LEHEN ATALA

 

        Nire irakurlea gibel erazi beharrean nago nire bizitzako garai hartara zeinetan Grieux-ko zalduna lehen aldiz aurkitu bainuen. Nire Espainiarentzako irteera baino seiren bat hilabete lehenago izanen zen. Nire bakardadetik oso bakan atera izaten banintzen ere, alabarenganako nuen xerak bidaia ttiki desberdinetan lotzen ninduen noizbehinka, bidaiok ahal bezain labur burutzen nituelarik.

        Banentorren behin Rouen-dik —nora bere erreguari jarraiki jo bainuen— nire amaren aldeko aitonarengandiko lur zenbaiten oinordekotza Normandiako Parlamentuan kudeatzetik, aipatu lurron eskubideak alaba horri utziak nizkiolarik. Gauza da, nire bideari Evreux aldetik berrekin niolarik, han bertan lehenengo gauean atseden hartu ondoren, biharamunean Pacy-ra —zeina bestetik bospasei legoako bidean baitago— heldua nintzela jatordurako. Hiri barnean sartua nintzelarik, bizilagun guztiak asaldaturik ikusteak harritu egin ninduen.

        Beren etxeetarik jalgi eta mukuruka taberna eskas baten atarira lasterka zihoazen, beronen aurrean bi orga zeudelarik. Zaldiek, oraindik estekaturik eta beroak nekeak lar akiturik, ibilgailu bi haiek iritsi berri zirela nabarmentzen zuten. Geratu egin nintzen une batez azantza hura nondik zetorren gaztigatua izateko. Baina argitasun gutxi atera nuen jendaila ikusgura harengandik, ez baitzien nire galderei inolako jaramonik egiten, beti ere tabernarantz aitzinatzen ari baitziren, elkarri bultzaka nahasmendu handiz. Azkenik atarira azaldu zen arkulari bati —soin-uhala aldean, mosketoia bizkarrean— keinu egin nion hurbil zekidan eta harrabots haren zergatiaz gaztiga ziezadan. —Ez da ezer jauna —erran zidan—; hamabi ohaide daramatzat nire lagunekin batera Havre de Grâce-raino, handik Ameriketarantz ontzira eraziko ditugularik. Bada beraien artean politik. Horrek biztu du nonbait nekazari on hauen ikusberatasuna.

        Argibide hark aseko nindukeen, baldin eta tabernatik kanporantz —eskuak bilduz eta orroa eginez— zetorren emakume xahar batek nire arreta bereganatu ez balu, hura ikaragarria ez ezik, urrikalmendua eta izua sortzen zuen gauza zela aldarrikatuz.

        — Zer da bada? —galdetu nion—.

        — Ai Jauna! Sar zaitez —erantzun zidan— eta egiazta ea ikuskizun hori ez ote den bihotza urratzeko adinakoa.

        Jakin-minak zalditik jaitsi erazi ninduen, berau nire zamaltzainaren esku utzi nuelarik. Nekez sartu nintzen, jendetza hura alboratuz. Eta horrela gertatu zen. Aski hunkigarri zen gauza ikusi bainuen. Gorputzaren erditik seinaka kateaturik zeuden hamabi neska haien artean, bazen bat zeinen taxua eta irudia bere hango egoerarekin uztartzen ez zena, hain gutxi non beste edozein unetan goi mailako pertsonatzat joko bainukeen. Haren tristurak, haren jantzi eta erropen zikinkeriak hain zuten gutxi ezaintzen non bera ikusteak begirunea eta gupida sortarazi baitzidan. Neska hura hala ere beste alderantz begiratzen saiatzen zen kateak uzten zion neurrian, bere aurpegia ikusleen begietatik saihesteko. Apaltasun sentimendu batek astindua zirudien bere burua ezkutatzeko egiten zuen ahaleginak. Hain zuen berezkoa! Talde zorigaizto haren jagole ziren sei zaintzaileak gelan zeudenez gero, haien burua bereizi nuen, neska lirain haren nondik norakoaz argitasun zenbait eskatuz. Baina arras orokorrak zirenak baino ez zizkidan eman ahal izan. —Ospitaletik atera dugu —esan zidan—, polizia-nagusiaren ordenaren pean. Ez dirudi ekintza onak burutzeagatik atxilotua izan zenik han. Bidean zenbait aldiz galdekatu dut; baina tematia da, ez du ezer erantzun nahi. Besteak baino hobeto tratatzeko ordenarik jaso ez badut ere, badaramat hala ere atxikimendu poxi bat berarentzat, gainontzekoak baino apur bat hobea dela deritzodalako. Hona hemen —erantsi zuen arkulariak—, haren atsekabearen zergatiaz nik baino hobeto informatuko zintuzkeen gizon gazte bat. Paristik jarraitu izan zaio, negarrari tarte batez ere eutsi ezinik. Beraren neba edo maitale behar du izan. Gizon gazte hura eserita zegoen gela zokora eraman nuen burua. Amets sakon batek bildua irudi zuen. Ez dut inoiz oinazearen irudi biziagorik ikusi; baina lehen begi kolpez nabarmendu ohi da nor den gizon taxuzko eta hezia. Hurbildu egin nintzaion. Zutitu egin zen. Haren begietan, aurpegian, mugimendu orotan hain nuen molde fin eta prestua aurkitu, ezen barruak horrela agindurik beraren oneriztera heldu nintzela.

        — Ez dizut eragozpenik sortu nahi —esan nion—, beraren ondoan eseririk. Hor, egoera horren hitsean ikusten dudan pertsona eder hori ezagutzeko dudan jakin-mina ase nahi al zenuke? Oneski ihardetsi zidan. Ez ziezadakeela berak alegia nor zen emakume hura argitu aurrenik bere burua ezagutzera eman gabe. Arrazoi handiak zituela halaber, bera nor zen inori jakin erazi gabe jarraitzeko.

        — Hala ere, erran diezazuket miserable horiek ongi baino hobeto dakitela —jarraitu zuen arkulariei so eginez—, honen pasio biziz maite dudala, non berak gizonik zoritxarrekoena egiten bainau. Edozertaz baliatu izan naiz Parisen, askatasuna lortu ahal zezan. Eskaerak, maltzurkeria eta bortxa ezertako izan ditut. Berari jarraitzea erabaki dut bada, munduaren azken muturrera joko balu ere. Berarekin ontziratuko naiz Ameriketarantz, baina gizatasun izpirik ere ez dute agertzen alu koldar horiek —gehitu zuen arkulariez ari zela—, ez bainaute hari urreratzen ere uzten. Nire asmoa Paristik zenbat legoatara haiei erasotzea zen zuzen-zuzen. Dirutza handi baten truke bere laguntza agindu zidaten lau gizonen elkarlana lortua nuen. Baina traidore halakoak! Bakarrik utzi naute abandonaturik nire diruarekin ihesi eginez. Indarraz irabaztearen ezintasunak armak ezkutatzera eraman nau. Hari jarraitzen utz nazatela sikiera proposatu diet arkulariei ordainsaria eskaintzen nielarik. Irabazpidearen gutiziak amore ematera bultzatu ditu. Ordaina nahi izan dute nire maitearekin hitz egiteko askatasuna eman izan didaten bakoitzean. Diru-zorroa aldi laburrean argaldu zait, eta orain sosik gabe nagoelarik, urrats bat berarengana aurreratzen naizenean atzera bidaltzen naute bortxaz beren ankerkeria erakutsiz. Duela urte batez ere beren mehatxuei jaramon egin gabe harengana urreratu naizenean, nire aurrean fusilen muturra jartzeko ozartasuna izan dute. Beroien zekenkeria ase eta bidea oinez jarraitzeko aukera izan nahi badut beharturik naukate gaur arte zelan eraman izan nauen zaldi modukoa hemen saltzera.

        Kontaeran aski lasaiturik ari bazen ere, hura amaitzean zenbait malko isuri zitzaizkion. Abentura hura guztiz harrigarria eta hunkigarria iruditu zitzaidan.

        — Ez zaitut bultzatu gura —esan nion— zure arazoen sekretuak azalera diezazkidazun; baina zerbaitetan baliagarri izan bazaitzaket, pozarren izanen nauzu zure zerbitzuan.

        — Tamalez —erantzun zidan—, ez dut itxaropenezko argi mendreenik ere ikusten. Epai nazala nire patuaren ezinbestekoak! Ameriketarantz joko dut. Han behintzat maite dudanarekin aske izanen naiz. Havre de Grâce-ra laguntzaren bat bidaliko didan lagun bati idatzi diot. Bertaraino iristen baino ez naiz ibiliko larri, koitadu honi bidean hats hartzen aginduko diona erdiesten; —gehitu zuen bere maitaleari tristeki begira.

        — Neuk amaituko dut zure estualdia —esan nion—. Hartu diru hau. Eta otoi, onar ezazu. Damu dut beste era batez ezin laguntzeagatik. Urrezko lau luis eskura nizkion zaintzaileak ohartzeke, zeren haiek diru-kopuru hartaz jabetzen baziren, bere laguntza garestiago salduko ziotela pentsatzen bainuen. Beraiekin tratu egiten hastea ere etorri zitzaidan gogora, gizon gaztea bere maitearekin nahi zuenean mintzo zedin Havre-rako bidean. Keinu egin nion haien buruzagiari hurbil zekidan, eta proposamena luzatu nion. Bere lotsagabekeria nabari bazuen ere, ahalketurik iruditu zitzaidan.

        — Arazoa ez da jauna —ihardetsi zidan halako itxura deserosoa erakusten zuela—, guk geuk neska horrekin hitz egiten debekatzen diogula, mutil horrek berorren ondoan egon nahi luke beti, gu egoera desegokian jartzen gaituelarik. Bidezko bekio bada, guzti horrengatik ordaintzea.

        — Ikus dezagun orduan —esan nion nire aldetik, zer litzatekeen premiazko horrelakorik senti ez dezazuen.

        Bi luis eskatzeko ausardia zuen. Berehala eman nizkion.

        — Baina kontu izan —adierazi nion—, ez dezazuela inolako jukutriarik egin! Gizon gazte honi nire helbidea utziko baitiot, berak hemengo berri helaraz diezadan.

        Arretaz ibil zaitezte beraz, zuek zigortzeko ahalmena izan baitezaket. Arazoak urrezko sei luis eraman zidan. Gizakume hark eskaini zidan eskerron atsegina, hura ezpal oneko egurra zela konbentzitu ninduten azkenik, bai eta nire liberaltasuna merezi zuela. Alde egin aurretik bere amoranteari zenbait hitz luzatu zion. Apaltasun hain ezti eta zoragarriz erantzun zidan, non handik irtenaz gogoeta edozenbat egin bainuen emakumeen aiurri ulertezinaz.

        Nire bakardadera itzulia nintzelarik, ez nuen bentura haren inolako berririk izan. Ia bi urte igaro ziren hura guztiz ahaztuta izan nuelarik, harik eta halabeharrak zertzelada guztien berri eskaini zidan arte.

        Calais-tik London-era iristen ari nintzen ikasle nuen-...ko markesarekin. Oker ez banaiz Lion d'Or-en hartu genuen ostatu non zenbait arrazoirengatik egun osoa eta hurrengo gaua pasatu beharrean aurkitu baikinen. Arratsalde hartan kalean zehar paseatzen ari nintzela, Pacy-n aurkitu nuen gizon gazte bera ikustea begitandu zitzaidan. Janzkera oso exkaxa, lehenengo aldiz ikusi nuenean baino askoz ere zurbilago bestalde.

        Besoetan fardel-uhal bat zekarren, heldu berria baitzen hirira. Hala ere itxura ederregia zuelarik aise ezagutua ez izateko, behingoan konturatu nintzen nor zen.

        — Gizaseme horrengana jo behar dugu —esan nion markesari. Haren poza adierazpiderik garbiena bilakatu zen, berak ere ezagutu ninduenean.

        — Ai Jauna! —adierazi zuen, eskuan musu ematen zidalarik. Berriro ere pozarren nire betiereko eskerrona eman diezazuket. Nondik zetorren galdetu nion. Itsasoz Havre-ra heldua zela erantzun zidan, Ameriketatik itzuli zetorrela hantxe lehorreratu baitzen.

        — Diruz oso ondo zabiltzanik ez nuke esanen —adierazi nion.

        — Zoaz Lion d'Or-era bertan baitut ostatu, berehala bilduko natzaizu.

        Itzuli nintzen bada, haren zorigaitzaren eta Amerikar bidaiako gorabeheren berri zehatza jakiteko irrikan. Eskuak zabalik hartu nuen eta ez zekiola deus ere falta agindu nuen. Ez zen nik bultzatzearen zain egon bere biziaren historia kontatzeko.

        — Jauna —erran zidan—, horren jator onartzen nauzu, non eskertxarreko nintzatekeen zuri ezkutuko zerbait isilduko banizu. Atsekabeak eta penak ez ezik, nire hoben eta ahulkeriarik lotsagarrienak kontatuko dizkizut. Seguru nago, kondena banazazu ere, nitaz erruki izateko eragozpenik ez duzula izanen.

        Ohartu behar dut irakurlea, haren historia-ia entzun eta batera idatzi nuela, egiazta daitekeelarik beraz, ez dela ezer zehatz eta fidelagorik kontaera hau baino. Fidela esan nahi dut, gazte benturazalearen gogoeta eta sentimenduen adierazpenean beroietan ere, zeintzuk munduan izan litekeen dotoretasunik handienaz ahoskatuak izan baitziren. Hona hemen bada, haren kontakizuna, zeini amaiera arte inolako eranskinik ez baitiot eginen.

        Hamasei urte nituelarik Amiens-en ari nintzen nire filosofia ikasketak burutzen, bertara nire gurasoak —Pko etxerik hoberenetarikoak beraiek— bidalia. Bizitza hain zuhur eta arautua neraman, ezen nire irakasleek etsenplutzat jartzen baininduten ikastegian.

        Egia esan ez nuen nik ahalegin berezirik burutzen horrelako laudoriorik merezi izateko; baina berez izaera lasai eta xaloa dudanez, ikasketetan murgiltzen nintzen aiherrez, nire aztura gaiztoen kontrako berezko ezinikusizko ezaugarri zenbait haiek ostera bertutetzat jotzen zutelarik. Nire jatorriak, ikasketetako arrakastak eta nire berezko izaerak ezagutarazi ninduten bada, hiriko jende prestu guztiaren onerizpena jasoz. Nire azterketa publikoak ahobatezko onarpenez amaitu nituen, hainbat non haiek jarraitzen ari zen apezpiku jaunak eliza-estatuaren aukera eskaini baitzidan, zeinetan —zioen berak—, Maltako ordenaren baitan baino goraipamen handiagorik lortuko bainuen. Aipatu Ordenarako nahi izango baininduten nire gurasoek. Gurutzea eraman erazten zidaten jadanik Grieux-ko Zaldun-izenaz. Oporrak hurbil nituenez, aitaren etxera itzultzeko gertatzen ari nintzen, hark laster akademiara bidaliko ninduenaren agintzariaz. Amiens uzterakoan, nire arrangurarik bakarrena, bertan betidanik lagun mina izan nuen adiskide hura uztea zen. Ni baino urte batzuk zaharrago zen.

        Elkarrekin heziak izan ginen, baina haren etxaldearen ondasunak oso urriak izanik, eliza-estatua hartzera beharturik aurkitzen zen, Amiens-en gelditu zelarik nik alde egin ondoren han bertan lanbide honi dagozkion ikasketak burutzeagatik.

        Kualitate askoren jabe zen. Haietariko onenak nire historiaren ildoan ezagutu ahal izango dituzu; batez ere bere adiskidetasunaren zabaltasuna eta ardura, antzinateak erakusten dituen etsenpluak beraiek ere gainditzeko bezainbestekoak. Garai hartan bere aholkuak jarrai izan banitu, gizaseme ondratu eta zoriontsua izango nintzatekeen. Ai aprobetxatu izan banitu bere errietak besterik ezean! Nire pasioek herrestatu izan nauten amildegian nire patuaren eta ospearen hondamenditik zerbait erauzi ahal izango nukeen. Baina bere ardurek uzta urria eman dute, hutsaren hurrengoa, inoiz ordain txarra jaso ere, haiek irain eta aspergarritzat jotzen zituen eskergaiztoko honengandik.

        Nire Amiens-etiko irteera-eguna finkatua neukan. Ai baina! Zergatik ez ote nuen data egun batez aitzin erazi? Gure aitaren etxera nire errugabetasuna eraman ahal izango nukeen. Hiritik alde egin behar nuen bezperan bertan, Tiberge izeneko lagunarekin paseatzen ari nintzela, Arras-ko kotxea iristen ikusi genuen.

        Jarraitu egin gintzaizkion honelako ibilgailuak geratu ohi diren lekuraino. Ikusbera ginen. Ez genuen bestelako ziorik. Kotxetik berehala ezkutatu ziren emakume batzuk jaitsi ziren. Baina txit gaztea zen bat atarian geratu zen. Bien bitartean berarekin eta bere begirale zihoakeen gizaseme adineko bat maletak otarretatik behera ekartzen azkartzen zen. Hain xarmangarria iruditu zitzaidan neska hura, ezen nik sexu arteko desberdintasunaz inoiz pentsatu ere ez dudan honek, ez eta inongo neskari arreta pittin batez begiratu, hona bada, esaten nuen nire artean, mundu guztiak bere zuhurtasuna eta neurribidea miretsi duen hau, hara non bat batean sukarrezko lilurak eramana aurkitzen den erabat.

        Herabeegia eta arras asaldatzekoa nintzela. Horiexek nituen akats. Baina orduan eragozpen haien hesia sentitu ordez, nire bihotzaren erregina izango zen harengana urreratu nintzen. Nire aldean oraindik ere gazteago bazen ere, nire ele goxoak artegatu gabe entzun zituen. Zerk zekarren Amiens-era galdegin nion, bai eta bertan ezagunik ba ote zuen. Bere gurasoek bidalia izan zela lekaime izateko erantzun zidan xalotasun osoz. Hain batera barneratu zitzaidan maitasunak, argi erakusten zidan bidea oso, hainbat non beraren xede hura nire nahien aurkako heriotza-kolpetzat jo bainuen. Nire sentimenduak ulertzeko eran mintzatu nintzaion, zeren bera ni baino askoz esperimentatua baitzen: bere gogoaren kontra bidaltzen zuten komentura, zalantzarik gabe jadanik biztua zuen bere eta nire atsekabe guztien sorburua izan den plazer-irritsa iraungi asmoz.

        Bere gurasoen asmo gupidagabe hura nire etorri eskolastikoak eta loratzen ari zen maitasunak idarokitzen zidaten arrazoirik sendoenaz borrokatu nuen. Ez zuen berak bere aldetik gogortasunik edo destainarik agertzen. Isilune bat iraganik, zoritxarraren erasoa zetorkiola txit ongi antzematen zuela erran zidan, baina Zeruaren borondatea behar zuela izan, itzur egiteko biderik ez baitzuen inondik ere ikusten. Bere begiradaren goxotasunak, hitzak ahoskatzen jalkitzen zuen halako tristurazko aire xarmant hark, edo agian hondamendirantz ninderaman nire patuaren eraginak ez zidaten nire erantzunean zalantza izpirik sortu. Segurtatu nion nire ohorea bai eta jadanik nire baitan sortarazten zuen xamurtasun izugarrian fidatu nahi bazuen, ene bizia emango nuela bere gurasoen tiraniatik aske utzi, eta zoriona erdiets zezan. Mila aldiz harritu izan naiz harrez gero, hartaz gogoeta eginez, zeinen ausarta izan nintzen, zeinen etorri handikoa. Ez litzateke baina maitasuna jainkosa, maiz horrelako mirakulurik lot ez baleza! Mila erregu larri erantsi nituen. Bazekien nire ezezagun ederrak ongi jakin ere, nire orduko adinaz ez zegoela inor tronpatzerik. Aitortu zidan egunen batetan bera jaregiteko bitartekorik aurkitzen banuen, bizia bera baino estimagarriago zitekeen zerbaiten zor izango zitzaidala. Edozeri ekiteko prest ninduela berresaten nion; baina nire esperientzia urriak bat batean bera zerbitzatzeko biderik argitzen ez zidanez gu biontzat laguntasun handiko ezin izan zitekeen segurtasun hala-moduzko bati lotzen nintzaion.

        Bere artatzaile zaharra hurbildu zitzaigularik, nire esperantzak suntsituak ziratekeen baldin eta bere azkartasunak nirearen antzutasuna ordezkatu izan ez balu. Izan ere, gizon hura iritsi berri zelarik, guztiz harritu ninduen berak niri lehengusu deitzean, esaten zidalarik naturaltasun osoz, bestearen aurrean, ni Amiens-en aurkitu ninduelarik, atsegin handiz atzeratuko zuela egun batez bere komenturatzea, nirekin pozarren afaltzen geldituz. Amarru hura arras ongi ulertu niolarik, ostatu batetan lekua gorde zezan proposatu nion, bertako nagusia Amiens-en bizitzen jarri izana, luzaro nire aitaren kotxeroa izanik, nire agindupean itsu-itsuan bainuen. Neronek gidatu nuen, artatzaile zaharra marmarka ari zela zirudien bitartean. Tibergek lagunak ere, gorabehera haiek deus ulertzen ez zituelarik ere, hitzik esan gabe jarraitzen zidan. Ez zuen inondik ere gure jarduna konprenitu, ni nire maite ederrari mintzatzen nintzaion artean bera berriz atarian paseatzen geratu baitzen. Haren zuhurtasunaren beldur nintzelarik, mandatu bat egin ziezadan erregutu nion, bakarrik utziko ninduenaren esperantzan. Horrela ostatura helduz nire bihotzaren erregina zenarekin bakar-bakarrik egoteko zoriona ukan nuen.

        Arin ohartu nintzen ez nintzela hain haurra. Nire bihotza inoiz sumatu izan ez nituen gozamenezko mila zirraratan zabaldu zen. Berotasun goxo hura zain guztietan zehar barreiatu zitzaidan. Hitza bera ere itoarazten zidan sukar moduko hark nire onetik irtenda bezala uzten ninduen begiak lekuko soil nituelarik. Manon Lescaut andereñoak —horrela zeritzadala erran baitzidan— bere xarmen ondorioengatik oso kontent iduri zuen. Ni bezain hunkitua sentitzen zela uste izan nuen. Pertsona atsegintzat jotzen ninduela eta bere askatasunaren zordun izateak txit poztuko zuela aitortu zidan. Ni nor nintzen jakin nahi izan zuen. Nire aitorpenak handitu egin zuen bere zirrara. Zeren eta bera sehaska xumekoa izanik nire mailako maitale baten lorpenak guztiz asebetetzen baitzuen. Elkarrenganako izateko bideak aztertu genituen. Anitz gogoetaren ondotik ez genuen ihesa baino beste biderik aurkitu. Nahiz eta morroi soila izan, artatzailea gizon engainagaitza zen. Bat etorri ginen postaulki bat gertaraziko nuela gauean eta egunsentirako ostatura itzuliko nintzela gizon hura iratzarri orduko. Sekretuki alde egingo genuela eta Parisera jo zuzen-zuzen han bertan ezkonduz.

        Nire aurrezki apalen fruitu ziren berrogeita hamar ezkuturen jabe nintzen orduan; berak bere aldetik ia-ia doblea zeukan. Esperientziarik gabeko haur ginelarik, uste izan genuen diru hura agortezina zela. Gainerako gauzen lorpenean ere antzerako neurria erabili genuen.

        Afaria ordura arte inoiz sentitu izan ez nuen satisfazioaz amaitu ondoren gure egitasmoa burutu ahal izateko atera egin nintzen. Nire eginbeharrak azkar moldatu nituen lehendik buruan etxerantz jotzea pentsatua nuelarik nire ekipaia ttikia gertu utzia bainuen. Nire kaxa eramaten ez nuen bada denbora handirik hartu, ez eta goizeko bostetarako postaulki bat prest izaten, ordu honetan zabaltzen baitira hiriko ateak. Baina ustekabeko oztopo hark hautsi zidan ia-ia nire helburua.

        Tiberge ni baino hiru urte zaharrago besterik ez bazen ere, portaera zuhur eta heldutasun handiko mutila zen. Barru-barrutik maitatzen ninduen. Manon andereñoaren edertasuna ikusirik, nire hura lagundu beharra bai eta bera urrutiratzeko hartzen nuen ardura, zertzelada guzti haiek nire maitasunean zerbait susmatzeko bidean jarri zuten. Ez zen utzi ninduen ostatura itzultzen ausartu, minduko ninduenaren beldurrez, hala ere nire gelara jo zuen non itzultzean aurkitu bainuen hamarrak jota zeuden arren. Bere presentziak tristatu egin ninduen. Arras ongi nabaritu zuen sortzen zidan eragozpena:

        — Seguru nago —erran zidan itzulingururik gabe—, niri aitortu nahi ez didazun zenbait burutapen badarabilzula. Zure begitarteak erakusten dit hori garbi.

        Berari nire asmo guztien berri eman beharrik ez niola ihardetsi nion era zakarrez.

        — Ez, horrela da —erantzun zidan—. Baina beti laguntzat hartu izan nauzularik, uste dut tasun honek konfiantza eta zabaltasun poxi bat merezi duela.

        Hain zidan gogor eta luze nire sekretuaren atea zabal niezaion eskatu, ezen inoiz inolako iluntasunik izan ez nuenez berarentzat, nire maite-grinaren egia osoa adierazi bainion.

        Desgogara itxura azaldu zidan, halakoa non ikara bizian jarri baininduen. Berari nire ihesaren berri jakin eraztean azaldu nuen zuhurgabetasunagatik damutu nintzen batez ere. Benetako lagun nuelako helburu haren kontra bere indar guztiz aurrean izango nuela aitortu zidan. Hasteko, atzera egiteko gauza izango nuen edozer begien aurrean ipini nahi zidala, baina erabaki erratu hura baztertzen ez banuen berehala hura geraraz zezaketenei gaztigatuko ziela. Ordu laurdenetik gora iraun zuen berbaldi gaitza luzatu zidan hantxe bertan, nire burua zuhurtasun eta zentzu gehiagoz erabiltzen ez banuen salatuko ninduenaren mehatxuaz amaitzen zuelarik. Nire burua horrela nahita salatzeak etsitu egiten ninduen. Hala ere maitasunak nire buru-bizkortasuna bizpahiru orduren aldian asko biztu zidanez, oroitu nintzen alegia nire egitasmoa biharamunean gauzatu behar nuenik ez niola adierazi. Bera tronpatzea erabaki nuen bada, zimardika:

        — Tiberge —erran nion— gaur arte lagun zintudala sinetsirik egon naiz. Eta aitorpen honen bitartez horixe egiaztatu nahi izan dut. Egia da maite dudala, ez zaitut engainatu; baina nire ihesari dagokionez ez duzu halabeharrari utzitako eginkizuna. Zatoz bihar goizeko bederatzietan. Ahal izanik nire maitalea ikusiko duzu, epai orduan bada nire berarenganako aurrerabide honek merezi duen ala ez.

