I

 

        Nondikotedatorkiratsau, pentsatu zuen bere artean Gabrielek, usain hura ezin eramanik. Alferrik duk, ez dituk garbitzen. Egunkariak berak aitortu dik, Pariseko ehun etxebizitzetatik hamaikatan ere ez zagok bainurik, ez duk harritzekoa, baina badituk horratik garbitzeko moduak. Inguruko hauek ez ditek ahalegin handirik egiten, ez horixe. Bestalde, ez zirudik hau Parisko krakatsuenen artean bereizitako jende-saila denik. Ez dik zentzurik. Halabeharrak bildu ditik hona. Ezin pentsa genezakek Austerlizko geltokian zain dagoen jendeak Lyongo geltokian dagoenak baino usain txarragoa dukeenik. Ez, ez dik zentzurik. Nolanahi ere, hau kiratsa.

        Gabrielek zetazko mokanes bat, malba kolorekoa, atera zuen mahukatik eta sudurra estali zuen.

        — Nondik arraio dator kirats hau? —oihu egin zuen andere batek goraki.

        Ez zen bere buruaz ari, ez zen berekoi horietakoa, ez. Ondoan zuen gizonari zerion lurrinaz ari zen.

        — Hau, andere maitea —erantzun zion Gabrielek hitzetik hortzera— Barbouze duzu, Fior etxeko lurrina.

        — Galarazi beharko lukete jendearen artean horrelako usain nazkagarria banatzen ibiltzea— jarraitu zuen atsoak bere eskubideez zeharo harturik.

        — Ongi ulertu badut, andereño maitea, hik uste dun hutsaren hurrengoa dela arrosen lurrina heurearen ondoan. Ba ez, oker habil, andereño maitea, oker habil.

        — Aditu duk? —esan zion andereak ondoan zuen gizon ttattar bati. Berekin larrutan iharduteko legezko paperak bete zituen berbera izango zen hura seguru aski—. Aditu duk, nola lotsa galdu didan urde zerri handi honek?

        Ttakattanttoak goitik behera arakatu zuen Gabrielen piura eta, bere artean, idisko ederra zagok, baina honelakoekin arriskurik ez sekula, ez dituk alimaleko indar horretaz baliatzen ausartzen, koldarkeria hutsa lukek beren aldetik. Eta oihu egin zuen, harro-harro:

        — Aizak, astapotro, bai hi, kirats galanta darik, e?

        Gabrielen hasperena! Indarra erabili behar, berriro ere. Biziki nazkatzen zuten horrelako gorabeherek. Beti berdin, giza jendeak mundua lehen aldikoz zapaldu zuenetik beretik. Beharrak agintzen zuen, ordea. Ez zen gainera bere errua, jende ahula mundu guztia inpromatzen saiatzen bazen etengabe. Halaz ere, azkeneko aukera emango zion euli hari.

        — Esan ezak berriro —bota zion Gabrielek.

        Harritu-edo egin zen ipotxa morroskoak jaramon egin ziola ikusita, eta berea hartu zuen honelako erantzuna itxuratzeko:

        — Esan berriro zer?

        Harrapa ezak hori, bere artean ttakattanttoak. Zoritxarrez, amorerik ez ispilu-armairuak: makurtu eta bost silabako monofasiko hau jaurti zion:

        — Zarraiosanduk...

        Dardariko batean jarri zen gizontxoa. Garaia zuen dagoeneko, garaia zuen hitzezko babes-ezkutu bat borobiltzeko. Hamalaudun alexandrotarretan plazaratu zen.

        — Lehenik eta behin, inork ez dizu ni hika tratatzeko baimenik eman.

        — Kakati —esan zion labur Gabrielek.

        Eta besoa jaso zuen zaflako bat emateko imintzioan. Berehala igaro zitzaion ipotxari berriketarako gogoa eta lurrera bota zuen bere burua, jendearen hanken artera. Negarrez lehertzear zegoen. Haren zorionerako, trena geltokian sartu eta aldatu egin da ikuskizuna. Jende usaintsuak begiak zuzendu ditu, harat-honat, andanatan igarotzen hasiak diren bidaiariengana. Afera-gizonak datoz buru, urrats bizian, dokumentu-kartera eskuari itsatsita, beste puskarik gabe, bidaiatan gainerakoak baino askoz ere hobekiago moldatzen direla adierazi nahi duen ibileran.

