BIGARREN ATALA

 

        Nire presentziak eta Tko jaunaren fintasunak Manonen legokeen tristuraren azken aztarrenak ezabatu zituen. —Ahantz ditzagun nire bihotzeko horrek iragan izuak —esan nion heldu-berri nintzelarik—, eta berrekin diezaiogun inoiz baino zoriontsuago bilakatuko gaituen bizitza berriari. Esanak esan maitasuna maisu ona dugu. Patuak ez bailiguke hark goza arazten dizkigun plazeren bezainbesteko pena sortaraziko.

        Afaria alaitasun ederrean ospatu genuen. Manon ondoan eta beste ehun pistola haiek Parisko aberatsik handiena bere altxor metatuekin baino harro eta pozago sentitzen nintzen. Izan ere aberastasuna asebetetzen dituen desiren arabera hartu behar da kontutan. Nik denak beteak nituen. Etorkizunak berak ere ez ninduen lar kezkatzen. Ia segurtzat jotzen nuen gure aita ez zela ukatuko niri Parisen lasai bizi ahal izateko ondasun adina eskuratzen. Nire 20. urtean nengoen, beraz amaren ondaretik zegokidan zatia eskatzeko eskubidea nuen. Ez nion Manoni ezkutatu nire altxor guztia ehun pistolatan geratzen zela. Nahikoa nuen adur hobearen esperoan egoteko, nire ahaleginez edo jokoaren baliabideez urritasunik ez nuela ezagutuko uste bainuen. Hori horrela, lehenengo asteetan nire egoeraz gozatzea baino ez nuen buruan. Ohorearen indarrak eta poliziak oraindik ere sortarazten zidan ardurak, egunetik egunera gibel erazi ninduten Transilvania hoteleko bazkideekin nuen harremana berrekitetik. Hori zela eta bilera xumeagotan jokatu nuen non zorte onak jukutriarik egiteko premiarik ez baitzidan utzi. Ordu batzuk hirian igaro ohi nuen. Afalordurako Chaillot-en nintzen berriro, maiz Tko jaunaren konpainian. Geroz eta adiskide minago genuen berau. Manonek bestalde topatu zuen sendagairik asperraldiaren aurkako. Udaberriak inguru hartara erakarri ohi zuen gazte jendearen ezagutza egin zuen. Paseatzea eta emakumeari ohizko zaizkion zereginak zituen jardungai. Berek arauturiko jokoaren bidez kotxearen zenbatekoa ordaintzen zuten. Boulogne-ko basoa zuten egurats-leku. Eta nik arratsaldean itzultzen nintzenean inoiz baino ederrago, pozago eta grinatsuago aurkitzen nuen.

        Hala ere zenbait hodei agertu ziren gure zerura, gure zorionarentzako mehatxu-iduri. Baina arin desagertu ziren. Manonek bere izakea alaiaz oso amaiera barregarria eman zion gertakari hari, hainbatekoa non harrez gero oraindik ere oroitzapen ezin eztiago baitzait Manonen xamur eta gozotasunaren lekuko. Egun batez gure morroi bakarrak aparte deiturik sekretu garrantzitsu bat jakin erazi nahi zidala esan zidan urduri oso. Lasai hitz egiteko agindu nion.

        Itzulinguru batzuen ondotik ulertu nion zaldun atzerritar bat Manonekin maitemindurik zegoela. Odol asaldapena sentitu nuen zain guztien barrena.

        — Eta berak maite al du —moztu nion jakin-minez zuhurtziak eskatuko zukeen baino era trauskilagoz—. Nire bizitasunak beldurtu egin zuen nonbait. Kezkaturik edo, bere begiak ez ziola horrenbeste ikusten utzi, baina bazela zenbait egun nabaritu omen zuen aipatu atzerritarra oso maiz agertzen Boulogne-ko basoan.

        Berak orduan nor zen gizaseme hura jakin nahi eta beraren zerbitzari zenbaiti galdetu omen zien ugazabaren izenaz. Italiar printze bezala gurtzen omen zuten eta beraiek ere horrelako galai bati zegokion bentura sumatzen omen zioten. Ez zuela bestelako argitasunik lortu ahal izan gehitu zidan dardara betean, zeren orduantxe bertan printzea basotik irten zelarik berarengana urreratuz bere izenaz galde egin omen zion laino-laino. Erantzun ondoren, igarri zuelarik gure zerbitzuan ari zela, zorionak eman omen zizkion munduko pertsonarik xarmangarrienaren agindupean ari zelako.

        Egonezinez kontaeraren jarraipena espero nuen. Baina hark herabeti aitzakiak ipiniz amaitutzat jo zuen hura, agian nire neurriz kanpoko asaldapenagatik.

        Zabal mintza zedila nahi izan nuen baina alperrik. Ez zekiela ezer gehiago berretsi zidan. Gainera kontatua bezperan gertatua zenez ez zuela harrez gero printzearen zerbitzaririk ikusi. Goraipatu egin nuen beraren jokabidea eta trankil zedin eskusari bat eskaini nion. Gero neu ere trankildurik atzerritarraren gorabeherak zain zitzala agindu nion, Manonengan inolako mesfidantzarik azaltzen ez niolarik. Baina azken finean bere beldurrak zalantza latzak utzi zizkidan. Manonek beharturik egiaren alde bat isildu ote zidan? Hala ere gogoeta egin ondoren ahaztu egin nituen nire susmoak. Eta damu izan nuen halako ahulezia froga eman nuelako; izan ere ezin ezer lepora Manoni gizonengandik maitatua izateagatik. Gainera itxura guztiak zeuden atzerritarraren gurarien berririk ez zuela pentsatzeko. Nolako bizitza eramango nuen bestela nire bihotza hain azkar eta aise jeloskor bilakatzen banuen?

        Parisera itzuli nintzen biharamunean. Nire ondarearen pilatze azkarra baino ez nuen gogoan. Horretarako geroz eta ausartago jokatuko nuen Chaillot-etik alde egiteko egoeran izateko zerbait kezkagarririk sumatzen banuen. Gau hartan ez zidan ezerk atsedena eragotzi. Atzerritarra berriro ere Boulogne-ko Basora etorria omen zen, eta nire konfidentearengana urreratuz bere maitasuna aipatu omen zion, bere hitzetan baina Manonekiko inolako loturarik antzematen ez zitzaiolarik. Hainbat xehetasuni buruz galdetu omen zion. Azkenean bere apeten sarera erakarri nahirik promesa handiak luzatu omen zizkion; aldean zeraman gutuna Manoni eman ziezaion urrezko luis batzuk eskainiz. Baina besteak ez omen zion onartu.

        Beste bi egun iraungi ziren inolako auzirik gabe. Hirugarrenak ostera ekaitza bildu zuen. Paristik berandu xamar itzuli nintzelarik jakin nuen Manon bere pasiadan banatu egin zela une batez bere lagunengandik. Eta atzetik hurbil zetorkion atzerritarrari berak egin zion keinuari jarraiki etorri eta gutun bat eman ziola, zeina zaldun hark pozezko zeinuak eginez jaso baitzuen. Poz hura gutunari musu emanez adierazteko astia baino ez omen zuen izan, Manon oso arin desagertu baitzen. Baina egunaren azken hatsetan poztasun handia agertu zidan. Etxera itzuli zenetik ez zuen umore eder hura galdu. Hitz bakoitzak errai guztiak eragiten zizkidan. —Seguru al zaude —esan nion goibeldurik nire sehiari—, zure begiek traditu ez zaituztenik? Jainkoa jarri zuen bere fede onaren lekuko. Ez dakit nire bihotzeko aztorapen haiek noraino eramanen ninduketen baldin eta sartzen entzun zidan Manonek nire aitzinera etorri eta ezinegon itxuran nire geldotasuna leporatu izan ez balit. Ez zuen nire ihardespenik espero izan eta musuz ase ninduen.

        Bakarrik geratu ginenean hain berandu itzultzeko hartua nuen azturaz kexu azaldu zitzaidan biziki. Nire mututasunak hizketan jarraitzeko aukera ematen zionez, esan zidan bazela hiru aste berarekin egun osoa pasatu ez nuela. Ezin zezakeela bada, absentzia hain luzerik nozi. Eta noizbehinka egun bat beretzat nahi zuenez, biharamunetik hasita goizetik arratsera bere ondoan gura ninduela.

        — Hementxe izango nauzu. Ez zalantzarik izan —erantzun nion apur bat zakarki.

        Berak ostera ez zion jaramon handirik egin nire arrangurari, aitzitik alaitasun berezia erakutsiz, eguna nola joan zitzaionari buruz hamaika aipamen irrigarri egin zidan.

        — Neska harrigarria —nioen nirekiko—, zer ote darraio aurre-solas horri? Gure lehenengo banaketa etorri zitzaidan gogora. Hala ere bere poz-laztanetan kanpo itxurekin bat zetorren benetako oinarria antzeman nuen.

        Ez zitzaidan zail gertatu, afarian zehar isilarazi ezin izan nuen nire tristura jokoan izaniko diru-galera bati leporatzea. Abantaila handikoa iritzi nion Chaillot-etik biharamunean alde ez egitearen ideia Manonek berak proposatu izateari. Horrela denbora irabazten bainuen nire gogoetetarako. Ni bertan izateak edonolako zurrumurruak isilarazten zituen. Eta ustekabeak ez bazituen nire ikerketak atzeratzen behintzat, erabakirik neukan, biharamunean gure Pariserako aldaketa egiteko, nire inguruan printzerik izango ez nuen auzune batetara. Nahiz eta nire erabaki hark gau lasaiago bat ekarri, ez zidan infidelitate berri baten beldur mingarria ezabatu.

        Iratzarri orduko erran zidan Manonek, egunez etxean egon behar banuen ere, ez ninduela narraz itxuran ikusi nahi. Berak propio orraztuko zizkidala txima haiek. Ile ederreko nintzen garai hartan. Maiz aritzen zen jolasa zuen. Baina egun hartan inoiz ez bezalako gogo handiz hartu zuen lan hura. Inoiz bere guraria asebetetzeko, apain-mahaian jesarririk berari iruditzen zitzaizkion ukitu guztiak hartzera behartzen ninduen. Apainketa hartan beregana begira jartzen ninduen, eta bere bi eskuak nire sorbaldetan ipiniz, antsia zerion kuriositateaz begiratzen. Ondoren bere adostasuna musu zenbaitez adierazirik, ohizko egoerara itzularazten ninduen bere lanean jarraitzeko. Hartan honetan, zozokeria hark bazkal orduan izan zuen amaiera. Lantxo hartan izan zuen gozamena hain iruditu zitzaidan benetakoa, bere alaitasuna hain berezkoa, ezen etengabeko agerpen haiek traizio beltz baten errezeloarekin uztartu ezinik nire bihotz barrena zabaltzeko gogoa etorri baitzitzaidan behin baino gehiagotan, geroz eta astunago nuen zama hura arintzeko. Nik baina aurrean nuen bihotz hura lehenago zabal zedin espero nuen, eta esperantza horretan garaipenaren ametsak bereganatzen ninduen.

        Bere apain-mahaira itzuli ginen. Nire adatsa apaintzeari ekin zion berriro ere.

        Bere gutiziei amore ematen ari nintzen unean jakin erazi zioten Xko printzea berarekin hitz egin nahi zuela. Izen hura entzuteak zeharo sutu ninduen.

        — Zer da hau baina? —aldarrikatu nuen urrutiratzen nintzaiolarik—. Nor duzu? Zein printze? Ez zion nire itaunari erantzun.

        Aurpegia aldatu gabe esan zion morroiari: —Esan igotzeko. —Orduan nire aldera buelta emanez hauxe adierazi zidan: —Nire maite kuttuna. Zeu zaitut nire hats eta arnas —jarraitu zuen doinu xamur batez—; izan zaitez bihozbera. Utzi une bat. Unetxo bat baino ez. Eta mila aldiz biderkatuko dizut nire maitasuna. Eta bizi guztian eskertuko.

        Sumindurak eta harridurak mihia trabatzen zidaten. Bera erreguka niri, ni ostera haiek errefusatzeko esamoldeak bilatzen. Baina gela-aitzineko atea irekitzen sumatu zuelarik, sorbaldarantz luzatzen ziren nire ileei esku batez helduz eta besteaz ispilua, indar handia eginez gelako ateraino herrestan eraman ninduen, eta hura belaunaz zabaldurik, zaratak gela erdian geldiarazirik zirudien arrotz hari harridura ez gutxi sortu izango zion ikuskizuna eskaini zion.

        Ongi apainduriko gizona zen, ez oso lerdena bestalde. Eszena hartan oso desegoki ikusten bazuen ere bere burua, gurtu egin gintuen nabarmenki. Manonek ahoa irekitzeko astirik eman gabe bere ispilua erakutsi zion esanez:

        — Ikus berorrek jauna. Begira ongi eta epai. Maitasuna eskatzen dit. Hona hemen maite dudan gizona, zeini bizi osoan maitatuko dudala zin egin diodan. Berorrek aldera beza. Nire bihotzaren lehiakide izan nahi badu beraren aurrean esan beza arren zertan oinarritzen duen bere arrazoia; zeren berorren zerbitzari txit apal honen iritziz, Italiako printze guztiek ez baitute eskuan dudan bilo hauetako bakar baten beste balio. Hark aurretik agian prestaturik zeukan hitz erauntsi ero hari jarraitzen zion bitartean, nik alferrikako ahaleginak egiten nituen nire burua askatzeko. Eta hain itzal handiko gizasemeaz erruki, irain txiki hura nolabait kitatzeko gizalegez mintzatu nahi izan nintzaion. Baina gizon hura azkar itzuli zen bere aztorapenetik nik nahiko trauskiltzat jo nuen ondoko erantzunak nire hasierako xedea eten egin zuelarik:

        — Andereño, andereño —jaulki zuen irribarre behartu batez—; begiak ireki ditut bai eta garbi ikusi dut ez zarela irudikatu izan zaitudan bezain hasiberria.

        Hura esan eta berari begiratu gabe alde egin zuen marmarrean, zioela alegia, frantziar emakumeak ez zirela italiarrak baino hobeak. Ez nion nik ez egoera hartan geure emakumeei buruzko iritzia alda zezan eskatuko.

        Manon bere aldetik nire ileak utzita, besaulki batean etzan zen, gela bera dardaratzerainoko barre algara ozenak jaurtikiz. Ez dut ukatuko barne erraietaraino hunkitu ninduela maitasunak berak eraginik zirudien sakrifizio hark.

        Edozein modutan nire desadostasuna agertu nion iseka gehiegizkoa iruditu zitzaidalako. Berak adierazi zidanez nire lehiakidea zenbait egunez Boulogneko basoan une oro atzetik izan omen zuen, bere sentimenduak zeinuka adierazten zizkiolarik, azkenean erabaki zuelarik nonbait deklarazio garbia egitea izen eta titulu guztiak barne, zio horretarako Manon eta bere lagunen zerbitzupean ziharduen kotxeroaren bitartez helaraziko zion gutunaz. Bertan mendiaz bestaldean ondare bikaina eta gurtza betierekoa eskaintzen omen zion. Halaber —jarraitu zuen Manonek— berau, Chaillot-era itzulia zela niri bentura haren berri emateko asmoz, baina gertaera hartatik barregai anitz atera genezakeela pentsaturik ezin izan ziola bere irudimenari hesirik jarri. Guzti horrengatik balakuzko erantzuna eman omen zion printze italiarrari bere etxean bisitatzeko aukera emanez, bere bigarren dibertimendua berriz ni neu ere inongo susmorik gabe, bere planean sartzea izan zela. Nik nire aldetik ez nion esan beste bide batetatik iritsi zitzaidana. Eta maitasun garailearen lilura eztiak dena baieztatzera bultzatu ninduen.

        Ohartua naiz nire biziaren ildo guztietan barrena, Zeruak nire zoriona sendoenik aurkitzen zen garaian zigorrik handienak ezarri izan dizkidala. Tko jaunaren adiskidetasunak eta Manonen xarmak hain ninduten erabat asebetetzen inork ez zidala sinestaraziko zoritxar berri bat zetorkidanik. Hala ere gorpuzten ari zen bat hain ikaragarria ezen Pacy-n ikusi ninduzun paraderora eraman ninduen eta urratsik urrats egoera hain negargarrietara non nire kontaera egiazkoa denik zeuri ere sinesgaitza egingo zaizun.

        Tko jauna geurean afaltzen ari zen gau batean, ostatu aurrean gelditu zen kotxe baten zarata entzun genuen. Jakin-minak nor izan zitekeen ordu haietan galdetzera eraman gintuen. Mko G. gaztea zela esan ziguten, hau da gure etsairik gogorrenaren semea, hain zuzen ni St. Lazare-n eta Manon Ospitalean atxilotu gintuen agure lizun berberarena. Bere izenak irekitan jarri zidan odola.

        — Zeruak bidaltzen dit —esan nion Tko jaunari—, bere aitaren itsustasuna berarengan zigor dezadan. Ez dit ez, ihes egingo, geure ezpaten zorrotza neurtu baino lehen.

        Baina Tko jauna ongi ezagutu ez ezik haren lagun hoberenetariko izanik, etorriari berriari buruz bestelako iritzia izan nezan saiatu zen. Haren esanetan gizon gazte atsegina zen. Ez zukeela bestalde bere aitaren portaerarekin zer ikusirik, eta berarekin harremanetan hasiz gero arin eskaini izango niola nire oniritzia era berean berarena desiratzen nuelarik. Haren alde beste edozenbat iritzi on eman ondoren, gizaseme harengana joan eta guregana esertzera etor zedin proposatzeko baimena eskatu zidan, nahi bazuen afaria gurekin amai zezakeelarik. Gure etsaiaren semeari Manonen egoitza erakusteak zekarkeen arriskuaz, adierazi zigun bere ohore eta fedea lekuko, hark gu ezagutu bezain azkar ez genuela inoiz defendatzaile sutsuagorik izango.

        Bermatasun haiek entzunda, ez nuen inolako eragozpenik ipini. Tko jaunak aurrez gu nor ginen azaldu eta gero urreratu zigun. Ibileratik bertatik itxura ona utzi zigun. Besarkatu egin ninduen. Manon, neroni, eta zegokigun dena goraipatu zituen. Ondoren erakutsi zuen jateko gogoaz goi mailan jarri zuen gure afaria. Mahaia jaso ondoren gure berriketak seriotasun handiagoa hartu zuen. Begiak jaitsirik, bere aitak gureganako izan zuen gehiegikeriaz mintzatu zitzaigun. Barkatzeko eskatu zigun: —Ez nauzue auzi horretan luzatuko, ez dut berriro ahalkea baino sortzen ez didan oroitzapena gogoratu nahi.

        Bere jardunari hasieratik bertatik egiatasuna baldin bazerion, ondorengoan areago erakutsi zigun. Ordu erdiz besterik ez ginen gure solasean ari izango konturatzen hasi nintzenerako Manonen bertuteak izugarri zirraratzen zutela.

        Begirada eta modu geroz eta xamurragoak erakusten zituen. Ez zuen ez bere berbaldian horrelakorik ezer isuri, baina ai alajaina! Banekien nik ongi jakin ere maitasun kontutan bide horretatik jarraituz, jelosia alde batetara utziz, zer datorren bereizteko.

        Gauaren aldi bat gurekin pasatu zuen bere poza agertuz ezagutu gintuelako. Ondoren bere zerbitzuak eskaini zizkigularik, gu ikustera etortzeko baimena eskatu ondoren utzi egin gintuen. Goizaldean bere kotxean jesarlekua hartu zuen Tko jaunarekin joan zen.

        Ez nintzen inondik ere, arestian esan bezala jeloskorra berez. Inoiz baino sineskorrago nintzaien Manonen zinei. Izaki gurgarri hura nire arimaren jabe zen erabat, ez nuen beraz berarenganako onespena eta maitasuna darion sentimendurik baizik. Mko G. jauna guztiz txunditurik utzi zuelako inolako suminik agertu gabe, aitzitik pozarren azalduz bere xarmek sortzen zuten eraginagatik, jende orok maitagarritzat jotzen zuen neska harengandik maitatua nintzelako.

        Ez nion berari nire susmoak jakin erazteari beharrezko irizten. Zenbait egun igaro genuen bere jantziak egoki arazten, eta ea norbaitek ezagutzeko beldurrik gabe antzokira joan gintezkeen eztabaidatzen. Tko jauna astebururako etorri zitzaigularik, hartaz aholku eskatu genion. Ongi konturatu zen Manon kontent uzteko baietz esan behar zuela. Iluntze hartan bertan berarekin joango ginela erabaki genuen. Hala ere erabaki hura ezin izan zen aurrera eraman, zeren alde batetara eraman ninduelarik, honako hau esan zidan: —Estualdi gogorrean jarri naute azkenik ikusi zintudanetik. Horregatik naukazu hain zuzen hemen. Mko G. jaunak zure neska maite du. Horixe bera aitortu dit. Bere lagun mina nauzu, edozertan zerbitzatzeko prest, baina harena bezain zurea ere banaiz. Bere asmoak ez zaizkit zuzenak iruditzen horregatik ez ditzaket onar. Isilean gorde izango nukeen beraren sekretua ohizko erabideei lotu izan balitzaie. Baina ez. Ezagutzen du Manonen aiurria. Eta jakin bide du —nik ez dakit nondik—, hark oparotasuna eta plazerak maite dituela, eta jadanik ondare sendo baten jabe denez, aitortu dit, hasteko opari eder batekin nahi duela tentatu hamar mila libratako pentsioa eskainiz. Beste edozein egoeratan oso zail izango zitzaidakeen bera salatzea, baina zuzentasuna adiskidetasunari erantsi zaio zure mesedetan. Are gehiago beraren maite-grinaren arrazoi zuhurgabea neu izan naizelarik, hona neuk ekarri bainuen. Ni nauzu bada sortu ditudan gaitzek ondorio okerrik izan dezaten baino lehen erantzule bakarra. Eskerrak eman nizkion Tko jaunari laguntza estimagaitz harengatik. Modu berean nire aldetik ere konfiantza erakutsi ezin ederragoz, Manonen izaera Mko G. jaunari iruditzen zitzaion bezalakoa zela aitortu nion: alegia hark ez zezakeen pobrezia jasan. —Hala ere —esan nion—, arazoa gehiago edo gutxiagoko neurritan dabilen artean, ez dut uste beste norbaitengatik baztertuko nauenik. Ezer falta ez dakion lor dezaket. Nire ondasuna egunez egun handiagotuz joango dela espero dudalako. Gauza bakar bati baino ez diot beldurrik, hots Mko G. jaunak gure aterpearen kokapena ezagutzen duenez ez ote den horretaz baliatuko amarru txarren bat prestatzeko.

