II

 

        — Hor dun —esan zuen Gabrielek.

        Etxeari begira geratu zen Zazie. Ez zuen deus ere esan.

        — Eta? —galdetu zion Gabrielek—. Gogoko?

        Keinu egin zuen Zaziek, iritzia beste baterako-edo utzi nahi zuela adieraziz.

        — Turandotengana noak une batean —esan zuen Charlesek—, kontu zahar batzuk zauzkaat berarekin.

        — Ongi zagok —erantzun zion Gabrielek.

        — Zer dago ongi? —galdetu zuen Zaziek.

        Espaloitik La Cave ostatura bitarteko eskailera-mailak jaitsi zituen Charlesek, atea bultzatu eta okupazio garaian zurez berritu zuten zinkezko barrara hurbildu zen.

        — Egunon, Charles jauna —esan zion Mado Ptits-pieds-ek, bezero bat zerbitzatzen ari zen bitartean.

        — Egunon, Mado —erantzun zion Charlesek begiratu gabe.

        — Horko hori al da? —galdetu zion Turandotek.

        — Horixe eta bera. —erantzun zion Charlesek.

        — Uste baino koxkorragoa duk.

        — Eta?

        — Ez diat hau batere gogoko. Hala esan zioat Gabyri, ez diat sesiorik nahi neure etxean.

        — Tira, atera egidak txopera bat.

        Isilik atera zion Turandotek, gogoetatsu. Klik batean edan zuen Charlesek basoerdia, bibotea eskugainaz xukatu eta kanpora begira jarri zen arreta berezirik gabe. Burua goratu behar izan zuen horretarako eta doi-doi sumatu ahal izan zituen hanka batzuk, orkatilak, galtza-azpiak ere batzuetan... eta, zenbaitetan, zorte apur batez, zakur zangomotzen bat, oso-osoa. Argizuloaren ondoan, kaiola bat zegoen dilindan, loro triste bat barruan. Turandotek Charlesen basoa bete eta xorta bat isuri zuen beretzat. Mado Ptits-pieds barraren bestaldean jarri zen, nagusiaren ondoan, eta isilaldia eten zuen.

        — Charles jauna —esan zion neskak— gizon malenkoniatsua zara benetan.

        — Popatik, malenkonia! —erantzun zion Charlesek.

        — Hau da, hau! —oihu egin zuen Mado Ptits-pieds-ek— Ez zara batere txukun ari gaurkoan, ez horixe!

        — Axola zidan bost niri! —iharduki zion Charlesek kopeta ilun—. Horrela mintzo dun gure mukizua.

        — Ez diat ulertzen —esan zion Turandotek kezkati.

        — Arrunt erraza duk, ordea —argitu zion Charlesek—. Neskato honek ezin dik etengabe hitz potoloak erantsi gabe hitz egin.

        — Eta hitzari keinuak lagundu, noski —esan zuen Turandotek.

        — Oraindik ez —erantzun zion Charlesek—, baina laster etorriko duk hori ere.

        — A, hori bai ezetz! — aiene egin zuen Turandotek—. Hori bai ezetz!

        Burua bi eskuen artean hartu eta erauzi beharrean ari balitz bezala hasi zen. Honenbestean segitu zuen gero bere predikua:

        — Kaka putza, aditzen? Kaka putza! Ez diat horrelako urdekeriak ahotan darabiltzan neska lohirik nahi neure etxean. Ikusten ari nauk, zortzi egun barru auzo guztia galdua neska lotsagabe honengatik!

        — Bizpahiru eguneko baizik ez dik —Charlesek.

        — Aski eta sobera! —oihu egin zuen Turandotek—. Bi edo hiru egun aski izango ditik ohoratzen nauten agure bezero txoro hauen guztien bragetan eskua sartzen ibiltzeko. Ez diat sesiorik nahi, aditzen?, ez diat sesiorik nahi.

        Azkazal bati mokoka ari zen loroa. Begiak beheratu eta, garbiketa lanak alde batera utzirik, parte hartu zuen solasaldian.

        — Hitz eta pitz ari haiz —esan zuen Laverdurek—, hitz eta pitz, besterik ez dakik egiten.

        — Arrazoi dik —azaldu zuen Charlesek—. Nolanahi ere, ez zizkidak istorio horiek guztiak neuri kontatu behar.

        — Higuina benetan! —esan zion Gabrielek amultsuki—. Baina zergatik eman diok txikiak botatzen dituen gordinkerien berri.

