V

 

        Uda luze bat behar izan zen oso-osorik, Ti Txin-Fu zena bizi izan zen probintzia aurkitzeko!

        Zeinen gertakari administratibo bitxia, zeinen txinatarra! Kamilloff zerbitzalak, nork, Estatuko yamen-ak kurritzen ematen baitzuen egun osoa, lehenik frogatu behar izan zuen, mandarin zaharraren bizitokia ezagutzeko gogoak ez zuela Inperioaren segurtasunaren aurkako azpikeriarik estaltzen; eta gero oraindik zin egin behar izan zuen ez zegoela jakin-min horretan erritu sagaratuen aurkako erasorik! Orduan, lasaiturik, Tong printzeak baimendu zuen ikerketa inperiala egitea: ehunka eskribau zurbildu ziren gau eta egun, pintzela eskuan, arroz-paperetan txostenak marrazten; misteriozko eleketak xuxurlatzen ziren etengabe Hiri Inperialeko administrazio-bulego guztietan, Astronomia Epaitegitik hasi eta Ontasun Hobetsiaren Jauregiraino; eta coolie elemenia batek, dokumentu zahar pilatuen pisuagatik haustear zeuden angarilak garraiatzen zituzten, Errusiar Ordezkaritzatik Hiri Debekatuko kioskoetara, eta handik Artxiboen Atarira...

        Kamilloffek emaitzaz galdegiten zuenean, berehala etortzen zitzaion erantzun lasaigarria: Lao-Tseren Liburu Santuak ikusten ari zirela, edo Nor Ha-Txuren garaiko testu zaharrak aztertzera zihoazela. Eta errusiarraren larritasun gerraria baretzeko Tong printzeak, mezu sotil hauekin batera, ganorazko opariren bat igortzen zuen, pastel gozoren bat edo banbu-ernamuinak azukre-uretan...

 

        Eta jeneralak lehiatsu lan egiten zuen bitartean Ti Txin-Furen familia aurkitzeko, nik urre eta zetazko orduak ehotzen nituen (horrela dio japoniar olerkari batek) jeneral-andrearen oin ñimiñoetan...

        Bazen lorategian kiosko bat, basapikuen azpian, txinatar modari jarraiki, Atseden Zuhurra zeritzana: ondotik errekasto fresko kantari bat pasatzen zen eztiki, arrosaz pintaturiko zubitxo baten azpitik. Paretak, kotoi koloreko zetaz forratutako banbu finezkoak ziren: eguzkiak, haietatik zehar pasatzean, opalo lausozko argi naturaz gaindiko bat egiten zuen. Erdian zeta zurizko etzaulki bigun bat zuen, goiz-hodeiaren poesia zuena, ezkon ohea bezain erakargarria. Txokoetan, Yeng aroko txarro garden aberatsetan, Japoniako lili gorriminak zeuden tente, beren galantasun aristokratikoaz. Zoru guztia Nankingo zirri finez estalia zegoen; eta leiho-sarearen ondoan, sandalozko zutoin airos baten gainean, haizemaile bat zutika irekita, kristal-xafla bereiziz osatua, brisadak kanpotik sartzean dardarazten zuena, doinu malenkoniatsu eta samurrak atereaz.

        Abuztuaren azken aldeko goizak oso leunak dira Pekinen; badabil jada airean udazken-samurtasun moduko bat. Ordu horretan, Meriskoff kontseilaria eta Ordezkaritzako ofizialak, Kantzilergoan izan ohi ziren beti, San Petersburgorako posta prestatzen.

        Ni orduan, haizemailea eskuan harturik, zeta-ehunezko babouche-en punttetan lorategiko kaletxo aireztatuak arinki zanpatuz, Atseden Zuhurreko area erdi-irekitzera joaten nintzen:

        — Mimi?

        Eta jeneral-andrearen ahotsak erantzuten zuen, muxu bat bezain leun:

        — All right...

