Putzua eta pendulua

 

                        Impia tortorum longos hic turba furores

                        Sanguinis innocui, non satiata, aluit.

                        Sospite nunc patria, fracto nunc funeris antro,

                        Mors ubi dira fuit vita salusque patent

 

        Arrunt gaizkiturik nengoen, hil beharrean gaizkiturik agonia luze hartan; eta azkenean askatu nindutenean, eta esertzen utzi, zentzumenek alde egiten zidatela sentitu nuen. Epaia —heriotzazko epai beldurgarria—, belarrietara heldu zitzaizkidan hitzetan azkena izan zen. Ondoren, ametsezko xuxurlo zehazgabe batean murgildua zirudien Inkisiziokoen ahotsen soinuak. Iraultzaren ideia ekarri zidan xuxurlo hark gorora, agian errota gurpil baten durundiarekin lotzen zelako nire fantasian. Aldi labur batez bakarrik ordea; ez bainuen gero besterik entzun. Alabaina, puska batez, ikusi egin nuen; nolako gehiegikeria izugarrizkoaz ordea! Arropa beltzez jantzitako epaileen ezpainak ikusi nituen. Zuriak iruditu zitzaizkidan —hitzok marrazten ari naizen orri hau baino zuriago—, eta irrigarri izateraino mehe; mehe, sendotasunaren adierazpenaren intentsitateaz; erabaki aldaezinarenaz; giza torturaren mesprezio zinezkoarenaz. Ikusi nuen neure Patua izango zen dekretua ezpain haietatik ari zela oraindik jaulkitzen. Ikusi nituen mintzaera hilgarriaz bihurritzen. Ikusi nituen neure izenaren silabak taxutzen; eta, ez baitzen ondoren beste soinurik etorri, dardar egin nuen. Ikusi nuen, orobat, izumen zorozko istant batzuez, gelako hormak estaltzen zituzten oihal beltzen astindu txit leun eta ia igarri ezinezkoa. Eta mahaiaren gainean zeuden zazpi kandela luzeetara joan zitzaizkidan orduan begiak. Lehen begiratuan karitatearen ikur iruditu zitzaizkidan, salbatuko ninduten aingeru lerden zuriak; baina gero, tupustean, goitinahi beldurgarriena gaineratu zitzaion nire gogoari, eta gorputzeko zuntz oro sentitu nuen ikara egiten bateria galbanikozko hari bat ukitu banu bezala, aingeruen formak mamu zentzugabeak bihurtzen ziren artean, sugarrezko buruekin, eta ikusi nuen haiengandik ez zitzaidala laguntzarik etorriko. Eta orduan ia oharkabean bururatu zitzaidan, musikazko nota aberatsa bailitzan, nolako atseden gozoa izan behar duen hilobikoak. Poliki eta isilka etorri zitzaidan gogoeta hura, eta luze jo bide zuen erabat argitu zitzaidan arte; baina azkenean nire espirituak pentsamendu hura beretu zuenean, une hartan bertan, desagertu egin ziren epaileen irudiak, magiaz bezala, nire aurretik; ezerezean galdu ziren kandela luzeak; haien sugarrak guztiz itzali ziren; ilunaren belztasuna gaineratu zitzaidan; beheraldi ero zurrunbilotsu batean ziruditen irentsiak sentsazio guztiak, arima Hadesean bezala. Gero isiltasuna, eta gelditasuna, eta gaua izan ziren unibertsoa.

        Kordea galdu nuen, baina ez dut halere esango kontzientzia osorik galdu nuenik. Hartatik geratzen zena ez naiz definitzen saiatuko, ezta deskribatzen ere; hala ere, ez zegoen dena galdua. Lozorrorik pisuenean... Ez! Eldarnioan... Ez! Korde galtzean... Ez! Heriotzan... Ez! Hilobian bertan ere, ez dago dena galdua. Ez baitago bestela gizonarentzat hilezkortasunik. Lozorro sakonenetik atereaz, ametsen baten sare fina urratzen dugu. Hala ere, hurrengo segundoan (hain izan baitzitekeen mehea sare hori), ez dugu gogoratzen amets egin dugunik. Korde gabeziatik bizitzara itzultzean bi aldi izaten dira: lehenbizi, adimenaren edo espirituaren zentzuarena; bigarren, existentzia fisikoarena. Litekeena dirudi, baldin eta, bigarren aldia iritsirik, aurrenekoaren aztarnak gogoratzen baditugu, aztarna horiek atzeragoko leizeko oroitzapenen adierazle gertatzea. Eta leize hori da... Zer da? Nola bereizi ahal izango ditugu, besterik ez bada ere, hango itzalak eta hilobikoak? Baina lehen aldia izendatu dudan horretako aztarnak ez badira nahierara gogoratzen, hala ere, denboraldi luze baten ondoren, ez al zaizkigu bada beren kabuz etortzen, guk miresmenez nondik datozen galdegiten dugun artean? Kordea inoiz galdu ez duenak nekez aurkituko ditu jauregi bitxiak eta aurpegi harrigarriki ezagunak hausberoan distiraka; nekez ikusiko ditu airean hegan gehienek ezin sumatu dituzten ikuskari tristeak; nekez jardungo da gogoetan lore berriren baten perfumeaz... Nekez asaldatuko du haren gogoa sekulan arduratu ez zitzaion musikazko kadentziaren baten esangurarekin.

