I. atala
GUARDIAKO SARJENTUA
— Guardiako kapitain izan liteke bihar.
— Ez zaio komeni! Zerbitza dezala armadan.
— Ondo esanda dago! Gorriak ikus ditzala puska batean...
... Baina nor du aita?
Kniajnin
Nire aitak, Andrei Petrovitx Griniovek, Münnich kondearen agindupean zerbitzatu zuen gazte-denboran, eta 17** urtean erretiroa hartu zuen komandante lehena zelarik. Harrezkero bere herrian bizi izan zen, Simbirsk eskualdean, eta Avdotia Vasilievna Ju. neska gaztearekin, bertako aitonen seme behartsu baten alabarekin ezkondu zen. Bederatzi neska-mutil izan ginen etxean. Anai-arreba guztiak txiki-txikitan hil zitzaizkidan.
Artean amak sabelean ninderamala, izena emanda nengoen sarjentu gisa Semionovski errejimenduan, B. printzeari esker, guardiako komandante eta gure ahaide handia baitzen. Guztiek espero zutenaz bestera ama neska batez erditu balitz, aitak zegokionari jakinaraziko ziokeen sarjentu jaiogabearen heriotzaren berri, eta besterik gabe amaituko zatekeen auzia. Lizentzia eman zidaten ikasketak burutu arte. Garai hartan gure heziketa ez zen egungoa bezalakoa. Bost urte nituela, Savelitx zaldizainaren ardurapean jarri ninduten, erakusten zuen jokamolde zentzuduna saritzeko nire haurtzain izendatu baitzuten. Berak zainduta, hamabi urte bete nituenerako banekien errusieraz idazten eta irakurtzen, eta gauza nintzen taxuzko iritziak emateko erbi-zakurren ezaugarrien gainean. Garai hartan aitak frantses bat alokatu zuen niretzat: monsieur Beaupré. Moskutik bidali ziguten urtebeterako ardo eta oliba-olio horniarekin batera. Savelitxek oso gogo txarrez hartu zuen haren etorrera. «Jainkoari eskerrak —esan zuen erremuskadaka bere golkorako—, umea garbi, orraztuta eta ondo janarituta zegok, nik uste. Zergatik gastatu dirua, inolako premiarik gabe, musié hori alokatzen?, gure jendea gai ez balitz bezala!»
Sorterrian Beaupré ile-apaintzaile izan zen, hurrena Prusian soldadu, eta gero Errusiara etorri zen pour être outchitiel, hitz horren esanahia oso ondo ulertu gabe ere. Gizon jatorra zen, baina aldakorra eta ezinago limuria. Haren argalune nagusia sexu ederrekoenganako irritsa zen; sarri askotan zartakoak jasotzen zituen zirrien ordain, eta gero egunak eta egunak ematen zituen auhenka horregatik. Gainera, (berak zioen moduan) ez zen botilaren etsai, alegia (errusieraz esaten den moduan) mozkor porrokatua zen. Baina nola gure etxean ardoa bazkaritan soilik zerbitzatzen zuten, eta kopatxo bana bakarrik, eta nola, gainera, irakasleari gehienetan ez zioten ematen, nire Beaupré berehala ohitu zen Errusiako pattarrera eta, areago, sorterriko ardoa baino gogokoago izatera ere iritsi zen, ardoa baino askoz onuragarriagoa baitzen urdailerako. Berehala aditu genuen elkar, eta kontratuaren arabera frantsesa, alemana eta ikaskizun guztiak irakastera behartuta bazegoen ere, nahiago izan zuen ahalik azkarren errusieraz artez edo moldez mintzatzen ikasi nirekin; eta harrezkeroztik nork bere zereginei ekiten zien. Azal eta mami ginen. Ez nuen bestelako maisurik nahi. Baina luze gabe patuak elkarrengandik bereizi gintuen, eta hona hemen nola gertatu zen:
