Marie Rogêten misterioa

«Morgue kaleko hilketak»en jarraipena

 

        Es giebt eine Reihe idealischer Begebenheiten, die der Wirklichkeit parallel lauft. Selten fallen sie zusammen. Menschen und zufalle modifieiren gewohulich die idealische Begebenheit, so dass sie unvollkommen erscheint, und ihre Folgen gleichfalls unvollkommen sind. So bei der Reformation; statt des Protestantismus kam das Lutherthum hervor.

 

        «Izaten dira gertaera sail idealak benetako gertaeren pare joaten direnak. Gutxitan etortzen dira bat. Gizonek eta zirkunstantziek aldatzen dute gehienetan gertaeren ibilbide ideal hori, eta, hortaz, ez da ibilbide perfektua gertatzen, eta, modu berean, haren ondorioak ere ez dira perfektuak izaten. Halaxe gertatu zen Erreformarekin; luteranismoa etorri baitzen protestantismoaren ordez.» — Novalis. Moralische Ansichten.

 

        Pertsona gutxi da, baita pentsalari sosegatuenen artean ere, izadiaz gaindikoaren erdi-sineste lauso baina hala ere zirraragarri batek inoiz asaldatu ez duena, kointzidentzia hain zoragarriak gertatzen baitira, non, kontzidentzia huts gisa, adimenak ezin baititu ulertu. Sentimendu horiek —zeren aipatu ditudan erdi-sineste horiek ez baitute sekulan izaten pentsamenduaren indar betea—, sentimendu horiek nekez desagertuko dira, baldin eta ez bada zoriaren dotrinara jotzen, edo, teknikoki esaten zaion bezala, Probabilitateen Kalkulura. Baina kalkulu hori, berez, matematikoa da huts-hutsik; eta era horretan bitxikeria batera iristen gara, alegia, zientziarik zehatzen eta zurrunena aplikatzen zaiola espekulazio ukiezinenaren lanbro eta espiritualtasunari.

        Kaleratzeko eskatu dizkidaten xehetasun harrigarriek, denboraren sekuentziari dagokionez, nekez uler daitekeen kointzidentzia sail baten adar nagusia osatzen dute; eta sail horren bigarren mailako adarra, edo azkena, irakurle guztiek ezagutuko dute, New Yorken gertatu zen Mary Cecila Rogers neskatxaren hilketan.

        Duela urtebete edo, Morgue kaleko hilketak izeneko artikulu batean nire adiskide Auguste Dupin jaunaren adimenaren ezaugarri aipagarri batzuk deskribatzen ahalegindu nintzenean, ez zitzaidan burutik pasa gai berari helduko nionik berriz ere. Dupinen ezaugarri horiek deskribatzea zen nire asmoa; eta asmo hori osorik bete zen Dupinen nolakotasuna agerian jarri zuten zirkunstantzia sail lazgarri hartan. Banuen beste adibide batzuk aipatzea, baina gehiagorik ez nuen frogatuko. Geroago gertatuek, nolanahi ere, beren bilakaera txundigarrian, bestelako xehetasunetara eraman naute, eta xehetasun horiek indarrez ateratako aitorpenen itxura izango dute. Azkenaldi honetan entzun dudana entzun ondoren ordea, harrigarria litzateke isilpean uztea aspaldi entzun eta ikusi nuena.

        Madame L'Espanaye eta haren alabaren heriotzen tragedia argitu ondoren, Dupin jaunak berehala galdu zuen gertaera hari buruzko interesa, eta segituan itzuli zen bere ameskeria tristeen usadio zaharretara. Abstrakziorako joera bainuen neuk ere, berehala egin nintzen usadio haien kide; eta, Faubourg Saint Germaineko gela beretan jarraitzen genuelarik, etorkizunari buruzko kezkak baztertu, eta lasai-lasai murgildu ginen orainean, gure inguruko mundu aspergarria ametsetan bilbatzen jarraitzeko.

        Amets haiek ordea eten egiten ziren noizean behin. Aise ulertuko da Morgue kaleko draman nire adiskideak izan zuen eginkizunak zenbaterainoko zirrara eragin zion paristar poliziari. Guztiz ezaguna egin zen Dupinen izena poliziako kideen artean. Misterioaren hariak lotzeko erabili zituen indukzioen nolakoa ez baitzion inoiz agertu Prefektuari, ezta beste inori ere —niri izan ezik—, ez da noski harrigarria jendeak auzi hau ia-ia miragarritzat jotzea, edota Dupinen gaitasun analitikoak intuizioaren sona hartzea. Zintzotasunak, berez, aurreiritzi hori zuen orori egia esatera bultzatzen zuen Dupin; baina nagitasunak galarazten zion berarentzat interesa aspaldi galdua zuen gai bati berriz ere heltzea. Horrela bada, poliziaren begiratuen objektu bihurtu zen Dupin; eta ez ziren gutxi izaten Prefekturan haren zerbitzuak eskatzen zituzten kasuak. Marie Rogêt izeneko neska gazte baten hilketa izan zen kasu aipagarrienetako bat.

        Kasu hau Morgue kaleko izugarrikeria gertatu eta bi urte geroago izan zen. Marie —izen-abizenek berehala gogoraraziko dituzte, antzarengatik, neska zigarro-saltzaile zoritxarrekoarenak—, Estelle Rogêt alargunaren alaba bakarra zen. Txikitan hil zitzaion aita, eta haren heriotzaz geroztik eta gure kontakizunaren ardatza osatzen duen asasinatzea baino hemezortzi hilabete lehenago arte, elkarrekin bizi izan ziren ama-alabak Rue Pavée Saint André-n, amak, Marieren laguntzarekin, ostatu bat gobernatzen baitzuen han. Horrelaxe egon ziren gauzak, harik eta neskatxak hogeita bi urte bete, eta haren edertasunak lurringile baten arreta erakarri zuen arte. Lurringileak denda bat zeukan Palais Royalgo behealdean, eta auzoa betetzen duten abenturazale amorratuek osatzen zuten gehienbat haren bezeria. Monsieur Le Blanc ondo asko konturatzen zen zer-nolako abantailak zekarzkion Marie ederra bere dendan saltzaile edukitzeak; eta neskak gustura hartu zuen gizonaren eskaintza eskuzabala, ez ordea neskaren amak, hark zalantzak zituen-eta harreman hartaz.

        Dendariak pentsatu bezala joan ziren gauzak, eta laster famatu zuen denda grisette biziaren xarmak. Emango zuen neskak urtebete-edo han lanean, eta halako batean dendatik desagertu zen, haren miresleen txundimenerako. Monsieur Le Blanc-ek ezin zuen neskaren desagertzea esplikatu, eta larritasunak eta izuak erotu beharrean zeukaten Madame Rogêt. Egunkiariek berehala heldu zioten gaiari, eta, polizia ikerketak egiten hastekotan zela, han agertu zen ostera Marie, aste bete igaro ondoren, goiz eder batean, bere ohiko salmahaian, osasuntsu baina nolabaiteko aire tristeaz. Berehalakoan eten ziren galdeketa guztiak, pribatuak izan ezik. Monsieur Le Blanc-ek erabateko ezjakintasuna argudiatu zuen, lehen bezala. Mariek, eta orobat amak, galdetzen zitzaienean, gauza bera erantzuten zuten beti, landaldean eman zuela azkeneko astea, ahaide baten etxean. Era horretan pixkana-pixkana isildu zen auzia, eta ahaztu zitzaien gehienei; zeren neskak, lotsagabeen jakin-minetik libratzeko noski, agur egin baitzion lurrin saltzaileari, eta amaren egoitzaren babesaren bila joan zen berriz Rue Pavée Saint Andrée-ra.

        Etxera itzuli eta handik bost bat hilabetera, neskaren adiskideak guztiz larritu ziren hura bigarrenez desagertu zenean. Hiru egun igaro ziren, eta inork ez zekien ezertxo ere neskari buruz. Laugarren egunean Sena ibaiko uretan aurkitu zen gorpua, Rue Saint Andréko auzoaren ibaiertzetik gertu, Barrière du Rouleko auzo bakartutik oso urruti ez dagoen gune batean.

        Hilketa honen izugarrikeriak (zeren berehala ikusi baitzen hilketa kasua zela), biktimaren gaztetasun eta edertasunak, eta, ororen gainetik, ezaguna izateak, bat egin zuen denak paristar sentikorren gogoan zirrara sakona eragiteko. Hainbesterainoko eragina, hain zabala eta sakona, izan duen antzeko gertaerarik ez dut gogoratzen. Zenbait astez, une hartako politika gaiak ere ahantzarazi zituen gai erakargarri honen gaineko eztabaidak. Prefektuak ohiz kanpoko lana egin zuen; eta, esan gabe doa, Parisko poliziaren indar guzti-guztiak jarri ziren kasu hau argitzera.

        Gorpua aurkitu zen unean, ez zen pentsatu hiltzailea gai izango zenik, ez denbora askoan behintzat, berehala abian jarri zen ikerketari itzuri egiteko. Astebete igaro ez zen arte ez zen beharrezkotzat jo sari baten eskaintzea; eta hasieran mila libera baino ez zen eskaini. Bitartean ahaleginean jarraitu zuen ikerketak, ez beti zuhur, eta jende askoren galdeketa egin zen, xede jakinik gabe ordea; eta bitarte horretan, misterioaren argibiderik ez baitzen batere aurkitzen, herritarrak nabarmen hasi ziren larritzen. Hamargarren egunean pentsatu zen komenigarria izango zela hasieran proposaturiko kopurua bikoiztea; eta, azkenean, aurkikuntzarik batere erdietsi gabe igaro baitzen bigarren astea ere, eta kontuan izanik kaleko istilu larri samarretan gauzatzen hasi zela paristarrek poliziaren kontra beti izaten duten iritzi txar hori, bere gain hartu zuen Prefektuak hogei mila liberaren eskaintza egitea "hiltzailearen salaketa" lortzeko, edo, frogatzen bazen pertsona batek baino gehiagok izan zuela hartan zerikusia, "edozein hiltzaileren salaketa" lortzeko. Sari horrekin batera zetorren adierazpenean, barkamen osoa agintzen zitzaion hiltzailearen kontrako deklaraziorik egingo zuen konplizeari. Prefektuaren iragarkiak, agertzen zen leku guztietan, hiritar batzorde baten idazki pribatua zekarren erantsita, Prefekturak agintzen zuen kopuruaz gainera beste hamar mila libera eskaintzen zituena. Hogeita hamar mila liberatik gorakoa zen beraz sari osoa, izugarrizko dirutza, kontuan hartzen badugu neskaren jatorri apala, eta deskribatu den bezalako izugarrikeriek hiri handietan izaten duten maiztasuna.

        Ziur zeuden denak berehala argituko zela hilketa honen misterioa. Baina, argitasuna ekarriko zutela ziruditen bizpahiru atxiloketa egin ziren arren, ezer ez zen atera susmagarri ziren petsonak inplika zitzakeenik; eta berehala askatu zituzten. Harrigarria ematen badu ere, gaiari buruz argitasunik eskain zezakeen daturik batere gabe igaro zen gorpuaren aurkikuntzaren ondorengo hirugarrengo astea, eta hala ere ez zen ez Dupinen ez neure belarrietara jendearen buruak hainbesteraino berotu zituen gertaera haren aipamenik iritsi. Gure arreta osoa hartzen zuten ikerketetan sartuta geundelarik, ia hilabete osoa joan zitzaigun ez bata ez bestea kalera atera ez ginena, ez genuen bisitaririk hartu, eta egunkariak irakurtzerakoan politikazko artikulu nagusiei begiratu arin bat baino gehiago ez genien egiten. G....k berak ekarri zigun hilketaren aurreneko albistea. 18...ko uztailaren hamahiruaren arratsaldeko lehen orduan etorri zitzaigun, eta berandu arte geratu zen gurekin. Haserre zegoen hiltzaileak aurkitzeko ahalegin guztiek huts egin ziotelako. Bere ospea —halaxe esan zuen, bere paristar doinu berezi harekin— kinka larrian zegoen. Ohorea bera ere auzitan zeukan. Beragan finkatuak zituen jendearen begiak; eta ez omen zegoen egin nahi ez zuen sakrifiziorik, baldin eta misterioaren argitzeko bazen. Bukatzeko, hizketaldi xelebre samarra egin zuen, Dupinen zuhurtzia izendatu zuenari kunplitu bat eginez, eta zuzenean egin zion hari proposamen dudarik gabe eskuzabal bat, zehatz agertzeko libre sentitzen ez naizena, nire kontakizunaren mamiarekin, berez, zerikusirik ez baitu gainera.

        Kunplituari ahal izan zuen ondoena uko egin zion nire adiskideak, baina proposamena segituan onartu zuen, nahiz eta haren abantailak guztiz behin-behinekoak izan. Puntu hori erabakita, hizketan jarraitu zuen Prefektuak, bere ikuspuntua agertuz, aldizka poliziak jasotako lekukotasunei buruzko iruzkin luzeak tartekatuz, lekukotasun haiek ez baikenituen oraindik eskura. Luze mintzatu zen, eta, dudarik gabe, oso modu jakingarrian; nik noizean behin iradokizunen bat egiten nuen, gauak mantso-mantso aurrera egiten zuen artean. Dupinek, bere ohiko besaulkian eroso eserita, errespetuzko arretaren irudi betea eskaintzen zuen. Elkarrizketak iraun zuen artean jarrita eduki zituen betaurrekoak; eta haien kristal berdeen atzealdera egin nuen begiratu bat aski izan nuen jakiteko lotan eman zituela, gustura bezain isilik, Prefektuak alde egin zuen arteko zazpi edo zortzi ordu astunak.

        Goizean, Prefekturan, behar genituen deklarazio guztiei buruzko txosten oso bat eskuratu nuen, eta, zenbait prentsa bulegotan, gertaera triste honi buruzko informazio interesgarria argitaratu zuten egunkari guztien kopia bana. Batere zalantzarik gabe bazter zitekeena kenduta, hauxe zen, osorik, informazioa:

        Marie Rogêt 18...ko ekainaren hogeita biko igande goizeko bederatziak aldean atera zen bere amaren etxetik, Rue Pavée St. André kalean. Etxetik ateratzean, Monsieur Jacques St. Eustache delako bati, eta harixe bakarrik, Rue des Drômes-en bizi zen izeba batekin eguna igarotzeko asmoa zuela adierazi zion neskak. Rue des Drômes hori kalexka labur eta estu bat da, baina jende asko bizi dena; ez dago ibai ertzetik urruti, eta bi milia inguruko distantziara dago Madame Rogêten ostatutik, biderik zuzenena hartuta. St. Eustache hori Marieren senargai ofizialtzat onartua zen, ostatuan bizi zen, eta hantxe egiten zituen jatorduak ere. Ilunabarrean emaztegaiaren bila joatekoa zen, etxera laguntzeko gero. Arratsaldean euria gogor bota zuen ordea; eta, Mariek gaua izebaren etxean pasatuko zuela pentsatuz (halakoetan lehenago ere egin izan zuen bezala), St. Eustacheri ez zitzaion beharrezko iruditu agindutakoa betetzea. Gautzen hasi zuenean, Madame Rogêti (edadeko andre eria zen, hirurogeita hamar urtekoa), entzun omen zioten esaten "Marie ez zuela berriz ikusiko", baina hitz haiei orduan ez zien inork jaramonik egin.

        Astelehenean jakin zen neska ez zela Rue des Drômesera joan; eta eguna neskaren arrastorik aurkitu gabe joan zenean, beranduko bilaketa bat egin zen hiriko zenbait tokitan eta hiri inguruan. Alabaina, neska desagertu eta laugarren eguna arte ez zen aurkitu neskari buruzko datu baliagarririk. Egun hartan (asteazkena, ekainaren hogeita bosta), Monsieur Beauvais delako batek, Marieri buruzko galderak egiten ibilia baitzen adiskide batekin Barrière du Roule-ren inguruan, alegia, Rue Pavée St. Andréren aurrez aurre dagoen Senaren ertzean, jakin zuen arrantzaleek gorpu bat aurkitu zutela uretan, eta ibai ertzera atera berria zutela. Gorpua ikusi zuenean, Beauvaisek, hasieran duda egin bazuen ere, lurrin dendako neska zela adierazi zuen. Lagunak Beauvaisek baino lehenago ezagutu zuen gorpua.