        — Egia zale nauk —esan zion Charlesek—. Izan ere, ez didak ba esango hire ilobatxo hori gaizki hezia ez denik. Erantzuidak, horrela mintzo ote hintzen hi gaztetxotan?

        — Ez —erantzun zion Gabrielek—, baina ni ez ninduan neskato bat.

        — Mahaira, lagunok —esan zuen Marcelinek, eztiki, zopa-ontzia eskutan zekarrela—. Zazie —deitu zuen eztiki—, mahaira, Zazie.

        Platerak betetzen hasi zen, mantso, burruntzali batez.

        — Hara! —oihu egin zuen Gabrielek pozik—. Kontsomea!

        — Espanturik gabe, lagunok, espanturik gabe —esan zuen Marcelinek eztiki.

        Mahairatu zen azkenean Zazie. Eseri zen, begiak neke, eta, hala izaterik nahi ez zuen arren, goseak zegoela konturatu zen.

        Odolkiak etorri ziren saldaren ostean, Saboiako erara prestaturiko patatekin, gero foie-grasa (kabaretetik hartzen zuen Gabrielek foie-grasa. Horretan ez zuen erremediorik, ezin zen hura gabe bizi eta eskura eduki behar izaten zuen beti) eta mahai azkeneko, plater gozo-gozo bat. Katilukada kafe batzuk hartu zituzten ondoren, becose gauez lan egiten baitzuten Charlesek eta Gabrielek. Beti bezala, granadina-kirsch bat atera zuten ezustekotzat, eta hura hartu orduko alde egin zuen Charlesek. Gabriel ez zen behin ere hamaikak baino lehen hasten lanean. Hankak luzatu zituen mahai azpitik, mahaitik harago ia, eta irribarretsu zuzendu zitzaion aulkian zurrun zegoen Zazieri.

        — Bueno, bueno, txiki —esan zion—, ohera joateko ordua iritsi zaigun, ez da hala?

        — Ordua iritsi zaigu... Nori iritsi zaio ordua? —galdetu zion neskak.

        — Nori izango da ba? Heuri, noski! — erantzun zion Gabrielek, hedatu saretik atera nahirik—. Zer ordutan oheratzen haiz etxean?

        — Han ez da hemen, espero dut.

        — Ez, noski —erantzun zion Gabrielek ulerkor.

        — Horretarako utzi naute hemen, nik uste, hemen han ez bezala egon nadin. Ez da hala?

        — Bai.

        — Bai besterik gabe, ala bai benetan horrela uste duzulako?

        Irriñoa galdu gabe zegoen Marcelineganantz itzuli zen Gabriel:

        — Aditzen nolako arrazonamenduak egiten dituzten oraingo mukizu hauek? Ez dakit, egiaz, eskolara bidaltzea benetan merezi duen.

        — Nik —esan zuen Zaziek— hirurogeita bost urte egin arte segitu nahi dut eskolan.

        — Hirurogeita bost urte egin arte? —errepikatu zuen Gabrielek, harrituta.

        — Bai —esan zuen Zaziek—, maistra izan nahi dut.

        — Ez da lanbide txarra —esan du Marcelinek eztiki—. Badu jubilazioa, gainera.

        Hitzetik hortzera jaulki zitzaion hura, ongi ezagutzen baitzuen Marcelinek frantses hizkuntza.

        — Popatik, jubilazioa! —esan zuen Zaziek—. Ez naiz jubilazioagatik maistra sartuko, ez horixe!

        — Ez, noski —esan zuen Gabrielek—, batere dudarik ez horretan.

        — Zergatik ba? —galdetu zion Zaziek.

        — Herorrek azalduko digun.

        — Ez zenuke asmatuko, ezta?

        — Abilak dira haatik gaurko gazteak —esan zion Gabrielek Marcelineri.

        Eta Zazieri:

        — Orduan? Zergatik izan nahi dun maistra?

        — Neskatoak galanki inpromatzeko —erantzun zion Zaziek—. Hamar urte barru, hogei urte barru, berrogeita hamar urte barru, ehun urte barru, mila urte barru, neure adina izango duten neskatoak..., izango dut beti nor inpromatua mukizu horien guztien artean.

        — Horra! —esan du Gabrielek.

        — Gaiztoetan makurrena izango naiz haiekin guztiekin. Lurra miazkatzen jarriko ditut. Janaraziko diet arbel beltzeko belakia. Konpasa sartuko diet ipurtzulotik. Ostikoka maneatuko dizkiet ipur-masailak. Botaz, botak jantziko ditut-eta. Neguan. Honenbesteko botak (keinua). Ezproi handi eder batzuekin, atzealde horretako haragia bizian larrutzeko.