        Tko jaunak alde horretatik beldurrik ez izateko esan zidan. Segurtatu baitzidan amodioak Mko G. jauna ero bihur zezakeela, baina ez zuela inola ere horrelako itsukeriarik burutzeko gauza ikusten. Gainera honelako koldarkeriaren bat egiten bazuen, bera —hitz egiten ari zitzaidan berbera— izango zela zigortuko zuen aurrena sortaraziko zuen kaltea bere aldetik behintzat konpontzera behartuz.

        — Biziki eskertu behar dizkizut zure ahaleginak —ekin nion nire aldetik—, baina ez ote litzateke ordurako, edozer delarik ere, kaltea egina eta sendagaia ostera kolokan? Horregatik uste dut ekinbiderik zuhurrena gertakizunei aurre hartzea izan behar duela, hau da: Chaillot utzi eta beste egoitza bat bilatzea.

        — Bai —esan zuen Tko jaunak—, baina aski zaila izango zaizu behar bezain azkar alde egitea; izan ere Mko G. jauna hemen izatekoa da eguerdian. Atzo esan zidana da. Horregatik hain zuzen etorri natzaizu horren goiz, zuri beraren xedeen berri ematera. Une batetik bestera ager daiteke.

        Aholku larri hark auzi hari begiratu seriosagoa egoztera bultzatu ninduen. Mko G.ren bisita ekidin ezina iruditzen zitzaidanez alde batetik, ez eta ere hark Manonekin hitz egin zezan itzuri bestetik, nik neuk erabaki nuen nire maiteari lehiakide berriaren asmoen jakin eraztea. Nire ustea zen, berak aitortuko zizkion proposamenen berri banuela jakingo zuenez eta gainera nire belarrien aurrean esan beharko, aski kemen izango zuela Manonek guztiak errefusatzeko.

        Nire burutazio haiek Tko jaunari aipatu nizkion. Berari arazoa guztiz zaila iruditzen zitzaion. —Neu ere horretan nago —adierazi nion—; baina beste edozein maitalek eskain dezakeen bezainbateko konfiantza ez ote dut neronek ere nirearengan? Eskaintzaren handikeriak baino ez luke itsutuko. Esana dizut bestalde berak ez duela interesa ezagutzen. Laket du oparotasuna, baina maite ere maite nau, eta ez dut uste Ospitalean bahitu duen gizonaren semea hobetsiko duenik.

        Laburbilduz nik nireari eusten nion eta Marion eta biok bakarrik geratu ginelarik argi eta garbi adierazi nion jakin berri nuena.

        Nik berarengatik nuen iritzi ona eskertu ondoren Mko G.ren eskaintzak era berezi batez hartuko zituela esan zidan, halako moldez non berriro horrelakorik egiteko gogoa kenduko baitzion.

        — Ez —erantzun nion—. Ez zaigu hura zakarkeriez sumintzea komeni. Kalte egin diezaguke. Baina hik badakin alproja halakoa —gehitu nuen irribarrez—, nolaz zokora daitezkeen amorante ezatsegin eta gogaikarriak.

        Gogoeta laburraren ondotik honela berrekin zion: —Nire burua miretsi nahi nuke bururatu zaidan ideia guztiz izugarri honen aurrean:

        Mko G. jauna gure etsairik doilorrenaren semea duzu. Eror bedi bada gure mendekua aitarengan, ez semearengan. Eta nola? Haren poltsan zurrupatuz. Entzun egingo diot, bere bezuzak onartuko eta gero... trufa eta irri!

        — Egitasmo polita duzu —esan nion—, baina ez al zara nire haur gajo hori Ospitalera zuzen-zuzen eraman zintuen bide berbera zapaltzen ari ? Ekinbide haren arriskuaz luze eta zabal mintzatu nintzaion. Berak ostera nire ardura guztiei, auzia neurri egokiak hartzera mugatzen zela erantzuten zidan.

        Izenda iezadazue arren bere maite bihotzekoaren apetei amore eman ez dien maitatzaile bat baino ez eta orduantxe aitortuko dizuet oker aritu nintzela hain arin etsi nuelako. Erabakirik geratu zen bada, Mko G. jauna atzipetu egingo genuela. Baina adur gaiztoak ni neu atzipetua izatea nahi izan zuen.

        Hamaikak aldean haren kotxea begiztatu genuen. Gurekin bazkaltzera biltzeko hartzen zuen libertatea zela eta hamaika ele zuri ezpaineratu zuen. Ez zen Tko jauna ikusi arren batere harritu, beronek bera ere bezperan etorriko zela adierazi baitzion, baina zenbait lanen gorabehera zela eta kotxe berean ez etortzeko aitzakia jarri. Gutariko bakoitzak saldukeria bazeraman ere bihotzean itsatsirik, adiskide eta konfiantza itxuran jesarri ginen mahaian. Oso erraz izan zuen Mko G. jaunak bere sentimenduak Manoni aitortzea. Ez bainintzen berariaz zenbait minutuz alperrik aldendu. Ez zitzaion nonbait gaizki iruditu. Bueltatu nintzenean ohartu nintzen ez zutela gogor egiteagatik inola ere kokildu. Gizon hark umore ezin bikainagoa ageri zuen. Neuk ere itxurak egin nituen. Hura bere barnetik irri nire xalotasunaren kontura, ni berriz berarenagatik. Bazkaloste osoan antzezpen polita egin genion elkarri.

        Alde egin aurretik Manonekin elkarrizketa une berezia ahalbidetu nion, eta horrela irten aurretik gure zabaltasun eta harrera ona laudatu zituen.

        Hura Tko jaunarekin kotxera sartu bezain agudo, Manonek besoak zabalik lasterka niregana etorriz besarkatu egin ninduen barre-algara betean. Nire lehiakidearen ele eta eskaintzak hitzez hitz errepikatu zizkidan. Ondoko honetan laburbiltzen ziren: Hark adoratu ez ezik, berarekin bere berrogei mila libratako errenta erdibanatu nahi zuen, gehi bere aitaren heriotzaren ondoren etor zekiokeena. Bere bihotz-ondasunen erregina bakarra egingo omen zuen. Eta bere oparien berme bezala gertu omen zegoen kotxe bat, jauregi apailatu bat, neskame bat, hiru morroi eta sukaldari bat, guzti horien oparia egiteko.

        — Hona hemen —erran nion Manoni—, bere aita baina askoz eskuzabalago den semea.

        — Hitz egin dezagun benetan —gehitu nuen—; ez al zaizu eskaintza hori tentagarri iruditzen?

        — Niri? —erantzun zidan —Racineren bertso haiek bere eginez: «Niri? Nola nintzateke baina horren zantar eta Ospitalea gogoratzen didan gorrotagarrizko begitartea jasan?»

        — Ez —erantzun nion nik—, parodiari jarraituz:

        «Ospitaleak zugan lorratz sakona utzi? aski sinesgaitz zait madame hori niri».

        Baina zeinen erakargarriak diren jauregia, kotxea, morroiak... Maitasunak ez du amu horren indartsurik. Berriro ere aitortu zidan nirea nuela bere bihotza betiko, eta ez zuela berorretan beste inolako lorratzik onartuko.

        — Bere promesak —esan zidan—, maitasun lorratz baino, areago zaizkit mendekuzko ezten.

        Jakin nahi izan nuen ea jauregia eta kotxea onartuko zizkion. Ihardetsi zidan haren dirua besterik ez zuela gura. Baina nola lortu bata bestea gabe? Mko G. jaunaren xedeen berri jakitea erabaki genuen Manoni gutun bat agindu baitzion. Biharamunean hain zuzen librea gabeko sehi baten bidez helarazi zion, zeinek abilki lekukorik gabe hitz egiteko bidea egin baitzuen. Itxaroteko esan zion Manonek eta ondoren gutuna erakustera hurbildu zitzaidan. Batera ireki genuen. Ohizko hitz dotoreez kanpo, nire lehiakidearen promesen xehetasunak zetozen. Ez zion ez bere emankortasunari mugarik ipintzen. Hitz ematen zion hamar mila franko eskuratuko zizkiola jauregiaren jabe egiten zenean, bai eta aipatu kopurutik Manonek eralgi zezakeena osatu egingo zuela beti ere diru hura esku artean izan zezan. Ez zuen bestalde hastapen eguna gehiegi atzeratzen. Prestaketarako bi egun baino ez zizkion eskatzen. Gainera bigarren eguneko arratsaldean non zain izango zuen —kale eta jauregiaren izenak— aipatzen zizkion, beti ere nigandik ihes egitea lortzen bazuen. Auzi honetan baizik ez zion bere kezkatik lasai zezan erregutzen, gainerakoan seguru aurkitzen zela zirudien, baina nigandik ihes egiteko zailtasunik aurkitzen bazuen, topatuko zuela berak ihesa nola erraztu.

        Mko G. bere aita baino azeriago genuen. Ehiza kartutxoak ahitu baino lehen esku artean nahi zuen. Manonek eraman behar zuen jokabideaz aritu ginen. Oraindik ere burutapen hura uxatu nahi izan nion arrisku guztiak azaleraziz.

        Baina alperrik. Ez zion ezertxok ere bere erabakia aldatuko. Mko G.ri mezu labur batean adierazi egunean Parisera biltzea ez zitzaiola nekeza izango jakin erazi zion. Zain egon zitekeela beraz. Gure aldetik erabaki genuen ni berehala aterako nintzela Parisen beste hegaleko herrixkaren batean etxea alokatzera, aldean gure ekipaia urria eramanez. Bera berriz biharamunean bere elkar ikustearen egunean goiz joango zela Parisera. Mko G.ren opariak jaso eta gero, antzokira eraman zezan eskatuko ziola behin eta berriro. Eramateko gauza zen diru guztia hartuko zuela enparauzkoa berarekin lagun nahi zuen nire morroiak zamatuko zuela. Ospitaletik askatu zuen morroi bera zen gurekin oso portaera fidela zuena bestalde. Nik berriz kotxe alokatu bat St André des Arcs kalearen sarreran kokatu behar nuen, eta hantxe bertan utzi zazpiak inguruan eta antzokiko aterantz iluna lagun urreratuko. Manonek bere aldetik estakururen bat asmatuko zuen bere palkutik irten eta nirekin arin biltzeko.

        Gainerakoa aise burutuko genuen. Istant batean nire kotxera iritsi eta Parisetik ilkiko ginen St. Antoine-ko auzategitik barrena, huraxe baitzen gure egoitza berrirako bidea.

        Egitasmo hura —bitxitzat jo badaiteke ere—, aski ongi bururatua iruditu zitzaigun. Baina bazerion tamalez halako axolagabekeria ero bat. Izan ere nork pentsa zezakeen arrakasta ezin bikainagoa lortzen bagenuen ere, jarraian etorri behar zuten ondorioetatik libratuko ginenik? Hala ere gure baitan konfiantzarik izukaitzena azaldu genuen. Manon, Marcel izena zuen gure sehiarekin atera zen. Bihotz-minez ikusi nuen urrutiratzen. Hauxe esan nion laztantzerakoan:

        — Manon ez al nauzu tronpatzen? Fidel izango al zaitut? Nire zalantzengatik maitekiro penatuz bere zin guztiak bermatu zizkidan berriro ere. Hirurak aldean Parisen izatea espero zuen. Berarekin atera nintzen. Nik baina arratsalde hartan St. Michel zubiko Feré kafean egingo nuen gogait. Hantxe egon nintzen gaua etorri zen arte. Une hartan gure planaren arabera aurrez pentsatu bezala St. André des Arcs-en kalearen sarreran kokatua nuen kotxe alokatua hartzera atera nintzen. Oso harritu ninduen han bertan nire zain egon behar zuen Marcel ez ikusteak. Ordubete eman nuen hari itxaroten lakaio talde handi baten erdian, begiak erne ibiltari guztiei begira. Zazpiak izango ziren gure planarekin zer ikusirik zuen inor han agertzen ez zelarik, sarrera erostea erabaki nuela. Beherakoa erosi nuen ea Manon eta Mko G. begiztatzen nituen palkuetan. Han ez ziren ez bata ez bestea. Atera itzuliz beste ordu laurden bat gehiago «erre» nuen kezka eta ezinegonez. Inor ez zela agertzen egiaztaturik kotxera itzuli nintzen zer egin erabaki ezinik. Kotxeroak sumatu ninduelarik, hurbildu egin zitzaidan era misteriotsu batez esanez, bazela ordubete andereño polit bat zain nuela kotxean. Nitaz ari zela garbi konturatu zela, neskato hark nire giza itxura agertu zionerako. Itzuli egin behar nuela esan zionean neskak erantzun omen zion trankil itxarongo zidala agertu arte.

        Manon izango zela pentsatu nuen berehala. Urreratu egin nintzen. Baina masail polit hura ez zen berarena. Ezezagun nuen neska hark Grieux-ko zaldunarekin hitz egiteko ohorea ote zuen galdetu zidan. Horixe nuela izena erantzun nion. —Eskutitz bat eman behar dizut —esan zidan—, hona dakarkidan sujetaz informatuko zaitu bai eta zein bidetatik egin naizen zure izenaren jabe.

        Eskutitza aldameneko taberna batean irakurtzeko astia eman ziezadan eskatu nion. Jarraitu nahi izan zidan era berean gela bat erreserbatzeko aholkatzen zidalarik. —Norena da eskutitza? —galdetu nion igotzen ari ginela—. Irakurketak emango zidala argi erantzun zidan. Manonen eskua ezagutu nuen. Hona hemen ia hitzez hitz zer esaten zidan: Mko G.k gizalege eta oparotasun izugarriz hartu omen zuen. Opariz mukuruka utzi zuela. Erreginaren bizimodua eskainiko omen zion. Haatik lasaitu nahi ninduen esaten zidalarik oparotasun hartan ere ez ninduela ahanzten, baina ezin izan zuelarik gau hartan Mko G. jauna antzokira eraman zezan konbentzitu, beste egun batetarako atzeratzen zuela ni ikusteko gozamena. Baina antzematen zuelarik zeinen samin handia sortaraziko zidan berri hark saiatuko zela mezu haren eramailea Parisko neskarik politenetako bat izan zedin. Eta jarraian sinadura zetorren: «Zure maite fidela MANON LESCAUT».

        Doilor eta isekaz betea iritzi izan nion eskutitz hari, hainbat non aldi batez sumin-oinazeak astindurik geratu ondoren, ahaleginak egin nituen nire maite eskertxarreko eta zin-hausle hura sekulako ahanzteko. Aurrean nuen neskari begiratu nion. Oso polita zen. Une hartan desiratu nuen ni nerau ere nire aldetik zin-hausle eta infidel bilakatzeko bezain polita izan zedin. Baina damuz, ez nituen berarengan bestearen begi goxo eta bigun haiek, ibilera zerutiar hura, maitasunezko ñabardura haiek, ez nuen bada neska harengan aurkitu, naturak hain oparo Manon eskergaiztoarengan ernarazi zuen lilurazko altxor agortezin hura.

        — Ez, ez —esan nion nire begiak alboratzen nizkiolarik—, bidali zaituen eskertxarrekoak ondotxo daki alferrikako ibilbideari lotu zaituela. Itzul berarengana eta esan honen partez, goza dezala bere krimenarekin eta damurik gabe ahal badu. Ez nau berriro ikusiko. Aldi berean bera bezain xarmangarri ez, baina zalantzarik gabe bera bezain alproja eta fede txarreko litezkeen emakume guztiei uko egiten diet.

        Ia-ia Manon nire begi bistatik uxatzeko zorian egon nintzen. Baina bihotza zartatzen zidan jalusia izugarria lasaitasun apal eta triste bihurtu zelarik geroz eta hurbilago sentitu nintzen nire sendabidetik, ez bainuen horrelakotan jadanik inarrosi ohi ninduen oldar bortitzik nabaritzen. A baina! Maitasunak engainatzen ninduen, Mko Gk eta Manonek une hartan seguruenik engainatzen ninduten bezainbeste.

        Eskutitza ekarri zidan neska hark, harmailetan behera ekitear ikusi ninduelarik itaun zidan zer nahi nuen bada, Mko G. jaunari eta berarekin zegoen andereari adieraz ziezaien. Galdekizun hark gelara eraman ninduen berriro. Orduan horrelako grina gogorrik sentitu ez duenari sinesgaitz egiten zaion aldaketa batek aztoraturik, bat batean nire ustezko lasaitasun hartatik haserrezko su ikaragarri batetara eramana sentitu nintzen: —Zoaz —esan nion—, eta adieraz iezaiozu Mko G. traidoreari eta bere amorante maltzurrari eskutitz madarikatu horrek utzi nauen etsipena. Baina esaiozu halaber ez direla nitaz luzaro trufatuko; nire esku bi hauetaz sastakatuko ditudala. Aulki batetara amildu nintzen; kapela alde batetara, makila bestera erori zitzaizkidan. Begietatik malko isuri mingotsak herresta geldoan hasi. Amorru-aldarte hark oinaze biziari utzi zion leku. Negar baino ez nuen egiten, zotin eta hasperenak jota. —Hurbil zakizkit haur hori, hurbil arren —esan nion neskatxa hari—, hurbil, zeu baitzaitut ni kontsolatzeko bidalia. Esadazu amorru eta etsipenaren kontra kontsolapenik ezagutzen duzun, norbere burua hiltzeko gogoaren kontra, bizitzerik merezi ez duten bi donge horiek hil ondoren. Bai hurbil zakizkit —esan nuen nireganantz zalantza eta beldurrezko urratsak egiten ikusi nuenean—, zatoz bai nire malkoak lehortzera, zatoz nire bihotzari bakea itzultzera. Zatoz maite nauzula esatera, nire infidelak ez bestek maite nautela entzuten ohitu nadin. Polita zara eta agian maitatu ahal izango zaitut.

        Oraindik haur bat baizik ez zen hamasei-hamazazpi urtetako haur gajo hark, bere antzekoek baino ahalkeago zirudiena, txit harriturik iduri zuen eszena bitxi haren aurrean. Haatik urreratu egin zitzaidan laztantzeko asmoz. Baina berehala errefusatu nuen eskua jarriz. —Zer gura nauzu? —esan nion—. Andrazkoa zara, gorrotatu eta engoitik jasanezina izango zaidan sexu batetakoa partaidea. Zure begitartearen fintasunean salaketaren baten mehatxua erakusten didazu. Utz nazazu bakarrik. Zoaz.

        Gurtu egin ninduen ezer esan gabe eta bira emanik irteten hasi zen. Zarata egin nion gelditzeko: —Baina erakuts iezadazu sikiera —jarraitu nuen, zergatik eta nola bidali zaituzten hona. Nola jakin duzun nire izena eta aurki nintzakezun lekua.

        Aspaldidanik ezagutzen zuela Mko G. jauna aitortu zidan. Honek bidali zuela sehia hain zuzen bere bila arratsaldeko bostean. Hari jarraituz etxe handi batetara heldu zirela non gizaseme hura kartetako jokoan ari baitzen emakume eder batekin. Beraiek biek eman ziotela eskutitz hura niri ekartzeko mandatuaz. St. André-ko kale-buruan kotxe batetan aurkituko ninduela adierazten ziotelarik azkenik. Ea ez ote zioten beste ezer esan galdegin nion. Masailak gorritu egin zitzaizkion aitortu zidanean esan ziotela laguntzat hartuko nuenaren ustea zutela.

        — Engainatu egin zaituzte —esan nion—, engainatu haur errugabea! Zu emakumea zara eta gizon bat behar duzu. Baina aberatsa eta zoriontsua, eta hemen ez duzu horrelakorik aurkituko. Itzul, itzul Mko G.rengana. Hark bai. Hark denetarik dauka emakume lirainek maite dezaten. Badauka jauregirik, eta zernahi opari. Nigan ostera maitasuna eta fideltasuna besterik eskain ez dezakeen inozo honengan emakumeek nire lazeria mespretxatzen dute, nire xalotasuna jolasgai dutelarik.

        Hamaika hitz zein triste nola gogor erantsi nuen jarraian, dardaratzen ninduten grina haiek zitaldu edo baretzen ziren arabera. Haatik oinazearen ikarak akitu banindu bezala, nire barne-sua baretuz joan zen gogarteari leku eginez.

        Adur gaiztoko azken gertakari hura ildo bereko beste batzuekin erkatu nuen, eta egia esan ez nuen beste haietan baino etsitzenago izateko ziorik topatzen. Ezagutzen nuen Manon. Zergatik beraz, horrenbeste dolu aurretik nabari erraza nuen zoritxar haren aitzinean? Zergatik ez hobeto sendagairik bilatzen hasi? Garaiz nengoen oraindik. Ez nuen gutxienez ahaleginik saihestu behar, ez banuen nire burua erruduntzat jo nahi nire zabarkeriak oinazeen zitaltzea ekarri eta gero. Horregatik bada bide guztiak aztertu beharrean nengoen itxaropen-atearen bila.

