EGILEAREN OHARRA

 

        Grieux-ko zaldun zorigaiztoaren benturak nire Oroitzapenetan barnera nitzakeen arren, iruditu izan zait ezinbesteko lotura ez zutelarik irakurleari atseginagoa gertatuko zitzaiola hemen banaturik ikustea. Honen luzea den kontaerak nire nirea dudan historiaren haria eten eginen baitzukeen. Obra honetan zehar idazle zehatza naizenik frogatu asmorik ez badut ere, ez dezaket ahantz narrazio bat edonolakoa delarik ere, astun eta ilun bilaka dezakeen edozein zertzeladaz aske izan behar duela. Horixe duzu hain zuzen Horatio-ren agindua:

 

                Ut jam nunc dicat jam nunc debentia dici

                Pleraque differat ac praesens in tempus omittat.

 

        Baina ez dugu horren itzal handiaren bila hasi behar, berez egia guztiz arrunta dena frogatzeko, zeren zentzuna baita honelako erregela baten iturburua. Irakurlegoak nire biziaren historian ezer atsegin eta interesgarririk aurkitu badu, zinez agintzen diot gehigarri hau plazerez hartuko duela. Grieux-ko zaldunaren portaeran pasio-oldarren adibide izugarria aurkituko du. Zoriona saihestu eta adur gaiztoenaren sarean berak horrela nahirik harrapatua izatera amiltzen den itsuturiko gizon gazte bat itxuratuko dut. Tasunik ederrenen jabe izanik ere, bizitza ilun eta buhamea hobesten dituena ongizate eta naturaren abantailak baino. Eta bere zoritxarrak aurreikusi arren, haietatik itzur egin nahi ez duena.

        Zoritxarrok sentitu ez ezik, eta hilduratu egiten badute ere, etengabe begien aurrean jartzen dizkioten sendagaiak errefusatzen dituena behin eta berriro jakinik bere gaitzen sendabide izanen direla. Aiurri nahasia bestalde, bertute eta aztura makurren orea, sentimendu on eta ekintza gaiztoen etengabeko kontraste.

        Horra hor nire irakurleari aurkezten diodan ikusgunea. Gizaki jatorrek ez diote honelako lan bati alferrikako jolas iritziko.

        Irakurketa atseginak sor dezakeen gozamenaz landa, gertakari gutxi izanen da historia honen arrastoan ohitura zuzenen irakaspenerako balio izanen ez duenik. Eta jendeari dibertitzen den neurrian zerbait onik irakasten badiogu, mesede bazterrezina egiten diogu.

        Harritu ohi gara maiz, moralaren aginduez gogarte egiterakoan, ikusten ditugularik estimatuak eta gaitzetsiak direla batera, geure buruari giza bihotzaren bitxitasun honen zergatiaz galdetzen diogularik, alegia nola ontasunaren eta betetasunaren ideiak goraipatu ohi dituen gero ostera etengabe eguneroko bizitzan beraiengandik urrutiratzen delarik. Esaterako jakinduria eta heziera maila nolabaiteko pertsonek beren solasaldi edo eta beren amets bakartien mintzagairik ohizkoena zein den aztertu nahi balute ohartuko lirateke ia beti ere moralezko arduren gurpilean dabiltzala jira eta bira. Maila jakin batetako jendearentzat bizi-unerik eztienak bakarrik edo lagun batekin igaro ohi dituztenak dira: bertutearen bideez eta beraietatik urruntzen gaituzten gure ahuldadeez, berauentzako sendagaiak aurkitu nahian aritu ohi direlarik.

        Horatio-k eta Boileau-k ekinbide honi bizi zoriontsuaren irudia osatzen duen atalik ederrenetakotzat irizten diote. Baina nola arraio eror daiteke hain erraz espekulazio garai horietatik, eta berehalakoan gizakiaren mailarik arruntenean aurki?

        Oker nenbilke orain agertaraziko dudan arrazoiak gure ideia eta portaeraren arteko kontraesana argi esplikatuko ez balu.

        Hots, adierazi nahi da moralaren agindu edozein, orokor eta zabala izanik, oso zail bilakatzen dela beraren gauzatze zehatza egitea, ohitura eta ekintzen xehetasunaren arabera. Eman dezagun etsenplu bat. Jatorri argiko arimek badakite jakin eztitasuna eta gizatasuna bertute maitagarriak direna, eta badute halaber beraiek praktikatzeko joerarik. Baina beroiek mamitzeko garaian zer? Burutugabe gelditu ohi dira maiz. Unerik egokiena aukeratu ote dute?

        Ba ote daki inork zein izan behar duen beraien neurria? Bertute ariketa horren objektuak ez al gaitu tronpatzen? Honelako hamaika eta hamaika zailtasunek geldiarazten gaituzte. Izan ere on-egile eta liberala izanik tronpatua izateko beldur zara, ahultzat jo zaitzakete ostera xamur edo sentiberegia ager bazaitez, hitz batez esateko era aski ilun batez gizatasun eta eztitasunaren oinarri orokorren esparruan barneraturik dauden betebeharrak gainditu edo beteezinaren kezka azaltzen zaizu. Zalantza honen eraginpean esperientziak edo adibideak baino ez dezake era arrazoitu batez gure bihotzaren aiherra finkarazi. Baina esperientzia ez zaio inondik ere edonori askatasun osoz hartzea gomendatzen, aitzitik patuaren eraginez norbera non kokaturik aurkitu ohi den egoera desberdinen arabera joango da. Horregatik bada etsenplua baino ez dugu hainbat pertsonak bertutearen jardunean har dezaketen arau bakartzat. Horregatik bada hain zuzen, honelako irakurleentzat erabilgarri oso etor litezke honen moduko obrak, beti ere ohore eta zentzunezko pertsonek idatziak izan badira. Hemen eskaintzen den edozein gertakari argi-errainu bat da, esperientzia ordezkatzen duen irakasbidea halaber. Berton, nork bere zertzeladei egokitzea baino ez du falta. Guztia moralezko tratatua da, ariketa gisan era atseginez laburbildua.

        Irakurle zuhurren bat agian nire adin honetan maite eta patuari buruzko benturak izkiriatzeari berrekin diodalako ofenditurik dagoke; baina egin berri dudan gogoeta zuzena bada, berorrek justifikatzen nau, aitzitik okerra bada, nire akatsak izanen ditut aitzaki.

 

 

 

© Abbé Prévost

© itzulpenarena: Anton Narbaiza

 

 

"Abbé Prévost / Manon Lescaut" orrialde nagusia