        Aurpegia odol gatzatuaz zikindua zuen, eta ahotik ere bazerion odol pixka bat. Aparrik ez zitzaion ikusten, itoengan gertatu ohi den bezala. Zelula ehunek ez zuten kolorea galdua. Eztarri aldean ubelduak zituen, eta hatzen markak. Bularraren gainean gurutzatuak zituen besoak, eta zurrunduta zeuden. Eskuineko eskua itxita zegoen; ezkerrezkoa erdizka irekia. Ezkerreko eskumuturrean bi azal-urratu zituen, biribilak, soken ondoriozkoak itxuraz, edo behin baino gehiagotan bildutako soka batek eraginak. Eskuineko eskumuturraren parte batean ere urratu handiak ageri zituen, eta orobat bizkarralde osoan, omoplatoetan bereziki. Arrantzaleek soka batez lotu omen zuten gorpua, lehorrera ateratzeko, baina azaleko urradurak ukitu gabe. Lepoko haragia oso hazia zuen. Ebakirik ez zegoen itxuraz, ezta kolpeen ondoriozko izan zitekeen ubeldurarik ere. Kordoi puska bat aurkitu zitzaion lepoan, hain estu lotua non ikusi ere ez baitzen egiten, eta ezkerrezko belarriaren azpian geratzen zen korapilo batez lotua. Aski zen kordoi hura heriotza eragiteko. Sendagileen lekukotasuna segur mintzatzen zen zenduaren bertuteaz. Eragin omen zioten neskari, hala zioen txostenak, bortizkeriarik gogorrena. Aurkitu zutenean, gorpuaren egoera ez zen oztopo izan adiskideek ezagut zezaten.

        Soinekoa guztiz urratua zegoen, eta nahasia. Gonaldeko zerrenda bat, oin bat zabal, erauzia ageri zen beheko azpilduratik gerri alderaino, baina guztiz puskatu gabe. Gerriaren inguruan zegoen, hiru bider tolestua, eta korapilo moduko batez atzealdean lotua. Soinekoaren azpiko jantzia muselina finezkoa zen; eta hartatik zortzi hatz zabaleko zerrenda bat zegoen kendua, ardura handiaz eta oso modu erregularrean. Zerrenda hura lepoaren inguruan lotuta aurkitu zuten, ez estu, baina bai korapilo sendo batez segurtatua. Muselinazko zerrenda honen eta kordoiaren gainean, txano baten hariak zeuden erantsita, eta haietatik zintzilik ageri zen txanoa bera. Txanoaren hariak lotzen zituen korapiloa ez zen emakumeek egin ohi duten modukoa, aldiz, marinel korapiloa zen.

        Identifikatu ondoren, gorpua ez zuten eraman, egiten den bezala, gorputegira (betebehar hori ez baitzen beharrezko ikusi), aldiz, berehala lurperatu zuten, lehorrera atera zuten lekutik ez urruti. Beauvaisen ahaleginei esker, ahalik eta luzaroena gorde zen auzia isilpean, eta zenbait egun pasa zen jendearen interesa piztu aurretik. Astekari batek, nolanahi ere, heldu zion azkenean gaiari; atera zuten lurpetik gorpua, eta berriz aztertu zuten; baina ezer ez zen aurkitu lehendik ezagutzen ez zenik. Oraingoan, nolanahi ere, zenduaren amari eta adiskideei erakutsi zitzaizkien jantziak, eta haiek berretsi zuten Mariek etxetik alde egin zuenean soinean zeramatzan jantzi berak zirela.

        Bitartean, ordutik ordura areagotzen zen nahasmena. Pertsona bat baino gehiago atxilotu eta utzi zuten libre. St. Eustache bereziki susmagarri gertatu zen; izan ere, hasieran, ezin izan zuen Marie etxetik desagertu zen igandean egin zituen joan-etorrien berri zehatzik eman. Geroago, ordea, idatzi batzuk eman zizkion Monsieur G...ri, xehe-xehe delako eguneko ordu guztien berri zehatza ematen zutenak. Denbora pasa eta ez baitzegoen aurkikuntzarik, ehunka zurrumurru zabaldu zen, elkarren kontrakoak, eta kazetariek gauza bat bestearen atzetik iradokitzen zuten. Haien artean, Marie Rogêt oraindik bizirik zegoela zioena eman zuen atentzio gehiena, alegia, zoritxarreko beste neskaren batena zela Senan aurkitutako gorpua. Egokiago dela uste dut aipatu iradokizuna agertzen du-ten zenbait pasarte irakurleari ezagutaraztea. Pasarte horiek L'Etoileko artikulu batzuen hitzez-hitzezko itzulpenak dira, egunkari hori, normalean, nahiko txukun idatzia izaten baita.

        «Mademoiselle Rogêtek igande goizean alde egin zuen amaren etxetik, 18... urteko ekainaren hogeita bian, bere izebari, edo beste ahaideren bati, bisita egiteko helburu aitortuaz, Rue des Drômes-en. Ordu horretatik aurrera, ez dirudi inork berriz ikusi zuenik. Ez dago neskaren ez aztarrenik ez albisterik batere... Inortxo ere ez da agertu ikusi zuenik, egun horretan, amaren etxea utzi zuenez geroztik... Baina, Marie Rogêt igandeko bederatziak ondoren bizien munduan zegoela dioen frogarik ez badugu ere, ordu horretaraino bizirik zegoelako frogak baditugu. Asteazken eguerdian, hamabietan, emakume baten gorpua aurkitu zen Barrière de Roule-ko ibai ertzean, uretan igeri. Hala, amaren etxea utzi eta hurrengo hiru orduetan jaurtiki zutela Marie Rogêt ibaira pentsatuta ere, hiru egun baino ez ziren pasa etxetik atera zen uneaz geroztik, hiru egun, orduren bat gorabehera. Baina zentzurik ez du pentsatzeak hilketa, baldin eta hil bazuten, hiltzaileek gauerdia baino lehenago gorpua ibaira jaurtikitzeko aukera izateko bezain goiz egin zela. Halako krimen izugarrien errudun direnek, nahiago izaten dute iluntasuna argia baino... Konturatzen gara beraz, ezen, Marie Rogêtena balitz ibaian aurkitu zen gorpua, bi egun eta erdi emango zituela uretan, hiru gehienera jota. Esperientziak erakusten duenez, itotakoen gorpuak uretara jaurtikitzen badira, edota pertsona bat bortxaz hil eta haren gorpua berehala uretara jaurtitzen bada, seitik hamar egunerako bitartea behar izaten du gorpuak usteltzen hasi eta, usteltze horren ondorioz, ur azalera igotzeko. Kanoikada bat tirata ere gorpu bat dagoen lekuan, bost edo sei egunez urpean egon ondoren azaleratzen bada, berriz murgilduko da, bere horretan utziz gero. Baina, galdetzen dugu guk, zer zuen bada kasu honek izadiaren ohiko bideetatik apartatzeko? Egoera lazgarri horretan, astearte gaua arte eduki izan balitz gorpua ibai ertzean, aurkituko zen hiltzaileen aztarrenen bat. Dudazko puntua da orobat gorpua hain azkar azaleratu izana, baita bi egunez hilda egon ondoren jaurtiki bazuten ere. Eta, areago, gauza nekeza dirudi krimen honen tamainako gauza bat egiteko gai diren pertsona doilorrek, uretan murgilaraziko zuen zamarik ipini gabe jaurtikitzea gorpua ibaira, zama eranstea oso erraza zutenean».

        Ondoren argudiatzen du kazetariak gorputzak egon behar zuela uretan «ez hiru egun bakarrik, baizik eta, gutxienez, bost aldiz hiru egun», zeren, hain baitzegoen usteldua, non Beauvaisek oso nekez ezagutu baitzuen. Azken puntu hori, nolanahi ere, ez zen inondik inora onartu. Itzultzen jarraitzen dut:

        «Zertan oinarritzen da beraz M. Beauvais gorpu hura zalantzarik gabe Marie Rogêtena zela esateko? Soinekoaren mahuka jaso zuen, eta esan zuen aurkitu zituela neskaren nortasunaz zalantzarik uzten ez zioten marka batzuk. Jendeak, oro har, marka horiek orbainenak-edo izango zirela pentsatu zuen. M. Beauvaisek gorpuaren besoa igurtzi eta ilea aurkitu zuen —pentsa daitekeenez, guk uste, batere erabakigarria ez den gauza—, mahukaren barruan beso bat aurkitzea bezain froga eskasa. M. Beauvais ez zen ostatura itzuli gau hartan, aldiz, arratsaldeko zazpietan, asteazkenean, abisua bidali zion Madame Rogêti bere alabari buruzko ikerketetan ari zirela. Onartzen badugu Madame Rogêt, adina eta pena zirela-eta, ez zela identifikaziora joateko gai (eta hori asko onartzea da), izan behar zuen baten bat bertara joan eta ikerketen berri jakitea merezi zuela pentsatuko zuena, baldin eta uste bazuen gorputza Marierena zela. Inor ez zen agertu. Ezer ez zen esan ez entzun gai honi buruz Rue Pavée St. Andrén etxe bereko biztanleen belarrietara iritsi zenik. M. St. Eustachek, Marieren senargaiak, haren amaren etxean ostatuz baitzegoen, hurrengo goiza arte ez zuela ezer entzun bere emaztegaiaren gorpuaren aurkikuntzaz deklaratu du, orduan joan omen zitzaion M. Beauvais gelara eta eman baitzion albistea. Halako albistea izateko, oso hotz hartu zuela iruditzen zaigu».

        Modu horretan, Marieren ahaideen aldetik axolagabe jokatuko zutelako ideia sortzeko ahalegina egiten zuen aldizkariak, ahaideek gorpua neskarena zela pentsatzearekin adosten ez zena. Hona kazetariaren iradokizunak: Mariek, bere adiskideen laguntzarekin, hiritik alde egin zuen kastitatearen kontrako kargu ziren arrazoiengatik; eta adiskide horiek, Senan gorpu bat aurkitu zelarik, bai baitzuen nolabaiteko antzik neskarekin, hartaz baliatu ziren Marieren heriotza jendeari sinestarazteko. L'Etoile ordea lasterregi zebilen berriz ere. Argi frogatu zen ez zela izan, pentsatu zen bezala, axolagabekeriarik batere; atsoa ikaragarri ahul zegoela, eta hain zegoela asaldatua, non ezertaz arduratzeko ez baitzen gai, eta St. Eustache, albisteak hotz jasotzetik urrun, minak guztiz jota utzi zuela, eta hain aztoratuta zegoela, non adiskide eta ahaide zuen bati eskatu behar izan baitzion M. Beauvaisek har zezala St. Eustacheren ardura, eta ez zion utzi gorpua lurpetik atera ondorengo azterketara joaten. Areago, nahiz eta L'Etoilek baiesten zuen gastu publikoen kargura lurperatu zela bigarrenez gorpua, familiak uko egin ziola hilobi pribatu baten eskaintza onuragarri bati, eta ahaiderik ez zela batere agertu elizkizunetara, nahiz eta, esan dudan bezala, horiek denak ziurtatzen zituen L'Etoilek zabaldu nahi zuen ideia azpimarratzeko xedeaz, hala ere, argi frogatu zen hura guztia ez zela hala gertatu. Aldizkari beraren hurrengo ale batean, Beauvaisen beraren gainean susmoa sortzeko ahalegina ageri da. Honela dio idazleak:

        «Hala bada, aldaketa bat gertatu da auzian. Esan digutenez, behin, Madame B... bat zegoela Madame Rogêt-en etxean, M. Beauvaisek, kalera ateratzekotan baitzen, esan omen zion andreari jendarme bat etorriko zela, baina hark, Madame B.k alegia, ez ziola ezer esan behar bera itzultzen ez zen arte, eta berak esango zizkiola jendarmeari esan beharreko guztiak... Gauzak dauden bezala, badirudi M. Beauvais-ek aurrez pentsatua zuela auzi osoa. Ezin da urrats bat ere egin M. Beauvais gabe; zeren, edozein bide hartuta ere, harekin topo egingo baituzu... Zerbaitengatik ere, berak izan ezik, inork ez duela ikerketan ezer egin behar erabaki du, eta gizonezko ahaideak apartatzen moldatu da, oso modu bitxian gainera, haien kexuek adierazten dutenez. Bereziki ahalegindu da nonbait ahaideek ez dezaten gorpua ikusi».

        Ondoren gertatuak kolore pixka bat eman zien Beauvaisengana modu horretan zuzendu ziren susmoei. Neska desagertu baino egun batzuk lehenago Beauvaisen bulegora joan zen bisitari batek, nagusia kanpoan zela, arrosa bat ikusi omen zuen ateko sarrailan, eta Marie izena sarrailaren ondoan zintzilik zegoen arbel batean idatzirik.

        Aldizkarietatik atera genuenaren arabera, Marie gaizkile talde baten biktima izan zela zen nonbait jendearen susmoa, haiek eraman zutela ibaira, haiek eraso ziotela eta hil zutela. Le Commerciel, nolanahi ere, oso eragin handia zuen aldizkaria, gogor saiatu zen ideia horren kontra. Hango zutabeetako pasarte bat edo bi aldatuko dut hona:

        «Ziur gaude orain arteko ikerketa, Barrière du Roule aldera zuzendua izan den neurrian, aztarren faltsu baten bidetik egin dela. Ezinezko gauza da Marie bezalako emakume bat, ehunka lagunek ondo ezagutzen zutena, inork ikusi gabe hiru etxe multzotatik igaro izana, zeren ikusi zuenak ondo gogoan izango baitzuen, Marie ezagutzen zuten guztiei interesatzen baitzitzaien. Kaleak jendez beterik zeudenean atera zen etxetik... Dozena bat pertsonak ezagutu gabe, ezinezkoa da neska Barrière du Roule-ra edo Rue des Drômes-era joan izana; hala ere, inor ez da agertu amaren etxetik kanpo ikusi zuenik, eta neska kalera atera zelako frogarik ere ez dago, ez bada hark adierazitako asmoekin zerikusia dutenak. Soinekoa urratua zuen, gorputzaren inguruan bildua, eta lotua; eta era horretan eraman zuten gorpua, fardel bat balitz bezalaxe. Baldin eta hilketa Barrière du Roule-n egin bazen, ez zen horrelako gauzaren beharrik izango. Gorpua Barrièretik gertu aurkitu izana ez da uretara jaurtiki zen lekuaren erakusgarria... Zoritxarreko neskaren azpiko gona baten zati bat, bi oin luze eta oin bat zabal, erauzia zegoen eta neskaren kokotzaren azpian lotua, buruaren atzealdetik, garrasirik egin ez zezan seguraski. Musuzapirik ez zuten morroiek egina da hori».

        Prefektua gugana etorri baino egun bat edo bi lehenago, alabaina, informazio garrantzitsua iritsi zitzaion poliziari, itxuraz Le Commerciel-en argudioen parte nagusia ezeztatzen zuena. Bi mutil kozkor, Madame Deluc baten semeak, Barrière du Rouletik gertuko basoan jolasean zebiltzala, arboladi sarri batean sartu ziren ustekabean; ba omen dira han hiru edo lau harri handi, eserleku moduko bat osatzen dutenak, beren atzealde eta aulkitxoarekin. Goiko harrian gonazpiko zuri bat zegoen; bigarrenean, lepoko zapi bat, zetazkoa. Eguzkitako bat, eskularruak eta sakelako zapi bat ere aurkitu zituzten. Zapiak Marie Rogêt izena zuen brodatua. Soineko baten puskak agertu ziren inguruko sasietan. Lurra zanpatua zegoen, sasiak hautsiak zeuden, eta nonahi ageri ziren borrokaldi gogor baten erakusgarriak. Leku haren eta ibaiaren arteko bidean, hesiak altxata zeuden, eta lurrean berriz zama astunen bat arrastaka eramana izan zelako seinaleak ageri ziren.

        Astekari batek, Le Soleilek, komentario hauek egiten zituen aurkikuntzaz, Parisko aldizkari guztien sentimenduaren oihartzun zirenak:

        «Gauza haiek, argi dago, gutxienez azken hiru edo lau asteak zeramatzaten han; euriaren eraginez hondatuak eta lizunduak zeuden, eta lizunak elkarri erantsiak. Belarra hazia zegoen haien inguruan eta gainean. Eguzkitakoaren zeta gogorra zen, baina barrutik elkarri itsatsita zeuden izpiak. Goialdea tolestua zegoen, osorik lizundua eta usteldua ageri zen, eta hautsi egin zen zabaltzean. Sasiek urratutako soinekoaren puskak hiru bat hatz zabal eta sei hatz luze ziren. Puska bat soinekoaren azpildurarena zen, eta pasaratua zegoen; gonaren zatia zen beste puska, ez azpildurarena. Erauzitako puskak ematen zuten, eta sasi arantzatsuan zeuden, lurretik oin bat gora edo... Dudarik ez dago, beraz, aurkitu dela doilorkeria beldurgarri honen gertalekua».