        Manon Mko Gri besoetatik bortxaz erauztea arrakasta arrastorik gabeko hondamendia ekarriko zidan baliabide ezinezkoa nuen. Baina iruditzen zitzaidan berarekin hitzik, laburrenak izanik ere, lortzen banituen, haren bihotzaren tokitxo bat nire alde izango nuela; izan ere bai ongi ezagutzen nituela haren alderdirik sentiberenak! Hain nintzen segur maite ninduela! Bitxikeria hura bera, neskato polit hura ni kontsolatzeko bidaltzea alegia, apustu egingo nukeen beraren asmakizuna zela eta nire oinaze guztiengatik erruki. Maltzurkeriarik handienaz baliatu beharra zegoen bera ikusi ahal izateko.

        Zidor ugariren lasterbidea aztertu nuen, bata eta bestea, baina azkenean Tko jauna izan nuen gogoan.Izan ere gizaseme hark beti adiskidetasun handiz zerbitzatu izan ninduen, ez nezakeen beraz haren egiatasun eta fideltasunaren zalantzarik izan. Berehala joango nintzaion eta Mko G.ri dei ziezaion erregutuko auzi garrantzitsu baten gainean hitz egiteko aitzakia zela bitarte. Ordu erdia nahikoa izango nuen Manonekin elekatzeko. Beronen gelara sartzea espero nuen Ez zitzaidan gaitz begitantzen Mko Gren absentzia profitatuz. Erabaki hark trankilago jarri ninduelarik, oraindik nire ondoan neukan neska gazte hari franko ordaindu nion, eta bidali zutenengana itzultzeko burutapenik izan ez zezan, helbidea eskatu nion, gaua berarekin pasatzera joango nintzela aginduz. Nire kotxe alokatuan sarturik Tko jaunaren etxera ziztu bizian eramana izan nintzen. Patuak nik hura han aurkitzea nahi izan zuen, bidean etxean aurkituko ez nuenaren kezkak asaldatu baininduen. Hitz gutxitan adierazi ahal izan nion nire nekaldi eta eskatzen nion faboreen berri.

        Mko Gk Manon seduzitu izanak arras harritu zuen. Hainbat non nik neuk ere nire buruari harrika eginez atsekabe hartan erruaren zatia nuela ez zekielarik, bere lagun guztiak bilduko zituela —beso eta ezpata— nire maitearen askatzeko agindu baitzidan. Ulertarazi nion azantza gehiegi kaltegarri izan zitekeela Manon eta biontzat:

        — Gorde dezagun gure odola ezinbestean behar dugunerako. Bide eztiagoa baina ez horregatik arrakasta gutxiagokoa darabilt buruan. Nik aginduko nion guztia betetzeko —inolako salbuespenik gabe— prest agertu zen. Baina berresan niolarik bere betebeharra Mko Gri mezua bidalaraztea zela hura pare bat orduz etxetik kanpo erabiliz, nirekin batera atera zen nire nahia betetzera.

        Baliabiderik egokienaren bila jardun genuen, nola alegia hain denbora luzez distraitu genezakeen gizon hura. Nire aholkua zen hasteko mezu llabur bat bidal ziezaiola taberna batetarik zeinetan atzerapenik izan ez zezakeen auzi bati buruz bertara eta berehala etortzeko erregutuko zion. —Beraren irteera zainduko dut —gehitu nuen—, eta lasai asko mera sartuko naiz, Manonek eta Marcelek —nire sehiak— bakarrik ezagutzen bainaute. Zuk berriz, Mko Grekin bildurik egongo zarenez, esan diezaiokezu berarengana zaramatzan arazoak dirua duela izena. Zeurea jokoan galdu duzula. Eta gero zure hitz soila lekuko jarririk jokatzen jarraitu duzularik patuak zorigaitz bertsua eskaini dizula. Denbora hartu beharko du bere diru-kutxa eskuratzen. Anartean denbora aski izango dut nire aldetik nire asmoa aurrera eramateko.

        Tko jaunak zuzen-zuzen jarraitu zion egitamu hari. Taberna batetan utzi nuen non oso azkar eskutitza idatzi baitzuen. Ni ostera Manonen etxetik zenbait urratsetara geratuko nintzen. Mezularia heltzen ikusi nuen bai eta lipar bat gero, Mko G. bere morroietako batekin irteten ikusi. Kalean gora urrutiratzeko astia eman ondoren nire infidelaren aterantz aurreratu nintzen. Suminak erreta banindoan ere, elizan joko nukeen begirune bertsuaz deitu nuen. Zorionez Marcelek zabaldu zidan atea. Isiltzeko zeinu egin nion. Gainontzeko morroiengan inolako mesfidantzarik espero ez nuen arren, ahots apalez galdetu nion ea Manonen gelara eraman nintzakeen inork ikusi gabe. Eskailera nagusitik igotzen banintzen emaro-emaro ez omen nuen arazorik izango.

        — Zoaz beraz arin —esan nion—, eta ni han nagoen bitartean inor sar dadin eragotzi ezazu.

        Oztoporik gabe nintzen Manonen gelan. Irakurtzen ziharduen. Orduantxe gizaki harrigarri haren izaera miresteko astia izan nuen. Ni ikustean, herabe eta izuturik agertu beharrean, gugandik urrun uste dugun pertsona agertzean bat batean menderatu ezin ditugularik azaltzen zaizkigun harridurazko zeinu batzuk baino ez zituen nabarmendu.

        — Oi zeu zaitut nire gogokoa —esan zidan ohizko berotasunaz besarkatzera hurbildu zitzaidalarik. Jainko maitea, bai ausarta zarela! Nork pentsa! Zu toki honetan, gaur eta orain! Askatu egin nintzen bere besoetatik. Samurkeria haiei erantzun ordez, destainez bizpahiru urrats egin nituen atzerantz berarengandik urrutiratzeko asmoz. Mugimendu hark apur bat noraezean utzi zuen. Zegoen egoeran irmo jarraitu zen, bere begiak nireetara jaurtikiz, bere begitarteak kolore-aldaketa nabarmentzen zuelarik. Egia aitortzeko, pozarren nengoen nire barrenean emakume hura berrikusten nuelako, hain pozik ezen hainbat arrazoiren jabe izan arren sumindurik egoteko, ahoa irekitzeko adorerik ez bainuen izan berari nire haserrea erakusteko. Eta hala ere bere laidoaren eraginez, bihotza odoletan nuen aspaldi. Nire amorrazioa zitaltzeko, nirekin izan zituen jokabide ustel guzti haiek gogoratu nahi izan nituen nire begiei zerien goria inolako maitasun izpirik ez zuen suak piztu zezan gura nuelarik. Isilaldiak nire dardara nabari erazi zion, orduan bera ere ikara betean sumatu nuen, agian bere beldurraren lekuko. Ezin izan nion egoera hari eutsi: —Baina Manon —esan nion tonu xamurrez—; Manon nire infidel eta zin-hauslea! Nondik hasiko ote naiz arranguratzen? Zurbil eta dardaraz ikusten zaitut, zure dolurik ttikienak honen sentibera nau bilakatzen non beldur bainaiz ez ote zaituen nire haserreak lar saminduko. Haatik Manon, ezpaineratu beharrean naukazu zure traizioak bihotza zulatu egin didala. Maitatzailea hil nahi denean baizik sartzen diren sastadak dituzu. Hirugarrena duzu Manon. Ongi zenbatuak ditut. Ezin izango nituzke inola ere ahantzi. Zuri dagokizu orain, zeure ordua iritsi da, zein bideri lotuko zatzaizkion erabakitzea. Nire bihotz larri honek ezin baitu honenbeste froga doilor jasan. Suntsituz doala sentitzen dut. Oinazeak aurki zartatuko baitu. Etsi nauzu —gehitu nuen aulki batetan jesarriz—, ozta-ozta nago zutik eta hitz egiteko gauza.

        Ez zidan deus ere ihardetsi. Baina ni eseri bezain agudo, belauniko jarri zen eta bere burua nire belaunetan kikildurik aurpegia nire eskuekin estaltzen zuen. Une hartan beraien barrena haren malkoen hezea sentitu nuen. Jainko errukiorra! Zer nolako zirrarak astintzen ninduen! Ai Manon, Manon —ekin nion hasperen leunez—, zeinen berandu datorkizun negarra, niri herioa jadanik ekarria didazularik! Ezin zaitezke sentitzeko gauza ez zaren tristuraren jabe izan! Zure gaitzik handiena nire presentzia duzu, beti izan baitzaie zure plazerei oztopo. Ireki begi horiek, begira nor naizen. Ez dituzu malko eder horiek traditu eta honen doilorki utzi duzun zorigaizto honengatik alperrik isuri behar.

        Berak berriz, nire besoak musukatzen zituen egoera aldatu gabe. —Manon, aldakor, eskertxar eta fedegabeko Manon —jarraitu nuen—, non dituzu baina promesa eta zinak? Maitale mila aldiz buruarin eta doilorra, zer bilakatu ote da baina gaur bertan zin egiten zenidan maitasun hura? Zuzentasunaren Jainkoa! —erantsi nuen—, horrela iraintzen ote zaitu infidel batek horren bero dei egin eta gero? Zin-hauslea ote da hemen saritua? Iraupenak eta fideltasunak etsipena eta utzikeria dute esker bakarra.

        Ele haiek ekarri zuten gogoeta mingotsagatik malkoak isuri nituen nire gogoaren kontra. Nire ahots tonuaren aldaketa hartaz Manon zen ohartu eta halako batean bere isiltasuna hautsirik: —Horren mindurik eta kordokaturik utzi izan zaitudanez errudun behar dut izan, baina zigor nazala Jainkoak pentsamendu hori erabili badut, edo berariaz egin.

        Desenkusa hura hain hutsal eta fede onik gabea iruditu zitzaidan non haserreak oldarturik honelatsu aldarrikatu nuen:

        — Zurikeria galanta! Inoiz baino garbiago dakusat limuria eta dongea baino ez zarena. Ezagutu berri dut zure izaera maltzurra. Adio izaki koldar hori! —jarraitu nuen zutik jarriz—, mila aldiz nahiago heriotza aurrerantzean zurekin inolako harremanik izan baino. Zeha nazala Zeruak, begiradarik ttipienaz ohoratzen bazaitut inoiz! Gera zaitez zure amorante berriarekin, maita bera, gorrota ni, bazter ohorea, zentzua, barre dagiot guzti horri, dena berdin dit.

        Hain zuen nire sugar hark izutu non ni eserita egon nintzen aulki ondoan belaunikaturik, begira izan bainuen —ikara eta arnasestu. Pausu batzuk egin nituen burua atzera begira, begiak berarengan finko utzirik. Baina gizatasunak agintzen duen sentimendu oro galdua behar nuen haren xarma guztien aurrean entzungorrarena egiteko. Urrun nintzen ni hain basati izatetik. Horregatik bat batean guztiz beste aldarte bat erakutsiz, berarengana itzuli nintzen, hobeto esateko, beraren besoetara amildu beste pentsamendurik gabe. Besoetan hartu eta nahi beste muxu eztiz laztandu nuen. Nire suminaldiagatik barkatzeko eskatu nion. Zakarra nintzela aitortu behar nuela, ez nuela bada bera bezain eder zen emakumearen maitasuna merezi. Jesartzeko esan nion, eta orduan ni neu belaunikaturik entzun ziezadan erregutu nion. Une hartan maitemindu jasankor eta grinatsuari burura etor dakizkiokeen begirune eta gozotasunezko hitzik biribilenak laburbildu nizkion aitzaki legez. Eta barkamenezko hitzak erregutu.

        Bere besoak nire lepora ekarriz, berak bai zuela nire onespenaren beharra aitortu zidan, sortarazi zizkidan oinazeak ahantz nitzan. Beldur zela halaber bere burua justifikatzeko aitortu nahi zidana onartuko ez niolako. Eta arrazoi handiz. —Nik? —moztu nion behingoan—, ez dizut inola ere zure burua zuri dezazun eskatzen. Egin duzun guztia onartzen dizut.

        Ni ez naiz inor zure jarreraren arrazoiak eskatzeko. Pozik, pozarren, nire Manon kuttunak bere bihotzaren beroa ez badit saihesten! Baina —jarraitu nuen nire patuaren etorkizuna gogoratu gabe—, Manon ahalguztiduna, zeure gurarien arabera nire poz-minak moldatzen dituzun horrek, nire hildura eta doluek ase zaituzten ondoren, utziko al didazu nire tristura eta oinazeei buruz hitz egiten? Zugandik jakingo al dut zer bilakatuko naizen laster, bai eta nire heriotza-zigor aldaezina sinatu behar duzun nire lehiakidearekin gaua pasatuz?

        Ongi hausnartu zuen bere erantzuna. —Nire zaldun laztana —esan zidan modu trankil batez—, hastapenetik horren argi hitz egin bazenit aztoratze premiarik ez zenukeen izango, ez eta nik eszena horren latza jasan behar. Samina jalusiatik datorkizunez naizen guzti hau eskainiko nizukeen sendagai eta munduaren azken lurralderaino jarraitu izango. Baina iruditu izan zait Mko Gren aurrean idatzi nizun eskutitza bai eta bidalitako neska izan zaizkizula dolugarri. Nire eskutitzari irrigarri eta neskari berriz zuri uko egin eta Mko Gri atxikiko nintzaionaren froga argia iritziko zeniela. Pentsamendu honek noraezean utzi nau behingoan, zeren errugabea izanik ere, hartaz pentsatzean ongi nekusan kanpo-itxurak behintzat ez nituela inondik ere nire alde. Haatik —jarraitu zuen berak—, nire epaile nahi zaitut, gertaeraren egia argitzen dizudan ondoren.

        Kontatu zidan gero zer jazo zitzaion gu geunden leku berean zegoen Mko G. aurkitu eta gero. Munduko printzesarik handiena bailitzan hartu zuen. Bai, egia zen. Egoki eta dotore apailaturik zeuden etxeko atal guztiak erakutsi zizkion. Bere kabinetean hamar mila libra eman zizkion, haiei zenbait bitxi erantsiz, ba omen ziren beraien artean Manonek beste behin beraren aitarengandik opari bezala jaso zituen lepoko eta perladun eskuturrekoak. Jarraian oraindik ikusi gabe zeukan egongela batetara eraman zuen; bertan ez omen zen jaki finik falta. Berarentzat propio hartu zituen nerabeak zerbitzatzen jarri zituen, haiei Manon engoitik beren etxeko anderetzat izan zezaten agindu zielarik. Azkenik kotxea, zaldiak eta enparauzko opariak erakutsi zizkion. Gero jokoan egitea proposatu zion afal ordua iritsi arte. —Aitortu behar dizut —jarraitu zuen—, handitasun hark txunditu egin ninduela. Eta hain zuzen nire gogoeta hortik doa: ez al zaigu penagarri ondasun guzti honi bat batean uko egin beharra, hamar mila franko eta bitxiekin konformaturik; ez al dirudi gu biontzat egina, ez al gintezkeen Mko Gren ondarearen kontura lasai bizi? Antzokira jo ordez, zutaz itauntzea gomutatu zitzaidan.

        Jakin nahi nuen zer nolako ahalbideak izango genituen nire egitasmoa aurrera eramatekotan. Jarrera oso irekian ikusi nuen. Zer iritzi nuen zutaz galdetu zidan eta zu uzteagatik damurik ote nuen. Zuk nirekin jator jokatu zenuelarik, ezin zintudala gorrotatu, erantzun nion. Orduan berak merezimendu handiko gizona zinela esan ondoren zure ezagutza zintzoa egiteko prest agertu zen. Ezagutu nahi zuen ea zer nolatan hartuko zenuen zuk nire alde egitea, batez ere bere besoetara joana nintzela jakinik. —Gure maitasuna —ihardetsi nion—, aspaldi batean du bere sorburu, beraz emaro-emaro iraungiz doan garra da. Halaber ez zinela diru-aldetik oso oparo bizi, horregatik ez zenuela nire galera atsekabe handitzat hartuko. Are gehiago, agian eramangaitz zitzaizun zama astunetik libratuko zintuela. Gainera ordudanik aurrera zure jokabidea baketsua izango zela ziur nengoenez —gehitu nion—, esana nizula alegia inolako erreparorik gabe, Parisera nentorrela zenbait arazo zuzentzera. Zuk zeure aldetik adostasun osoa azaldu zenuelarik elkarrekin izan ginenean, bai eta ez zintudala oso kezkaturik aurkitu agur esan behar izan nizun une hartan.

        Esan zidan: «Uste izango banu nirekin bizitzera etortzeko aldarte onean dagoela, lehenengoa nintzateke nire onginahia eta egoitza bera ere eskaintzeko.» Nire bermea eman nion esanez zure izaera ezaguturik ez nuela oneski erantzungo zenuenaren zalantza mendreenik; batez ere adierazi nion, zure arazoetan laguntzeko, aski bazterturik baitituzu, zure familiarekin harreman onik ez duzunetik. Hitza moztu zidan esateko bere esku litzatekeen edozertan laguntzeko gertu aurkitzen zela, gaineratuz beste amodioren baten apetarik bazenu amorante polit bat lortuko zidala, hain zuzen nirekin uztartzeko utzi zuen berbera. Bere susmoak uxa zitzan txalogarria iruditu zitzaidan ideia hura. Nik nire aldetik nire egitasmoaren baliotasuna geroz eta sendoagoa ikusten nuen. Zuri gaztigatzeko bidea topatu nahi nuen soil-soilik, beldur bainintzen ez ote zinen gehiegi larrituko gure elkar ikustera agertzen ez nintzelako. Kari horretan zuri amorante berria arratsaldean bertan bidaltzea proposatu nion. Amarru horren bitartez bakarrik utziko ninduen esperantza nuen zuri mezua idazteko. Irribarretsu hartu zuen nire proposamena. Bere otseina deiturik bere aurreko amorantea berehala aurki zezala agindu zion. Uste zuen Chaillot-en egongo zinela, eta beraz bertarantz abiatzeko adierazi zion neskari. Baina jakin erazi nion nire aldetik gu geu banatu ginenean antzokian berrikusiko genuela elkar agindu nizula. Baina arrazoiren bat bide ezinezko bazitzaidan bertaratzea St. André kale-hegalean kotxe batetan itxarongo zenidala. Hobe izango zela bada, amorante berria aipatu lekura bidaltzea, gau osoa gogaiturik pasa ez zenezan behintzat. Istant hartan esan nion bi hitz idatzi behar nizkizula aldaketa guzti haren berri izan zenezan, bestela nahastu samar geratuko baitzinen. Baieztatu egin zuen. Baina beraren aurrean idatzi beharrean aurkitu nintzenez ezin izan nizun arazoa zabalegi argitu.

        — Horra —gehitu zuen Manonek—, nola jazo diren gauzak. Ez dizut nire jarrera edo erabilitako asmorik isiltzen. Neskatoa etorria zelarik, polita iruditu zitzaidan, Eta nola ez nuen zalantza errainurik nire absentziak min gaitza sortuko zizunik zinez eta benetan une goxo batzuk pasarazten lagunduko zizula desio nuen, zeren zugan nahi nukeen fideltasuna bihotzekoa baita. Pozik bidaliko nizukeen Marcel bestalde, baina ezin izan nuen lipar batez ere nire ondoan izan, hura adierazi nahi nizunaz jabetzeko.

        Bere kontaera amaitu zuen azkenik esanez nolako herstura hartu zuen Mko Gk Tko jaunak bidali zion mezua hartu zuenean.

        — Ni bakarrik utzi ala ez zalantza handia izan du. Eta gehitu zuen: — Laster itzuliko dela adierazi dit. Horregatik oso larritzen nau zu hemen egoteak, zure etorrerak harritu nauen bezainbeste.

        Hitz-aspertu hura entzuteko ez nuen ez egonarririk falta izan. Bazen bertan nireganako irizpide anker eta latzik. Izan ere, hain zuen infidelitatea bere baitan erro sakonik, asmorik ere ez zuela agertzen hura saihesteko. Ez zuen bada, berak pentsatuko Mko Gk gaua neskaso bailitzan pasatzen utziko zionik! Zeren norekin pasatu behar zuen gaua berarekin baino ez bazen? Bai aitorpen samina maiteminduarentzat! Haatik onartu beharrean nengoen neu nintzela, beraren bekatuaren errudunetako bat, Mko Gren berarenganako sentimenduak ezagutarazi nizkiolako, ahantzi gabe neronek agertu nuen abegi ona bentura hartan itsu-itsuan murgiltzeko. Bestalde nire izaeraren berezkotasunagatik bere kontaeraren xalotasunak hunkitu egin ninduen. Izan ere zeinen ongi eta xehe kontatzen zizkidan zertzelada guztiak, gehien mintzen nindutenak beraiek ere! Eta nire artean nioen

        «Bekatu dagi, baina makurkeriarik gabe. Kaskarin eta axolagabea da, baina zuzen eta egiazale».

        Erantsi horri maitasunak begiak hertsirik bere akats guztien gainetik hegaldatzen ninduela. Gainera nire itxaropena zen gau hartan bertan nire lehiakideari bahitzea. Haatik galdetu nion: —Eta gaua norekin igaroko zenukeen? Nahigabeturik luzatu nion itaun hark asaldatu egin zuen: «Baina», eta «Bai»-ak eten eta tartekatuak baino ez nituen entzun. Errukitu egin ninduen bere doluak, eta beraren eleak etenik, orduan bertan nirekin etorriko zenaren esperantza nuela aitortu nion.

        — Bai, benetan nahi dut —erantzun zidan—, baina esan: ez al duzu nire egin-gogoa onartzen?

        — A baina ez al zaizu aski gaur arte egin duzuna onar diezazudan? —ihardetsi nion—. Ez al ditugu bada hamar mila frankook besterik ezean eramango? —berak—. Niri eman dizkit, nireak dira.

