Eranskina
ARGITARATU GABEKO ATALA
Volgatik hurbil geunden; gure errejimendua *** herrian sartu eta han gelditu zen gau egitera. Herriko buruak esan zidanez, ibaiaz bestaldeko herrixka guztiak matxinatuta zeuden eta Pugatxoven sailak batera eta bestera zebiltzan nonahi. Albiste horrek biziki kezkatu ninduen. Biharamun goizean ibaia igaro behar genuen. Ezinegona nagusitu zitzaidan. Aitaren herria hogeita hamar verstara zegoen ibaiaren beste ertzean. Galdetu nuen ea txalupariren bat aurki nezakeen. Nekazari guztiak arrantzaleak ziren; txalupa asko zegoen. Griniovengana jo eta neure asmoen berri jakinarazi nion. «Tentuz ibili —esan zidan—. Arriskutsua da bakarrik joatea. Itxaron bihar arte. Besteen aurretik zeharkatuko dugu ibaia, eta, badaezpada ere, 50 husar eramango ditugu gurekin zure gurasoen etxera».
Nik, ordea, neure asmoari eutsi nion. Prest zegoen txalupa. Barruan sartu nintzen bi arraunlarirekin batera. Amarrak askatu eta arraunean hasi ziren.
Oskarbi zegoen. Ilargiak argi egiten zuen zeruan. Eguraldi atsegina geneukan. Volga astiro eta lasai zetorren, eta txalupa, leunki zabu eginez, bizkor lerratzen zen uhin ilunen artean. Neure baitara bildu eta ametsetan murgildu nintzen. Ordu erdi inguru igaro zen. Ibaiaren erdira iritsi ginen... Bat-batean, arraunlariak euren artean txutxu-mutxuka hasi ziren. «Zer gertatzen da»?, galdetu nien, neure zentzura bihurtuta. «Auskalo, batek daki!», erantzun zidaten, alde batera begira. Begiak hara zuzendu, eta ibaian behera zetorren zerbait ikusi nuen iluntasunean. Gauza ezezaguna arian-arian hurbiltzen ari zitzaigun. Gelditzeko eta itxaroteko agindu nien arraunlariei. Ilargia hodei baten atzean ezkutatu zen. Ur-azaleko irudia lausoago bihurtu zen. Hurbil geneukan, eta, hala ere, ezin antzik eman. «Auskalo zer den! —zioten arraunlariek—. Bela ez du ematen, masta ere ez...» Eta, bat-batean, ilargiak hodeiaren atzetik agertu eta ikuskari izugarria erakutsi zigun. Urkabea zetorren guganantz, almadia baten gainean tente eutsita eta langatik zintzilik hiru gorpu zituela. Halako ikusmin gaixo bat jabetu zen nitaz. Urkatuen aurpegiak ikusi nahi nituen.
Nik aginduta, arraunlariek kizkiaz heldu zioten almadiari, eta gure txalupak ur-gaineko urkabearen kontra jo zuen. Jauzi batez almadiara jaitsi eta zutabe izugarrien erdian aurkitu nintzen. Ilargiak distiratsu argitzen zituen dohakabe haien aurpegi itxuragabetuak. Haietako bat txuvash zahar bat zen, bestea nekazari errusiar bat, hodei urte ingurukoa, sendoa eta sasoikoa. Baina hirugarrenari begiratu nionean, indarrez estutu zitzaidan bihotza, eta, eutsi ezinik, tamalezko intziria jaregin nuen: Vanka zen, nire Vanka gizajoa, bere ergeltasunak eraginda Pugatxovekin bat egin zuena. Urkatuen gainean ohol beltza zegoen iltzez lotuta; honakoa zeukan letra zuri handiz idatzirik: «Lapurrak eta matxinoak». Arraunlariak nire zain zeuden, axolagabeki begira eta kizkiaz almadiari eusten ziotela. Txalupara igo nintzen berriro. Almadia ibaian behera joan zen. Luzaz antzeman genion ilunpetan urkabearen isla beltzari. Azkenean, begien bistatik galdu genuen, eta nire txalupa ibai-ertz garai eta malkartsuan lehorreratu zen...
