III

 

        Orduan hasi zen nire dirudun bizitza. Berehalaxe utzi nuen Madame Marquesen etxea, nork aberatsa nintzela jakin zuenetik esne-arroza egiten baitzidan egunero, berak zerbitzatzen zidalarik igandetako zetazko soinekoa jantzita. Loretoko jauregitxo horia erosi eta bertan jarri nintzen bizitzen; nire bizitokiko punpeziak ongi ezagunak dira, ez ditu alferrik «Ilustraçao Francesa»k argitaratu bere grabatu begi-luzeetan. Europa osoan ospetsu bihurtu zen nire ohea, bere gustu jori eta basagatik; ohe-burua urre landuzko xaflaz estalia zuen eta brokatu beltz bitxizko gortinen izurretan, perlaz bordatuak, Katuloren bertso erotikoak irakur zitezkeen; barruan zintzilik zegoen lanpara batek, Udako ilargi-argiaren argitasun zurika eta maitekorra barreiatzen zuen.

        Nire lehen hilabete aberatsak, ez dut ukatzen, maitatzen pasa nituen, maitatzen, esperientzia gabeko mutil gaxte baten bihotz-taupada tolesgabez. Balkoiko krabelinak ureztatzen ikusia nuen, eleberri-orrialde batean bezala: Kandida zuen izena; ttipia zen eta horaila; Buenos Airesen bizi zen, aihen-belarrez estalitako etxetxo xume batean; eta zuen grazia eta gerrialde airosagatik, Arteak sortu dituen pertsonaiarik fin eta hauskorrenak ekartzen zizkidan gogora: Mimi, Birjinia, Santarem ibarreko Joaninha...

        Gauero erortzen nintzen, estasi mistiko batean, bere harnabar koloreko oinetan. Goizero betetzen nion magala, hogei mila errealeko billetez: hasieran errefusatu egiten zituen, zertxobait gorrituz, gero, tiraderan dirua sartzean, Toto aingerutxoa deitzen zidan.

        Egun batez, oin punttetan sartu nintzen, siriar alfonbra lodiaren gainetik bere boudoir-eraino; idazten ari zen erabat birloratua, hatz txikia ttentte zuela: ni ikustean, dardara batean eta oso zurbil, bere monograma zeraman papera ezkutatu egin zuen. Eskuetatik erauzi nion, jelosia zentzugabe baten mendean. Ohiko gutuna zen, ezinbesteko gutuna, aspaldiko Antzinatetik emakumeak beti idatzi izan duen gutuna; honela hasten zen: «Ene idolatratua..» eta auzoko alferez bati zuzendua zegoen.

        Berehala erauzi nuen errotik ene barreneko sentimendu hura, hala nola erauzten diren landare pozoitsuak. Betirako utzi nion, zeharkatutako zeruen isla begirada urdinean gordetzen duten aingeru horailetan sinesteari; ene urrearen gailurretik, Mefistofelesen algara mingotsa zabaldu nuen Errugabetasun, Ahalke eta beste zenbait idealizazio deitoragarrien gainera, eta hotz-hotzean, bizimodu abere, handikoi eta lotsagaldua antolatu nuen.

 

 

        Eguerdiko hamabiak jotzearekin, nire arrosa koloreko marmolezko bainu-ontzian sartzen nintzen, non, isuritako lurrinek esne-tonu hits bat ematen baitzioten urari; gero, esku leuneko mutil-gaxte samurrek, igurtzi egiten ninduten, elizkizun bat burutzen ari denaren zeremonial berberaz; eta Indiako zetazko robe de chambre batean bildurik, galerian zehar, ene Fortuny eta Corotei han-hemenka begiratuak banatuz, mirabe-lerro isilen erditik, Sevres urdin eta urreztatuan zerbitzaturiko xerra jatera joaten nintzen.