        Den-dena lagatzeko eta lehenbailehen alde egitea aholkatzen nion, zeren ordu erdi baino ez baneraman ere berarekin Mko Gren itzuleraren beldur bainintzen. Alabaina hain temati jarri zitzaidan esku hutsik ez genuela alde egin behar esaten, neuk ere zerbaitetan amore eman nahi izan niolarik, berak ere bere aldetik hainbat gauzari uko egiten zionez.

        Abiatzear geundela, kaleko ate-hotsa entzun nuen. Ziur nintzen Mko G. izango zela. Eta pentsamendu soilak sortarazi zidan ezinegonak bultzaturik esan nion Manoni gizon hila izango zela begien aurrean azaltzen bazitzaidan. Egia esan, gertakari guzti haien mukuruan ez nintzen oraindik nire zentzuen jabe. Ezin ninduen bada bere ikuste soilak aztoratu gabe utzi. Baina Marcel atarian jasotako mezu bat zekarrelarik agertu zenean hantxe joan zen nire aztorapen guztia.

        Tko jaunarena zen. Bertan Mko G. bere etxera joan zitzaiola diru bila profitatuz, burutapen irrigarri baten ideia helarazten zidala adierazten zidan, haren absentziaz baliatuz.

        Esaten zidan nire lehiakideari egin niezaiokeen mendekurik biribilena beraren afaria jan eta gau bera nire maitearekin solastatzea, hark beretzat gorderik zeukan ohean bertan.

        Eginkizun aski erraza iruditzen zitzaiola, baldin eta hiruzpalau gizon mutiri eta leial lortzen banituen hura kalean harrapatu eta biharamunera arte gorderik izango luketenak. Berak bere aldetik beste ordu batez gehiago gutxienez lekoratuko zuela, itzultzen zenerako prest izango zituen arrazoiak mariez. Manoni erakutsi nion mezu hura, bai eta zein amarrez baliatu nintzen berarengana iristeko. Tko jaunaren irudimena eta nirea laudagarriak iruditu zitzaizkion. Barrealgara ederrean jardun genuen. Baina aipatu azken ideia hura erotzat jotzen nuela esan nionean, txit harritu ninduen, berak ostera hura egingarritzat jotzea. Alper-alperrik itaundu nion ea non arraio topa nezakeen Mko G. bahitu eta gotorki gordeko zuen gizonik. Baina hark saiatu egin behar genuela gutxienez erantzun zidan, Tko jaunak ordubete gehiago bermatzen zigulako. Kontrajarri nizkion eragozpenen aurrean tirano bat nintzela eta ez niola atseginik eman ihardetsi zidan. Ideia guztiz erakargarria irizten nion: —Haren mahai-tresnak erabiliko dituzu —berresaten zidan—, haren izaretan barrena labainduko, eta bihar goiztiriarekin batera dirua eta amorantea ebatsiko dizkiozu. Zeinen mendeku bikaina ezagutu behar duten aita-semeek!

        Amore eman nion haren gurariari, nire barneak besterik agintzen zidan arren, urreratzen ikusten bai nituen atsekabearen lausoak. Gauzak horrela garai batetan Lescauten bitartez ezagutu nituen bizpahiru zaintze-guardia topatzeko xedearekin atera nintzen kalera. Mko G. bahitu zezaten aginduko nien. Baina bat baino ez nuen aurkitu. Hala eta guztiz ere gizon saiatua iritzi nion, auzia nondik zihoan jakin bezain laster arrakasta segurtatu baitzidan. Hamar pistola besterik ez zidan eskatu bere meneko izango zituen hiru soldaduei ordaintzeko. —Otoi —esan nion—, ez ezazu denborarik gal.

        Ordu laurdenean bilduak zituen. Bere etxean itxaron nion. Denak bildurik zeudela, Mko Gk nahi eta ez Manonekin biltzera joateko zeharkatu behar zuen kale hegal batetara gidatu nituen. Ez ziezaiotela minik eman gomendatu nien, baina hori bai goizeko zazpiak arte hertsiki gorde zezatela, nik segurtasun osoa izan nezan ez zuela ihes egingo. Asmoa omen zuen bere etxera eramateko eta arropak erantzi erazi ondoren bere ohean sarrarazteko, berak eta beste hirurek gaua edanean eta jokoan pasatzen zuten bitartean. Beraiekin egon nintzen harik eta Mko G. agertzen ikusi nuen arte. Urrutiratu egin nintzen istant hartan pittin bat leku ilun batetara gertakari hain bereziaren lekuko izateko. Zaintze-guardia haietako bat aurrera atera zitzaion pistola eskuan, gizalegez argitzen ziolarik ez zekarrela bera hiltzeko ez eta lapurtzeko asmorik baina aurre egiten bazuen berari ez jarraitzeko edo garrasirik txikiena jaurtiki, aurki sentituko zuela berotasuna lokietan gora. Mko Gk erasotzaileak hiru gizonen laguntza zuela ikusirik, eta pistolaren izu, ez zuen behaztoparik ipini. Ardia bailitzan zeramatela begiztatu nuen. Berehala itzuli nintzen Manonengana. Sehiek susmo txarrik har ez zezaten, esan nion Mko G. jaunak ezin izango zuela afaltzera etorri. Bere gogoaren kontra arazo zenbaiten ebazten gelditu behar izan zuela eta eskusatzeko erregutuz bere ordez neuk afal nezala Manonekin eskatu zidala. Zer esanik ez ohore handikotzat jotzen nuela andere hain ederrarekin afaltzea.

        Manonek trebeki jarraitu zion nire hariari. Mahaian eseri eta sehiek zerbitzatzen ziguten artean jarrera guztiz zuhurra izan genuen. Azkenean beren lanak bete eta gero alde egin zutenean geure biziko gaurik zoragarriena igaro genuen.

        Isilpean kotxe bat alokatu zezala agindu nion biharamun goizean atean gertu izan zedin. Gauerdi inguruan Manon uzten nuelako itxura egin nuen, baina poli-poliki Marcelen laguntzaz berritzuli egin nintzen Mko Gren ohea ondo betetzera, lehentxeago haren mahaia okupatu nuen bezalaxe.

        Baina bien bitartean gure adu gaiztoak galbidera eraman nahi gintuen. Plazeraren liluran ginen baina ezpata tzarra buru gainean eusten zion haria noiz etengo zain. Hala ere gure hondamendiaren gorabeherak hobeto ulertzeko haren arrazoiak argitu behar dira.

        Guardiek bahitu zuten unean lakaio batekin zihoan Mko G. Mutil hau bere ugazabari gertatutakoa ikusirik, ihesi egin zuen, lehenengo eta behin bere nagusiari laguntzeko Mko G. zaharrari gaztigatzera jo zuelarik. Albiste latz hark txit asaldatu zuen agurea. Bere seme bakarra zuen. Ez zuen bestalde adina handia izan arren bizitasunik falta. Hasteko, lakaioaren bidez bere semeak zer egin zuen arratsaldean jakin nahi izan zuen. Norbaitekin liskarrik izan zuen, zein eta inoren auzitan nahastu ote zen, edo eta etxe susmagarri horietakoren bat bisitatu ote zuen. Nerabeak bere ugazaba azkenetan izan zitekeela adierazi zion. Eta bere nagusiari sorosteko ezer ez zuela ezkutatu behar konturaturik, haren Manonenganako maitasunaren berri eman zion, ahantzi gabe zer nolako emariak eskaini zizkion. Nola etxean egon zen arratsaldean bederatziak arte, bere irteera eta itzulerako zoritxarra. Nahikoa izan zitzaion agureari susmatu ahal izateko bere semearen arazoa gona-arazoa zela. Gaueko hamar t'erdiak baziren ere ez zuen zalantza fitsik erakutsi eta polizia-buruarengana jotzeko. Erregutu zion agindu bereziak eman ziezazkiela guardia-talde guztiei. Bera berriz haietariko baten laguntza harturik bere semea bahitu zuten kale bertara atera zen. Susmagarri zitzaizkion txoko guztiak arakatu zituen, baina arrastorik aurkitu ez menez, azkenean beraren amorantearen etxera jo zuen, agian bertara itzuliko zela pentsatu baitzuen.

        Ohean sartzear nengoen iritsi zenean. Gelako atea itxita egonik ez nuen inolako hotsik nabaritu kalekotik. Baina han sartu zen bi arkulari lagun. Barruraino. Hala ere bere semearen albisterik ez zuelarik, beraren amorantea galdekatzea iruditu zitzaion argitasunen bat bilatzeko. Logelara igo zen beti ere arkulariak ondoan. Prest ginen esan bezala ohera sartzeko. Atea zabaldu eta...

        — Jainko urrikalkorra! —esan nion Manoni—, Mko G. zaharra da! Ezpataren bila jauzi egiten dut baina tamalez gerrikoan trabatzen zait. Arkulariak nire mugimendua ikusirik urreratu eta arin kentzen didate. Gizonak ez dezake alkandora hutsean kontrako indar handirik egin. Nire burua defendatzeko tresnarik gabe uzten naute. Mko G. zaharra nahiz eta ikuskizunak apur bat zurturik utzi zuen, azkar ezagutu ninduen. Aise ezagutu zuen Manon: —Baina —esan zigun serio antzean—, Grieux-ko zalduna eta Manon Lescaut ote ditut begi hauen aitzinean?

        Nik baina lotsak eta barruko harraren amorrazioak astindurik ez nion deus ihardetsi. Bere burutik pentsu desberdin ugari ibili zirela iruditu zitzaidan. Eta bat batean garraren zain dagoen suziria bezala, bere haserrea erakutsiz ondoko hau aldarrikatu zuen:

        — Ai zorigaiztokoa, seguru nagok nire semea hil duala. Laido hark biziki hunkitu ninduen. —Agure gaizkilea —erantzun nion burua harro—; zure familiakoren bat hil behar izan banu, zeu zinatekeen aurrena. Orduan hauxe agindu zien arkulariei:

        — Eutsi egiozue gogor. Nire semearen berri eman behar baitit. Urka erazi egingo dut bihar bertan berarekin zer egin duen ez badit berehala esaten. —Ni urkatu? —erantzun nion—. Donge halakoa! Zeu eta zeure ariakoak bidali behar lirateke urkamendira. Jakin ezazu zuri baino odol garbi eta nobleago daridala niri. Bai —erantsi nion—, badakit zer gertatu zaion zure semeari. Eta irainetan jarraitzen baduzu, egunsentia orduko urka araziko dut. Eta zu zeu gero beraren ondotik.

        Ez nintzen zuhur ibili semea non zegoen banekiela aitortu nionean; baina hara nora nire erneguaren gehiegikeriak eraman ninduen. Une hartan atean zain zituen bospasei arkulari deitu eta etxeko morroi guztien ardura bar zezaten agindu zien. —Hona beraz zaldun jauna —hartu zuen hitza era isekariz—, zuk ba omen dakizu non den semea eta gainera urkatu egingo omen duzu; ez al da horrela? Lasai, hori ere zuzenduko dugu. Berehalakoan sentitu nuen nire hanka-sartzea. Orduan ohe gainean negarrez ari zen Manonengana urreratu eta lausenguzko hitz zuri ustelak eskaini zizkion hark aita-semearengan omen zuen eraginaz, eta zein ondo baliatzen zen berorretaz.

        Agure lizun aseezin hura bere kasa Manonen gerri-bueltak bilatzen hasi zen. —Ez ezazu uki! —egin nion oihu; munduan litzatekeen gauzarik sakratuenak ere ez zintuzke nire atzaparretatik libratuko.

        Orduan bera atera egin zen arkulariak gelan utziz, guri arropak arin jantzi erazteko agintzen zielarik. Ez nekien zer nolako burutapenik zerabilen gure aurka. Behar bada askatasuna lortu izango genukeen semea non zegoen esan izan bagenio.

        Gogoeta horixe nerabilen janzten ari nintzela; alegia ez ote zatekeen huraxe jokabiderik egokiena izango. Baina guztiz beste aldarte batez itzuli zen. Arkulariek harrapatu zituzten Manonen morroiak galdekatzera joan zen. Ez zuen ezer atera Manonek beraren semearengandik bere zerbitzura hartu zituenengandik. Baina Marcel gure agindupean izan genuela jakin zuenean, hitz egin erazi zion mehatxu bidez beldurtzen zuelarik.

        Mutil fidela baina arras arrunta eta trauskila zen. Ospitalean Manon askatzeagatik burutu zueneko oroitzapenak gehi Mko Gk sortarazten zion izuak zirrara handia sortu zuten bere izaera xumearengan halako moldez non urkamendira edo tortura-gurpilera eramango zutela irudikatu baitzuen. Zernahi aitortuko ziola agindu zion bizia errespetatzen bazion.

        Mko Gri hitz haietatik begitandu zitzaion gure trikimailuetan bazela zerbait larri eta makur, berak hasiera batetan irudika ez zezakeen modukoa. Orduan bizia barkatu ez ezik, sari bikainik eskaini zion bere aitorpenagatik. Gizagaixo hark gure planaren zati bat kontatu zion. Guk ez baikenuen —Manonek eta biok—, gure solasa isiltzen bera noiznahi sartzen zelarik zerbait egitera. Egia da, Parisen egin genituen aldaketen berririk ez zuela, baina Chaillot-etik irten ondoren jakinaren gainean zegoen, zertaz ari ginen eta berak burutu behar zuen eginkizunaz. Aitortu egin zion bada, gure asmoa beraren semeari iruzur egitea zela. Alabaina Manonek hamar mila franko jaso edo jasotzear behar zuela, zeintzuk gure asmoen arabera, ez zitzaizkien inoiz Mko Gren etxeko oinordekoei itzuliko. Aitorpen hura entzun eta gero, agurea gure logelara igo zen. Zakarki eta hitzik esan gabe kabinetera sarturik aski erraz aurkitu zituen diru eta bitxiok. Gero aurpegia sutan, guregana begiratuz lapurreta garbitzat jotzen zituen gauzak erakutsiz, zantarkeriarik laidagarrienak aurpegiratu zizkigun. Manoni hurbil hurbiletik lepokoa eta eskuturrekoak erakutsiz, honela esan zion irri iraingarri harekin:

        — Ezagutzen al dituzu? Ez duzu ez, ikusten dituzu lehen aldia. Ez alafede! Laket zitzaizkizun nire ederra. Ziur nago. Ai haur gajoak! Atseginak dituzu bata zein bestea, baina apur bat amarrutsuak! Bihotza lehertzear nuen amorrazioz irain-hitz haiek entzuten. Zer ez ote nukeen une hartan emanen aske izateagatik! Jainkoak berak badaki! Zer ez! Baina nire barne-oldarrari nola edo hala eutsirik, honelaxe esan nion nire haserrearen baretzea baino ez zen zuhurtziaz:

        — Eman jauna, ele laidagarri horiei amaiera. Zertan ari gara? Zer nahi gaituzu?

        — Begira zaldun agurgarri hori —erantzun zidan—, hemendik Châtellet-erako bidea egiten ari gara. Bihar argi izango dugu eta gure arazoak ere hobeto ikusiko. Eta espero dut nire semea non den jakiteko mesedea eskainiko didazula. Gogoeta handirik gabe azkar ulertu nuen zeinen ondorio ikaragarria etor zekigukeen Châtellet-en behin atxilotuak izanez gero. Gorputza dardara betean aurreikusi nahi izan nituen arrisku guztiak. Nire berezko harrotasuna baztertu behar banuen ere adur gaiztoak ekarri zidanaren aurrean amore eman behar nuela sinetsirik nengoen; hots nire etsairik ankerrena lausengatuz. Modu onean lipar batez entzuteko erregutu nion.

        — Gur dagiot justiziari —esan nion—. Aitortu beharrean nago gaztaroak akats larriak sortarazi dizkidala. Arrazoi duzu zinez zure sumin sentitua azaltzeko. Baina maitasunaren indarra ezagutzen baduzu, gizon gazte nahigabetu batek bere maitea bahitzen diotenean sufritzen duena epai bazeneza, mendeku ttiki baten ordainari agian barkagarri iritziko zenioke, edo gutxienez aski zigortua ikusiko nindukezu jaso berri dudan lotsagatik. Ez dut kartzela edo tortura premiarik zuri non aurkitzen den zure semea adierazteko. Leku seguruan dago. Ez dut inoiz berari min eman edo iraintzeko asmorik izan. Gertu naukazu gaua, lasai asko non pasatzen ari den esateko, askatasuna emateko eskerrona agertzen badiguzu.

        Nire eskariak hunkitu beharrean, piztia zahar hark bizkarra eman zidan barrez. Hitz batzuk isuri zituen ahopean gure nondik norakoaren berri hastapenetik bazekiela nabari eraziz.

        Bere semeari zegokion aldetik erail ez nuenez aise aurkituko zuela erantzun zidan zakarki. —Eraman itzazue Châtellet txikira— esan zien arkulariei—, eta izan arreta zaldunarekin. Elementu maltzurra da. Lehen ere egina du hegan St. Lazare-tik. Atera zenean pentsa ezazu zein egoeratan utzi ninduen.

        «Oi Jainko ahaltsua! —esan nuen—. Bidali nahi dizkidazun zigor guztiak umilki hartuko ditut, baina alproja batek ni horrela zapal nazakeela ikusteak etsiturik uzten nau.» Arkulariak luze irizten hasiak ziren. Kotxea zuten kanpoan. Eskua luzatu nion Manoni jaisteko. «Zatoz nire erregina bihotzekoa, zatoz gure adur gaiztoak garamatzan mundu gupidagabera. Izango ahal du Goiko Zeruak guri egun zoriontsuagorik eskaintzeko betarik!»

        Kotxe berean abiatu ginen. nire besoen babesean neraman Manon. Mko Gren etorreratik ez nion hitzik ere entzun. Baina nirekin biok bakarrik ginela, hamaikatxo ele goxo jaulki zitzaion bere buruari nire zoritxarraren gauzatzea leporatzen ziola. Erantzun nion ez nuela inoiz ere nire patua gaitzetsiko berak maitatuko ninduen bitartean.

        — Ez nauzu ni erruki beharrean —jarraitu nuen—, zenbait hilabetetako giltzapeak ez nau bat ere izutzen, gainera nahiago dut inondik ere Châtelet St. Lazare baino. Baina zu nire maitea, horren izaki xarmangarria, zer bilakatuko ote zara? Zeruko Goitasuna! Nola hartzen duzu horren gogor zure egintzen artean osoena? Zergatik ez ote gara gu biok gure lazeriari legozkiokeen tasunen jabe? Badugu adimenik, fintasunik, sentiberak gara. Ai baina! Zeinen gaizki erabiltzen ditugun! Aitzitik gure patua merezi duten hainbat eta hainbat giristino kaxkar adur onaren itzalpean bizi dira.

        Hausnarketa haiek mindurik uzten ninduten. Baina ezer gutxi etorkizunaz ekarri behar zizkigunekin alderatuz. Izan ere Manonen patuak beldurtzen ninduen. Egona zen Ospitalean, eta nahiz eta ate onetik irtena izan, banekien jakin, horrelakoetan berrerorketak guztiz arriskutsuak izaten direla.

        Nire beldurra azaldu nahi nion baina min handiegia egingo ote nionagatik ez nintzen ausartzen. Izu-ikara zetorkidan berarengatik ez nintzelarik ausartzen esaten zer nolako arriskutan eror zitekeen. Orduan besarkatu egiten nuen zizpuruka. Nire maitasuna segurtatu nahi nion behintzat adierazteko sentimendu bakarra izanik.

        «Marion —esan nion—, zinez eta benetan mintza zaitez: Beti maitatuko al nauzu?» Erantzun zidan nire zalantzak berak ere tristatu egiten zuela. «Bai, ez dut horren zalantza mendreenik, eta bermatasun horrekin gure etsai guztiak desafiatzen ditut. Châtelet-etik irteteko, nire familiaz baliatuko naiz, eta odol husturik beharko dut, bertatik aske ez bazaitut ateratzen.» Presondegira iritsi ginen. Leku desberdinetan banatu gintuzten. Kolpe hura ez zitzaidan astunegia iruditu, aurretik gertatuko zela bai bainekien. Ataltzainari Manon artamendatzeko eskatu nion, jatorri handiko gizasemea nintzela esanez eta ordainsari oparoa eskainiz. Banatu aurretik laztandu egin nuen nire maite betierekoa. Ez zedila lar nahigabetu, ni neu munduan ninduen bitartean ez zezala alegia inolako beldurrik izan. Ez nintzen dirurik gabe. Hartarik kopuru bat berarentzat izan zen. Enparauaz ataltzainari ordaindu nion aurrez hilabeterako pentsiorik onena berarentzat eta biontzat.

        Nire diruak ondorio ona izan zuen. Gela txukun jantzia eman zidaten, Manoni ere antzerakoren bat segurtatu zidatenez.

        Garbi zegoen nire auzian ez zegoela inolako lege hausterik, eta gure lapurtze-asmoa Marcelen aitorpenak frogatu izan balu ere ongi nekien jakin, borondate hutsa ez dela zigorgarri. Aitari idaztea erabaki nuen bera Parisera etor zedin erregutuz. Lotsa gutxiago nuen —lehenago adierazi dudan bezala—, Châtelet-en St. Lazare-n egoteagatik baino. Bestalde aitatasunari zor zaion begirunea nire baitan gorderik baneraman ere, adinak eta esperientziak gutxitua zuten neurri handitan nire herabetasuna. Idatzi egin nion bada, eta gutuna eragozpenik gabe irten zen Châtelet-etik. Baina lan hura saihets nezakeen jakin izan banu aita biharamunean Parisen izango zela.

        Zortzi egun aurretik izkiriatu niona jasoa zuen. Pozarren hartu omen zuen. Baina nire konbertitzea atsegin handiz hartu bazuen ere, ez zituen nire promesak itsu-itsuan sinetsi.