        Bakarrik utzi ninduen hamaika oniritzi-froga eskaini ondoren. Gau osoa eman nuen nire gauzak sailkatzen. Goizaldean Manon andereñoaren ostatura iritsi nintzenean, zain nuen kale aldera jotzen zuen leihotik so. Ikusi ninduen bezain azkar atea zabaltzera jaitsi zen. Hotsik egin gabe alde egin genuen. Aldagarriak baino ez zituen fardelean, haien ardura neuk hartu nuelarik. Irteteko prest genuen postaulkia. Berehala beraz, urrutiratu ginen hiritik. Aurki kontatuko dut zer-nolakoa izan zen Tibergeren jokabidea tronpatu egin genuela ohartu zenean. Ez zen haatik bere ardura epeldu. Ikusiko duzu nolako gehiegikeriatan murgildu zuen. Zenbat negar-malko isuri behar izan dudan harrez gero nire ordaina nolakoa izan den ikusiz! Hain ginen azkar aitzina ezen St. Denis-a gaua etorri aurretik iritsi ginela. Zaldi gainean postaulkiaren ondoan nindoanez ez genuen zaldi-aldaketetan baizik elkarri mintzatzeko aukerarik izaten. Baina Paris hurbil nabaritu genuenean astia hartu genuen solasalditxo bat egiteko ez baikenuen ezer ahora eraman gure Amiens-eko irteeratik. Nire maite-grina handia izanik ere, Manonek berea ere ez zela atzean gelditzen sinetsarazi zidan. Gure laztanen sua ez genion inori ezkutatzen, bakarrik egoteko uneei itxaroteko egonarririk izaten ez genuelarik. Miretsirik begiratzen ziguten zein gure kotxe-gidariek nola ostalariek. Harridura hura gure adineko ume mukizu bi hain maite-sugar bizian ikustetik zetorrela ohartu nintzen. Gure ezkontza-asmoak St. Denis-en ahantzi genituen. Elizaren eskubideei iruzur egin eta ezkondurik aurkitu ginen guzti hartaz inolako gogoetarik egin gabe. Ez dut zalantzarik honen xamur eta iraunkor naizen hau bizi osorako zoriontsu izanen nintzatekeela Manon fidel izan banu. Zenbat eta ezagunago orduan eta kualitate atsegin gehiago aurkitzen nuen berarengan. Bere buruargitasuna, bere bihotza, bere xarma, bere edertasunak hain zidaten kate sendo eta erakargarria osatzen non nire zorion guztia beraien barnean ilki gabe emango bainukeen. Oi aldaketa doilorra! Pentsa, nire egungo etsipen hau sortarazi duenak nire zoriona ere sor zezakeen. Gizonetan zoritxarrekoena naiz, paturik onena eta maitasun-ordainik osotuena ekarri behar zidan iraunkortasun horrengatik berarengatik.

        Etxe-bizitza jantzi bat alokatu genuen Parisen. V kalean, eta nire zoritxarrerako B. jaunaren —zerga-biltzaile ospetsua berau— etxetik bertan. Hiru aste iraungi ziren zeinetan pasioaren betetasunean blai, ez nuen familiaz oroitzerik izan ez eta nire berririk ezak aitarengan sortuko zuen saminean pentsatu. Edozein modutan nire portaeran nasaikeriak lekurik ez zuenez eta bestalde Manonen jarrera sotiltasun handikoa izanik ezagutzen ari ginen trankiltasun hura emeki-emeki nire betebeharraren premia gogora eraziz etorri zitzaidan. Aitarekin adiskidetzea erabaki nuen ahal zelarik. Nire maitea hain xarmangarria izanik ez nuen zalantzarik atseginez onartuko zuela, baldin eta beraren zintzotasun eta giza balioa ezagutarazten asmatzen banuen, hitz batez esateko, harro nintzen aitaren baimena hura esposatzeko izango nuelakoan, segur nintzelarik beraren onespenik gabe esperantza oro alferrikakoa zela.

        Egitasmo haren berri eman nion Manoni, maitasun eta betebehar-arrazoiez kanpo premiarena ezin ahantz zitekeela adierazten niola.

        Izan ere gure diru-baliabideak arras ahituak ziren. Eta neroni ere agortezinak zireneko uste hartatik aldatuz nindoan. Manonek baina nahiko hotz hartu zuen irizpide hura. Hala ere agertu zizkidan zailtasunak bere eztitasunak eta ni galtzeko beldurrak eraginak zirelarik aitak gure asmoei uko egiten bazien gure aterpearen berri izan bezain laster, ez nuen bada astindu behar ninduen kolpe doilorraren susmo izpirik ere izan. Diru-premiaren arrazoiei erantzunez, nondik bizi izango genuela esan zidan berak.

        Aurkitu omen zuen eta probintzia aldean zuen zenbait senitartekori idatzirik haiengandik sos batzuk. Bere ezezkoa fereka xamur eta beroz leundu zuen, hainbat non berarentzat baino begirik ez nuen honek beraren erantzun eta erabaki guzti haiek txalotu bainituen. Gure diru-zorroaren eta ohizko gastuen ardura berari utzia nion.

        Ez zen aldi luzea igaro kontura nendin orduko gure mahaia hobeto hornitua zegoela bai eta aldean zeramatzan apaindura zenbaiten prezio ez-nolanahikoaz. Hamabi-hamabost pistola baino geratzen ez zitzaizkigunez, nire harridura azaldu nion gure oparotasun gehitze nabari hartaz. Ez kezkatzeko inola ere esan zidan irribarretsu:

        — Ez al nizun agindu —jarraitu zuen— baliabiderik aurkituko nuela?

        Nire maitasunak xalotasun sobera zuen ni hain erraz aztoratua sentitzeko.

        Bazkalostean atera nintzen egun batez ohartarazi niolarik ohi baino aldi luzeagoz kanpoan izango nintzela, oso harritu nintzen itzultzean atean bizpahiru minutuz zain izan baininduten. Gure adin inguruko neskato bat genuen zerbitzari bakarra. Atea zabaltzera etorri zitzaidanean galdegin nion ea zergatik hain luzeiritzirik izan ninduen. Ez omen zuen dei-hotsik entzun erantzun zidan aurpegi lotsatuaz. Atea behin baino ez nuelarik jo hauxe esan nion:

        — Baina ezer entzun ez baduzu, nola arraio etorri zara zabaltzera?

        Galde hark hain zuen biziki larritu ezen ihardesteko behar adina lasaitasunik izan ez zuelarik negarrari jo zion, bere errua ez zela aitortzen zidalarik. Etxeko andereak galarazi ziola alegia inori aterik irekitzerik B. jauna kabinetera ematen zuen beste eskaileratik irten zedin arte.

        Nire nahasmenduak etxera sartzeko ere kemenik gabe utzi ninduen. Eginbeharraren aitzakiaz eskaileretan behera abiatu nintzen, aurretik neska hari aginduz esan ziezaiola bere etxeko andereari aurki itzuliko nintzela berriro baina aitortu gabe inondik ere B. jaunari buruz hitz egin zidanik.

        Beherantz nindoalarik eskaileretan nire egonezinak malkoak isuri erazten zizkidan jakin gabe oraindik non zuten haiek sorburu.

        Aurkitu nuen lehenengo kafetegira sartu nintzen. Mahai baten ondoan eseririk bi besoak burura eraman nituen zerk zuen nire bihotza inarrosten bilatu nahian. Ez nintzen entzun berri nuen hura gogora erazten ausartzen. Amets gaiztotzat jo nahi nuen guzti hura. Bizpahiru aldiz berriz etxera igotzeko prest izan nintzen ezertaz jabetu ez banintzen bezala.

        Manonek tradi nintzakeenari hain irizten nion ezinezko, non susmorik ateratzeak berak ere irainduko ote nuen izua sortzen baitzidan. Adoratu egiten nuen. Hori egia zen. Baina nire maite-erakuspenak berak niri eskainirikoak baino handiagoak ote ziren?

        Zergatik bada ni baino aldakor eta gezurtiagotzat salatuko ote nuen? Zein arrazoik bultza zezakeen ni tronpatzera?

        Ez al zen bada hiru ordurik ere isuri bere laztanik goxoenez ferekatu ninduenetik, ordainez nire aldetikoen sugarra jasotzen zuelarik? Izan ere ez nuen nire bihotza berea baino hobeto ezagutzen.

        «Ez, ez —eta nire teman jarraitzen nuen—, ezinezkoa da. Manonek ezin nau engainatu. Berarentzat baino ez naiz bizi. Ongi daki berari begira bizi naizela, gurtu egiten dudala. Nondik bada izan dezake ni gorrotatzeko ziorik?»

        Edozer izanik ere B. jaunaren isileko sartu-irtenak kezka handia sortarazten zidan. Eta orduan gure ondasunak aise gainditzen zituzten Manonen erosketak gogoratu nituen. Ez ote zuen guzti horrek amorante berri baten eskuzabaltasunean pentsarazten?

        Eta zer esan nik neuk behintzat ezezagun nituen baliabide haien etorburuaz azaldu nahi zidan konfiantzari buruz? Zail egiten zitzaidan hainbeste enigmari nire bihotzak desio zuen argitasunik aurkitzea. Baina beste aldetik ez al nuen beti nigandik hurbil izan Parisetik irten ginenetik? Eginbehar, ostera, olgetan ere beti elkarren ondoan ibiliak ginen. Jainko nirea! Banatze-unetxo bat berak ere zeharo hunkituko gintuzkeen! Gure maitasuna etengabe adierazten jardun behar izaten genion elkarri. Hori gabeko kezkak hil izango gintuzkeen. Ezin bada lipar batez ere irudika Manonek nitaz kanpo beste inor izan zezakeenik. Azkenean lokarri haien korapiloa aurkiturik nuela uste izan nuen.

        «B.ko jauna —esaten nuen nire artean— negozio eta bidenabar harreman ugari darabiltzan gizasemea da. Manonen gurasoak gizon honetaz baliatu izan dira berari diruren bat helarazteko. Behar bada lehenago ere kopururen bat jasoa du harengandik. Gaur ere horretara etorria dateke. Orain guzti hori isildu nahi dit gero ustekabe ona emateko. Agian ohi bezala sartu izan banintz leku honetara penatzera etorri beharrean hitz egingo zidakeen auziaz. Ez dit ezkutatuko neronek aitatzen badiot behintzat.»

        Burutapen hari sendo oratu niolarik biziki lagundu zidan nire tristura leuntzen. Berehala itzuli nintzen egoitzara. Ohizko goxotasunaz laztandu nuen, eta berak oso ongi hartu. Geroz eta egiazkotzat jotzen nituen nire begitazioen berri emateko irrika izan nuen, baina pentsamendu hura baztertu egin nuen agian berak propio gertatu zen guztiaren berri emango zidalakoan.

        Afaria mahairatu ziguten. Ni nire aldetik alai itxuran urreratu nintzen, baina haren eta bion artean ezarria zegoen kandelaren argiak nire bihotzeko maitearen begi-masailetan tristura nabari erazi zidan, pentsamendu hark nire baitan ere gauza bera sentiarazten zidalarik. Ohartu nintzen bestalde bere begirada ohi ez bezala zetorkidala. Maitasuna ala errukia ezin garbi jakin zer ote zen. Edozein modutan sentimendu xamur eta makaldua iruditu zitzaidan. Hasierako arreta berberaz begiratzen nion. Eta ez ote zen bera ere bere aldetik nire begiradei jarraiki nire bihotzaren sentimenduak irakurtzen saiatzen? Ez genuen orduan jateko edo pentsatzeko pentsamendurik. Halako batean bere begi ederrek malko zenbait isuri erazi zituzten. Eta nolakoak! Malko perfidoak!

        — Ai Jainkoa —kanporatu nuen— negarrez ari zara nire Manon laztana, negarra sortu arterainoko pena daramazu baina ez didazu zure oinazeaz hitzik ere esaten.

        Nire egonezina larriagotu egin zuten zenbait zotinez baino ez zidan ihardetsi. Ikaraz zutitu eta bere negarraren arrazoiak ezagutarazteko erregutu nion maitasunezko larritasunik handienaz, neroni ere bere malkoak xukatu ahala beste horrenbeste gertatzen zitzaidalarik. Bizirik harro areago nintzen hilik. Nire min eta beldur adierazpenek gizakumerik basatiena ere hunkituko zuketen. Berari erabat so nengoen aldi hartan bertan eskaileretan gora zetozen pertsona batzuen hotsa sumatu nuen. Atean jo zuten emaro-emaro. Manonek musu bat eskaini eta besoetatik ihesi joan zitzaidan. Kabinetera sartu zen bizkor atea berehala ixten zuelarik. Nire ustea zen apaindu gabe egonik deitu zuten ezezagun haien aurrean bere burua ezkutatu nahi zuelako izan zitekeela. Neu joan nintzen atea irekitzera. Ireki bezain agudo berehala ezagutu nituen nire aitaren sehi ziren hiru gizonek oratu zidaten. Bortxarik gabe. Baina birek besoetatik eusten zidaten bitartean hirugarrenak patrikak erregistratu zizkidan aldean neraman labaina txikia —nire arma bakarra— atereaz. Barkamena eskatu zidaten beren errespetu faltagatik beste erremediorik ez zutela eta. Nire aitaren agindupean ari zirela aitortu zidaten jakina, bai eta anaia nagusia kalean nuela zain zalgurdi baten barruan. Hitzik ahoratu gabe eraman nintzaten utzi nien sor eta lot bainengoen.

        Bai horrelaxe zen, anaia behean nuen zain. Bere ondoan jesarri nindutelarik kotxeroak beraren aginduez ongi jabeturik, Saint Denis-eraino gidatu gintuen ziztu bizian. Maitekiro besarkatu ninduen nire anaiak nahiz eta elerik egotzi ez. Horregatik nire adu gaiztoan amets egiteko behar adina astirik izan nuen.

        Hasieran dena zetorkidan ilun, ez nuelarik argibide mendreenik ere ikusten. Traditua izana nintzen doilorki baina noren aldetik?

        Tiberge izan nuen aurrena oroimenean: «Traidore, hireak egin dik nire susmoak egi bilakatzen badira.»

        Baina berehala gogoratu nuen hark ez zekiela gure helbidearen berri, ezin zezaketela beraz berarengandik hura ezagutu. Ezin bestalde Manon salatu, ez baitzen nire bihotza uste horretan errudun sentitzen. Sumatu nion tristura izugarri hura lur jota bailegoen, haren malkoak, alde egin zuenean eman zidan muxua bera... ñabardura guzti haiek enigma itxura hartzen zuten nigan, baina hura gu bion adur gaiztoaren aurreustea bailitzan ikusten nuen, eta berarengandik erauzten ninduen gertakariak txit larritzen ninduen bitartean, bera ni baino errukigarriago zelako sinesberatasuna nuen. Nire gogoetaren ondorioak sinestaraztera eraman ninduen alegia Parisen ezagunen batzuek ikusi eta gure aita ohartaraziko zutela. Burutapen honek kontsolatu egin ninduen. Nire ustetan guzti hura aitaren agiraka edo jipoi zenbaitez ebatzi zitekeen. Egonarriz jasango nuen etorri behar zuena, eta eskatzen zidatena beteko, hainbat azkarren Pariserantz abiatu ahal izateko.

        Azkar igaro zen St. Denis-erako bidea. Nire isiltasunak harritu egin zuen nire anaia, hura nire beldurraren ondoriotzat jotzen zuelarik. Kontsolatu nahi izan ninduen esanez ez nuela aitaren zorroztasunaren beldur izan behar, baldin eta nire betebeharraren ardura hartzen banuen eta haren niganako oniritzia merezi izaten.

        Gaua St. Denis-en igaro erazi zidan, hiru sehiak nire logelan sartzen zituelarik. Arrangura handia sortarazi zidan Manonekin Amiens-etik Parisera nentorrela geratu ginen ostatu berean nire burua ikusteak. Ostalariak eta mirabeek ezagutu egin ninduten eta ildo horretatik gure nondik norakoaren berri izan zuten.

        — Hara! Duela sei aste oso maite zuen andereño batekin hemendik igaro zen galai berbera da —entzun nion ostalariari—. Zeinen xarmangarria zen neska hura! Eta nola laztantzen ziren gazte biak! Bai atsekabea elkarrengandik banatu behar izana.

        Entzungor egin nuen nire aldetik eta ahal izan nuen neurrian ez nintzen haien aurrera azaldu. Nire anaiak bi jesarlekuko postaulkia zuen, zeinetan goiztirian atera eta biharamun gauean etxean ginen. Nire aurretik urreratu zen anaia aitarengana auzi hartan izan nuen jarrera apala nire alde goraipatuz. Horrengatik ez ninduen uste bezain gogor hartu. Bere baimenik gabe etxetik alde egiteagatik ohizko errieta baino ez nuen izan. Nire maitaleari zegokionez, gertatu zitzaidana ongi merezi nuela erran zidan emakume ezezagun batez fidatu nintzelako. Nire zuhurtziaren iritzi hobea zuela, baina bentura txiki haren ondotik zentzu handiagoz jokatuko nuela espero zuela. Nik baina jardun hartatik nire ideiekin bat zetorrenari baino ez nion jaramonik egin. Eskerrak eman nizkion gure aitari barkatzeko izan zuen ongiagatik. Nik nire aldetik bizi arautu eta zuzenagoa eramango nuela agindu nion. Nire arima barruan garaipena sentitzen nuen. Izan ere nork ukan zezakeen zalantza gau hartan bertan etxe hartatik desagertuko ez nintzenik?

        Afari legerako eseri ginen. Nire Amiens-eko konkista eta nire maitale fidelarekin izan nuen ihesari buruz adarra jo zidaten galanki. Ez ninduten gehiegi hunkitu. Ia-ia pozarren nengoen nire barnea etengabe betetzen zuen hartaz elekatzeko; baina aitari isuri zenbait hitzek arreta bizia sortu zidaten. Perfidiaz eta B. jaunak buruturiko mesede interesatu batez mintzatu zen. Burua nahasirik gelditu nintzen izen hura entzun nionean. Apalki argitasun gehiago eman ziezadan erregutu nion. Orduan nire anaiarengana buelta emanez ea historia guztia ez zidan kontatu galdetu zion. Hark erantzun zion alegia hain trankil ikusi ninduela bidean ez zitzaiola ezinbestekoa iruditu sendagai haren beharra izango nuenik nire erotasuna sendatzeko. Ohartu nintzen gure aitak zalantza izan zuela aurrera jarraitu ala ez. Otoi eta otoi aritu nintzaion azkenerako nire irrika asebete zuelarik. Hobeto esan erail egin ninduen krudelki kontaketarik ikaragarrienaren bidez.

        Hasteko, itaun zidan ea hain xaloa nintzen nire maitaleak,maite izan ninduenik sinesteko. Ausarki erantzun nion, hartaz berme nintzela eta ez ninduela inork zalantza bidean ipiniko.

        — Bai, bai —ekin zion barreari gogotik—, oso ondo motel. Adar tzarrak aldean eta pozik! Atsegin hartzen dut zu horrelako irizpideekin ikustean. Tamalgarria benetan zu Maltako Ordenara bidali behar izana, horren senar erabilgarri eta jasankor izango baitzinateke!

        Eta jarraian argudio antzerakoak erabiliz iseka anitz kanporatu zuen berak nire lelokeria eta sinesberatasunaren lekukotzat jotzen zituen haietaz.

        Azkenik isiltasuna izanik nire erantzuna bere eleari jarraitu zitzaion esanez bere kalkuluen arabera Manonek Amiens-etik irten nintzenetik hamabiren bat egunetan maitatu izan ninduela: —Zeren —gehitu zuen—, badakit iragan hilaren 28an atera zinela; egun hilak 29 ditu, eta hamaika egun dira B. jaunak idatzi didala. Eman dezagun —hori da nire iritzia— zortzi egun behar izan dituela zure amorantearen ezagutza ona egiten, beraz hilabete batetako 28tik hurrengo 29 arte dauden hogeita hamaika egunetatik hamaika gehi zortzi kenduz hamabi dituzu gutxi gora behera.

        Eta hura esanez batera barre —algarari ekin zion.

        Bihotza suntsitzear entzuten nuen guztia. Izu nintzen. Ba ote nintzen narrazio triste hura amaiera arte jasateko gauza?

        — Jakin ezazu —lotu zitzaion berriro ere bereari—, honen berri ez duzunez, B. jaunak zure printzesaren bihotzaren jabe egin dela ez baita alperrik nitaz trufatzen sinestarazi nahi didalarik nireganako mesede desinteresatuagatik kendu nahi izan dizula... Horrelako elementurik! Ezagutu ere ezagutzen ez nauen horrengandik nork espero hain sentimendu zintzorik. Utikan! Neskarengandik jakin zuen jakin nire semea zinena, eta zu saihesteko non eta zein desegoki bizi zinen aditzera emanez, zu bide zuzenera ekartzeko larre motzean lotu behar izango zintuzkedala adieraziz. Zu ustekabean harrapatu ahal izateko bitartekoak eskaintzeko prest agertu zitzaidan, berarengandik eta zure amorantearen haritik azkenik aurkitu ahal izan du zure anaiak hain zuzen zu oharkabean harrapatzeko unea. Harro izan hadi zaldun, hire garaipenaren iraupenagatik. Aski azkar garaitzen duk baina ez dakik oraindik hire konkistei eusten!

        Hitz bakoitza bihotz urratzaile nuen kontaera haren harian jarraitzeko indarge geratu nintzen. Mahaitik jaiki eta bizpahiru urrats egin orduko zerraldo nintzen zoruaren gainean. Arin lagundu nindutelarik nire onera etorri nintzen. Begiak ireki ahala malko jario ugaria ilki zitzaidan, ahotik berriz nire erostarik hunkigarri eta tristeenak ezpainetaratzen nituelarik. Beti biziki maite izan nauen aitak bere xamurtasunik handienaz kontsolatu nahi izan ninduen. Entzun bai, baina ulertu deus ere ez nion egiten.

        Belaunikatu egin nintzaion eskuak bildurik. Parisera utz nintzala itzultzen erregutu nion, B. jaunak nire sastakaiaren zorrotza dasta zezan.

        «Ez, esaten nuen. Ez du Manonen bihotza irabazi; ez, indarrez bereganatu du. Aztikeria, pozoiaz liluratu du, eta nork daki bortxatu ere ez duen egin! Manonek maite nau. Ez dakit ba nik hori ongi. Sastakaiaz baliaturik mehatxatu egingo zuen nigandik bana zedin. Zer ez ote du egin niri hain maitale eztia harrapatzeko!

        Oi Jainko Ahalguztidunak! Posible ote Manonen tradizioa, posible ote nire bihotzak jadanik Manonengan lekurik ez izatea?»

        Beti ere Parisera hainbat azkarren itzultzea neramalarik ahoan, jaiki ere edozenbat aldiz asmo horrekin egin nintzela oharturik, aitak ikusita horren karian su eta gar nintzela pentsatu bide zuen ezerk ez ninduela geldiaraziko. Horregatik goren solairuko gela batetara eraman ninduen ni zaintzen bi morroi utzi zituelarik. Ez nintzen nire buruaren jabe. Bizia bera emango nukeen Parisetik ordu laurdenera izateagatik. Arras ongi ulertu nire helburuen berri hain garbi emana nuelarik ez nindutela nire gela hartatik aise irteten utziko. Nire begiek leihoen luzera neurtu zuten. Ihes egiteko inolako ahalbiderik ez nuela ikusirik nire zaintzaileei ele goxoz mintzatu nintzaien. Zin eta zin egin nien egun batez aberats bihurtuko nituela ihesbidean jartzen baninduten.

        Esan eta errepika, lausengatu eta mehatxatu. Denetik egin nuen. Baina ekintza hura ere alferrikakoa izan zen. Esperantzarik ñimiñoena ere galdurik, hiltzea erabaki nuen. Ohean etzan nintzen hantxe bertan nire bizia uztekotan.

        Gau hura eta hurrengo osoa egoera hartan pasatu nituen. Biharamun goizean helarazi zidaten janariari ere uko egin nion. Bazkalostean aita etorri zitzaidan ikustera. Nire samina bere hitzik hunkiberenez baretzeko onginahia izan zuen. Oso zorrotz zerbait jateko agindu zidan. Bere aginduek merezi zuten begiruneagatik obeditu egin nion.

        Zenbait egun isuri zen ezer jaten ez nuelarik, beraren aurrean eta berari obeditzeagatik ez bazen. Berak berriz, zentzu onaren lorratzera eraman nintzaketen arrazoiak eskaintzen zizkidan, beti ere Manon infidelarenganako mespretxua sortu guran. Egia zen ez nuela jadanik maite. Nola bada maite gizakirik buruarin eta perfidoena? Baina haren irudia, bihotz barnean neraman haren giza itxura atsegina bizirik zebiltzan oraindik.

        Ondo sentitzen nintzen: «Hil naiteke —nioen nire artean—, hil behar nuke hainbat lotsa eta oinazeren ondotik, baina mila herio pairatuko nituzke Manon eskertxarrekoa ahaztu ezinik.»

        Txunditurik zegoen gure aita ni hain sakon hunkiturik ikustean.

        Ezagunak zituen nire ohorezko irizpide garbiak; ez zuen beraz haren traizioak nire mespretxua irabaz ez zezakeenik zalantzan ipintzen. Nire saiatzea grina zehatz hartatik baino areago nire emakumeenganako jaiduratik zetorkidala iruditzen zitzaion. Hain zitzaion pentsamendu hari lotu, ezen bere onerizte handiak agintzen zionari baino ez jaramon eginik erran baitzidan:

        — Nire zalduna, Maltako gurutzea paparrean ikusi nahi izan zaitut gaur arte, baina nabaritzen dut zure aiherrak ez doazela inondik ere alde horretatik. Emakume politak maite dituzu. Zure gogoko bat aurkitu nahi nizuke. Eman iezadazu lasai zeure iritzia guzti honetaz.