        — Begira —azaldu zion Gabrielek poliki—, egunkariei kasu egiten badiegu, bazirudin egungo heziketa moduak ez doazela batere bide horretatik. Guztiz bestaldera, esango niken nik. Goxotasun aldera, joan ere, elkar-ulertzea, jendetasuna, badakin. Ez ote da hori, Marceline, egunkariek diotena?

        — Bai, hala da —erantzun zuen Marcelinek eztiki—. Baina, Zazie, hain gaizto erabili ote haute eskolan?

        — Ausartu ere! Horixe besterik ez nuen behar!

        — Bestalde —jarraitu zuen Gabrielek—, hogei urte barru ez dun maistrarik izango: zineak, telebistak, elektronikak eta molde horretako asmakariek hartuko diten haien ordea. Halaxe zioenan egunkari batek lehengoan. Ez da hala, Marceline?

        — Hala da —erantzun zuen Marcelinek eztiki.

        Etorkizun hartan barneratu zen Zazie une batez.

        — Orduan —esan zuen— astronauta izango naiz.

        — Hola, hola! —esan zuen Gabrielek entzundakoaz harro— Hori dun garaian garaikoa izatea!

        — Bai —segitu zuen Zaziek— astronauta izango naiz martiztarrak inpromatzeko.

        Izter joka hasi zen Gabriel gogobeterik:

        — Bai azkarra gure txikia, bai horratik!

        Zeruan zegoen.

        — Ohera joan beharko luke halere —esan zuen Marcelinek eztiki— Ez al gaude nekaturik, txiki?

        — Ez —erantzun zuen Zaziek aho-zabalka.

        — Nekaturik dago gure txikia —adierazi zion Marcelinek Gabrieli eztiki—, ohera joan beharko luke.

        — Arrazoi duzu —esan zuen Gabrielek, barruan aginduzko eta, ahal neurrian, kontestaezinezko esaldi bat egosten ari zen bitartean.

        Agindu borobil hura mundura baino lehen, telebistarik ba ote zuten galdetu zion Zaziek.

        — Ez —esan zuen Gabrielek—. Nahiago dinat zinea —gaineratu zuen gogo gaiztoz.

        — Zinera eraman nazazu orduan.

        — Beranduegi —esan zuen Gabrielek—. Gainera, ez dinat horretarako astirik, hamaiketan hasten naun lanean.

        — Ez dugu zure beharrik —esan zuen Zaziek—. Izeba eta biok joango gara bakarrik.

        — Ez niken onez eramango —esan zuen Gabrielek poliki bezain sumindurik.

        Zazie begitan finkatu eta honela jarraitu zuen, haserre antzean:

        — Marceline ez dun sekula ni gabe ateratzen.

        Eta segitu zuen:

        — Ez dinat beste azalpenik emango, txiki, luzeegi joko liken.

        Zaziek begirada beste alde batera bideratu eta aharrausi egin zuen.

        — Nekatuta nago —esan zuen— banoa ohera.

        Zutitu egin zen. Matraila eskaini zion Gabrielek. Musu eman zion Zaziek.

        — Azal leuna duzu —adierazi zion neskatoak.

        Gela aldera lagundu dio Marcelinek eta Gabriel bere inizialak bereizgarri dituen zerri larruzko nezeser polit baten bila abiatu da. Egokitu da, baso handi bat hartu, granadinaz bete, xurrutada bat ur isuri, eta eskuak apaintzen hasi da; izugarri maite du hura guztia, buru-belarri murgiltzen da egiteko hartan eta beste ezein esku-apaintzaile baino hobeagotzat dauka bere burua. Errepain likits bat hasi da kantatzen ondoren, hiru zilarginen balentriekin segitu du gero, ahapetik betiere, txikia ez esnatzearren, eta amaitzeko soldadu garaiko ereski batzuei ekin die, argien itzaltzea, banderaren agurra, caporal conconcon, eta abar...

        Itzuli da Marceline.

        — Segituan lokartu da —esan du eztiki.

        Eseri eta baso bat kirsch prestatu du.

        — Aingerutxoa —esan du Gabrielek doinu neutro batean.

        Mira geratu da bukatu berri duen azkazalaren aurrean, hatz txikia da, eta nagiari ekin dio ondoren.

        — Zer egingo dugu neskarekin bihar egun osoan? —galdetu du Marcelinek eztiki.

        — Ez da halako arazorik —dio Gabrielek—. Eiffel dorre gainera eramango dut lehenik. Bihar arratsaldean.