        Erabaki zuen horregatik, berak propio bere begiz, nire aldaketaren berme izatea, bai eta bere jarrera nire damuaren egiatasunaren arabera finkatzea. Biharamunean heldu zen nire presondegira. Bere lehen ikustaldian Tibererengana jo zuen zeini bere erantzuna zuzen ziezaion erregutu bainion. Hark ezin izan zion nire bizileku eta orduko egoeraz deus esan. Nire St. Sulpice-tik ihes egin ondorengo benturarik nagusienak bakarrik jakin erazi zizkion. Tibergek gure azken elkarrizketan nire onbiderako ildoratu nizkion helburuez iritzi ona eman zion. Manonengandik guztiz libre uste ninduela gehitu zion, baina harriturik zegoela azken zortzi egunetan nire albisterik ez zuelako izan. Baina aita ez nuen lerdoa. Azkar antzeman zuen Tibergek deitoratzen zuen nire mutualdiaren barruan bazela nire lagunak sumatzen ez zuen zerbait estrainiorik. Eta hain gogotsu ekin zion nire lorratzen bilatzeari, non iritsi eta bi egun gero Châtelet-en nindutela jakin baitzuen. Hain azkarra izan zitekeenik iola ere espero ez nuen haren ikustaldia izan baino lehen baina, polizia-buruarena izan nuen. Hobeto adieraziz, azken honen galdeketa nozitu nuen. Ez ziren haatik salaketa haiek ez gogorrak ez eta ezainak. Nire jokabide txarra leporatzen zidan, halaber zuhurtasunik gabe aritu nintzela Mko G. gizaseme boteretsua etsai bilakatu nuelako. Egia aitortzeko, nire auzian zentzugabekeria eta arinkeria maltzurkeriari gailentzen zitzaizkiola, baina banentorkiola bigarren aldiz bere esparrura. St. Lazare-n harturiko bizpahiru hilabetetako ikasbideen ondoren, zuhurrago jardun izango nukeela uste izan zuela. Epaile hain zuzenaren aurrean izateak arras poztu ninduelarik, adeitsu eta begirunez mintzatu nintzaion, kontent uzten nuela iruditzen zitzaidalarik. Erantzun zidan ez nuela nahigabeak nire burua ito zezan utzi behar. Prest zegoela bestalde nire alde jartzeko, nire jatorria eta gaztetasuna aintzakotzat harturik. Manon gomendatzeko ausartzia izan nuen, beraren xamurtasuna eta berezko ontasuna goraipatuz. Haren ihardespenari irria isuri zitzaion esaten zidalarik ez zuela hura oraindik ikusi baina pertsona arriskutsutzat jotzen zutela. Adierazpen hark nire erraietako maite-grina bizitu egin zuen oso, jarraian nire maite nahigabetuaren aldeko mila ele eder ezpaineratzen nituelarik. Nire gelara itzul nintzaien agindu zuen. —Maitasuna, maitasuna —aldarrikatzen zuen epaile zuzen hark ni irteten ari nintzela—; ez ote haiz inoiz zuhurtziarekin adiskidetuko?

        Banenbilen ni nire burutapen goibel haiek gora eta behera, eta polizia-buruarekin izan nuen elkarrizketaz hausnarketa egiten, non eta nire gelako atea zabaltzen entzun bainuen.

        Aita nuen. Bisita hura zenbait egun beranduago iritsi behar zela espero banuen ere, beraz nahikoa gertaturik izan arren, alabaina haren ikusteak hain gogor asaldatu ninduen, non une hartan zorua ireki izan balitzait, hantxe bertan amilduko bainintzatekeen. Besarkatzera urreratu nintzaion txit zirraraturik. Eseri egin zen oraindik inork hitzik ahoratu gabe. Nik zutik jarraitzen nuenez, begiak behera kapela kenduta honela esan zidan seriotasun osoz:

        — Jesarri zaitez gizona, jesarri. Zure libertinaia eta amarrukeria bide, zure kokalekua aurkitu ahal izan dut. Meritu handia zurea! Ezin zeure burua ezkutuan gorderik egon! Hortxe bertan dukezu ospea daramazun bidetik. La Grève-n izan dezakezu aurki helmuga, mundu guztiaren mirespenerako erakutsia izateko loria lortuko duzularik.

        Ez nuen ahorik ireki. Honelatsu jarraitu zuen:

        — Bai atsekabe latza aita honentzat semea horren biziki maitatu ondoren, ezer ere baztertu izan ez duelarik gizaseme ondratua bilaka dadin eta azkenean desohoratu egiten duen dongea aurkitzen duenean! Patua okertzen zaigunean badugu kontsolamendurik denborak dena ezabatuz baitarama bidenabar oinazea gutxituz doalarik. Baina zein sendabide legoke egunez egun gehituz doan gaitzarentzat, alegia ohorearen sentimendua galdu duen seme aztura gaiztokoarentzat?

        Ez al duk ezer esan behar eskertxarreko horrek? —gehitu zuen; ikus jaunok beronen idurizko onestasuna, beronen apaltasun itxuratia! Nork ez zukeen horrela ikusita bere leinuko gizonik ondratuentzat joko?

        Onbeharrezko hitz haien zati bat merezi nuela baietsirik ere, gehiegi nabarmendu zituela iruditu zitzaidan. Nire pentsamendua egiatasunez azaltzeari zilegi iritzi izan nion:

        — Segurtatzen diot jauna, hemen berorren aurrean agertzen dudan apaltasuna ez dela mola ere axalekoa. Aita begirune osoz —batez ere sumindurik dagoenean— errespetatzen duen jatorri oneko semearen berezko jarrera da. Ez dut inondik ere gure ariako gizonik zintzoena naizenik aitortuko. Berorren destainak merezi ditut, baina era berean onginahiz har nazala erregutzen diot. Ez gizonik zantarrena bezala. Ez dut izen horren gogorrik merezi. Maitasuna da, berorrek ongi dakienez, nire gaitz guztien sorburu. Galbidezko pasioa! Baina ez al du berorrek beraren indarra ezagutzen? Nire zainei darien odol berdina den berorrenak ez al du inoiz horrelako grinarik sentitu? Maitasunak xamur, grinatsu, fidelegia bilakatu nau; agian maitatzaile guztiz adoragarriaren nahikundeei maizegi eman izan diet amore. Horra nire bekatu guztiak. Ba ote beroietan berorren desohorea sortuko lukeenik? Otoi aita nirea —gehitu nuen umilki—, izan beza erruki poxi bat beti begirunea eta maitasuna izan dion semearekin, berorrek bestela uste arren, ohorea eta eginbidea baztertu izan ez duen honekin, uste dezakeen baino mila aldiz errukigarriagoa dena.

        Hitz haien harian malko batzuk erakutsi nizkion. Aita baten bihotza naturaren egintzarik beteena da, beraren baitan errege, nolabait esateko, bertako hari guztien erabiltzaile. Nereak gainera, gizaseme argi eta adeitsua nuena nire damu-hitzei eman nien jiteaz hunkiturik, ezin izan zuen bere emozioa estaltzerik izan:

        — Hator nire zoritxarreko zalduna —esan zidan—, hator nire besoetara. Hitaz erruki beharra sentitzen diat.

        Besarkatu egin nuen. Haren besarkada hertsiak bihotzean zer zerabilkion antzeman zidan. —Baina zer bitarteko erabili behar dugu zu hemendik ateratzeko? —Eta jarraian nire ordura arteko auzi guztiak kontatzeko eskatu zidan hutsunerik gabe. Ez zen ezer arazoak arazo nire portaeran erabat desohora nintzakeenik. Leinu ezagun hainbateko gazte jendearekin erkatuz esaterako. Bestalde bizi garen mende honetan nor aztora norbaitek amorantea badu? Eta zer esan jokoan adur onaren bila trebetasun pixka bat erakuts badezazu? Horregatik bada, nire biziaren gorabeherak hitzez hitz kontatu nizkion aitari. Aitortzen nion erru bakoitzeko, adibide ospetsuren bat luzatzen nion nire ahalkearen apaltzeko.

        — Ni maitale batekin bizi naiz —aitortzen nion—; ezkontza-legeak bete gabe, baina X...ko dukeak bi mantentzen ditu Paris osoaren begien aurrean. Xko jaunak berriz, badu hamar urte beste batekin solastatzen dena, beroni emazteari inoiz izan zaion baino fidelago zaiolarik. Frantziako jende ondratuen bi herenek amanteak izatea gauza handitzat dute. Trikimailuak erabili ditut jokoan bai, baina Xko markesak eta Yko konteak ez dute beste errentarik. Uko printzea eta Zko dukea antzeko iruzurti talde baten buru dira.

        Bi Mko G. horien diru-zorroaz baliatzeko erabili ditudan asmoei buruz aise frogatu ahal izango nukeen ez nuela eredu faltarik.

        Baina banuen ohorerik aski, nire burua ez, eta ostera adibidetzat jar nitzakeen beste guztiak salatzeko. Horrela bada, nire ahuldade hura barka ziezadan eskatu nion, inarrosi ninduten bi pasio haietan: mendekua eta maitasuna.

        Galdetu zidan ea eman niezaiokeen argibiderik nire askatasuna lortzeko pausurik laburrenez, beti ere berak eskandalua ekidin ahal izanik. Erantzun nion polizia-buruak oso ongi hartu ninduela:

        — Zailtasunen bat aurkitzen badu, ziur izan Mko G. bi jaunengandik baino ezin daitekeela etor. Horregatik behar bada bisitatu egin beharko lituzke berorrek. Bisitatuko zituela agindu zidan. Ez nion Manonen alde ezer aipatu. Ez gogorik ezagatik, beldur nintzelako baizik ez ote zuen horrelako proposamenak asaldatu eta biontzako xede gaiztorik sortaraziko.

        Gaur bertan oraindik ere ez dakit beldur hori ez ote den nire gaitz handienen iturburu izan, aitaren jarreraren norabidea iradokitzen ez ezik, nire maitatzaile zorigaiztokoaren aldeko ahal egina galarazi baitit. Beraren errukia bilatu behar izango nukeen berriro, batez ere Mko G. zaharrak eman ziezazkiokeen irizpideak nolabait orekatzeko. Nik al dakit baina! Behar bada nire adu gaiztoak ahalegin guzti haiek ere gaindituko zituzkeen, baina orduan sikiera hura eta nire etsaien ankerkeria baino ez nituen nire zoritxarraren iturritzat joko. Aita, niri agur egin ondoren, Mko G. jauna bisitatzera joan zen. Zaintze-guardiak oneski aske utzi zuten bere semearekin aurkitu zuen. Ez dut inoiz jakin izan haien berbaldiaren xehetasunik. Baina nahikoa erraza gertatzen zait guztiaren bilakaera jakitea, sortarazi zituen ondorio izugarriak kontutan izanik. Elkarrekin abiatu ziren aita biok polizia-buruarengana zeini mesede bi eskatu zioten: bata ni berehala askatzea Châtelet-etik, bestea ostera Manon bizi guztirako atxilotu zezala edo bestela Ameriketara bidal. Garai hartan hain zuzen jende zarpail anitz Mississipi alderantz ontziratzeari ekin zioten. Poliza-buruak hitz eman zien Manon lehenengo ontzian bidaliko zuela harantz. Mko G. eta gure aita elkarrekin etorri zitzaizkidan nire libertatearen berri ematera.

        Mko Gk kortesiazko hitzak erabiliz iragana ahantzi nahi izan zuen.

        Eta horrelako aita izateagatik zorionak emanez aurrerantzean beronen erakutsi eta etsenpluak jarraitzeko aholkatu zidan. Aitak berriz gizaseme haren familiari egin omen nizkion irainengatik nire damua ager niezaiola agindu zidan eskerrak emanez berarekin batera nire askatasunaren alde saiatu zelako. Elkarrekin atera ginen nire maitatzaileaz berbarik ezpaineratu gabe. Ez nintzen beraien aurrean hari buruz kartzelariei hitz egiten ausartu. Izan ere zein ezdeus izango ziratekeen orduan nire gomendio hitsak! Agindu ankerra nire askatasunarekin batera iritsi zen. Ordu bete gero Manon Ospitalera eramana izan zen beste zenbait emakume errukarrirekin biltzeko, haiek ere etorkizun berbera zutelarik.

        Aitak ostatutzat hartu zuen etxera jarraitzeko behartu ninduelarik arratsaldeko seiak ingurura arte ez nuen aukerarik izan haren begietatik desagertu eta Châtelet-era berritzultzeko; Manoni ahorako zerbait eraman, eta bera ataltzainari artamendatu; horiexek nituen helburu. Argi baineukan bera ikusteko baimena ez zidatela erraz emango. Bestalde ez nintzen oraindik nola aska nezakeen pentsatzen hasi.

        Ataltzainagatik itaun nuen. Nire eskuzabaltasun eta jendetasunak pozarren utzia zuten, hainbat non niri laguntza emateko prest, Manonen adur gaiztoaz hitz egin zidan hari atsekabe handikoa irizten ziolarik, bai baitzekien gogor hunkituko ninduela. Ez nuen autu hura inola ere ulertzen. Une batzuk igaro eta oraindik ere ez genuen elkar aditzen. Azkenean ohartu zelarik argibide beharra nuela eman zidan bai. Bai eman ere! Harrez gero norbaiti esan edo aitatu ere egiten izua sortzen dit. Ez da inoiz ezagutu horrelako ondorio azkar eta latzagorik sortu izan duen sorminik. Bihotz taupadaren minberak hain ninduen gogor astindu ezen berehala konortea galdu nuelarik, betiko biziaren kateetatik aske sentitu bainintzen. Buruan neuzkan oraindik pentsu honen hondarrak nire onera etorri nintzenean. Gelako bazter guztietara zabaldu nituen nire begiak bai eta neronengana ere.

        «Oraindik ere bizidunen artean irauteko zoritxarra al dut»? Galdegin nion nire buruari. Egia da edonork etsipen eta izialdura une hartan bere oinazeetatik aske sentitzeko izan ohi dugun berezko joerari jarraituz soil-soilik ez nukeela alegia heriotza baino gauza eztigarriagorik aurkituko. Erlijioak berak ere, zer desberdinik eskain ziezadakeen biziaren mugaz haraindian zorabiatzen ninduten dardara anker haiek baino? Baina maitasunak eragindako miraria lagun, Zeruari eskerrak emateko aski kemenik aurkitu izan nuen, zentzuna eta arrazoia itzuli zidalako. Nire heriotzak nire katramilak konpon zitzakeen soil-soilik, baina Manonek nire bizia behar zuen, aska, sorots, mendeka nezan. Zio horri atsedenik gabe lotuko nintzaiola zin egin nuen.

        Ataltzainak nire lagunik onenak emango zidakeen bezainbesteko laguntza eskerga eskaini zidan. Eskerrik bihotzekoenak erakutsi nizkion. —Ai baina! —esan nion, nire atsekabeak zure errukia hunkitzen du. Jende orok baztertu egiten nau. Aita bera jazarlerik gotorrenetakoa dut. Inor ez da nitaz erruki. Zuk zeuk bakarrik, gogortasun eta zantarkeriaren egoitzan zauden horrek agertzen duzu miserableenganako errukirik.

        Kalera ez irteteko aholkatu zidan zorabio hura baretzen ez zitzaidan bitartean.

        — Utz nazazu arren —erantzun nion kalera bidean—; zuk uste baino lasterrago ikusiko dugu elkar berriro. Gorde iezadazu leotzik eskasena. Emanen dut arrazoirik aski bertan hertsi nazaten!

        Eta hain zuzen nire lehen burutapena Mko G. biak eta polizia-burua garbitzea izan zen eta jarraian arma eskuan Ospitalera joko nuen nire auzian lagun izan nitzakeen guztiekin. Aita bera ere ez nuen ahanzten, nire mendekuaren burdin sarean ez nuelarik bazter uzten, zeren eta ataltzainak aitortu zidanez, berak eta Mko G. biek nire hondamendia bultzatu baitzuten.

        Baina kalean zehar ostera bat egin nuelarik, odola freskatu ahala aldarte txarretik irteten hasi nintzen, nire suminak pentsamendu zentzuzkoagoei leku uzten zielarik emeki-emeki. Nire etsaien erailketak ez ziokeen Manoni mesede handirik ekarriko. Gainera berari laguntzeko baliabide guztiak galtzeko arriskuan ipiniko nindukeen. Bestalde zertarako erailketa koldar bat nire bizkarrera zama? Baina zein beste mendeku-bide aukera nezakeen? Kemen eta jeinu guztiak jarri nituen lanean lehenengo eta behin Marion askatzeko gainontzekoa helburu garrantzitsu haren arrakasta ondorenerako utziz. Urri nenbilen diruz. Oinarri ezinbestekoa alafede edozeri ekin hain lehen. Alabaina hiru pertsona baizik ez nituen ikusten hura niri eskuratzeko moduan. Tko jauna, aita eta Tiberge. Azken bi hauengandik ez zirudien antza gauza asko lot nezakeenik. Lehenengoari zegokionez berriz, ahalkea ematen zidan behin eta berriro tema berdinarekin berarengana jotzeak.

        Ai baina, etsipenean ez du ahalkeak lekurik. Orduan bertan St. Sulpice-ko apaizgaitegirantz abiatu nintzen, arretarik jarri gabe ezagut ez nintzaten. Tibergegatik galdetu nuen. Haren lehen hitzetatik garbi atera nuen nire azken benturen albisterik ez zuela oraindik. Egiaztapen hark alegia, bera errukiaren bitartez biguntzeko nire lehen asmoa aldarazi egin zidan. Aita berrikustea sortu zidan zirraraz mintzatu nintzaion. Ondoren dirua uzteko eskatu nion Paristik alde egin aurretik ezkutuan gorde nahi nituen zenbait zor ordaintzeko aitzakiarekin. Berehala bere poltsa eskaini zidan. Bertan aurkitu nituen seiehun frankotatik bostehun poltsikoratu nituen. Ordain agiria eskaini nion; eskuzabalegia zen horrelakorik onartzeko. Handik Tko jaunarengana itzuli nintzen.

        Ahoan korapilorik gabe hitz egin nion. Nire ezbehar eta oinazeak agertu nizkion; haien xehetasunik ñimiñoenak ere ezagutzen zituen, Mko G. gaztearen abenturak jarraitzeko hartu zuen arduragatik. Nerea entzun eta nahigabean lagun izango nuela esan zidan. Baina Manon jaregiteko bitartekoez aholku eskatu nionean, begitarte goibelez erantzun zidan ez zuela malkarrik gabeko irtenbiderik ikusten, Zeruaren esku miresgarria lagun izan ezik, itxaropenik ttikiena ere baztertu beharrean nengoela. Ospitalera joana zela bestalde Manon bisitatzera, eta berak ere ez zuela neska ikusteko baimenik lortu. Polizia-buruaren aginduak estu eta zorrotzak zirela eta zoritxarraren mukuruan Manon barneratu zuten emakume-talde hura handik bi egunetara ontziratuko zela. Haren eleek hain ninduten aztoratu non ordubetez jarraitu izan balu ere bere jardunean ez nuen ahorik irekiko ezer esateko. Jarraitu zuen esaten ez zitzaidala Châtelet-era ikustera etorri, nire zerbitzuan errazago aritzeko, horrela nirekin harremanik ez zuela pentsatuko baitzuten. Ni bertatik zenbait ordu irten eta gero oraindik ere ez zekiela tamalez norantz jo nuen. Azkar ikusi nahi izan ninduela Manonen etorkizuna alda zezakeen aholku bakarra emateko. Aholku arriskutsua bestalde, zeinetan erregutzen zidan berak inolako esku hartzerik ez zuela izan esan nezan beti eta noiznahi. Honatx zertan mamitzen zen: Manon Parisetik irten ondoren harekin zihoazen guardiak erasotzeko prest egongo ziren zenbait mutil mutin aukeratu behar nituen. Ez zidan nire urritasunaz hitz egin niezaion denborarik eman: —Horra —esan zidan bere diru-zorroa erakusten zidalarik—, horra baliagarri izan dakizkizukeen ehun pistola. Adur ona aldeko jartzen zaizunean itzuliko dizkidazu. Bere ospearen zaindu beharrak galarazten omen zion bera ere Manon askatzeko ahaleginetan aritzea. Bestela bere beso-ezpatak zalu izango nituela lagun.

        Emankortasun gehiegizko hark negar-zotinetan jarri ninduen. Nire saminak uzten zidan bizitasunik handiena erabili nuen berari nire eskerrona agertzeko. Galdetu nion ea polizia-buruari erregutuz ez ote genezakeen ezer lortu. Hori ere pentsatua egon arren, baliabide ilauntzat jotzen zuela. Izan ere horrelako mesedeak arrazoitua behar zuen izan, eta berak ez zuen arrazoirik aski ikusten, hain pertsona gotor eta ahalguztidunak bere bitartekotza egin zezan. Bide hartarik zerbait lortzekotan Mko G. eta nire aitaren irizpideak alda erazi beharko nituzkeela beren bitartekotza egin zezaten polizia-buruari epaia ezezta zezan eskatuz. Berak bere aldetik Mko G. gaztea gureganatzeko ahaleginak burutuko zituela, nahiz eta gazte hura gure auzia zela eta bere orduko jokabideak sortaraziko zizkion susmoengatik bereganako apur bat hotziturik nabaritzen bazuen ere. Niri zegokidanez, esan zidan aitaren bihotza leuntzeko deus ere ez isiltzeko beraren aurrean izango nintzenean.