        Aurkikuntza haren ondoren deklarazio gehiago etorri zen. Madame Deluc-ek adierazi zuen errepideko ostatu baten jabe zela. Ostatua ibaiaren ertzetik bertan samar zegoen, Barrière du Roule-ren aurrez aurreko aldean. Auzoa bakartia da oso. Hiriko jenderik bihurriena igandeetan joaten den ohiko lekua da, eta ibaia txalupetan gurutzatuz iristen dira hara. Delako igandearen arratsaldean, hirurak inguruan, neska gazte bat iritsi omen zen ostatura, azal iluneko gizon gazte bat lagun zuela. Ostatuan egonaldi bat egin ondoren, inguruko baso ilunen aldera abiatu omen ziren. Madame Deluc-i atentzioa eman zion neskak zeraman soinekoak, hila zen familiarteko batek eraman ohi zuen baten antza zela-eta. Lepoko zapi bat gertatu omen zitzaion bereziki nabarmena. Bikoteak alde egin eta handik gutxira, gizatxar batzuk azaldu omen ziren, lainezaz beteta; jan eta edan ondoren, ordaindu gabe, gizonaren eta neskaren bide beretik alde egin omen zuten, ilunabarrean itzuli ziren ostatura, eta atzera gurutzatu zuten ibaia, ikaragarrizko presaz nonbait.

        Ilundu eta handik gutxira, arratsalde hartan bertan, emakume baten garrasiak entzun zituzten Madame Deluc-ek eta haren seme zaharrenak ostatutik gertu. Garrasiak ozenak ziren, baina berehala isildu omen ziren. Madame Deluc-ek, basoan aurkitu zen lepoko zapia ez ezik, gorpuan aurkitu zen soinekoa ere ezagutu zuen. Valence izeneko omnibus gidari batek adierazi zuen halaber Senako ferry batean ikusi zuela Marie Rogêt, delako igandean, gazte azal-ilun batekin. Berak, Valencek, ezagutzen omen zuen Marie, eta ezin zuen nahastuta ibili neskaren nortasuna zela-eta. Basoan aurkitutako gauza guztiak identifikatu zituzten Marieren familiartekoek.

        Beste puntu bati ere bazegozkien Dupinek eskatuta egunkarietatik bildu nituen deklarazio eta datuak; baina puntu horren ondorioak garrantzitsuagoak ziren nonbait. Deskribatu berri dudan arropen aurkikuntzaren ondorenean, segituan, Marieren senargai St. Eustacheren gorpu bizigabea, edo kasik bizigabea, aurkitu zen ordurako denek laidoaren gertalekutzat zuten hartatik gertu. Laudanum idazkia zuen botilatxo bat, hutsik, azaldu zen gizonaren ondoan. Pozoiaren kiratsa zerion gizonaren arnasari, eta hitzik egin gabe hil zen. Gutun bat aurkitu zitzaion gorputzean, labur-laburra, Marieganako maitasuna berresten eta bere burua hiltzeko asmoa adierazten zuena.

        —Esan beharrik ere ez dago —adierazi zuen Dupinek, nire oharren azterketa amaitu zuenean—, Morgue kalekoa baino askoz ere kasu zailagoa dela hau; puntu garrantzitsu batean da haren desberdina. Krimen hau, higuingarria bada ere, arrunta da. Ez du ezer berezirik. Konturatuko zara, arrazoi horrexengatik, kasu erraza zela uste izan dela, baina, arrazoi horrengatik beragatik, zaila gertatu behar zuen. Hasieran, adibidez, ez zen pentsatu saria eskaini beharra zegoenik. G...ren agenteek berehala ulertu ahal izan zuten nola eta zergatik egin izan zitekeen tamaina horretako doilorkeria. Modu bat —modu asko— bururatu zitzaien, eta arrazoi bat —arrazoi asko—; eta ez baitzen ezinezko gauza modu eta arrazoi ugari horietako bat izatea benetakoa, segurutzat jo zuten haietako batek izan behar zuela. Baina ideia horiek hain erraz bururatu zitzaizkien, eta hain gertagarriak ziren denak, non erraztasun eta gertagarritasun horiek kasuaren zailtasunaren seinale gisa hartu behar baitzituzten, ez erreztasun seinale gisa. Lehenago ere esan izan dut arrunta denaren mailatik gora eginez aurkitzen duela arrazoiak bere bidea, baldin aurkitzen badu, egiaren bilaketan. Izan ere, halakoetan ez da "zer gertatu da?" egin beharreko galdera, aitzitik, "zer gertatu da oraingoan sekulan gertatu ez zena?" Madame L'Espanayeren etxeko ikerketetan, kasuaren ezohikoak zeuzkan etsita eta nahastuta G...ren agenteak, eta, hain zuzen ere, horrexek eman behar zion adimen behar bezala arautu bati soluziobidearen seinalerik sendoena; eta adimen arautu hori etsipenean murgilduta geratuko zen baldin eta ikusiko balu zenbateraino den ohikoa lurrin dendako neskaren kasuan aurkitu den guztia, Prefekturako funtzionarioentzat soluzio erraz baten adierazgarri baino ez zen hori.

        »Madame L'Espanaye eta haren alabaren kasuan, ez zen batere dudarik izan, ezta ikerketaren hasieran bertan ere, hilketa gertatua zela. Berehala baztertu zen suizidioaren ideia. Oraingoan ere, hasieratik bertatik baztertu da neskak bere burua hil zuenik. Halako egoeran zegoen Barrière du Roulen aurkitu zen gorpua, non puntu garrantzizko honi buruz dudarik egiteko betarik ere ez baitzuen ematen. Iradoki da ordea aurkitu den gorpua ez dela Marie Rogêtena, eta Marie Rogêten hiltzailea edo hiltzaileak salatzeagatik eskaini da oparia, eta Marie Rogêti buruz egin dugu guk Prefektuarekin akordioa. Ondo ezagutzen dugu biok gizon hori, eta ederki dakigu ezin dela beragan konfiantza handirik izan. Baldin eta aurkitu den gorputik bideratzen baditugu geure ikerketak, eta bide horretatik jarraituko bagenio hiltzailearen aztarrenari, gorpua beste neskaren batena delako ondoriora iritsi arte, eta ez Marierena, edota Marie bizirik zegoen unetik hasi eta neska ez dutela hil jakingo bagenu... Kasu batean zein bestean, geure nekeen saria galduko genuke, Monsieur G...rekin moldatu behar baitugu. Geure mesederako beraz, ez bada justiziaren mesederako, gure lehen urratsak, ezinbestean, gorpuaren nortasuna eta galdu den Marie Rogêt horrena bat bera ote diren finkatzea izan behar du.

        »Irakurleei dagokienez, L'Etoileren argudioak pisukoak gertatu dira; eta, gai honi buruzko saioetako bat hasten den moduagatik beragatik, argi ageri da egunkaria bera ere haien garrantziaz sinetsita dagoela: "Goizeko egunkari batzuk", dio, "asteleheneko L'Etoileko artikulu erabakigarriaz mintzatzen dira gaur". Niretzat, delako artikulu hori ezertan ez da erabakigarria, ez bada idazlearen kartsutasunean. Kontuan izan beharko genuke gure egunkarien helburua, oro har, areago dela txundimena eta oihartzuna sortzea —egunkariek arrakasta izatea—, egiaren alde egitea baino. Aurreneko helburuekin bat egiten duenean bakarrik iritsi nahi izaten da azken puntu hori. Besterik gabe iritzi orokorrarekin bat datorrenak (baita iritzi horrek oinarri sendoa badu ere), horrek ez du masaren konfiantza lortzen. Ideia orokor horri buruz kontraesan larriak iradokitzen dituen egunkaria bakarrik hartzen du jendeak sakontzat. Literaturan bezainbeste arrazoibideetan, epigrama da onespen errazena eta zabalena duen generoa. Eta literaturan zein arrazoibidean, epigramak du merituaren mailarik apalena.

        »Alegia, Marie Rogêt oraindik bizirik dagoelako ideiak berez duen epigrama eta melodrama nahasketak, horrek erakarri du L'Etoile, ez ideia horren egiantzekotasunak, eta horrexek segurtatu dio irakurleen harrera ona. Azter ditzagun egunkari horren argudioen oinarriak, eta saia gaitezen jatorrizko testuak duen koherentzia falta saihesten.

        »Idazlearen aurreneko helburua, Marieren desagertzearen eta gorpuaren ibaiko aurkikuntzaren bitarte laburrean oinarriturik, gorpu horrek ezin duela Marierena izan frogatzea da. Bitarte hori ahalik eta gehien murriztea da beraz argudiatzailearen lehen egitekoa. Helburu hori lortu nahirik, abiapuntutik bertatik suposizio hutsetara jotzen du kazetariak. Baina "Zentzurik ez du pentsatzeak", dio, "hilketa, baldin eta hil bazuten, hiltzaileek gauerdia baino lehenago gorpua ibaira jaurtikitzeko aukera izateko bezain goiz egin zela". Eta ondoren galdetzen dugu guk, eta arrazoi osoz gainera, zergatik? Zergatik ez du zentzurik pentsatzeak neska amaren etxetik joan eta hurrengo bost minutuetan gertatu zela hilketa? Zergatik ez du zentzurik pentsatzeak egun hartako edozein unetan gerta zitekeela? Edozein ordutan gertatu izan dira hilketak. Baina, igande goizeko bederatziak eta gaueko hamabiak laurden gutxi arteko edozein unetan gertatu baldin bazen, oraindik ere bazen aski denbora "gauerdia baino lehenago gorpua ibaira jaurtikitzeko". Suposizio horren ondorioa da, hortaz, hilketa ez zela igandean gertatu; baina, onartzen badugu horixe dela L'Etoileren ideia, orobat onartu beharko dugu egunkaria edozer gauza asmatzeko libre dela. "Zentzurik ez du pentsatzeak, etab." hasten den paragrafoa, L'Etoilen idatzia ageri den moduan, honelaxe egon zitekeen irudikatua idazlearen buruan: "Zentzurik ez du pentsatzeak, hilketa, baldin eta hil bazuten, hiltzaileek gauerdia baino lehenago gorpua ibaira jaurtikitzeko aukera izateko bezain goiz egin zela; zentzurik ez du, diogu guk, hori guztia suposatzeak, eta aldi berean ez du zentzurik (guk horixe uste baitugu), gorpua gauerdiaren ondorena arte ez zutela ibaira jaurtiki suposatzeak", berez aski esaldi ilogikoa, baina ez da ordea idatzirik dagoena bezain barregarria.

        —L'Etoileren pasarte horren kontrako argudioak ematea balitz nire helburua —jarraitu zuen Dupinek—, banuke bere horretan uztea, eta kitto. Baina auzia ez da L'Etoilerekin eztabaidan jardutea, egiara iristea baizik. Delako esaldi horrek, adierazia dagoen moduan, esanahi bat besterik ez du, jadanik agertu dudana: baina gaiaren mamira jo behar dugu, hitzak baino harantzago, hitz horiek ideia bat baitzuten atzean, adierazten asmatu ez dutena. Kazetariak aditzera eman nahi zuen ezen, igande gaueko edo eguneko edozein unetan gertatuta ere hilketa, ez dela uste izatekoa hiltzaileak gauerdia baino lehen gorpua ibaira eramaten ausartuko zirenik. Eta hortxe dago, benetan, nik onartzen ez dudan suposizioa, alegia, halako lekutan eta halako modutan egin zela hilketa, eta gorpua gero ibaira garraiatu behar izan zela. Izan ere, litekeena da hilketa ibaiaren ertzean gertatu izana, edo ibaian bertan; eta, era horretan, gorpua ezkutatzeko, uretara jaurtikitzea zen gauzarik logikoena eta egiten errazena, eguneko nahiz gaueko edozein unetan. Konturatuko zara noski nik ez dudala hori gertagarri ikusten, eta ez datorrela neure iritziarekin bat. Nire asmoak, honaino, ez du zerikusirik kasuan gertatuekin. L'Etoileren iradokizun horren tonuaren kontra gaztigatu nahi zintudan bakarrik, eta hasieratik erakutsi nolakoa den.

        »Hortaz, muga egokia ipini ondoren berak asmatu dituen aurreiritziei, eta, aurkitu den gorpua Marierena bazen, oso denbora gutxi eman behar zuela uretan suposaturik, honela jarraitzen du kazetariak:

        »"Esperientziak erakusten duenez, itotakoen gorpuak uretara jaurtikitzen badira, edota pertsona bat bortxaz hil eta haren gorpua berehala uretara jaurtitzen bada, seitik hamar egunerako bitartea behar izaten du gorpuak usteltzen hasi eta, usteltze horren ondorioz, ur azalera igotzeko. Kanoikada bat tirata ere gorpu bat dagoen lekuan, bost edo sei egunez urpean egon ondoren azaleratzen bada, berriz murgilduko da, bere horretan utziz gero".

        »Ideia horiek, aitortu gabe, Parisko egunkari guztiek onetsi dituzte, Le Moniteurek salbu. Egunkari honek "itotakoen gorpuak" aipatzen dituen paragrafoaren parte hori bakarrik jartzen du auzitan, bost edo sei kasu aipatuz itotako pertsonen gorpuak L'Etoilek aipatzen duen epea baino lehenago ur azalean aurkitu zirenak. Baina arrazoibide logikoaren kontra doa Le Moniteuren saio hori, L'Etoileren argudioa osorik ezeztatzeko helburuaz, kasu partikularrak aipatzen dituenean. Bost kasuren ordez, gorpuak bi edo hiru egunen buruan ur azalean aurkitu diren berrogeita hamar kasu aipatu izan balira ere, hala ere, berrogeita hamar kasu horiek, berez, L'Etoileren arauaren salbuespen gisa baino ezingo lirateke har, araua bera gezurtatzen den unea arte. Araua onartzen bada (eta araua ez du ukatzen Le Moniteurek, salbuespenak bakarrik azpimarratzen ditu), L'Etoileren argudioak bere indar guztia gordetzen du; zeren argudio horren xedea ez baita gorpu batek hiru egun baino lehenago azaleratzeko duen probabilitatea eztabaidatzea; eta probabilitate hori L'Etoileren ikuspuntuaren alde dago, Le Moniteurek hain modu inozoan aipatu dituen kasuak kontrako arau bat osatzeko adinako kopurura iristen ez diren artean.

        »Konturatuko zarenez, arauaren beraren kontrakoa izan beharko luke, ezer izatekotan, gai honi buruzko argudio orok; eta xede hori gogoan izanik, arauaren funtsa aztertu behar dugu. Giza gorputza, normalean, ez da izaten, ez Senako ura baino askoz arinagoa, ez askoz astunagoa; alegia, giza gorputzaren grabitate espezifikoa, ohiko egoeran, gorputz horrek kanporatzen duen ur bolumenarena adinakoa izaten da gutxi-asko. Pertsona gizen eta haragitsuen gorputzak, hezurrak txikiak badira, eta emakumeenak oro har, arinagoak izaten dira pertsona argal eta hezur-luzeenak, eta gizonenak baino; eta, bestalde, ibaiko uraren grabitate espezifikoa itsasoaren gorabeheren eraginpekoa da. Baina, itsasaldiak alde batera utzirik, esan daiteke oso gorpu gutxi murgilduko dela, baita ur gezatan ere, berez. Pertsona bat, ia beti, ibaira erortzen bada, ur azalean geratuko da, baldin eta uraren grabitate espezifikoa pertsona horrenaren parekoa gertatzen bada, hau da, gorputza osorik murgiltzen bada, ahalik eta gutxiena kanpoan utzita. Igerian ez dakienak, lehorrean dabilen ibiltariarena du posturarik hoberena, burua osorik atzera botata, eta uretan guztiz murgilduta, ahoa eta sudur-zuloak izan ezik. Modu horretan jarrita, konturatuko gara batere nekerik gabe eta mugitu beharrik gabe geratzen garela ur azalean. Ageriko gauza da orobat gorputzaren grabitatea, eta kanporatutako ur bolumenarena, oso estu orekatuak daudela, eta edozein huskeriak ekarriko lukeela bata besteari nagusitzea. Hala adibidez, beso bat uretatik ateratzea, bere euskarria galtzen duelarik, aski zama erantsia izaten da buru osoa murgil dadin; aldi berean, egur puska txikienaren ezusteko laguntzari esker, burua jaso eta ingurura begiratzeko gai izango gara. Baina igerian ez dakiena urpera ez joateko ahaleginean hasten denean, besoak altxatzen ditu beti, eta burua bere ohiko posizio zutean edukitzen saiatuko da. Horren ondorioz, ahoa eta sudur-zuloak uretan murgilduko dira, eta, ur azalaren azpian ere arnasa hartzeko ahaleginak egiten baitira, biriketan sartzen da ura. Urdailera ere ur asko iristen da, eta gorputz osoa astunagoa bihurtzen da, barrunbe horiek betetzen zuten airearen pisuaren eta orain betetzen duen isurkariaren arteko aldearen eraginez. Arau orokor gisa, nahikoa izaten da diferentzia hori gorputza uretan murgil dadin; baina hezur txiki eta gai koipetsu asko duten pertsonen kasuan hori ez da aski. Horrelakoak ur azalean geratzen dira, baita ito ondoren ere.