Ondo ordaindu nien arraunlariei. Haietako batek herriko buruaren etxera eraman ninduen, ibaia igaro genuen lekutik hurbil baitzegoen. Biok batera sartu ginen izban. Zaldiak nahi nituela jakin zuenean, herriko buruak nahikoa zakar hartu ninduen, baina nire gidariak zerbait esan zion ahapeka, eta zakartasuna adeitasun lehiatsu bihurtu zen berehala. Troika prestatu zuten aitaren batean, gurdira igo eta gure herrira eramateko agindu nion gurtzainari.
Bizkor nindoan bide nagusitik, herrixka lokartuak atzean utziz. Beldur nintzen ez ote ninduten bidean geldiaraziko. Volgan aurkitutako urkabeak matxinoak inguru hartan zebiltzala salatzen zuen, baina, aldi berean, argi erakusten zuen gobernua gogor ari zela haien kontra. Nolanahi ere, Pugatxovek emandako pasa-baimena eta Griniov koronelaren agindua neuzkan sakelan. Baina ez genuen inorekin topo egin, eta eguna argitzerako gure herri inguruko erreka eta izei-basoa begiztatu nituen. Gurtzainak zigorraz jo zituen zaldiak, eta ordu-laurden bat geroago ***-n sartu nintzen.
Jauretxea herniaren beste muturrean zegoen. Zaldiak eginahal guztian zihoazen. Bat-batean, kale baten erdian geundela, gurtzaina troika gelditzeko ahaleginak egiten hasi zen. «Zer gertatzen da?», galdetu nion urduri. «Bidea itxita dago, jauna», erantzun zidan, zaldi suhartuak nezkez geldiarazita. Izan ere, oztopoa ikusi nuen bidean, eta hagaz armatutako mujik bat alboan. Nigana hurbildu eta, txanoa erantzita, nortasun-agiria eskatu zidan. «Zer esan nahi du honek? —galdetu nion—. Zergatik jarri duzue oztopoa hemen? Nor zaintzen ari zara?» «Matxinatu egin gara, adiskidea», erantzun zidan, buruan hatz eginez.
— Eta non dira nagusi jaun-andreak? —galdetu nion, bihotza estuturik...
— Nagusi jaun-andreak non diren? —errepikatu zuen mujikak—. Nagusi jaun-andreak bihitegian daude.
— Nola bihitegian?
— Bai, Andriukhak, tsemstvokoak, hor sartu ditu katez lotuta, eta erregearengana eraman nahi ditu.
— Ene Jainkoa! Kendu oztopoa, kirten horrek. Zeren zain zaude?
Mujika aiko-maiko zegoen. Gurditik jauzi egin, belarrondokoa eman (barkamena eskatzen dut horregatik) eta neuk baztertu nuen oztopoa. Mujikak harriduraz begiratu zidan, lelo-aurpegia jarrita. Berriro gurdira igo eta jauretxera ziztu bizian eramateko agindu nuen. Bihitegia larrainean zegoen. Itxita zeukaten atea eta bi mujik zeuden alboan, haiek ere hagaz armatuta. Gurdia haien aurrez aurre gelditu zen. Jauzi batez jaitsi eta korrika jo nuen zuzen-zuzenean haiengana. «Ireki atea!», esan zuen. Inondik ere, itxura beldurgarria neukan. Gutxienez, ihesi joan ziren biak, hagak lurrean utzita. Giltzarrapoa hausten eta atea behera botatzen saiatu nintzen, baina atea haritzezkoa zen eta giltzarrapoa, berriz, ikaragarri handia eta ezin apurtuzkoa. Une horretan, gorpuzkera lerdeneko mujik gazte bat irten zen morroien izbatik, eta harro antzean galdetu zidan nolatan ausartzen nintzen horren iskanbila handia sortzen. «Non da Andriushka, tsemstvokoa? —galdetu nion oihuka—. Esaiok hona etortzeko».
