II

 

        Hilabete joan zen.

        Nik bitartean, ohikeriaz eta triste, ene letra kurtsiba botere publikoen zerbitzuan ipintzen jarraitzen nuen, eta igandetan Andre Augustak Couceiroren buruko zahia nolako trebetasun hunkigarriz garbitzen zuen miresten. Ordurako argi zegoen niretzat, gau hartan infolioaren gainean hartu ninduela loak eta itxura hurbilagoan agertzen zitzaidan «Mendiko Tentaldi» batekin egin nuela amets. Senak eraginda, hala ere, Txinaz kezkatzen hasi nintzen. Havanesara joaten nintzen telegramak irakurtzera; eta ene interesak han bilatzen zuena, Erdiko Inperioko albisteak ziren beti; dirudienez ordea, garai horretan ez zen ezer gertatzen arraza horikoen eskualdean... Havas Agentziak, Herzegobina, Bosnia, Bulgaria eta beste zenbait bitxikeria arrotz aipatzen zituen soilik...

        Apurka-apurka, irudipenezko pasadizo hura ahazten joan nintzen, eta aldi berean, ene izpiritua poliki-poliki baretu ahala, berriro ere mugitzen hasi ziren han bizi ziren antzinako goranahiak: zuzendari nagusiaren soldata, Lolaren bular maitekorra, Andre Augustarenak baino samurragoko xerrak. Baina halako erregaliak, Mandarinaren milioi berberak bezain iritsi ezin eta ametsetatik jaioak iruditzen zitzaizkidan. Eta bizitzako basamortu aspergarria zeharkatuz, han jarraitu zuen, ene malenkonien karabana geldoak...

        Abuztuko igande goiz batean, mauka hutsetan, zigarro itzalia ezpainean nuela, ohe gainean etzanda erdi-lotan nengoela, ateak poliki-poliki kirrinka egin zuen, eta betazal loguratsuak erdi-zabaltzean, buru-soil errespetagarri bat ikusi nuen ene ondoan makurtzen. Berehalaxe, ahots asaldatu batek murmurikatu zuen:

        — On Teodoro jauna?... Gobernazio Ministerioko On Teodoro?

        Ukalondoaren gainean jaiki nintzen geldiro eta erantzun nuen aharrausika:

        — Ni nauzu, jauna.

        Tipoak bi-doble egin zuen bizkarra: nola gortesauak Bobetxe errege gurgarriaren aurrean... Ttipia eta gizena zen: papilote zurien puntek alpakazko frakaren solapak ukitzen zizkioten. Urrezko betaurreko agurgarri batzuek dizdiz egiten zuten haren aurpegi masail-potorrean. Ordenuaren pertsonifikazio oparo bat ematen zuen. Eta dardara batean zegoen, burusoil lustretsutik hasi eta behi-larruzko botinetaraino. Urrumaka, ttuka eta hitz-totelka hasi zen:

        — Zuretzako albisteak ditut, jauna! Garrantzizko albisteak! Silbestre dut izena... Silbestre, juliano & Kª... Zure zerbitzari apala... Southamptondiko baporean heldu dira hain zuzen... Gu, Makaoko Brito, Alves & Kªren ordezkariak gara... Hong-Kongeko Craig and C°ren ordezkariak... Letrak Hong-Kongetik datoz...

        Gizonkotea trabatu egiten zen; eta haren esku potxoloak lakre beltzez zigilaturiko karta bete-bete bat astintzen zuen dardarka.

        — Zu, jauna, segur aski —jarraitu zuen— jakinaren gainean zeunden... Gu gara ezer ez genekienak... Ez da harritzekoa nahaspilatzea... Espero dugu gordeko diguzula zure oniritzia... Guk betidanik izan diogu begirune handia zure izaerari... Bertutezko lore izan zara lur honetan, gizon onen ispilu! Hemen daude lehen ordain-aginduak Londreseko Bhering and Brothersen gain... Hogeita hamar egunetarako letrak Rothschilden gain...

        Izen horren hotsera, urrearen soinu berbera duenez, lehiatsu egin nuen jauzi ohetik

        — Zer da hori, jauna? —deiadar egin nion.