        »Gorpua ibaiaren hondoan baldin badago, hantxe geratuko da, harik eta gorpu horren grabitate espezifikoa berak kanporatzen duen uraren bolumenarena baino txikiagoa bihurtzen den arte. Gorpuaren usteltzeak edo beste zerbaitek eragin lezake efektu hori. Usteltzearen ondorioz gasa sortzen da, gas horrek zelula ehunak eta barrunbe guztiak zabaltzen ditu, eta horrexek ematen dio gorpuari buiatu itxura hain ikaragarri hori. Dilatazioa hainbesterainokoa denean non gorpuaren bolumena handitzen baita, baina masa edo pisuaren beste horrenbesteko handitzerik gabe, grabitate espezifikoa kanporatutako urarena baino txikiagoa izaten da, eta, hortaz, gorpua ur azalera igotzen da. Baina usteltzea gorabehera askoren mende dago eragile batzuek lasterragotu egiten dute eta besteek moteltzen: adibidez, sasoiko beroak edota hotzak, urak dituen edo ez dituen mineralek, uraren sakontasuna txiki ala handiak, ur geldia ala dabilena izateak, gorputzaren nolakotasunak, hil aurretik eritasunen bat izateak ala ez izateak. Hala bada, argi dago ezin esan genezakeela zehatz-mehatz usteltzearen ondorioz zein unetan azaleratuko den gorpu bat. Baldintza jakin batzuen pean, ordubetean gertatuko da; beste batzuetan, baliteke sekulan ez gertatzea. Badira kimika gaiak gorpua usteltzetik betiko gordeko dutenak; merkurio bikloruroa da horietako bat. Baina, usteltzeaz gainera, gerta daiteke, eta halaxe gertatzen da maiz, landare gaien hartzidura azetosoak urdailaren barruan gasa sorraraztea (edo beste barrunbeetan, bestelako arrazoiengatik), gorpua azaleraraziko duen dilatazioa sortzeko nahikoa dena. Kanoi baten tiroak eragindako efektua dardaraldi huts-hutsa da. Atxikita zegoen lohi edo lokatz bigunetik libratu eta gorpua ur azalera ateraraziko luke, baldin eta bestelako faktoreen eraginez horretarako prest balego; edota gorpuak gaindi dezake zelula ehunen parte erdi ustelduen gogortasuna, eta era horretan barrunbeak errazago dilatutako dira gasaren eraginaren pean.

        »Aurrean ditugularik orain gai honi buruzko datuak, L'Etoileren baiespenak frogatzeko erabil genitzake. "Esperientziak erakusten duenez", hala dio egunkariak, "itotakoen gorpuak uretara jaurtikitzen badira, edota pertsona bat bortxaz hil eta haren gorpua berehala uretara jaurtitzen bada, seitik hamar egunerako bitartea behar izaten du gorpuak usteltzen hasi eta, usteltze horren ondorioz, ur azalera igotzeko. Kanoikada bat tirata ere gorpu bat dagoen lekuan, bost edo sei egunez urpean egon ondoren azaleratzen bada, berriz murgilduko da, bere horretan utziz gero".

        »Paragrafo hau, osorik, koherentzia eta sendotasun gabeko paper puska bat da orain guretzat. Gertaera guztiek ez dute erakusten "itotako gorpuek" sei egunetik hamarrerako bitartea behar izaten dutenik usteltzen hasi eta usteltzearen ondorioz ur azalera igotzeko. Zientziak nahiz ezagutzen ditugun gertaerek, biek erakusten digute gorpuek azaleratzeko behar duten aldia ez dela beti bera, eta ezin duela izan. Areago, baldin eta gorpu bat kanoikada bat jo delako azaleratu bada, ez da "berriz murgilduko, bere horretan utziz gero", harik eta usteltzea hainbesteraino zabaldu den non barruan pilatutako gasari ihes egiten uzten baitio. Baina "itotakoen gorpuak" eta "bortxaz hil eta berehala uretara jaurtikitzen direnak", horien artean egiten den bereizketara erakarri nahi dut zure arreta. Bereizketa onartzen du kazetariak, baina sail berean ipintzen ditu denak. Esan dizut lehen ere, itotzeko zorian dagoen pertsona baten gorputza, gorputz horrek kanporatzen duen ur bolumena baino espezifikoki astunagoa bihurtzen da, eta ez litzateke inola ere urperatuko, baldin eta besoak azalaren gainetik jasotzen ahaleginduko ez balitz, eta orobat uraren azpian dagoenean arnasa hartzen saiatuko ez balitz, zeren arnasaldi horiek ura eramaten baitute biriketara, lehen airea zegoen lekura. Baina borrokaldi eta ahokada horiek ez dira gertatzen "bortxaz hil eta berehala uretara jaurtikitzen diren" horietan. Hala, azken kasu horretan, gorpua, arau orokor gisa, ez litzateke urperatuko; eta, argi dago, hori L'Etoilek ez daki. Usteltzea asko zabaldu denean —haragiaren parte handi bat hezurretatik askatu denean—, orduan, hain zuzen ere, baina ez ordu arte, galduko genuke gorpua begien bistatik.

        »Eta zer esango dugu beste argudio horri buruz, aurkitu den gorpua ez dela Marie Rogêt-ena, galdu eta handik hiru egunera gorpua ur azalean aurkitu zelako? Ito bazen, emakumea izanik, murgildu ere ez zen egingo beharbada; edo, murgilduz gero, hogeita lau orduren buruan ager zitekeen, edo lehenago. Baina inork ez du uste Marie ito egin zenik; eta, uretara jautikia izan baino lehen hila zelarik, une horretatik aurrera noiznahi aurki zitekeen.

        »"Baina", dio L'Etoilek, "egoera lazgarri horretan, astearte gaua arte eduki izan balitz gorpua ibai ertzean, aurkituko zen han hiltzaileen aztarrenen bat". Hor, hasieran, ez da batere erraza argudiatzailearen asmoa jakiten. Aurrea hartu nahi dio bere teoriaren oztopo izan daitekeenari: hau da, gopua bi egunez eduki zutela lehorrean, eta uretan murgilduta balego baino lasterrago usteldu zela. Hau da, adierazi nahi du, hala balitz, asteazkenean atera ahal izan zela ur azalera, eta baldintza horietan bakarrik azaleratuko zela egun horretan. Hortaz, ibai ertzean ez zela eduki frogatu beharra du; zeren, hala balitz, "aurkituko zen han hiltzaileen aztarrenen bat". Irribarre egingo duzu noski sequitur horrekin. Ezin asmatu duzu nola ekar dezakeen hiltzaileen aztarrenak ugaltzea gorpua ibai ertzean luzaroago egoteak. Nik ere ez.

        »"Eta, areago, gauza nekeza dirudi", jarraitzen du gure aldizkariak, "krimen honen tamainako gauza bat egiteko gai diren pertsona doilorrek, uretan murgilaraziko zuen zamarik ipini gabe jaurtikitzea gorpua ibaira, zama eranstea oso erraza zutenean". Hori bai arrazoibideen nahasketa barregarria! Inork ez du auzitan jartzen, ezta L'Etoile berak ere, aurkitutako gorpua erail ez zutenik. Nabarmenegiak dira bortizkeriaren seinaleak. Gorpu hori ez zela Marierena frogatzea da gure argudiatzaileak duen helburu bakarra. Marie ez dutela hil frogatu nahi du, ez gorpu hori ez zutela hil. Hala ere, bigarren puntua baino ez du frogatzen ohar horrek. Zamarik erantsi gabeko gorpu bat daukagu. Hiltzaileek, ibaira jaurtikitzean, ez zuten zamarik gabe utziko. Hortaz, ez zuten hiltzaileek jaurtiki. Hori da frogatu den guztia, ezer frogatu bada. Nortasunaren auzia ez da inola ere dudan jartzen, eta L'Etoilek neke handiak ditu onartu berria duena ezeztatzeko. "Guztiz sinetsita gaude", dio, "aurkitu den gorpua eraildako emakume batena zela".

        »Ez da hori gure argudiatzaileak, uste ez duela, bere buruaren kontrako argudioak ematen dituen aldi bakarra. Marieren desagerpenaren eta gorpuaren aurkikuntzaren arteko bitartea ahalik eta gehien laburtzeko asmo nabarmena du, esan dut lehen ere. Hala ere, ikusi dugu nola azpimarratzen duen amaren etxetik atera zenez geroztik ez zuela inork neska ikusi. "Frogarik ez dugu" dio, "Marie Rogêt igandeko bederatziak ondoren bizien munduan zegoela dioenik". Hobe zuen argudio hori, partziala denez gero, alde batera utzi, hori argi dago; izan ere, jakingo balitz baten batek ikusi zuela Marie, eman dezagun, astelehenean, edo astertean, asko murriztuko zen bitarte hori, eta, kazetariaren beraren arrazoibidea aplikatuz, erruz gutxiagotuko ziren gorpua grisettearena izateko probabilitateak. Hala ere, entretenigarria da L'Etoilek puntu hori nola azpimarratzen duen ikustea, bere oinarrizko argudioa sendotuko duelako uste osoaz.

        »Azter ezazu orain berriz Beauvaisek gorpua nola identifikatu zuen kontatzen duen pasartea. Besoko ileari dagokionez, argi dago gezurrez jokatu duela L'Etoilek. M. Beauvaisek, ez baita inozoa, ezin argudiatu zuen, gorpua identifikatzeko, besoak ilea zuenik. Ez dago ilerik gabeko besorik. Lekukoak esandakoaren interpretazio gaizto bat baino ez da L'Etoileren adierazmolde orokorra. Ilearen berezitasunen batez mintzatuko zen Beauvais. Kolore, ugaritasun, luzera edo banaketaren berezitasunen bat aipatuko zuen noski.

        »"Oinak", dio egunkariak, "txikiak dira, eta halakoxeak dira ehunka oin. Galtzaria ez da inolako froga, oinetakoak ere ez, oinetakoak eta galtzariak sortetan saltzen baitira. Gauza berbera esan daiteke txanoko loreez ere. Puntu bat azpimarratzen du bereziki M. Beauvais-ek, galtzarian aurkitu zen lokarria lekuz aldatuta zegoela, zankoa estutzearren. Horrek ez du ezer esan nahi; izan ere, emakume gehienek nahiago izaten dute galtzari berriak etxera eraman eta bertan egokitu beren zangoen neurrira, erosten dituzten dendan saiatzen hasi baino areago". Hemen nekez sinets daiteke argudiatzailea zintzo ari zenik. M. Beauvaisek, Marieren gorpuaren bilaketan, aurkitu izan balu neurriz eta itxuraz galdutako neskaren parekoa zen gorpu bat, orduan, arropak batere gogoan hartu gabe ere, bere bilaketak arrakasta izan zuela hasiko zen pentsatzen. Baldin eta, neurri eta formez gainera, aurkitu izan balu besoan Marierengan lehendik ere ikusia zen ilearen berezitasunen bat, estuago lotuko zitzaion, arrazoiz, bere iritziari; eta, zenbat eta handiagoa izan ilearen berezitasuna edo ezohikoa, are seguruago egongo zen bere usteaz. Baldin eta, Marieren oinak txikiak izanik, gorpuarenak ere txikiak balira, gorpua Marierena zelako probabilitateak ez ziren proportzio aritmetikoan ugalduko, proportzio geometriko edo metatzailean ugalduko ziren. Erants iezaiozu horri guztiari desagertu zen egunean jantzirik zeramatzan zapatak, eta, zapata horiek ere sortetan saltzen badira ere, ziurtasunaren muga-mugaraino biderkatzen dituzu probabilitateak. Horra hor, berez nortasunaren froga ez zena, orain datuek berresten dutenez gero, frogarik ziurrena bihurtua. Hara hor, gero, galdutako neskak txanoan zeramatzan loreak, eta ez dugu besteren bila hasi beharrik. Lore bat izanda besteren bila hasten ez bagara, nola hasiko gara bi edo hiru, edo gehiago dugunean? Ondoren aurkitu den erakusgarria froga anitza da —ez froga bati eransten zaion beste froga bat—, aldiz, ehun edo mila aldiz biderkatutakoa. Azaltzen dira gero, zenduarengan, Mariek erabiltzen zituenak bezalako galtzariak, eta ia zentzurik ere ez du jarraitzeak. Baina galtzari horiek estutuak aurkitu dira, lokailu bat erantsita, Mariek berak etxetik alde egin baino lehenxeago estutzen zituen modu berean. Zorakeria edo hipokresia da orain duda egitea. Galtzariak txikitzea ohiko gauza dela-eta, L'Etoilek horretaz dioenak, ez du ezer erakusten, ez bada okerretik ez ateratzeko egunkariaren seta. Galtzariaren elastikotasunak berak erakusten du txikiagotze hori ez dela ohiko gauza. Berez egokitzeko gauza denak gutxitan behar izaten du bestelako egokitzerik. Istripua izan behar zuen, hitzaren zentzurik hertsienean, Marieren galtzariek estutu beharra izateak. Galtzariek berek finka zezaketen neskaren nortasuna. Baina kontua ez da aurkitu den gorpuan neska galduaren galtzariak agertzea, edo haren zapatak, edo haren txanoa, edo haren txanoko loreak, edo haren oinak, edo marka berezi bat besoan, edo haren neurria eta itxura oro har; kontua da horiek denak zeudela gorpuan, eta denak batera. L'Etoileko zuzendariak hori guztia ikusi eta, benetan, dudaren bat izan zuela frogatzerik balego, ez zen beharrik izango, haren kasuan, de lunatico inquirendo batzorde bat eskatzeko. Oso trebea iruditu zaio legegizonen berriketak errepikatzea, haiek, beren aldetik, epaitegietako arau zurrunak errepikatu baino egiten ez dutenean. Hona iritsita, azpimarratu nahi nuke epaitegietan froga gisa onartzen ez den asko eta asko izaten dela adimenarentzat frogarik hoberena. Zeren legea, hastapen orokorrak harturik gidari —hastapen onetsiak eta liburuetan bilduak—, kasu partikularren kariaz hastapen horietatik desbideratzearen kontrako izaten baita. Eta hastapenari estu lotu behar hori da, salbuespen nahasleei itzuri eginez, lor daitekeen egiaren parterik handienera iristeko modurik egokiena, edozein denbora bitarte luzetan. Praktika, oro har, arrazoizkoa da beraz; baina era berean da egia hutsegite partikular handien sorburu izaten dela.