— Neu naiz, baina Andrei Afanasievitx deitu, ez Andriushka —harropuztu zitzaidan, besoak hazta eginda zituela—. Zer nahi duzu?
Erantzun beharrean, idunekotik oratu, bihitegiko ateraino arrastaka eraman, eta irekitzeko agindu nion. Tsemstvokoa tematu egin zitzaidan hasieran, baina nire zigor aitatiarrak eragina izan zuen berarengan ere. Giltza atera eta bihitegiko atea ireki zuen. Herio suharrean atalasea zeharkatuta, aita-amak ikusi nituen sabaiko zirrikitu estu batek motelki argitzen zuen zoko ilun batean. Eskuak sokaz lotuta eta oinak girgiluetan sartuta zituzten. Besarkatzera oldartu nintzen haiengana, hitzik esateko gai ez nintzela. Harrituta begiratu zidaten: armadan egindako hiru urteek horrenbesteraino aldatu ninduten, non ez baitzidaten antzik eman. Ama zinkurin egin eta negarrez hasi zen.
Bat-batean, ondo asko ezagutzen nuen ahots maitagarri bat entzun nuen: «Piotr Andreitx! Zu zara!» Aho zabalik geratu nintzen... begiratu, eta Maria Ivanovna ikusi nuen beste zoko batean, bera ere lotuta.
Aitak isilik begiratzen zidan, bere begiek zekusatena ezin sinetsirik. Pozak aurpegia argitzen zion. Gehiago luzatu gabe, sablea biluztu eta soken korapiloak ebaki nituen.
— Kaixo, kaixo, Petrusha —zioen aitak, bihotzaren kontra estutzen ninduen bitartean—, etorri haiz, Jainkoari eskerrak...
— Petrusha, laztana —zioen amak—. Jainkoak ekarri hau hona! Zer moduz hago?
Giltzapetik atera nahi nituen lehenbailehen, baina, atera hurbildu nintzenean, itxita aurkitu nuen berriro. «Andriushka —deiadar egin nuen—, ireki ezak!» «Ezta pentsatu ere —erantzun zuen tsemstvokoak ateaz bestaldetik—. Hor barruan geratuko zara. Orain erakutsiko dizugu zer dakarren iskanbila sortzen ibiltzeak eta erregearen funtzionarioak idunekotik helduta arrastaka eramateak!»
Bihitegia arakatzen hasi nintzen, handik irteteko modurik ba ote zegoen ikustearren.
— Ez nekerik hartu —esan zidan aitak—, nagusi zuhurra nauk, ez diat utzi lapurrek nire bihitegian sartu-irtenik egiteko zulorik.
Ama, nire agerpenak une batez alaitu bazuen ere, etsipenean erori zen berriro, familia guztiarekin batera hiltzea egokituko zitzaidala ikusita. Ni, ordea, lasaiago nengoen gurasoekin eta Maria Ivanovnarekin elkartu nintzenez geroztik. Sablea eta bi pistola neuzkan, setioari aurre egiteko moduan nengoen beraz. Griniov iluntzean iritsiko zen eta berak askatuko gintuen. Gurasoei hori guztia azaldu eta ama lasaitzea lortu nuen. Bete-betean eman zioten elkartzeak eragindako pozari.
— Tira, Piotr —esan zidan aitak—, nahiko bihurria izan haiz eta oso haserre nengoan hirekin. Baina ahaztu egingo diat iragana. Espero diat dagoeneko zuzendu eta zentzatu egingo hintzela. Bazekiat ofizial zintzo bati dagokion bezala zerbitzatu duala. Estimatzen diat. Pozgarria duk hori agure zahar honentzat. Eta orain heuk salbatzen bagaituk, nire bizitza bi aldiz atseginagoa izango duk.