        Ez nuen ez eginkizun erraza. Eta ez diot hori bera nire barrutira erakartzen izango nituen zailtasunei begira bakarrik. Ez. Bazen berarekin biltzeko beldurra sortzen zidan beste arrazoi bat. Izan ere aitaren aginduen kontra bere etxetik ihesi atera bainintzen, erabaki sendoa hartua nuelarik bertara ez itzultzeko Manonen etorkizun hitsa ezagutu ahal izan nuenetik. Arrazoi osoz beldur nintzen ez ote ninduen nire gogoaren kontra larre motzean lotuko, areago oraindik jaioterrira eramango. Anaiarik zaharrenak erabilia zuen behin jokaera hura. Ni jadanik gizondua nengoela egia bazen ere adinak ezer gutxi zezakeen indarraren aurrean. Hala ere arriskutik aterako ninduen irtenbidea topatu nuen.

        Toki publiko batetara deituko nuen, neronek goitizena erabiliz. Erabaki horri lotu nintzaion bada berehala. Tko jauna Mko Grengana jo zuen eta nik Luxembourg-era. Bertatik mezua helarazi nion aitari bere zerbitzari leial bat zain zuela esanez. Beldur nintzen ez ote zen etorriko gaua sartzear baitzegoen. Aurki azaldu zen baina bere nerabea lagun. Bidezidor batetarik abiatzeko erregutu nion bakarrik izan gintezen. Gure oinek ehun urrats aurreratu bazuten ere isiltasuna genuen nagusi. Haren ustea zalantzarik gabe hainbat itzulinguruk zerbait pisuzkoa ezkutatzen zutela izango zen. Nire hitza espero zuen. Nik bien bitartean nirea biribiltzen niharduen.

        Halako batean ekin nion nireari:

        — Jauna —esan nion dardaraz—, aita on bat da berori. Mesedea baino ez dit egin, makina bat erru barkatu. Izan bedi Zerua lekuko, berorrenganako semerik zintzoenak dituzkeen sentimendu berdinak ditudala. Baina iruditzen zait berorren hertsitasunak...

        — Zein hertsitasunez ari zara? —Moztu zidan berak—. Uste baitzuen nonbait bera urduriago jartzeko ari nintzela astiro hitz egiten.

        — Ai jauna —ihardetsi nion—, nire iritzia da ezin hertsiagoa jokatzen ari dela berori Manon zoritxarrekoarekin, Mko G. jaunaren esamesei jarraituz. Gizaseme horren gorrotoak kolore ezin beltzagoz itxuratu dio, hartaz irudi ezin negargarriagoa osatu duelarik. Baina zinez diot, izan litekeen gizakirik jator eta goxoena da.

        Zeinen penagarria Goikoak ez iradokitzea berorri bera lipar batez sikiera ikusteko aiherra! Niri bezain xarmangarria irudituko zitzaiokeenik ez dut zalantzarik. Beraren alde jarriko zatekeen Mko Gren amarrukeriak gorrotatuko zituzkeen, eta bion erruki izango. Bai bigunduko ere, ez baita entzungorra.

        Su eta gar ikusten ninduelarik nire jarduna eten nahi zuen gehiegi luza ez nendin. Norantz bideratu nahi nituen hitz haiek jakin nahi zuen.

        — Bizia eskatu nahi diot —erantzun nion—, une batez ere ez baitut iraungo Manon Ameriketarantz ontziratua izan eta gero.

        — Ez, ez —erantzun zidan era gotor batez—, nahiago zaitut hila, ezen ez zuhurtzia eta ohorerik gabe.

        — Orduan ez gaitezen urrutirago joan —esan nion besotik oratzen niolarik—. Ken jasangaitz eta gorrotagarri zaidan bizi hau, zeren amiltzen nauen etsipenaren osin ilunean heriotza mesedegarri izango baitzait. Horra aita baten opari duina!

        — Merezi duzuna emango dizut —berak—; bere semearen borrero izateko hain luze espero izango ez zuketen hainbat eta hainbat guraso dut gogoan. Ni onegia izateak galdu zaitu.

        Bere belaunetara makurtu nintzen: —Hartarik alerik badu oraindik —esan nion besarkatzen nuen bitartean—, ez beza entzungor egin nire negarraren aurrean. Pentsa semea naizela. Oroit amarekin. Zeinen gozo maite zuen! Besoetatik erauztea onartuko al zukeen berorrek? Heriotza emateraino defendatuko zukeen. Eta besteok, ez al deritzo guk ere badugula bihotzik? Eztitasuna eta oinazea ezagutu ondoren ba al da inor basatirik?

        — Ez jarrai zure amaz hitz egiten —hasi zen bera ahots sutuaz.

        Oroitzapen horrekin haserre ezin handiago sortzen didazu. Zure jukutriek hilobira eramana zuketen honez gero bizi izan balitz. Erabat nardatzen nauen eta nire jarrera inola ere aldaraziko ez duen berriketa hau amai dezagun. Itzultzera noa etxera. Nirekin etor zaitezen agintzen dizut.

        Haren aginduari zerion tonu lehor bezain hotzak bihotz aldaezin baten aurrean nengoela ulertarazi zidan. Nire lorratzak urrundu egin ziren orduan bere eskuez harrapatzera etorriko zitzaidanaren beldurrez.

        — Ez beza otoi nire etsipena biderka —esan nion—, desobeditzera bortxatzen nauelarik. Ezinezkoa zait berorri jarraitzea. Hartu nauen gogortasunaren ondotik ezinezko halaber bizirik jarraitzea. Horra bada nire betiereko agurra. Aurki helduko zaion nire heriotzaren albistea —gehitu nuen hots ezin goibelagoz—, aita bati on zaizkion sentimenduak itzuliko dizkio.

        Buelta eman eta alde egitera nindoala ikusirik, honelatsu aurpegiratu zidan ira bizian: —Agur, hoa hire galbidera seme eskertxarreko eta hezigaitza.

        — Agur —erantzun nion nik neu ere suturik—, aita basati eta nortasun gabea.

        Luxembourg-etik irten ondoren kalez kale zabukatu nintzen Tko jaunaren etxeraino. Ibiliz nindoala esku eta begi jasotzen nituen Zeru Gorenari dei eginez: «Oi Jaun boteretsua —nioen nirekiko—, gizakiok bezain bihozgabea al zara? Zure laguntza baino ez dut».

        Tko jauna ez zen oraindik bere etxera itzulia. Aurki zen berriro bertan. Bere ahaleginak nireak bezain ilaunak gertatu ziren. Ezagun zuen bere aurpegian. Mko G. gaztea bere aita bezain haserre ez bazen ere Manon eta bion kontra, ez omen zuen gure alde deus ere egin nahi izan. Bere burua zuritzeko berak ere agure mendekos hari zion beldurra aipatu omen zion, aurretik agiraka gogorra jasan omen zuen harengandik, Manonekin izan zituen uztartze-asmoak leporatu zizkiolarik. Ez zidaten beraz bortxaren bidea besterik uzten, Tko jaunak azaldu zidan bideari jarraituz. Zio horretara mugitu nituen nire esperantzak: —Oso bada ezpadakoak ditut —esan nion—, baina niretzat haietarik sendo eta kontsolagarriena ekintzan hila izatea da.

        Bere pentsamendurik hoberenez lagun ziezadan erregutuz egin nion agur. Nik nire aldetik nire kuraia eta erabakigarritasuna kutsatu nahi nizkiekeen laguntzaileak aurkitu nahi nituen. Burura etorri zitzaidan lehena Mko G. bahitzeko erabili nuen guardia bera izan zen. Gaua beraren etxean pasatzeko xedea neraman ez bainuen adorerik gela bat alokatzeko. Bakarrik aurkitu nuen. Poz handia hartu zuen Châtelet-etik kanpo ikusten ninduelako. Bere zerbitzuak eskaini zizkidan jentiltasunez. Nolakoak nahi nituen argitu nion.

        Baina bazen bera aski zuhurra haiek burutzeko zer nolako zailtasunak izan zitezkeen nabaritzeko. Alabaina ez zidan bere laguntza ukatu, prest agertu zelarik zailtasun haiek gainditzeko. Gauaren aldi bat nire plana gorpuzten pasatu genuen. Hiru zaintze-guardiaren izenak eman zizkidan, hirurak ere azkeneko gertaeran erabili zituen mutil ezin gogorragoak. Tko jaunak berriz Manon eraman behar zuten arkulariez hitz egin zidan. Sei baizik ez ziren. Bost gizon ausart eta erabakigarri aski izango ziren bere burua oneski defendatzeko gauza ez eta koldarkeriaren bitartez arriskutik itzur egiteko prest leudekeen alproja haiek ihesbidean jartzeko. Orduan diruz oparo nenbilenez, zaintze-guardia lagun hark gure erasoaren arrakasta lortzeko ez nezala zernahi gauza baztertu aholkatu zidan: —Zaldiak, pistolak eta nork bere mosketoia behar ditugu. Neure kontura hartuko dut bihar antolakizuna. Halaber hiru kale-jantzi behar izango ditugu gure soldaduentzat, errejimenduko uniformearekin ez bailirateke honelako auzi batean sartzen ausartuko.

        Tko jaunak eman zizkidan ehun pistolak eskuan jarri nizkion. Biharamunean denak akituak zituen. Banan-banan pasatu nien errebista. Agintzari handiak eginez animatu nahi izan nituen. Eta hasteko edonolako mesfidantza baztertzeko, hamarna pistola eman nion bakoitzari. Ekintza eguna heldua zelarik, haietariko bat Ospitalera bidali nuen goizean goiz arkulariak noiz aterako ziren beren harrapakinarekin bere begiz finka zezan. Ardura hura urduriegi nintzelako hartu banuen ere, gauza da ezinbestekoa gertatu zela.

        Haien norabideaz nituen albisteak oker zeuden, zeren emakume saldo negargarri hura La Rochelle-n ontziratu behar zutela uste izanik, denbora alperrik galduko bainuen Orleans-ko bidean haren zain egon banintz. Haatik gaztigatua izan nintzen guardia haren bidez Normandiako errepideari lotzen zitzaizkiola, bai eta Manon Havre de Grâce-ko portutik ontziratuko zutela Ameriketarantz.

        St. Honoré portalerantz abiatu ginen ezin azkarrago, kale desberdinetan zehar aurrera egiteko ardura harturik. Auzategiaren amaieran berbatu ginen. Zaldiak indarrez ikusten genituenez laster begiztatu genituen zuk Pacy-n duela sei urte ikusi ahal zenituen sei guardia eta hala-moduzko zalgurdi bi haiek. Ikuskizun hark neraman kemena eta zentzua bera ere galtzear jarri zizkidan. —Oi patua, patu doilor halakoa —aldarrikatu nuen—; emadak sikiera hemen bertan heriotza edo garaipena!

        Gelditu egin ginen gure erasoa nola aurrera eraman pentsatzen. Ez genituen arkulariak laurehun urrats baino urrutiago izango. Behaztopa genitzakeen zelaitxo bat zeharkatuz, zeinen inguruan errepideak buelta ematen baitzuen. Zaintze-guardiak uste izan zuen saihesbide hura hartuz, zuzen-zuzen beraiengana jauzi gintezkeela. Baietz erantzun niolarik, neronek ezproinatu nuen aurrenik nire zaldia. Baina patuak berriro ere nire eskari guztiak arbuiatu egin zituen. Arkulariak bost zaldi haiek gainera zetozkiela konturaturik arin ohartu ziren hura eraso bat zela. Baioneta eta fusilak eskura, gertu zeuden aurre egiteko.

        Jarrera hark zaintze-guardia eta biok kementsu haien oldartzera abiarazi bagintuen ere, adorerik gabe utzi zituen gure beste hiru erasokide beldurti haiek. Aurretik elkar hartuta baleude bezala, gelditu eta nik ulertu ezin izan nituen hitzak jaulkiz, ziztu bizian Pariseranzko norabidea hartu zuten.

        — Alajainkoa, zer egin dezakegu? Bi baino ez gara. —Esan zidan nire lagunak—, iduri baitzuen ihes koldar hark ni bezain aztoratua utzi zuela. Asaldapenak eta harridurak ahotsik gabe utzi ninduten. Gelditu egin nintzen. Ez nekien nire lehenengo mendekua abandonatzen gintuzten ergel haien jarraigo eta zigorraz hasi behar ote nuen...

        Ihesi zihoazenei begiratu, beste aldeko arkulariak zaindu... bitan zatituko nintzatekeen ahal izan banu, nire amorruaren jomuga alde bietara amildu eta hantxe bertan suntsituko nituzkeen. Zaintze-guardiak nire begi-joanak ikusiz zalantzakor nabaritu ninduelarik bere aholkuei jaramon egiteko erregutu zidan: —Bi besterik ez garelarik erokeria handia litzateke gu bezain ongi armaturik eta irmo diruditen gizon horiek erasotzea. Parisera itzuli beharra dago, eta laguntzaile adoretsuagoak bilatzen hasi. Arkulariek ezin izango dute bide handirik egin zalgurdi horren astunekin. Bihar bertan harrapatu ditzakegu gehiegi nekatu gabe.

        Bere eleek gogoeta eragin zidaten. Baina begiratzen nuen toki edozeinetara begiratzen nuelarik ere, etsipen-lorratzik baino agertzen ez zitzaidanez, erabaki benetan etsipengarria aukeratu nuen. Nire lagunari bere ahalegina eskertu ondoren, ez nintzen ez arkulariak erasotzen hasi, aitzitik apaltasun handiz beren taldean onar nintzatela erregutzera joatea erabaki nuen. Horrela Manonekin Havre de Grâcera iritsi eta berarekin itsasoz bestaldera pasatuko nintzen.

        — Denek jarrai edo traditu egiten naute —esan nion gizon hari—. Ez dut inoren konfiantzarik. Gizonen eta patuaren aldetik ezin dut ezer espero. Zoritxarrek ito beharrean naukate. Menpera nazatela bada! Hertsiak ditut begiak. Ez dut inolako esperantzarik amesten.

        Sari beza Zeruak zure bihotz zabala! Agur, lagun diezaiodan orain nire adur gaiztoari nire hondamendia gauzatzen, neroni bertara lasterka urreratuz!

        Nire lagunak eginahalak egin zituen Parisera itzul nendin berarekin erregutuz. Baina alperrik. Nire erabakia atzeraezina zela adieraziz handik alde egiteko erregutu nion, arkulariek pentsa ez zezaten gure asmoa beraiek erasotzea zela.

        Bakar-bakarrik urrats geldoz hain kikildua neraman nonbait aurpegia arin ohartu zirela ez nintzaiela inola ere arriskutsua. Alabaina beren burua defendatzeko prest jarraitzen zuten.

        — Lasai zaitezte jaunok —esan nien ber-bertan nengoela—. Ez natorkizue gerra-usainean, mesede-eske baizik.

        Bere bideari jarraitzeko erregutu nien mesfidantzarik gabe. Laster aitortu nien beraiengandik nahi nuen mesedea. Bere artean hitz egin zuten zer nolako erantzuna eman. Taldeburua beste guztien izenean mintzatu zen. Gatibu haiek oso estu eta gupidarik gabe zaintzeko agindu zorrotzak hartu zituztela erantzun zidan. Haatik gizakume jatorraren itxura hartzen nindutelarik, berak eta bere kideek beren eginkizuna apur bat lasaitu egingo zutela. Baina ulertu beharrean nengoela guzti hark trukean zerbait eskatzen zuela. Hamabost pistola geratzen zitzaizkidan. Nire sosak zenbatean zeuden adierazi zuen maltzurkeriarik gabe.

        — Ongi da —erantzun zidan—. Ez gaituzu zikoitz izango. Gura duzun neskarekin egoteagatik ezkutu bat baino ez dizugu kobratuko; horixe duzu Pariseko ohizko prezioa.

        Ez nien noski Manon aipatu ere egin, nire maite-grina ezagutu ez zezaten nahi nuelako. Horregatik eta hasiera batean nirea, izaki haien ondora denbora-pasa apur baten bila zetorren gizon gaztearen apeta iruditu zitzaien. Baina nire harenganako maitasuna sumatu zutenean beren eskabideak jaso egin zituzten, hainbat non Nantes-ko irteerako sosik gabe gelditu bainintzen, bertan hain zuzen igaro genuelarik gaua Pacy-ra iritsi aurretik.

        Zer nolako gai tristea erabili ote nuen Manonekin ibilbide hartan galde dezakezu. Bai eta nire zirraraz ikusi nuenean zaintzaileek bere orgara urreratzeko askatasuna ematen zidatela.

        — Ai Jauna, hitzek ez dute tamalez bihotzaren zirrara-erdia besterik jasotzen! Baina otoi, irudika nire maite gajoa gorputzaren erditik estekatua, lasto eskukada batzuen gainean jesarria, burua gurdiaren hegal batetan, herbal, begitartea zurbil, betazaletatik isuri zihoakion negar malkoen arrastoa agerian, begiak itxirik bazeramatzan ere, erasotuak uste izan ziren bere jagoleek egin zuten zaratak ere beraien irekitzea lortu ez zuelarik. Arropa zikin eta narrai, bere esku eztiak haizearen erauntsien menpe. Hots, unibertsora idolatria ekartzeko jaioa zitekeen irudi xarmangarri hark egoera eta utzikeria adierazi ezinean zirudien. Zaldi gainean ni gurdiaren ondoan, begira jardun nintzaion aldi batez. Hain ezdeus sentitzen nuen nire burua, zenbait unetan jausteko arriskuan izan nintzela. Nire hasperenek, nire zotin usuek niri begira ipini zuten. Ezagutu egin ninduelarik gurditik jauzi eta niregana etorri nahi izan zuen, baina kateak oztopatzen zuenez, bere ohizko egoerara itzuli zen berriro. Istant batez gelditzeko eskatu nien arkulariei. Beren zikoizkeriagatik baino ez zuten onartu. Zalditik jaitsi eta beraren ondoan eseri nintzen. Makal eta zurbil aurkitu nuen. Ez zen gauza izan aldi luze batean eskuak higitu edo hizketan hasteko ere. Bien bitartean nire malkoak esku leun haiek bustitzen aritu ziren eta hitzik adierazi ezinik geundelarik inoiz ezagutu izan den egoerarik tristeenean ginen. Gure erranak ere ez ziren alaiagoak izan, elkarri berriro hitz egiteko gai izan ginenean Manon hitz gutxiko zebilen. Bazirudien ahalkeak eta oinazeak aho-kordak aldarazi zizkiotela, ahotsa ahul eta dardaraz betea ateratzen baitzitzaion. Eskerrak eman zizkidan ahantzi ez nuelako, bai eta nekarkion pozagatik —esan zidan zizpuruka— berriro ikusten ninduelarik elkarri azken agurra egiteko. Baina segurtatu niolarik inork ez ninduela berarengandik banatuko, prest baininduen munduaren azken muturreraino joateko bera zaindu, zerbitzatu, maitatu eta nire adur zorigaiztokoa berarenarekin betiereko bat egiteko, neska gajo hark bere sentipen xamur eta minduak erakutsi zituen, halako moldez non beraren biziaren beldur izan bainintzen, hain zuen handia bere emozioa. Esanen nukeen bere arimaren mugimendu oro begietan biltzen zuela, gero ni baitan islatzen zituelarik.

        Inoiz ahoa zabaldu orduko hitzak amaitzeko kemenik gabe geratzen zen. Alabaina noizbehinka bere nireganako maite-frogak kanporatzen zituen. Eta bere gehiegikeriaren dolu xamurrak, aski zoriontsu izan zitekeenaren zalantzaz nigan grina hain perfektua sortu izan zuelako, bai eta berari jarraitzeko xedeak baztertzeko arrenak, berarengandik espero ez nezakeen eta beste nonbait merezi nuen zoriona aurki nezan.

        Egoera hura nozitu arren, zeinen zoriontsu nintzen beraren begirada eta saminaren egiatasuna sentiturik! Gainerako gizonek estimatzen duten guztia galdua nuen egia esateko, baina Manonen bihotzaren jabe nintzen. Ez nuen beste ezer amesten. Zer axola niri Ameriketan, Europan edo zernahi lekutan bizitzeak, nire maitearen ondoan zoriontsu izanik? Ez al da bada unibertsoa bera maitemindu fidel biren lurralde? Ez al dute elkarrengan aita eta ama, senide eta lagunak, ondasuna eta zoriona aurkitzen? Bazen kezkatzen ninduen gauza bat. Marion txirotasunaren leizean ikustea alegia. Nire burua berarekin batera eremu zabalean eta basatien artean irudikatzen nuen jadanik. Ziur nago —nioen nire artean—, gure aita eta Mko G. bezain gizaseme ankerrik ez dela bertan aurkituko. Baketan bizitzen utziko gaituzte behintzat. Haietaz diotena egia bada naturaren legeei lotzen zaizkie. Haiengan ez dateke Mko Gk duen zekenkeria ez eta gure aitaren ohoreari buruzko irizpide bitxiak zeinengatik etsai bilakatu bainatzaio. Beraiek bezain apal bizi nahi duten maitale bi hauek lasai utziko dituzte. Trankil nengoen alde horretatik. Ez nuen baina ideia liluragarririk egiten bizitzaren beharren gainean. Aspaldidanik jakinaren gainean nengoen ezinbesteko premiak bazeudela, batez ere bizitza eroso eta oparoan ekandurik dagoen neska bupera batengan. Ernegaturik aurkitzen nintzen bestalde nire zorroa hain alperrik xahutu nuelako, batez ere geratzen zitzaidan diru poxi hura arkularien jukutriak ebatsiko zidala pentsatuz. Nire aburua zen diru-kopuru txiki batek Ameriketan lazeria saihesteko ez ezik, nire kontura lantegi iraunkor bati eusteko balio zezakeela, lurralde haietan dirua urri omen zebilen eta.

        Burutapen hark Tibergeri idazteko xedea sortarazi zidan, hura beti bere adiskidetasunaren laguntza emateko prest izaten bainuen.

