Prévost idazlea

 

        Abbé Prévost bizitza benturazale eta trumoitsu baten jabe izan genuen. Fraile beneditar, justiziagandik iheslari, Britainia Handian eta Herrialde Beheretan exilioa ezagutu ondoren, berriro ere Frantzian ikusten dugu. Baina ostera ere, argitalpen eskandalagarri batek hankajoka jarriko du.

        Asko idatzi zuen arren, bere Histoire du Chevalier Des Grieux et de Manon Lescaut eleberriak —bere oroitzapen liburuaren barnean argitaratua— ohorea eta ezagutza eskaini izan dio. Baina horren izenburu luzea Manon Lescaut emakumearen izenak irentsi bide du. Areago oraindik, horrez gero Manon izena bizi arineko emakumea adieraztera pasatu baita. Manon baita eleberriaren ardatz Des Grieux zaldun zorigaiztokoak itzal urria egiten diolarik. Manon baita edozer eta edonor irentsiko duen zurrunbilo goxo bezain miragarri.

        Edozeri ekiteko prest duzu Des Grieux zalduna, iruzur eta tranpa, bahiketa eta erailketa; espetxetik aterako du, maitatzaile engainatua izango da, eta hala ere zigorturik neska Ameriketarantz daramatelarik, gertu izango da hura bahitu nahi aurrenik, eta arrakasta lortzen ez duelarik bera ere desterruan bere maiteari jarraitzeko.

        Baina oker genbiltzake Manonengan gure irainak egotziko bagenitu. Izan ere ez ote neska hura etorkizunean nagusituko zen izaera baten aitzindari. Bere maiteak salatzen duelarik «adarrak» nabarmenki jarri dizkiolarik, berak inportantea ez dela hori, esaten baitio, zeren bihotza ez baitio beste inori salduko, hura berea izango baitu beti.

        Manon bada, izaki erakargarri bezain bihurria duzu, bere gorabeherak ezagutu ahala, zinez maitagarri bilakatzen zaizuna.

        Oihartzun handia izan zuen lan honek operako bertsio bi ezagutu zituen, bata Massenet-i zor zaio, bestea Puccini-ri.

 

                Donna non vidi mai

                simile a questa...

                Manon Lescaut mi chiamo...

 

 

 

© Anton Narbaiza

 

 

"Abbé Prévost / Manon Lescaut" orrialde nagusia