Nik, begiak malkotan, eskuan muin egiten nion behin eta berriro, begirada Maria Ivanovnarengan jarrita nuela. Horren poz handia hartu zuen ni ikustean, non zorionez beterik eta lasai-lasai zegoela baitzirudien.
Eguerdi aldera, ezohiko hotsak eta oihuak entzun genituen kanpoan. «Zer esan nahi du horrek? —galdetu zidan aitak—. Iritsi da hire koronela?» «Ezinezkoa da —erantzun nion—. Ilunabarra baino lehenago ez da hemen izango». Zalaparta gero eta handiagoa zen. Kanpaien errepika entzun genuen. Zaldizkoak lauoinka bizian zebiltzan larrainean; une horretan, Savelitxen buru ile-urdina sartu zen hormako zirrikitu estu batetik. Nire haurtzain errukarria hala mintzatu zitzaigun, erdi negarrez: «Andrei Petrovitx! Avdotia Vasilievna! Piotr Andreitx, nire jauna! Maria Ivanovna, nire andrea!, hau ezbeharra!, gaizkileak herrian sartu dira. Eta badakizu, Piotr Andreitx, nor duten buruzagi? Shvabrin, Aleksei Ivanitx! Deabruak eramango ahal du!» Izen gorrotagarri hori entzutean, Maria Ivanovna besoak espantuz jaso eta geldi-geldirik geratu zen.
— Entzun —esan nion Savelitxi—, bidali norbait zaldi gainean *** igarolekura, husarren errejimenduaren bila, eta koronelari azal diezaiola nolako arriskuan gauden.
— Baina nor bidaliko dut, jauna? Mutil guztiak matxinatuta daude, eta zaldi guztiez jabetu dira! Ai ene! Larrainean dira, bihitegirantz datoz.
Orduan, hainbat ahots entzun genituen ateaz bestaldean. Isilik, zoko batera baztertzeko keinua egin nien amari eta Maria Ivanovnari; sablea biluztu eta hormaren kontra bermatu nintzen ate ondoan bertan. Aitak pistolak hartu zituen eta, bien katua jasota, nire alboan kokatu zen. Giltzarrapoak kirrinka egin zuen, atea zabaldu, eta tsemstvokoaren burua azaldu zen. Sableaz jo nuen; lurrera erori eta traban geratu zen sarreran. Une horretan, aitak tiro egin zuen ate aldera. Bihitegia inguratuta zeukan jendetza biraoka sakabanatu zen. Zaurituaren gorputza arrastaka atalasetik kendu eta barrutik itxi nuen atea. Larrainean gizon asko zegoen, denak armatuta. Shvabrini antzeman nion haien artean.
— Ez beldurtu —esan nien emakumeei—. Oraindik ez du gureak egin. Eta zuk, aita, tiro gehiagorik ez bota. Geroko gordeko dugu azken tirogaia.
Amak, isilik, otoitz egiten zion Jainkoari; Maria Ivanovna haren aldamenean zegoen, aingeruen lasaitasunaz gure zoria nola erabakiko zain. Ateaz bestaldean mehatxuak, biraoak eta madarikazioak entzuten ziren. Neure lekuan geratu nintzen, baten bat atea zeharkatzen ausartuz gero sableaz jotzeko prest. Bat-batean, gaizkileak isildu egin ziren. Shvabrinen ahotsa entzun nuen, izenaz deika ari zitzaidala.
— Hemen nago, zer nahi duzu?
— Amore eman, Bulanin, alferrik da gogor egitea. Erruki zaitez zeure gurasoez. Setakeriak ez zaitu salbatuko. Harrapatu egingo zaitut!
— Saia zaitez, traidorea halakoa!