        Ihardetsi nion gertatutakoaren ondoren ez nuela jadanik inolako desberdintasunik ikusten beraien artean denak nituela indar berberaz gorrotatzen.

        — Manonen antza izango duen bat aurkituko dizut —jarraitu zuen irribarretsu— baina hura baino fidelago izango zaizuna.

        — Ai! —erantzun nion—. Nire zoriona nahi izango balu, huraxe bera itzuliko lidake. Seguru izan aita estimatua, berak ez nauela mola ere traditu. Berak ez dezake horrelako zantarkeriarik egin. B. dongeak engainatzen gaitu: zu, bera eta hirurok. Ai baleki zeinen fin eta benetakoa den. Ikusi bezain azkar maitatuko luke berorrek ere.

        — Haur bat baino ez zaitugu —erantzun zidan berak—. Nola arraio egon zaitezke itsuturik neurri horretaraino nire kontaketa entzun eta gero? Bera izan da zure anaiaren esku utzi zaituena. Ez beste inor

        Haren izena bera ere ahaztu behar zenuke engoitik eta zintzoki jokatuz dizudan bihotz-zabaltasuna aprobetxatu.

        Argi eta garbi arrazoi zuela onartu beharra neukan. Baina nahigabeko eragin batek nire infidelaren alde jartzen ninduen.

        — Ai! —jarraitu nuen isilaldi baten ondotik— egia handia da inoiz ikusi izan den dongekeriarik koldarrenaren helburu naizela. Bai —eta orduan negarrari jo nion—, ongi dakusat haur bat baino ez naizena. Bai erraza zitzaiela nire sinesberatasuna tronpatzea! Baina ongi dakit zein den nire mendekua.

        Aitak zer nuen asmo jakin gura zuen.

        — Parisera joango naiz —esan nion—, eta B. jaunaren etxeari su emango diot, bera eta Manon gaiztoa bizi-bizirik kiskalarazten ditudalarik.

        Jarrera hark barrez jarri zuen gure aita ni ostera oraindik estuago zaindu ninduten nire espetxean.

        Set hilabetez egon nintzen bertan, beraietatik lehenengoan nire adoreak aldaketa gutxi ezagutu zuelarik. Nola Manonen irudia itxuratu nire lokietan, horrelakoak ziren nire sentipenak: orain gorroto, orain amodio, zein itxaropen nola etsipen. Neskarik maitagarriena irizten nion aldi batez, nire aldarteak bera ikusteko irrika sentitzen zuelarik, geroxeago ostera maitale donge eta koldartzat jotzen nuen zin egiten nuelarik aurkitu eta zigortu egingo nuela.

        Nire adorea apur bat berpizten lagundu zuten liburu zenbait eskuratu zidaten. Nire gogozko egile guztiak berrirakurri nituen. Jakintza berri baten jabe egin nintzen eta ikasteak berriro ere gozamen deskribagaitza eskaini zidan. Ohartuko zara aurki zertarako balio izan zaidan. Maitasunak sortu distirek aurretik ilun iruditu izan zitzaizkidan Horatio eta Virgilioren hainbat pasartetan argi egiten lagundu zidaten. Eneidaren laugarren liburuaz amodiozko iruzkin bat burutu nuen; argitaratu nahi nuke noizbait. Uste dut jendeari laket izango zaiola. A baina! —nioen berori idazterakoan—, nire bihotza bezalakoa behar izango zukeen Dido fidelak!

        Egun batez Tiberge igo zitzaidan gatibu-lekura. Bere besarkada beroak harritu egin ninduen. Ez nuen nik orduan oraindik haren estimuaren froga berezirik. Adin bertsuko diren ikaskideen artean izan ohi den adiskidetasunaren modukoa zen. Elkar ikusi gabe pasatu ziren bospasei hilabetetatik hain aldatua eta jantzia sumatu nuen, ezen bere itxura eta mintzamoldeak begirunea sortarazi baitzidaten. Aholkulari zuhurra bailitzan mintzo zen, ez ikaskide legez. Erori ondoren neraman nire nora eza deitoratu zuen.

        Zoriondu egin ninduen sendatze-bidean oso aurreraturik uste ninduelako. Azkenik erru hura aintzat harturik plazeren hutsalaz jabe nendin erregutu zidan.

        Txunditurik begiratzen niola konturaturik esan zidan:

        — Nire zaldun preziatua, ez dizut azterketa sakonaren ondoren baino konbentzitu ez nauen egia sendoa adierazten. Zuk zeuk bezainbateko irritsa nion gurikeriari baina aldi berean zeruak bertutearen egarrian bideratu ninduen. Arrazoiarengana jo izan dut bataren eta bestearen fruituak erkatzeko, eta ez dut denbora handirik ahitu bien arteko desberdintasunak nabaritzen. Zeruaren laguntza nire gogoeta sendotzera etorri zait. Munduak antzekorik ez duen mespretxua sortu dit. Asmatuko al zenuke zerk lotzen ninduen bertan, zerk eragozten didan bakardadean murgiltzen? Nire zureganako adiskidetasun benetakoak baino ez. Ongi ezagutzen ditut zure bihotz-izpirituen bikaintasuna. Ongia oro egiteko gauza zara. Baina plazeraren edenak desbideratu egin zaitu. Nolako galera bertutearentzat! Zure Amiens-etiko ihesak bihotz-minez bete ninduelarik, ezin izan dut harrez gero betetasun une bakar batez ere gozatu. Zuk epai, hark egin erazi dizkidan atakak ikusiz.

        Engainatu ez ezik nire maitalearekin alde egin niola oharturik, zaldi gainean jarraitu zidala, baina lauzpabost orduz aurretik nindoakiolarik, ezin izan zitzaidala bildu adierazi zidan.

        Hala ere ni St. Denis-etik irten eta ordu erdira iritsi zela. Halaber jakinaren gainean izanik Parisen geldituko nintzela, sei astez nire bila jardun zuela. Bere ustez aurki nintzakeen leku guztietara jo ohi zuela.

        Baina alperrik. Egun batean ostera, nire maitalea antzokian ikusi zuelarik hain apaindura dotorez, iruditu omen zitzaion itxura hura amorante berri bati esker izan beharko zuela. Kotxeari bere etxeraino jarraitu ziolarik, morroi batengandik jakin omen zuen B. jaunaren eskuzabaltasunari esker bizi zela.

        — Ez ninduzun baina horrekin bakarrik ase —jarraitu zuen—. Biharamunean itzuliz, berarengana jo nuen zure nondik norakoa jakin nahirik. Baina zure izena entzutean alde egin nuen zakarki. Etxera itzuli nintzen deus argitu gabe. Gero zure benturak eta berak sortu dizun sastada latzaren berri izan dut. Horregatik ez zaitut gaur arte ikusi nahi izan, lasaiago izango zinen esperantzan.

        — Marion ikusi duzu beraz —galdetu nion barne-barnetik—. Ai! Bera berriro ez ikustera zigortu duten hau baino zoriontsuago zara!

        Destainez hartu zuen nire erosta hura nire harenganako sua itzali ez zela adierazten baitzuen. Hain artez hitz egin zidan nire izaera eta joeren —omen— ontasunaz, lehenengo ikustaldi hartatik gure mendeko plazer guztiei uko egin eta bera bezala eliza-estatuan sartzeko gogo izugarria sortu baitzidan.

        Xede hari pozarren heldu nion. Hainbat non bakarrik gelditzean ez bainuen beste gauzarik buruan. Amiens-eko apezpikuaren predikuak oroitu nituen. Hark ere aholku bera eman baitzidan, zantzu zorionekoak sumatzen zituela nire baitan baldin eta ildo jakin hartatik abiatzen banintzen. Nire burutapenetan eraspena bera ere azaldu zitzaidan. «Giristino-bizi zintzoa eramango dut» nioen nire artean. Amodioaren plazer labainkorretan pentsatzeko astirik eskaintzen ez zuten erlijioa eta ikasketak izango nituen ardatz.

        —«Gizaki orok miretsi ohi duena arbuiatuko dut. Eta nire bihotzak benetan atsegin duena baino desiratuko ez duenez, nire desirak nire kezkak bezain urri izango dira.»

        Aurretik bizi lasai eta bakartia irudikatzen nuen. Egitasmo haren isurian, etxe urrundua baso ttiki batean, lorategi barrenean ur gardeneko errekastoa, aukeraturiko liburuz osotutako liburutegia. Zer ez ote nuen amesten! Lagun-talde urri baina bertutetsu eta zentzuzkoa, mahai txukuna, baina apal eta neurriz hornitua. Paris aldetik gutun bidez informatuko ninduen lagunen bat eransten nion guzti hari. Hark gertakizun publikoen berri helaraziko zidan, nire jakingura asetzeko baino gehiago gizakien eromenezko portaeren kontura olgeta egiteko.

        «Ez ote nintzen bada zoriontsu izango? Ez ote dira nire helburu guztiak beteko?» Gehitzen nuen. Egia zen egitasmo hark zinez asetzen ninduela. Baina plangintza zuhur haren amaieran nire bihotzak oraindik ere zerbait espero zuenaren zirrara egiten zidan, alegia: bakardaderik gozagarrienean ezin nezakeen beste ezer desira ez bazen Marion nire ondoan izatea.

        Hala ere Tiberge maiz etortzen zitzaidalarik bisitan beti ere sortarazi zidan asmo hura nigan sendotu nahian, egoera hartaz baliaturik galde egin nion nire aitari. Bere haurrak aske uzteko asmoa zuela —nork bere nahiaren arabera— erantzun zidan; gehitu zuelarik zernahi egiten nuelarik ere bere eginkizuna aholku ematera mugatuko zela. Aholku zuhurrik eman ere, nire asmoa baztertzeko baino areago hari jakinduria osoz lot nenkion bilatzen zutenak.

        Hurbil geneukan ikasturtea. Tiberge eta biok elkarrekin bilduko ginela St. Sulpice-ko apaiztegira erabaki genuen, berak bere teologia ikasketak amaitzera, neroni berriz nireak hastera.

        Bere merezimenduek elizbarrutiko apezpikuak ongi ezagutzen zituenak bestalde, eliza-agintari harengandik mesede handiak erdietsi zizkioten gure irteera aurretik. Gure aitak ez zuen inolako eragozpenik jarri ni joaten uzteko. Nire pasio-orbanak jadanik sendaturik iruditzen baitzitzaizkion.

        Parisera heldu ginen. Eliza-janzkiak Maltako gurutzea ordezkatu zuen eta Grieux-ko Abade izenak Zaldunarena. Hain nintzen ikasketetan gogor saiatu hilabete gutxiren buruan aurrerapen izugarriak egin nituela. Zeregin honi gauaren aldi batean lotzen nintzaion egunez istant bat bera ere galdu gabe. Nire izena han-hemenka hedatu zen ospe handia ematen zidalarik, hainbat non aurrez zorionak ematen baitzizkidaten lortuko omen nituen duintasunengatik. Eta hara non nik eskatu gabe onuren zerrendan azaldu zen nire izena. Ez nuen eraspen faltarik, ariketa guztiek berotasun bera izaten baitzuten nire aldetik. Tiberge bera ere txunditurik zebilen bere egintzatzat jotzen zuen mirakulu haren aurrean. Negarra zeriola ikusi nuen hainbat aldiz, nire konbertitzea omen zen hura goraipatuz. Giza erabakiak aldagarriak diren usteak ez dit inoiz harridurarik sortu; bada beroien sorreran pasio bat, bada alabaina beraiek suntsi ditzakeen beste bat. Baina St. Sulpice-ra eraman ninduten haien saindutasuna eta beraiek burutzean zeruak eskaintzen zidan barne-bakean pentsatzen dudanean, izutu egiten naiz zeinen erraz hautsi nituen oroituz. Zeru laguntzek beti ere pasioen bezainbesteko indarra badute, argi diezadatela otoi, zein zorigaiztoko indarrak garamatzan bat bateko kolpez gure betebeharretatik urrun, ez garelarik gauza kontrako indar izpirik egin eta inolako damu-tantarik sentitzeko. Amodioaren edonolako ahuldadek ez zuela lekurik nire bihotz barnean sinetsirik nengoen. Nago Agustin Sainduaren orrialde baten irakurketa edo ordu laurdeneko kristau gogartea zentzuaren gozamen guztiak baino nahiago izango nituzkeela —Manonek eskain ziezazkidakeenak barne—. Hala ere lipar zoritxarreko batek amiltze-bidean ipini ninduen berriro, nire erorketa konponezina bilakaturik, are gehiago bat batean atera nintzen leizearen ilun bertsuan aurkitu nintzelarik, anabasa berriek oraindik zokorago aipatu leizearen ondoraino amildu baininduten.

        Bazen ia urtebete Manonen berri ez nuela. Nire buruari ezarri nion bortxa hura oso latza izan zitzaidan. Baina Tibergeren aholku ahantzezinek eta nire gogarte propioek garaitu egin zuten. Azken hilabeteak oso trankil isuri zirenez, izaki xarmant eta donge hura betirako ahazteko lorratzean ikusten nuen nire burua. Horrela bada Teologia eskolan jendaurreko ariketa burutzeko garaia heldu zitzaidan. Zenbait pertsona ohoretsuri erregutu nien beren presentziaren ohorea eskain ziezadaten. Hori zela eta Pariseko auzategi guztietan zehar zabaldu zen nire izena, bai eta nire infidelaren belarrietara iritsi. Ez ninduen berak seguruenik abate izenetik ezagutu; baina nik ez dakit kuriositate apur batek edo agian traditu ninduelako damuak ezin izan nuen inoiz garbitu biotariko sentimenduetatik zeinek, hala ere, jakin-min bat sortu zioten hain nire antzerako iruditu zitzaion izena entzunez. Edozer delarik ere, Sorbonara etorri zen beste zenbait andere lagun. Ariketan bertan izan zelarik ez zuen noski Ian handirik izango ni berriro ezagutzen. Ez nuen bisita haren inolako berririk izan. Badakizu horrelako tokietan emakumeek berentzat bereziki jartzen diren ezkutuguneak dituztela.

        St. Sulpice-ra itzuli nintzen bada loria eta konplimenduz beterik. Arratsaldeko seiak ziren. Iritsi eta laster andere batek ni ikusi nahi ninduela jakin erazi zidaten. Berehala abiatu nintzen mintzagelarantz. O Jainko maitea! Zeinen agerpen harrigarria! Hantxe nuen Manon. Inoiz ikusi izan nuen baino maitagarriago, distiratsuago. Hemezortzi urte zituen orduan. Bere xarmek hitzik biribilenak mutu uzten zituzten. Hain zerien itxura leun, goxo, ezti, maitasuna bera adierazten zutela. Haren dena zitzaidan liluragarri. Txunditurik gelditu nintzen. Ezin bere ikustaldiaren zergatia antzeman, begiak jaitsirik dardaraz zerbait aitor ziezadanaren zain nengoen. Une batez bere durduzadura nirearen antzerakoa izan zen. Baina nire isilaldia jarraitu egiten zuela ikusirik eskua begietara eramanez, bere zotina estali nahi izan zuen. Herabeti bere infidelitateak nire gorrotoa baino ez zuela merezi aitortu zidan, hala ere jarraitu zuen, inoiz berarenganako xerarik izan nuenik egia bazen, oso gupidagabe izan nintzaiola nire patuaren berririk bi urte luzetan eman ez niolako. Areago oraindik bera nire aurrean aurkitzen zen egoera hartan ikusirik nik hitzik ere luzatzen ez niola. Ezin nire arimaren egonezina adierazi beraren hitza entzutean.

        Eseri egin zen. Ni ostera zutik gorputza alboka berari zuzenean begiratzen ausartzen ez nintzela. Zenbait bider erantzunen bati ekiten nion ezin izaten nuelarik amaitzeko indarrik. Azkenean ahalegin bat buruturik, esan nion mindurik:

        — Ai Manon gaiztoa, dongea! —Berak ostera negar malko ugariren artean ez zuela inondik ere bere dongekeria justifikatu nahi errepikatzen zidan—. Zer gura nauzu orduan? —galdetu nion berriro ere. —Hil. Zure bihotza itzuliko ez bazenit. Ezin baitut inola ere bera gabe bizirik iraun. —Eska iezadazu bizia, infidel halakoa! —erantzun nuen neuk ere eutsi ezinik nerabiltzan malkoak isuriz—, eska nire bizia, oraindik eskaini ez dizudan gauza bakarra. Zeren nire bihotzak beti zurea izaten iraun baitu.

        Nire azken hitz haiek ahoskatu bezain azkar, zalu zutiturik besarkatzera etorri zitzaidan. Maite-garrezko fereka grinatsu anitzez laztandu ninduen. Maitasunak bere ele xamurrak adierazteko ezagut litzakeen izen guztiez deitu zidan. Zabar nintzaion oraindik. Zer nolako aldaketa izan ere, nire bizimodu trankil hartatik birjaiotzen sentitzen nituen irrika sutsu haietara! Izutu egin nintzen. Beldur-ikara hurbildu zitzaidan gauak urrutiko basoan harrapatzen gaituenean bezala. Beste mundu batetara eramana sentitzen zara, izu sekretu batek inarrosten zaitu eta ez zara handik zure onera etortzen harik eta inguruak luzaro aztertu arte. Elkarren ondoan jesarri ginen. Bere eskuak nireen artean hartu nituen. —Ai Manon! —esaten nion tristuraz begiratzen niola nire maitasunak ez zuen zure traizio beltzaren ordaina espero. Zeinen aise izan zitzaizun zu zeu erregina ahalguztidun zinen bihotz baten tronpatzea! Bai erraza zuri obeditzen eta atsegin ematen bere zorion guztia bilatzen zuen bihotzaren ukatzea! Esadazu orain arren, honen xeratsu eta menekorik aurkitu izan duzun inoiz. Ez. Inola ere ez. Naturak ez du nire tenoreko bihotz askorik sortzen. Esan otoi, inoiz beraren antsiarik izan duzunik. Ba ote egia arrastorik nire bihotz honenganako kontsolamendurik, onginahizko itzulaldi honetan? Ongi ohartzen naiz inoiz baino xarmangarriago zaudela; baina otoi zugatik nozitu izan ditudan oinaze guztien izenean, otoi Manon ederra erradazu fidelago izango zaren.

        Bere damua zela eta gauza hunkigarririk agertu zidan, eta hainbat zin eta agerpenez fideltasuna agindu zidan, ezen neurri ulergaitzez bigundu baininduen. —Manon bihotzekoa —esan nion maite eta teologiazko adierazpideen nahasketa profanoa eginez izakia izateko adoragarriegia zara. Nire bihotza garaipenezko gozamenak eramana sentitzen da. St. Sulpice-n askatasunaz dioten guztia kimera hutsa da. Ondasun eta ospe, zugatik galduko ditut. Ongi dakusat hori gaurdanik. Nire patua zure begi ederretan irakurtzen dut. Baina zure maitasunak galerarik latzenetan kontsolatu ahal izango nau. Utikan adur onaren mesedeak! Loriari keari bezain ilauna deritzot; nire eliza-bizitzazko egitasmo guztiak irudikapen eroak nituen. Zu gabe etor lekizkidakeen on guztiak baztergarritzat jotzen ditut, ez bailukete nire bihotzean unerik laburrena ere iraungo zure begirada bakar baten aurrean.

        Beraren erruak erabat ahantziko nituenaren truk, B. jaunak nola seduzitu zuen adieraz ziezadan jakin nahi izan nuen.

        Kontatu zidanez, leihoan ikusi omen zuen, eta behingoan beraz liluraturik gelditu omen zen. Bere maite-adierazpena zerga-biltzaile legez egin omen zion, alegia gutun batean idazten ziolarik ordain-saria mesedeen arabera izango zela. Hasiera batetan amore eman zuela, beti ere harengandik diru-kopuru handia lortzeko gero gu biok erosoago bizi ahal izango ginelakoan. Haren promesa izugarriek harriturik utzi zutela, emeki-emeki bere egin zuen arte. Epai nezala baina bere damua gure banatze-egun bezperan agertu zidan saminaren lekukotasunetik, zeren hark ematen zion ugaritasunagatik ere, ez baitzuen gizon harekin inoiz ere zorionik dastatu. Ez bakarrik harengan ni baitan aurkitzen omen zuen sentimenduen fintasuna eta nire portaeren gozotasun poxirik ikusten ez zuelako, baizik eta hark etengabe eskuratzen zizkion plazeren erdian ere, berak bihotz-barrenean nire maitasunaren oroitzapena eta bere infideltasunaren aladura baitzeraman. Tibergeren izena aipatu zidan, bai eta haren bisitak eragin zion asaldapen izugarriaz. —Bihotza urraturiko ezpatakada batek —gehitu zuen— lasaiago utziko nindukeen. Bizkarra eman nion, beraren presentzia ez bainezakeen jasan.

        Nire Pariseko egonaldiaren berri zein bidetatik jakin ahal izan zuen, jarraitu zuen kontatzen. Nire estatu aldaketaz eta Sorbonako ariketez ere jakinaren gainean zegoen. Azken hauen jarduna hunkiturik jarraitu zuela halako moldez non oso larri egon baitzen, malkoei ez ezik bere barnetiko intziriei eutsi ezinik, lehertzear izan baitzituen behin baino gehiagotan.

        Erran zidan azkenik, leku hartatik azkena irten zela bere egonezina ezkutatu nahian, eta bere bihotzaren taupada eta gurarien oldarrari baino ez zielako jarraitzen apaiztegirantz zuzen-zuzen abiatu zela, erabakita zuelarik han bertan bere burua hilko zuela barkamenik ez banion ematen.

        Non beraz aurki hain damu bizi eta xamurragoaren aurrean hunkiturik geldituko ez zen gizonik! Ez eta basatirik handiena ere! Une hartan kristau-munduko apezpikutza guztiei uko eginen niekeela Manonengatik sentitu nuen. Zer nolako gizalegez jardungo zuen aurrerantzean gure arazoetan galdetu nion. Apaiztegitik ilki eta leku seguruago batean gure gauzez aritu behar genuela erantzun zidan. Baietz esan nien bere nahi guztiei txintik eztabaidatu gabe.

        Bere kotxera sartu zen kalearen hegal batean nire zain egoteko. Atalzaina ohartu gabe egin nuen ihesi handik lasterrera berarekin biltzeko. Jantzi erabilien denda batetara joan ginen. Galoi eta ezpata-jabe nintzen berriro ere. Manonen kontura izan zen dena, sosik ere ez bainuen. Gainera St. Sulpicetik irten ondoren ez zuen nire gelara diru bila itzul nendin gura izan edonolako oztoporik izan ez nezan. Ezin esan bestalde nire altxorra oparoa zenik, bera ostera B. jaunaren emankortasunari esker nik uzten nuena gutxiesteko bezain aberatsa zen. Dendan bertan hartu behar genuen norabideaz aritu ginen.

        B. uztean bere lepo hartzen zuen sakrifizioa are gehiago azpimarratzeko, harenganako loturak etetea erabaki zuen:

        — Bere altzariak bertan utziko dizkiot, bereak baititu —esan zidan—, baina neurekin eraman behar ditut horrela baitagokit, harengandik lortu izan ditudan bitxiak eta hirurogei mila franko inguru. Ez diot nire buruarenganako inongo eskubiderik eman. Horrela Parisen bizi ahal izango gara beldurrik gabe. Etxe eroso batean zoriontsu izango gara.

        Argi jarri nahi izan nion, beretzat arriskurik ez bazuen ikusten ere, niretzat berriz bazegoela. Eta handirik gainera. Han edo hemen ezagutuko baininduten. Beti ere lehen ere pairatua nuen zoritxarraren ezpata hurbil izango nuela. Baina bera nonbait oso tristatuko zuen Parisetik alde egiteak. Hain nintzen bera nahigabetzeko beldur ezen zernahi arriskuri aurre egiten bainion berari atsegin emateko. Hala ere batez besteko oreka zentzukoa aurkitu ahal izan genuen Paris-etik urre kokatzen zen herrixka batean etxe bat alokatuz. Bertatik hirira jo genezakeen erraz apetak edo premiak deituko gintuenean. Urrun ez den Chaillot hautatu genuen. Manon bere etxera itzuli zen berehala. Tuileries lorategiko ate txikian egongo nintzaion zain. Ordubete gero itzulia zen kotxe alokatu batean bere meneko neskame batekin. Zenbait kaxa zekartzan zeinetan bere jantziak eta baliozko guztia gorderik baitzeukan.

        Aurki ginen Chaillot-en. Lehenengo gau hura ostatuan igaro genuen. Horrela astia izango genuen etxe edo behintzat gela egokiren bat aurkitzeko. Biharamunerako bagenuen gustuko bat.

        Aldaezin ikusten nuen orduan nire zoriona. Izan ere Manon eztitasun eta fintasuna berbera zen. Hain hartzen nuen nireganako ardura xamurrik ezen aurreko nahigabe guztietarik sendaturik ikusten bainuen nire burua. Baginen ordurako jakitunago horregatik gure diru-ondasunen sendotasunaz deliberatu genuen.

        Hirurogei mila libra geneuzkan. Horra gure altxorra, ezin noski pentsa beraz bizi guztirako iraun zezakeenik. Edozein modutan ez geunden gure zorroa gehiegi lotzeko prest. Ez zen ekonomia Manonen lehenengo bertutea, nirea ez zen bezala. Hona zer proposatu nion:

        — Hirurogei mila frankok hamar urtez iraun diezagukete. Chaillot-en bizitzen jarraituz, bi mila ezkutu nahikoa izango dugu urtero. Oneski eta xume bizitzen noski. Gure eralgi bakarra kotxea eta ikuskizunak izango dira. Konponduko gara. Opera atsegin duzula? Astean berritan joango gara. Jokorako ere moldatuko gara. Ez dugu inoiz bi pistola baino gehiago galduko. Guztiz ezinezkoa da hamar urteren buruan gure familian aldaketarik ez izatea. Aita urteetan aurrera doa. Hil daiteke. Orduan nire garaia izango da. Oraingo kezkak ahaztuko ditugu.