        Igaro genuen lehenengo herritik idatzi nion. Havre de Grâce-ra iristean zein premia larrian izango nintzen esaten nion, isildu gabe Manon laguntzera nindoanik. Ez nion beste inolako arrazoirik eskaintzen. Ehun pistola eskatzen nion: «Helaraz iezazkidazu mesedez, —idazten nion—, posta-buruaren bitartez. Pentsa ezazu zure bihotza hunkitzen dudan azkeneko aldia izango dela, nire maitale nahigabetua betiko bahitzen baitidate. Ezin dezaket joaten utzi beraren zoritxarraren zama astuna eta nire damu izugarria arindu dezakeen zerbait egin gabe.»

        Arkulariak bestalde nire pasioaren suaz oharturik jasanezinak bilakatu zitzaizkigun. Baimen ñimiño bakoitzeko etengabe bikoizten zidaten prezioa. Azkar asko ezer gabe utzi ninduten. Maitasunak baina bihotz-zabal izatera bultzatzen ninduen. Manonen ondoan egunsentia eta arratsa denak ahanzten nituen. Arkulariek ordurako ez zidaten denbora orduz ordu neurtzen, egunez egun baizik. Esan dezaket laburbilduz, zorroa hustu zidatenetik harrokeria pairaezinaz tratatzen nindutela, sei alproja haien kasketaldi eta basatikeriaren menpe aurkitzen nintzelarik. Zu zeu jauna izan zinen Pacy-n guzti horren lekuko. Zu aurkitzea patuak eskaini zidan atseden-une zoriontsua izan zen. Nire arrangurak sumaturik, zure errukia izan nuen eragile bakar zure bihotz naroaren baitan. Horren eskuzabal eskaini zenidan laguntza Havre-ra heltzea ahalbidetu zidan. Eta arkulariek emandako hitza nik espero baino hobeto bete zuten.

        Havre-ra iritsi eta postara jo nuen. Tibergek ez zuen oraindik erantzuteko denborarik izan. Gutuna jaso nezakeen egun zehatza jakin nahi nuen. Ez omen zen bi egun gero baino lehenago iritsiko.

        Eta gertatu zen nire adur gaiztoaren bitartekoaz nonbait, gure ontzia posta espero nuen egunean bertan ateratzen zela. Ezin nire etsialdia adieraz. «Zer arraio —nioen nirekiko—, zoritxarrak berak ere beste inor baino gogorrago astindu behar al nau?»

        — Utikan nire zaldun maitagarria! —erantzun zidan Manonek—. Baina... bizi honen higuingarriak merezi ote du eskaintzen diogun arretarik? Dei diezaiogun heriotzari hemen berton Havre-n! Eraman bitza berak gure miseriak. Lurralde ezezagunera eraman behar al ditugu herrestan? Eremu izugarria behar du izan zigortzeko bainaramate. Hil ditzagun geure buruak —errepikatzen zidan—, edo bestela hil nazazu. Eta zoaz gero beste amorante zoriontsuago baten besoetara.

        — Ez, ez —erantzun nion—; zori estimaezina dut zure ondoan zure zoritxarraren partaide izatearekin.

        Baina bere eleek ikaratu egin ninduten. Gaitz tzar haiek akiturik utzia zutela iruditu zitzaidan. Lasai itxura egiten saiatu nintzen heriotzazko eta etsipenezko burutapen haiek bazter zitzan. Etorkizunean jarrera berdina izatea erabaki nuen. Eta hurrengo egunetan egiaztatu nuen ez dagoela emakume bati kuraia sortaraz diezaiokeen gauza hobeagorik maite duen gizonaren ausartzia baino.

        Tibergerengandiko diru-laguntza galdutzat jotzen nuenez, saldu egin nuen zaldia. Diru harekin eta zerorrek emandakotik oraindik zerbait aldean neukalarik, hamazazpi pistola osatu nituen. Haietatik zazpi Manonentzako lagungarri batzuk erosten erabili nituen, enparauzko hamarrak berriz ondo-ondo gorde nituen gure Ameriketako itxaropenen ondare-oinarri bezala. Ez nuen inolako arazorik izan itsasontzian hartua izateko. Garai hartan koloniara bere borondatez zihoan gazte jendea pozik izaten zen onartua. Bidaia eta janaria doan eman zidaten. Pariserako posta biharamunean irteten zenez gutun bat utzi nuen Tibergerentzat. Oso sentibera zen, arras hunkituko zuela pentsatu nuen, zeren adiskide nahigabetuaren alde xera eta bihotz zabaltasun izugarria izan ohi denean bakarrik har baitaiteke hark hartu zuen erabakia.

        Gure belaontzia astintzen zuen haizea aldeko genuen beti ere. Kapitainarengandik kamaina lortu nuen Manon eta biontzat bakarrik. Beste ontzikide zarpail haiek baino hobeto hartu gintuen. Lehenengo egunetik nire kontura hartu eta berarengandik begirunea jasotzeko nire nahigabeen atal bat ezagutarazi nion. Ez dut uste nire burua erruduntzat jo behar dudanik Manonekin ezkondurik nengoela esan niolako. Sinetsi zidanaren itxura egin zidan, bere babesa eskaintzen zidalarik. Itsasketan zehar izan genuen hartaz frogarik aski. Ardura hartu zuen elikapen duina jaso genezan. Gainera, gurekin izan zuen begiruneak gure miseriakideen errespetua ekarri zigun era berean. Arreta etengabea izaten nuen Manon eroso senti zedin. Ongi konturatzen zen bera horretaz, eta horrek alegia ni egoera hain latzera eraman izanaren damuak hain ezti eta suhar bilakatu zuen nire beharrik xumeenetan laguntzeko prest, ezen bion artean halako elkarren laguntza eta maitasun-lehia etengabean aritzen baikinen. Ez nuen inondik ere Europaren faltarik nabaritzen aitzitik zenbat eta aitzinago gindoazen Ameriketarantz orduan eta zabal eta lasaiago nabaritzen nuen bihotza. Bizitzaren premiarik behinenak segurtatzerik izan banu, eskertu izango niokeen patuari nire atsekabe guztiei hain norabide mesedegarria eman zielako.

        Bi hilabetetako itsasketak irrikatzen genuen itsasbazterrera eraman gintuen. Lurralde hark ez zuen lehen begiratuan gauza atseginik eskaintzen. Lur mortu bizilagunik gabeak aurkitu genituen, beraietan kanabera-sailak eta haizeak biluzturiko zenbait zuhaitz.

        Besterik ez zen ikusten. Giza edo animalia aztarnarik ez. Hala ere kapitainak artilleria jaurtikitzea agindu zuelarik, Orleans Berriko hiritar talde bat begiztatu genuen guregana pozezko zeinuak egiten. Ez genuen oraindik hiria ikusten, alderdi hartatik muinotxo batek estaltzen baitu. Zerutik jaitsi berriak baikinen hartu gintuzten. Jende errukigarri hark ez zuen denborarik galdu. Hamaikatxo galdera luzatu ziguten Frantziako eta sortuak ziren eskualdeetako egoeraz. Anaia-arreba bezala besarkatzen gintuzten, beraiekin txirotasuna eta bakardadea banatzera gindoazen lagun maiteak baginen bezala. Elkarrekin jo genuen hirirantz. Baina aurrera egin ahala, antzematen joan ginen ordura arte hiri edertzat adierazi ziguten hura etxola xume batzuk baino ez zirela. Bost edo seiehun pertsona biziko ziren beraietan. Gobernadorearen etxea —gain batean— apur bat gailentzen zen bere kokapenagatik. Haren babeserako, ezponda baten azpian hobi luze bat zegoen.

        Berehala gizaseme harengana eraman gintuzten. Kapitainarekin bakarrik solas luzea izan ondoren, guregana itzuli zen eta itsasontzian heldu berri ziren neska guztiei begiratu zien banan-banan.

        Hogeita hamar ziren, zeren Havre-n gurera batu zuten beste talde bat sartu baitzen. Gobernadoreak, luzaro aztertu zituen ondotik, emazte-irrikan zeuden hiriko zenbait gazte deitzeko agindu zuen.

        Politenak beraietako garrantzitsuenei eskaini zizkien, gainerakoekin zozketa egiten zelarik. Ez zion oraindik Manoni hitzik esan, baina besteei alde egiteko agindu eta gero Manon eta bioi geratzeko adierazi zigun.

        — Kapitainarengandik jakin dut, —esan zigun—, ezkondurik zaudetela, bai eta itsasaldian zehar pertsona jator eta bertuteduntzat estimatu izan zaituztela. Ez dut zuen zoritxarra sortarazi duten arrazoiez deus jakin nahi, baina egia bada zuen itxurak islatzen duen gizabidearen jabe zaretela, ez dut ezer saihestuko zuen bizimodua hobetzeko. Are gehiago zeuen esku utziko dut leku basati eta mortu honetan niri poztasunik aurkitzen laguntzeko betebeharra.

        Nire erantzuna gutaz zuen iritzia bermaturik gera zedin bidetik joan zen. Hirian guretzat bizilekua aurkitzeko agindua emanez, berarekin afaltzera geratzeko adierazi zigun. Gizatasun handiko gizona iritzi nion zorigaizto erbesteratu haien buru izateko. Ez zigun galderarik egin gure abenturei buruz. Gai arruntak ukitu zituen hizketaldi hartan. Triste baginen ere, ahalegindu ginen Manon eta biok alai agertzen. Iluntzean prestarazi zigun bizitokira gida ziezaguten agindu zuen. Buztin eta oholez eraikiko etxola eskasa, bizpahiru gela zoru garbian eta ganbara gainean. Haren aginduei jarraiki, bospasei aulki eta bizitzeko ezinbesteko ziren beste zenbait gauza ezarri zituzten. Egoitza hain urriaren aurrean Manonen aurpegia asaldatua ageri zen. Nigatik arduratzenago bere buruagatik baino. Bakarrik geratu ginenean eseri eta negarrari ekin zion mingostasunez. Kontsolatu nahi izan nuen. Baina niregatik baizik ez zela aitortu zidanean, eta gure zoritxar komunean nik nozitzen nituenei baino ez zietela irizten, gehitu zuenean, orduan ausart itxura eginez, poza bera ere iradoki nahian hauxe esan nion: —Zergatik ote naiteke kexa? Opa dudan guztia dut. Maite nauzu, ezta? Ez dut inoiz bestelako zorionik amestu. Utz diezaiogun Zeruari gure patuaren ardura! Nik ez dut gainera berau horren etsigarria ikusten. Gobernadoreak gizon jatorra dirudi. Begirunez hartu gaitu. Ez du utziko premiazkoena falta dakigun. Gure etxolaren huskeria eta altzarien arruntari dagokionez, ohartuko zinen oso jende gutxi dagoela hemen guk baino baliabide hoberik duenik. Gainera zu, nire iratxo maitea, kimikari bikaina zaitut, ukitzen duzun oro urre bihurtzen baituzu, —gehitu nuen besarkatzen nuelarik.

        — Orduan —erantzun zidan berak—, munduko pertsonarik aberatsena izango zara, zeren zure maitasuna bezainbestekorik ez bada, ezinezkoa izango baita zu zaren bezain maitatua izatea. Nire buruari aitortu behar diot ez dudala inoiz zuk nireganako duzun lotura miresgarria merezi izan. Zure ontasun izugarriak baino barka ez zezakeen atsekaberik sortu izan dizut. Buruarin eta aldakor izan nauzu. Eta neuk ere bihotzez maite izan bazaitut ere beti, guztiz eskertxarrekoa izan naiz. Baina zinez diotsut ez dakizu ez zenuke sumatu ere egingo nola aldatu naizen. Frantziatik atera ginenetik, horren ugari isurtzen ikusi dituzun malkoetatik ttantta batek ere ez zituen nire zoritxarrak helburu. Zuk beroietan partaide izan zaitudanetik sentitzeari utzi diet. Zutaz gupida dudalako eta barrenean zaramatzadalako egin dut negar. Ez dut inoiz zuri min eman izateagatik lasaitasunik hartuko. Damu dut nire fideltasunik eza, miretsirik nago ikusirik zorigaizto honengatik zer egiteko gai bilakatu zaituen maitasunak. Ez nauzu guzti horren duin, eta ez nizuke zain hauei darien odol guztia husturik ere maitasun horrek sortarazi dizun oinazeen erdia ere ordainduko.

        Eta bere hitzak malko jario ugariz amaitu zituen. Negar haiek, bere jardunak, eta erabili zuen doinuak zirrara harrigarria sortarazi zidaten, hainbatekoa non une hartan nire arima barnean eten moduko bat sentitu bainien. —Kontu izan arren, kontu izan errepikatu nion, nire bihotzeko Manon. Ez dut kemenik aski zure xeraren horren erakutsi biziak nireganatzeko. Ez eta horrelako poz-agerpenetara ohitua. O Jainko errukiorra, ez dizut beste ezer eskatzen. Manonen bihotzaren bermea dut. Zoriona erdiesteko desiratu nahi izan dudan bezalakoa da. Horratx nire zorionaren oinarria eraikirik!

        — Bai. Horrelaxe da —hasi zen bera—, nire esku badago behintzat.

        Badakit nik neuk ere non aurki nirea.

        Bai pozik oheratu nintzela, hitz eder haiek entzun eta gero. Etxola hura munduko erregerik handienaren jauregi iruditu zitzaidan.

        Harrez gero Amerika txoko zoragarria begitandu:

        — Orléans Berrira etorri beharra dago —esaten nion maiz Manoni—, maitasunaren benetako gozoa dastatu nahi denean. Hemen bai, interesik, jalusiarik gabe, hau da fideltasunez maitatzen dela. Gure herritarrak urre bila datoz. Ez dakite ondo guk askoz ere altxor estimagarriagoak aurkitu ditugula.

        Ardura handia hartu genuen gobernadorearen adiskidetasuna lortzen. Bere ontasuna erakutsiz, gu iritsi eta zenbait aste gero gotorlekuan hutsik geratu zen enplegu apal bat eskaini zidan. Beste munduko gauza ez zelarik ere, zeruaren eskerrona bailitzan onartu nuen. Izan ere inoren bizkar bizitzeko premiarik gabe nire kontura aritzeko aukera ematen zidan. Sehia hartu nuen niretzat eta neskamea Manonentzat. Gure ondare apurra osatze-bidean jarri genuen.

        Nire portaera jatorra bazen, Manonena ez zen gutxiago. Gure auzokideen zerbitzu eta on egiten saiatzen ginen. Jarrera hark eta gure gizatasunak kolonia guztiaren konfiantza eta onginahia ekarri ziguten. Aldi laburrean bada, begirune handia eskaini ziguten Gobernadorearen ondorengo lehen pertsonatzat hartzeraino. Gure bizimoduaren xalotasun eta lasaitasunak emeki-emeki erlijioaren kezka oroitarazi zigun. Ez zen Manon egia esan inoiz fedegabeko emakumea izan. Ez eta neroni ere libertino nabarmen horietakoa ohituren lizunkeriari erlijiogabetasuna eranstea gauza handitzat irizten diotenetakoa alegia. Maitasuna eta gaztetasuna izan ziren gure gaitz guztien iturburu. Esperientziak adinak dakarren heldutasunaren lekua hartzen zuen, eta urteek eragin ohi duten ondorio bera ekarri zuen. Gure solasaldietan gogoeta zen nagusi, bertutezko maitasunera urreratzen ginelarik poliki-poliki. Ni izan nintzen Manoni aldaketa hura proposatu nion aurrena. Ezagutzen nituen beraren bihotzaren ardatzak. Leial eta berezkoak zituen sentimendu guztiak, beti ere bertute-bidean jartzen duten tasunak izaki. Gure zorionak gauza bakar bat falta zuela adierazi nahi izan nion:

        — Zeruaren onespena falta zaio —gehitu nuen—, gure arima-bihotzak ez ote dira ederregiak berariaz betebeharra ahantzirik bizi gaitezen? Onar dezagun Frantzian bizi ginelarik gure maitasuna lege-bidetik onetsi ezina, baina hemen berton Ameriketan geure buruaren ardura baino ez dugularik giza maila eta bizierazko arau hala-moduzkoak aintzako hartu beharrik ez dugularik, ezkondutzat jotzen gaituztelarik bestalde, zerk eragozten digu bada benetan izan gaitezen laster, erlijioak agintzen dizkigun zinen bitartez gure maitasuna ederturik gera dadin? Nik ez dizut nire aldetik ezer berririk eskaintzen nire bihotz eta eskuaz landa. Baina gertu naukazu aldarearen aurrean bien berreskaintza egiteko.

        Hitz haiek pozarren bereganatu zituela iruditu zitzaidan: —Sinetsiko al didazu mila aldiz pentsamendu berori erabili dudala Ameriketan garenetik? Gogozko izango ez zitzaizunaren zalantzak bihotz barrenean zokoratu izan dit desio hori. Ez dut zure emaztea izateko nahikunderik.

        — Ai Manon, —erantzun nion orduan—, errege baten emaztea zinatekeen berehala Ahalguztidunak haren koroarekin sortu izan banindu! Ez dezagun atzeratu. Ez dugu jadanik inolako oztoporen beldurrik. Gaur bertan mintzatuko naiz gobernadorearekin, atzipetu egin dudala orain arte aitortuko. Utz diezaiegun amorante arrunt horiei ezkontzaren kate hautsiezinen beldur izaten! Ez lirateke beroien beldur guk bezala maitasun-bide bilakatu izan balituzte! Erabaki hark pozez beterik utzi zuen Manon. Seguru nago ezein gizaseme ondratuk ez zukeela nire xederik baztertuko nire orduko egoera kontutan izanik; esan nahi dut maite-grina menderaezin bati kateaturik, isilaraz ezin nezakeen alhadurak astindurik. Baina ba ote da inor nire arrangurak zuzengabetzat joko dituenik, zeruaren gogortasunaren kexu banaiz, bere poza lortzeko baino ez nuen asmoa ukatu didalako? Baina zer esaten dut ukatu! Krimena bailitzan zigortu zuen. Egonarriz hartu ninduen irrits-lohietan itsu-itsuan nindoanean. Baina bere zigorrik latzenak bertuterantz itzultzen hasi nintzenerako zeuzkan gorderik. Beldur naiz nahikoa indarrik izango ote dudan inoiz gertatu izan den gertaerarik beldurgarrienaren kontaera amaitu ahal izateko.

        Gobernadorearen etxera nindoan Manonekin bat etorri ondoren gure ezkontzaren elizkizuna baimendu zezan eskatzera. Ziur izan ez niokeela hartaz ez hari ez eta inori ere hitz egingo, baldin eta uste izan banu haren kaperauak —hiriko apaiz bakarra garai hartan— bestearen esku hartzerik gabe mesede hura beteko zidala. Baina beronen isiltasuna segurtatzearen zain egoten ausartzen ez nintzelarik, zabalkiro aritzea erabaki nuen.

        Gobernadoreak txit onirizten zuen Synnelet izeneko loba bat zuen. Hogeita hamar urtetako mutil mutiri baina era berean oldarkor eta haserrekor bat zen. Ezkongaia. Manonen edertasunak txunditurik zeukan heldu ginen egun beretik. Bederatzi-hamar hilabete haietan ikusi ahal izan zuen aldi kontaezinetan hain zitzaion bere maite-sua piztu non barnean hura noiz azalera irrikatzen baitzegoen.

        Alabaina bere osabak eta hiri guztiak bezala, ezkondurik geundela sinetsirik zegoenez, Manonen maitasunaren jopu bihurtu zen halako moldez non ezertxo ere kanporatzen uzten ez zuen; are gehiago ardura handia hartu izan zuen behin baino sarriago niri laguntzeko ahaleginetan.

        Osabarekin aurkitzen zen gotorlekura iritsi nintzenean. Ez nuen inolako arrazoirik ikusten nire helburua sekretupean gordetzeko.

        Horrela bada ez nion nire buruari inolako eragozpenik ipini beraren aurrean guztia argitzeko. Gobernadoreak bere ohizko ontasunaz entzun zidan. Nire bizitzaren alderdi bat kontatu nionean atseginez entzun zuen. Elizkizunera etortzeko erregutu nionean, oso eskuzabal agertu zen festa-ospakizun guztia ordainduko zidala esanez. Pozturik egin nuen alde. Ez zen ordubete ere iragango, kaperaua nire etxera sartzen ikusi nuenean. Ezkontzako gorabeherekin zetorrela pentsatu nuen, baina agur hotz bat luzatu ondoren zera esan zidan, alegia Gobernadore Jaunak ez zuela gure ezkontza onartzen, Manonentzat bestelako helburuak zituela gehituz.

        — Bestelako helbururik Manonentzat? —esan nion bihotz-urratu bortitza sentitzen nuelarik—. Eta zeintzuk dira horiek kaperau jauna? Erantzun zidan jakin behar nuela han Gobernadorea genuela jaun eta jabe. Manon Frantziatik koloniara bidalia izan zenez gero hark agintzen zuela berarengan. Ez zuela ordura arte ezer aurrera eraman ezkonduak uste gintuelako. Baina nik neuk aitortu ondoren ez zela horrela egoki irizten ziola hartaz maitemindurik zegoen Synnelet-i ematea. Bortitz jokatu nuen zuhurtasun oro ahazturik. Burua harro, nire etxetik alde egiteko agindu nion kaperauari, zin egiten nuelarik ezein pertsonak ez Gobernadoreak ez Synnelet-ek ez eta hiri guztiko inork ez ziotela nire emazte edo amoranteari —nahi zuten bezala dei zezatela— eskurik aurreratuko.

        Berehala adierazi nion Manoni ezagutu berri nuen mezu izugarria. Gure iritziz, Synnelet-ek bere osaba engainatu egin zuen, ni azken honen etxetik irten eta gero; seguruenik bada, aspaldidanik buruan zerabilen egitasmoaren ondorioa zen. Nagusi ziren han. Gu ostera, Orléans Berrian itsas zabalaren erdian bagina bezala, mundutik lurralde izugarri handiek banatuko bagintuzte bezala alegia, aurkitzen ginen. Nora egin ihes, eremu ezezagun hartan, guztia mortu, piztia beldurgarri edo jende basatiz beteak zein baino zein erasokorrago?