— Ez dut inolako asmorik ez neure burua alferrik arriskatzeko, ez gizon bat bera ere galtzeko. Bihitegiari su emateko aginduko dut, eta orduan ikusiko dugu zer egiten duzun, Bielogorskaiako On Kixote horrek. Orain, bazkaltzeko ordua da. Bitartean, gera zaitez hor eta patxadaz hausnartu. Ikusi arte, Maria Ivanovna, ez dizut barkamenik eskatuko: ziur nago ez zarela batere aspertuko ilunpe horretan zeure zaldun ibiltaria lagun duzula.
Joan zen Shvabrin, bihitegiko atean jagoleak utzita. Isilik geunden, nor bere baitara bilduta, gogoetan, norberaren pentsamenduak besteei adierazten ausartu gabe. Gogoan nerabilen Shvabrinek, amorruaren amorruz, aukeran egin zezakeen guztia. Neure patuak ez zidan kezka handiegirik sortzen. Eta —zergatik ez aitortu?— gurasoen zoriak ez ninduen Maria Ivanovnarenak bezainbeste ikaratzen. Banekien nekazariek eta zerbitzariek bihotz-bihotzez maite zutela ama, eta aita ere estimu handitan zutela, zeren, haren izaera latza gora-behera, gizon zuzena baitzen, bere menpekoen benetako beharrizanak ondo asko zekizkiena. Matxinada zoroaldi hutsa izan zen, herritarren mozkorraldi iragankorra, ez ordea haien haserrearen erakusgarri. Ziur nengoen nagusi jaun-andreez errukituko zirela. Baina, eta Maria Ivanovna? Zer egingo ote zion gizatxar ustel eta zantar horrek? Ez neukan adorerik burutapen izugarri horri gogoan atxikitzeko eta Jainkoak barkatuko ahal dit!— emaztegaia hiltzeko prest nengoen etsai ankerraren eskuetan berriro ikusi baino lehen.
Ordubete inguru joan zen. Mozkorren kantak entzuten ziren herrian. Gure jagoleak bekaizkeriaz erretzen zeuden eta, gurekin haserre, biraoka aritzen ziren eta torturekin eta heriotzarekin ikaratzen gintuzten. Gu zain geunden, Shvabrinek egindako mehatxua zertan amaituko. Azkenean, mugimendu handia sumatu genuen larrainean, eta berriro entzun zen Shvabrinen ahotsa.
— Zer, ondo hausnartu duzue? Onez onean irtengo zarete hortik?
Inork ez zion erantzun. Apur batean itxaron ondoren, lastoa ekartzeko agindu zuen Shvabrinek. Minutu batzuk geroago, sua piztu zuen; garrek bihitegi iluna argitu eta kea poliki sartzen hasi zen ateko zirrikituetatik. Orduan, Maria Ivanovna nigana hurbildu zen, eskutik heldu eta hala esan zidan ahopetik:
— Nahikoa da, Piotr Andreitx! Ez dut nahi ez zu ez zure gurasoak nigatik hiltzea. Utzi irteten. Shvabrinek entzun egingo dit.
— Inola ere ez —atera zitzaidan bihotz barrenetik—. Ez al dakizu zer egingo dizuten?
— Ez dut desohorea bizirik eramango —erantzun zidan lasai—. Baina, agian, neure askatzailea eta horren bihotz zabalaz zurtz dohakabe hau babestu duen familia salbatzea lortuko dut. Agur, Andrei Petrovitx. Agur, Avdotia Vasilievna. Ongile baino askoz gehiago izan zarete niretzat. Bedeinka nazazue. Eta zuk, Piotr Andreitx, barkaidazu. Ziur egon ni... ni... —eta negarrez hasi zen... eta aurpegia estali zuen eskuekin... Ni erotzeko puntuan nengoen. Ama negarrez ari zen.
— Utziozu lelokeriak esateari, Maria Ivanovna —esan zuen aitak—. Ez zaitugu bakarrik bidaliko bandiduen eskuetara! Eseri hemen eta isil zaitez. Hil behar badugu, elkarrekin hilko gara denok. Entzun, zer diote hor kanpoan?