        Plangintza hura ez zatekeen nire biziko ekintzarik eroena izarien, baldin eta berari hausturarik gabe zuhurki lotu izan bagintzaizkio. Baina gure erabakia ez zen hilabete baino askoz gehiago luzatu. Manonek bizimodu ona maite zuen. Nik bera. Noiznahi sortzen zitzaizkigun xahutzeko bideak. Eta ni, hark inoiz esku-beteka erretzen diruagatik kexu izan ordez, aurrea hartzen nion nire ustez laket zitzaion guztia eskuratzen niolarik. Baina Chaillot-eko etxea bera ere ez zitzaion jadanik laket. Neguarekin batera jendea hirirantz etorri ohi zen inguruko herrixkak hutsik utziz. Berak ere Parisen etxea hartzea proposatu zidan. Ez nion onartu. Baina zerbaitetan amore emateagatik esan nion gela jantzi bat aloka genezakeela non gaua pasatu baikenezakeen astean zenbait aldiz izaten ziren bileretatik berandu ateratzen ginenerako. Horixe baitzen haren aitzakia Chaillot uzteko, alegia hain berandu itzuli beharraren deserosotasuna. Horrela bada bi etxe-bizitza genituen, bata hirian bestea herrixka hartan. Aldaketa hark arrin eta arras nahaspilatu zituen gure arazoak, gure hondamendia bultzatuko zuten bentura biri atea irekiz.

        Bazuen Manonek neba bat zaintze-guardia zena. Tamalez guretzat, Parisen alokatua aurkitzen zen gure kalean bertan. Goiz batez arreba leihoan ikusi zuelarik, berehala igo zen gurera. Gizon trauskil, ohorea zer zen ezagutzen ez zuena, gure gelara sartu bezain laster birao ezin itsusiagoak jaurtiki zituen. Bere arrebaren benturen zati bat ezagutzen zuenez, irain eta destaina, errukirik gabe aritu zitzaion. Ni unetxo bat lehenago aterea nintzen, bere edo nire zorionerako. Ez bainintzen bestela haren irainik jasateko. Berak alde egin ondoren itzuli nintzen etxera. Manonen tristurak zerbait latzik gertatu zela adierazi zidan. Nozitu berri zuen gertakari laidogarri hartaz mintzatu zitzaidan bere nebaren mehatxu ohilak tarteko. Hain ninduen kontaera hark sumindu ezen haren ondotik aterako bainintzatekeen korrika berehala mendeku bila Manonek geratu izan ez banindu bere malkoekin. Gertakari hartaz ari ginela, goardia hura itzuli egin zen, eta inolako abisurik eman gabe gure gelara sartu. Ez nukeen ez gizalegez hartu izango, ezagutu izan banu; baina elkarri agur egin ondoren irribarretsu, barkamena eskatu zion Manoni izan zuen jokabideagatik: uste izan omen zuen neska zabar itxuran bizi zela. Horrek biztu zuela alegia bere ernegua, baina gure morroietako batek nitaz gauza on asko kontatu ziolarik, gurekin harreman jatorrak izateko gogoa sortu zitzaiola. Nire sehietako batek emaniko argibide hark bitxi eta estrainio kutsurik bazuen ere, oneski jaso nuen haren konplimendua. Horrela Manonek atsegin hartuko zuela uste bainuen. Hain irudi zuen pozik bere neba adiskidetzen ikusteaz! Gurekin bazkaltzera gonbidatu genuen. Laster hartu zuen bere burua etxekotzat eta gure Chaillot-erako itzuleraz aditu zuelarik, gurekin etorri nahi izan zuen. Gure kotxean tokia utzi behar izan genion. Leku-jabetze bat izan zen hura, pozarren sentitu baitzen gure artean, hain azkar non gure etxea berea bihurtu baitzuen, gure gauza guztien nagusi egiten zelarik nolabait. Anaia deitzen ninduen, eta anaitasunezko askatasunaren aitzakiaz bere lagun guztiak gure Chaillot-eko etxera ekartzeko ohitura hartu zuen, gure lepo bapo gonbidatzen zituelarik. Dotore janzten hasi zen gure kontura. Areago oraindik bere zor guztiak ordain erazi zizkigun. Tirania garbi haren aurrean, begi itxi egiten nuen Manoni atsekaberik ez emateko.

        Ohartzen nintzen bestalde aldian-aldian diru-kopuru dezentea ateratzen ziola bere arrebari. Haren alde esan behar, jokalari amorratua izanik, diruren bat itzuri ohi ziola, adur ona izaten zuenean. Baina eralgipen handiegiak ziren gure ondare txit arruntarentzat. Behin berarekin hitz egitear nengoela bere nabarmenkeriak zirela eta, istripu zoritxarreko batek kezka hartatik itzuri egin ninduen hondamendian leizeratuko gintuen beste bat erakarriz.

        Sarritan bezala, Parisen geratu ginen behin bertan lo egiteko asmoz. Horrelakoetan bera bakarrik Chaillot-en geratzen zen neskamea, biharamun goizean etorri zitzaidan esatera, gauez etxea sutan hasi zela, eta oso zaila gertatu zela sua itzaltzea. Gure altzariek kalterik izan zuten galdegin nionean, haren erantzuna izan zen nahasmendu izugarria gertatu zela kanpoko asko igo zelako sorostera. Berak ez zezakeela bada ezer segurta. Kutxa txiki batean gorderik geneukan gure diruaren oroitzapenak ikara betean jarri ninduen. Chaillot-era jo genuen azkar. Alferrikako ardura! Han ez zen kutxarik!

        Orduantxe sentitu nuen dirua maite daitekeela zekena izan gabe. Galera hark hain ninduen gogor astindu, ezen burua galdu behar nuela sumatu bainuen. Berehala konturatu nintzen zer nolako zoritxar berriren arriskupean aurki nintekeen. Behar gorria zen hala ere txikiena. Ezagutzen nuen Manon. Ongi baino hobeto nekien jakin, patua gure alde genuenean zein leial eta fidel izaten nuen, baina miseria garaian ez zen inola ere horrelakorik gertatzen. Oparotasuna eta plazerak gustagarriegi zituen ni haien ordez jartzeko.

        «Galdu eginen duk —nioen nire artean—. Galdu, zaldun zorigaiztokoa! Orain ere maite duan guztia galdu behar duk.»

        Pentsamendu hark hain ninduen gogor astindu, zenbait minutuz nire burua hiltzeko gogoa etorri baitzitzaidan nire gaitz guztiei amaiera emanez. Hala ere oraindik nire baitan gorderik neraman zuhurtasun apurrak ea aurrenik baliabideren bat lor nezakeen aztertzera bultzatzen ninduen. Goiko Zeruak nire etsipena geldiaraziko zuen ideia sortarazi zidan. Uste izan nuen galera hura Manoni ezkutatzea ez zitzaidala ezinezko izango, eta amarruz edo menturaz mantendu ahal izango nuela zintzoki estutasunik senti ez zezan. «Nire kalkuluen arabera —esaten nuen nirekiko—, hogei mila ezkutu aski izango ditugu hamar urtetarako. Eman dezagun hamar urteok iraganik ez dela nire familian espero dudan inolako aldaketarik eman. Zer egin orduan? Nora jo? Ezin garbi esan, baina nork eragozten dit orduan egin nezakeenik egun ez egitea? Zenbat eta zenbat pertsona ez ote dira bizi Parisen, nire jakinduria eta nire berezko liraintasunik gabe, eta hala ere bizi-mantenua beren berezko gaitasunei esker lortzen dutenik! Probidentziak —pentsatu nuen biziaren egoera desberdinez gogoeta egiten nuelarik, ez ote ditu gauzak era zuhur batez antolatu? Handikiak eta aberatsak inozoak izan ohi dira. Mundua pittinen bat ezagutzen duenak ondotxo daki hori. Horratx zuzentasun zoragarria. Jakinduria aberastasunari erantsiko baliote, zoriontsuegi izango lirateke eta gainerako gizakiak miserableegiak. Azken hauei gorputz-arimetako tasunak ematen zaizkie miseria eta pobreziatik itzur egin dezaten. Batzuek handikien ondasunetan hartzen dute esku berauen plazeretan era maltzurrez zerbitzatuz; bestetzuk beraien hezkuntzan ari dira jende zentzuzko bilaka daitezen, arrakasta egiatan esateko oso bakan lortzen dutelarik. Baina hori ez da jainko-zuhurtziaren helburua. Beren ardurei etekina ateratzen diote beti, hots: hezten dituztenen kontura bizi ohi dira; beraz edozein ikuspegitatik begiraturik ere aberats eta handikien inozokeria irabazpide bikaina da jende xumearentzat.

        Burutapen hauek bihotz-buruak lasaitu zizkidaten. Aurrenik Lescaut jauna Manonen neba kontsultatzea erabaki nuen. Oso ongi ezagutzen zuen Paris. Hainbat aldiz izan bainuen aukera jakiteko, bere diru-iturririk handiena ez zetorkiola ondasun propiotik ez eta soldatatik. Patrikan nire zorionerako aurkitu nituen hogei pistola baino ez neuzkan. Nire zoritxar eta zalantzak ezagutarazten nizkion bitartean nire zorroa erakutsi nion. Galdetu nion ea ba ote nuen gosez hiltzea eta etsipenez burua harri baten kontra apurtzearen artean aukerarik. Ihardetsi zidan norbere burua hiltzea txepelen irtenbidea zela: gosez hiltzeagatik berriz gehitu zuen, jakinduria handiko jende anitz bazela mutur horretaraino eroria, bere adimenaz baliatzen asmatzen ez zuelako. Niri zegokidala noraino heltzeko gai nintzen aztertzea. Nire ekinbide guztietan bere laguntza eta aholkuak segurtatzen zizkidala.

        — Gauza arras lainotsua dirudi horrek Lescaut jauna —erantzun nion— Nire premiak sendagai azkarragoa behar du, zeren zer esango diot bestela Manoni?

        — Bada, Manon aipatu duzularik —hartu zuen berriz hitza—, zerk kezkatzen zaitu harengan? Ez al duzu beti ere berarengan zure larritasunak amaitzeko biderik onena? Pentsa, horrelako neska batek biok —zu eta ni— manten gaitzake.

        Hitz desegoki haiek merezi zuten erantzuna eten egin zidan jarraitzen zuelarik esaten iluntzerako mila ezkutu bion artean banatzea bermatzen zidala bere aholkuari jarraitzekotan. Ezagutzen omen zuen plazeren munduan gizaseme bat hain eskuzabala zeini mila ezkutu ez baitzitzaion deus irudituko Manon bezalako neska baten begikoa lortzeagatik.

        Moztu egin nion hitza: —Zutaz iritzi hoberik nuen, uste bainuen eskaini zenidan adiskidetasuna orain azaltzen ari ez zaren irizpidearen guztiz bestelakoa zela.

        Baina berak ostera aitortu zidan maltzurki, beti pentsaera bera izan ohi zuela, bai eta bere arrebak bere sexu-legeak bortxatu zituelarik behin —maiteen zuen gizonarekin izan bazen ere—, berarekin adiskidetu zela, beraren portaera txarretik etekinik ateratzeko esperantzan.

        Arin ohartu nintzen ordura arte beraren amarrupean egon ginela. Bere eleek sortarazi zidaten suminagatik ere, bere menpean nengoenez, erantzun beharrean jarri ninduen esaten niolarik irribarrez bere aholkua azken bitarteko eta ezinbestean erabili beharrekoa izango nuela. Beste bideren bat ireki ziezadan erregutu nion. Nire gaztetasunaz baliatzeko proposatu zidan, alegia naturak eskaini zidan itxura ederraz emakume adineko eta emankor batekin harremanetan ipintzeko. Ez. Jokabide hark ere ez ninduen asetzen, ez bainintzaion Manoni fidel izango.

        Jokoa aipatu nion, nire iduriko nire egoerari hobekien eta errazen zetorkion bidea izanik. Bai, horrela zela, jokoa baliabide zitekeela baina aurrez argitu beharreko gauza zela. Izan ere jokoari besterik gabe kateatzea ohizko etekinik ateratzeko asmoz, nire hondamendiari azken gezia sartzea omen zen.

        Norbera bakarrik eta laguntzarik gabe jarduteak, hots, gizon trebeek beren ondarea ildoratzeko erabili ohi dituzten bidexka horiek ezagutu gabe, lantegi arriskutsuegia zatekeela. Bazela bada, hirugarren bat elkartzearena alegia, baina beldur zela elkarkideek gazteegitzat ez ote ninduten joko, eta bidenabar elkartean sartzeko beharrezko ziren tasunen jabe oraindik ez nintzela jabe iritziko. Edozein modutan bere eragina agindu zidan haien baitan, bai eta —eta hau ez nuen berarengandik espero— dirua premia gorriak itotzen ninduenerako.

        Zertzelada haien berri ez eta nire galeraz ez ziezaiola Manoni deus kontatu. Horixe izan zen eskatu nion mesede bakarra.

        Etxe hartatik irten nintzenean lauso handiago nuen begien aurrean. Damutu ere damutu nintzen nire sekretua aitortu niolako. Izan ere ez zuen fitsik ere nire alde egin, neure kasa berdin-berdin lortuko ez nukeen gauzarik behintzat. Izutu egin nintzen bestalde pentsatuz Manoni guztia kontatuko ziola, eman zidan promesa hautsiz. Hala ere haren ideien adierazpenetik sumatu nuen ez zuela Manon nire besoetatik erauzteko asmorik —bere esamoldeetan adieraziz— edo behintzat ez ziola nigandik alde eta beste amorante aberats eta zoriontsuago bati uztartzeko aholkatuko. Guzti hartaz nire burua asaldatzea eta goizean nozitu nuen etsipena berritzea baino lortu ez zuten mila eta bat gogoeta erabili nuen. Hainbat aldiz aitari idaztea deliberatu ohi nuen, ostera ere konbertitze berri baten itxura eginez, ea diru-laguntzaren bat erdiesten nuen; baina bat batean gogoratu nintzen hura ontasun handiko gizasemea izan arren, sei hilabetez hertsirik gorde ninduela nire lehenengo erruagatik. Txit seguru nengoen bestalde, nire St. Sulpice-tiko ihesaren ondoren sortuko nuen harrabotsaren ondotik askoz gogorrago hartuko ninduela. Burutapen nahaspila hark nire barnera barealdia ekarri zuen beste bat sortu zuen. Eta nola ez nintzen hartaz lehenago oroitu oso ninduen harritu. Tiberge adiskidea nuen buruan. Berarengana joko nuen bada. Ziur bainintzen betiko adiskidetasun eta atxikimenduzko oinarria aurkituko nuela. Ez da ezer miresgarriagorik, eta ez dio bertuteari ohore handiagorik ematen beren prestutasunagatik ongi ezagunak ditugun pertsonengana hurbiltzeko izaten dugun konfiantza baino. Inolako arriskurik aurkituko ez dugunaren zirrara datorkigu; laguntza emateko egoeran ez badaude ere, seguru gaude haiengandik onginahia eta urrikaltasuna lortuko ditugula. Gainerako gizakiengan hain arretatsu hertsi ohi den bihotza, beraien aurrean ostera berez zabaldu ohi da, eguzki errainuen epel goxoa espero duen lilia bezala. Jainko-babesaren ondoriotzat jo nuen Tibergez oroitzea. Horregatik eguna amaitu orduko bera ikusteko bideak bilatzeari ekin nion. Etxera itzuli nintzen berehala berari idazteko elkarrizketarako leku aproposa adierazten niolarik. Isiltasuna eta zuhurtasuna eskatzen nion, nire arazoak aurkitzen ziren kinkan laguntza ezin handiagoak iruditzen baitzitzaizkidan. Bera ikusteko itxaropenak ematen zidan pozak, Manonek bestela nire begitartean aski ongi nabarituko zituzkeen nire saminaren arrastoak ezabatu zituen. Manoni bada, gure Chaillot-eko ezbeharraz edozein huskeriari ematen zaion garrantzia eskainiz, inolaz ere larritu ez zezakeen eran hitz egin nion. Paris bera pozak txoratzen sentitzen zen lekua izanik, ez zion muzin egin han bertan gelditzeari harik eta Chaillot-en sure txikiaren ondorioak konpon zitezen arte. Ordubete gero, Tibergeren erantzuna jaso nuen, aipatu nion lekura etorriko zenaren aginduaz. Artegaturik abiatu nintzen bertara. Banuen hala ere lotsa apur bat nire nondik norakoengatik errieta baino jaso ez nezakeen lagun baten aurrera agertze soilagatik. Baina bere bihotz-ontasunak eta Manonenganako nuen xerak nire ahuldadea menperatu zuten. Palais-Royal-eko lorategira biltzeko esana nion. Eta bertan zen ni baino aitzin. Besarkatzera aurreratu zitzaidan ikusi orduko. Luze estutu ninduen bere besoen artean. Istant hartan nire aurpegia malkoz beterik sentitu nuen. Adierazi nion burua nahasturik agertzen nintzaiola, bihotz barrenean nire eskertxarraren damu bizia neramalarik, eta arren eta arren eskatzen niola, esateko otoi, laguntzat jo behar ote nuen oraindik, hain zuzen bere estimua eta oniritzia galtzea merezi izan bainuen arrazoi osoz. Tonurik kutunenaz ezerk ez zuela eskubide horretatik baztertuko aitortu zidan. Nire atsekabeek oro bai eta ondokoa kanporatzen uzten banion, hots: nire akats eta nasaikeriek alegia, bere nireganako xera gehitu egin zutela; baina saminik bizienaz nahasturik zetorkiola, hain zuzen maite den pertsona bere galeraren leizerantz amildurik ikustean sentitzen dena. Banku batetan jesarri ginen. —Ai! —esan nion bihotzaren erditik irtendako hasperenaz—. Zure errukiak izugarria behar du Tiberge maitea nire oinazeen bezainbestekoa dela badiostazu. Ahalke nauzu beroien adierazteko, aitortu behar baitut beroiek sortu arrazoia ez dela oso loriosa. Baina hain duzu beraien eragina tristea, ezen ez delarik beharrezko zuk maite nauzun bezainbat maitatzea hunkitua sentitzeko. Nire St. Sulpice-ko irteera ondotiko zertzelada guztiak gezurrik gabe konta niezazkion eskatu zidan, adiskidetasun froga bezala. Horrelaxe egin nuen. Eta egiaren saihestea inondik ere pentsatu ez nuelarik, nire maite-grinaren berri eman nion, horrek nire baitan sortzen zuen indar guztiaz. Niri gertatutakoari patuaren halabeharrak ekarritako kolpe iritzi nion, ni bezalako miserable bati itsatsia, beraren aurka bertuteak deus gutxi zezakeelarik, ez eta zuhurtasunak aurreikus. Nire kezka eta beldurren azalpen gordina egin nion. Bai eta bera ikusi aurretiko bi ordu lehenago astindu ninduen etsipen zartadaz, zeinetan eroriko bainintzen berriro patuak bezain doilorki lagunek ere baztertzen baninduten; hitz batez esateko hain nuen hunkitu Tiberge jatorra non bera bere aldetik errukiz beterik ikusi bainuen, ni nire pairakuntzaz nintzen bezainbeste. Ez zen ni besarkatzen eta kuraia eta kontsolamendua izan nezan erregutzen nekatzen. Baina bere iritziz beti ere Manonengandik banatu beharra izango nuenez, adierazi nahi izan nion banaketa hari berari nire zorigaitzik handiena irizten niola, gehitzen nuelarik ez bakarrik miseriaren azken astindu bortitza jasateko prest ninduela, baizik eta heriorik ankerrena ere, nire gaitz guztiak batera baino jasangaitzago izan zitekeen sendagaia hartu aurretik. —Argi iezadazu arren orduan —esan zidan, zer nolako laguntza-mota emateko gai nauzun zuk zeuk nire eskaintza guztiei uko egiten badiezu. Ez nintzen ausartzen esaten, bere diru-zorroaren beharra nuela. Azkenean baina ulertu zuen, eta aitortzen zidalarik konprenitzen ninduela une batez pentsakor gelditu zen, zalantza bizi duen pertsonaren tankeran. —Ez pentsa —jarraitu zuen laster batera—, nire hausnarketa adiskidetasun epeltze baten ondorioa denik. Baina zer nolako mugarria jartzen didazun! Onartu nahi duzun laguntza bakarrari uko egin behar al diot, ala ostera nire eginbeharra urratu eskatzen didazuna ematen badizut? Zeren ez al da guzti hau zure nasaikerietan esku hartzea beroietan jarrai dezazun iraun erazten lagunduaz? Edozer delarik ere, jarraitu zuen gogoeta laburraren ondotik, iruditzen zait agian txirotasunak erakarritako itsumenak ez dizula askatasunik aski uzten norabiderik hoberena aurkitzen. Egoera lasaia behar da zuhurtasuna eta egia dastatu ahal izateko. Bidea aurkituko dut dirurik izan dezazun. Zilegi bekit baina zaldun bihotzekoa —gehitu zuen besarkatzen ninduela— baldintza bakarra baino ez ipintzea: alegia, zure etxeko helbidea eman diezadazula onartu behar izango duzularik nire ahaleginak burutu ditzadan bertutearen esparrura ekar zaitzadan, bai baitakit berori maite duzula, zure grinen oldarrak urrutiratzen bazaitu ere. Eskatzen zidan guztiari amore eman nion leialki nire aldetik erregutzen niolarik nire patuaren ankerkeriaz erruki zedin lagun jatorraren aholkuei hain etekin eskasa ateratzera bultzatzen baininduten. Aldean dirurik ez zeramanez, ezagun zuen banka-gizon baten etxera gidatu ninduen, zeinek beraren bermepean ehun pistolaren mailegua egin baitzidan. Esana dut nire laguna ez zela aberatsa. Bere errentak mila ezkutu zemaizkion; baina jasotzen zuen lehenengo urtea izanik, ez zuen oraindik ezer bereganaturik; beraz mailegu hura etorri behar zitzaionaren aurrerapen bat baino ez zen. Bere eskuzabaltasunaren handitasunak arras hunkitu ninduen. Nire betebehar guztiak bortxatzera ninderaman maitasunaren itsukeria deitoratzeraino. Aldi batez bertuteak aski indar izan zuen nire bihotzean pasioaren gainetik altxatzeko, orduantxe —argialdi hartan konturatu nintzen zein lotsa eta duintasunik eza zerien nire kateei. Ai baina! Gatazka hura arina izan zen. Ez zuen luze iraun. Manonen ikusteak berak zerutik bertatik amilduko nindukeen. Horregatik harritu egin nintzen, beraren ondoan berriro aurkitzean, hain xarmangarri zen harenganako maitasun egiazkoari lotsagarri iritzi izateagatik. Manon aiurri izugarriko izakia zen. Ez da inoiz diruari berak baino lotura gutxiagorik daukan emakumerik ezagutu. Baina ez zen lasai egoten hura faltako zitzaionaren beldurrarekin. Plazera eta dibertitzea beharrezkoak zituen. Ez zion sos bat bera ere irabaztea ardura, dirurik gabe dibertitzea ahal izaten bazuen. Eguna ongi pasatu, hori zuen goiburu, ez zuen bada gure ondarearen egoera nolakoa zen jakiteko galdetu ere egiten. Gauzak horrela oso jokozale ez izanik eta xahutze nabarmenek ere distira handirik egiten ez ziotenez, ez zen zaila bilakatzen beraren asebetetzeko egunero bere gogozko olgetak antolatzea. Baina hain zuen plazeraren premia ezinbestekoa, ezen ez zegoela deus egiterik hori gabe bere umore eta aiherren poza lortzeko. Sutsuki maite baninduen ere, ni neu bakarrik nintzelarik berak aitortzen zidanez amodioaren gozamenez erabat asetzen zuena, ia ziur nintzen bere xarmantasunak ez ziela nire zenbait beldurri eutsiko. Munduko beste edonor baino ni nahiago izango nindukeen nire hala-moduzko patuarekin ere, baina ez nuen inolako zalantzarik beste B... berri batengatik abandonatuko ninduenarena, nik berari jarraikortasun eta fideltasunezko fardel arina baizik eskaintzea izango nuen garaian. Guzti hori zela eta, nire gastu propioa ongi neurtu beharrean aurkitu nintzen beti ere bere premiak hornitzeko prest izanik, ni ostera beharrezko nituen makina bat gauza baztertuz, berari berriz gauzarik ilaunena ere ukatu gabe. Zalgurdiak enparauzkoak baino gehiago kezkatzen ninduen ez bainuen zaldiak eta zaltzaina mantentzeko ahalbiderik ikusten. Nire larrialdia Lescaut jaunari jakin erazi nion. Ez nion bestalde isildu lagun batengandik ehun pistola jasoak nituenik. Berriro ere esan zidan, jokoaren mundura hurbildu nahi banuen, uste zuela alegia ehun frankoren truke elkarkideak erostea erdiets ziezadakeela, horrela elkartean sar ahal nendin. Iruzurrak nazka ematen bazidan ere, premia gorriak bentzutu egin ninduen. Lescaut jaunak gau hartan bertan bere ahaide bezala aurkeztu ninduen. Adu hoberenaren beharrean nengoenez orduan eta gertatuago aurkitzen omen nintzen arrakasta izateko. Hala ere gizon haiei nirea ez zela gizaseme ezdeus baten miseria sinestarazteko, esan zien beraiek afaltzera gonbidatzeko asmoa nuela. Eskaintza onartua izan zen. Ezin bikainago hartu nituen. Luze mintzatu ziren nire jentiltasun eta gaitasun handiez. Nigandik gauza anitz espero zitekeela, zeren gizaseme jatorraren itxura nuelarik, ez omen zen inor nire jukutriez konturatuko. Azkenik Lescaut jaunari eskerrak eman zizkioten, elkartera hain nobizio baliotsua erakartzeagatik. Erabaki zuten halaber beraietako zaldun batek zenbait egunetan zehar premiazko argibideak emango zizkidala. Nire balentrien abiapuntua Transilvania hotela izango zen, non jokorako mahai berezi bat baitzegoen, bai eta zenbait dado eta karta-joko korridorean. Elkarte hura garai hartan Clagny-n bizi zen Rko printzearen onuretan aritzen zen, bertako ofiziale gehienak gure elkarteko kideak zirelarik. Esateak ere lotsa ematen dit, baina azkar aprobetxatu nituen nire maisuaren irakaspenak. Trebetasun izugarria lortu nuen batez ere, buelta-erdia egiten, kartak desagerrarazten. Mauka-pare luzearen laguntza ezin estimagarriagoa nuelarik, abilenen begiak nahastu eta jokalari ondratu askoren hondamendia lasai asko ekarriz. Trebetasun hark bada, nire ondasuna metatu zuen azkar, ezen aste gutxiren buruan diru-kopuru ederraren jabe egin baininduen, nire elkarkideekin batera lege onez banatu genituenak kontatu gabe. Ez nuen engoitik Manoni gure Chaillot-eko galeraren berri emateko beldurrik izan, eta berri penagarri haren ematearekin batera, etxe jantzi bat alokatu nuen non oparo eta dotore bizitzen hasi baikinen. Ez zuen Tibergek aldi guzti hartan ikustaldi ugari egitea ahaztu. Haren moral-irakaspenak ez zuen agorbiderik. Berriro eta etengabe nire kontzientzia, ohore eta ondasunari egiten nien kaltea errepikatzen zidan. Irizpide haiek adiskidetasunez jaso nituen. Izan ere, nahiz eta beraiei jarraitzeko ezein pentsamendurik ez izan bere ardura eskertzen nion, haren jatorria ezagutzen bainuen. Inoiz zirikatu egiten nuen Manon aurrean nuelarik erregutzen niolarik hainbat apezpiku eta apaiz baino xuhurrago izan ez zedin, gai baitira hauetako asko amorantea eta eliza-eginkizunak oso ongi uztartzen. —Ikus —esaten nion nire kutunaren begiak erakutsiz—, eta esan ez ote den honen helburu ederrik justifika ez dezakeen errurik. Handia zuen egonarria. Baina urrutiegi ere bultzatu zuen. Hala ere nabaritu zuenean nire irabaziak hanpatuz zihoazela bere ehun pistola itzuli ez ezik, etxe berri bat alokatu eta gastuak bikoiztu egiten nituela, oraindik areago plazeren munduan murgiltzera nindoala berriro, tonu eta jokaerak aldatu zituen. Nire egoskortasuna deitoratu eta zeruko zigorrarekin mehatxatu ninduen, laster iritsiko zitzaidan hainbat zoritxar iragarriz. —Ezinezkoa da —esan zidan—, zure nasaikerien mantenurako darabiltzazun irabaziak legezko bideetatik datozenik sinestea. Zuzengabekeriaz zureganatu dituzu. Era berdinez erauziak izango zaizkizu. Jainko-zigorrik izugarriena beraien gozamenean trankil jarrai dezazun litzateke. Zertarako izan ote dituzu nire aholku guztiak! Beldur naiz laster desegoki ere ez ote zaizkizun irudituko. Agur lagun herbal eta eskertxarrekoa! Ailitez zure plazer doilorrak itzalaren antzo aiena! Ailitez zure adur ona eta diruok itzulbiderik gabe gal! Eta zuk bakarrik eta biluzik oso erotu izan zaituzten ondasunen hutsalkeria senti dezazula! Une horretan bai, zu maitatzeko eta zerbitzatzeko prest izango nauzu; baina gaur eta orain zurekin dudan harreman oro eten egiten dut eraman izan duzun bizia gaitzesten dudalarik. Nire gelan bertan Manon aurrean genuela, egotzi zidan hitzaldi elizkoi hura. Zutitu eta alde egitera zihoala ikusirik geratu nahi izan nuen, baina Manonek joaten uzteko esan zidan zoraturik zegoela adieraziz. Baina haren hitzaldiak utzi zuen bai lorratzik nigan. Nire bihotzak zintzotasuneranzko itzulaldiak sentitu zituen aldarteak gogoratu nahi ditut zeren honelako oroitzapenei zor baitiet nire sendotasunaren zati bat nire bizitzako zertzeladarik beltzenen garaian. Manonen laztanek istant batean desagerrarazi zuten enkontru hark eragin zidan tristura. Plazer eta amodioz osaturiko bizitza egiten jarraitu genuen. Gure ondasunen gehikuntzak biderkatu egin zuen gure maitasuna. Venus eta Patuak ez zuketen jopu zoriontsu eta kutunagorik ezagutu izango. O Jainko Jauna! Zergatik adierazi mundua, miseria lekua denik berton gozamen hain atseginik dasta daitekeenean! Baina ai alajaina! Tamalez bere berezkoa dute azkar iraungi beharra. Zein bestelako zorionaren bila gindoazke gure hauek iraupen betierekoa balute? Gureek bada ohizko zoria ezagutu zuten: iraupenez labur eta damu aldetik garratz. Jokoan hain etekin handiak lortu nituelarik nire diruaren zati bat nonbaiten ezartzea bururatu zitzaidan. Nire morroiak nire arrakastaren jakinaren gainean zeuden, batez ere nire sehiak eta Manonen neskameak, zeinen aurrean maiz elekatzen baikinen lasai asko. Aipatu neskamea polita zen, nire sehia berriz maitemindurik zebilkion. Ugazaba gazte eta jasanberen zerbitzari zirenez, begitandu zitzaien haiek aise engaina zitzaketela. Helburu horren bila joan ziren, eta gure kaltetan gorpuztu zuten inoiz ezin atera izan ginen kinka larrian jartzen gintuztelarik. Lescaut jaunaren baitan afaldu genuen egun batean gau erdi-inguruan itzuli ginen etxera. Nik nire sehia deitu nuen, Manon-ek bere neskamea, ez bata ez bestea han ez zen inor agertzen. Esan ziguten zortzietatik ez zituztela etxean ikusi, zenbait kutxa garraiatzeko agindua emana zutelarik irten omen ziren, nigandik jaso omen zuten mandatuei jarraituz. Egiaren alderdi bat hauteman banuen ere, urrun ziren nire susmoak gelan sartzean ikusi nuenaz alderatzeko. Nire idaztegiko sarraila derrigortua eta dirua eta jantziak eramanak izan ziren. Guzti hartaz gogoeta egiten ari nintzela bakarrik, Manon hurbildu zitzaidan izu-ikaran bere gelan harrapaketa berdintsua egin zutela esanez. Hain latza iruditu zitzaidan zartada hura, ezen nire zentzuei ahalegin izugarria eskatu behar izan bainien zotin eta negarrei eusteko. Nire etsialdia Manoni kutsatzeko beldurraren beldurrez aurpegi patxadatsua agertzeko itxura egin nuen. Esan nion txantxetan, aurkituko nuela nire mendekua norengana egotzi Transilvania hotelean.