        — Eta bihar goizean? —galdetu du Marcelinek eztiki.

        Kolorea galdu du Gabrielek.

        — Batez ere —esan du—, kontu gero ni esnatu, batez ere.

        — Ikusten? —dio Marcelinek eztiki—. Arazo bat.

        Gero eta larriago dirudi Gabrielek.

        — Haurrak, badakizu, goiz jaikitzen dira haurrak goizetan. Ez dit lo egiten utziko..., ez dit indarberritzeko betarik emango... Ezagutzen nauzu. Indarberritu behar izaten dut nik. Hamar ordu lo, ezinbesteko dut hori. Hala eskatzen dit osasunak.

        Marcelineri beha geratu da.

        — Ez al duzu horretan pentsatu?

        Begiak apaldu ditu Marcelinek.

        — Ez dizut egin beharra eragotzi nahi izan —erantzun dio eztiki.

        — Eskertzen dizut —esan du Gabrielek astun—. Baina zer egin nezake goizean haren zaratarik ez entzuteko?

        Gogoetan hasi dira biak.

        — Loeragile bat eman geniezaioke —esan du Gabrielek—, gutxienez eguerdira arte edo, hobe, arratsaldeko laurak arte lo egin dezan. Ba omen dira horretarako aukera ematen duten supositorio izugarri on batzuk.

        — Tan tan tan —jo du Turandotek poliki, atearen markoan.

        — Sartu —esan du Gabrielek.

        Sartu da Turandot, Laverdure lagun duela. Eseri da inork erregutu baino lehen eta mahai gainean utzi du kaiola. Laverdure granadina botilari begira geratu da, aiher bizian. Marcelinek xorta bat isuri dio moko-ontzian. Turandotek uko egin dio siropari (keinua). Gabrielek hatz handia bukatu eta arinari ekin dio. Txintik ez inortxok ere bitarte horretan.

        Laverdurek zurrupatu du dagoeneko bere granadina. Mokoa xukatu du, kaiola-makilan marruskatuz, eta hizketan hasi da ondoren, gisa honetara:

        — Hitz eta pitz ari haiz, hitz eta pitz, besterik ez dakik egiten.

        — Popatik, hitz eta pitz! — ihardetsi dio Turandotek mindurik.

        Gabrielek egitekoak utzi eta begi gaiztoz eraso dio etorri berriari.

        — Esak berriro, ea nola mintzatzen haizen —esan dio.

        — Zera esan diat —erantzun dio Turandotek—: popatik, hitz eta pitz.

        — Zer adierazi nahi duk horrenbestez, e? Zer adierazi nahi izan duk?

        — Adierazi? Hauxe besterik ez: ez diat batere gustoko neska mukizu hori!

        — Gustoko ala ez gustoko, axola zidak niri!

        — Barkatu. Umerik gabe alokatu diat etxe hau eta orain baimenik gabe ekarri didak bat.

        — Baimena? Badakik non sartzen dudan nik baimen hori?

        — Bazakiat. Gutxi behar dik ilobatxoaren antzera solas gordinetan hasteko, gutxi!

        — Ez zagok hi bezalako adimengabeak jaiotzeko eskubiderik! Ba ote dakik, babo arraio horrek, zer den adimengabea izatea?

        — Horra —dio Turandotek—, hasi gaituk!

        — Hitz eta pitz ari haiz, hitz eta pitz, besterik ez dakik egiten.

        — Nor arraio hasi da? —galdetu dio Gabrielek ageriko mehatxuan.

        — Modu benetan higuingarrian ari haiz hizketan.

        — Nazkatzen hasia naiz tipo honekin —esan dio Gabrielek Marcelineri.

        — Ez zaitez urduri jarri —erantzun dio Marcelinek eztiki.

        — Ez diat neskato zikinik nahi neure etxean —dio Turandotek doinu patetikoan.

        — Nazka ematen didak —ulu egin du Gabrielek—. Nazka ematen didak, aditzen?

        Ukabilaz jo eta betiko tokitik arrailatu da mahaia. Lurrera joan da kaiola ere eta haren atzetik granadina botila, kirsch flaskoa, godalet txikiak eta esku-apainketarako nezeserra. Kexu bizian da Laverdure. Granadinaz zikindu da estutxearen larrua. Etsipenezko oihu bat egin du Gabrielek eta lurrera amildu da kutsaturiko zorroa jasotzearren. Lurrera eraman du aulkia ere amiltze horretan. Ate bat zabaldu da.

        — Zer arraio gertatzen da hemen? Ezin ote da etxe honetan lorik egin?