        Gogoratzeko ahalegin sarri eta burutsuen artean; nire arima eroria zen itxurazko ezerezezko egoeraren seinaleren bat antzemateko borroka latzen artean, izan dira arrakastaren ametsa izan ditudan uneak; izan dira aldi labur batzuk, aldi laburrak oso, oroitzapen batzuk erdietsi ahal izan ditudanak, geroztiko arrazoi argitu batek itxurazko oharkabetasun horri baizik ezin zegozkiokeela ziurtatzen dizkidanak. Memoriaren itzal horiek, oso modu lausoan, hartu eta isil-isilik berekin ninderamaten irudi luzeak erakutsi dizkidate, beherantz beti, beherago oraindik, harik eta beheraldiaren azkengabearen ideia hutsak zorabio ezin jasanezko bat gaineratu zidan arte. Orobat erakusten didate bihotzean nuen izumen lauso bat, hain zuzen ere bihotzaren gelditasun ezohikoagatik. Gauza oro hartzen duen bat-bateko higimen falta dator gero; berekin naramaten haiek (hura bai jarraigo izugarrizkoa!), beren jaitsieran, mugarik ezaren muga gainditu, eta beren egitekoaren unagarriaz atsedetera gelditu balira bezala. Horren ondoren axolagabekeria eta hezetasuna datozkit gogora; eta, gero, eromena da dena: gauza debekatuetan diharduen memoriaren eromena.

        Tupustean etorri zitzaizkidan berriz ere espiritura mugimendua eta soinua —bihotzaren mugimendu zalapartaria, eta, belarrietan, haren taupaden hotsa—. Eten bat gero, dena hutsa zena. Eta gero berriz hotsa, eta mugimendua, eta ukimena —gorputz osora zabaldutako xinurritu sentipen bat—. Existentziaren ezaguera hutsa gero, gogoetarik gabea —luzaro iraun zuen egoera—. Eta gero, guztiz bat-batean, pentsamendua, eta ikarazko izumena, eta nire benetako egoeraz jabetzeko ahalegin bizia. Gero, sentikortasunik ezean erortzeko desira handia. Gero arimaren berpizte lehiatsu bat eta mugitzeko ahaleginak, mugitzea lortu nuen arte. Eta orduan epaiketaren oroitzapen osoa, hormetako oihal beltzena, epaiarena, zorabioarena, korde galtzearena. Eta gero, epaiketaren ondoren etorri zen guztiaren ahanztura erabatekoa; geroak eta ahalegin handiek, modu lainotsuan bada ere, gogora ekarri didaten guztiarena.