        Hala ere gure nahigabearen aurrean hain sentibera iruditu zitzaidan, non bere tristurak ni neu goibeltzeko indar handiagoa izan baitzuen, nire itxurazko pozak bera bere eroralditik jasotzeko izan zuena baino.

        — Galduak gara. —esan zidan begiak bete malko—. Nire ferekek kontsolatu nahi izan zuten. Baina alperrik. Nire malkoek berek ere ez al zuten nire etsipen eta hondamendia azaltzen? Alkandora bat bera ere ez zitzaigun geratzen. Hain zen egundokoa gure suntsipena!

        Berehala norbait Lescaut jaunaren bila bidaltzea erabaki nuen. Polizia buruarengana bai eta Pariseko Probestuarengana jotzeko lehenbailehen aholkatu zidan. Eta egin banuen egin nuen. Guztia nire zoritxarrerako. Zeren bilaketa hark eta justizia funtzionario biri egin erazi nizkienek ezer ez argituz landa Lescauti denbora eman baitzieten ni kanpoan nintzen bitartean bere arrebarekin hitz egin eta berarengan erabaki izugarri hura pizteko. Mko G. jaunaren gainean mintzatu zitzaion. Gizaseme, agure lizunkoi hura hobeto esateko, emankorra zen plazerak ordaintzen. Nebak, haren babesean jartzen bazen hainbat abantailez elekatu zion, non gure ezbeharraren ondoren lur jota zegoenez, proposatu zion guztia onartu zion. Itun ohorezko hura ni itzuli nintzenerako ebatzirik zuten, biharamunean mamitua izango zelarik, Lescautek Mko G. jaunari gaztigatu ondoren.

        Zain nuen etxean nire maitearen neba. Baina Manon ostera oheratua zen jadanik, bere lakaioari agindu ondoren niri adierazteko alegia, atseden premia zuela eta gau hartan utzi nezala bakarrik bere gelan. Lescautek bere aldetik alde egin zuen onartu egin nizkion zenbait pistola eskaini eta gero. Laurak izango ziren oheratu nintzenean. Nire ondasuna nola berreskura burua nekatzen aritu nintzelarik, hain ninduen berandu loak hartu, eguerdira arte ez nintzela iratzarri. Goizaldean Manonen osasunaren berri jakiteko jaiki nintzen; baina ordubete lehenago bere bila etorri zen zalgurdi alokatu batean alde egina zela bere nebarekin esan zidaten.

        Horrelako irteera Lescautekin arraro xamarra iruditu bazitzaidan ere, ez nintzen aiher izan nahi. Horregatik nire susmoak ezabatu egin nituen. Gauzak horrela zenbait ordu pasatzen utzi nuen anartean irakurtzen jardun nuelarik. Baina geroxeago nire egonezinak astindurik, etxea gelarik gela zeharkatu nuen arin-arin. Manonenean gutun zigiludun bat ikusi nuen mahai gainean. Niri zuzendua eta berak idatzia zen. Hotzikara larriz zabaldu nuen. Ondoko hitzek betetzen zuten hura: —Zin egiten dizut, zaldun maitea, zeu zaitudala nire bihotzaren idoloa. Ez dezakedala nik maite dudan indarrez beste inor zeu baizik maita. Baina ez al duzu ikusten nire barreneko kuttun horrek nozitzen ari garen egoera larri honetan, fideltasuna bertute inozoa dela? Ala uste al duzu benetan badela amodiozko grinarik ahora eramateko ogirik gabe? Goseak itzulezinezko atakara garamatzake. Egunen batetan ziur izan nire azken hasperena maitasunezkoa izango da. Adoratzen zaitut. Otoi, ez izan zalantzarik; utzi baina faborez aldi batez nire esku gure ondasunaren gobernua. Madarikatua zinez nire sarean trabatuko dena. Nire zalduna aberats eta zoriontsu bilaka dadin ari naiz lanean. Nire nebak zure Manonen berri emanen dizu bai eta nolako negar-zotina sortarazi dion zuregandik alde egin beharrak.

        Irakurketa haren ostetik azaltzea txit nekeza zaidan kinkak astindu ninduen. Gaur egun ere oraindik ez baitakit zer nolako sentimendu motak inarrosi ninduen orduan. Inoiz antzerakorik sentitu izan ez duzun bakan horietakoa zen: besteei argitu ezin izango geniekeen horietakoa; ez baitute hartaz ideiarik ere; norberari ere zail egiten zaiolarik haien ulertzea, bakarrak izanik ez baitzaie ezeri ere lotzen gure oroimenean, ezin ditugularik bada sentimendu ezagun batekin konparatu. Hala ere nire sentimenduen jatorria edonondikoa izanik ere, garbi zegoen bertan, oinazea, sumindura, jelosia eta ahalkea barne zirela. Zoriontsua ni, maitasuna bera ere han barruan izan ez bazen!

        Maite nau, sinetsi nahi dut —nioen nire baitan— baina ez ote munstroa izan behar ni gorrotatzeko? Ba ote luke norbaitek bihotz batengan nik harenean behar nukeen hainbat eskubide? Zer gehiago dezaket beragatik? Den-dena naizen guztia eskaini izan diot. Eta hala ere utzi egin nau. Eta eskertxarreko horrek uste du nire erdeinuetatik aske gelditzen dela ni maitatzen jarraitzen duela esatearekin. Izu dio goseari. Ai Jainko ahalguztiduna! Zeinen sentimendu arruntak! Zein gaizki erantzuten dioten nire fintasunari! Ez naute ni ostera izutu berariaz lazeriaren menpean egon naizen hau! Beragatik bere ondasunari eta aitaren etxeko erosotasunari uko egin dion hau! Gauzarik premiazkoenak ere saihestu behar izan ditudan honek, bere nahikundeak eta gutiziarik ñimiñoenak ase zitzan. Adoratzen nauela dio. Ai adoratuko baninduzu eskertxarreko horrek! Ongi dakit norengandik jasoko zenituzkeen aholkuak; ez nindukezu abandonatuko agur ere esan gabe. Jo bezate niregana zer nolako samin doilorrik nozitzen den zorabiatzen zaituen pertsonarengandik banatzen zaituztenean ezagutu nahi dutenek. Galdua behar luke zentzua arrisku horietan harrapatua izateko nahita.

        Nire erosta haiek espero ez nuen bisita batek eten zituen: Lescaut zen.

        — Borrero madarikatua! —esan nion ezpata eskura ekarriz—. Non duzu Manon? Zer egin diozue?

        Nire zirkinaldiak beldurtu egin zuen. Orduan berak erantzun zidan horrelako harrera egin behar banion kontutan izanik egin ziezadakeen mesederik handiena burutzera zetorrela, joan egingo zela eta ez zuela inoiz gehiago hankarik ipiniko nire etxean. Gelako aterantz jo nuen orduan eta hura ongi itxi eta gero berarengana buelta emanez esan nion: —Ez pentsa berriro ere lelotzat hartuko nauzunik eta zure ipuinekin engainatuko. Itzul Manon edo gertu bestela zure bizia defendatzeko.

        — Zeinen oldarkorra zaitugun! —ihardetsi zuen berak—. Ez dakart beste sujetik. Asma ez dezakezun berri bat dakarkizut zeure zorionerako. Berori entzunez, onartuko duzu baduzula agian nireganako zorrik.

        Hitz haiek lehenbailehen argitzeko eskatu nion. Berak adierazitakoaren arabera. Manonek ezin zuelarik lazeriaren beldurraz iraun, eta batez ere behingoan gure egoera aldatu zela bereganatu, eskuzabal ospea zuen Mko G. jaunaren ezagutza bidera ziezaiola eskatu omen zion. Ezkutatu egin zidan baina berak aholkatu eta halaber bidea erakutsi ziola.

        — Harengana eraman dut gaur goizean —jarraitu zuen— eta gizaseme jator hura hain txunditurik gelditu da beraren izaeraz, ezen lehenengo bere landetxera gonbidatu baitu bertan zenbait egun igarotzera. Guzti hau zein onuragarri izan dakizukeen berehala ulertu dudan honek —gehitu zuen Lescautek—, ulertarazi diot abilki Manonek galera handiak izan dituela; eta hain dut beraren eskuzabaltasuna piztu behingoan berrehun pistolaren oparia egin diola. Gaur gaurkoz egoki iruditu zaidala esan diot, baina etorkizunean nire arrebak beharkizun izugarriak izango dituela erantsi, zeren gurasoen heriotzaren ondoren haur txikia zela gure bizkar gelditu zitzaigun neba gaztearen ardura berak hartu baitu, beraz Manoni bere xeraren duin irizten bazion, ez zuela bere erraien zati jotzen zuen haur gajoaren bidez sufritzerik utziko. Kontaera honek hunkitu egin du. Hitz eman dit eme eroso bat alokatuko duela zuretzat eta Manonentzat; zu zeu baitzara neba umezurtza. Guztiz nasai kokatuko zaituela, hilero laurehun libraz hornituko; beraz nire kontuak ondo eginak badaude lau mila eta zortziehun urtean. Landetxera irten aurretik agindu dio bere administratzaileari etxe bat aurki eta prest izan dezala itzultzen denerako. Orduantxe ikusiko duzu berriro Manon. Mila laztan bidaltzen dizkizu. Inoiz baino maiteago zaituela esateko agindu dit.

        Eseri egin nintzen nire egoera bitxi haren nondik norakoaz pentsatzen. Sentimenduen sakabanaketa batek dardaratzen ninduen, eta horregatik amaigaitza zen zalantzan, hainbat non luzaro egon bainintzen Lescautek luzatzen zidan galde-sail bati erantzunik eman gabe. Une hartan bertan ohoreak eta bertuteak damuaren ukituak sentiarazi zizkidaten. Begiak herri minez Amiens-erantz, aitaren etxerantz St. Sulpice-rantz eta errugabetasunean bizi izan nintzen leku guztietarantz egotzi nituen. Bai izugarria egoera zoriontsu hartatik banatzen ninduen aldea! Urrutidanik baino ez nuen ikusten itzal bat bailitzan. Nire bihotzmin eta desirak oraindik ere bereganatzen zituen itzala, baina ahulegia bestalde nire ahaleginak sustatzeko.

        «Zer adur gaiztok —nioen nire artean— bilakatu ote nau horren eraile? Maitasuna, pasio errugabea izanik, nolaz aldatu ote da niregan lazeria eta nasaikeria iturri? Nork eragozten ote ninduen Manonen ondoan lasai eta bertutetsu bizitzen? Zergatik ez nuen bada esposatu bere maite-donaria lortu baino lehen? Hain biziki maite ninduen aitak ez ote zukeen baietsiko, legeak onarturiko eskaeren bidez bultzatu banu? Ai gure aitak herak ere alaba xarmangarritzat izango zukeen! Xera handia hartuko ziokeen. Bere semearen emaztea izateko duina oso. Zoriontsu nintzateke Manonen maitasunarekin, aitaren onginahiarekin, jende jatorraren oniritzia jasoz, patuaren onurekin eta bertuteak ematen duen lasaitasunarekin. Iraulketa beldurgarria! Nor da baina aurrez aurre ipintzen didaten pertsonaia zantarra? Zer arraio! Banaketara joango naiz. Ba ote zalantzarik, Manonek berak asmaturiko gauza izanik? Eta galtzen badut morrontza horretan sartzen ez banaiz?»

        — Lescaut jauna —esan nion begiak hertsirik gogoeta penagarri haiek uxatu nahi banitu bezala—, ni zerbitzatzeko asmoa izan baduzu eskerrak demaizkizut. Bide ondratuagoa aukera zenezakeen; baina auzia bukatutzat eman behar, ez al da? Balia gaitezen zure egintzez, bete dezagun zure egitamua. Ez dezagun bestelako pentsaerarik erabil.

        Lescaut, zeini nire haserreak, isilaldi luze batez jarraiki, halako egonezin bat sortu nion, oso poztu zen, nik berak uste zuenaren guztiz bestelako erabakia hartu bainuen. Ez zen inola ere ausarta. Izan nuen bai gero bon frogatzeko astirik. —Bai, bai —hartu zuen hitza azkar—, mesede ezin hobea egin dizut. Ikusiko duzu nola laster orain espero duzun baino etekin gehiago aterako dugun.

        M.ko G. jaunari gure itxurazko senidetasunaz izan zitzakeen mesfidantzak —seguruenik irudikatzen ninduen baino handiago eta nagusiago ikusirik— nola desager geniezazkion pentsatzen jardun genuen. Itxura xume eta probintziarra azalduko nuen beraren aurrean. Sinetsaraziko nion eliza-estatuan sartzeko xedea nuela eta horregatik egunero ikastegira joaten nintzela. Ez genuen beste aterabiderik ikusten.

        Erabaki genuen baita ere oso janzkera arlotean agertuko nintzaiola agur esatera.

        Hiruzpalau egun gero itzuli zen bina. Berarekin eraman zuen Manon administratzaileak atondu zion etxeraino. Manonek berehala gaztigatu zion bere nebari. Lescautek bere aldetik niri deiturik, harantz abiatu ginen biok. Amorante zaharra irtena zen jadanik.

        Manonen nahikundeei amore eman banien ere etsikor, ezin izan nituen nire bihotz oihuminak isilarazi. Triste eta itzalia aurkitu omen ninduen. Bera ikustearen pozak bestalde ez zuen tamalez bere infidelitatearen arrangura erabat estaltzen. Berak ordea, ni ikustearekin guztiz liluraturik zirudien. Nire ezpainek baina eutsi ezinik donge eta infidel hitzak kanporatu zituzten, zizpuruka. Nik omen xalotasunak barrea sortu zion. Ai baina! Nire begiradek berarengan zutela jomuga goibela, bai eta nire izaera eta desiren hain kontrakoa zen aldaketa onartzeko nuen doluaz konturaturik, alde egin zuen bere gelarantz.

        Apur bat geroago jarraitu egin nintzaion. Negarrez ari zen. Non ote zuten malko haiek sorburu galdetu nion.

        — Erraz antzeman dezakezu —esan zidan—. Nola gura duzu bizi nakizun ni ikusteak kopeta ilun eta samindua bai no ez badizu sortarazten? Bada jadanik ordu bete hemen zaudela eta ez dut oraindik zure musuen beroa sentitu. Zuk ostera nireak Turkiar Handiak serrailoan jasoko zituzkeen maiestateaz jaso dituzu.

        — Entzun Manon —erantzun nion besarkatzen nuelarik—. Nola isil diezazuket bihotza arras zartatua daramadanik? Eta ez nagokio orain zure ustekabeko ihesak sortu didan alarmari, ez eta kontsolapen hitzik gabe ni abandonatzeko izan duzun krudelkeriari, gaua nirea ez zen ohe batetan igaro ondoren. Zure presentziaren xarmak hori eta gehiago ahantz eraziko lidake. Baina otoi erradazu, uste al duzu etxe honetan eraman behar izango dudan bizitza triste eta zorigaiztokoaz oroiturik lantu eta egonezinik gabe pentsa dezakedanik? Eta hori esan eta malko batzuk erori zitzaizkidan. Utz ditzagun nire jatorria eta ohorea alde batetara. Ez bitez berriz arrazoi horren xeheak honen maitasun sendoarekin konkurrentzian ipini. Baina ez al duzu maitasun hori berori ikusten horren makur eskertua izateagatik, edo hobeto adierazteko horren maitatzaile eskergaizto eta egoskor batek ankerki tratatzen duelako ikara betean ari dela?

        Moztu egin zidan: —Zaude nire zaldun bihotzekoa, alperrik duzu zure agiraken bidez jarraitzea. Zuregandik etorririk bihotza zulatzen didatela jakin behar zenuke. Ondotxo ikusten dut zerk mintzen zaituen. Gure ondarea apur bat berreraikitzeko neuzkan asmoak onartuko zenituzkeelakoan nengoen. Eta zure fintasuna hunkitua izan ez zedin zure esku hartzerik gabe ekin nion egitamu honi baina etsi eginen dut, zuk ez baituzu baiesten.

        Eroapen poxi bat eskatu zidan egunaren hondarreraino. Agureak berrehun pistola eskaintzeaz gain, iluntzerako perladun lepoko eder bat agindu omen zion bai eta beste zenbait bitxi ere, ahantzi gabe aginduriko urteko pentsioaren erdia.

        — Emadazu mesedez, opari horiek eskuratzeko denbora; zin dagizut baina, ezin izango duela nire buruarenganako eskaini dizkiodan faboreez harrotasunik erakutsi, hirira iritsi bitartean atzeratu baitizkiot. Ez dizut ukatuko ez. Miloi bat aldiz musukatu dit eskua. Bidezko bekio bada, horregatik ordaintzea.

        Laster bost edo sei mila franko ez dira gehiegi izango bere aberastasun eta adinaren arabera. Bere erabakia egia esan, bost mila franko haien itxaropena baino pozgarriagoa iruditu zitzaidan. Une hartan ohartu nintzen nire bihotzak. ez zuela oraindik ohorezko sentimendurik galdu, pozarren aurkitzen baitzen zantarkeria hartatik ihes egiteagatik. Baina zorion llabur eta oinaze luzetarako sortua nintzen.

        Patuak amildegitik idokitzen ninduen baina gero beste batetarantz jaurtikitzen. Manoni mila laztanez adierazi ondoren, zein pozik sentitzen nintzen beraren aldaketagatik, esan nion Lescaut jaunari gaztigatu behar geniola erabakiak batera har genitzan. Hasieran hura marmarka aritu zen, baina diruaren aipamenak berak oso arin makurtu zuen gure helburuetara.

        Akort jarri ginen bada afaltze garaian elkartuko ginela Mko G. jaunarekin. Eta hori bi arrazoirengatik: bata, ni Manonen neba omen, nire burua eskolaumetzat jo behar nuelarik: antzezpen ikusgarria gurea alajaina! Bestea berriz, libertino agure hark ez zezan nire maitalearenganako gehiegizko konfiantzarik har, aurretik hain eskuzabal ordaindu zuela eta, horrek eskubide bereziren bat ematen ziola uste izanik. Lescautek eta biok alde egin behar genuen, hark bere logelara gaua pasatzera jotzen zuen unean bertan. Baina Manonek berari jarraitu ordez irten eta nirekin igaroko zuela agindu zidan. Lescautek bere aldetik kotxea prest izango zuen atean.

        Afalordua iritsi eta Mko G. jaunari ez zitzaion berandutu. Lescaut egongelan zegoen bere arrebarekin. Agurearen lehenengo esku-erakutsia bere ederrari, lepokoa, perladun eskumuturrekoa eta belarritakoak izan zen. Mila ezkuturen balioa bazen han gutxienez. Gero urrezko luis bikainetan bi mila eta laurehun libra eman zizkion, bere pentsioaren erdia hain zuzen.

        Bere bezuza hura xaramela zenbaitez dotoretu zuen, Gorte zaharreko eskolaren eran. Manonek ezin izan zizkion musu batzuk ukatu; txanpon bakoitzaren truk jasotzen zuen beste horrenbesteko eskubideren ordaina zen. Ni ate ostean nengoen. Belarria tente Lescautek sartzeko noiz adieraziko zidan zain.

        Manonek dirua eta bitxiak bereganatu zituenean bere neba nire bila etorri eta eskutik harturik Mko G. jaunarengana eraman ninduen berari gur egiteko agintzen zidalarik. Bizpahiru aldiz gurtu nuen era dotorez.

        — Barkatu beharrean zaude jauna. Esan zion Lescautek. Hasi berria baino ez da. Ez du aise antzeman dezakezunez Paristarren jasik. Baina espero dugu ikasiaz moldatuko dela. Eta niregana buelta emanez hauxe gehitu zuen: —Maiz ikusi ahal izango duzu jaun agurgarri hau hemen, aprobetxa ezazu ongi bada, horren eredu egokia aurrean izanik.

        Gizaseme zahar hark pozik hartu bide zuen konplimendua. Gero, masailean emaro ukituz mutil polita nintzela esan zuen, baina tentuan ibili behar nuela Parisen, gazte asko erraz alperrik galtzen baita. Lescautek baina berehala lasaitu zuen esanez, nik zintzotasun berezkoa nuela, hitzetik hortzera apaiz izatea baino ez nuela ahoan, eta nire jostagairik handiena, gogaide berriak egitea zela.

        — Manonen tankera hartzen diot —ekin zion berriro aitonak kokotsa eskuaz jasotzen zidalarik—. Erarik inozoenaz honela erantzun nion:

        — Pentsa beza berorrek, gure haragi biak oso hurbiletik ukitzen direla, horregatik Manon nire arreba nire baitako zatia bezala maite dut.