        »Beauvaisi buruz aditzera eman diren susmoei dagokienez, segituan baztertuko dituzu. Konturatuko zinen honez gero nolakoa den benetan gizon zintzo hau. Kuxkuxeroa da, fantasia asko eta buru gutxikoa. Eta era horretako pertsona batek berehala jokatuko du, egoera benetan aztoragarri batean, pertsona oso zorrotz edo borondate txarreko baten begietara susmagarri gertatzeko moduan. M. Beauvaisek (zure oharretan ageri denez) zenbait elkarrizketa egin zuen L'Etoileko zuzendariarekin, eta hura gogaitzera ere iritsi zen gorpuari buruz bere iritzia behin eta berriz emanez, alegia, zuzendariaren teoriengatik ere, gorpu hura, dudarik batere gabe, Marierena zela setatsu esanez. "Baiesten du oraindik ere" dio egunkariak, "gorpua Marierena dela, baina ezin du xehetasunik eman, lehen aipatu ditugunez gainera, gainerakook ere gauza bera sinets dezagun". Alabaina, alde batera utzita ere "gainerakooi gauza bera sinestarazteko" froga sendoagorik ez zegoela inondik ere ateratzetik, esan beharra dago, era honetako kasu batean, egon daitekeela bat gauza batez guztiz sinetsita, eta aldi berean beste bati hori bera sinestarazteko gai izan ez. Ez dago gauza lausoagorik pertsona baten nolakotasunari buruzko inpresioak baino. Gizon orok ezagutzen du bere auzoa, baina, hala ere, gutxitan izaten da ezagutza horren zergatia adierazteko gauza. L'Etoileren zuzendariak ez zuen zertan M. Beauvaisen uste arrazoigabearekin mindu.

        »M. Beauvaisen inguruan sortzen diren susmo txarrak askoz errazago adosten dira nire sudur-luze erromantikoaren teoriarekin, errudun delako iradokizun horrekin baino. Behin interpretazio errukitsuena onartuz gero, ez dugu nekerik izango, ez ateko sarrailako arrosarena ulertzeko, ez arbeleko Marie hura, ez "gizonezko ahaideak apartatze" harena, ez zergatik ahalegindu zen "ahaideek ez zezaten gorpua ikusi", ez zergatik gaztigatu zion Madame B...ri "ezer ez esateko jendarmeari bera (Beauvais) itzultzen ez zen arte", ezta ere, azkenik, erabaki sendo hori, alegia, "inork ez zuela ikerketan ezer egin behar berak ez bazen". Dudarik gabeko gauza iruditzen zait Beauvais Marieren senargaia zela, neska maitakerietan ibiltzen zitzaiola, eta Beauvais desiratzen zegoela nekaren konfiantza osoa eta harekiko harreman estua zuela pentsarazteko jendeari. Puntu honetaz ez dut besterik esango; eta, amaren eta gainerako ahaideen apatia hori dela-eta eskura ditugun frogek erabat ezezten baitute L'Etoilek dioena —apatia hori ez baitator bat gorpua lurrin dendako neskarena zelako ustearekin—, nortasunaren auzia erabat finkatua balego bezala jardungo dugu hemendik aurrera.

        —Eta zer deritzezu —galdetu nion—, Le Commercielen iritziei?

        —Bada, funtsean, askoz arreta gehiago merezi dutela gai honi buruz esan diren beste gauza guztiek baino. Premisetatik atera diren dedukzioak logikoak eta zorrotzak dira; baina premisa horiek, bi puntutan behinik behin, behaketa okerretan oinarritzen dira. Marie bere amaren etxetik ez urruti harrapatu zuela gaizkile talderen batek aditzera eman nahi du Le Commercielek. "Ezinezko gauza da", hala dio, "Marie bezalako emakume bat, ehunka lagunek ondo ezagutzen zutena, inork ikusi gabe hiru etxe multzotatik igaro izana". Parisen aspalditik bizi den pertsona baten ideia da hori, hantxe baitu enplegua, eta, hirian mugitzen denean, bulego publikoen inguruan ibiltzen baita gehienbat. Badaki gutxitan joango dela ezagutua eta agurtua izan gabe bere bulegotik baino dozena bat etxe harantzago. Eta, jakinik zenbateraino ezagutzen dituen auzokoak, eta auzokoek bera, lurrin dendako neskarenarekin alderatzen du bere fama, ez du alde handirik aurkitzen, eta berehala iristen da ondorio jakin batera, alegia, neska hau, bere ibilaldietan, bera ezagutzen duten bezala ezagutuko duela jendeak. Halaxe izango zen, baldin eta neskaren ibilaldiak bereak bezalakoak balira, aldagabeak eta metodikoak, eta bereak bezala toki jakin batera mugatuak. Kazetaria bitarte erregularretan ibili ohi da, eremu mugatu batean, eta jende asko izaten da erreparatzen diona, antzekoak baitira haren egitekoak eta bereak. Baina Marieren ibiliak, hala pentsa daiteke, jomuga zehatzik gabeak izango ziren oro har. Eta kasu honetan, bere ohiko ibilbideetatik urruntzen zen bideren bat hartuko zuen Mariek seguraski. Hiri osoa gurutzatzen duten bi pertsonaren kasuan bakar-bakarrik gerta daiteke Le Commercielen ideiaren atzean imajina dezakegun paralelotasun hori. Kasu horretan, ontzat ematen badugu parekoa dela ezagunen kopurua, parekoak izan daitezke pertsona kopuru bertsuarekin topo egiteko aukerak ere. Nire aldetik, ez bakarrik posible, aldiz, probablea ere badela esango nuke, edozein ordutan, bere etxearen eta bere izebarenaren arteko edozein bidetatik, berak ezagutzen zuen edo bera ezagutzen zuen pertsona bat bera ere topatu gabe ibil zitekeela Marie. Auzi hori behar bezala aztertzeko, ez dugu ahaztu behar Parisko pertsona famatuenaren ezagunen eta Parisko biztanleria osoaren artean dagoen alde handia.

        »Le Commercielen iradokizunaren balizko zuzentasunak ordea, asko galduko du kontuan hartzen bada neska kalera atera zen ordua. "Kaleak jendez beterik zeudenean", dio Le Commercielek, "atera zen etxetik... ". Halakorik ez zen ordea. Goizeko bederatziak ziren. Edozein astegunetako bederatzietan —igandean izan ezik—, hiriko kaleak, egia da, jendez gainezka egoten dira. Igande goizean, bederatzietan, etxe barruan dago jende gehiena, elizarako prestatzen. Pertsona behatzaile bat aise ohartuko da, igande batean, goizeko zortziak ingurutik hamarrak arte, hiriak duen itxura mortuaz. Hamarrak eta hamaikak bitartean kaleak leporaino egoten dira, ez ordea goizago.

        »Beste puntu batean ere badu akatsen bat nik uste Le Commercielen azterketaren abiapuntuak. "Zoritxarreko neskaren azpiko gona baten zati bat", hala dio, "bi oin luze eta oin bat zabal, erauzia zegoen eta neskaren kokotsaren azpian lotua, buruaren atzealdetik, garrasirik egin ez zezan seguraski. Musuzapirik ez zuten morroiek egina da hori". Ideia horrek oinarri sendoak dituen ala ez, geroago aztertuko dugu; baina "musuzapirik ez zuten morroiek" esanez, klase apaleneko gaizkilea adierazi nahi du kazetariak. Konturatuko zinen noski zeinen premiazko bihurtu zaien gaizkile guztiei, azken urteotan, sakelako musuzapia.

        —Eta zer pentsatu behar dugu —galdetu nuen—, Le Soleileko artikuluaz?

        —Izugarrizko pena dela idazlea papagai jaio ez izana, zeren, hala izan balitz, bere arrazako papagai ospetsuena izango baitzen. Jadanik argitaratuta zeuden iritzien xehetasunak errepikatu besterik ez du egin, egunkari honetatik eta hartatik ardura handiz jaso ondoren. "Gauza haiek, argi dago", dio, "azken hiru edo lau asteak zeramatzaten han, eta dudarik ez dago doilorkeria honen gertalekua aurkitu dela". Le Soleilek hemen aipatzen dituen gertaerek, urrutitik ere ez dituzte gaiaren gainean ditudan dudak argitu. Baina gero aztertuko ditugu xeheago, gaiaren beste alderdi batekin duten loturaren ikuspuntutik.

        »Beste puntu batzuez arduratu behar dugu orain. Konturatuko zinen noski zeinen arin egin den gorpuaren azterketa. Egia da nortasunaren auzia berehala finkatu zela, edo finkatu behar zela; baina beste puntu batzuk ere baziren egiaztatu beharrekoak. Ezer falta al zuen, edozein gauza, gorpuak? Ba al zeraman zenduak bitxiren bat etxetik irten zenean? Hala bazen, aurkitu zutenean ba al zuen soinean baten bat? Horiek guztiak galdera garrantzitsuak dira, ikerketa egiterakoan kontuan hartu ez direnak; eta badira antzeko garrantzia duten beste gauza batzuk ere, arretarik batere eskaini ez zaienak. Geurok saiatu behar dugu galdera horiei erantzuten. St. Eustacheren kasua berriz aztertu behar da. Susmo txarrik ez dut St. Eustacheri buruz; baina joan gaitezen urratsez urrats. Dudarik utzi gabe ziurtatu behar dugu igandean egin zituen joan-etorriei buruzko aitorpenen egia. Era horretako idatziak aise faltsu daitezke. Baina okerrekorik ez badugu aurkitzen, gure ikerketen eremutik kanpo utziko dugu St. Eustache. Suizidoak susmo txarrak areagotuko ditu baldin eta aitorpen idatziak faltsutu egin direla aurkitzen bada, baina bestela bada, alegia, egiaztatzen badira, kasu horretan suizidioa guztiz ulergarria gertatuko da, eta ez dugu geure analisiaren ildotik zertan desbideratu.

        »Nik orain proposatzen dizudan azterbidean, baztertu egingo ditugu tragedia honen barneko alderdiak, eta ingurukoetan jarriko dugu arreta. Ikerketa modu hauetan, ez da hutsegiterik txikiena izaten azterketa hurbilekoenera mugatzea, inguruko gorabeherak eta behin-behinekoak guztiz ahazturik. Epaiketetan usadio txar bat izaten da: garrantzitsua dirudienaren esparrura mugatzen dira frogak nahiz eztabaidak. Eskarmentuak ordea ondo erakutsi digu —benetako filosofiak beti erakusten duen bezala—, itxuraz hutsalak diren gauzetatik sortzen dela egiaren parte handi bat, handiena agian. Eta hastapen horren letratik ez ezik, hastapen horren espiritutik erabaki du zientzia modernoak ezagutzen ez denari buruzko kalkuluak egitea. Baina agian ez nauzu ondo ulertu. Giza jakintzaren historiak behin eta berriz erakutsi digu aurkikuntza gehienak eta baliagarrienak alboko eta ustekabeko gertaeretatik etorriak direla; eta hain da hori agerikoa, non azkenean beharrezko bihurtu baita, aurrerabidearen ikuspuntutik, lekua uztea, eta ez bakarrik leku zabala, aitzitik, lekurik zabalena, zori hutsaz, eta normalean espero denetik guztiz aparte, sortzen diren asmaketentzat. Filosofiaren ikuspuntutik ez da gaur egun egokia, izango denaren ikusmoldera iristeko, izan denaren gainean oinarritzea. Istripua azpiegituraren parte gisa onartzen da. Kalkulugai bihurtu dugu aukera. Eskoletako formulae matematikoen mende jartzen dugu ikusi eta irudikatu gabea.

        »Berriz ere esango dizut, halaxe gertatzen baita beti: alboko gertaeretatik etorri ohi da egiaren parterik handiena; eta horrekin loturik dagoen hastapenaren espirituarekin bat eginik, kasu honetan ere gertaeraren beraren lur hain zapaldu eta emankortasunik gabeko horretatik, gertaera inguratzen zuten gorabehereetara desbideratuko dut bilaketa. Zuk aitorpen idatzien balioa egiaztatzen duzun artean, nik egunkariak aztertuko ditut, zuk orain arte egin duzuna baino modu orokorragoan. Honaino, ikerketaren eremua baino ez dugu aztertu; baina harrigarria litzateke nik proposatzen dizudan moduko egunkarien miaketa zabal batek bilaketaren norabidea zehaztuko diguten puntu txiki batzuk ez eskaintzea.

        Dupinen iradokizunei jarraituz, aitorpen idatzien azterketa xehe-xehea egin nuen. Aitorpenen balioaren egiaztatze erabatekoa izan zen azterketaren emaitza, eta horren ondorioz egiaztatu zen St. Eustacheren errugabetasunarena ere. Bitartean, egunkarien behaketa nire iritziz xehe bezain xedegabean ziharduen nire adiskideak. Astearen bukaeran, pasarte hauek jarri zizkidan begien aurrean:

        «Orain hiru urte eta erdi-edo, oraingoaren oso antzeko istiluak sortu zituen Marie Rogêt honen beronen desagerketak, Monsieur Le Blanc-en lurrin dendatik desagertu baitzen, Palais Royal-en. Nolanahi ere, astearen bukaera aldera, dendako bere ohiko lekuan agertu zen neska ostera, berezkoa ez zuen zurbiltasun arin bat kenduta, beti bezalakoxea. Monsieur Le Blanc-ek eta neskaren amak esan zuten landaldera joana zela, adiskide bati bisita egitera; eta berehalaxe estali zuten auzia. Gure ustez, oraingo desagertze hau aurrekoaren klase bereko bitxikeriaren bat da, eta, astebeteren buruan, edo hilabete baten buruan agian, geure artean izango dugu Marie berriz ere». (Evening Paper. Ekainak 23, astelehena).

        «Atzo arratsaldeko egunkari batek Mademoiselle Rogêten beste desagertze misteriotsu bat aipatzen zuen. Gauza jakina da, Le Blanc-en dendatik desagertu zen astean, neska itsas ofizial gazte batekin ibili zela, zeina ondo ezaguna baitzen bere nasaikeriagatik. Zorioneko eztabaida batek, hala pentsa daiteke, etxera itzultzera bultzatu bide zuen neska. Badugu gizon lizun horren izena, Parisen baitago une honetan, baina, aise ulertuko diren arrazoiengatik, ez dugu hemen aipatuko». (Le Mercurie. Ekainak 24, asteartea).

        «Herenegun izan daitekeen erasorik lazgarriena gertatu zen hiritik gertu. Gizon batek, emaztea eta alaba ondoan zituela, ilunabar aldean, sei gizon gazteren zerbitzuak ordaindu zituen, Sena ibaiaren ertzetik gertu arraunean baitzebiltzan, ibaia txalupaz gurutzatzearren. Beste aldera iritsita, lehorreratu ziren hiru bidaiariak, eta txaluparen bistatik urrundu zirenean, alaba ohartu zen bertan utzi zuela eguzkitakoa. Haren bila joan zen, baina taldeak harrapatu egin zuen, eraman zuten neska ibaira, estali zioten ahoa, eta bortizkeriaz eraso zioten; gero lehorrera eraman zuten berriz neska, gurasoekin txalupara igo zen lekutik ez urruti. Gizon madarikatu horiek ihes egin dute, baina polizia atzetik segika dute, eta laster harrapatuko ditu batzuk». (Morning Paper. Ekainak 25).

        «Gutun pare bat jaso dugu, azken doilorkeriaren krimena Mennais-i leporatzen diotenak; baina legezko galdeketa batek jaun hori erabat errugabe aitortu baitu, eta gure albiste emaileen argudioek, sakonak baino areago, kartsutasunez beteak diruditenez gero, ez deritzogu egoki argudio horiek publiko egiteari». (Morning Paper. Ekainak 28).

        «Zenbait gutun aski sinesgarri jaso dugu, itxuraz iturri desberdinetatik datozenak, eta Marie Rogêt zoritxarrekoa igandero-igandero hiria betetzen duten gaizkile banda horietako baten biktima izan dela segurtzat jotzen dutenak. Gure iritzia erabat da ideia horren aldekoa. Argudio horiek argitaratzen saiatuko gara ondoko egunotan». (Evening Paper. Ekainak 31, asteartea).

        «Astelehenean, aduana zerbitzuetan diharduen gabarrazain batek, Sena ibaian behera hutsik zihoan txalupa bat ikusi zuen. Belak txaluparen hondoan zeuden, eta gizonak atoean garraiatu zuen gordetegiraino. Hurrengo egunean atera egin zuten handik, nahiz eta bertako langileek baimenik eman ez. Txaluparen lema ordea gabarra gordetegian dago». (Le Diligence. Ekainak 26, asteartea).

        Egunkarietako pasarte horiek guztiak irakurri ondoren, gure kasuarekin zerikusirik ez zutela iruditu zitzaidan, eta, horrez gainera, ezin asmatu nuen nondik nora lotu zitezkeen esku artean genuen auziarekin. Dupinen azalpenen zain geratu nintzen.