Behinola, Palashka ikuzlea —neskatxa lodi eta naparbantzua— eta Akulka betzain begibakarra, batek daki nola biek elkar hartuta, nire amaren aurrera azaldu ziren eta, oinetara apaldurik, gogo ahulekoak izaki oker egina zutela aitortu zioten, eta kexuka agertu nola musié horrek xarmatu egin zituen artean eskarmentu gabeak zirela baliatuz. Amak ez zuen atsegin gauza horiek txantxetan hartzea, eta kexuka joan zen aitarengana. Honen erantzunak ez zuen luze jo. Bertantxe agindu zuen frantses doilorkume hura ekar ziezaioten. Jakinarazi zioten musié nirekin zela, eskola ematen. Aitak nire gelara jo zuen. Une horretan Beaupré ohean lo zegoen, errugaberik errugabeena baino lasaiago. Ni, berriz, lanean ari nintzen. Jakin beharra dago geografi mapa bat ekarria zutela Moskutik niretzat. Horman esekita zegoen, ezertarako ere erabiltzen ez nuela, eta aspalditik liluratua nindukan paperaren zabalak eta onak. Halatan, kometa bat egitea erabaki nuen eta, Beaupré lo zegoela aprobetxatuz, lanari ekin nion. Aita sartu zenean, espartzuzko buztana itsasten ari nintzaion Esperantza Oneko lurmuturrari. Nire geografi ariketa zertan zen ikusirik, aitak ederto berotu zizkidan belarriak. Gero, Beauprérengana inguratu, batere begiramenik gabe esnatu, eta kargu hartzen hasi zitzaion itsumustuan. Beaupré, asaldaturik, hanka gainean jartzen saiatu zen, baina ezin izan zuen: frantses dohakabea mozkor-mozkor eginda zegoen. Hantxe jaso zuen bere oker guztien zigorra. Aitak idunekotik helduta ohetik altxatu, ateko bidea erakutsi, eta egun horretan bertan etxetik egotzi zuen, Savelitxen pozerako. Hor amaitu zen nire heziketa.
Nitaz inor arduratzen ez zela bizi nintzen, usoak hegaldarazten eta jopuen semeekin astoketan jolasten. Bitarte hartan hamasei urte bete nituen. Orduan, aldatu egin zen nire patua.
Behin batez, udazkenean, ama ezti-gozokia prestatzen ari zen egongelan, eta ni, ezpainak milikatuz, esnegain apartsuari begira nengoen. Aita, leiho alboan eserita, Gortearen Urtekaria irakurtzen ari zen, urtero jasotzen baikenuen etxean. Liburu horrek eragin handia izaten zuen berarengan: bi aldiz irakurri ohi zuen, interes biziarekin beti, eta irakurketak harrigarriro sumintzen zuen. Ama, buruz baitzekizkien aitaren aztura eta ohitura guztiak, zorioneko Liburu hura ahalik eta urrunen ezkutatzen saiatzen zen beti, eta horri esker, batzuetan, Gortearen Urtekariak hilabeteak ematen zituen aitaren begien bistan erori gabe. Baina halabeharrez aurkitzen zuenean, orduak eta orduak egoten zen esku artetik askatu gabe. Beraz, aita Gortearen Urtekaria irakurtzen ari zen, noizean behin sorbaldak goratu eta ahopetik errepikatzen zuela: «Teniente jenerala!... Nire konpainian sarjentu zen! ... Errusiako bi ordenatako zaldun! ... Eta garai batean bera eta biok...» Azkenean aita urtekaria dibanaren gainera bota eta gogoetetan murgildu zen, eta horrek ez zuen ezer onik iragartzen.
Bat-batean, amari esan zion: «Avdotia Vasilievna, zenbat urte ditu Petrushak?»
— Hamazazpi beteko ditu laster —erantzun zion amak—. Gure Petrusha izeba Nastasia Gerasimovnak begia galdu zuen urte berean jaio zen, eta gainera, urte hartan...
«Ondo da —eten zion aitak—, soldadutzara bidaltzeko ordua da. Amaitu zaio neskameen geletan gora eta behera ibiltzea eta usategietara igotzea».
Luze gabe berarengandik bereiziko nindutelakoak horren ustekabean harrapatu zuen ama, non koilarea lapiko barrura erortzen utzi eta aurpegia malkoz bete baitzitzaion. Aitzitik, zail da nire poza deskribatzen. Nire irudimenean zerbitzua bat eginik zegoen askatasunarekin eta Petersburgeko bizitzako plazerekin. Guardiako sarjentu ikusi nuen neure burua, eta nire iritziz horixe zen gizakiak izan zezakeen zorionik handiena.
Aitari ez zitzaion gustatzen ez bere asmoak aldatzea, ez haien betetzea atzeratzea. Bertantxe erabaki zuen noiz alde egingo nuen. Bezperan, aitak jakinarazi zidan gutun bat emango zidala gudalburu izango nuenarentzat, eta luma eta papera eskatu zituen.
— Andrei Petrovitx —esan zion amak—, B. printzeari nire partetik goraintziak emateaz ez ahaztu; esaiozu Petrusha bere babespean hartzea espero dudala.