        Zeinen polita zegoen txinatar dama jantzian! Adats goitituan, muxika-lore zuriak zeramatzan; eta bekainek aratz eta beltzagoak ziruditen Nankingo tintaz bizituak. Gasazko atorratxoak, urre-hariz soutache-an bordatua, bere bular ttipi eta tenteen moldea hartzen zuen; ninfa-izter koloreko foulard-ezko galtza zabal eta laxa batzuk, haren bateko itxura ematen ziotenak, zeta horizko galtzerdiz estalitako orkatila finen parean amaitzen ziren, eta ene eskuko hiru hatz eskas kabitzen ziren haren txinelatxoan...

        Bladimira zuen izena; Nidji-Novgorodetik hurbil jaioa zen. Hezi zuen izeba zaharrak Rousseau miresteaz gain Faublas irakurtzen zuen eta ilea hautseztatzeko ohitura zuen, Versalleseko dama galant baten litografia kosako handi bat zirudielarik...

        Bladimiraren ametsa Parisen bizitzea zen; eta te-orriak fintasunez irakinarazten zituen bitartean, cocotte-en istorio pikaroak eskatzen zizkidan, eta Dumas semeari zion gurtza aitortzen...

        Nik, orbel koloreko zetazko tunikaren beso luzea goititzen nion, eta ene ezpain gartsuekin, haren beso ederretako azal freskoan zehar bidaiak egiten nituen; gero, etzaulkiaren gainean elkarturik, bularra bularraren kontra, estasi mutu batean, kristal-xaflen soinu eolikoak sentitzen genituen, mika urdinen hotsak platano artean hego-biraka, eta ur-lasterraren erritmo iheslaria...

        Gure begi hezeek batzuetan, etzaulkiaren gaineko zeta-ehunezko lauki batekin egiten zuten topo, non txinerazko hizkietan, Li-Nunen Liburu Sagaratuko esaerak baitzeuden idatzirik «emazteen eginbeharrez». Baina guk ez genuen txinera ulertzen, ez batak eta ez besteak... Eta isiltasunean berriro ekiten zioten gure musuek, bakan, soinu eztiz, zilarrezko ontzi batean (herrialde haietako hizkuntza loretsuan) banaka erortzen ziren perlak bailiren... O, Pekingo lorategietako siesta gozoak, non zaudete? Non zarete, Japoniako lili gorrien hosto ihartuak?...

 

 

        Goiz batean, Kantzilergoan Meriskoffekin adiskidantzazko pipa hartzen ari nintzela, Kamilloff sartu zen; bere sable ikaragarria sofa baten gainera bota eta pozak txoratzen, Tong printze zorrotzak emandako berriak kontatu zizkigun. Jakin zuten azkenean, Ti TxinFu izeneko mandarin aberats bat bizi izan zela garai batean, Mongoliako mugetan, Tien-Ho hirian! Bat-batean hil zen: eta haren ondorengo ugariak han bizi ziren, miseria gorrian, etxe-txar ziztrin batean...

        Aurkikuntza hura, egia esan, ez zitzaion Inperioko burokraziaren ernetasunari zor, aldiz, Fakuako tenpluko astrologo batek egina izan zen, hogei gauetan zehar izarretako artxibo argitsua aztertzen jardun ondoren...

        — Teodoro, zure gizona izan behar du horrek! —esan zuen Kamilloffek.

        Eta Meriskoffek pipako hautsa hustuz, errepikatu zuen:

        — Zure gizona izan behar du horrek, Teodoro!

        — Nire gizona... —murmurikatu nuen ilunki.

        Agian nire gizona zen, bai! Baina ez ninduen batere liluratzen, Txinako urruntasun triste haietan zehar, karabana aspergarri batean nire gizonaren edo bere familiaren bila joateak!... Gainera, Pekinera iritsi nintzenetik ikusi gabe nuen Ti Txin-Fu eta bere kometaren irudi gorrotagarria. Kontzientzia, uso lokartu bat zen ene barruan. Izan ere, boulevard eta Loretoko atseginetatik erauzi izanaren ahalegin gogorra eta Erdiko Inperioraino itsasoak ildokatuz etorri izana, nahiko hoben-ordaina eta erromesaldi erremediagarria iruditu bide zitzaion Betiereko Zuzentasunari. Benetan Ti Txin-Fu, bareturik, erretiratua bide zen bere kometarekin amaigabeko Gelditasunera... Zertara joan behar nuen beraz, Tien-Hora? Zergatik ez hantxe segi, Pekin maitakor hartan, nenufarrak azukre-uretan janez, Atseden Zuhurreko maitasunezko loaldietara abandonatuz, eta arratsalde urdinketan, Meriskoff zintzoari besotik heldurik ene ibilalditxoa eginez, Garbikundeko harnabarrezko terrazetatik edo Zeruko Tenpluko zedroen pean?...