        — Ez al duzu entzun? Esan zuen Lescautek. Burua argi dauka mutil honek. Tamalgarria, mundu-bizi apur bat gehiago behar luke.

        — Oi jauna —hasi nintzen berriro ere—. Horietako asko ikusi izan dut elizan, uste dut ni baino leloagorik aurkituko dudala Parisen.

        — Begira —egotzi zuen berak—. Probintziar gaztetxo batentzat ez dago batere gaizki.

        Gure afal orduko autua antzerakoa izan zen. Egun kaskarina zuen Manonek ia-ia hondatu zigun guztia, barreari ekin baitzion zenbait aldiz.

        Afarian zehar gizaseme hari bere historia propioa eta mehatxatzen zuen zorionik gabeko patua kontatu nion. Lescaut eta Manon ikaraturik egon ziren, batez ere haren irudi garbia egin nuenean. Baina bere izaerak bere buruaren islapena ikustea galarazi zion. Eta hain nuen nire kontaera tentu onez amaitu ezen berari ere barregarri iruditu baitzitzaion. Ohartuko zara ez dudala arrazoirik falta eszena barregarri haren xehetasunak emateko. Oherako garaia iritsia zelarik, maitasuna eta urduritasuna izan zituen solasgai. Lescaut eta biok atera egin ginen. Logelaraino lagundu genuen agurea. Gero Manon, aitzakiaren bat erabiliz, gelatik irten eta atera etorri zitzaigun. Bi edo hiru atari beherago zain genuen zalgurdia, gu hartzera etorri zitzaigun. Berehalakoan utzi genuen auzategia.

        Guzti hura makurkeria galanta izan zela aitorturik ere, ez zen nire buruari egotziko niokeen okerrena. Egia esan, eskrupulu gehiago nuen jokoan irabazitako diruarekin. Edozein modutan batari zein besteari mozkin urria atera genion. Zeruak nahi izan zuen zuzengabekeria bietatik arinena hain zuen era gogorrenez zigortua izan zedin.

        Ez zion gauari egunak jarraipen askorik egin, Mko G. jauna iruzurtua izan zela konturatu zenerako. Ez dakit esaten, gaur hartan bertan bilaketari ekin zionetz gure nondik norakoaren bila. Bazuen hark noski itzalik bilaketa haiek alferrikakoak gerta ez zekizkion. Gu ostera, arduragabeak izan ginen, Parisen hedaduraz fidatu ginelako, haren eta gure auzategiaren arteko urruntasun handia lar izan genuelako kontutan. Ez zuen hark soil-soilik gure bizilekuaren berri eta nola bizi ginen jakin, baizik eta ni nor nintzen, zer-nolako bizitza eraman nuen Parisen, Manonen B.renganako aurre-lotura, neskak nola engainatu zuen... Hitz batez laburtuz, gure portaeraren alderdi eskandalagarri guztiak. Horren ondorioz, gu atxilotzeko erabakia hartu zuen, epai gintzatela bada, gaizkile legez baino gehiago libertino bideragaitz bezala. Ohean ginen oraindik polizia-ofiziale bat beste dozena erdiren bat guardiarekin gure gelara sartu ziren unean. Gure dirua kendu ziguten aurrenik —Mko G. jaunaren dirua erran nahi dut—. Azkar utzi behar izan genuen gure habia kalerako bidean, non bi kotxe baikenituen. Haietariko batetara Manon gajoa inolako argibiderik eman gabe sartu zuten, bestean berriz, ni St. Lazare-rantz eraman nindutelarik.

        Horrelako estualdi gaiztoa jasan beharra dago zeinen etsialdi latzean jartzen zaituen jakiteko.

        Gure zaintzaileek jokabide gogorra izan zuten gurekin, ez baitzidaten Manon besarkatzen utzi, hitzik esaten ere. Aldi luze batez ez nuen beraren berririk izan. Aurretik nora zihoan ez jakiteak, zorionekoa izan zen niretzat, zeren horrelako hondamendiak zentzua galaraziko baitzidan, eta nork daki, agian bizia bera ere.

        Begien aurretik bahitu zidaten nire zoritxarreko maitea, eta aipatzeak berak ere izua sortzen didan leku batetara eraman. Zeinen adur gaiztoa gizaki guztiz xarmangarri harena! Gizon guztiek nire begi eta bihotzez ikusi izan balute, munduko tronurik bikainena beretzat izanen zukeen. Ez zuten han ankerki tratatu; baina leotza estu batetan hertsi zuten bakar-bakarrik, egunero lanen bat egitera zigortuz, janari nazkagarria ahora eraman nahi izango bazuen. Ez nintzen xehetasun horretaz jabetu gero baino, nik neuk ere zenbait hilabetez hildura latz eta gogorra pairatu nuen arte. Nire guardiek nora ninderamaten adierazi ez zidatenez, St. Lazare-ko atarian baino ez nuen jakin nire helmuga. Une hartan han sartzea baino, han bertan heriotza nahiago izango nukeen. Etxe hartaz gauza izugarriak entzuna bainintzen.

        Nire izua areagotu egin zen guardiek berriro ere nire patrikak erregistratu zituztenean ea armarik edo defentsa tresnarik neraman ikusteko. Laster azaldu zen nire iristearen berri zuen nagusia. Gizalegez agurtu ninduen. —Aita Jauna, otoi duinkeriarik ez! Mila aldiz galduko nuke bizia baina ezin izango nuke horrelakorik behin ere nozitu.

        — Ez. Inola ere ez —haren erantzuna. Izan zaitez zintzoa eta ongi konponduko gara. Goi-solairu batetara igotzeko erregutu zidan. Ez nion eragozpenik ipini. Arkulariek ateraino jarraitu ziguten. Nagusiak nirekin sartu ondoren aldentzeko agindu zien.

        — Zure presoa naiz beraz —esan nion—. Ongi da. Baina zer gura nauzu bilakatu?

        Ni hain zentzuzkoa ikustean, atsegin handia hartzen zuela erran zidan. Bere eginkizuna bertutearen eta erlijioaren gozotasuna nire baitan sortzea zuela; nirea berriz bere erregu eta aholkuak aprobetxatzea. Nereganako izango zuen begirunea aintzako hartzen banuen gozamena baino ez nuela sentituko nire bakardadean. —Ai gozamena diozu! Ez al dakizu hori aita jauna gauza bakar batek eskura diezadakeena? —Badakit —ihardetsi zidan—. Hala ere zure aiherra aldatuko dela espero dut. Bere erantzunak nire benturen berri bazuela esaten zidan eta agian nire izena ere bazekiela. Nik horrela eskaturik xehetasun guztien gainean informatua zegoela aitortu zidan. Egiaztapen hura nire zigorrik garratzena izan nuen. Malko isuriek etsipenaren izugarria agertzen zidaten. Ezagutzen ninduten pertsona guztien irria eta nire familiaren lotsa erakarriko zuen desohoreak kontsolagaitz bihurtuko zitzaizkidan.

        Eroraldirik beltzenean zortzi egun igaro nituen nire lotsariak burmuina irekitzen zidalarik. Ez nuen beste pentsagairik erabili. Manonen oroitzapenak berak ere ez zion nire doluari ezer eransten. Oinaze berri haren aurretik neraman sentimendua baino ez zen behintzat. Ariman nagusi nuen egonezina lotsa eta barreneko nahasmenduz egina zegoen. Pertsona gutxi da bihotzaren higidura berezi horien indarra ezagutuko duenik. Gizakia oro har, bost edo sei pasiori zaio sentikor. Beraien inguruan darama bizia, beraien biran dagi dardara. Ken iezaiezue maitasuna eta gorrotoa, ken plazera eta oinazea, erauzi itxaropena eta beldurra, eta ez du ezer sentituko. Baina nortasun handiko pertsonek mila era desberdinez izan daitezke inarrosiak: irudi luke bost zentzu baino gehiagoren jabe direla, bai eta naturaren ohizko mugarrietatik at dauden ideia eta zentzazio beregana dezaketela. Eta nola arruntasunaren gainean kokatzen dituen nagusitasunaren sentimendua duten, horren harro dira oso. Hortik datorkie bada, mespretxua eta iseka egonarriz ez onartzea, lotsa dutelarik bestalde beren baitako asaldurarik oldarkorrena.

        Abantaila hits hura nekarren St. Lazare-ra. Nire tristurak hain iruditu zitzaion gehiegizkoa nagusiari ezen haren ondorioen beldur xamurtasun eta bihozberaz hartu baininduen. Egunean bizpahiru aldiz etorri ohi zitzaidan bisitatzera. Maiz, berarekin eramaten ninduen lorategirantz bere ardura erreguz eta onginahizko aholkutan agortzen zelarik. Samurkiro, nire eskerrona azalduz ere hartzen nituen. Hortik ateratzen zuen nonbait nire konbertitzearen itxaropena.

        — Horren izaera ezti eta maitagarria duzularik —esan zidan behin—, ez ditzaket zuri egotzi-erruak uler. Bi gauza hauek harritzen naute: batak, horren tasun ederren jabe izanik nola, libertinaiaren atzamar itsusian utzi izan duzun zeure burua, besteak berriz oraindik txunditzenago nauka, alegia nola, horren gogotsu zeure egiten dituzun nire aholku eta oharrak, hainbat urtetan ostera nasaikerian murgildua izanik. Damua bada, Jainko-urrikalmenduaren zeinu nabaria zaitugu. Berezko ontasuna baduzu, zure nortasunak oinarri bikainik baduela behintzat adierazi nahi du. Espero dut beraz, ez zaitugula luzaro hemen izanen bizitza onest eta ondratura itzul zaitezen aurretik.

        Nitaz zuen iritziak txit poztu ninduen. Eta bere uste onean areago finka zedin oraindik nire portaera zintzoagoa egitea deliberatu nuen, ziur bainengoen nire hertsialdia laburtu egingo nuela. Liburuak eskatu nizkion. Arras harritu nuen orduan, berak irakurgaien aukera eskaini zidalarik, nik berriz egile sakonak hautatu bainituen. Ikasketetan buru-belarri murgildurik ari nintzenaren itxura egin nuen, hark ni baitan beti, desio zuen aldaketaren frogak izan zitzan.

        Hala ere guzti hura axalekoa baino ez nuen. Lotsa osoz aitortu behar dut, hipokrita baten pertsonaia antzeztu nuela St. Lazare-n. Bakarrik egoten nintzenean ikasi ordez, nire adur gaiztoagatik lantu isilean aritzen nintzen. Nire gatibutasuna eta bertan kateatzen ninduen tirania madarikatzen nituen. Etsialdi hartan nasaitasun apurra izan ondoren amodio bitsetan erori nintzen berriro ere.

        Manonen absentzia, beraren etorkizunaren zalantza, inoiz berriro ikusiko ez nuenaren beldurra, horra nire gogarte hitsen pentsagaia. Mko G. ten besoetan irudikatzen nuen lehen pentsamendu batean, Manoni berari niri «eman» zidaten tratu berbera eman ziotela ahazten nuelarik, guztiz sinetsirik bainengoen ni urrundu ninduela berak nire maitalearen lekua lasai asko hartzeko.

        Zein luzeak gertatu zitzaizkidan egunak eta gauak! Nik berriz, nire hipokresiaren arrakastan baino ez nuen esperantzarik.

        Nire nagusiaren aurpegia eta hitz aspertuak arretaz jarraitzen nituen, nitaz zer pentsatzen zuen ongi antzemateko. Beraren oniritzia erdiesten ahalegintzen nintzen bada, nire patuaren erabakitzailetzat jotzen bainuen. Aise ohartu nintzen bide onetik nenbilela. Ez nuen jadanik nire alde jokatuko zuenaren zalantzarik. Behin ea bere esku ote zuen nire askatasunaren erabakia galdetzeko ausartzia izan nuen. Erantzun zidan ez zela hura bere agindupeko manua, baina espero zuela bere aitorpenaren bidez, Mko G. jaunak —zeinen agindupean polizia-buruak atxilotu baininduen— nire askatasuna onartuko zuela.

        — Ba ote dut —esan nion apalki— bete dudan bi hilabete hauetako espiazioa nahikoa irudituko zaionaren esperantzarik?

        Nik horrela gura izanik hitz egingo ziola hartaz agindu zidan. Mesede hura bete ziezadan eskatu nion behin eta berriro. Bi egun gero esan zidan Mko G. jaunak pozik hartu zituela nitaz iritsi zitzaizkion albiste onak, zeren prest baitzegoen ez bakarrik ni aske uzteko, are gehiago ni neu hobeto ezagutzeko asmoa azaldu omen zion, zio horretan nire gatibu-zulora etortzeko xedea azalduz. Gizon haren presentzia ez bazitzaidan inondik ere atsegina, nire askatasun hurbilaren bila bide-urreratze bezala ikusten nuen.

        Eta horrela gertatu zen. Itxura batean Manonen etxean baino serioagoa iruditu zitzaidan, ez hain txepela azken finean. Nire jokabide okerraz zentzuzko hitzak luzatu zizkidan. Bere nasaikeriak justifikatzeko nonbait, gizonoi naturak eskatzen dizkigun zenbait plazeren lortzea zilegi zaigula adierazi zuen, baina iruzurra eta jokabide makurra zigorgarriak zirela beti ere. Nire menpekotasun tankerak arras aserik utzi bide zuen. Nire Manon eta Lescautekiko senidetasunaz egotzi zituen isekek ere ez ninduten iraindu. Gauza bera nire St. Lazare bertako egonaldian eginak izango omen nituen gogaideei buruz, hain eraspen handiko ekimenari pozarren atxikitzen nintzaionez... Baina zoritxarrez beretzat eta Manonentzat ere atera zitzaion Manonek ere bere aldetik horrelako ugari eginen zituzkeela Ospitalean. Ospitale hitzak sortu zidan barren barrengo zirrara handia izan bazen ere, argitasun gehiago eskatzeko trenpea izan nuen.

        — Bai, horrelaxe da —jarraitu zuen—, bada bi hilabete zuhurtzia zer den ikasten ari dela Ospitalean. Espero dut zuk St. Lazaren adinako hobaririk atera ahal izango duela.

        Betiereko presondegiaren mehatxua izan edo hantxe bertan Herioak bere aihotza erakutsi izan balit ere, orduan ere, ez nintzatekeen nire buruaren jabe izanen, berri hain izugarria entzun eta gero. Amorrurik bortitzenaz jauzi egin nuen beraren gainera, hain sutsu egin ere, indarren erdia galdu nuela. Aski izan nuen hala ere lurrera bota eta lepotik oratzeko. Ia itotzear nuelarik, bere erorketaren hotsak eta ozta-ozta eztarriratu zituen zenbait garrasik nagusia eta beste erlijio-gizon batzuk erakarri zituen nire gelarantz. Eskuetatik kendu zidaten. Ia arnas eta indarrik gabe aurkitzen nintzen. Jainko maitea esan nuen intziri artean—. Baina nola bizi ninteke honelako zantarkeriaren ondoren?

        Berriro ere zauritu ninduen gizatxar harengana eginen nukeen jauzi oratu izan ez bazidaten. Nire orro eta negar zotinak, nire etsipena, irudika ezinak ziren.

        Hain nuen gauza harrigarririk egin, non han ziren guztiak gertatuaren zergatiaz deus ez zekitenez, elkarri begira jarri ziren harriduraz zein izu-itxuran.

        Mko G. jauna bien bitartean bere gorbata eta ileordea zein bere lekuan ipintzen saiatzen ari zen. Hain gaizki hartua izan zelarik, agindu zion nagusiari inoiz baino estuago har nintzatela St. Lazare-n usu ziren zigorrak erabakiz.

        — Ez jauna —ihardetsi zion nagusiak—. Ez dugu jaun honen leinuko gizasemeekin horrelako jokaerarik izaten. Zintzo eta ondratua da gainera, horregatik bere oraingo portaera honek zer pentsa ematen dit. Ez zatekeen agian horrela arituko arrazoi gotorrik izan ez balu.

        Erantzun hark txit nahastu zuen Mko G. jauna. Handik irten zen esanez, nagusia, ni eta berari frente egiteko ausartzia izango zuten guztiak menderatuko zituela. Nagusia, bere erlijiokideei atera lagun zezatela agindu ondoren, niregana hurbildu eta bakarrik gelditu ginen biok. Azkar aitor niezaiola nondik zetorkidan suminaldi hura erregutu zidan.

        — Ai aita nirea! —esan nion haur-malkoak isurtzen nituelarik etengabe—. Irudika ezazu doilorkeriarik zitalena, zantarkeriarik latzena. Horra Mko G. jaunak burutu duen koldarkeria. Bihotza erdibitu dit. Ez naiz inoiz nire onera itzuliko. Dena kontatuko dizut. Zuregan konfiantza baitut. Gupida izanen duzu nitaz.

        Nire Manonenganako grina garaitezina laburbildu nion. Gero, gure ondasunen egoera ezin hobeaz mintzatu nintzaion gure etxeko morroiek larrutu gintuzten arte. Mko G. jaunak nire maitatzaileari egin zizkion eskaintzez. Beren arteko ituna nola ebatzi zuten, eta geroago eten. Egia esateko, gauzak gure aldeko ikuspegitik azaldu nizkion: —Horra Mko G jaunak nire konbertitzea lortzeko agertzen duen axolaren arrazoia nondik datorren. Ni hemen atxilotzeko eragina izan du mendeku xede soil batez. Barkatua bego. Baina nire aita jauna, hori ez da guztia; nire izatearen erdirik maiteena erauzi zidan ankerki, eta jarraian ospitalean giltzapetu. Eta hor ez da amaitzen dena. Guzti hori nire aurrera esatera etortzeko lotsagabekeria izan du. Ospitalera nire aita errukiorra! Zeru zuzentasunezkoa! Nire maitatzaile xarmanta, nire bihotzeko erregina Ospitalera, gizakirik trauskilena bezala! Non, baina arren, aurki ahal dezaket indarrik aski minak eta ahalkeak ez nazaten hil!

        Erlijio-gizon hark hain aldarte txarrean ikusi ninduelarik, kontsolatu nahi izan ninduen. Erran zidan, ez zuela inoiz nire bentura ni kontatzen ari nintzaion eran ulertu. Bazekiela jakin, nire bizi erratuaren berri, baina Mko G. jaunaren erabakia nire familiarekin zuen harremana eta adiskidetasunak bultzaturik zetorrela uste zuela, berari ere hain zuzen horrela azaldu ziola. Nik aitortu niona bada, auziari aldaketa handia ematen zionaren zalantzarik ez zuela. Alegia polizia-buruari egin asmo zion kontaketa zehatzak nire askatasunaren erdiespenean lagunduko zidala. Ondoren, zergatik ez nion oraindik nire familiari guzti hartaz gaztigatu itaundu zidan, ez baitzuten nire gatibutasunaren berririk. Objekzio hari aitari sor niezaiokeen samina kontrajarri nion, bai eta nire baitan jasan nezakeen lotsa. Polizia-buruarengana joko zuela agindu zidan beraz, besterik ez bazen ere Mko G. jaunaren edonolako jokabide makurrik eragozteko, itzal handia baitzuen beraren beldur ez izateko, kontutan izanik gainera etxe hartatik oso haserre atera zela.

        Nagusiaren etorrera bere sententziaren zain dagoen zorigaiztokoak nozi lezakeen larritasunaz espero nuen. Ezin nezakeen Marion Ospitalean itxuratu. Oinaze gogorra sortarazten zidan. Bere atxiloketaren gupidagabekeria kanpo utziz, ez nekien ezer jasaten ari zen tratuari buruz, baina izu-etxe haren gainean entzun izan nituen xehetasun zenbaitek nire egonezina pizten zuen. Hain nintzen hura edonola laguntzeko gertu sentitzen, non St. Lazare bera ere sutan jarriko bainukeen beste era batez irtetea lortu izan ez banu. Zer nolako jokabidea hartuko nuen polizia-buruak nire borondatearen kontra bahiturik gorde nahi izango banindu, ari nintzen pentsatzen. Nire sena Ian egiten ipini nuen. Ahalbide guztiak igo ziren nire burmuinetik. Ez nuen baina tamalez ihesaren arrakasta bermatuko zidan ezer ikusten, ekintza ustela gertatzen bazitzaidan, oraindik ere estuago hartuko nindutenaren beldur bainintzen. Laguntzera etor zitezkeen zenbait adiskideren izenak gogoratu nituen; baina nola helaraz beraiei nire egoeraren berri? Azkenerako egitamu hain trebea moldatu nuen non arrakasta ziurra izango nuela uste izan nuen. Nagusiaren itzuleraren ondoren hobeto atontzeko asmoaz utzi egin nuen une baterako, baldin eta hark buruturiko ekimenek porrot egiten bazuten, orduan ezinbesteko gertatuko baitzitzaidan.

        Ez nengoen luzetsirik bistaratu nuenean. Bere aurpegiak ez zidan berri onei darien poz zantzurik agertzen. —Hitz egin dut polizia-buruarekin —esan zidan—; baina beranduegi izan da. Mko G. jauna joan baitzaio hemendik irten eta berehala. Hain dio zurekin kontu izan dezan errepikatu non irtetear baitzegoen niri agindu berriak ematera etortzeko, are gogorrago har zaitzagun esatera. Hala ere, auziaren funtsean zer datzan adierazi diodanez bigundu egin zait oso. Eta haren arinkeriagatik irri apur bat eginez esan dit sei hilabetez jarraitu behar izango duzula berton, hura asebetetzeko. Ezin hobeto zuretzat gehitu du, hemengo egonaldiak mesede handia egingo baitizu. Tratu egokia eman diezazugun gomendatu dit. Esan nahi dizut, ez duzula nire aldetik inolako arrangurarik sentituko nire jarreran.

        Argibide guzti haiek luzeak izanik, gogoeta zuhurra egiteko astia eman zidaten. Ohartu nintzen, nire askatasun egarria gehiegi nabarmentzen banion, nire ordura arteko adu ona pikutara bidal nezakeela. Horregatik bada, adierazi nion han egotera beharturik nengoelarik, bere onespena lortzea kontsolamendu eztia izango zitzaidala. Jarraian, inori kalte egingo ez eta niri ostera lasaitasun handia ekarriko zidan mesede bat eskain ziezadala erregutu nion: hots, St. Sulpice-n aurkitzen zen nire lagun hari —elizgizon saindua bera— jakin eraztea, alegia ni St. Lazare-n nengoela, eta bidenabar bere noizbehinkako ikustaldia baimen ziezadatela. Inolako arazorik gabe eskaini zidaten mesede hura. Tiberge nire lagunaz ari naiz noski. Ez noski harengandik nire askatasunaren bidean premiazko laguntzarik erdiestea espero nezakeelako, baina bai ostera erabil nezakeelako bera ohartu gabe —urrutitik eragiten zaion tresna bezala— nire helburua lortzeko. Hitz batez laburbilduz, hona nire plana: Lescauti gutun bat bidaliko nion, berak eta adiskide komunak bere gain har zezaten ni askatzeko ardura. Lehenengo zailtasuna nire gutuna nola helaraz berari izan zitekeen. Kari horretarako Tiberge nuen. Hala ere nire maitatzailearen neba zela bazekienez, beldur nintzen ez ote zuen mezua betetzerik nahi izango. Nire asmoa baina, Lescauti zuzenduriko gutuna beste baten barruan sartzea zen, azken hau nire ezaupideko gizaseme ohoretsu bati helaraziz, erregutzen niolarik bertan lehenik aipatu gutuna bere helbidera bidal zezan. Lescaut eta biok ezinbestean elkarrekin egon behar genuenez, St. Lazare-ra etortzeko esan nion, bere burua Parisera beste lanik gabe nire arazoen berri jakitera etorri den nire anaia nagusitzat joaz. Bion artean erabakiko genuen ihesbiderik seguruena. Nagusia Tibergerekin —bera ikusteko nuen nahiaz— hitz egitera joan zen. Nire lagun fidel hark bazuen bai nire gorabehera eta benturen albisterik; bazekien halaber St. Lazaren nintzela. Eta ez zen agian nire nahigabe hartaz errukitu, betebeharraren ildoan zuzenduko nindutela uste baitzuen. Arin etorri zitzaidan bisitatzera.

        Gure elkar ikuste hura adiskidetasunez beterikoa izan zen. Nire aldartea zertan zen jakin nahi zuen. Erabat zabaldu nion nire bihotza gertatukoaren berri emanez, nire ihes egiteko asmoa aipatu gabe noski.

        — Ez dizut zuri adiskide-min —esan nion—, ez naizenaren zerbaiten itxurarik egin nahi. Lagun zintzo eta zuhurra aurkituko zenuenaren usteak ekarri bazaitu hona, jainko-zigorrak iratzarri duen libertino damutua alegia, hitz batez maitasunaren itsaspenetik at eta Manonen laztanetatik urrunduriko bihotza aurkitu nahi baduzu, ondoegi epaitu nauzu. Duela lau hilabete utzi ninduzun bezalaxe naukazu, adur gaiztoko maite-grina horren zurrunbiloan, gaur goxo, bihar zoritxarreko, baina berorretan nahi dudalarik nire zoriona aurkitu.

        Nire aitorpena barkaezinezkotzat jotzen zuela ihardetsi zidan. Ezagutzen zuela bai bizioaren gezurrezko eromenean horditurik —berau bertutearen aurrean jarriz— bizi zen hainbat eta hainbat; baina haiek sikiera zorion-irudiei atxikitzen zitzaizkiela, itxuren jopu bilakatuz. Nik egiten nuenak ostera, nire pasioak errudun eta dohakabe bihurtzen ninduela onartzen nuelarik ere, gero ondikoan eta bekatuan berariaz lohitzen nintzelarik, nire adimenarekin bat ez zetorren ideia eta portaeraren arteko kontraesana adierazten zuela.