        Eta berak deiadar handiagoz, eskutitza astinduz eta oin puntetan zutituz:

        — Ehun eta sei milioi dira, jauna! Ehun eta sei milioi Londres, Paris, Hanburgo eta Amsterdamen, zure alde atereak, jaun txit gorena!... Zure alde, jaun txit gorena! Hong-Kong, Xangai eta Kantongo etxeen aldetik, Ti Txin-Fu mandarinaren jarauntsi-diruaren gordailutik!

        Munduak dardara egin zuen ene oinen azpian, eta begiak itxi nituen une batez. Baina berehalaxe konturatu nintzen, ordu horretatik aurrera, Naturaz Gaindikoa gizon egina bezala nintzela, nire indarra harengandik jasoz eta haren atributuen jabe eginez. Ezin nintekeen gizon gisa portatu, edo giza agerpenetara beheititu. Areago, ene jarrera hieratikoa ez haustearren, ez nintzen joan, arimak eskatzen zidan bezala, Madame Marquesen papar zabalean negar egitera...

        Ordutik aurrera, jainko baten edo deabru baten sorgortasuna zegokidan. Galtzei naturaltasunez tiradizo bat eman zuen, eta hitzok esan nizkion Silbestre, Juliano & Kªri:

        — Ongi da! Mandarin... diozun Mandarin hori, gizatasun osoz portatu da. Badakit zer den hau guztia: familiako kontuak dira. Utzi itzazu hor paperak... Egun on.

        Silbestre, Juliano & Kª atzeraka erretiratu zen, bizkarra makurturik eta bekokia lurrera begira zuela.

        Orduan leihora joan eta aldenik alde ireki nuen, eta burua atzealdera boteaz, haize beroa arnastu nuen pozik, orkatz nekatu baten antzera...

        Gero behera begiratu nuen, kale aldera, non burgesiako jendea lerratzen baitzen, mezetatiko irteera baketsuan, bi zalgurdi-ilara artean. Hona eta hara begiratu nuen oharkabean, andre batzuen ileordeetan eta zenbait uhalerietako metal distiratsuetan begiak ezarriz.

        Eta bat-batean, burutazio hau etorri zitzaidan, ziurtasun gailen hauxe: zalgurdi haiek denak orduka eta urteetan bar nintzakeela nik! Ikusten nituen emakumeetatik batek bakarrik ere ez ziokeela uko egingo bere bular biluzia niri eskaintzeari, nire gurariaren seinale batera! Gizon haiek denak, beren igandetako lebitekin, nire aurrean ahozpeztuko ziratekeela, Kristoren, Mahometen edo Budaren aurrean bezala, nik aurpegiaren ondoan, Europako plazen gain nituen ehun eta sei milioiak astindu banizkie!...

        Barandan sostengaturik barre egin nuen higuinez, menpeko giza jende haren zalaparta hutsala ikusiz, beren burua libre eta indartsu jotzen baitzuten, bien bitartean euren gainean, laugarren pisu bateko leihoan, nik eskuan nuelarik beltzez lakraturiko karta batean, haien ahuldade eta esklabutzaren sorburua bera! Orduan, Luxuaren atseginak, Maitasunaren erregaliak, Boterearen harrokeriak, denak gozatu nituen, irudimenean, istant batean, eta hurrupa bakar batez. Baina gero, asetasun handi batek hartu zidan arima: eta mundua ene oinetan sentituz, aharrausi egin nuen lehoi ase batek bezala.

        Zertarako balio zidan azkenik, hainbesteko milioitzak, gizonaren ezerezkeriaren baieztapen etsigarria egunez egun gogora ekartzeko ez bazen?... Horrela, hainbeste urreren talka-kolpera, begien aurrean desagertzera zihoakidan, kea bailitzan, Unibertsoaren edertasun morala! Goibeltasun mistiko bat jabetu zen nitaz. Aulkian eseri, eta aurpegia eskuen artean harturik, negar egin nuen gogotik.

        Handik pixka batera Madame Marquesek atea ireki zuen, zeta beltz ikusgarriz jantzita.

        — Zure zain gaude bazkaltzeko, erkina!