        Artean begiak zabaldu gabea nintzen. Bizkarrez etzanda nengoela sentitzen nuen, eta lokabe. Eskua luzatu nuen, eta astun erori zen gauza heze eta gogor baten gainean. Saiatu nintzen eskua zenbait minutuz han uzten, non ote nengoen eta zertan ote nintzen asmatzeko ahaleginetan. Desiratzen egon arren, ez nintzen ausartzen begiak zabaltzera. Beldurtu egiten ninduen nire inguruko objektuak aurrenekoz ikusteak. Ez gauza beldurgarriak ikusteak, aitzitik, ikusteko ezer ez izateak beldurtzen ninduelako. Azkenean, erabateko etsimenez beterik bihotza, bat-batean zabaldu nituen begiak. Nire uste okerrenak egiaztatu ziren orduan. Betiereko gauaren ezerezak inguratzen ninduen. Arnasa hartzen ahalegindu nintzen. Iluntasunaren intentsitateak zapaltzen eta itotzen ninduela zirudien. Eramanezina zen giroaren astuna. Geldi-geldi jarraitu nuen, arrazoitzeko ahaleginetan. Inkisizioaren epaiketa ekarri nuen gogora, eta hartatik abiatuta nire benetako egoeraren berri izaten saiatu nintzen. Iragana zen epaiaren unea; eta iruditzen zitzaidan denbora luzea joana zela ordudanik. Hala ere, istant batez ere ez nuen uste izan hila nengoenik. Uste hori, fikziozko liburuetan irakurtzen duguna gorabehera, ez da batere adosten benetako existentziarekin; baina non eta zein egoeratan nengoen? Hiltzera kondenatuak, banekien, autos da fé-etan hil ohi ziren, eta halakoxe bat izan zen nire epaiketaren gauean bertan. Nire ziegara bidali ote ninduten berriz, hurrengo sakrifizioa noiz izango, hartarako hilabete asko falta zen arren? Berehalaxe konturatu nintzen ezin zitekeela halakorik izan. Biktimak segituan eramaten zituzten. Areago, nire ziegak, Toledoko kondenatuen ziega guztiek bezala, harrizko lurra zuen, eta argia ez zuten erabat ezabatzen.

        Halako batean burutazio beldurgarri batek odola turrustaka jarri zidan bihotzean, eta, une labur batez, soraio geratu nintzen berriz ere. Neure onera etorri nintzenean, kolpetik zutitu nintzen, zuntz guztiak konbultsioz dardarka. Eroaren gisan luzatu nituen besoak alde guztietara. Ez nuen ezer sentitu; hala ere, pauso bat bera egiteko beldur nintzen, hilobi baten hormak oztopo izango nituelakoan. Izerdia tontorka zerien nire poro guztiei, eta anpulu handi hotzetan geratzen zitzaidan kopetan itsatsita. Ezjakitearen agonia jasan ezinezkoa gertatu zitzaidan azkenean, eta arduraz mugitu nintzen aurreraka, luze-luze besoak eta begiak beren zuloetatik atera beharrean, argi-izpi meheren bat atzemateko itxaropenaz. Zenbait urrats egin nuen modu horretan; baina beltza eta hutsa zen oraindik dena. Askeago hartu nuen arnasa. Ageriko gauza zirudien behintzat ez zela, neurea, patuetan izugarriena.

        Eta orduan, oraindik ere kontu handiz aurreraka nindoala, Toledoko izugarrikerien gaineko ehunka zurrumurru gogoratu zitzaizkidan oldeka. Gauza bitxiak kontatzen ziren ziegez —nik beti ipuintzat hartu nituenak— baina bitxiak hala ere, eta ikaragarriegiak berriz esateko, isilka ez bada. Goseak hiltzen utziko al ninduten lurpeko mundu iluntasunezko hartan; edo nolako patua, agian oraindik ere beldurgarriagoa, ote nuen zain? Ondo asko ezagutzen nituen neure epaileak, eta ez nuen beraz zalantzan jartzen heriotzara kondenatu nindutela, eta ohikoa baino heriotza latzagora gainera. Modua eta ordua ziren arduraz betetzen eta burua galarazten zidaten gauza bakarra.

        Nire eskuek, luze-luze eginda, aurkitu zuten azkenean oztopo gotor bat. Horma bat zen, harriz egina itxuraz, oso leuna, irristakorra eta hotza. Horma hari jarraitu nion, antzinako zenbait kontakizunetatik ateratako konfiantza falta erneaz mugituz. Bide horrek, nolanahi ere, ez zidan nire presondegiaren neurriak jakiteko modurik eskaintzen; izan ere, jira osoa egin nezakeen eta, oharkabean, aterea nintzen puntu berera itzuli; hain zirudien guztiz berdina paretak. Hala bada, Inkisizioko aretora eraman nindutenean sakelan neraman labanaren bila hasi nintzen, baina desagertua zen; nire arropen ordez artile lakarrezko jantzi bat nuen soinean. Labanaren ahoa harrizko paretako arrakala txikiren batean sartzea neukan pentsatua, nire abiapuntua markatzeko. Arazo hori, izan, ez zen batere garrantzitsua; nire irudimenaren nahasmen hartan ordea, ezin gaindituzkoa iruditu zitzaidan hasieran. Jantziaren pusketa bat urratu eta luze-luze jarri nuen angelu zuzenean paretaren kontra. Presondegiaren jira osoa egin eta itzulia bukatzean nahitaez aurkitu behar nuen pusketa hura. Pentsatu, hori pentsatu nuen: baina ez nuen kontuan hartu presondegiaren neurria, ezta neure ahultasuna ere. Lurra hezea eta irristakorra zen. Puska batean aurrerantz joan ondoren, halako batean balantzaka hasi eta erori egin nintzen. Nekearen gehiegiak lurrean mantentzen ninduen; eta, etzanda nengoela, loak laster hartu ninduen.