        Eguerdi artea, beroa bazen, perla koloreko zeta-ehunezko bigungarrien gainean ematen nuen; altzariak Dresdeko portzelana finezkoak ziren eta loreek Armidaren lorategi bat osatzen zuten nire boudoir horretan; han ahogozatzen nuen «Diario de Noticias»a, neska pollit batzuek, japoniar eran jantziak, lumazko haizemaileak astinduz giroa freskatzen zuten bitartean.

        Arratsaldez, oinez ibilalditxo bat egitera joaten nintzen Pote das Almaseraino; eguneko ordurik astunena zen; eskumakilan sostengatuz, zango nagiak arrastaka nituela, pizti okituaren aharrausiak egiten nituen; eta jendetza zirtzila gelditu egiten zen, txunditurik, aberaskote aspertuari so egitera!

        Aldika, bulegoan pasatako garaien saudade moduko batek hartzen zidan barrena. Etxean sartzen nintzen, eta liburutegian itxirik, larruz azaleztaturiko Gizadiaren Pentsamendu ahantzia atsedeten zegoen tokian, antzara-luma bat zorrozten nuen, eta orduak ematen nituen, ene «Tojal» orri maiteetan, garai bateko esaldiak erruten: «Jn. T. Goren eta Ptu.: Gorentasun Horri aditzera emateko ohorea dut... Gorentasun Horren eskuetara pasatzeko ohorea dut!...»

        Ilunabarrean morroi batek, afaria iragartzeko, doinu solemne bat jotzen zuen zilarrezko tronpetaz, antzinako ohiturari jarraiki. Altxatu eta afaltzera joaten nintzen, itzaltsu eta bakarti. Mirabe mordo batek, zeta beltzezko uniformeak jantzita, errainu irristakorren isiltasunez zerbitzatzen zituzten jaki arraroak, harribitxien salneurriko ardoak: mahai gain guztia lore, argi, kristal eta urre-distira festa bat zen: eta fruta piramideetan kiribilduz, plateren lurrunekin nahastuz, laino mehe baten antzera, asperkizun esanezin bat zebilen...

        Ondoren, sormindurik, coupe barrenera neure burua bota eta Janelas Verdesera joaten nintzen; han, eztitasun musulmanez inguraturiko haren-lorategi batean, emakume-aldra galanta mantentzen nuen. Zetazko tunika fresko eta lurrindu bat janzten zidaten eta eldarnio higuingarrietara abandonatzen nintzen... Erdi-hilik ekartzen ninduten etxera, goizeko lehen egun-txintarekin; oharkabean gurutze-santuaren egin eta handik gutxira zurrungaka egoten nintzen tripaz gora, zurbil eta izerdi hotzetan, Tiberio akitu bat bezala.

 

 

        Bizkitartean, Lisboa neure oinetan nuen. Jauregiko ataria, jendetza handi batek hartua zegoen etengabe; galeriako leihoetatik gogaiturik begira jarrita, aristokraziaren papar zuriak, elizgizonen sotana beltzak eta herri xehearen izerdi-dirdirak ikusten nituen. Denak, ezpain laidogarriz, ene irribarrearen ohorea eta ene urrearen partaidetza erregutzera zetozen. Noizean behin errezibitzen nuen, titulu historikodun agureren bat; aretoan barrena aurreratzen zen, ile urdinduekin alfonbra ia ukitzen zuela, lausenguak totelduz, eta bertatik, hiru mendetako odolez ondutako esku zaintsua bularrean zabalduz, alaba maitaturen bat eskaintzen zidan, emazte edo ohaidetarako.

        Hiritar guztiek opariak ekartzen zizkidaten, hala nola idolo bati aldarera, batzuek nire ohorezko odak, beste batzuek nire monograma ilez bordatua, zenbaitek txinelak edo pipak, eta denek euren kontzientzia. Ene begirada hitsa, suertez kalean, emaztekiren batengan ezartzen bazen, hurrengo egunean gutun bat etortzen zen, zelakoak, emazte edo emagaldu, bere biluztasuna, bere maitasuna eta likiskeriazko atsegin guztiak eskaintzen zizkidalarik.