        Baina ordurako Kamilloff arduratsua, arkatza eskuan harturik, mapan markatzen ari zen Tien-Horako ibilbidea! Eta mendi-itzalak, ibai-lerro bihurriak eta aintzira gandutsuak nahasketa gogaikarri batean erakutsiz, esan zidan:

        — Hona hemen! Ene gonbidatuak Ni Ku-Hera igo behar du, Pei-Horen ertzera... Hortik, ontzi mutur motzetan, My-Yunera. Oso hiri ona, bada han Buda bat bizirik... Handik, zaldiz, Txe-Hiako gaztelu-herrira segi behar duzu. Harresi Handia igaro, —ikuskizun aparta!— eta Ku Pi-Hoko gotorlekuan atsedeten duzu. Gazelak ehizatu ditzakezu han. Sekulako gazelak... Eta bi eguneko bidearen buruan Tien-Hon zaude... Ederki, ez da?... Noiz abiatu nahi duzu? Bihar?...

        — Bihar —xuxurlatu nuen, goibel.

        Jeneral-andre gaixoa! Gau horretan, Meriskoffek aretoaren barrenean Enbaxadako hiru ofizialekin, bere whist sagaratuan jokatzen zuen bitartean, eta Kamilloff sofa bazterrean besoak antxumaturik, Vienako Kongresuko eserleku batean bezain itzaltsu, aho-zabalik lo zegoela, piano aurrean eseri zen. Nik, aldamenean, Larra baten jarreran, halabeharraren kariaz lur jota, bibotea kiribiltzen nuen ilunki. Eta izaki ezti hark, pianoaren saudade sarkorreko bi intziriren artean, honela abestu zuen, bere begi distiratsu eta bustiak niregana saihestuz:

 

                L'oiseau s'envole,

                La bas, la bas!...

                L'oiseau s'envole,

                Ne revient pas...

 

        — Itzuliko da txoria habiara —murmurikatu nuen nik hunkiturik.

        Eta, malkoak ezkutatzearren aldenduz, marmarka joan nintzen haserre bizian:

        — Ti Txin-Fu madarikatua! Hire erruz! Doilor zaharra! Zital zaharra!...

 

 

        Hurrengo egunean, han abiatu nintzen Tien-Hora, Sa-To interpretari begirunetsua, gurdi-ilara luze bat, bi kosako, eta coolie mordo handi batekin.

        Tartariar Hiriko harresia uztean, denbora luzez jarraitu genuen, Konfuzioren tenplua inguratzen duten lorategi sagaratuen aldamenetik.

        Udazkenaren hondarrean zen; hostoak horituak ziren ordurako; eztitasun hunkigarri bat zebilen airean...

        Kiosko santuetatik kantu-zurrumurru bat irteten zen, tonu berekoa eta tristea. Terrazetan, egundoko sugetzarrak, jainko gisa gurtuak, arrastaka zihoazen, jada hotzagatik gogortuak. Eta han-hemenka, pasatzean, budista zaharkituak ikusten ziren, pergaminoak baino zimelagoak, sustraiak bezain kozkortsuak, basapikuen azpian, zangoak gurutzaturik lurrean eserita, idoloak baino geldiago, etengabe euren zilborrari begira, Nirvanako perfekzioaren zain...

        Eta ni, asiar Urriko zeru hura bezain zurbileko tristeziaz, agurtzean jeneral-andrearen begi berdeetan dirdira egiten ikusi nituen bi malko biribiltxo haietan pentsatzen nindoan!...

 

 

 

© Eša de Queiros

© itzulpenarena: Jesus Mari Lasa

 

 

"Eša de Queiros / Mandarin zaharra" orrialde nagusia