        Esnatu, eta beso bat luzatu nuenean, ogi puska bat eta pitxer bat ur aurkitu nituen neure aldamenean. Nekatuegia nengoen gorabehera horiez gogoetan hasteko, baina gogo biziz jan eta edan nuen. Handik gutxira, berriz hasi nintzen presondegiaren itzulia egiten, eta, eginahalean, iritsi nintzen azkenean oihal puskara. Erori nintzen arte berrogeita hamabost urrats nituen kontatuak, eta beste berrogeita zortzi kontatu nituen berriz ibiltzen hasi nintzenetik; eta orduantxe iritsi nintzen piltzarrera. Guztira, beraz, ehun bat urrats ziren; eta, iardako bina urrats kontatuz, kalkulatu nuen berrogeita hamar iardako jira izango zuela ziegak. Nolanahi ere, angelu asko aurkitu nuen horman, eta, hortaz, ezin asmatu nuen nolakoa izan zitekeen kriptaren forma; zeren hura kripta zela baino ezin bainuen pentsatu.

        Helburu zehatzik ez nuen —ez behintzat itxaropenik— bilaketa haietan; baina jakin-min lauso batek bultzatzen ninduen jarraitzera. Hormatik aldenduta, itxituraren eremua gurutzatzera deliberatu nintzen. Ardura handienaz mugitzen nintzen hasieran, zeren lurra, ekai gotorrez egina bazirudien ere, zikinagatik baitzen arriskutsua. Azkenean, nolanahi ere, adore hartu, eta urrats sendoz abiatu nintzen, eremua ahalik eta lerro zuzenenean gurutzatzeko ahaleginean. Aurreratuko nituen hamar edo hamabi urrats, eta hartan zangoen artean trabatu zitzaidan jantziaren urratua. Hura zapaldu, eta ahuspez erori nintzen.

        Erorikoaren nahasmenean, ez nuen berehala antzeman xehetasun harrigarri samar bat, baina, segundo batzuk geroago, eta lurrean erorita nengoela oraindik, nire arreta erakarri zuen. Hau zen: presondegiko lurraren kontra neukan kokotsa, baina ezpainek eta buruaren goialdeak, itxuraz kokotsa baino beheraxeago egon arren, ez zuten ezer ukitzen. Aldi berean lurrin likatsu batek kopeta bustitzen zidala zirudien, eta onddo ustelen usain berezia iritsi zitzaidan sudur zuloetara. Besoa luzatu nuen, eta ikaraz konturatu nintzen putzu biribil baten ertzera eroria nintzela; une hartan ordea ez nekien zenbateraino zen sakona. Ertzaren azpi-azpiko horma haztatuz, lortu nuen pusketa bat askatzea, eta amildegira erortzen utzi nuen. Segundo asko eman nituen haren oihartzuna entzuten, beherako bidean leizearen alboak jotzen baitzituen harriak; azkenean entzun zen nola murgiltzen zen bat-batean uretan, eta ondoren oihartzun ozenak etorri ziren. Une hartan bertan ate baten zabaltze lasterraren hotsa zirudiena etorri zen nire gainetik, eta hura bezain ate-ixte bizkor batena; aldi berean argi-izpi mehe baten distira bereizi zen ilunean, eta agertu bezain azkar desagertu zen.

        Garbi ikusi nuen niretzat prestatua zuten patua, eta neure burua zoriondu nuen, istripuaren une egokiari esker ihes egin ahal izan niolako. Erori aurretik beste urrats bat egin, eta munduak ez ninduen gehiago ikusiko. Eta Inkisizioari buruzko istorioetan nik hain fantasiazko eta fribolotzat jo nuen bezalakoxea zen itzuri berria nuen heriotza. Haren tiraniaren biktimentzat, bazen heriotza mota bat herstura fisiko beldurgarrienez betea, baina bazen beste bat ere, izugarrikeria moral are higuingarriagoak zekartzana. Azken heriotza horretarako nengoen ni gordea. Sufrimendu luzeen ondoren hain nituen nerbioak jota, non neure bozaren beraren soinuak dardarka jartzen baininduen, eta, hortaz, edozein alderditatik begiratuta ere, subjektu guztiz egokia bihurtuta nengoen zain nituen torturatarako.