        Kazetariek irudimena akuilatzen zuten, nire handitasunaren duin izango ziren adjektiboak aurkitzeko; On Teodoro Jaun Gorena izan nintzen, On Teodoro Zerutiarra izatera ere iritsi nintzen, orduan, ez dakit ze haizek emanda, «Gazeta das Locais»ek On Teodoro Jaun Extrazerutiarra izendatu ninduen! Ene aurrean ez zen inoiz inor buru hutsik egon, koroa edo kapeladuna izan. Egunero eskaintzen zidaten ministerioaren bat ez bazen, kofradiaren bateko lehendakaritza. Arbuiatu egin nituen beti, gogaiturik.

        Apurka-apurka ene aberastasunen ospea, erresumaren mugak gaindituz joan zen. «Figaro»k, losintxari, ale guztietan hitz egiten zuen nitaz, Enrike V baino nahiago ninduelarik; «Saint Genest» izenpetzen duen trauskil hilezkorrak eskaera iskanbilatsuak egin zizkidan, Frantzia salbatzeko nire presentzia galdatuz; eta atzerriko aldizkari ilustratuak nire bizimoduko pasarteak argitaratzen hasi ziren, koloretan. Europa guztiko printzesen eskutitzak jaso nituen, zigilu heraldikoekin, argazki eta dokumentu bidez, haien gorputz-formak eta leinuen antzinatasuna erakusten zidatelarik. Urte horretan esan nituen bi ateraldi, unibertso osora telegrafiatuak izan ziren Havas Agentziako harietatik, eta Voltaire, Rochefort edo «Mundu Guztia» deituriko adimen fin hori baino ere izpiritualagotzat hartua izan nintzen. Nire hesteak danbateko batez lasaitzen zirenean, gizadiak kazetetatik jakiten zuen. Erregeei maileguak egin nizkien, gerra zibilak diruz lagundu nituen, eta Mexikar Golkoa inguratzen duten errepublika latino guztiek egin zizkidaten iruzurrak.

        Eta ni bitartean, triste bizi nintzen...

        Etxean sartzen nintzen bakoitzean, izuturik gelditzen nintzen ikuspen berberaren aurrean: atariko sarreran luze edo urrezko ohatzean trabeska, han zetzan irudi sabel-handia, motots beltza eta tunika horia soinean, besoetan kometa zuela... Ti Txin-Fu mandarina zen! Arrapaladan joaten nintzaion ukabila jasota, eta dena desagertzen zen.

        Orduan, izerditan blai, lur-jota jausten nintzen besaulki gainera, eta gelako isiltasunean, non argimutiletako kandelek odol-tonu bat ematen zioten damasko gorriei, murmurikatzen nuen:

        — Hildako hori hil beharra zeukaat!

        Dena den, ez zen mamu zahar tripa-handi haren lotsagabekeria, nire altzari eta ohazalen gainean etzanez, bizitzari gustu txarra har erazten zidana.

        Ikaragarriena, burdin erauztezin bat bezala izpirituan iltzatu zitzaidan burutazioa zen, agure bat hil nuela!

        Ez zen izan zintzurra soka batez inguratuz, musulman erara; edo Sirakusako ardo-edontzi batean pozoia emanez, italiarrek Berpizkunde garaian bezala; ez eta erregetzaren historian fama itzaltsua jaso duten modu klasikoren batekin ere: puñala Joan II.ren kasuan, edo karabina Karlos IX.renean...

        Urrunetik garbitu nuen nik izaki hura, txilin baten bidez. Zentzugabea zen, ametsezkoa, irrigarria. Baina horrek ez zuen txikiagotzen ekintzaren belztasun tragikoa: nik agure bat hil nuen!

        Pixkanaka, segurantzi hori hazi egin zen eta harri bihurtu zitzaidan ene ariman, eta nola zutabe batek menpean hartzen duen bere ingurumaria, halaxe hartu zuen hark ere ene barne-bizitza osoa; hala, ene pentsamenduek biderik apartatuena hartzen zutela ere, han izaten zen beti oroitzapen salatzaile hura zeruertza belzten; nire fantasien hegaldiek alturarik handienak harrapatzen zituztela ere, azkenik ezinbestez, miseria moralaren monumentu haren kontra jotzen zuten, hegoak zaurituz.