        Urrunean ditu begiak Gabrielek; atzean behar ditek hauek, atoian, emakumeak beti atoian. Baina ez, ondo-ondotik agertu zaio neskato bat:

        — Zazie naiz eta zu osaba Gabriel, lepoa egingo nuke.

        — Huraxe eta bera —erantzun dio Gabrielek handiki doinuan—. Halaxe dun, hire osaba naun.

        Barrez hasi da neskatxa. Irribarre amultsu batez, Gabrielek besoetan hartu eta ezpainetaraino goratu du. Musua berak, musua neskatxak, eta berriro lurrera.

        — Usain ona duzu, haatik! —dio umeak.

        — Barbouze, Fior etxekoa —azaldu dio sendokoteak.

        — Jarriko al didazu ttantta bat belarri atzean?

        — Gizasemeentzako lurrina dun.

        — Horra, hortxe duk! —dio Jeanne Lalochèrek, etorria azkenean—. Kontu egin nahi hion, ba hortxe duk, horra!

        — Ez dun arazorik izango —dio Gabrielek.

        — Fio ote naiteke hitaz? Kasu egidak, ez diat familia osoak bortxatzea nahi.

        — Baina, ama, ongi baino hobekiago dakizu une egokian iritsi zinela azken aldian.

        — Nolanahi ere —dio Jeanne Lalochèrek—, ez dinat horrelako zerbait berritzerik nahi.

        — Lasai egon haiteke —dio Gabrielek.

        — Ongi. Elkar ikusiko diagu etzi berriro, seiak eta hirurogeiko trenerako. Bai?

        — Irteera aldean —dio Gabrielek.

        — Natürlich —erantzun du Jeanne Lalochèrek, gogoa beste nonbait duela—. Aizak, Gabriel, hire emaztea ongi beti ere?

        — Ongi beti, eskerrik asko. Ez dun gurera etorri behar?

        — Ez diat astirik izango.

        — Horrela da beti, morroiren bat duen guztietan —dio Zaziek—. Familiak ez dio batere axola orduan.

        — Hurren arte, maite. Hurren arte, Gaby.

        Alde egin zuen.

        Ahotan hartu zuen Zaziek aurrekoa:

        — Txoratuta dago tipo batekin.

        Gabrielek bizkarrak harrotu eta ez zuen deus esan. Maleta hartu zion Zazieri.

        Zerbait esan zuen orduan.

        — Goazen.

        Eta aurrera jo zuen, presaka, zetorkion guztia ezker-eskuin alboratuz. Atzetik zuen Zazie.

        — Osaba —egin zuen oihu—, metroa hartuko dugu?

        — Ez.

        — Zergatik ez ba?

        Geratu egin zen Zazie. Geratu egin zen halaber Gabriel. Itzuli, maleta lurrean utzi eta azalpenetan hasi zitzaion neskatxari.

        — Ez, ez eta ez. Gaur, ezin. Greban zeuden.

        — Greban?

        — Greban, bai. Metroa, hain paristarra den garraio hori, lurpean geratu dun lo, zulagailuz armaturik ibiltzen diren langileek ez dutelako lanik egin behar.

        — Zerriak! —hasi zen Zazie oihuka— Urdeak alaenak! Niri horrelakorik, niri!

        — Ez diten hiri bakarrik egin —esan zion Gabrielek, guztiz objetibo.

        — Bost axola dit! Niri gertatu zait eta horrek du inporta. Hain nengoen pozik, hain nengoen kontent, Zazie metroan paseatzen! Kaka putza, alajainkoa!

        — Etsi beste erremediorik ez dun —esan zion Gabrielek, hitzak, noizbehinka ohi zuen bezala, halako ukitu kantiarrez jantziriko tomismoz borobildurik.