— Burugabekeria handiagorik! —erantzun zion aitak bekokia zimurturik—. Zer dela-eta idatziko diot B. printzeari?
— Ez duzu ba oraintxe bertan esan Petrusharen gudalburuari idatziko diozula?
— Bai, eta zer?
— Ba zera, B. printzea izango da Petrusharen gudalburua. Petrusha Semionovski errejimenduan izena emanda dago.
— Izena emanda! Eta niri zer axola dit izena emanda egoteak? Petrusha ez da Petersburgera joango. Zer ikasiko luke Petersburgen zerbitzatuz gero?, dirua xahutzen eta parrandan ibiltzen? Ez, zerbitza dezala armadan, jardun dezala zeregin gogaikarrietan, usna dezala sutautsa, soldadu izango da, eta ez alproja hutsa. Guardian izena emanda dagoela! Non dauka nortasun-agiria? Ekar ezazu hona...
Amak nire nortasun-agiria aurkitu zuen, arta handiz gordeta baitzeukan bere kutxatilan, bataioan jantzi zidaten alkandorarekin batera, eta, eskua dardarka zuela, aitari eman zion. Aitak arretaz irakurri zuen, aurrean ipini mahai gainean eta gutuna idazteari ekin zion.
Jakin-minez erretzen nengoen: nora bidaliko ote ninduen, Petersburgera ez bazen? Luma astiro samar mugitzen zen aitaren eskuan eta nik ez nion begirik kentzen. Azkenean, amaitu zuen gutuna, sartu pakete batean nortasun-agiriarekin batera, jarri zigilua, kendu betaurrekoak eta, hurbiltzeko agindu ondoren, hala esan zidan: «Hemen daukak gutun hau Andrei Karlovitx R.-rentzat. Nire adiskidea duk, aspaldiko laguna. Orenburgera joango haiz beraren agindupean zerbitzatzera».
Halatan, lur jo zuten nire amets liluragarri guztiek! Petersburgeko bizimodu alaiaren ordez, leku urrun eta galdu bateko gogaitasuna neukan zain. Zerbitzua, lehentxeago horren gogo beroz buruan nerabilena, zorigaitz izugarria iruditu zitzaidan. Baina ez zegoen eztabaidan hasterik. Biharamun goizean, kibitka ekarri zuten atalondora; barruan ipini zituzten maleta, kaiza txiki bat te-ontziekin eta bilgo batzuk opil eta pastelekin, etxeko ardura samurraren azkenengo aztarnak. Gurasoek bedeinkatu egin ninduten. Aitak esan zidan: «Agur, Piotr. Leialtasun-zina nori egin, berori zintzo zerbitzatu; buruzagien aginduak bete; ez saiatu haien mesedeak lortzen; lan eske ez ibili; aitzakiarik ez jarri zerbitzuko zereginei ihes egiteko; eta gogoan izan esaera zaharrak dioena: zaindu jantzia erosi berritatik, eta ohorea gaztarotik». Amak, negar batean, osasuna zaintzeko agindu zidan niri, eta haurraz arduratzeko Savelitxi. Erbi-larruzko tulup luze bat jantzi zidaten, eta azeri-larruzko beroki bat horren gainetik. Savelitxen aldamenean eseri kibitkan, eta abian jarri nintzen, negar-malkotan.