        Burutik oinetaraino dardarka, haztamuka egin nuen atzera hormarainoko bidea, deliberaturik nahiago nuela han hil putzuetako izugarrikerien arriskupean jarri baino, putzu bat baino gehiago marrazten baitzuen nire irudimenak, presondegiaren leku desberdinetan jarriak. Bestelako gogo egoera batean egonez gero izango nuen kemenik haietako leize batean murgilduz nire miseriak behingoan bukarazteko; baina koldarretan koldarrena nintzen ni une hartan. Era berean ezin ahaztu nuen putzu haiei buruz irakurri nuena, alegia, bizitzaren bat-bateko iraungitzea ez zela haien helburu ikaragarrietan sartzen zen gauza.

        Ordu askoan eduki ninduen esna espirituaren asaldurak; baina azkenean lokartu nintzen ostera ere. Esnatu ondoren, aurreko aldian bezala, ogi puska bat eta pitxer bat ur aurkitu nituen aldamenean. Egarri kiskalgarri batek itotzen ninduen, eta zurrutada batez hustu nuen edontzia. Drogaren bat eduki behar zuen; izan ere, edaten hasi, eta guztiz logaletuta sentitu bainintzen. Lo sakon batek hartu ninduen berehala, heriotzarena bezalako loak. Zenbat iraun zuen, hori ez dakit; baina, begiak berriz zabaldu nituenean, ikusgai ziren nire inguruko gauzak. Distira sulfuroso bati esker, hasieran nondik zetorren jakiterik izan ez nuen arren, presondegiaren neurria eta itxura ikusi ahal izan nituen.

        Oso nahastuta ibilia nintzen neurri kontuan. Hogeita bost iarda baino gehiago ez zuen hormen itzuli osoak. Zenbait minutuz alferreko ardura sortu zidan datu horrek; alferrekoa, izan ere! Zeren, nire egoera hartan, zerk izan zezakeen bada garrantzi gutxiagorik presondegiaren neurriak baino? Baina nire espirituak ardura harrigarria jartzen zuen huskerietan, eta neurketan zer akats egin ote nuen jakiten saiatu nintzen. Azkenean argitu zitzaidan egia. Esplorazioko lehen ahaleginetan, berrogeita hamabi urrats kontatu nituen erori nintzen unea arte; oihal pusketatik urrats batera edo bira egon behar nuen orduan; hortaz, ia osorik egina nuen presondegiaren itzulia. Gero lo geratu nintzen, eta esnatzean, lehen egindako bide beretik joan nintzen ostera ere; horregatik uste izan nuen itzulia benetan zena baino bi bider handiagoa zela. Gogoaren asaldurak ez zidan konturatzen utzi ezkerrean nuela horma itzulia egiten hasi nintzenean, eta bukatzean berriz eskuinean.

        Nahastuta nenbilen, orobat, itxituraren formari zegokionean. Bidea haztamuka bilatuz, angelu asko aurkitu nuen, eta hartatik atera nuen lekua formaz oso irregularra zela; izan ere, hain baita indartsua letargiatik edo lozorrotik esnatzen denarengan iluntasun erabatekoaren eragina! Sakonune txiki batzuk besterik ez ziren angeluak, edo horma zuloak, tarteka-tarteka ipiniak. Presondegiaren forma karratua zen oro har. Nik harria zela uste izan nuena burdina zen, edo beste metalen bat, xafla handi-handietan ipinia, eta haien joskurek, edo loturek, sortzen zituzten sakonuneak. Itxitura metalikoaren gain osoa zirriborroez beteta zegoen, fraideen sineskeria zitalak sorrarazitako irudi gorrotagarri eta nazkagarriez. Deabruen irudi mehatxuzkoek, hezurdurek eta beste imajina are beldurgarriagoek estaltzen eta desitxuratzen zituzten paretak. Munstro haien formak aski ongi taxututa zeudela ikusi nuen, baina koloreak lausotuak eta galduak zeuden, giro heze batek eraginda edo. Konturatu nintzen halaber lurra harrizkoa zela. Salbatu berria nintzen putzu biribilaren barailak logalez bezala zabaltzen ziren ziegaren erdi-erdian; baina beste putzurik ez zegoen presondegian.