        A! Bizitza eta heriotza Materiaren transformazio soiltzat harturik ere, beldurgarria da odol bero bat hozturik utzi den pentsamendua, gihar bizi bat mugimendu gabe utzi den ideia! Bazkal ondoren, kale usaina aldean sumatuz, betetasun sentipen batekin sofan gogogabe etzaten nintzenean, berehalaxe altxatzen zen ene barrenean, esklabo-kartzela batetik letorkeen koru malenkoniatsuaren antzera, salaketa marmar atergabea:

        — Zure ekintzaren kariaz, eztitan bizi duzun ongizate hori ezin izango du inoiz gehiago gozatu Ti Txin-Fu agurgarriak!...

        Alferrik ihardesten nion Kontzientziari, Mandarinaren zahardadea eta hezueri sendaezina gogoraraziz... Argudioz emankor, eztabaidarako irrikaz, amorruz ihardukitzen zidan:

        — Izan lezakeen erarik xumeenean ere, bizitza goreneko ondasuna da: duen izaeran bertan baitatza bere xarma, eta ez bere agerpenen ugaritasunean.

        Ni oldartu egiten nintzen pedagogo zorrotz batena zirudien maisukeria erretoriko horren aurka: bekokia oso altxatuz, deiadarkatzen nion harrokeria etsigarriz:

        — Ongi da! Nik hil nuen! Hobe! Eta zer? Zure Kontzientzia izen handiak ez nau ikaratzen! Kirioen sentikortasunaren bihurritze bat besterik ez da. Laranja-lorez uxa zaitzaket!

        Eta berbertatik, ariman pasatzen sentitzen nuen, brisadaren geldotasunez, ironiazko zurrumurru apal bat:

        — Ederki, orduan jan, egin lo, bainatu eta maita ezazu...

        Eta halaxe egiten nuen. Baina ondoren, oheko harizko maindireek, hil-mihisearen tonu zurbilak hartzen zituzten nire begi izutuen aurrean; murgiltzen nintzen ur lurrinduak, hozkirritu egiten zidan azala, odol gatzatuaren ukimen trinkoaz; eta ene maitaleen bular biluziek goibeldu egiten ninduten, gorpu bat gordetzen duten marmolezko hilarriak bailiren.

        Gero mingostasun handiago batek hartu zidan barrena: Ti Txin-Fuk, zalantzarik gabe, familia ugaria izan bide zuela hasi nintzen pentsatzen, bilobak, birbiloba txikiak... eta nik, Sevresko plateretan okitu arte jaten nuen bitartean, sultan biziotsu baten punpeziaz, haiek, euren jarauntsiaz gabetuak, giza miseriaren ohiko infernu guztiak pasatzen ariko zirela Txinan: arrozik gabeko egunak, jantzi gabeko gorputzak, limosna ukatua, kale lohitsua etxetzat...

        Orduan ulertu nuen zergatik pertsegitzen ninduen letratu zaharraren irudi gizenak; eta biboteetako ile luze eta zuriek estaltzen zizkioten ezpainetatik orain, salaketa atsekabetsu hau irteten zela iruditzen zitzaidan: «Ni ez naiz neure buruagatik kexu, izaki erdi hila nintzen jada; ezer gabe utzi dituzun gaixoengatik egiten dut negar, ordu hauetan, zu zure maitaleen bular freskoetatik zatozenean, gosez intzirika daudenengatik, hotzez dardarka, hilzorian daudenen artean pilaturik, legendun eta lapurren artean, Eskaleen Zubian, Zeruko Tenpluko terrazen ondoan!»