        Honela argudiatu zion, ondoren, kosubjektibitate mailara igaroz:

        — Mugi hadi, gainera, berritsu hori! Zain dinagu Charles.   Euskaraz zuzenean adieraz ez daitekeen frantses hitz-joko ezaguna, berdin ahoskatzen diren Charles attend («zain dago Charles») eta charlatan («berritsu») esamoldeen artean. (Itzultzailearen oharra)

        — A! Kontu zaharra hori! —oihu egin zuen Zaziek sumindurik—. Vermot jeneralaren oroitzapenetan irakurriak ditut horrelakoak!

        — Ez ba —esan zion Gabrielek—, ez ba! Charles lagunxarra dinat eta taxi bat din. Eta guretzat gordetzeko esan zionat, greba honetarako hain xuxen, aditzen? Goazeman, ba!

        Maleta hartu zuen berriro esku batean eta Zazie eraman zuen besteaz, arrastaka ia.

        Hantxe zegoen Charles zain, bihotz negartien kronika irakurtzen astekari batean. Bila zebilen tipoa, urteak zeramatzan bere berrogeita bost udaberri loratsu haiek onez hartuko zizkion eme helgarri baten bila. Baina ergelegiak edo motzegiak iruditzen zitzaizkion beti kazeta hartan negar eta lantu agertzen ziren emakumeak. Zitalak eta zuriak. Lastoa bereizten zuen negarrezko habeetan eta emakume doilorrena aurkitu uste zuen panpina gaixoenagan.

        — Egunon, txiki —esan dio Zazieri begiratu gabe, aldizkaria ipurdi azpian kontu handiz egokitzen ari zen bitartean.

        — Ez dago gaizki, gurdi hau —esan du Zaziek.

        — Igo hadi —esan dio Gabrielek— eta ez hadi snob izan.

        — Popatik, snob! —erantzun dio Zaziek.

        — Badik grazia, ilobatxoak —esan du Charlesek, gakoa zuloan sartu eta motorrari eragiten ari dela.

        Esku mugimendu arin-bizi batez, taxi barrenean sartu du Gabrielek Zazie eta haren ondoan egokitu da gero.

        Kexu da Zazie.

        — Zanpatu gabe gero! —oihu egin du amorruz beterik.

        — Polita zatorrek —adierazi du Charlesek labur bezain eratsu.

        Abiatu dira.

        Aurrera doaz bidean. Gabriel paisaiaz arduratzen hasi da, hitz harro eta keinu handi.

        — A, Paris —esan du ozen eta ekarkor—, zeinen hiri ederra! Begira, ez al da guztiz ederra?

        — Bost axola niri —dio Zaziek—. Metroan ibili, horixe nahi nuen guztia!

        — Metroa! — marru egin du Gabrielek— Metroa!! Hortxe dun metroa!

        Eta airean dagoen zerbait adierazi dio hatz batez.

        Kopeta beztu du Zaziek. Ez da fidatzen.

        — Metroa? Metroa lur azpian da, metroa. —esan du mesprezuz— . Adarrik ez!

        — Hori —dio Gabrielek—, airekoa dun.

        — Orduan, ez da metroa.

        — Utzidan bukatzen —dio Gabrielek—. Zenbaitetan, lurpetik irten egiten din metroak, berriro ere sartzeko.

        — Kontuak dira horiek.

        Ezinaren keinua egin du Gabrielek. Ondoren, hizketa beste ildo batera eraman nahian, bidean ikusitako zerbait adierazi du hatz batez.

        — Hara! —marru egin du berriro— Begira! Panteoia!

        — Zer ez dugun oraindik entzun behar! —dio Charlesek burua itzuli gabe.

        Mantso doa Charles, neskatxak hiriko bitxiak ikusi eta aldi berean bere burua pixka bat jantzi dezan.

        — Ez ote da, ba, Panteoia? —galdetu dio Gabrielek.

        Halako trufa kutsua dario galderari.

        — Ez —dio Charlesek irmo—. Ez, ez eta ez. Hori ez duk Panteoia.

        — Ez, e? Zer da ba hori, hire ustez?

        Trufa doinu haren garratza laidotzat hartu du ia-ia taxizaleak; halaz ere, berehala aitortu du aurkariaren garaipena.

        — Ez zakiat batere.

        — Horra! Ikusten?

        — Baina hori ez duk Panteoia.

        Setatia baita Charles, hala eta guztiz ere.