        Ene mingostasunetik irten eta erantzun nion, lehor:

        — Ez dut bazkaldu nahi!

        — Gehiago geratuko da!

        Une horretantxe suziriak lehertu ziren urrunean. Igandea zela gogoratu zitzaidan, zezen eguna; bat-batean, ikuspen batek dir-dir egin zuen, distiratsu, eztiki erakartzen ninduelarik: zezenketa, palko batetik ikusia; gero afaria xanpainaz; eta ondoren gau-orgia bat, hastapen gisa! Mahaira jo nuen korrika eta Londresen gaineko diru-agiriz bete nituen sakelak. Kalera jaitsi nintzen, putrea harrapakinaren gainera haizea ebakiz jaisten den amorruz. Zalgurdi huts bat zihoan. Geldiarazi eta oihukatu nion:

        — Zezenetara!

        — Hamar duro dira, jauna!

        Nazkaz begiratu nion materia organikozko puska erdeinagarri hari; zilarrezko txanponak aipatu, alajaina, niri, urrezko erraldoi bati! Sartu nuen eskua, milioiz gainezka zegoen sakelan eta atera nituen neuzkan txanponak:

        Ehun eta hirurogeita hamar erreal!

        Kotxezaina, behorra ipurdi gainean zigortu ondoren, abiatu egin zen marmarka. Totelka esan nion:

        —Baina letrak ditut!... Hemen daude! Londresen gain! Hanburgoren gain!

        — Ez dute balio.

        Ehun eta hirurogeita hamar erreal!... Eta zezenak, lord baten afaria, andaluza biluziak... amets horiek denak, orratz punta jotzen duen xaboi-burbuilaren antzera desagertu ziren.

        Gizadia gorrotatu nuen, txanponak gaitzetsi nituen. Beste zalgurdi batek, jende alaiz bete-bete eginda trostan zetorrela, ia azpian pasa ninduen, geratu nintzen sorgortasun hartan, esku-ahur izerdituan nire ehun eta hirurogeita hamar errealak nituela.

        Burumakur, Rothschilden gaineko milioiz josita, laugarren pisura itzuli nintzen; Madame Marquesen aurrean amore eman nuen, xerra ezpaldua onartu nion, eta aberastasuneko lehen gau hura, ohatze bakartiaren gainean pasa nuen aho zabalka. Kanpoan Couceiro alaiak, hilean hamabost mila errealeko teniente ziztrinak, Andre Augustarekin barre egiten zuen, gitarrarekin «Hegatxabalaren Fadoa» jotzen zuen bitartean.

 

 

        Hurrengo goizean bizarra mozten hasi arte, ez nuen gogoetarik egin nire milioien jatorriaz. Argi zegoen jatorri hori naturaz gaindikoa eta susmagarria zela.

        Baina nola nire arrazionaltasunak ez zidan uzten ustekabeko altxor haiek Jainko edo Deabruaren —ipuin eskolastiko hutsak biak ala biak— apetazko eskuzabaltasunari egozten; nola nire filosofiaren oinarria osatzen duten positibismo-atalek ez zidaten baimentzen, hastapeneko arrazoiak, funtsezko jatorriak arakatzerik, laster asko erabaki nuen gertakaria bere hartantxe onartzea, eta liberaltasunez erabiltzea. Beraz, txamarra barrenak haizetan nituela, London and Brazilian Bankera jo nuen lasterka bizian...

        Han, Ingalaterrako Bankuaren gaineko mila liberako letra bat mostradore gainera jaurtiz, hitz zoragarri hau jaulki nuen:

        — Urrea!

        Kutxazain batek iradoki zidan eztiki:

        — Agian billetetan erosoago litzaizuke...

        Berriro esan nion lehor:

        — Urrea!

        Goraino bete nituen sakelak, astiro, eskutadaka; eta kalean, kargaturik, zalgurdi batera igo nintzen. Gizena sentitzen nintzen, oso lodia; urre gustua neukan ahoan, urre hautsaren agortasuna esku azalean; etxeetako hormak, dirdirka zeudela iruditzen zitzaidan, urre xafla zabalak bailiren; eta buru barruan zurrumurru sor bat sentitzen nuen, metalak txilinka bezala, uhinetan amilka urre barrak daramatzan ozeano baten antzera.

