

        — Zoaz bada —esan dio Marcelinek Gabrieli eztiki.

        — Nazka-nazka eginda naukazue biok! —egin du marmar Gabrielek.

        Gelan sartu eta ordenuz jantzi da. Ondoren, tristuraz haztatu du esku batez bizarra kentzeko astirik gabe geratu den okotza, hasperena eta kanpoan da berriro.

        Turandot eta Marceline, edo, nahiago bada, Marceline eta Turandot garbigailuen abantailei eta desabantailei buruzko eztabaidan ari dira. Musu eman dio Gabrielek Marcelineri kopetan.

        — Agur —esan dio serio—, banoa neure egitekora.

        Turandoten eskua hertsi du kemenez; bere barneaz jabetu den emozioak ez dio beste hitz historikorik ahoskatzeko betarik eman eta «banoa neure egitekora» horrekin konformatu behar izan du. Hala eta guztiz ere, patu handien zoria duten pertsonen malenkoniaren lausopean geratu da bere begirada.

        Gogoa bildurik geratu dira besteak.

        Atera da dagoeneko.

        Haizea usnatu du kanpora orduko. Ohiko usainak baino ez ditu aditu, La Cavetik datozenak bereziki. Ez daki iparraldera ala hogoaldera jo, horiek baitira izan ere kaleak eskaintzen dizkion aukerak. Baina dei batek eten ditu zalantza guztiak. Gridoux zapataria da, bere lantoki-zulotik keinu egin diona. Hurbildu zaio Gabriel.

        — Neskatoaren bila zabiltzala egingo nuke.

        — Bai —kurrin egin du Gabrielek batere berotasunik gabe.

        — Badakit nora joan den.

        — Dena dakizu zuk beti —esan du Gabrielek umore txarrez.

        Tipo honek, esan du bere artean barneko ahots txikiaz baliaturik, ene inferioritate-konplexua agerian uzteko trebezia agertzen dik tipo honek, berarekin hitz egiten dudan guztietan.

        — Zer, ez zaizu interesatzen? —galdetu zion Gridouxek.

        — Beste erremediorik ez daukat.

        — Kontatuko dizut orduan...

        — Bitxiak zarete zuek zapatariak —esan dio Gabrielek—. Ez zarete sekulan lanean gelditzen, hori gustoko bazenute bezala, eta, sekula santan ez zaretela gelditzen argi eta garbi erakusteko, leiho batean jartzen zarete jendeak mira zaitzaten. Galtzerdi-jostunak bezala.

        — Eta zu —iharduki dio Gridouxek— non jartzen zara zu jendeak mira zaitzan?

        Buruari hazka hasi da Gabriel.

        — Ez naiz inon jartzen —esan du Gabrielek herabe—. Artista naiz eta ez dut deus txarrik egiten. Eta gainera, ez da honetaz hitz egiteko momentua, neskatoarenak du orain premia.

        — Gogoa dudalako ari naiz horretaz —erantzun dio Grisouxek mantso.

        Burua altxatu du, lana utzi eta gero.

        — Eta orain, berriketak utzi eta nahi al duzu nik zerbait kontatzea? —galdetu dio Gabrieli.

        — Esan dizut ba premia badagoela.

        Irribarre egin du Gridouxek.

        — Kontatu ote dizue Turandotek hasiera?

        — Nahi izan duena kontatu du.

        — Nolanahi ere, hurren gertatu dena interesatzen zaizu.

        — Bai —dio Gabrielek—, zer gertatu da hurren?

        — Hurren? Ez ote da aski hasierakoa? Ihes egin du neskatoak, ihes.

        — Interesgarria benetan! —marmar egin du Gabrielek.

        — Zomorroei jakinarazi behar zenieke.

        — Horrela ez dugu deus konponduko —esan dio Gabrielek ahots ahul batez.

        — Neskatoa ez da bakarrik itzuliko.

        — Ezin jakin.

        Bizkarrak harrotu ditu Gridouxek.

        — Azken finean, bost axola niri honek guztiak!

        — Baita niri ere —dio Gabrielek—. Izan ere, muin-muinean...

        — Ba ote duzu zuk muinik?

        Bizkarrak harrotu zituen Gabrielek berak ere. Aurrekoa nahikoa ez bailitzan, petralkeria betean hasia zitzaion tipoa oraingoan. Deus esan gabe, itzuli eta etxera zuzendu zen, lotara berriro.

 

 

 

© Raymond Queneau

© itzulpenarena: Joxan Elosegi

 

 

"Raymond Queneau / Zazie metroan" orrialde nagusia