        Hori guztia lauso samar ikusi nuen, eta ahalegin handiak eginda; lozorroan nengoen artean zeharo aldatu baitzen nire egoera. Oraingoan ahoz gora nengoen, luze-luze etzanda zurezko egitura moduko baten gainean. Egitura hari estu lotuta nengoen, gerriko baten antzeko xingola luze baten bitartez. Xingolak, itzuli asko eginez, zango-besoak eta gorputza inguratzen zizkidan, eta burua bakarrik uzten zidan libre, eta baita ezkerreko besoa ere, ozta-ozta, eginahalean, aldamenean neukan lurrezko platereko janaria hartzeko moduan. Ikusi nuen, guztiz izuturik, pitxerra kendu zidatela. Guztiz izuturik diot; egarriak itotzen bainengoen. Nire egarria piztea zen nonbait torturatzaileen asmoa, haragi min-mina baitzen platerean zegoen janaria.

        Gora begiratuz, nire presondegiko sabaia aztertu nuen. Hogeita hamar edo berrogei bat oin altu zen, eta alboetako hormen modu berean zegoen eraikia. Hango xafletako batean ageri zen irudi guztiz berezi batek zur eta lur utzi ninduen. Denbora irudikatzen zuen, normalean egin ohi den moduan; baina, segaren ordez, begiratu arin batean pendulu handi bat zirudiena zeraman eskuan, antzinako erlojuetan ikusi ohi ditugunak bezalakoa. Arreta handiagoz begiratzera bultzatu ninduen zerbait bazuen, nolanahi ere, makina haren itxurak. Zuzenean gora begiratu nuenean (zeren nire gain-gainean baitzegoen), mugitzen ikusten nuela iruditu zitzaidan. Ondorengo unean egiaztatu egin zen nire irudipena. Itzulia laburra zen, eta, jakina, motela. Zenbait minutuz hari begira egon nintzen, ikaraz edo, baina harrimenez gehiago. Mugimendu aspergarri hari beha egoteaz nekatuta, gelako beste gauzetara begira jarri nintzen.

        Hots arin batek hartu zuen nire arreta, eta, behera begiratuta, arratoi izugarri batzuk ikusi nituen lurra zeharkatzen. Putzutik atera berriak ziren, zeina ozta-ozta nire eskuinean ikusten bainuen. Begira nengokien arren, saldoka ateratzen ziren arratoiak, presaka, begi gosetiez, haragiaren usainak erakarrita. Ahalegin handiak egin behar izan nituen plateretik uxatzeko.

        Joango zen ordu erdi edo, ordu bete ere bai agian (ezin bainuen denbora zehatz neurtu), ostera gorantz begiratu nuen arte. Ikusi nuenak nahastu eta guztiz harritu ninduen. Ia iarda batez handitua zen penduluaren ibilbidea. Horren ondorioz, lastertasuna ere askoz handiagoa zuen. Alabaina, gehiena asaldatu ninduena nabarmen jaitsi zelako ideia zen. Konturatu nintzen —nolako izuaz esan beharrik ere ez dago— altzairu distiratsuzko ilargierdi batez osatua zela penduluaren behealdea, eta oin bat inguru luze zela mutur batetik besterako distantzia; muturrak goraka zeuden makurtuak, eta argi zegoen bizarra mozteko labana bezain zorrotza zela azpiko ertza. Orobat bizarra mozteko labana bezala, penduluak trinkoa eta astuna zirudien, eta ertzetik gora mehetu egiten zen, goiko egitura sendo eta zabaleraino. Brontzezko zurtoin astun bati zegoen lotua, eta airean kulunkatzean txistu egiten zuen tresna osoak.

        Ezin nuen jada batere zalantzarik egin fraideen torturarako trebetasunak niretzat prestatua zuen etorkizunaz. Ondo asko zekiten Inkisiziokoek ezagutzen nuela putzua —ni bezalako uko egile setatientzat prestaturiko putzua—, putzua, infernuaren ikurra, esamesek ziotenez zigor guztien azken Tulea zen hura. Istripu batek libratu ninduen putzu hartan erortzeaz, eta banekien ustekabea, edo estiran oharkabean erortzea, osagai garrantzitsua izaten zela espetxeko heriotza haietako bitxikerietan. Ez nintzen erori, eta deabru haiek ez zuten jadanik ni amildegian murgilarazteko asmorik; eta horregatik (ez baitzegoen beste irtenbiderik) bestelako suntsipen bat, lasaiagoa, neukan zain. Lasaiagoa! Nire hilzorian, irribarre egitekotan egon nintzen hitz horren halako erabileran pentsatu nuenean.