— Zer, amore emango duzue? —oihu egin zuen Shvabrinek—. Ikusten?, bost minutu battu xigor-xigor eginda egongo zarete.
— Ez dugu amore emango, gizatxar alaena! —erantzun zion aitak ahots sendoz.
Haren aurpegi zimurtsuak adore harrigarria erakusten zuen, begiek larderiatsu distiratzen zuten bekain ile-urdinen azpian. Eta, niganantz jiratuta, esan zuen:
— Orain!
Atea zabaldu zuen. Sua bortizki sartu eta garrak bizkor igo ziren enborretan gora, goroldio lehorrez estalita baitzeuden. Aitak pistolaz tiro egin, eta urrats zabala emanez atalaseko su-garrak zeharkatu zituen, oihuka zioela: «Denok nire atzetik». Amari eta Maria Ivanovnari eskutik heldu eta agudo atera nituen aire zabalera. Shvabrin atalasean zetzan, aitaren esku zargalduak eragindako tiroak zaurituta. Bandiduak, gure ustekabeko erasoaren aurrean korrika ihes egin baitzuten, berehala adorea berreskuratu eta gu inguratzen hasi ziren. Sable-ukaldi batzuk banatzea lortu nuen, baina trebetasun handiz jaurtikitako adreilu batek bete-betean jo ninduen bularrean. Lurrera erori, eta konorterik gabe geratu nintzen tartetxo batez. Neure senera itzuli nintzenean, Shvabrin ikusi nuen belar odoleztatuan eserita, eta beraren aurrean neure familia osoa. Galtzarbeetatik helduta nindukaten. Nekazari, kosako eta bashkirez osatutako jendetza handia geneukan inguruan. Shvabrin ikaragarri zurbil zegoen. Alde zauritua estutzen zuen esku batez. Aurpegiak oinazea eta gaiztotasuna adierazten zituen. Burua astiro jaso, niri begiratu, eta ahots ahul eta ulergaitzez esan zuen:
— Urka ezazue... eta besteak ere bai... neska izan ezik.
Orduan, gaizkileek, garrasika inguratu eta ate nagusirantz eraman gintuzten. Baina, bat-batean, bertan behera utzi eta korrika sakabanatu ziren: ate nagusian Griniov zegoen, eta beraren atzean eskuadroi oso bat, sableak biluztuta.
Matxinoak ihesi zihoazen alde guztietatik; husarrek jazarri, sable-ukaldika eraitsi, eta preso hartzen zituzten. Griniovek, jauzi batez zaldi gainetik jaitsita, buru-makurtua egin nire aita-amei eta gogor estutu zidan eskua niri. «Garaiz iritsi naiz —esan zigun—. Ah!, hire emaztegaia ere hemen zegok». Maria Ivanovna gorri-gorri jarri zen. Aitak Griniovengana hurbildu eta eskerrak eman zizkion, hunkituta baina lasai-itxuraz. Amak behin eta berriro besarkatzen zuen, aingeru salbatzailea deituz. «Ongi etorri», esan zion aitak, eta gure etxera eraman zuen.
Shvabrinen albotik igarotzean, Griniov gelditu egin zen. «Nor da hau?», galdetu zuen, zaurituari so. « Buruzagia bera, sailaren burua —erantzun zion aitak, garai batean militarra izan zela salatzen zuen hainbesteko harrotasunaz—, Jainkoak lagundu dio nire esku zargalduari gaizkile gaztea zigortzen eta semearen odolaren mendekua hartzen».
— Shvabrin da —esan nion Griniovi.
— Shvabrin! Pozten naiz. Husarrak!, eraman ezazue! Eta esan gure sendagileari zauria lotzeko eta bere begi-ninia balu bezala zaintzeko. Shvabrinek derrigorrez agertu behar du Kazaneko batzorde sekretuaren aurrera. Gaizkile nagusietakoa dugu eta beraren adierazpenak garrantzi handikoak izan daitezke.