        — Tiberge —ihardetsi nion nire aldetik— zein erraz zaigun irabaztea gure armei aurrean behaztoparik jartzen ez dietenean! Utzi baina niri ere nire arrazoiak ematen. Ez arren esan niri bertutearen zoriona deitzen duzun horrek oinaze, behaztopa edo larrialdirik ez duenik! Zeren eta nola adieraz dezakezu mistikoek bezala gorputzaren hildura arimaren zoriona dela? Ez, ez dut uste horrenbesteraino ausartuko zinatekeenik. Paradoxa defendaezina litzateke. Zuk horren gora jasotzen duzun zorion hori mila saminez nahasturik dago, edo behar bada, hobeto adieraziz, bere harien barrena zorionaren arrastoa antzeman litekeen zorigaitzeko ehuna duzu. Beraz, irudimenaren indarrak gaitz beroietan barrena plazera sortarazten badu, irrikatzen dugun zorionezko jomugara eraman dezaketelako, zergatik bada, jotzen duzu zuk kontraesankor eta zentzugabekotzat guztiz antzerako den nire jarrera hau? Maite dut Manon, eta beraren ondoan hamaika oinazeren astindupean bizi nahi nuke. Naraman bideak nekea du ezaugarri, baina helmugara helduko naizen esperantzak txit arintzen dit urratsa. Gaitz guztiak ahantziak lirateke, haren ondoan izan nezakeen unetxoaren ordainaz. Zure eta nire aldetiko gauzak ez zaizkit desberdinak iruditzen. Nik badut edozein modutan abantaila bat: nik espero zoriona hurbil dago, zurea ostera urrun. Nerea sentibera zaio gorputzari, berari baitatxekio, bestearen jatorria ezezaguna duzu, fedeak baino ez dezake egiazta.

        Asaldaturik irudi zuen Tiberge arrazonamendu harengatik. Atzerantz eginez ondoko hau aurpegiratu zidan seriotasun handiz, alegia esan berri nuena ez zihoala soil-soilik zentzu onaren aurka, baizik inpietate eta federik ezaren sofisma zorigaiztokoa zela, «zeren zure oinazeen amaiera eta erlijioak eskaintzen dituen helburuen artekoen alderaketa hori —erantsi zuen berak— ezpainera daitekeen ideiarik libertino eta zantarrena duzu».

        — Aitortu behar dut —ihardetsi nion nire aldetik— ez dela zuzena; baina ohar zaitez ez dela berorretan hain zuzen nire arrazonamendua sostengatzen. Zuk zoritxarreko maitasun baten iraupenean kontraesankor irizten diozunari argitasuna eskaini nahi izan diot. Baina uste dut frogatu dizudala kontraesankortasunik izatekotan alderdi biotan izan dela, zure nola nire baitan. Ikuspuntu horretatik baino ez diet berdin direnik iritzi, eta nirean jarraitzen dut. Uste al duzu zinez, bertutearen helburua maitasunarena baino izugarri gorago dagoela? Nork uka lezake hori? Baina hori ote gure galdekizunaren funtsa? Ez ote gara ari hemen batak zein besteak oinazea jasan ahal izateko duen adoreaz? Epai ditzagun ondorioetatik. Zenbat eta zenbat desertore dituen bertute zorrotzak! Eta zein gutxi maitasunak! Erantzunen didazu ontasunaren saiatzean oinazerik bada, ez direla ezinbestekoak ez eta nahi eta nahiezkoak. Esanen didazu halaber ez dela jadanik tiranorik edo eta gurutze-biderik, makina bat jende bertutedunek bizitza lasai eta baketsua daramala. Baina nik neuk ere erantzunen nizuke badirela era berean maitasun adur oneko eta bakezkoak. Eta areago oraindik —eta balantza guztiz nire alde jarriko nuke —maitasunak maiz tronpatzen bazaitu ere, ez dizula poza eta betetasuna baizik eskaintzen; erlijioak berriz tristura eta hildurazko jarduna baino eskatzen ez dizularik. Ez zaitez asalda —erran nion geroz eta urduritzenago ikustean—. Guzti honekin amaitzeko esan nahi dudana da, ez dagoela alegia, bihotz bat maitasunetik saihesteko bide okerragorik berorrek dakartzan gozamenak ukatzea baino, bertutearen jardunean zorion handiagoak aginduz. Gizakiok eginak izan garen aldetik begiratuz, garbi dago gure zoriona plazerean datzala, eta honetaz apustu dagiot bestelakorik dionari. Horregatik bada, arin adieraziko du bihotzak plazer guztietatik atseginenak maitasunezkoak direla. Eta beste nonbait tentagarriagorik eskaintzen zaionean azkar nabaritzen dizu tronpatua dela. Eta tronpatze horrek promesik sendoenez mesfidatzera darama. Bertutera eraman gura nauzuen predikariok, esadazue bai berau guztiz premiazko dudala, baina otoi ez ezkuta, zorrotza eta nekagarria denik. Baiezta ezazue bai, maitasunaren xarmak iragankorrak direla, eta debekatuak, eta betiereko zigorra jasoko dutela. Eta agian gehien zirraratzen nauena da, alegia xarma horiek zenbat eta eztiago diren, orduan eta esker handiago izango baitu zeruak sakrifizio hain gogorraren ordainetan; baina aitor ezazu gure bihotz hauentzat hemen behean direla gure zorionik beteenak.

        Nire azken ele haiek lasaitasuna ekarri zioten Tiberge adiskideari. Bazela nire pentsamenduetan zentzuzkorik zerbait aitortu zidan. Objekzio bakarra erantsi zuen: ea zergatik ez nentorren gutxienez nire irizpidearekin bat nire maitasunaren irrikak baino aipatu ordainaren esperantza hobetsiz.

        — Ai lagun maitea! —erantzun nion—. Horretan bai, nire ahulezi eta ezdeusa onartu behar dizut. Bai, badakit. Arrazonatzen dudan bezala jardun beharko nuke. Nire esku ote dago hori? Zeinen eskerga behar lukeen laguntza Manonen lilura ahantz nezan!

        — Jainkoak barka nazala —erantzun zidan Tibergek—. Jansenista batekin mintzo naizela uste dut.

        — Ez dakit zer naizen —esan nion—; eta ez dakit ere oso garbi zer izan beharko nukeen; baina arras ongi ulertzen dut beraien egia.

        Hizketaldi hark nire lagunaren errukia sortarazteko balio izan zuen behintzat. Ulertu baitzuen nire nasaikerietan ahulezia makurkeria baino anitz gehiago aurkitzen zela. Laguntzeko gogo handiagoa azaldu zuen; eta aitortu behar dut berari esker ez nintzela leizerik sakonenean amildu. Hala ere ez nion St. Lazaretik ihes egiteko asmoaren aipamen mendreenik ere egin. Nire gutunaren ardura har zezala erregutu nion soil-soilik. Hantxe nuen gertu bera iritsi aurretik, eta aurkitu nuen gutun hura idazteko nuen premiaz hainbat aitzakia. Fideltasun osoz helbideratu zidan. Eta horrela gaua orduko Lescautek eskuetan zuen berari igorria. Biharamunean etorri zitzaidan, nire anaitzako bezala arazorik gabe sartuz. Pozarren sentitu nuen nire gelaren atean. Hura arreta handiz itxi eta esan nion: —Ez dezagun segundorik gal. Emadazu aurrenik Manonen albisterik eta gero burdina hauek eteteko aholku on bat.

        Erran zidan ez zuela bere arreba ni atxilotu ninduten egun hartatik ikusi. Argibide eta bilaketa askoren ostean lortu izan zuela gure berri. Bizpahiru aldiz izana zela ospitalean baina ez ziotela bera ikusteko eskubiderik eman.

        — Ez duk ordain merkerik izango, Mko G. madarikatu horrek! —egotzi nuen.

        — Zure askatasunari nagokiolarik, hartu zuen hitza Lescautek, zuk uste baino arazo zailagoa da. Atzo iluntze osoan bi lagun eta neu etxe honen kanpoko aldea begiratzen aritu ginen. Zuk azpimarratu bezala zure leihoek etxez inguraturik dagoen atari batetara jotzen dute. Gaitza dugu beraz zu hemendik ateratzea. Gainera zu hirugarren solairuan zaudelarik guk ezin dugu ez soka ez zurubirik barneratu. Ez dut bada kanpotik laguntzeko ezein biderik ikusten. Horregatik hemen berton aurkitu behar dugu amarruren bat.

        — Ez —ekin nion nik—. Dena miatu dut, batez ere nire hertsialdia nagusiaren eskerronagatik honen gogorra izan ez denetik. Ez naute jadanik giltzapean uzten; erlijiosoen korridoreetan barrena ibiltzeko askatasuna dut, baina eskailera guztiak gau eta egun itxirik dauden ate sendo batzuen behaztopa dute. Artez bakarrik ezin izango dut askatasunik lortu. —Itxaron —esan nion—, ideia baten gainean gogoeta egin nuelarik. Lortuko al zenidake pistola bat?

        — Bai erraz —Lescautek—. Baina norbait hil nahi al duzu?

        Trankildu egin nuen esanez ez nuela inondik ere horrelako asmorik eta horren froga bezala, berak nahi izanez gero kargatu gabe ekar ziezadakeela.

        — Eskura iezadazu bihar bertan —gehitu nuen—. Etor zaitez ahaztu gabe gaueko hamaiketan etxe honen ate aurrera zure lagun horiekin. Laster bildu ahal izango natzaizuela espero dut.

        Argitasun gehiago eman niezaion erregutu zidan. Esan nion aurrera eramaten ausartu nintzen ekintza arrakastatsua izan ondoren baino ez zitekeela arrazoizkotzat jo. Bere bisita hura laburtzeko eskatu nion, biharamunean itzultzeko erraztasun handiagoa izan zezan. Lehenengo aldian bezain erraz sartu zen. Aurpegi serioa zekarren. Nire askatasun tresna esku artean ikusi nuenean ez nuen ia nire planaren arrakastan zalantza izpirik sentitu. Izan ere bitxia eta ausarta zen. Baina zeri ez ote niokeen helduko nituen arrazoiak ezaguturik! Konturaturik nengoen nire gelatik irten eta korridoreetan zehar paseatzeko baimena eman zidatenetik, ataltzainak iluntzero ate guztietako giltzak nagusiari itzultzen zizkiola, gero isiltasun handia barreiatzen zelarik etxean barrena, mundu guztia geleratua zenaren seinale. Eragozpenik gabe galeria batetik barrena nire gelatik nagusiaren gelara hel nintekeen. Nire xedea hari giltzak kentzea zen, onean ematen ez bazizkidan, nire pistolaz beldurtuko nuen, eta haietaz baliatuz kalera irtengo. Txit urduri nengoen zain. Ataltzaina ohizko orduan etorri zen bederatziak jota. Ordu bete gehiago utzi nuen harik eta erlijiosoak eta morroiak ohera zitezen arte. Atera nintzen bada, nire arma eta kandela izeki bat aldean neramatzala. Aurrenik nagusiaren atean deitu nuen emaro-emaro hotsik gabe iratzar zedin. Bigarren kolpean sentitu ninduen. Erlijiosoren bat ondoezik laguntza premian zegoelakoan uste izanik atea zabaltzera jaiki zen. Hala ere barrutik nor zen eta zer nahi nuen galdetzeko axola izan zuen. Nor nintzen esan behar izan nion; baina era urrikalgarri batez egin nuen, ondoezik nintzela pentsa zezan.

        — A zu zaitugu seme maitea! —esan zuen atea ireki ahala—. Zerk zakartzit horren berandu?

        Bere gelara sartu eta atearen beste aldera bultza egiten niolarik, esan nion ez nezakeela aldi luzeagoz St. Lazare-n iraun. Gaua garairik egokiena zela irten ahal izateko inork ikusi gabe, bai eta bere ontasunaren froga bikaina izango nuela ateak zabaltzen bazizkidan edo neuri utzi, nik neuk zabal nitzan.

        Nire jentiltasun hark harritu egin zuen nonbait. Denbora hartu baitzuen ezer erantzun gabe pentsatzen. Nik ostera ezin nuen denborarik galdu. Horregatik ekin nion berriro esanez bere onginahi guztiak zeharo hunkitu nindutela baina askatasuna ontasunik desiratuena izanik —batez ere nigan bezala hura zuzentasunik gabe erauzi ziotenen artean—, gau hartan bertan bada erabaki nuela askatasun galdu hura nire egitea edozein eratan. Eta laguntza eskatzeko garrasika hasiko zenaren beldur atorraren azpian gorderik neraman isilpeko arrazoi sakona ikustarazi nion.

        — Pistola bat! —esan zuen—. Nola baina? Baina seme maitea bizia moztu nahi al didazu? Nik zureganako izan dudan begirunea eskertzeko modua ote da hau?

        — Ez beza Jainkoak nahi. —erantzun nion nik—. Zure jakinduria eta zuhurtziak ez ninduke inola ere premia horretan jarriko. Baina pentsa ezazu aske izan nahi dut eta zure erruz lortzen ez badut, zureak egin du.

        — Baina nire seme kuttun horrek —ekin zion zurbil eta izu—. Zer egin dizut nik baina nire heriotza desira dezazun? —Ez, inola ere ez, erantzun nion artegatsu. Ez dut zu hiltzeko asmorik; bizi nahi baduzu ireki ezazu atea eta lagunik gotorrena izango naiz.

        Mahai gainean zeuden giltzak hartu nituen eta niri jarraitzeko esan nion, ahal zuen zaratarik txikiena eginez. Erabaki beharra izan zuen. Aurrera egiten zuen neurrian zabaltzen zuen ate bakoitzeko hasperen zoliz errepikatzen zidan: —Ai seme halakoa! Ai! Nork sinetsiko zukeen!

        — Ez ezazu zaratarik atera aita —berresaten nion aldian-aldian—. Halako batean kaleko ate handiaren aurrean dagoen hesi itxurako batetara iritsi ginen. Nire burua aske ikusten nuen, nagusiaren gibel nindoan esku batean kandela bestean pistola. Bera zabaltzen azkar ari zen artean, ondoko gela txiki batean lotan ari zen morroi batek sarrailen zarata entzun eta burua atera zuen atetik.

        Aita nagusiak hura ni harrapatzeko gauza ikusi zuen itxuraz. Orduan zuhurtziarik gabe laguntzeko deitu zion. Mutil tzar indartsua zirudien. Gainean nuen konturatu orduko. Ez nuen zalantza izpirik izan: tiroa bularraren erditik sartu nion.

        — Hara, zerren sorburu izan zaren aita jauna —esan nion harrotasunez nire gidariari—. Baina gertakari horrek ez diezazula hasi duzuna amaitzen eragotz. Eta hori esan eta azkeneko aterantz egin nion bultza. Ez zen hura zabaltzera ukatu. Azkenean lortu nuen lortu onik ateratzea. Lau urrats baino ez nuen egingo eta begien aurrean nuen Lescaut —agindurikoa betetzen—, bere bi lagunekin.

        Urrutiratzen gindoazelarik, Lescautek ea berak entzun zuena pistola hotsa izan ote zen galdetu zidan.

        — Zeure errua da —esan nion—. Zergatik ekarri didazu kargatuta? Hala ere ardura hura hartzeagatik eskerrak eman nizkion. Izan ere osterantzean St. Lazare-n nintzen luzarorako.

        Gaua ostatu batean igaro genuen, non ia hiru hilabetetako gosea ase nahi izan nuen. Baina ezin nuen hala ere pozik egon. Manon neraman buru-bihotzetan maiteminez. Harengan pentsatze soilak gogor astintzen ninduen.

        — Askatu egin behar dugu —esan nien nire hiru lagunei—. Zio horrek baino ez dit askatasun-irrika eman. Zuen trebeziaren laguntza eskatzen dut. Ni neu bizia bera ere jartzeko prest nago.

        Zuhur eta azkarra ere izaten bazekien Lescautek baina arretaz ibili beharra adierazi zidan, zeren nire St. Lazare-tiko ihesak eta bertan gertatu zitzaidan ezbeharrak azantza handia zabalduko omen zuten goiz edo berandu, gainera polizia-buruak ni atxilotzea aginduko zuela, alegia eta St. Lazare-koa baino zerbait latzagorik jasan nahi ez banuen, hobe izango nuela ezkutuan egon zenbait egunez, harik eta nire etsaien lehen oldarra bare zedin arte. Aholku burutsua iruditu zitzaidan, baina bera betetzeko neu ere izan egin behar. Nire grinek ez baitzuten geldotasun eta gertakuntza hura ulertzen. Beraz eguna lotan igaroko nuela baino ez nion agindu. Hertsirik egon nintzen haren gelan arratsera arte.

        Aldi guzti hartan Manon jaregiteko proiektuak erabili nituen buruan. Banekien jakin bere kartzela nirea izan zena baino iragangaitzagoa zela. Han ez zuen indarrak edo gogorkeriak balio, amarruz jokatu behar zen; baina irudimenaren jainkosak berak ere ez zukeen jakingo nondik hasi. Auzi hartan bada lausoa zen nagusi, horregatik zer erabaki hartu atzeratzea erabaki nuen Ospitaleko barne araudia ezagutu arte.

        Gauak askatasuna itzuli bezain agudo, nire bila etortzeko erregutu nion Lescauti.

        Ataltzainetako batekin mintzatu ginen. Gizon jatorra begitandu zitzaigun. Atzerritartzat jo nuen nire burua, Ospitale Nagusia eta hango ordenaz miretsirik agertu nintzaion. Xehetasun ttipienez galdetu nion, eta zertzeladarik zertzelada administratzaileak aipatu erazi nizkion: beraien izen eta aiurrien gainean hitz egin ziezadan eskatzen niolarik. Gai hartaz eman zizkidan erantzunek nire buruarekin guztiz harro jarri ninduen ideia sortarazi zidaten. Denbora laburrean gorpuztu nuen ideia bestalde. Nire egitasmorako guztiz oinarrizko gauza bezala, galdetu nion ea gizaseme haiek seme-alabarik bazuten. Ezin zezakeela hori segurtasun osoz baiezta, baina Tko M. jaunak —haietako nagusienetako batek— ezkongai zuela seme bat, zeina zenbait aldiz bere aitarekin Ospitalera etorria zen. Egiaztapen hark trankildu egin ninduen. Ia berehala eten egin nuen elkarrizketa. Lescauten etxera itzulirik nire asmoen berri jakin erazi nion: —Pentsatu beharrean nago —adierazi nion, Tko M. jauna —semea alegia— aberats eta familia onekoa bere adineko gazteak bezala, plazerzalea izango dela. Ez dut emakumeen etsai bezala ikusten, ez eta hain lotsagarri maitasun-auzi batean bere laguntza ukatzeko bezainbesteko. Manonen askatasunaren alde jarri nahi dut. Gizon ondratu eta sentikorra bada, bere bihotz zabala erakutsiko digu. Zio horrekin ez badugu gureganatzen gutxienez zerbait egiteko gauza izango da neska maitagarri baten mesedetan, haren faboreen eskaintza lortzeko esperantzatan besterik ez bada ere. Bihar bertan ikusiko dut, ezin dut gehiago atzeratu. Egitasmo hau adur onekoa izango al zait! Barrena lasai uzten dit behintzat.

        Lescaut bera ere bat etorri zen nire usteek egiazkotasunik bazutela esatean. Bazegoela beraz bide hartatik zerbait lortzerik. Pentsamendu horrek gaua ez horren triste pasatzen lagundu zidan.

        Biharamun goizean nire orduko txirotasunak uzten ninduen bezain dotore apaindu nintzen, eta kotxe alokatuan abiatu Tko M. jaunaren etxerantz. Ezezagun baten bisitak harritu egin zuen. Iritzi ona jaso nuen beraren itxura eta gizabideaz. Umil eta laino mintzatu nintzaion eta bere sentimenduen pizteko nire pasioa eta nire maitatzailearen merezimenduak aipatu nizkion, beren artean baizik aldera ez zitezkeen gauza bi bezala agertuz. Erantzun zidan Manon ez bazuen inoiz ikusi ere, bazuela haren entzutea, Mko G. zaharraren amoranteaz ari banintzen behintzat. Ez nuen zalantza tantarik hark bentura hartan nik izan nuen esku hartzearen berri bazuenik; hori zela eta nire alde apurka-apurka jartzeko Manoni eta bioi gertatu zitzaiguna zehatz-mehatz kontatu nion.

        — Ikusten duzu jauna —jarraitu nuen—, nire bizi eta bihotzaren interesak zure eskuetan daudela engoitik. Bata bezain bestea dut maite. Ez dizut ezer isiltzen ongi baitakit zure emankortasunaren berri; halaber espero dut adin bertsukoak garenez, gure joeretan ere bateratasunen bat izango dela.

        Iduri zuen irekitasun eta zintzotasun erakusgarri hark arras hunkitu zuela. Bere ihardespena behintzat gizaseme mundutar sentikorrarena izan zen: horrelako izaerarik munduak ez baitu beti eskaintzen eta bai tamalez galtzera uzten. Esan zidan nire bisita estimatzen zuela oso. Nire adiskidetasunari berriz bere lorpenik hoberenetakotzat irizten, ahaleginduko zelarik bera ere bere aldetik merezimenduak biltzen, zerbitzurik sutsuenak eskainiz. Ez zidan Manon itzuliko zidanik agindu, bere itzala —zioenez— guztiz arrunta eta ez oso fidagarria zelako; baina nire maitea ikusteko nuen irrika ase ahal izango zuela bai eta nire besoetara itzul zedin ahal zuena egingo. Egia esan bere itzalaren baitan zuen segurtasunik ezak gehiago ase ninduen nire apeta guztiak beteko zituenaren segurtasun osoa eskaini izan bazidan baino. Bere eskaintzen zuhurtzian oso poztu ninduten zintzotasun seinaleak aurkitu nituen. Hitz bakar batez adierazteko bitartekotza hark fruitu bikainik eman zezakeen.

        Zer ez ote nuen nik beraren alde egingo Manon ikusteko promesa soilagatik! Pentsamendu haietaz zerbait kanporatu nion, nire izaera ez zela berez txarra frogatu nahi niolarik. Xeratsu besarkatu genuen elkar. Eta lagun bilakatu. Han gure bihotzen ontasunak baino ez zuen agintzen, gizon jator eta eskuzabal batek bere antzeko beste bat maita dezakeen arrazoi bakarraz bultzaturik.

        Urrutirago eraman zuen baina bere onginahiaren froga; zeren nire benturen arabera, St. Lazare-tik irten ondoren ez nintzela oso oparo ibiliko eta bere diru-zorroa eskaini baitzidan, onar niezaion errepikatuz. Ez nion hartu, baina hauxe esan nion: —Horren jator eta adiskide azaldu eta gero, nire Manon maitea berrikus dezadan lor badezazu zure morroi izango nauzu bizi guztirako. Izakirik maitagarriena itzul badiezadazu zain hauetan daramadan odol guztia zuregatik isur baneza ere ez nizuke aski ordainduko.

        Noiz eta zein lekutan ikusiko genuen berriro elkar finkatu ondoren, banatu egin ginen. Bilera arratsalde hartan bertan jartzeko begirunea izan zuen. Kafetegi hartara laurak inguruan bildu zitzaidan eta gero batera Ospitalerako bidea hartu genuen. Belaunak dardara bizian neramatzan ataria zeharkatzerakoan.

        Oi maitasunaren indarra! —nioen nire artean—. Nire bihotzaren jainkosa ikusi behar dut berriro, nire hainbat zotin eta kezkaren sorburu! Zeruko Erregea: emadazu bizi-hausporik aski berarenganaino heldu arte, eta gero nahi baduzu zurea bedi nire patua eta nire izate guztia. Ez dizut beste eskerrik eskatzen.

        Tko M. jauna egoitza hartako zenbait ataltzainekin hitz egin zuen. Prest agertu ziren segituan behar zenari ekiteko. Manonen kokalekua erakutsi erazi zien. Harantz abiatu ginen ataltzainak giltza tzar bat eskuan zeramala. Manonen atekoa zen. Gidatzen gintuen morroi hari —zeinek gainera beraren kontu egiten baitzuen— zer nola pasatu zuen Manonek han zeraman denbora galdetu nion.

        Aingeru kutsua hartzen ziola esan zigun. Ez zuela harengandik inoiz hitz zatarrik jaso. Heldu eta lehen sel asteak negarrez igaro zuela, baina bazeramala denboraldi bat zeinetan bere zoritxarra egonarri handiagoz hartzen baitzuen, goizetik arrastirira arte josten pasatzen zuela etengabe, irakurtzeari ekiten zion zenbait orduz izan ezik. Ea egoki gobernatzen zuten ere galdegin nion.

        Premiazkoena behintzat ez zitzaiola falta izan ziurtatu zidan. Haren ate ondora hurbildu ginen. Bihotza taupada ezin gogorragoz ari zitzaidan. Orduan esan nion Tko M. jaunari: —Sar zaitez zu zeu bakarrik eta nire etorreraren berri emaiozu, beldur bainaiz ez ote den ni tupustean ikustean gehiegi hunkituko.

        Atea zabaldu ziguten. Ni korridorean gelditu nintzen. Hala ere elkarrizketa entzun ahal izan nuen. Kontsolamendu poxi bat zekarkiola esaten ari zitzaion. Nire laguna zela eta gure zorionak biziki axola ziola. Manonek orduan jakin-nahirik handienaz ea nire nondik norakoaren berri eman ziezaiokeen galdetu zion. Besteak agindu zion berriz berarengana eramango ninduela, berak gogo zuen bezain maitagarri eta fidel.

        — Noiz? —galdetu zuen berak. —Gaur bertan —besteak—; zorion-une hori ez da berandutuko; oraintxe bertan desio baduzu ate honen ostetik agertuko zaizu.

        Orduantxe ulertu zuen ate ondoan nengoela. Lasterka zetorkidala sumaturik sartu egin nintzen. Hiru hilabetetako absentziak maitemindu perfektuengan sortarazten duen antsiazko xamurtasunaz besarkatu ginen. Gure hasperenek, gure zizpuru etenek, batak zein besteak goxo-goxo ezpaineraturiko maite-ele geldoek ordu laurden batez Tko jauna txunditurik utzi zuten eszena osatu zuten.

        — Bekaitz nauzu —esan zidan, jesartzeko esaten zigularik—. Ekintzarik loriotsuena baino anitz estimatuagoa nuke honelako maitatzaile eder eta grinatsua. Munduko erresumarik handiena ezetsiko nuke beraren maitasunaren jabe izateagatik.