Gau hartan bertan Simbirskera iritsi nintzen. Egun osoa eman behar nuen han, premiazko gauzak erosteko. Savelitx arduratu zen horretaz, eta ni ostatuan geratu nintzen. Savelitx goizean goiz joan zen erosketak egitera. Leihotik kalexka zikinari begiratzeaz aspertuta, gelarik gela ibiltzen hasi nintzen. Billar-gelan sartutakoan, hogeita hamabost urte inguruko jaun garai bat ikusi nuen, bibote beltz eta luzekoa, txabusinaz jantzia, takoa eskuan eta pipa hortz artean. Jokoan ari zen billar-gelako morroiarekin. Honek, irabazten zuenean, kopa bete vodka edaten zuen, eta galtzen zuenean, berriz, lau oinean jarri behar izaten zuen billar-mahaiaren azpian. Hantxe geratu nintzen, jokoari begira. Zenbat eta gehiago luzatu partida, hainbat eta sarriagotan ibili behar izaten zuen morroiak lau oinean, harik eta azkenean billar-mahaiaren azpian geratu zen arte. Jaunak esaldi gordin batzuk zuzendu zizkion, hileta-otoitza esaten ari zelako itxura eginez, eta partida bat jokatzea proposatu zidan. Nik ezezkoa eman nion, joko horretarako gauza ez nintzela eta. Hori, nonbait, bitxia iruditu zitzaion. Erruki-irudiz begiratu zidan; hala ere, hizketan hasi ginen. Jakin nuen Ivan Ivanovitx Zurin zuela izena, husarren ** errejimenduko kapitaina zela eta erreklutak biltzera etorria zela Simbirskera, eta gela bat hartua zuela ostatuan. Zurinek bazkaltzera gonbidatu ninduen, aukeran zegoena erdibanatuz, soldaduen gisara. Atseginez onartu nion gonbitea. Mahaira eseri ginen. Zurinek erruz edaten zuen, eta edatekoa eskaintzen zidan niri ere, esanez zerbitzura ohitu beharra nuela; armadako pasadizoak kontatu zizkidan, eta ni, haiek entzunik, barrez lehertzeko zorian egon nintzen, eta mahai hartatik altxatu ginenerako adiskide minak ginen. Orduan, billarrean jokatzen irakasteko eskaini zidan bere burua. «Hori —esan zidan— ezinbestekoa duk guretzat militarrontzat. Jardunean ari garenean, esaterako, herrixka batera heldu, eta zertan eman behar duk denbora? Izan ere, kontua ez duk beti juduak jipoitzen ibiltzea. Nahi baduk eta ez baduk, ostatura joan eta billarrean jokatzeari ekingo diok; baina horretarako ezinbestekoa duk jokatzen jakitea!» Erabat etsita geratu nintzen eta, lehia bizia erakutsiz, ikasteari ekin nion. Zurinek, nire saioen arrakasta berehalakoak txundituta, adore ematen zidan oihu ozenez, eta, eskola batzuk eman eta gero, dirua jokatzea proposatu zidan, txanpon xehe bat bakarrik, ez irabazteko, ezpada hutsaren truke ez jokatzearren soilik, hori, haren hitzetan, denik eta ohiturarik zikoitzena baita. Ados etorri nintzen horretan ere. Zurinek pontxe bat eskatu zuen eta dastatzera limurtu ninduen, errepikatuaz zerbitzura ohitu beharra nuela; izan ere, pontxerik gabe ez dago armada gisakorik! Haren esana egin nuen. Bitartean, aurrera zihoan jokoa. Zenbat eta zurrutada gehiago egin edalontziari, orduan eta ausartago jokatzen nuen. Nire bolek jauzi egiten zuten behin eta berriro mahai-ertzaren gainetik; berotzen ari nintzen, errieta egiten nion morroiari, bere gogara zenbatzen baitzuen, Jainkoak daki nola; geroago eta apustu handiagoak egiten nituen; hitz batean: askatasuna erdietsi berri duen mutikoaren antzera portatzen ari nintzen. Bitartean, ohartu gabe joan zen denbora. Zurinek erlojuari begiratu, takoa utzi, eta ehun errublo galduak nituela jakinarazi zidan. Apur bat larritu ninduen horrek. Savelitxek zeukan nire dirua. Barkatzeko eskatzen hasi nintzen, baina Zurinek hala eten zidan jarduna: «Tira! Mesedez, ez kezkatu. Itxaron zezakeat, eta bitartean goazen Arinushkaren etxera».
Zer egingo zaio! Hasi bezain eragabeki amaitu nuen eguna. Arinushkaren etxean afaldu genuen. Zurinek behin eta berriro betetzen zidan edalontzia, errepikatuz ezinbesteko nuela zerbitzura ohitzea. Mahaitik altxatu nintzenean, ozta-ozta eusten nion gorputzari hanken gainean; gauerdian ostatura eraman ninduen Zurinek.
Savelitx gure zain zegoen atarian. Aieneka hasi zen zerbitzuari agertzen nion atxikimenduaren zantzu nabarmenak ikusita. «Zer gertatu zaizu, jauna? —esan zidan ahots errukarriz—. Non harrapatu duzu tamaina horretako mozkorra? Ene Jainkoa! Bizitza osoan ez duzu horrelako bekaturik egin!» «Isilik egon, zaharkiloa halakoa! —erantzun nion, mihia motelduta—. Inondik ere, mozkortuta zaude, zoaz lotara... eta eraman nazazu ohera».