        —Ez dut orain lehenengo eta bigarren pasarteez jarduteko asmorik —esan zuen—. Poliziaren arduragabekeria erakutsi nahi nizulako kopiatu ditut batez ere, zeren polizia, Prefektuak esandakotik ulertzen dudanez, ez baita batere arduratu aipatzen den itsas ofizial horri buruzko azterketarik egiteaz. Hala ere, ez du zentzurik Marieren lehen desagerketaren eta bigarrenaren artean lotura posiblerik ez dagoela esateak. Eman dezagun aurreneko ihesaldian gazteek errieta egin zutela, eta neska, traizionaturik, etxera itzuli zela. Gauza gara orain bigarren ihesaldi bat (baldin eta berriz ere ihesaldi bat gertatu dela jakiten badugu) traidorearen asmoen berriztatze baten gisara ulertzeko, bigarren pertsona baten proposamenen emaitza gisara baino areago; maitasun istorio berri baten hasiera modura ezik, garai bateko maiteminduen adiskidetze modura ikus genezake. Hamar aukera baten kontra dira Marierekin behin ihes egina zenak beste ihesaldi bat proposa zezan, inoiz ihesaldi proposamenak izan dituen neska bati beste pertsona batek antzekoak egin beharrean. Eta azpimarratu behar da aurreneko ihesaldi jakinaren eta bigarren ihesaldi ustezkoaren arteko denbora bitartea, itsas armadako gizonen itsasaldiena baino hilabete batzuk luzexeagoa dela. Itsasoratu beharrak eten ote zuen maitalearen lehen doilorkeria, eta itzuli orduko saiatu ote zen bete gabe zeuden, edo berak oraindik bete gabe zituen asmoak burutzen? Gauza horiez guztiez ezer ez dakigu.

        »Esango duzu, nolanahi ere, bigarren kasuan ez zela aipatu dudan ihesa bezalakorik izan. Ez zen izan, ez, halakorik; baina esan al genezake ez zela asmo frustraturik izan? St. Eustache alde batera utzita, eta beharbada baita Beauvais ere, ez dakigu Marieren senargaien berri, ez behintzat senargai ezagunen berri. Besteez ez da ezer aipatzen. Nor da ordea ezkutuko maite hori, ahaideek ezagutzen ez dutena (ahaide gehienek behintzat), baina Mariek igande goizean ikusten duena, eta hain duena fidagarria, non ez baitu dudarik egiten ilunabarreko itzalak jaisten diren arte Barrière du Roule-ko arboladi bakartietan harekin egoteko? Zein da ezkutuko maite hau, galdetzen dut, ahaide gehienek ezagutzen ez duten hori? Eta zer esan nahi du Madame Rogêtek Marie abiatu zen goizean egin zuen iragarpen bitxiak? "Beldur naiz Marie ez ote dudan berriz ikusiko".

        »Ezin imajinatu dugu Madame Rogêtek ihesaldiaren berri bazekienik, baina ezin al dugu suposatu neskak bazuela asmo hori? Etxetik alde egitean, bere izebari bisita egitera zihoala eman zuen aditzera, Rue des Drômes-era, eta beraren bila joan zedila iluntzean eskatu zion St. Eustacheri. Lehen begiratuan, nire iradokizunaren guztiz kontrakoa da datu hori; baina pentsa dezagun pixka bat. Marie lagunen batekin elkartu zela, harekin gurutzatu zuela ibaia, eta Barrière du Roule-ra arratsaldeko hiruretan iritsi zela, hori guztia jakina da. Baina pertsona horrekin joatea onartu bazuen (edozein asmorekin, amak jakinik ala ez), etxetik abiatzerakoan hartuko zituen gogoan bere senargai St. Eustacheri sortuko zitzaizkion txundimena eta susmo txarrak, beraren bila Rue des Drômes-era esandako orduan joan, eta neska ez zela han izan jakitean, eta, areago, albiste estugarri horrekin ostatura itzuli eta neska etxetik kanpora noiztik zebilen entzutean. Mariek pentsatuko zuen horretan guztian. Aldez aurretik bururatuko zitzaion St. Eustacheren samina, bururatuko zitzaizkion etxeko guztien susmoak. Susmo horiei aurre egiteko ez zen noski etxera itzuliko; alabaina, susmoek ez zuten garrantzi handirik izango Marierentzat, ez zuela itzultzeko asmorik suposatzen badugu.

        »Gogoeta hauek egiten irudika genezake: "Halako batekin elkartu behar dut ihes egiteko xedeaz, edo neuk baino ez dakizkidan bestelako xedeez. Plana aldaraziko didanik ezer ez du gertatu behar: izebari bisita egitera joango natzaiola Rue des Drômes-era adieraziko dut, eta harekin pasatuko dudala eguna; ilundu arte ez dadila nire bila etorri esango diot St. Eustacheri, eta, era horretan, ahalik eta denbora luzeena eman ahal izango dut etxetik kanpora batere susmo txarrik edo larritasunik sortu gabe, eta era horretan beste edonola baino denbora gehiago irabaziko dut. Iluntzean nire bila etor dadila eskatzen badiot St. Eustacheri, lehenago ez da etorriko; baina, nire bila etortzeko eskatu ere egiten ez badiot, denbora gutxiago izango dut iheserako, lehenago itzuliko naizela pentsatuko dute-eta, eta lehenago estutuko dira nire faltarekin. Baina itzultzeko asmoa banu, pertsona horrekin ibilaldi bat egitea beste asmorik izango ez banu, ez nioke eskatuko St. Eustacheri nire bila etortzerik; izan ere, bila etorrita, ziur jakingo luke iruzur egin niola; eta, hortaz, gezurraren ezjakin geratuko litzateke, etxetik alde egitean nire asmoaren berri eman ez, ilundu aurretik itzuli, eta izebari bisita egitera joan naizela Rue des Drômesera esango banio. Baina, ez baitut itzultzeko asmorik —ez behintzat zenbait astez, edo zenbait gauza ezkutatu arte—, denbora irabazten besterik ez dut arduratu behar.

        »Azpimarratu duzu, zeure oharretan, neska gaizkile talde baten biktima izan delako iritzia dela auzi triste honetan zabalduena, eta halaxe izan dela hasiera-hasieratik. Herriaren iritzia ordea, baldintza batzuetan, kontuan hartzekoa izaten da. Herri iritzia berez sortzen denean, guztiz bere kasa agertzen denean, intuizioaren pare ikusi beharko genuke, horixe baita gizabanakoaren jeinuaren berezitasuna. Ehun kasutatik laurogeita hamarretan herriaren erabakiaren alde egingo nuke. Baina garrantzitsua da sujestio arrasto nabarmenik ez izatea. Iritziak, huts-hutsik, herriarena berarena izan behar du; eta bereizketa hori, sarritan, oso nekeza izaten da antzematen, eta orobat eusten. Kasu honetan, gaizkile talde bati buruzko "iritzi publikoa", hirugarren aldizkari pasartean xehetasunez kontatzen den alboko gertaera horrek ekarri du nik uste. Paris osoa dago aztoratua Marieren gorpuaren aurkikuntzarekin, gaztea baita, ederra eta ezaguna. Bortizkeria seinaleak ageri dituela aurkitu da gorputza, eta ibaiko uretan. Baina orain jakin denez, neska hil bide zuten garai berean, edo garai bertsuan, zenduak pairatu zuenaren antzeko eraso bat, ez hainbesterainokoa halere, eragin zion gaizkile talde batek beste emakume gazte bati. Harritzekoa al da herriaren iritzian izugarrikeria ezagun batek izugarrikeria ezezagun batean eragina izatea? Iritzi hori norabide baten zain zegoen, eta hara zeinen egoki eskaini duen norabide hori doilorkeria ezagunak! Marie ere ibaian aurkitu zuten; eta ibai horretan bertan gertatu zen aurreko erasoa. Bi gertaeren arteko loturak hain dira nabarmenak, non benetan harrigarria izango baitzen herria horretaz ez konturatu izana. Baina, lehen erasoa, horrela gertatu zela badakiguna, ezer baldin bada, bigarrena, ia aldi berean jazo zena, modu berean gertatu ez zelako froga da. Izan ere, miraria izango baitzen, gaizkile talde bat, leku jakin batean, okerreko izugarrikeria bat egiten ari zen une berean, haren antzeko beste talde bat, antzeko lekuan, hiri berean, egoera berean, bitarteko eta tresna berberekin, hain zuzen ere modu bereko kaltea egiten aritzea, justu-justu garai berean! Baina zer sinestarazten digu bada herriaren iritzi ustekabean gidatu horrek, ez bada gertaeren parekotasun miresgarria?

        »Aurrera egin baino lehen, pentsa dezagun nolakoa izan zitekeen hilketaren gertalekua, Barrière du Roule-ko arboladian. Arboladi hori, trinkoa izanik ere, errepide publikotik oso gertu dago. Barrualdean badira hiru edo lau harri handi, eserleku moduko bat osatzen dutenak, bere atzealde eta aulkitxoarekin. Goiko harrian azpiko gona zuri bat aurkitu zen; bigarrenean, zetazko zapi bat. Eguzkitako bat, eskularruak eta sakelako musuzapi bat ere agertu ziren. Musuzapiak izena zuen brodatua, Marie Rogêt. Soinekoaren puskak agertu ziren inguruko adarretan. Lurra zanpatua zegoen, sasiak hautsiak zeuden, eta nonahi ageri ziren borrokaldi gogor baten erakusgarriak.

        »Egunkariek arboladiko aurkikuntzari harrera beroa egin bazioten ere, eta aho batez suposatu zen arren huraxe zela erasoaren gertalekua, onartu beharra dago badela arrazoirik duda egiteko. Sinets nezake hura izan zela gertalekua, baina halere duda egiteko bada arrazoi aski. Le Commercielek iradoki zuen moduan, Rue Pavée St. André-ko inguruan baldin bazegoen benetako gertalekua, krimenaren egileak, oraindik Parisen zirela emanez gero, izuak jota geratuko ziren, jende guztiaren arreta modu horretan bide zuzenera bideratzen zela ikusita; eta zenbait buru klasetan, arreta hori desbideratzearren, sortuko zen berehala zerbait egiteko premia. Hortaz, Barrière du Roule-ko arboladia lehendik ere susmagarria zelarik, segituan bururatuko zitzaien gaizkileei gauzak aurkitu ziren leku horretan uzteko ideia. Daturik ez dago aurkitu diren gauzek egun batzuk baino gehiago zeramatzatela arboladian frogatzen duenik, Le Soleilek hala suposatzen badu ere; aldiz, bigarren mailako datu asko dago, inoren arreta erakarri gabe, han ezin egon izan zirela adierazten duena, zoritxarreko igande hartatik mutilek aurkitu zituzten arratsalderaino doan hogei eguneko bitartean. "Euriaren eraginez hondatuak eta lizunduak zeuden", dio Le Soleilek, bere aurrekoen iritzia beretuz, "eta lizunak elkarri erantsiak. Belarra hazia zegoen haien inguruan eta gainean. Eguzkitakoaren zeta gogorra zen, baina barrutik elkarri itsatsita zeuden izpiak. Goialdea tolestua zegoen, osorik lizundua eta usteldua ageri zen, eta hautsi egin zen zabaltzean". Belarra "hazia haien inguruan eta gainean" zegoela, argi dago bi mutikoen hitzetatik —hots, haien oroitzapenetatik—, jakin zitekeela, haiexek jaso baitzituzten gauzak eta eraman baitzituzten etxera, hirugarren pertsona batek ikusi gabe. Belarra ordea, eguraldi bero hezea denean bereziki (eta horrelakoxea zen hilketaren garaian), aise haziko da bi edo hiru hatz egun batean. Lur belar-hazi berrian dagoen eguzkitako bat, aste bakar batean, begi bistatik erabat ezkutaturik utz dezake hazten ari den belarrak. Eta Le Soleilek hain setatsu azpimarratzen duen lizun hori dela-eta, hain setatsu non oraintxe errepikatu dizudan paragrafo labur horretan hiru bider baino gehiagotan aipatzen baita, ez al daki bada nolakoa den? Esan egin behar al zaio izadian diren onddo mota ugarietako bat dela, ezaugarri ohikoena hogeita lau ordutan haztea eta galtzea duena?

        »Hala, begiratu bakar batean ikusten dugu gauza haiek arboladian "gutxienez azken hiru edo lau asteak" zeramatzatelako ideiaren euskarri hori, halako harrotasunez aipatu dena, guztiz gauza zentzugabea eta hutsala dela gertatuaren froga gisa. Beste aldetik, nekez sinets daiteke gauza horiek aste batez baino luzeago geratu ahal zirenik delako arboladi horretan, igande batetik besterako bitartea baino luzeago behintzat. Parisko inguruak zerbait ezagutzen dituztenek ederki asko dakite zeinen zaila den leku bakartiak aurkitzea, ez bada aldirietatik oso urruti. Esploratu gabeko leku bat, eta baita gutxitan bisitatzen den leku bat ere, ez dago aurkitzerik Parisen inguruko baso edo arboladietan. Are gutxiago aurkituko du halakorik, barrenenean izadiaren maitale izanagatik ere, metropolis handi honetako hauts eta berotasunean lan egin behar duenak; har ezazu halako pertsona bat, eta ahalegin dadila, asteburuetan nahi baduzu, bere bakardade egarria inguru-inguruan ditugun edertasun naturaleko lekuetan asetzen. Bigarren urratsa egiten duenerako, gizatxarren batek deuseztuko dio sortzen hasia zen xarma, edo parrandan dabilen talderen batek. Zuhaitz hosto-trinkoenen artean bilatuko du bakartasuna, baina alferrik izango da dena. Horrelakoxe lekuak izaten dira jendilaje gehiena ibilitzen den bazterrak; hantxe daude tenplorik lohituenak. Bihotza guztiz minduta, ibiltariak berriz ere Paris kutsatura ihes egingo du, eta hiria ez zaio hain gorrotagarria gertatuko, bere zikinean ez baita hain zentzugabea. Baina hain hartuak egoten badira astegunetan hiri baten inguruak, zer ez ote da gertatuko igandean! Egun horrexetan bereziki, egitekoen premietatik libre, edo krimenerako aukerez gabeturik, hiriko mugen bila abiatzen da hiriko gaizkilea, ez landaldearen maitasunagatik, barrenean mezprezatu egiten baitu, aldiz, gizarteak ipintzen dizkion muga eta konbentzioetatik ihes egiteko. Ez ditu haize freskoa eta zuhaitz berdeak desiratzen, landaldeko nasaitasun erabatekoa desira du. Han, bide ertzeko ostatuan, edo basoetako zuhaitzen atzean, bere adiskideek izan ezik inork ez baitu ikusten, libre da barre-algara faltsuen gehiegikeria eroetan, askatasunaren eta edariaren emaitza bateratuan aritzeko. Behatzaile objektiboari agerikoa gertatzen zaiona baino gehiagorik ez dut esango, errepikatzen dizudanean gauza horiek luzaroan, igande batetik bestera, aurkitu gabe geratu izana, non eta Paris ondoko arboladi batean, hori, gutxienera, gauza miragarri baten gisara ikusi behar dela.

        »Baina gure arreta erasoaren benetako gertalekutik desbideratzeko ipini zirela gauza horiek arboladian pentsarazten duten arrazoiak ere badira. Aurrena, kontura zaitez zein egunetan aurkitu ziren gauzak. Konpara ezazu egun horren data neronek egunkarietatik jaso dudan bostagarren artikuluaren datarekin. Konturatuko zara presakako gutun hura egunkarira iritsi eta berehala egin zela aurkikuntza. Izan ere, gutun horiek, era askotakoak eta itxuraz iturri desberdinetatik iritsiak izan arren, puntu bera seinalatzen zuten, hots, gaizkile talde bat zela erasoaren egilea pentsarazi nahi zioten jendeari, eta Barrière du Roule-ren ingurua gertalekua. Hori dela-eta, gogoan hartu beharrekoa ez da, gutun horien ondorioz —edota gutunek jendeari pentsarazi nahi ziotenaren ondorioz—, aurkitu zituztela mutiko horiek arropak-eta; aldiz, gogoan hartu behar den gauza da arboladian ez zeudelako ez zituztela lehenago aurkitu. Hortaz, gutun horiek idatzi zituztenek berek utzi zituztela han pentsatu behar dugu, albistearen egun berean edo zerbait lehenxeago.