Shvabrinek indarrik gabe begiratu zigun. Haren aurpegiak gorputzeko oinazea besterik ez zuen adierazten. Husarrek longain batean etzanda eraman zuten.
Etxean sartu ginen. Hunkiturik begiratzen nuen ingurura, haurtzaroko urteak gogoan. Ez zen ezer aldatu, lehengo leku berean zegoen dena. Shvabrinek gure etxea arpilatzea eragotzi zien bandiduei, doilorra izanagatik ondasun-gose desohorezkoak nahi gabeko nazka eragiten baitzion. Zerbitzariak bebarrura bildu ziren. Ez zuten matxinadan parte hartu eta bihotz-bihotzez poztu ziren gu salbu ikustean. Savelitx ezin alaiago zegoen. Jakin beharra dago ezen, bandiduen erasoak sortutako nahaste-borrasteaz baliaturik, haurtzainak Shvabrinen zaldia zegoen ukuilura jo zuela, zelatu, itzalgaizka atera, eta iskanbilari esker igarolekura joan zela inor ohartu gabe. Errejimendua aurkitu zuen, ordurako Volga zeharkatuta eta atseden hartzen. Griniovek, haren ahotik entzunda nolako arriskuan geunden, zaldi gainera igotzeko eta lauoinka bizian abiatzeko agindu zuen eta, Jainkoari eskerrak, garaiz iritsi zen.
Griniovek ez zuen onik izan tsemstvokoaren burua taberna alboan haga luze baten puntan jarrita zenbait orduz erakustea lortu arte.
Husarrak hainbat gizon preso hartuta zekartzatela itzuli ziren jazarralditik. Setio gogoangarriari eutsi genion bihitegi berean sartu zituzten.
Nor bere gelara erretiratu zen. Gurasoek atseden hartu behar zuten. Gau osoa esna eginda, ohean sartu eta lo pisu batek hartu ninduen berehala. Griniov aginduak ematera joan zen.
Arratsean, egongelan elkartu ginen denok samovarraren alboan, joandako arriskuaren gaineko solasaldi alaitsuan. Maria Ivanovnak tea zerbitzatzen zigun; ni aldamenean eseri nintzaion eta beste inortaz ez nintzen arduratzen. Gurasoek, itxuraz, begi onez zekusaten gure harremanen samurra. Bizi-bizirik dut oraindik arrats horren oroitzapena. Zoriontsua nintzen, guztiz zoriontsua; izan ere, ugariak al dira horrelako uneak gizakiaren bizitza nahigabetsuan?
Biharamunean, aitari jakinarazi zioten nekazariak jauretxeko larrainean bilduta zeudela eta beren errua aitortu nahi zutela. Aita ataurrera irten zen. Agertu bezain laster, mujikak belauniko jarri ziren.
— Astakiloak halakoak —esan zien—, nolatan bururatu zaizue matxinatzea?
— Errudunak gara, jauna —erantzun zioten denek batera.
— Errudunak zarete, jakina. Deabrukeria ugari egin duzue gero! Baina Jainkoak neure seme Piotr Andreitxekin elkartu nau, pozik nago eta barkatu egingo dizuet.
— Errudunak gara! Errudunak, bai horixe!
— Tira, ondo da: zintzo damutuz gero, errua barkatu behar. Jainkoak eguraldi ona ekarri digu, saralea biltzeko sasoian gaude, eta zuek, astakirtenak halakoak, zer egin duzue hiru egun hauetan? Herriko burua! Bidal itzazu den-denak sega-lanera. Eta argi ibili, basapiztia ilegorri hori, hin egunerako sarale guztia ebakita eta azaoka bilduta nahi dut. Alde hemendik!
Mujikak kilimusia egin eta lanera joan ziren ezertxo ere gertatu ez balitz bezala.