        O, tortura zorrotza! Egiazko txinatar tortura! Ezin nuen ogi mutur bat ahora eraman, bertatik irudimenean haurtxo talde gosetia ikusi gabe, Ti Txin-Furen ondorengoak ziren, zapuztutako habian txioka mokoa alferrik zabaltzen duten lumatu gabeko txorikumeen antzera; beroki barruan biltzen banintzen berehala zetorkidan andre dohakabeen ikuspena, garai batean txinatar erosotasun epelean mimatuak izan zirenak, gaur hotzak gorriturik zeuden, zeta zahar zarpailak soinean, goiz elurtu batean; ene jauregiko ebanozko sabaiak Mandarinaren familia zekarkidan gogora, ubide ertzetan lo eginez, zakurrek usnatuak; eta bigunki forraturiko ene coupe-ak, zirgit eragiten zidan, Asiako negu gogorrean, bide lokaztuetan zehar eginiko ibilaldi alderrai luzeetan pentsatzean...

        Zenbat sufritzen nuen! Eta okerrena zen, jendaila bekaiztia nire jauregira etortzen zela guztiz harritua, han bide zeuden zorion iritsi ezinak hizketa-gai zituztela!

        Azkenik, onartuz Kontzientzia suge haserre moduko bat zela nire barruan, Grazia berekin duelako Kontzientziaren gainetik dagoela esaten duten Haren laguntza erregutzera erabaki nintzen.

        Zoritxarrez, nik ez nuen Harengan sinesten... Beraz, nire aspaldiko jainkotasun partikularrarengana jo nuen, nire idolo kutunarengana, familiako zaindari genuen Andre Mari Doloretakoarengana. Eta apaiz eta kalonje aldra bat handikiro ordaindurik, hiriko katedral eta herrixketako kaperak kurrituz, Ama Doloretakoari erregutzen ibili nintzen, bere begi errukiorrak ene barruko gaitzari zuzendu zitzaizkion... Baina ez zen inolako atsedenik jaitsi Zeru gupidagabe horietatik, zeinetara milaka urtetatik hona alferrik igotzen den giza miseriaren bihotz-berotasuna.

        Orduan neroni murgildu nintzen egintza elizkoietan, eta Lisboa ikuskizun aparta honen lekuko izan zen: aberaskote bat aldare oinean apalki ahozpez, eskuak elkarturik Salbe zatiak toteltzen, Otoitzean eta Zeruetako Erreinuan, nongo Erregina Andre Maria baita, denaren jabe direnek ezer ez dutenak kontentatzeko asmatu duten alegiazko kontsolamendu bat baino gehiago ikusi balu bezala... Ni burgesiako kide naiz eta badakit, herri xehe behartsuari Paradisu urrun bat erakusten bazaio, esanezineko gozamenak iritsi nahiaraziz, gainezka beteta dituzten kutxa eta soro emankorren ugaritasunetik arreta aldentzeko dela.

        Gero, orduan eta egonezin handiagoz, milaka meza emanarazi nituen, arruntak eta abestuak, Ti Txin Furen arima erratuari atsegin emateko asmoz. Penintsular garun baten umekeriak! Mandarin zaharra, bere letratu izaeran, Han-Lindarren Akademiako kide zelarik, eta seguruenera «Khu Tsuane-Txu» obra handiaren egileetako bat, zeinak badituen jada hirurogeita hemezortzi mila zazpiehun eta hogeita hamar liburu, Konfuzioren moral baikorreko dotrinaren jarraitzaile izana baitzen ia seguru... Inoiz ez zuen hark Budaren ohorez ere, metxa lurrindurik piztuko: eta sakrifizio mistikoaren zeremonialak, haren gramatikari eta fedegabeko arima gorrotagarriarentzat, Hong-Tung antzokiko pailazoen pantomima baten antzeko izango ziren!