        »Arboladia berezia da, oso arboladi berezia zinez. Ohi baino askoz ere sarriagoa da. Itxitura berez hesitu horren barruan hiru harri daude, oso bereziak, atzealdea eta aulkitxoa zituen eserleku bat osatzen dutenak. Eta arboladi hori, antze naturalean hain aberatsa, Madame Deluc-en etxearen ondoan dago, handik metro gutxira, eta haren umeek sasien artean ibiltzeko ohitura dute, harrautsi-belarraren azalaren bila. Apustu zoroa izango al litzateke —mila baten kontra—, ezetz egun bat ere pasa umeetako bat areto itzaltsu horretan sartu, eta bere tronu naturalean eserita egoten ez dena? Horrelako apustu batez duda egiten duena, edo ez da sekulan haurra izan, edo ahaztu zaio nolakoak diren haurrak. Berriz esango dizut: oso nekez uler daiteke nola egon zitezkeen gauza horiek arboladian egun pare batez baino gehiago inork ere aurkitu gabe; eta horregatik, bada aski oinarririk, Le Soleilen ezjakintasun dogmatikoa gorabehera, aurkitu ziren lekuan jarri zituztela pentsatzeko, eta nahiko berandu jarri zituztela gainera.

        »Baina badira beste arrazoi batzuk, eta orain arte aipatu ditudanak baino sendoagoak, utzi egin zituztela pentsatzeko. Kontura zaitez modu guztiz artifizialean zeudela gauzak ipinita. Goiko harrian azpiko gona txiki bat zegoen, bigarrenean zetazko zapi bat; haien inguruan sakabanatuak, eguzkitako bat, eskularruak, eta sakelako musuzapi bat, Marie Rogêt izena brodatua zuena. Horrelaxe antolatuko lituzke hain zuzen ere gauzak naturaltasunez jarri nahiko lituzkeen pertsona ez oso zorrotz batek. Baina antolamendu hori ez da inola ere naturala. Nik gauza guztiak lurrean sakabanatuta eta zanpatuta aurkitzea esperoko nuke. Zuhaitzen arteko barrunbe hertsi horietan, nekez geratuko ziren azpiko gona eta zapia harrien gainean tente, zenbait lagun borrokan eta tiraka zebiltzala. "Lurra zanpatua zegoen, sasiak hautsiak zeuden, eta nonahi ageri ziren borrokaldi gogor baten erakusgarriak"; eta horra hor azpiko gona eta zapia, apaletan ipinita baleude bezalaxe. "Sasiek urratutako soinekoaren puskak hiru bat hatz zabal eta sei hatz luze ziren. Puska bat soinekoaren azpildurarena zen, eta pasaratua zegoen. Erauzitako puskak ematen zuten". Hor, uste ez duela, esaldi ikaragarri susmagarria erabili du Le Soleilek. Puskak, deskribatu diren moduan, "puska erauziak" dirudite, egia da; berariaz eta eskuaz erauziak ordea. Gauza guztiz ezohikoa da, arantza baten eraginez, edozein jantzitan, hau erauzi den modu berean oihal puska bat "erauzia" gertatzea. Oihal hauen egikera dela-eta, ehunean trabatutako arantza edo iltze batek karratuak osatuz urratuko ditu: luzetarako bi urraduretan banatuko ditu, elkarri buruz angelu zuzenak osatzen dituztela, eta erpin batean elkartuko dira bi urradurak arantza sartu den lekuan; nekez pentsa daiteke ordea oihal puska hori "erauzia" dagoenik. Nik ez dut horrelakorik sekulan ikusi, ezta zuk ere. Halako oihal batetik puska bat erauzteko, bi indar behar dira, norabide desberdinetatik tiraka, ia kasu guztietan. Oihalak bi ertz balitu —hala, adibidez, sakelako musuzapi bat balitz—, eta hartatik zerrenda bat atera nahi izanez gero, orduan bakarrik izango litzakete aski indar bakarra. Baina kasu honetan soineko bat daukagu, ertz bat baino ez duena. Soinekoaren barrenaldetik arantzak erabiliz zerrenda bat ateratzeko, barrenaldeak ez baitu ertzik, mirari bat beharko litzateke, arantza bakar batek ezingo bailuke horrelakorik egin. Aldiz, ertz bakarra dagoenean ere, bi arantza behar dira, jardungo dutenak, batak, bi norabide desberdinetan, eta besteak batean. Eta hori, azpildurarik gabeko ertza baldin bada. Azpildura izanez gero, zentzurik ez du ia honek guztiak. Ikusten duzu beraz eragozpen asko eta handiak direla "arantza" hutsak erabiliz oihal puskak "erauziak" gerta daitezen; eta, hala ere, ez bakarrik puska bat, asko baizik, erauzi zirela modu horretan sinetsi behar omen dugu. "Puska bat", gainera, "soinekoaren azpildurarena zen"; "beste puska gonaren zatia zen, ez azpildurarena", alegia, guztiz erauzia omen zegoen arantzen eraginez, nondik eta soinekoaren barnealde ertz gabetik! Horrelakoak ez sinestea, nik uste, erraz barkatuko digute; hala ere, denak batera hartuta, beharbada, ez dira hain zentzugabeak gertatzen, konparatzen badira gorpua desagerrarazteko ardura izan zuten hiltzaile batzuek gauzak arboladi horretan utzi izanaren gertaera harrigarriarekin. Baina agian ez nauzu behar bezala ulertu, arboladi hori erasoaren gertalekua izan zela ukatzeko asmoa dudala iruditzen bazaizu. Arboladian izan zitekeen okerren bat, edo istripu bat beharbada Madame Deluc-enean. Baina hori, izan, ez da hain puntu garrantzitsua. Gure egitekoa ez da gertalekua zein izan zen asmatzea, aldiz, hilketaren egileak aurkitu behar ditugu. Nire argudioen helburua zen, aurrena, eta argudiatzeko moduaren xehetasunak eta zehaztasuna gorabehera, Le Soleilen baiespen sendo eta ausarten zentzurik eza agerian jartzea, eta bigarren, eta ororen gainetik, bide naturalenetik bultzatu nahi zintudan puntu honi buruz berriz ere hausnarketa egitera, alegia, hilketa hau talde baten lana izan ote den ala ez pentsatzera.

        »Auzi hau laburtzeko, aipatu besterik ez ditugu egingo galdeketan mintzatu zen auzitegiko sendagilearen xehetasun higuingarriak. Gauza bakar bat esango dizut: Parisko anatomista izendun guztiek, zehaztasun eta oinarri sendoen falta direla-eta, barregarri utzi dituzte, gaizkileen kopuruari dagokionez, gai honi buruz argitaratu diren dedukzioak. Kontua ez da gauzak ezin izan zirela gertatu deduzitu den bezala, baizik eta oinarririk ez zegoela dedukzio hori egiteko. Eta bestelako dedukzio bat egiteko, ez al dago oinarririk?

        »Gogoeta egin dezagun orain "borrokaldiaren erakusgarri" horiez, eta pentsa dezagun zer iradokitzen duten. Talde bat. Baina ez al dute areago iradokitzen talde baten eza? Ze borroka klase izan zitekeen —halako borroka, hain gogorra eta luzea, non nonahi utzi baitzituen "erakusgarriak"—, neska ahul eta babesgabe baten eta balizko gaizkile talde horren artean? Beso indartsu batzuen estutu isila, eta hortxe bukatuko zen dena. Biktimak guztiz pasiboa izan behar zuen, erabat haien borondatearen mendeko. Hori dela-eta, gogoan izan pertsona bakar batek baino gehiagok egindako eraso baten gertalekua izatearen kontra erabiltzen baldin badira, kasu horretan bakarrik direla erabilgarriak arboladia krimenaren gertalekua izatearen kontrako argudio gehienak. Erasotzaile bakarra bazen pentsa genezake, eta kasu horretan besterik ez, hain izan zela borrokaldi gogorra eta luzea, non ageriko "erakusgarri" horiek utzi ahal izan baitzituen.

        »Hori dela-eta, aipatu dut jada nolako susmoak sortzen dituen pentsatzeak gauzak utzi egin zirela aurkitu ziren arboladian. Ia ezinezko gauza dirudi erruaren erakusgarri horiek aurkitu ziren lekuan oharkabean utzi izana. Izan zen gorpua lekuz aldatzeko aski adore (hala ematen du); baina gero, gorpua bera baino nabarmenagoa den froga bat (gorpuaren ezaugarriak berehala ezabatuko zituen-eta hondamenak) utzi da erasoaren tokian; musuzapia dut gogoan, zenduaren izena idatzia daramana. Istripuz gertatu bazen, ez zen izan talde bati gertatua. Pertsona bakar baten istripua izan zela baino ezin dugu pentsatu. Ikus dezagun. Pertsona batek egin du hilketa. Bakarrik dago zenduaren fantasmarekin. Ikaratuta dauka bere aurrean, lurrean, mugimendurik batere gabe ikusten duen horrek. Joan zaio grinaren indarra, eta hilek ernatu ohi duten ikara horretarako badu lekurik bihotzean. Ez du taldeak berez sorrarazten duen konfiantzarik batere. Bakarrik dago hilarekin. Dardarka ari da, eta ikarak akabatzen dago. Hala ere, gorpuarekin zerbait egin beharra dauka. Ibaira darama, baina atzean utzi ditu erruaren gainerako erakusgarriak; zeren zaila baita, ezinezkoa ez esateagatik, pisu guztia aldi bakarrean garraiatzea, eta oso erraza du atzean utzi dituen gauzen bila itzultzea. Baina barruan duen ikara hori bikoiztu egin zaio uretarako bidaia neketsuan. Bizitzaren soinuak ditu bidelagun. Dozena bat bider entzun du edo irudikatu du behatzaile baten urratsa. Hiriko argiek berek ikaratzen dute. Hala ere, agonia mingarrizko urrats luze eta sarriak egin ondoren, heldu da ibaiaren ertzera, eta egin dio egin beharrekoa bere zama beldurgarriari, txaluparen bat erabiliz beharbada. Baina gero, ze altxor klase du bada munduak harentzat gordea, nolako mendekuz mehatxatzen du hiltzaile bakartia bide neketsu eta arriskutsu horretatik itzularazteko, nora eta arboladira eta hango oroitzapen hilgarrietara? Ez da itzultzen, ondorioak ez baitzaizkio jada axola. Nahita ere ezingo litzateke itzuli. Ihesa da gogoan darabilen pentsamendu bakarra. Bizkarra ematen die betiko zuhaitz beldurgarri horiei, eta deabrua atzetik segika balu bezala alde egiten du handik betiko.

        »Baina taldea izan balitz, nola? Kopuruak segurtasuna emango zien elkarri, baldin gizatxar amorratuak segurtasunaren beharrik badu; eta gizatxar amorratuez osatuak izaten dira delako gaizkile talde horiek. Kopuruak, berriz diot, gizon bakarra geldiaraziko lukeen beldur izugarri eta arrazoigabe hori ezabatuko luke. Eman dezagun lagun batek, bi lagunek, hiruk, egin dezaketela hutsegiterik, baina hutsegite hori ez zen gertatuko baldin laugarren bat izan balitz. Ez zuten atzean ezer ahaztuko; zeren, kopuruari esker, gauza guztiak batera eramateko gai izango baitziren. Ez zen itzuli beharrik izango.

        »Gogora ezazu orain nola aurkitu zen soinekoan gonaldeko zerrenda bat erauzia: "Zerrenda bat, oin bat zabal, erauzia ageri zen beheko azpilduratik gerri alderaino, baina guztiz puskatu gabe. Gerriaren inguruan ageri zen, hiru bider tolestua, eta atzealdean korapilo moduko batez lotua". Helburu jakin batez egin zen hori, hau da, helduleku bat osatu eta gorpua arrastaka eramateko. Baina talde bati bururatuko ote zitzaion horrelako gauza bat egitea? Hiru edo lau laguni, gorputz-adarrek, ez bakarrik aski helduleku, aitzitik, heldulekurik hoberena eskainiko zieten. Ideia hori pertsona bakar batena da; eta horrek beste puntu honetara garamatza, alegia, "leku haren eta ibaiaren arteko bidean, hesiak altxata zeuden, eta lurrean berriz, zama astunen bat arrastaka eramana izan zelako aztarrenak ageri ziren". Baina gizon bat baino gehiago izanik, arduratuko ote ziren hesi bat altxatzea den bezalako alferreko lana egiteaz, zertarako eta istant batean edozein hesiren gainetik jaso zezaketen gorpu bat pasarazteko? Gizon talde batek horrela eramango al zuen bada gorpu bat, arrastatzearen seinale nabarmenak utziz?

        »Eta Le Commercielen ohar bat aipatu behar dugu hemen; lehenago nolabait ere komentatu dudan ohar bat. "Zoritxarreko neskaren azpiko gona baten zati bat", hala dio, "erauzia zegoen eta neskaren kokotzaren azpian lotua, buruaren atzealdetik, garrasirik egin ez zezan seguraski. Musuzapirik ez zuten morroiek egina da hori".

        »Esan dut lehenago ere gaizkileak ez duela sekulan sakelako musuzapirik falta izaten. Baina ez da hori justu-justu orain azpimarratu nahi dizudan gauza. Oihal zati hori erabili zen, Le Commercielek iradokitako helburuarekin, ez gaizkileak musuzapia falta zuelako, arboladian aurkitu den musuzapiak frogatzen duen bezala; eta haren xedea ez zela "garrasirik egin ez zezan" argi uzten du, orobat, oihal zatia erabili izanak, helburu horretarako askoz egokiagoa zen musuzapiaren ordez. Baina delako oihal zati horretaz hala diote lekukotasunek: "Lepoaren inguruan lotuta aurkitu zuten, ez estu, baina bai korapilo sendo batez segurtatua". Ez dira oso hitz zehatzak, baina, hala ere, ez dira Le Commercielek argitaratu dituenak bezalakoak. Zerrenda hori zortzi hatz zabal zen, eta, hortaz, muselinazkoa izanik ere, tolestua edo luzetara bihurritua, banda sendo bat osatuko zuen. Eta horrela, bihurrituta, aurkitu zuten. Hona nire dedukzioa. Gorpua urruti samarretik (arboladitik nahiz beste edonondik) besoetan eraman ondoren, haren gerrialdean lotutako zerrenda baten laguntzaz, horra non konturatzen den hiltzaile bakartia, era horretan eramanda, bere indarrerako astunegia gertatzen zaiola gorpua. Hortaz, zama arrastaka eramatea erabaki du; aurkitutakoak ere arrastaka eraman zutela frogatzen du. Asmo hori gogoan hartuta, beharrezko gauza zuen gorputz-adar bati soka baten moduko zerbait lotzea. Lepoaren ingurua zen horretarako lekurik egokiena, buruak eragotziko lioke-eta irristatu eta ateratzea. Eta orduan gogoratuko zitzaion hiltzaileari, dudarik gabe, gerrialdeko zerrenda. Huraxe erabiliko zuen, baldin eta gorpuaren inguruan bihurritua eta korapilo batez segurtatua egon ez balitz, eta, gainera, hura ez zegoen soinekotik "erauzia". Errazagoa zen azpiko gonatik beste zerrenda bat ateratzea. Urratu zuen, estutu zion gorpuari lepoaren inguruan, eta halaxe eraman zuen biktima ibaiaren ertzeraino arrastaka. "Zerrenda" hori, neke handiz eta denbora galduz bakarrik eskura zitekeena, eta bere xedea erdizka baino betetzen ez zuena gainera, zerrenda hori erabili izanak, frogatzen du musuzapia jadanik eskuraezina zen une batean sortu ziren gorabeherek ekarri zutela haren premia; alegia, lehen ere pentsatu dugun bezala, arboladitik alde eginda gero (baldin arboladia bazen) sortu zen premia hori, arboladiaren eta ibaiaren arteko bidean.

        »Baina, esango didazu, hilketa izan zen garai bertsuan, gizon talde bat ibili zela arboladitik gertu azpimarratu zuen Madame Deluc-ek bere aitorpenetan (!). Hori onartzen dizut. Duda egiten dut ordea dozena bat talde ere ez ote zen ibiliko, Madame Deluc-ek deskribatu duenaren modukoak, Barrière du Roulen bertan edo inguruan tragedia izan zen garai berean. Baina higuin hori, Madame Deluc-en aitorpen nolabait ere beranduko eta oso susmagarriak gorabehera, higuin hori sorrarazi duen talde bakarra —dama zintzo eta kezkati honek besterik ez baitu aipatzen—, haren pastelak jan, haren brandya edan eta ordaintzeko nekea hartu gabe alde egin zuen huraxe da. Et hinc illae irae?