        Zertarako eman heriozkoak baino izugarriagoak izan ziren ordu luze, luze haien berri; altzairuaren zabu durundiatsuak kontatzen eman nituen ordu haiek, zertarako aipatu! Ontzaz ontza, mantso-mantso, urteak ziruditen tarteen ondoren bakarrik sumatzen zen jaitsialdian, behera zetorren pendulua, eta beherago! Egunak igaro ziren —egun asko ere igaro bide ziren— harik eta penduluaren arnasa garratza hain gertu pasatzen zitzaidan arte non haize egiten zidala irudi baitzuen. Altzairu zorrotzaren usaina sartzen zitzaidan sudurrean. Errezatu egin nuen, zeruak ere nekatu nituen errezoka lasterrago jaits zedin. Guztiz erotuta, burua zimitarra beldurgarriaren pareraino jasotzeko ahaleginean aritu nintzen. Eta gero bat-batean lasaitu, eta —haur bat litxarreria bitxi bati bezala— geldi-geldi geratu nintzen heriotza distiratsuari irribarreka.

        Sorgortasunezko beste tarte bat etorri zen gero; laburra izan zen; zeren, berriz piztu nintzenean, penduluararen beheraldi nabarmenik ez bainuen sumatu. Baina tarte luzea ere izan zitekeen; ondo asko bainekien bazirela nire lozorroaz ohartzen ziren deabru batzuk, eta beren nahierara eten zezaketela penduluaren balantza. Berriz neure onera etorri nintzenean, gainera, arrunt gaizkiturik eta ahul sentitu nintzen, ezin adierazizko moduan ondoezik, ahuleria luze baten ondorenean bezala. Baina hilzori hartan ere jana desiratzen zuen giza naturak. Eginahal mingarriez, lokarriek uzten zidateneraino luzatu nuen ezkerreko besoa, eta arratoiek utzitako apurrak neureganatu nituen. Haietako bat ezpainen artean jartzen ari nintzela, pozezko, itxaropenezko pentsamendu bat, erdizka taxutua, bururatu zitzaidan bat-batean. Baina zer zerikusi nuen nik itxaropenarekin? Esan dudan bezala, erdizka gauzatutako pentsamendua zen; horrelakoak asko izaten baititu gizonak, inoiz osatzen ez direnak. Sentitu nuen pozezkoa zela, itxaropenezkoa; baina sentitu nuen halaber gauzatu ahala suntsitu egin zela. Alferrik saiatu nintzen osatzen, berreskuratzen. Sufrimendu luzeek ezabatuak zituzten ia osorik nire adimenaren ohiko ahalmenak. Ergela nintzen, inozo hutsa.

        Penduluaren zabua angelu zuzenean zetorren nire gorputzari buruz. Ikusi nuen bihotzaren aldea gurutzatzeko xedeaz pentsatua zegoela ilargierdia. Nire jantziaren oihala urratuko zuen... atzera itzuli eta berriz urratuko zuen... eta berriz... eta berriz... Altzairuak egiten zuen ibilbidearen luzera ikaragarria alde batera utzita ere (hogeita hamar bat oin edo gehiago), eta orobat bartezturik beheraldiaren bortiztasun txistukaria, burdinazko horma haiek berak pitzatuko zituena, zenbait minutuz nire jantzia urratu besterik ez zuen egingo. Eta eten bat egin nuen pentsamendu horretan. Ez nintzen ausartzen ideia hori baino harantzago joaten. Arreta egoskor batez aritu nintzen hura hausnartzen —hausnarketan ari nintzela, altzairuaren beherakada hantxe geraraziko banu bezala—. Ilargierdiak oihala urratzean egingo zuen hotsean gerarazi nuen neure burua, oihalaren igurtziak nerbioetan eragiten duen larritasun horretan. Halako fribolitateen gainean hausnarrean aritu nintzen, ozkiak hortzak erabat hartu zizkidan arte.

        Behera, etenik gabe zetorren behera. Plazer zoroa sentitu nuen beheranzko lastertasuna eta albokakoa parekatzean. Eskuinera... ezkerrera...; urruti, zabal, espiritu madarikatu bat bezala intzirika; bihotzeraino, tigrea bezala urrats isilaz. Aldizka barre egiten nuen eta aldizka marru, ideia bat zein bestea nagusitu.