        Orduan, zenbait eliza-buru amarrutsuk, esperientzia katolikoa zutenak, aholku burutsu bat eman zidaten, Ama Doloretakoaren onginahia, opari, lore, brokatu eta bitxi bidez lortzea, Aspasiaren mesedeak iritsi nahi izan banitu bezala; eta banku-jabe lodiak, zuhaitz artean cottage bat oparituz, dantzarisaren atseginak eskuratzen dituen modu berean, nik, apaizen iradokizunei jarraiki, Gizonen Ama eztia erosi nahi izan nuen, marmol zurizko katedral bat eraikiz. Loreen ugaritasunak, paradisuzko ikuspegiak osatzen zituen zutabe landuen artean: argien aniztasunak izar arteko handientzak zekartzan gogora... Alferrik dirua harrika botatzea! Nani kardinal fin eta jakintsua etorri zen Erromatik eliza bedeinkatzera; baina egun horretan nire jainkozko gonbidatuari bisita egitera sartu nintzenean, eliztarren burusoilak baino harantzago ikusi nuena, intsentsu-laino mistikoen artean, ez zen izan Graziaren Erregina horaila, bere tunika urdinarekin, baizik eta doilor zaharra, bere begi oiherrez eta kometa besoetan zuela! Berari ari ziren, haren tartaro-bibote zuriari, haren antzara koloreko sabel handiari, urre bordatuz jantziriko apaiz talde oso bat, organoaren zurrunga artean, amaiezinezko gorespenak eskaintzen...

        Orduan, pentsatuz Lisboa zela, —nik lo egiten nuen ingurunea zenez— halako irudipenak garatzeko bide ematen zuena, joan egin nintzen, apalki bidaiatu nuen, punpezia gabe, baula eta morroi batekin.

        Beren ordena klasikoa jarraituz, izan nintzen Parisen, Suitza arruntean, Londresen eta Eskoziako aintzira goibeletan; Jerusalemgo harresi ebanjelikoen aurrean altxa nuen ene denda; eta Alexandriatik Tebasaino, mausoleoko korridore bat dirudien monumentuz beteriko Egipto zabal eta triste hori kurritu nuen. Ezagutu nituen baporeetako zorabioak, hondakinetako aspertasuna, jendetza ezezagunen malenkonia eta boulevardetako desilusioak: eta ene barreneko gaitza hazten zihoan.

        Orain ez zen bakarrik familia agurgarri bat ezer gabe utzi izanaren mingostasuna. Hori baino arrangura itzelagoak hartzen zidan barrena; letratu aditu, Ordenuaren zutabe, instituzioen euskarri zen funtsezko pertsonai batez, gizarte oso bat gabetu izanaren damuak erasotzen zidan. Ez dago horrela Estatu bati ehun eta sei milioi duroko balioa duen norbait erauzterik, haren orekan eraginik izan gabe... Ideia honek ankerki sufriarazten zidan. Gogo biziak sentitu nituen, Ti Txin-Furen galera, Txina zaharkituarentzat benetan hain kaltarkitsua izan ote zen jakiteko: Hong-Kong eta Xangaiko egunkari guztiak irakurri nituen, gauak eman nituen esna bidai historiak zirela eta, misiolari jakintsuei iritzia eskatu nien; eta artikulu, gizon eta liburu, denak Erdiko Inperioaren gainbeheraldiaz mintzatzen zitzaizkidan, probintzia suntsituak, hiriak hilzorian, jendetza gosetiak, izurriteak eta matxinadak, tenpluak lur jotzen, legeak aginpidea galtzen, mundu oso baten atal-banaketa, hala nola olatuek desegiten duten oholez ohol, hondoa jotako itsasontzia!...

        Eta neure buruari egozten nizkion nik txinatar gizartearen zorigaitz hauek! Ene izpiritu erian, Zesar baten, Moises baten balio neurrigabea hartu zuen orduan Ti Txin-Fuk, arraza oso baten indarra diren probidentziazko izaki horietako batena. Nik hil egin nuen; eta harekin batera galdu zen bere aberriaren bizi-indarra! Haren garun ahaltsuak agian salba zezakeen, jeinu baten zantzuz, asiar erresuma zahar hura, eta nik geldiarazi egin nizkion sormen egintzak! Haren aberastasunak lagungarri gerta zitezkeen hango Herri Ondasunak galdutako handitasuna berreskura zezan, eta ni diru hura alferrik galtzen ari nintzen, Helderreko mesalinei Urtarrilean alberretxikuak eskainiz!... Lagunok, inperio oso bat suntsitu izanaren damu neurgaitza ezagutu nuen!