        Pijama jantzirik dago Zazie. Aharrausi egin eta mehatxu-begirada bat luzatu dio Laverdureri ondoren.

        — Hau bordela, etxe honetakoa! —adierazi du.

        — Hitz eta pitz ari haiz —dio Laverdurek—, hitz eta pitz, besterik ez dakik egiten.

        Zertan ari den ongi ez dakiela, alde batera utzi du neskatoak animalia eta Turandotengan finkatu ditu begiak. Honela galdetu dio osabari:

        — Eta hau, nor da tipo hau?

        Nezeserra xukatzen ari da Gabriel zamau-mutur batez.

        — Kaka putza —egin du Gabrielek marmar—, hondatu duk!

        — Beste bat oparituko dizut —esan dio Marcelinek eztiki.

        — Mila esker —esan dio Gabrielek—, baino beste bat erostekotan, nahiago nuke zerri-larruzkoa ez balitz.

        — Zer zenuke gogoko? Box-calfa agian?

        Kopeta beztu zuen Gabrielek.

        — Galuchata?

        Kopeta beltz.

        — Errusiako larrua?

        Kopeta beltz.

        — Eta krokodiloa?

        — Garestia izango da hori.

        — Baina sendoa eta dotorea.

        — Konforme ba, neronek erosiko dut.

        Zazieri zuzendu zitzaion Gabriel orduan, irribarre zabal batez:

        — Ikusi dun? Xarma bera baino xarmagarriagoa dun izeba.

        — Oraindik ez didazu esan nor arraio den tipo hori.

        — Jabea dun —erantzun dio Gabrielek—, goitik-beherako gizona, lagun handia, beheko tabernako nagusia.

        — La Cavekoa?

        — Horixe eta bera — esan du Turandotek.

        — Dantza egiten al da xai horretan?

        — Hori bai ezetz —erantzun dio Turandotek.

        — Hori mixeria.

        — Ez hadi honetaz kezkatu, bizimodua aise ateratzen din.

        — Baina Senxermendepreko horretan —esan du Zaziek—, aparrean biziko litzateke. Hala diote egunkari guztiek.

        — Atsegina dun nire aferez kezkatzen haizela ikustea —esan du Turandotek handikiro.

        — Popatik, zure aferak! —iharduki dio Zaziek.

        Miauka hasi da Turandot, garaipena adierazteko.

        — A, a —esan dio Gabrieli— oraingoan ezin eutsiko diok kontrakoari. Popatik esan dik argi eta garbi.

        — Ez gordinkeriarik esan —adierazi dio Gabrielek.

        — Baina ez diat nik esan —erantzun dio Turandotek—, berak bota dik.

        — Salatia —aurpegiratu dio Zaziek—. Hori ez dago batere ondo.

        — Aski da —bukatu du Gabrielek—. Bada lanera joateko garaia.

        — Ez da benetan horren atsegina gau-zaindariaren lana —dio Zaziek.

        — Ez zagon lanbide atseginik —erantzun dio Gabrielek—. Hoa lotara.

        Turandotek kaiola jaso eta hala esan du:

        — Itzuliko gaituk berriro elkar-hizketa honetara.

        Eta hala erantsi du, doinu fin batez:

        — Popatik, elkar-hizketa!

        — Zeinen ergela den! —esan du Marcelinek eztiki.

        — Ezin ergelagoa! —segitu dio Gabrielek.

        — Gabon jaun-andreok —esan du Turandotek amultsuki—, egonaldia atsegina izan da benetan, ez dut astia alferrik eman, ez horixe.

        — Hitz eta pitz ari haiz —dio Laverdurek—, hitz eta pitz, besterik ez dakik egiten.

        — Zeinen pollita den! —esan du Zaziek hegaztiari begira.

        — Hoa ba lotara! —esan dio Gabrielek.

        Ate batetik irten du Zaziek, bestetik arratseko bisitariak.

        Gabriel egon egin da pixka batean, dena baretu eta alde egiteko. Eskaileran behera abiatu da soinurik atera gabe, maizter eratsuen moduan.

        Baina Marcelinek zerbait hauteman du komoda gainean. Hartu du, lasterka joan da ate aldera, zabaldu eta, eskailera-zulo aldera makurtu ondoren, oihu egin du eztiki:

        — Gabriel, Gabriel.

        — Zer da? Zer duzu?

        — Ezpainetako gorria ahantzi duzu.

 

 

 

© Raymond Queneau

© itzulpenarena: Joxan Elosegi

 

 

"Raymond Queneau / Zazie metroan" orrialde nagusia