        — Oinezkoren bati galdetuko zioagu —proposatu du Gabrielek.

        — Oinezkoak —erantzun dio Charlesek—, artaburu galantak denak.

        — Hori bai egia —dio Zaziek soseguz.

        Bere horretan utzi du Gabrielek auzia. Aurkitu du, dagoeneko, bere arretaren lastoa non erre.

        — Eta hori —oihu egin du—, hori...

        Koinatuaren eurekaldi batek moztu dio hitza.

        — Azkenean! —ulu egin du—. Ikusi dugun hori ez zuan Panteoia, ez horixe, Lyongo geltokia zuan.

        — Balitekek —esan dio Gabrielek axolarik gabe—, baina txanda pasa zaiok horri, utz dezagun bere horretan. Orain, neska, begira eta esaidan ez ote den bikaina horrako arkitektura hori. Inbalidoak ditun...

        — Burutik hago ala? —dio Charlesek— Horrek ez dik ikustekorik batere Inbalidoekin.

        — Ongi zagok —dio Gabrielek—, Inbalidoak ez badira, esaiguk zer deabru den.

        — Ez nagok seguru —dio Charlesek— baina asko jota Reuillyko kaserna-edo izango duk.

        — Zuek —dio Zaziek urrikalkor—, gaizagaixo batzuk baizik ez zarete, biok ere!

        — Zazie —esan du Gabrielek, bere aukerako doinuen artean harroenaz batere nekerik gabe jabetu ondoan—, arazorik ez Zazie, nahi baditun Inbalidoak eta Napoleon handiaren hilobia benetan ezagutu. Neronek eramango haut bertara.

        — Popatik, Napoleon! —ihardetsi dio Zaziek—. Axola dit ba lodikote horrek, bere kapelu txoroa eta guzti!

        — Zerk axola din orduan?

        Erantzunik ez Zaziek.

        — Hori ba —esan du Charlesek espero ez bezalako adeitasunez—, zerk axola din?

        — Metroak.

        A, esan du Gabrielek. Deus ere ez Charlesek. Hizketan segitu du ondoren Gabrielek eta berriro esan du: a!

        — Eta-noiz-arraio-bukatu-behar-du-greba-honek? —galdetu du Zaziek, hitz bakoitza basaki hanpatuz.

        — Ez zakinat batere —erantzun dio Gabrielek—. Ez naun politika zale.

        — Hori ez duk politika —dio Charlesek—. Babarrunak dituk horiek.

        — Eta zuk, jauna —galdetu dio Zaziek—, egin al duzu grebarik sekula?

        — Jakina, andereño. Ezinbestean, tarifak igoko badira.

        — Honelako gurditzarra ikusita, behera ere egin behar lizukete tarifa. Ez da benetan erraza izango okerragorik aurkitzea! Ez, horixe! Ez zenuen ba Marneko bazterretan aurkituko?

        — Laster gauden etxean —esan du Gabrielek egoera leundu nahian—. Horra kantoiko taberna.

        — Zein kantoi? —galdetu du Charlesek ironiaz.

        — Bizi naizen kaleko kantoia —erantzun du Gabrielek inozo.

        — Ez duk hori, ordea —dio Charlesek.

        — Nolatan? —eraso dio Gabrielek— Ez ote da, ba, hori nik diodan taberna?

        — Et, et, et! —sartu da Zazie tarteko—. Ez zarete berriro hasiko, ezta?

        — Ba ez, ez duk hori —erantzun dio Charlesek Gabrieli.

        — Arrazoi duk —esan du Gabrielek ostatu paretik igarotzen ari direla—. Ez nauk sekula taberna horretan sartu.

        — Aizu, osaba —galdetu du Zaziek—. Horrelako petralkerietan hasten zarenean, zer da, nahita ala nahi gabe?

        — Hiri barre eragiteko dun, neska — erantzun dio Gabrielek.

        — Ez kezkatu —dio Charlesek Zazieri— Ez din nahita egiten.

        — Ergel galanta —esan du Zaziek.

        — Egia esan —dio Charlesek— nahita egiten du batzuetan eta nahi gabe besteetan.