        Oinaze korapilatsu hau ahaztearren, orgietara eman nintzen. Champs Elysées Etorbideko jauregi batean jarri nintzen bizitzen, eta ikaragarria izan zen. Trimalzionen gisako festak ematen nituen, eta likiskeria goreneko ordurik latzenetan, txarangetatik zetorren kobre-burrunba lazgarriak kankanak hausten zituenean; bular lizunkoiko emagalduek, kopla lotsagalduak intzirikatzen zituztenean; ene gonbidatu alderraiek, garagardotegiko ateoak, kopa xanpaina altxatuz Jainkoa iraintzen zutenean, ni, Heliogabaloren antzera, bat-batean amorru aberekoi batek mendean harturik, Pentsamenduaren eta Ezagueraren aurkako gorrotoz, lurrera jausten nintzen lau oinean eta egundoko asto-arrantzak egiten nituen...

        Gero beherago jaitsi nahi izan nuen, jende xehearen nasaikerietara, «L'Assommoir»eko alkohol-trakeskerietara: eta zenbat aldiz, brusa jantzirik, kapela kokotean, «Mes-Bottes» edo «Bibi-la-Gaillarde»ren besotik, joan ote nintzen balantzaka, mozkor talde batean, kanpoko boulevardetan zehar, korrokada artean ulukatuz:

 

                Allons, enfants de la patrie-e-e!...

                Le jour de gloire est arrivé...

 

        Goiz batean, gehiegikeria haietako baten ondoren, lizunkoiaren arimako ilunpeetan egunsenti izpiritual lauso bat zabaltzen den orduan, bat-batean, Txinara abiatzeko burutazioa jaio zitzaidan! Eta lo dagoen kanpamendu bateko soldaduak turuta hotsera jaikitzen diren gisara, banaka-banaka elkartu eta zutabeak osatuz, halaxe joan ziren biltzen beste burutapen batzuk ene izpirituan, lerrokatuz eta egundoko egitamua burutuz... Pekinera joango nintzen; Ti Txin-Furen familia aurkituko nuen; dama haietakoren batekin ezkonduz, nire milioien jabetza legeztatuko nuen: etxe gailen hari bere antzinako joritasuna emango nion; hileta handikoiak ospatuko nizkion Mandarinari, haren izpiritu sumindua baretzearren; miseria gorrian zeuden probintzietara joango nintzen, sekulako arroz banaketak eginez, eta enperadoreagandik kristalezko mandarin-botoia eskuratuz, batxiler batentzat lan erraza, neuk ordeztuko nuen Ti Txin-Furen nortasun galdua, eta horrela, haren jakintzaren omena bihurtuko ez banion ere, gutxienez urrearen indarra berriro lege onez haren aberriarena izango zen.

        Hau guztia, aldika, egitasmo zehaztugabe, lainotsu, umekeria idealista bat iruditzen zitzaidan. Baina ordurako, abentura paregabe eta epiko honen egarriak menpean hartua ninduen; eta arrastaka ninderaman, nola haize-boladak orbela.

        Txinako lurrean oina jartzeko irrikaz hasperenka nengoen! Urre-eskutadaka suspertutako prestakizun handien ondoren, gau batean abiatu nintzen azkenik, Marseillera. Bapore oso bat alokatu nuen: «Ceylan»a. Eta hurrengo goizean, urdin-turkesazko itsasoarekin, kaioen hegada zuriaren pean, lehenengo eguzki-izpiek, harkaitz beltzaren gaineko Andre Mari Guardakoaren dorreak gorriztatzen zituztenean, Sortaldera zuzendu nuen branka.

 

 

 

© Eça de Queiros

© itzulpenarena: Jesus Mari Lasa

 

 

"Eça de Queiros / Mandarin zaharra" orrialde nagusia