Shvabrinen zauria ez zen hilgarri gertatu. Jagole-talde batekin bidali zuten Kazanera. Leihotik ikusi nuen nola jartzen zuten gurdian etzanda. Gure begiradek elkarrekin topo egin zuten, berak burua makurtu zuen eta ni agudo urrundu nintzen leihotik. Beldur nintzen ez ote nuen poza erakutsiko etsaiaren zoritxarraren eta umilazioaren aurrean.
Griniovek aurrera jarraitu behar zuen. Familiarekin egun batzuk gehiago geratzeko irrikaz banengoen ere, berarekin joatea erabaki nuen. Abiatu behar genuen egunaren bezperan, gurasoengana joan nintzen eta, garai hartako ohiturari jarraiki, oinetara apaldu eta Maria Ivanovnarekin ezkontzeko onespena eskatu nien. Gurasoek lurretik altxarazi eta, alaitasunezko malkoak isuriz, oniritzia eman zidaten. Haien aurrera eraman nuen orduan Maria Ivanovna, zurbil eta dardarka. Bedeinkatu egin gintuzten... Orain ez naiz hasiko une horretan zer sentitu nuen azaltzen. Inoiz egoera horretan egon denak besterik gabe ulertuko dit; sekula horrelakorik ezagutu ez duenari, berriz, neure errukia erakutsi eta berandu baino lehen maitemintzeko eta gurasoen bedeinkapena jasotzeko aholkua eman besterik ezin dut egin.
Biharamunean, abiatzeko prestatu zen errejimendua. Griniovek nire familia agurtu zuen. Ziur geunden denok gerra berehala amaituko zela; hilabete barru ezkontzea espero nuen. Agurtzean, Maria Ivanovnak musu eman zidan guztien aurrean. Zaldi gainera igo nintzen. Savelitx nirekin elkartu zen berriro, eta errejimendua abian jarri zen.
Herriko etxea berriro utzi nuelarik, luzaz egon nintzen urrundik atzera begira. Susmo goibel batek larritzen ninduen. Norbaitek xuxurlatzen zidan nire ezbeharrek artean ez zutela azkena jo. Bihotzak beste ekaitz bat barrundatzen zuen.
Ez naiz orain hasiko gure bidaiaren nondik norakoa eta Pugatxoven aurkako gerraren amaiera kontatzen. Pugatxovek suntsitutako herriak zeharkatzen genituen, eta, nahitaez, bandiduek utzi zieten apurra kendu behar izaten genien herritar dohakabeei.
Jendeak ez zekien nori obeditu. Agintea etena zen leku guztietan. Lurjabeak basoan ezkutatzen ziren. Bandidu-sailek sarraski itzelak egiten zituzten nonahi. Pugatxov Astrakhanerantz zihoan ihesi, eta beraren atzetik bidalitako hainbat destakamendutako buruek nahierara zigortzen zituzten hala errudunak nola errugabeak... Benetan ikaragarria zen gerrak gupidarik gabe astindutako lurralde hartako egoera. Jainkoak begira gaitzala Errusiako matxinada baten lekuko izatetik, hain dira zentzugabeak eta ankerrak! Gure herrialdean iraultza ezinezkoak egin nahirik dabiltzanak, edo gazteak dira eta ez dute gure herria ezagutzen, edo bihotz gogorreko jendeak dira, zeinentzat inoren buruak hutsa eta euren lepoak hutsaren hurrena balio baituen.
Pugatxov ihesi zihoan, Iv. Iv. Mikhelsonek jazarrita. Laster jakin genuen erabat suntsitu zuela. Azkenean, iruzurtia preso hartu zutelako albistea jaso zuen Griniovek bere jeneralarengandik, eta, horrekin batera, gelditzeko agindua. Azkenean, etxera itzul nintekeen! Pozarren nengoen. Baina, aldi berean, sentimendu bitxi batek iluntzen zidan alaitasuna.
© A. Pushkin
© itzulpenarena: Jose Morales Belda