        »Baina zein da zehatz-mehatz Madame Deluc-en aitorpena?: "Gizatxar talde bat azaldu zen, lainezaz betea; ordaindu gabe jan eta edan ondoren, gizonaren eta neskaren bide beretik alde egin omen zuten, ilunabarrean itzuli ziren ostatura, eta atzera gurutzatu zuten ibaia, ikaragarrizko presaz nonbait".

        »"Ikaragarrizko presa" hori, seguraski, are ikaragarriagoa iruditu zitzaion Madame Deluc-i, behin eta berriz aipatzen baitzituen, luze eta mindurik, bere pastel eta edari bortxatuak; izan ere, esperoko zuen agian oraindik ere pastel eta edari haien nolabaiteko ordaina. Zergatik, bestela, ilunabarra izanik, azpimarratu behar zuen hainbeste haien presa? Ez da noski harritzekoa izango jendilaje hori ere etxeratzerakoan presaka ibiltzea, ibai zabal bat txalupa txikietan gurutzatu beharra dagoenean, ekaitzak mehatxatzen duenean eta gaua hurbil denean.

        »Hurbil denean esan dut; ez baitzen oraindik gaua. Ilunabarra baino ez zen "gizatxar" haien presa gaiztoak Madame Deluc-en begi zuhurrak iraindu zituztenean. Baina esan digutenez, arratsalde hartan bertan, Madame Deluc-ek, eta orobat haren seme zaharrenak, "emakume baten garrasiak entzun zituzten ostatutik bertan". Eta ze hitz erabiltzen du Madame Deluc-ek garrasi horiek entzun ziren arratsaren garaia izendatzeko? "Ilundu eta handik gutxira", dio. Baina "ilundu eta handik gutxira", gutxienez, ilun da; eta "Ilunabarra-edo" era berean da oraindik egun argia. Hortaz, aski garbi dago gaizkile taldea Barrière du Rouletik alde egina zela Madame Deluc-ek garrasiak entzun (?) baino lehen. Eta nahiz eta, aitorpenaren kontakizun guzti-guztietan, modu berezian baina beti modu berean erabiltzen diren adierazmolde horiek, neronek zurekin hizketan erabili ditudan bezalaxe, desadostasun horri buruzko hitzik ez da atera, oraingoz, egunkarietan, ezta poliziako funtzionarioen idatzietan ere.

        »Argudio bat besterik ez diet erantsiko orain artekoei, taldea zelako ideiaren kontra; baina oraingo hau, nire ikusmoldean behintzat, erabakigarria da. Sari eskuzabala eskaini delarik, eta barkamen osoa erabateko frogaren bat aurkezten bada, ezin pentsatu da, inondik inora, gizatxar talde bateko kideren batek, edo edozein taldetako kide batek, ez zituela bere lagunak aspaldian traizionatuko. Jendilaje klase hori, sariaren desiraz baino areago, eta baita ihes egiteko nahiaz baino areago, traizioaren beldur izaten da. Lehenbailehen egingo du berak traizioa, besteek berari egin ez diezaioten. Sekretua ez zabaltzea, horixe da, hain zuzen ere, sekretua delako frogarik hoberena. Gertaera ilun honen izugarrikeriak gizaki bizi batek edo bik bakarrik ezagutzen dituzte, eta Jainkoak.

        »Labur ditzagun orain gure analisi luzearen fruitu eskas baina argiak. Iritsi gara ondorio ziur batzuetara: edota zoritxarreko istripuren bat gertatu zen Madame Deluc-en sabaipean, edota maitale batek hil zuen neska Barrière du Rouleko arboladian, edota zenduaren lagun min eta ezkutukoren batek. Pertsona horrek larruazal iluna du. Larruazal horrek, gerriko zerrendaren lotura moduak eta txanoko xingola lotzen zuen marinel korapiloak, itsasgizon bat seinalatzen dute. Gizon hori zenduarekin lotzen zuen harremanak, Marie neska alaia baitzen baina ez gaiztoa, marinel arruntaren mailatik gainekoa zela adierazten du. Ideia horren berorren aldekoak dira egunkarietara iritsi diren gutunak, ongi idatziak baitira. Lehen ihesaldiak, Le Mercuriek aipatzen zuenak, zorigaiztoko neska etxetik alde egitera bultzatu zuen "itsas ofizial" harekin lotzen du bigarren desagerpeneko itsasgizon hau.

        Eta horra non datorkigun, unerik egokienean, gizon azal-ilun horren aspaldiko falta. Barka, baina etenaldi bat egingo dut hemen gizon horren larruaren kolorea dela-eta; ez zen belztasun arrunta, Valencek eta Madame Deluc-ek, biek, ezaugarri hori bakarrik azpimarratu dute-eta. Baina zergatik ez da agertzen gizon hori? Gaizkile taldeak hil ote du? Hala bada, zergatik agertu dira neska hilaren aztarrenak baina ez gizonarenak? Bi erasoaldien gertalekuak berbera behar zuen izan. Eta non dago gizonaren gorpua? Modu berean egin bide zituzten hiltzaileek bi goputzekikoak. Baina pentsa daiteke gizon hori bizirik dagoela, eta ez duela bere burua ezagutarazi nahi, hilketaren errua egotziko ote dioten beldurrez. Orobat pentsa daiteke ideia hori darabilela buruan —hain berandu—, Marierekin ikusi zutela agertu baita aitorpenetan; baina horrek ez zuen eraginik batere gertaeren unean. Errurik gabeko pertsona baten lehen burutapena erasoaldiaren berri ematea izango zen, eta gaizkileen bilaketan lagundu. Izan ere, horixe komeni zitzaion. Ikusi egin zuten neskarekin. Harekin gurutzatu zuen itsasontziz ibaia. Ergel batentzat ere, hiltzaileak salatzea izango litzateke susmo txarretatik libratzeko modurik seguruena eta bakarra. Ezin imajina genezake, zoritxarreko igande gau hartan, errugabe eta aldi berean doilorkeriaren ezjakin. Hala ere, hori baino ezin dugu pentsatu, bizirik bazegoen, hiltzaileak nolaz ez zituen salatu ulertu nahi badugu.

        Eta zer bitarteko dugu guk egiara iristeko? Aurrera egin ahala, bitarteko horiek ugaldu eta zehaztu egiten direla ikusiko dugu. Azter dezagun xehe-xehe, bukaeraraino, lehen ihesaren auzia. Jakin dezagun osorik "ofizial" horren istorioa, zertan dabilen orain, eta zertan zebilen hilketaren unean. Aldera ditzagun arretaz egunkarira bidali diren gutun guztiak, errua gaizkile talde bati egozteko xedea zutenak. Hori egin ondoren, aldera ditzagun gutun horiek, estiloari nahiz eskuizkribuari berari dagokienez, lehenago goizeko egunkarira bidali zirenekin, Mennais-en erruduntasuna hain gogor azpimarratzen zuten haiekin. Eta, hori guztia egin ondoren, aldera ditzagun ostera gutun horiek guztiak ofizialak berak idatzitakoekin. Saia gaitezen, Madame Deluc-i eta haren mutikoei behin eta berriz galderak eginez, eta baita omnibusaren gidariari ere, Valence-ri, "gizon azal-ilun" horren itxura fisikoaz eta jokamoldeaz beste zerbait jakiten. Galdeketak, trebetasunez eginez gero, nahitaez eskainiko digu, puntu jakin honen (edo besteren) inguruko informazioa, erantzuleek berek badakitela agian konturatu ere ez direna. Eta ondoren gabarrazainak ekainaren hogeita biko astelehenean hartu zuen txaluparen arrastoen bila abiatuko gara, bertako langileek haren berri jakin gabe atera baitzuten txalupa hori gordetegitik, eta lemarik gabe, gorpua aurkitu aurreko uneren batean. Behar bezalako arduraz eta pazientziaz jokatzen badugu, nahitaez aurkituko dugu txalupa hori; izan ere, hartu zuen gabarrazainak ezagutu dezake, eta, horrez gainera, eskura dago lema. Errudun sentitzen ez denak bela ontzi baten lema ez zuen besterik gabe galduko. Eta eten labur bat egingo dut hemen, galdera bat egiteko. Ez zen iragarri txalupa hori hartuko zenik. Ezkutuka hartu zuten gabarren gordetegitik, eta ezkutuka eraman zuten. Baina jabeak edo patroiak, abisurik izan ez bazuen, nolaz jakin zezakeen astearte goizerako non hartu zen astelehenean txalupa, ez bada pertsona horrek loturaren bat duelako itsas armadarekin, gauzarik txikienak, herriko albisterik xumeenak, jakinarazten dizkion harreman ohikoa?

        »Bere zama ibai ertzera arrastaka daraman hiltzaile bakartiaz mintzatu naizenean, esan dut litekeena dela txalupa batez baliatu izana. Hala, pentsa genezake Marie Rogêt txalupa batetik bota zutela uretara. Hala gertatuko zen noski, nekez utziko baitzuten gorpua ibaiertzeko ur sakontasunik gabeetan. Biktimaren bizkarreko eta sorbaldetako marka berezi horiek txalupa baten hondoko egurrak gogorarazten dituzte. Gorpua zamarik gabe aurkitu izana orobat da ideia horren aldeko. Ibai ertzetik bota balute, zama erantsiko zioten. Zamaren falta esplikatzeko argudio bakarra dago, hots, hiltzaileari ez zitzaiola bururatu zamaren bat izan behar zuela eskura gorpua uretara bota baino lehen. Gorpua uretara jaurtikitzeko unean, konturatuko zen noski bere arduragabetasunaz; baina orduan ez zuen erremediorik. Edozein arrisku hobea zen ertz madarikatura itzultzea baino. Bere zama beldurgarritik libratu ondoren, abiadan joango zen hiltzailea hirira. Han lehorreratuko zen, portuko etxola ilunen batean. Baina txalupa ordea... lotuta utziko al zuen? Larriegi ibiliko zen txalupa lotzen-eta hasteko. Areago, baldin portuan lotzen bazuen, bere buruaren kontrako froga ari zela han jartzen irudituko zitzaion. Hura lehenbailehen begi bistatik kentzea izango zen barrutik etorriko zitzaion gogoa, alegia, krimenarekin zerikusia zuen gauza oro ahalik eta urrutiena eramatea. Portutik ihes egin nahi zuen, baina erotuta ere ez zuen txalupa han utziko. Bere gisara joaten utziko zuen seguraski... Jarrai diezaiogun irudimenari. Biharamunean, izu-laborri ezin eramanezkoak hartuko zuen gizon doilor hori, ikusi zuenean txalupa hartu egin zutela, eta bera egunero joaten den leku batera eraman zutela: eginbeharrek, agian, maiz daramaten leku berera. Hurrengo gauean, lemaz galde egitera ausartu ere gabe, txalupa hartzen du. Non dago ordea txalupa lemagabe hori? Horixe da aurkitu behar dugun lehen gauza. Txalupari buruzko aurreneko datua izango da gure arrakastaren abiapuntua. Txalupa horrek gidatuko gaitu, txunditurik utziko gaituen lastertasunaz, zorigaiztoko igande gau hartan erabili zuenarengana. Erantzuna erantzunaren atzetik etorriko da, eta horrela aurkituko dugu hiltzailea».

        (Honaino iritsita, zehaztuko ez ditugun arrazoiak direla-eta —irakurle askori agerikoak irudituko zaizkiola segur gaude ordea—, eskuetan dugun eskuizkributik, Dupinek lortutako hari-mutur itxuraz meheari jarraitzen zaien xehetasunen partea ez argitaratzen ausartu gara. Komenigarria iruditu zaigu ordea labur adieraztea lortu zela desiratzen zen emaitza, eta orobat iruditu zaigu gauza egokia azpimarratzea zintzo-zintzo bete zituela Prefekturak, gogo handirik gabe ordea, Dupin jaunarekin egindako itunaren puntuak. Ondorengo hitz hauekin amaitzen da Poe jaunaren artikulua. Zuzendariak):

        Ulertuko da noski kointzidentziez mintzatzen naizela, eta ez bestez. Nahikoa behar dute gai honi buruz lehen esan ditudanak. Bihotzean ez dut nik federik naturaz gaindikoan. Izadia eta haren Jainkoa bi direla, horrelakorik ez du ukatuko pentsatzen duen gizonak. Bigarrenak, Harexek sortua baita, bere nahierara mendera edo alda dezakeela aurrenekoa, hori ere ezin eztabaidatuzko gauza da. "Bere nahierara" esan dut; zeren borondateari baitagokio auzia, eta ez, logikaren eroak erabaki duen bezala, botereari. Kontua ez da Jainkoak ezin dituela bere legeak aldatu, baizik eta irain egiten diogula aldaketaren beharra bururatzen zaigunean. Lege horiek, jatorrian, Etorkizunean izan daitekeen gertakizunak oro agertzeko moldatu ziren. Jainkoarekin, dena da Orain.

        Berriz diot, beraz, kointzidentzia direlakoan, ez bestela, mintzatzen naizela gauza hauen gainean. Eta areago; ikusiko da kontatzen dudan honetan parez pare joan direla Mary Cecilia Rogers zoritxarrekoaren patua —patu hori ezagutzen deneraino— eta, bere historiaren une jakin bat arte, Marie Rogêt harena; eta parekotasun horren zehatza hain da zoragarria non aztoratu ere egiten baita arrazoimena. Hori guztia ikusiko dela diot. Baina ez dadila une batez ere pentsatu, aipatu den une horretatik aurrera istorio triste hau kontatzen jarraitu eta inguratu duen misterioaren askabideraino iristean, parekotasuna luzatzeko asmo ezkutua dudanik; orobat, ez dut hemen adierazi nahi grisette baten hiltzailea aurkitzeko Parisen hartu ziren neurriek, edo antzeko arrazoibideetan oinarrituriko edozein neurrik, antzeko emaitzarik ekarriko zutenik.

        Zeren, ideia horren bigarren parteari dagokionez, kontuan hartu beharko bailitzateke kasu batean zein bestean gerta zitezkeen aldaketa txikienak ere kalkulu guztiz okerrak ekarriko lituzkeela, gertaeren bideak elkarrengandik guztiz aldenduko lituzketenak; hain zuzen ere, aritmetikan bezalaxe, berez eta bere horretan hutsala izan daitekeen errakuntza batek, sor baitezake luzarora, prozesuaren puntu guztietan biderkatuz, egiatik oso urruti dagoen emaitza. Eta, lehen parteari dagokionez, ezin dugu bistatik galdu aipatu berri dudan Probabilitateen Kalkuluak debekatu egiten duela parekotasunaren luzatzearen ideia oro: parekotasun hori egin eta zehaztu den bezala, proportzio berean debekatzen du zabaltzea, sendotasun erabakigarriaz. Proposizio bitxi bat da hau, matematikaren alorretik kanpo dagoen pentsamolde batera garamatzala ematen duen arren, osorik matematikariaren adimenak bakarrik uler dezakeen horietakoa. Gauza zailagorik ez dago, adibidez, irakurle arrunta konbentzitzea baino dadoetan dabilen batek bi sei elkarren ondotik ateratzea aski arrazoi dela apustu egiteko, ziurtasun osoz, ezetz atera seia hirugarren saioan. Adimenak berehala baztertzen ditu era horretako iradokizunak. Ez da onartzen eginak diren bi botaldik eraginik izan dezaketela etorkizunean baino existitzen ez diren botaldien gainean. Seia ateratzeko aukerak beste edozein bezalakoxea dirudi, alegia, huts-hutsik dadoekin egin daitezkeen beste botaldien eraginaren mendekoa. Eta iritzi hori hain dago zabaldua, non kontra egiteko saioak sarriago hartzen baitira mezprezuzko irribarre batez errespetuzko arretaz baino. Hor dagoen errakuntza —kaltegarria ere izan daitekeen errakuntza handia—, ez naiz saiatuko lan honek dituen mugen barruan agertzen; eta filosofiaz ezer ere dakienak ez du esplikazioen beharrik. Aski izan bedi esatea, Arrazoiak egia xehetasunetan bilatzeko duen joeraren bidean sortzen diren hutsegite kontaezin horietako bat baizik ez dela errakuntza hori.

 

 

 

© Edgar Alan Poe

© itzulpenarena: Koro Navarro

 

 

"Edgar Alan Poe / Kontakizunak" orrialde nagusia