        Elkar ikuste desiratu haren enparauzkoa ezin zoragarri joan zen. Manon gajoak bere estutasunak kontatu zizkidan, nik nireak. Samin handiz egin genuen negar bere egoera eta nik utzi berri nuenaz mintzatuz. Tko jaunak kontsolatu nahi izan gintuen agintzari berriak egiten zizkigularik, alegia gure nahigabeak amaitzearen alde gogor jardungo zuela esanez. Gure lehenengo elkarrizketa hura gehiegi ez luzatzeko aholkatu zigun, beste berririk lortzeko erraztasun gehiago izan zezan. Oso gaitz izan zitzaigun aholku hari jarraitzea. Manonek ez ninduen joaten uzten. Hamaika aldiz eseri erazi ninduen nire aulkian! Arropa eta eskuetatik oratzen zidan: —Baina, zelako egoeran uzten nauzun! Nork berma diezadake berriro ikusiko zaitudanik? Tko jaunak nirekin batera sarri bisitatuko zuela agindu zion: —Leku honi —gehitu zuen hitz atseginez— ezin izango diogu engoitik Ospitalea deitu. Versailles behar du izan, bihotz guztien erregina berton atxilotua dagoenetik.

        Irteeran eskuzabal izan nintzen Manonen ardura zuen morroiarekin. Hura egoki zain zezan gura nuen. Mutil hark bere kideak baino bihozbera eta zintzoagoa zirudien. Gure elkarrizketaren lekuko izan genuen, eta ikuskizun hark biziki zirraratu zuen. Eskuan jarri nion urrezko luis batek oraindik ere nire alderago jarri zuen. Aparte deiturik honako hau belarriratu zidan: —Jauna, berorren zerbitzupean hartu gura banau, edo hemen dudan enpleguaren galera-ordainez sari bidezkoa eman, uste dut ez zaidala Manon andereñoa aske uztea zail izango.

        Ez nion nik proposamen hari muzin egin. Eta une hartan ezeren jabe ez banintzen ere, bere apetak espero zukeen baino askoz gehiago eskaini nion. Bere giza mailako gizon bati ordaintzea eginkizun erraza gertatuko zitzaidala pentsatu nuen: —Izan ziur laguna —esan nion—, prest naukazula nire esku dagoen edozer zure alde egiteko.

        Jakin nahi izan nuen nolako bitartekoak erabili behar zituen.

        — Gauean, bere gelako atea zabaltzea besterik ez dut eginen. Eta kalerantz gidatu. Han beraren zain egon beharko duzu.

        Orduan galdetu nion ea korridore eta atariak zeharkatzerakoan ezagutuko zutenaren arriskurik ez ote zegoen. Bazela bai aitortu zidan, baina zerbait lortuko bazuen arriskatu beharra zegoela. Mutil hura bere buruaz hain fio ikusirik ere, Tko jaunari deitu nion egitasmo haren berri emateko, eta nire irudiko haren arrakastan eztabaidagarri ikusten nuen puntu bakarra azaldu nion. Nik baino zailtasun handiagoa aurkitzen zuen. Era hartan ihesa posible zela onartu zuen, baina: —Ezagutzen badute eta gainera harrapatu, bereak egin du ia betiko. Bestalde Parisetik berehala alde egin behar izango zenuke. Ez zenuke inguruan ezkutaleku segururik aurkituko. Zure eta beraren bila geroz eta gogorrago ekingo liokete. Izan ere gizon bakarrak aise aurkitzen du ihesbiderik, baina ia ezinezkoa da emakume polit batekin ezkutuan irautea.

        Arrazonamendu hari guztiz pisuzkoa irizten banion ere, ezin izan zuen Manon aske ikusteko nuen itxaropena garaitu. Horixe bera adierazi nion Tko jaunari.

        Maitasunari apur bat axolagabe eta ausart izatea barka ziezaiola eskatuz. Nire helburua hain zuzen, Parisetik alde egitea zela —gehitu nuen— gero, lehenago egina nuen bezala, inguruko herri batean gelditzeko. Bat etorri ginen morroia eta biok biharamunean bertan ekintza burutzeko. Eta hura ahalik eta errazen bideratzeko gizon-jantziak barrura pasatzea erabaki genuen. Ez zen oso erraza izango. Baina zerbait bururatuko zitzaidan. Tko jaunari bi gainjantzi arin bata bestearen gainean ekar zezala erregutu nion, enparauzkoa nire kontura joango zela. Biharamunean Ospitalean ginen berriro. Aldean neramatzan barrukoak, galtzerdiak etc.; guztiak Manonentzat ziren, eta maripulisaren gainetik patrika hanpatuak ikus ez zitezen, berokia. Lipar batez igo ginen haren gelara. Tko jaunak bere gainjantzietako bat utzi zion, nik berriz nire maripulisa. Nik neuk nahikoa nuen berokia handik irteteko. Tamalez ahaztu egin nuen galtza baino ez zen falta izan. Ahanzte hark barre-algaran jarriko gintuzkeen baldin eta sortzen zigun estualdia guztiz larria izan ez bazen.

        Horrelako zirtzileria batek dena pikutara bota zezakeenik pentsatzeak urduritu egin ninduen. Hala ere erabaki nuen ni neu galtzarik gabe irtetea, nirea Manoni utziz. Horrela luzea nuen berokiari orratz batzuk ezarriz atea zeharkatzeko bidean jarri nintzen. Harrez gero egunak eman zuen hondarra pisua oso iruditu zitzaidan. Gaua iritsi bezain agudo, Ospitaleko atarira jo genuen, kotxea pixka bat beherago utziz. Ez ginen luzetsirik Manon bere gidariekin begiztatu genuenean. Atetila zabaldu eta arin igo ziren biak. Besoekin nire maitea inguratu nuen.

        Dardaraz sentitu nuen, hostoa zuhaitzean bailitzan. Kotxeroak norantz jo behar zuen galdegin zidan. —Hoa mundura azkenera —esan nion—, eraman nazak Manonengandik inoiz gehiago banatuko ez nauten lekura. Neurriz kanpoko ateraldi hark larritasun gogaikarria ekarri zidan ia-ia. Hitz haiek gogoeta egitera bultzatu zuten gizon hura. Eta ondoren zein kaletara nahi genuen eraman gintzan adierazi genionean, auzi ilun batean sartuko genuenaren beldurra azaldu zigun. Argi zeukala Manon izena zuen gizon gazte lirain hura Ospitaletik bahitu berri nuen neska bat zela, bera ez zihoala bada, niregatik bere buruari harrika egitera. Elementu haren ele zuriak helburu garbi baten bila zihoazen: bidaia garestiago ordain erazi nahi zidan. Hurbilegi ginen oraindik Ospitaletik. Zuhur jokatu beharra genuen. —Isil hadi —esan nion—. Badaukak urrezko luis bat irabazterik eta. Hura entzun eta gero, Ospitaleari berari su ematen lagunduko zidakeen. Lescaut zegoen etxera heldu ginen. Berandu izanik, agur esan genion bidean Tko jaunari biharamunean elkar ikusiko genuenaren promesarekin. Morroia gurekin gelditu zen.

        Hain neukan nire besoekin estekaturik, kotxe hartako toki bat besterik ez genuela okupatzen. Negarrez ari zen pozaren pozez, bere malkoen hezeak nire begitartea bustitzeraino. Baina kotxetik jaisterakoan Lescauten eme aurrean, ondorio latzak ekarri zituen liskarra izan genuen kotxeroarekin.

        Damuturik nengoen jadanik, luis baten eskaintzagatik, ez bakarrik larregi iruditzen zitzaidalako, baizik eta —hau noski arrazoi gordinago nuen— zerez ordaintzerik ez neukalako. Lescauti deitu eta nolako atakan aurkitzen nintzen esan nion belarrira. Umore zakarreko izanik eta inola ere ez kotxero batekin harremanik izaten ohitua, ea txantxetan ari nintzen galdetu zidan:

        — Urrezko luis bat! Makila salda ederra emango nioke nik alproja horri. Emeki-emeki trankiltzeko esan nion. Galduak ginen bestela. Niri makila eskutik ken eta kotxeroa jotzeko itxura egin zuen. Gizon hark —nonbait mosketari edo guardiaren baten atzaparretatik inoiz pasatua— ziztu bizian egin zuen ihes beldurrak aldean. Engainatu egin nuela, baina aurki izango nuela beraren berri entzun nion esaten. Ihes hark oso urduri jarri ninduen. Argi neukan komisariarengana joko zuela. Behingoan: —Galbidean jartzen nauzu Lescaut —esan nion—. Ez naiz zure etxean ziur izanen. Alde egin beharra dugu. Eta Manoni nire besoa eskainiz, kale arriskutsu hartatik desagertu egin ginen. Lescaut gurekin genuen. Miresgarria benetan Probidentziak gertakariak kateatzen dituen era.

        Bospasei minutu ere ez ginen ibiliko eta hara non neronek aurpegirik ikusi izan ez nion gizonezko batek Lescaut ezagutu zuen. Beronen bila zebilen zalantzarik gabe etxe inguruan. Hara zekarren helburu gaiztoa hantxe bertan bideratu zuen. —Lescaut berbera da —esan zuen pistola-tiroa jaurtikitzen ziola—. Gaur gauean aingeruak izango ditu afalkide.

        Ez genuen gehiago ikusi. Lescaut zerraldo erori zen bizi-aztarnarik erakutsi gabe. Ihes egin beharraz konbentzitu nuen Marion, gorpu bati ezin baikenion inolako laguntzarik eskaini. Gainera guardia-talderen batek harrapatuko ninduenaren beldur nintzen, edozein momentutan ager baitzitezkeen. Aurrean genuen lehenengo zeharkaletik abiatu ginen morroia eta hirurok. Bere onetik joanda ikusten nuen. Eutsi egin behar izan nion, ez zen zutik egoteko gauza. Kalearen amaieran kotxe bat begiztatu genuen. Bertara igo ginen; baina kotxeroak nora eraman behar gintuen galdetu zigunean ezin izan nuen hitzik jaulki. Ez nuen aterpe segururik ez eta lagun fidagarririk. Nori eska bada laguntzarik? Ia dirurik gabe gainera, pistola erdia baino ez baineraman patrikan. Manon ostera ia konorterik gabe ondoan. Izuak eta nekeak hain zuten gogor astindu! Nik bestalde Lescauten erailketa nerabilen buruan ezin bazterturik, guardia-taldeak atxilotuko ninduenaren beldur. Zer egin, nora jo?

        Chaillot-eko ostatuaz oroitu nintzen nire zorionerako. Han seguru egoteaz kanpo ordaindu beharraren presa handirik gabe bizi gintezkeen aldi batez.

        — Eraman gaitzazu Chaillot-era —esan nion kotxeroari—. Ukatu egin zen, pistola bat ez ordaintzekotan. Beste oztopo bat orduan ere. Azkenean ados jarri ginen sei frankotan. Patrikan neraman diru guztia nuen.

        Manon kontsolatzen jardun nuen aurrerabidean. Baina neuk ere bihotza etsipenak jota neraman. Nire burua hil izango nukeen nire besoetan biziari atxikitzen ninduen ontasun bakarra izan ez banu. Pentsamendu soil hark gera arazten ninduen: —Nirekin daukat behintzat —nioen nire artean—. Maite nau, nirea da. Alperrik esango du Tibergek baina han ez da zorion-lilura bat. Unibertso osoaren hondamendia gerta liteke eta ni ez nintzateke ezertaz ere jabetuko. Ez dut beste inolako gutiziarik.

        Sentimendu hura egiazko nuen. Hala ere munduko ondasunei hain jaramon gutxi egiten nien garai hartan ohartzen nintzen gutxienez haien zatiren bat behar izango nuela gainontzekoari lasai muzin egin ahal izateko. Maitasuna ugaritasuna baino indartsuagoa da, altxor eta aberastasunak baino areago, baina beraien laguntza behar du, eta ez da maitale sentiberarentzat gauza etsigarriagorik beraien kausaz eta bere gogoaren kontra arimarik arruntenen saskarkeriara eramana izatea baino.

        Hamaikak ziren Chaillot-era iritsi ginenean. Ia-ia etxeko moduan hartu gintuzten ostatuan. Ez zituen harritu Manon gizonezko jantziarekin ikusteak, ohituak baitaude Parisen eta bere inguruetan emakumeak nolanahiko itxuratan ikusten.

        Zerbitza zezaten agindu nuen, nire ondasunen egoera ezin bikainago bailitzan. Manonek ez zekien ni diruz hain eskas nenbilenik. Kontu handia izan nuen berari hartaz deus ere ez esaten, biharamun goizean Parisera bakarrik joateko asmoa bainuen, ea eritasun antzeko gaitz erdeinagarri hari sendagairik aurkitzen nion. Afalorduan zurbil eta argal zegoela ohartu nintzen. Ospitalean ez nintzen horretaz konturatu nik aurkitu nuen gela hartan ez baitzen argirik soberan. Guzti hura ea bere nebaren erailketak sortu zion izualdiaren ondorioa ote zen itaundu nion. Ezbehar hark txit aztoratu bazuen ere, esan zidan bere zurbiltasuna hiru hilabetez ikusi ez ninduelako zela.

        — Bene-benetan maite al nauzu baina? —galdetu nion.

        — Adierazteko gai nintzatekeen baino mila aldiz maiteago —berak arrapostu.

        — Ez nauzu orduan inoiz gehiago utziko? —nik.

        — Ez. Inoiz ere ez —berak.

        Eta bere promesa zin eta laztanez bermatu zidan, hainbat non inoiz haiek ahantz zitzakeenik ezinezko iruditu baitzitzaidan. Beti pentsatu izan dut benetan ari zela, zeren osterantzean zein arrazoi izan zezakeen kontraesan hain nabarmenetan sartzeko? Baina sasoi hartan oraindik ere burua arinagoa nuen.

        Edo agian hobeto adierazteko, ez zen ezer, ez baitzen bere buruaren jabe sentitzen begien aurrean oparotasunean igeri zebiltzan emakumeak ikusten zituenean, berak ostera bere burua premia gorrian, pobre sentitzen zuen bitartean.

        Inoiz nire jatorri eta adurreko gizaseme bati gertatu ez zaion bentura estrainiorik handiena nozitzeko bezperan nintzen. Gainontzeko guztiak garaitu izan dituen froga baten aurrean hain zuzen. Aldarte hartan ezagutzen nuenez biharamun goizean agudo atera nintzen Pariserantz. Beraren nebaren heriotza, biontzat behar genituen arropak eskuratzea, arrazoi sakonak nituen bestelako aitzakiarik bilatzen hasi gabe. Manoni eta ostalariari esan nien kotxe alokatua hartzeko xedeaz nindoala. Baina hura harropuzkeria nuen. Premiak beste erremediorik gabe bidea oinez egitera eraman baininduen, oso azkar gainera Erreginaren Ibilbideraino bertan gelditzeko asmoa nuelarik. Bakardade unetxo bat beharrezko nuen Pariseko eginbeharrak nolabait antolatzeko.

        Belar gainean eseri nintzen. Gogoeta eta arrazonamenduzko hodei batek irentsi ninduen. Ttipituz-ttipituz zetozen hiru gai nagusi antzeman nituen. Orduko premia larri ugarik laguntza ezin azkarragoa eskatzen zuten. Etorkizunean aterpe hartan, eta etor zitezkeen premiei begira, garaikoak bete ondoren zerbait bururatuko zitzaidala pentsatu nuen.

        Nire zorroa betetzea nuen lehenengo jomuga. Tko jaunak beretik eskaini zidan eskuzabaltasunez, baina igun handia ematen zidan berari eskaintza haren gogora eraztea. Zeinen barregarri ezezagun bati norbere miseriaren berri jakin eraztea, bere ondasunen partaide egin gaitzan erregutuz! Apalkeriak inarrositako arima ahul duintasunik gabeak baino ez lirateke gai horrelakorik burutzeko, edo agian baita lotsa hori gainditzeko bihotz guztiz zabala lukeen giristino umila. Ez nintzen ez ni ez gizon ahula ez eta giristino umila. Horregatik nire odolaren erdia eman izango nukeen desohore hari itzur egiteagatik.

        «Tiberge, Tiberge —errepikatzen nuen nire artean—, Tiberge zintzoak ukatuko al dit ezer beretik? Ez. Nire lazeriak hunkitu egingo du, baina ez al nau era berean bere irakaspen moralekin erotuko? Beraren destaina, aholku, eta mehatxuak jasan beharko ditut. Garesti ordaindu beharko dut haren laguntza hainbat non nire odol-isuri handi bat emango bainuke aztorapen eta damu kutsurik baino uzten ez didan horrelako egoera gogaikarria ez jasateagatik. Horrela bada, zernahi esperantza baztertu behar dut, ez baitzait beste salbazio biderik gelditzen. Bi irtenbide horiek baino ez ditut, baina berriz diot nire odolaren erdia aiseago emanen nuke beroietako edozein aukeratu baino lehen, are gehiago esanen nuke: zain hauetatik ibili dabilen odol guztia, bata ere ez erabiltzeagatik. Bai odol guztia —nioen nirekiko—, hausnarketa laburraren ondotik, pozago zalantzarik gabe nire burua arren duingabeko baten gutxiespena jasan baino lehen.» Baina auziak ez du soilik nire odolean mugarri. Ez. Manonen bizi-iraupena dago jokoan. Manonen maitasuna eta fideltasuna. Ba ote dut beroiekin aldera dezakedan tasunik? Aintza, zorion eta ondasun-jabe egin nau. Zerbaiten alde edo kontra bizia emanen nuke, baina gauza bat norbere bizia baino gehiago estimatzea ez da arrazoi Manon bezain estimagarria denik esateko.

        Arrazonamendu hark ebazpen azkarra ekarri zidan. Nire bideari lotu nintzaion, Tibergeren etxerantz jotzeko asmoz eta bertatik Tko jaunarengana. Pariseko sarreran, kotxea hartu nuen nahiz eta ordaintzeko dirurik ez eraman. Eskatu behar nuen diru-laguntzaren kontura ari nintzen. Luxembourg alderdira eraman nintzan agindu nion kotxeroari. Handik mandatua bidali nion Tibergeri zain nindukala adieraziz. Laster agertu zen nire egonezina baretuz.

        Itzulingururik gabe nire premien larritasuna aitortu nion. Itzuliak nizkion ehun pistola haiek ez ote nituen aski izanen itaundu zidan. Eta beste inolako hitzik erantsi gabe, haien bila abiatu zen une hartan bertan. Maitasunak eta benetako adiskidetasunak ematerakoan erakutsi ohi duten atseginezko aurpegiaren ezaugarriak erakutsiz. Nire eskabidearen arrakastan zalantza errainurik ez baneuka ere, oso harritu ninduen hain prezio merkean lortu izana, hots nire damu ezagatik inolako agirakarik egin gabe. Baina oker nenbilen nire burua bere haserretatik salbu sentitzean; izan ere bere diru-kontaketa amaitu bezain laster elkarrekin ostera bat egiteko erregutu zidan. Ez nion Manon izendatu ere egin. Berak ez zekien hura aske zenik. Gauzak horrela bere jardun moralizatzaileak nire St. Lazare-tiko ihesa baizik ez zuen aipagai izan. Beldur zen berarengandik jasoriko zuhurtasunezko erakutsiez baliatu ordez ez ote nuen berriro ere bide lardaskatua aukeratu. Jarraitu zuen esanez, nire ihesaren biharamunean St. Lazare-ra ni ikustera iritsi zelarik, guztiz aho zabalik gelditu zela handik nola ihes egin nuen jakin zuenean. Nagusiarekin mintzatu zela auzi hartaz. Eta gizon on hura oraindik ere bere izua pasatu gabe ikusi zuela.

        Hala ere polizia-buruari nire ihesaren zertzeladak isiltzeko jenerositatea izan zuela; eragotzi egin zuela bada, ataltzainaren hilketa handik kanpora zabal zedin. Alde hartatik behintzat ez nuen zertan beldurrik izan behar. Baina zuhurtzia poxi bat sikiera banuen —gehitu zuen— zeruak nire arazoei eskaintzen zien adur onaz baliatu beharra nuela hasteko, nire aitari idatziz eta berarekin adiskidetuz. Azkenik bere aholkua behin behintzat jarraitu nahi banuen, Paris utzi eta familiaren magalera itzultzea gomendatzen zidala.

        Amaitu arte entzun nuen beraren berbaldia. Bazen han gauza baikorrik. Pozarren jakin nuen hasteko, St. Lazare aldetik ez nuela inolako beldurrik izan behar. Berriro ere Parisko kaleak ibilgune libre nituen. Bigarrenik Tibergek Manonen libertate eta niregana itzultzearen berririk ez izateak trankil utzi ninduen. Areago oraindik, nire lagunak Manoni buruz ezer ez aipatzeak hura nire bihotzean lehen bezain sakon sarturik ez nuela pentsatzen zuelako izan zitekeen agian, sujet hartaz lasaiago azaltzen bainintzen. Beraren aholkuari jarraituz etxera itzultzea ez, baina aitari idaztea behintzat bai erabaki nuen. Adieraziko nion bere nahiak eta nire eginbeharrak betetzeko gertu ninduela. Dirua bidaliko zidan esperantza banuen, nire akademiako azterketak aitzaki. Zeren oso zaila izango baitzitzaidan bera konbentzitzea eliza-estatura itzultzeko asmoa nuela adieraziz. Funtsean ez nintzen agindu nahi nion xedean egiaren muinetik urrun. Aitzitik banuen gogorik, onest eta zentzuzko zerbaiti atzemateko, asmo hori baina beti ere nire maite-bizitzarekin uztartzekotan. Nire maitearekin bizi nintekeen aldi berean ikasketak burutzen nituelarik. Guztiz uztargarritzat jotzen nituen. Hain ninduten jomuga haiek asebete, ezen agindu bainion Tibergeri egun hartan bertan aitari gutuna bidaliko niola. Esan eta egin. Gutun hartan xamur eta menekoi agertu nintzaion, hainbat non hura berrirakurtzean haren bihotza hunkitu eta zerbait lortuko nuela segur bainintzen.

        Tiberge agurtu ondoren kotxea ordaintzeko adina diru baneuka ere, harro-harro abiatu nintzen oinez Tko jaunaren etxerantz. Nire askatasunaren dastatze hartan atsegin handia hartzen nuen. Lagun agurtu berriak adierazi bezala ez nuen jadanik inolako beldurrik izan behar. Hala ere bat-batean gogoratu nintzen haren bermatasuna St. Lazare-ko ormetan zuela mugarri, eta hartaz kanpo Ospitaleko auzia ere nire bizkar neramala. Lescauten erailketa kontatu gabe, zeinetan nahasturik bainengoen, lekuko bezala baino ez bazen ere. Oroitzapen hark txit aztoratu ninduelarik lehenengo ikusi nuen bidetik aldendu nintzen eta bertatik kotxe bati deitu. Zuzen-zuzen jo nuen Tko jaunaren egoitzara. Nire izua ikusirik barreari ekin zion. Neuk ere nire burua irrigarritzat jo nuen, esan zidanean ez zetorkidala Ospitaletik eta Lescauten auzitik inolako arriskurik. Esan zidan, Manonen bahiketa zela eta, bada ezpada, Ospitalera jo zuela goizean bere kontra susmorik ba ote zuten jakitera. Manonengatik galdetu omen zuen gertatu zenaz ezer ez baleki bezala. Gu biok salatzetik oso urrun zeudela, behingoan kontatu baitzioten harriturik zeudela nola hain polita zen Marion hark morroi batekin egin zezakeen ihes. Berak bere aldetik llabur erantzun omen zien guzti hura ez zela harrigarria, askatasunagatik edozer egiten dela adieraziz. Hariari jarraituz, Lescauten etxera jo omen zuen nire maite kuttunarekin han egongo nintzen esperantzarekin. Baina etxejabeak —kotxe-egilea berau— erantzun omen zion ez gintuela bata ere ikusi. Ez zela edozein modutan harritzeko gauza, gu han ez agertzea, Lescauten bila bagindoazen behintzat, orduantxe bertan hil egin baitzuten. Gertakari hartaz ez omen zen gizon hura mutu gelditu, hilketaren zergatik eta nolakoaz zabal mintzatu baitzen. Bi ordu lehenago guardia-lagun bat etorri omen zitzaion jokoan egiteko asmoz. Lescautek hainbat diru omen zuen irabazi, non lehiakidea ordu beteren buruan larruturik poltsikoan ehun ezkutu gutxiago zeukala aurkitu baitzen. Zorigaiztoko hark sosik gabe aurkitzen zelarik, galdu zuen diru-kopuruaren erdia maileguz itzul ziezaiola erregutu zion besteari. Auzi haren inguruan sortu ziren gorabeherek lagun bien arteko liskar handia sortarazi omen zuten. Lescautek ez omen zuen auzia ezpataz ebatzi nahi izan, besteak berriz zin egin omen zion alde egiterakoan burua txikituko ziola, mehatxua gau hartan bete zuelarik. Une hartan gure etorkizunak oso kezkatu zuela aitortzeko lautasuna izan zuen Tko jaunak. Halaber jator agertu zen bere zerbitzuak eskaintzen jarraitzeko prest zegoela esan zigunean. Gure ezkutalekuaren kokapena zalantza fitsik gabe adierazi nion. Gurekin afaltzera etortzeko baimena eskatu zigun.

        Manonentzako zenbait jantzi eta aldagarri erosi besterik ez neukanez, orduantxe bertan irten gintezkeela esan nion, aurretik nirekin zenbait dendatara sartzea gogozko bazuen. Nik ez dakit egin nion proposamen hura bere eskuzabaltasuna bultzatzeko erabiltzen nuela uste izan zuen ala bere berezkotik irten zen; gauza da berehala irteteko prest agertuz, bere etxea hornitzen zuten merkatariengana eraman ninduela. Bertan nik aurrez pentsaturiko baino askoz garestiago ziren ehunak erostera behartu ninduen. Ordaintzeko garaia heldu zenean berriz, saltzaileei nigandik ez zezatela deus ere onar agindu zuen. Eta hain zuen bere emankortasun hura fintasun handiz burutu ezen iruditu baitzitzaidan hartaz ahalkerik gabe balia nintekeela. Chaillot-erako bideari lotu gintzaizkion. Irten ginen baino lasaiago itzultzen nintzen.

        Grieux-ko zaldunak narrazio honen haritik ordubete baino gehiago eman zuelarik, atsedenalditxo bat bar zezala erregutu nion, gurekin afaltzera geldituz. Gure arretak argi utzi zion jakin-min handiz jardun genuela entzuten. Segurtatu zigun halaber bere historiaren jarraipenean oraindik anitz interesgarriagorik aurkituko genuela.

        Eta afari-legea amaitu bezain laster, honelatsu berrekin zion:

 

 

 

© Abbé Prévost

© itzulpenarena: Anton Narbaiza

 

 

"Abbé Prévost / Manon Lescaut" orrialde nagusia