        — Egia esan! —oihu egin du Gabrielek (keinua)— Egia zer den jakingo bahu bezala! Mundu guztiak egia zer den jakingo balu bezala. Hau (keinua), kartoiharria duk, guztia: Panteoia, Inbalidoak, Reuillyko kaserna, kantoiko taberna, dena! Kartoiharria, aditzen?, kartoiharria!

        Eta honela bukatu du, abaildurik:

        — Hau mixeria!

        — Zer, gelditu eta bixigarri bat hartuko al dugu? —galdetu du Charlesek.

        — Ez duk ideia txarra.

        — La Caven?

        — Saint-Germain-des-Présen? —galdetu du Zaziek, irabioan dagoeneko.

        — Ez ba, neska! —dio Gabrielek— Nolatan gogora dakinake horrelakorik? Ez zagon hori baino modaz paseago dagokeen alderik.

        — Adierazi nahi baduzu ez dudala mundua ezagutzen —esan dio Zaziek—, jakin ezazu nire aldetik artaburu galanta egina zaudela.

        — Aditu duk? —esan du Gabrielek.

        — Zer nahi duk —dio Charlesek—, belaunaldi berria duk.

        — Popatik, belaunaldi berria! —dio Zaziek.

        — Ongi, ongi —dio Gabrielek—, ulertu dinagu. Kantoiko tabernara joango bagina, e?

        — Benetako kantoiko tabernara? —galdetu du Charlesek.

        — Bai —dio Gabrielek—. Eta gero afaritan geratuko haiz gurekin.

        — Ez al ginen ba horretan?

        — Bai.

        — Orduan?

        — Orduan, ba..., berretsi egiten diat.

        — Ez zagok berretsi beharrik. Ez ote ginen horretan?

        — Ez hadi horrela jarri. Gogora ekarri nahi izan diat, ez ahanzteko.

        — Ez diat, ordea, ahantzi.

        — Baina, zer da hau? —moztu du Zaziek— Egingo ote dugu noizbait trago hori?

        Gabriel erraz eta zauli atera da taxitik. Hirurak dira dagoeneko mahai baten inguruan, espaloian. Neska zerbitzaria hurbildu zaie, axola gabe. Bere nahia argitu du Zaziek hura mahaira orduko:

        — Kokakola bat.

        — Ez dugu —erantzun dio zerbitzariak.

        — Horixe besterik ez geninan behar! —oihu egin du Zaziek—. Hau ote da ezagutu behar dudan mundua?

        Sutan dago neska.

        — Niri ardo bat ekarridazu —dio Charlesek.

        — Eta niri granadina bat —dio Gabrielek—. Eta hik? —galdetu dio Zazieri.

        — Esan dizut lehenago: kokakola bat.

        — Esan diten ba, ez dagoela.

        — Kokakola nahi dut, horra!

        — Nahi bai, nahi dun —esan dio Gabrielek, pazientzia handia erakutsiz—, baina ez zagon, ongi asko dakin hori.

        — Zergatik ez duzue? —galdetu dio Zaziek zerbitzariari.

        — Pze! (keinua).

        — Ez huke panaxe-erdi bat hartuko? —proposatu dio Gabrielek.

        — Kokakola bat nahi dut, ez besterik!

        Gogoetan geratu da mundu guztia. Izterrari hazka hasi da zerbitzaria.

        — Badute aldameneko taberna horretan —esan du azkenean—, italiarrarenean.

        — Ongi —dio Charlesek—, noizko ardo hori?

        Bila abiatu da zerbitzaria. Deus esan gabe, zutitu eta bat-batean desagertu da Gabriel. Laster da berriro, bi lasto luze agerian dituen botila lepamehe bat eskutan. Zazieren aurrean utzi du.

        — Hemen dun, neska! —esan du ahots handi.

        Txintik esan gabe, eskutan hartu du Zaziek botila eta ahoaz hasi da tutuekin jostatzen.

        — Ikusten? —dio Gabrielek bere lagunari—. Ez duk hain zaila. Umeekin, aski duk zer nahi duten jakitea.

 

 

 

© Raymond Queneau

© itzulpenarena: Joxan Elosegi

 

 

"Raymond Queneau / Zazie metroan" orrialde nagusia