Biharamunean, buruko minez esnatu nintzen, bezperako gertaerez hala-hola gogoratzen nintzela. Savelitxek eten zituen nire gogoetak, kikara bete te ekarri baitzidan gelara. «Goiz, Piotr Andreitx —esan zidan, buruari eraginez—, goiz hasi zara parrandan ibiltzen. Noren irudiko atera zara? Ez aita ez aitona ez dira izan mozkortiak; eta ama, berriz, zer esanik ez: bizitza osoan kvasa beste edaririk ez du probatu. Nor da, beraz, honen guztionen erruduna?, musié malapartatu hori. Antipievnarengana jotzen zuen txitean-pitean: «Madam, je vu pri. vodkiu». Harrapatu orain je vu pri delako hori! Begien bistan dago zein ikasbide polita eman dizun sasikume horrek. Eta horrelako gizon fedegabe bat hartu behar genuen irakasle, etxeko jaunak bere jendearekin nahikoa ez balu bezala!»
Lotsatuta nengoen. Bizkarra eman eta hala esan nion: «Alde hemendik, Savelitx, ez dut terik nahi». Baina errieta egiten hasten zenean, zail zen Savelitx isilarazten. «Horra, Piotr Andreitx, ikusi zer dakarren mozkorraldiak. Astun duzu burua, eta jateko gogorik ez. Gizon edaleak ez du ezertarako balio... Edan ezazu pepino-gatzuna eztiarekin; eta, ajea kentzeko, basoerdi pattar da hoberena. Ez duzu nahi?»
Une horretan, morroi bat sartu zen eta 1.1. Zurinen ohar bat eman zidan. Zabaldu, eta lerro hauek irakurri nituen:
«Piotr Andreievitx maitea, mesedez, atzo irabazi nizkizun ehun errubloak bidali nire morroiarekin batera. Diru-premia larrian nago.
Beti zure esku
Ivan Zurin»
Ez zegoen ezer egiterik. Itxura axolagabea hartu, Savelitxengana jiratu —bera baitzen nire diruaren, aldagarrien eta arazoen arduraduna—, eta mutilari ehun errublo emateko agindu nion. «Hara! Zergatik?», galdetu zuen Savelitxek harri eta zur eginik. «Zor dizkiot», erantzun nion ahal bezain hotz. «Zor? —ihardetsi zuen Savelitxek, gero eta harrituago—. Baina, jauna, noiztik zor diozu dirurik gizon horri? Auzi hau lauso samarra da. Zure nahia gora-behera, jauna, nik ez dizut diru hori emango».
Neure artean pentsatu nuen zirt edo zarteko une horretan agure setatsua estu lotu ezean, etorkizunean nekez lortuko nuela neure burua beraren itzalpetik askatzea, eta, harrotasunez so eginik, hala esan nion: «Ni zure nagusia naiz, eta zu nire zerbitzaria. Dirua nirea da. Jokoan galdu dut gogoak eman didalako. Hona nire aholkua: azkarrarena egiteari utzi eta bete itzazu nire aginduak».
Nire hitzek hain utzi zuten Savelitx txundituta, non eskuak harriduraz jaso eta aho zabalik geratu baitzen. «Zertan zaude hor geldirik?», garrasi egin nion haserre. Savelitx negarrez hasi zen. «Piotr Andreitx, nire jauna —jaregin zuen ahotsa dardarka zuela—, ez nazazula tristuraz hil. Nire bihotzeko kuttuna! Aintzat hartu agure zahar honen esanak: idatzi lapur horri esanez txantxetan ari zinela, guk ez daukagula horrenbeste dirurik aldean. Ehun errublo! Jainko maitea! Esaiozu gurasoek oso zorrotz debekatu dizutela ezein jokotan aritzea, intxaur-jokoan izan ezik...» «Aski da, gezur gehiagorik ez! —eten nion lazki—. Ekar ezazu hona dirua; bestela, kale gorrian utziko zaitut».
Savelitx barru-barruko atsekabez begiratu eta nire zorra ordaintzeko diruaren bila joan zen. Pena ematen zidan agure gizajoak; baina askatasuna erdietsi nahi nuen, eta ordurako umegorria ez nintzela erakutsi. Bidali genion dirua Zurini. Savelitxek berehalakoan atera ninduen ostatu zorigaiztoko hartatik. Zaldiak prest zeudelako albistearekin inguratu zitzaidan. Kontzientziako harrak hozka eta neure kabutan damuturik alde egin nuen Simbirsketik, neure irakaslea agurtu gabe eta berriro ikusiko ez nuela sinetsita.
© A. Pushkin
© itzulpenarena: Jose Morales Belda