        Malgukien balantzadetara abandonaturik, gaizki asentaturiko zahagi baten antzera zanbuluka, okitzeraino asetako izakiaren begiratu arre eta aspertua zuzentzen nuen kalera, jendearengana. Azkenik, sonbreirua kokotera atzeratu nuen, zangoa luzatu eta sabela altxatuz, korrokada izugarri bat jaurti nuen, aberaskoteek botatzen dituzten haizeen erakoa.

        Horrela ibili nintzen puska batean hirian zehar, maharaja baten gozamenetan aberetua.

        Halako batean, gastatzeko, urrea xahutzeko irrika itsuak bete zidan kolpetik bularra, haize boladak oihala puzten duen modura.

        — Geldi hadi, asto alaena! —oihukatu nion kotxezainari.

        Gelditu ziren zaldiak. Inguru guztia miatu nuen betazalak erdi itxirik, erosteko gauza garestiren baten bila: erregina-bitxi edo estatu-gizonaren kontzientzia. Ez nuen ezer ikusi, eta orduan estankora zuzendu nintzen arrapataka:

        — Puruak! Durokoak! Hamar durokoak! Garestiagoak, ontzakoak!

        — Zenbat?... —galdetu zuen zurikeriaz gizonak.

        — Denak! —erantzun nuen zakar.

        Atean, eskale gajo batek, dena beltzez jantzia, besoetan seme kuzkurtu bat zuela, bere esku argala luzatu zidan. Gogaikarria zitzaidan nire urre pilan kobrezko txanponen bila hastea. Ukatu egin nion, pazientzia gutxiz, eta sonbreirua bekainean nuela, jendetzari aurpegi eman nion, hotz.

        Orduan begiztatu nuen, jende artean aurreratuz, ene zuzendari nagusiaren errainu itzaltsua: berbertatik, bizkarra bi-doble eginik aurkitu nintzen, sonbreiruarekin begirunetsu harlauzak ukituz. Menpekotasunaren ohitura zen. Ene milioiek ez zidaten artean tentetasunik eman bizkarrezurrean...

        Etxean, ohera hustu nituen urreak eta neu gainean iraulkatu nintzen denbora luzez, gozamen sor batean marmarka. Aldameneko dorrean hiruak jo zituen; eta Eguzkia presaka beheitituz zihoan, nire lehenengo aberastasun eguna berekin eramanez... Orduan, liberaz leporaino beterik, asebetetzera jo nuen ahalik azkarren!

        Hura eguna! Hotel Centraleko aretotxo batean bazkaldu nuen, bakarti eta neurekoi, mahaia, Bordele, Burgundia, Champagne, Rhin, eta lekaide mota guztien likorez estalia nuelarik, hogeita hamar urteko egarria hiltzeko adina bai! Baina Colaresetik bakarrik ase nintzen. Gero balantzaka, putetxerako bidea hartu nuen. Hura gaua! Eguna zabaldu zuen leiho-sareen atzean, eta alfonbra gainean aurkitu nuen neure burua, ahitua eta erdi biluzik, gorputza eta arima giro itogarri hartan aienatzen eta nahasten bezala sentituz, non arroz hauts, pontxe eta eme usaina baitziren nagusi...

        Conceiçao Zeharbidera itzuli nintzenean, nire gelako leihoak itxita zeuden, eta kandela azkenetan zegoen, latoizko argimutilean gar zurbilak jareginez. Orduan, ohe ondora heltzean, hau ikusi nuen: ohazalaren gainean trabeska etzanda, mandarin hilotz baten irudi sabel-handia zetzan, zeta horiz jantzia, motots handi solte batekin; eta besoetan, hura ere hilda bezala, paperezko kometa bat zuen!

        Estu eta larri leihoa ireki nuen; dena desagertu zen; orain ohe gainean zegoena amila zahar argi bat zen.

 

 

 

© Eša de Queiros

© itzulpenarena: Jesus Mari Lasa

 

 

"Eša de Queiros / Mandarin zaharra" orrialde nagusia