        Hirian ondo ikusia nengoen arren, nolaz ipiniko nituen nire alde, hain arazo larri bati aurre egiteko bezain gotor? Dirua behar izango nukeen, eta pobre nintzen. Gainera nork berma matxinada baten arrakasta? Eta zer esan patua okertzen bazitzaigun? Ez al zen gure zoritxarra aldaezina bilakatuko? Burutapen guzti haiek nerabiltzan buruan. Haietariko zenbaiten partaide egiten nuen Manon, beraren erantzunik entzun gabe. Erabaki bat hartu berehala baztertu eta beste bati ekiten nion. Bakar hizketan aritzen nintzelarik, ozenki erantzuten nien nire pentsamenduei. Azkenerako, inoiz sentitu gabeko aztorapenak inarrosten ninduen. Manonen begiak tinko nituen nireetan. Nire ezinegona nabariturik arriskuaren izugarria antzematen zuen; eta niregatik beregatik baino arduratzenago, izaki gurgarri hark ez zuen ahorik ere irekitzen bere beldurrik kanporatzeko. Gogoeta kontaezinen ondotik, gobernadorearengana joatea erabaki nuen. Ohorezko argudioak azaltzen ahaleginduko nintzen.

        Nire begirunea eta beraren onginahia aipatuz hunkitu nahi nuen.

        Manonek ez zuen joan nenkion nahi:

        — Heriotzaren bila zoaz, —esaten zidan begiak negarretan—, hil eginen zaituzte. Ez zaitut berriro ikusiko. Zure aurretik hil nahi dut Ahalegin handiak burutu behar izan nituen irteteko nuen premiaz konbentzitzeko eta bera etxean gera zedin eskatuz. Aurki nintzela berriro etxean agindu nion. Hark ez zekien nik ere ez noski, bere bizkar hain zuzen zeruaren haserrea eta gure etsaien amorru guztia eroriko zenik. Gotorlekurantz abiatu nintzen. Gobernadorea bere kaperauarekin zegoen. Eta nola makurtu nintzen gizon hura hunkitzeko! Ahalkeak birrinduko nindukeen beste zernahi auzitarako horrela makurtu izan banintz! Ez nuen edozein gizakirengan zirrara sortuko lukeen arrazoirik ttipiena ere baztertu. Basapizti doilor eta erasokor batengan izan ezik beste edonorengan eraginik sortuko zukeen. Baina nire arrangura guztiei ehun aldiz errepikatu zituen bi ihardespen besterik ez zizkien kontrajarri: Manon bere menpean zegoela eta jadanik hitza emanda zeukala bere lobari. Erabakirik neukan aurretik nire burua ez aztoratzea, horregatik esan nion nire heriotza desiratzeko baino lagunagoa irizten nion berari. Zeren nahiago nuela hil, nire maitalea galtzea baino.

        Agure tematsu harengandik ez nezakeela deus espero pentsatuz atera nintzen. Izan ere zer ez zukeen gizon hark bere lobarengatik egingo! Hala ere azkenera arte zuhurtzia gordetzearen aldeko nintzen, erabakirik baineukan zuzentasunik ezak jarraitzen bazuen, inoiz maitasunak eman izan duen eszenarik odoltsu eta ikaragarrienetakoa Amerikako lurralde hari eskaintzeko. Banentorren bada, buruan asmo hura behin eta berriz nerabilela, eta hara non nire hondamendia bizkortu nahi zuen adu gaiztoak Synnelet-en aurrez aurre jarri ninduen. Nire pentsamenduetakoren bat irakurri izan balu bezala urreratu egin zitzaidan. Esana dut ausarta zela.

        — Nire bila al zabiltza? —galdetu zidan—. Jakin dut nire egitasmoak iraindu egiten zaituztela. Horregatik argi ikusten dut elkarren arteko borrokak ebatzi beharko duela gure auzi han. Ikus dezagun bada nork kentzen dion besteari lekua.

        Arrazoi zuela ihardetsi nion. Nire heriotzak baino ez zezakeela gure lehia garbitu.

        Ehunen bat urrats aldendu ginen hiritik. Ezpatak gurutza erazi genituen. Zauritu eta desarmatu ia une berean egin nuen. Amorraturik bere porrotagatik errefusatu egin zuen biziaren mesedea eskatzea eta bidenabar Manonen eskuari uko egitea. Eskubidea nuen agian bata zein besteari hantxe bertan agur egin ziezaien nire ezpata bide. Baina leinu garbiko semearen odola beti da ageri. Ezpata oinetara jaurtiki eta esan nion: —Has gaitezen berriro, baina ez ahantz oraingoan ez duzula erdibiderik. Oldar ikaragarriz eraso ninduen. Aitortu behar dut ez nintzela arma kontutan oso trebea; Pariseko hiru hilabetetako ikasketa zen nire oinarri bakarra. Baina maitasuna nuen ezpata-gidari. Halako batean Synnelet-ek besoa zeharkatu zidan baina nik orduan kolpe hain gogorra eman nion, zerraldo erori zela nire omen aurrera.

        Hil ala biziko borroka baten ondotik garaipenak ematen duen poza izan arren, berehala heriotza hark ekar ziezadakeen ondorioez egin nuen gogoeta. Ez nezakeen ez errukirik ez eta zigor atzerapenik espero. Ezaguturik nik ezagutzen nuen bezala Gobernadorearen bere lobarenganako xera, ziur nengoen nire heriotza ez zela ordubete berandutuko, bestearen heriotza jakin erazten zitzaion une beretik. Beldur hura ezin larriago izanik ere ez zen nire arduraren arrazoirik nagusiena. Manon nuen nire kezken ardatz. Zein arriskutan uzten nuen, bere galdu beharra... gauza guzti haiek begiak lausotzeraino arduratzen ninduten, zein lekutan aurkitzen nintzen ezagutzea ere eragozten zidatelarik.

        Synnelet-en heriotzari bekaitz izan nion; izan ere ez al zitekeen heriotza azkarra nire oinazeen irtenbide bakarra? Alabaina burutapen hark arin arrazoitzera eraman ninduen eta erabaki bat hartzeko gauza bilakatu: «Baina nola? Hil nahi dut nire oinazea amai dadin? Baina ba ote nire maitearen galera baino izutzenago egiten nauen gauzarik? Jasan ditzagun ankerkeriarik latzenak maiteari sorosteko. Etor bekit heriotza haiek ezertarako balio izango ez dutenean!»

        Hiri-bideari ekin nion. Etxera sartu eta Manon izuak eta kezkak erdi-hilik aurkitu nuen. Biztu egin zen ni ikustean. Ezin nion gertatu berri zitzaidan ezbehar ikaragarria isildu. Synnelet-en heriotza eta nire zauriaren kontaeran konortea galdu zuen nire besoetan. Ordu laurden baino gehiago eman nuen bere onera etor zedin laguntzen. Neroni ere erdi-hilik nengoen. Ez nuen gu biontzat segurtasun argi izpirik ikusten. Lasaituz joan zenean honela esan nion: —Zer egingo dugu Manon? Ezinbestekoa da nik alde egitea. Nahi al duzu berton jarraitu? Bai, zaude hemen. Zoriontsu izan zaitezke oraindik. Ni berriz banoa zugandik urrun. Basatien edo basapiztien erpeen artean bizia galtzera.

        Makal sentitzen bazen ere zutitu egin zen eskutik hartu eta aterantz eraman ninduen: —Egin dezagun ihes elkarrekin —esan zidan—, segundorik ere galdu gabe. Agian aurkitua dute jadanik Synnelet-en gorpua eta ia ez dugu denborarik izango urruntzeko.

        — Baina Manon bihotzekoa esadazu, norantz abia gaitezke —erantzun nion erabat eroturik—. Ikusten al duzu aterabiderik? Ez ote litzateke hobe zu hemen berton bizitzen saia bazintez, eta nik ostera nire borondatez Gobernadorearengana jo baneza?

        Proposamen hark oraindik ere ihes egiteko irrika handiagoa sortu zion. Jarraitu behar izan nion. Burua argi izan nuen irteeran, gelan nituen zenbait pattar botila hartu eta patriketan sar nitzakeen jangaiak gogoratzeko. Ondoko gelan zeuden gure morroiei berriz arratsaldeko osteratxoa egitera gindoazela esan genien. Gero Manonen makaltasunak utziko zigukeen baino azkarrago urrutiratu ginen.

        Nora jo oraindik erabaki gabe banuen ere, nire esperantzak bi bide eskaintzen zizkidan, beraiek gabe heriotza nahiago izango nuelarik Manoni gerta zekiokeenaren zalantza izatea baino. Ameriketan generaman hamar hilabete hartan aski ezagutzen nuen lurralde hura eta banekien jakin nolaz hezten zituzten basatiak. Haiengana joan gintezkeen gure heriotza segurutik itzur eginez. Beraien hizkuntzaren zenbait hitz bai eta ohiturarik ere ikasteko aukera izan nuen beraiengana joateko abagunea izan nuenean. Aterabide hits harekin batera, banuen beste bat eta zen hain zuzen ingelesen aldetik zetorkidana. Hauek guk bezala, mundu berriaren alderdi haietan badute ezarlekurik. Baina urruntasunak izutu egiten ninduen. Izan ere haien kolonietaraino heltzeko, zenbait egunez landa zabal eta hutsak, mendi malkartsuak zeharkatu behar genituen hain garaiak ezen, gizonik saiatu eta gogorrenei ere zail gertatuko baitzitzaien gaintzea. Edozein modutan banuen oraindik aldarte onik irtenbide haiei etekinik aterako geniela pentsatzeko: basatiak gidari bezala, eta ingelesak beren egoitzetan hartzen gintuztelarik.

        Manonen adoreak bere gorputzari zutik eusten lagundu zion aldian egin genuen aurrera, hots, pare bat lekua inguru, zeren maitale aldera ezin hark ez zuen ordura arte gelditu nahi izan. Azkenean akiturik oso, ezin zuela inola ere aitzina jarraitu aitortu zidan.

        Gaua sartua zen jadanik. Lautada zabal baten erdian zuhaitzik eta babeslekurik gabe jesarri ginen. Bere lehen ardura nire zauriaren benda aldatzea izan zen. Irten aurretik ere berak jarri zidan sendabidea. Nik ostera ardura haiek uzteko errepikatzen nion.

        Alperrik. Nire burua lasai eta arriskurik gabe ikusten nuela sinestearen satisfazioa ukatu izan banio bere iraupenean pentsatu ordez azken herio-gezia sartuko niokeen. Une haietan amore eman nien bere desioei. Haren ardurak isil eta ahalke jaso nituen.

        Baina bere samur-ferekak amaitu zituenean zeinen gogotsu ekin nion nireari! Nire arropa guztiak erantsirik lurraren gainean zabaldu nituen bertan etzanda hura bigunago senti zezan. Bere gogoaren kontra burura etorri zitzaizkidan era guztietako erosotasunak erabili nituen. Suzko laztanez berotu nituen bere eskuak eta zizpuruz gozatuz, gau osoa igaro nuen bera zaintzen, Zeruari erregutzen niolarik loaldi ezti eta baketsua eman ziezaion.

        O Jainko nirea! Bai benetakoak eta biziak zirela nire arrenak! Baina zein arrazoi nagusik bultzatu zaitu beroiek ez asetzera? Barka iezadazu hilduratzen nauen kontaera honi bukaera ematen badiot laburki. Antzekorik ezagutu izan ez duen gertakaria kontatzen ari natzaizu. Bizi guztia hura negartzen pasatuko dut. Eta etengabe nire oroimenean badaramat ere, irudi luke kontatzeari ekiten diodan bakoitzean nire arimak atzerantz egiten duela izu-ikaraz.

        Gauaren zenbait ordu baketsu joan ziren. Nire maite adoragarria lotan uste nuen, horregatik hasperenik txipiena ere ez nintzen kanporatzen ausartzen, ametsak iratzarriko ote nizkion beldurrez.

        Baina egunsentia iristean ohartu nintzen, bere eskuak ukituz, hotzak, dardara betean zituela. Nire golkora urreratu nituen berotzeko asmoz. Mugimendu hura sentitu zuelarik, ahalegindu egin zen nireei eusten, ahots indarge batez bereak egin zuela esaten zidalarik. Hasiera batean hitz haiek ezbeharrean erabili ohi den ohizko hizkeratzat jo nituen. Horregatik maite-erakutsi goxoz erantzun nion. Baina haren arnasestu usuak, nire itaunekiko isiltasunak, bai eta bere eskuen nireak estutu beharrak Manon nahigabetuaren azkena hurbil zegoela ulertarazi zidaten. Ez eska otoi, nire orduko sentipenak adieraz eta beraren azken eleak berresan diezazkizudan.

        Joan egin zitzaidan. Baina bere azken hatsetan maite-froga bikaina eskaini zidan. Horra gertakari negargarri eta latz haren gainean adierazteko gai naizen guztia.

        Ez zen nire arima haren lorratzetik abiatu. Ez zitzaion nonbait Zeruari aski zigortu ninduenik iruditu. Haren nahia harrez gero, bizitza herbal eta hutsala paira dezadan izan da. Eta uko egiten diot nire borondate osoz inoiz hoberik eramateari.

        Hogeita lau ordu baino gehiago igaro nuen nire ahoa Manon maitearen masail eta eskuei itsatsirik nuela. Hantxe bertan hil nahi nuen. Baina bigarren eguna argitu orduko, ohartu nintzen nire gogartean Manonen gorpua ni hilez gero, basabereen bazka eta sarraski bilakatuko zela. Ehorztea erabaki nuen bada, gero ni beraren hilobi gainean heriotzaren zain egongo nintzelarik. Barauak eta arrangurak sortarazten zidaten makaltasunak nire azkenetan nengoela sinetsarazi zidaten, zutik irauteko ere ahalegin izugarriak egin behar izan bainituen. Aldean neuzkan edariek behar adina kemen eskaini zidaten bete behar nuen eginkizun tristea burutzeko. Lurrean zuloa egitea ez zitzaidan nekeza gertatu, hondarra nagusi baitzen eremu hartan. Ezpata apurtu egin nuen aitzurtzeko, baina eskuz hobeto baliatzen nintzen. Hobi zabala atera zitzaidan. Hantxe lurperatu nuen nire bihotzaren idoloa. Aurretik, arreta handiz nire soineko guztiez bildu egin nuen hondarrak uki ez zezan. Ordurako mila aldiz laztandua nuen maitasun beteenaren sukarraz. Bere ondoan eseririk begira aritu nintzaion. Ez nuen adorerik hilobia estaltzeko. Baina indarge sentitzen nintzen, beldurrez halaber, ez ote nintzen betebehar hura amaitzeko gauza izango. Horregatik lur haren erraietan hark bere gainean inoiz eraman izan duen gizakirik osoena eta jatorrena ehortzi nuen betiko. Une hartan hilobi gainean etzan nintzen aurpegia hondarrera itsatsirik. Eta begiak hertsirik inoiz gehiago ez zabaltzeko asmotan, Zeruari errukia eskatuz heriotzaren zain geratu nintzen. Sinesgaitz gerta dakizuke behar bada, baina aitortu behar dizut eginkizun hits hartan ez zela nire begietatik malko-xortarik isuri ez eta ahotik zizpururik jaulki. Nire konsternazio sakon hark eta hiltzeko hartua nuen erabaki trinkoak etsipen eta oinaze agerpen edozelakori eten noten bidea. Gauzak horrela ez nuen hilobi gainean luzaro iraun egoera hartan. Laster indar apurrak agortu ondoren, konortea galdu nuen.

        Entzun duzun guztia entzun ondoren, nire narrazioaren ebazpenak garrantzi gutxiago du. Ez ezazu bada arreta gehiegirik har datorrena entzuten. Synnelet hirira eraman zutenean beraren zauriak kontu handiz aztertu eta gero, ohartu ziren ez zegoela hilik, aitzitik zauri larririk ere ez zuela. Bere osaban aitortu zion nola gertatu zen bion arteko liskarra. Bihotz zabalez jokatu zuen, nirea ere nola mamitu zen berehala adierazi baitzion. Nire bila bidali zuten jendea. Eta Manon eta biok falta ginela oharturik, ihesi atereak ginela sumatu zuten. Beranduegi zuten baina egun hartan nire bila jotzeko. Biharamunean eta jarraiko egunean gure arrastoen bila ibili ondoren, Manonen hilobi gainean aurkitu ninduten bizi itxurarik gabe. Egoera hartan ia biluzik eta zauriari odola zeriola ikusi nindutenek sinetsirik gelditu ziren lapurtua eta eraila izan nintzela. Hirirako bidean nire garraiatzaileen mugimenduak nire onera ekarri ninduen. Begiak ireki ahala egotzi nituen zizpuru eta aienakek nire burua bizien artean ikusten nuelarik, ohartarazi zituzten oraindik ere garaiz zeudela ni sendatzeko.

        Kementsu ekin zioten nire zoritxarrerako. Ziega estu batean hertsi nindutelarik, nire kontrako auzia irekia izan zen. Eta nola Manon agertzen ez zen, bera amorru eta jalusia-bide hiltzeagatik salatu ninduten. Urratsik urrats nire abentura errukigarria azaldu nien. Nahiz eta nire kontaerak samin handia sortarazi zion, nire barkamena eskatzeko bihotz naroa erakutsi zuen Synnelet-ek.

        Eta lortu egin zuen. Hain nintzen makal sentitzen, kartzelatik ohera eramana izan nintzela bertan hiru hilabetez eritasun gogorrak astindu ninduelarik. Ez nuen haatik nire biziarekiko gorrotoa atertzen. Deika aritzen nintzaion etengabe heriotzari sendagai guztiak aldi luzez baztertu nituelarik. Baina Zeruak honen gogor zigortu ninduen arren, asmo zuen nire nahigabe eta zehapenei onbidea aurki niezaien. Bere argiak eskaini zizkidan nire jatorri eta hezierari zegozkion ideiak nire egin nitzan berriro.

        Nire arima lasaitasuna ezagutuz joan zen emeki-emeki, aldaketa hark sendabidean jarri ninduelarik laster. Ohorezko jokabideari su eta gar atxiki nintzaion, nire enplegu apalean jarraitzen nuelarik, Frantziatik urtean behin Ameriketako lurralde hartara hurbiltzen diren itsasontzien zain. Erabakirik neukan Frantziara itzuliko nintzela berton bizitza zuhur eta jatorraz nire jarrerak sortu eskandalua nolabait kitatzeko. Synnelet-ek berriz, nire maitearen gorpua duintasunezko leku batetan ehorzteko ardura hartu zuen.

        Sei aste ere ez ziren iraungiko suspertu nintzenetik, eta hara non egun batez itsas ertzean paseatzen ari nintzela merkatalontzi bat begiztatu nuen Orléans Berrira zetorrela. Ontzi-gizonen lehorreratzeari erreparatu nion. Ezuste izugarria hartu nuen hirirantz zihoazenen artean Tiberge begiztatu nuenean. Adiskide min hark urrutitik ezagutu ninduen, tristurak nire begitartean aldaketa franko eraginik bazuen ere. Bere bidaiaren xede lehena eta bakarra ni ikusi eta Frantziarantz itzul nendin konbentzitzea zela. Havre-tik idatzi nion gutuna jaso zuela esan zidan bai eta bera propio abiatu zela eskatzen nion laguntza eramatera. jarraitu zuen esaten nire irteerak arras penatu zuela. Berehala irtengo zatekeela nire gibel itsasoratzeko ontzirik gertatu izan balitz. Hara eta hona kairik kai zenbait hilabetez ibili ondoren, azkenean St. Malo-n haietariko bat aurkitu zuela Martinikarantz aingura jasotzeko prest. Bertan ontziratu omen zen, gero handik Orléans Berrirantz pasabide erraza egiteko esperantzarekin. Baina St. Malotarren itsasontzia espainiar kortsarioek harrapatu zutelarik beren irletariko batetara gidatua izan zela, alabaina berak amarruz ihes egitea lortu zuelarik beste hainbat gorabeheraren ondotik ekarri berri zuen bapore txiki hartan ontziratu ondoren nireganaino zori handiz iritsi zela.

        Ezin adiskide hain bihotz handi eta iraunkorrekoari nire eskerrik beroena agertu gabe egon. Nire etxera eraman nuen. Neukan guztiaren jabe egin nuen. Frantziatik alde egin eta nire geroko bilakaera kontatu nion. Eta nigandik ezin espero zezakeen poza emanez, esan nion berak aspaldi nire bihotzean erein zituen bertute-haziak fruiturik ematen hasiak zirela. Orduan berak aitortu zidan bermatasun bikain hark bere bidaiako nekaldi guztiak ahantzi erazten zizkiola.

        Bi hilabete igaro genuen elkarrekin Orléans Berrian Frantziatik zetozen ontzien etorrerari itxaroten. Eta itsasoratu ginelarik, duela hamabost egun lehorreratu ginen Havre-de-Grâce-n. Iritsi bezain laster, familiari idatzi nion. Nire anaiarik zaharrenaren erantzunak aitaren heriotzaren berri tristea ezagutarazi zidan.

        Zeinen ikara —eta arrazoi handiz —ematen didan pentsatzeak ez ote duen nire berarenganako hutsuneak gertaera hits hura aitzinatu.

        Haizea lagun genuelarik Calais-erantz abiatzeko, azkar ontziratu nintzen, gero aipatu hiri horretatik zenbait legoatara heltzeko, nire gurasoen ezagun zen leinu handiko gizaseme batengana, non anaiak idatzi didanez bertan nire zain izango baitut.

 

 

© Abbé Prévost

© itzulpenarena: Anton Narbaiza

 

 

"Abbé Prévost / Manon Lescaut" orrialde nagusia