        Behera... ziur, bai, nekerik gabe behera! Nire bularretik hiru hazbetera mugitzen zen! Gogor borrokatu nintzen, amorratuta, ezkerreko besoa libratzeko. Ukondotik eskuraino bakarrik neukan libre. Ahalegin bizian, ondoan nuen plateretik ahoraino luza nezakeen, baina ez urrunago. Baldin eta ukondoaz gaineko lokarriak hautsiko banitu, besoa jaso eta saiatuko nintzen pendulua gerarazten. Hura eta elur jauzi bat geraraztea, gauza bera ziren ordea!

        Behera... etenik gabe orain ere... ezinbestean behera orain ere! Arnasestuka eta askatzeko lehian hasten nintzen penduluaren zabu bakoitzean. Ezin adierazizko etsipen eta larritasunaz jarraitzen zieten nire begiek penduluaren atzera eta aurrerako mugimenduei; espasmoka ixten zitzaizkidan betazalak beheraldi bakoitzean, heriotzak atsedena ekarriko zidan arren, eta nolakoa, ai! Baina nerbio guztiak dardar-ikaretan jartzen zitzaizkidan pentsatzen nuenean zeinen arina izango zen aizkora zorrotz, distiratsu hura neure bularrean sarraraziko zuen makinaren mugimendua. Itxaropenak ematen zidan dardar egiteko adorea, kuzkurtzeko kemena. Itxaropena zen, oinaze estiran gailentzen den itxaropen hori, Inkisizioaren leotzetan ere heriotzara kondenatuei belarrira mintzatzen zaiena.

        Ikusi nuen beste hamar edo hamabi zaburen ondoren altzairuak nire oihala ukituko zuela, eta horretaz ohartzean etsipenaren baretasun trinkoak hartu zidan bat-batean espiritua. Aurreneko aldiz ordu askoan, edo egun askoan beharbada, pentsatu nuen. Biltzen ninduen zerrenda edo xingola pieza-bakarra zela bururatu zitzaidan. Bakarra zen lotzen ninduen lokarria. Altzairuaren irtenunearen lehen ukituak, xingolaren edozein gunetan gertaturik ere, ebaki egingo zuen, eta ezkerreko eskua erabiliz askatu ahal izango nuen gorputzetik. Baina, kasu horretan, bai beldurgarria altzairuaren gertutasuna! Zeinen hilgarria borrokaldirik laburrenaren emaitza! Baina nola ez ohartu aukera hartaz torturatzailearen morroiak, ez ote zuten kasu horretarako ezer prestatu? Penduluak egin beharreko bide beretik gurutzatuko ote zuen xingolak nire bularraldea? Nire itxaropen eskas eta itxuraz azkena galtzeko ikaraz, bularraldea ikusteko moduan jaso nuen burua. Noranzko guztietan biltzen zituen xingolak nire gorputz adarrak eta enborra, altzairu suntsitzaileak egin beharreko bidekoan izan ezik.

        Ez al nuen burua atzera erortzen utzi, hantxe gogoratu zitzaidan, hobeto ezin deskribatu dezakedan askapenaren ideia erdi osatu hura, lehenago aipatu dudana, haren parte bat bakarrik baitzebilkidan buruan bueltaka janaria nire ezpain erresuminduetara jaso nuenean. Oraingoan ordea pentsamendu osoa zegoen han —ahula, justu-justu zentzuzkoa, justu-justu zehatza—, baina osoa hala ere. Etsipenaren indarraren laguntzaz, hura betetzera jarri nintzen berehala.

        Ordu asko zeramatzan etzanda nengoen zureriaren inguruak arratoiez bete-betea. Arratoi basatiak ziren, ausartak, goseak amorratuak; nire gelditasunaren zain baleude bezala distiratzen zuten nire gainean haien begi gorriek, beren harrapakin noiz bihurtuko. «Nolako janaritara», pentsatu nuen, «ohitu ote dira putzuan?»

        Janak zituzten, nire kontrako ahalegin guztiengatik ere, platereko eduki guztiak, apur batzuk izan ezik. Oharkabean ia, eskuari eragiten nion, plateraren gainean etengabe atzera-aurrera eginez; baina, azkenean, beti-bateko mugimendu oharkabe hark hasieran zuen eragina galdu zuen. Gose izugarri hartan, piztiek hatzetan iltzatzen zizkidaten sarritan beren hortz zorrotzak. Geratzen ziren haragi oliotsu eta minaren apurrak hartu, eta osorik igurtzi nuen xingola, heltzen nintzen lekuraino; gero, eskua lurretik jasota, geldi-geldi geratu nintzen, arnasari eutsiz.

        Hasieran animalia gosetuak ikaratu egin ziren aldaketarekin, mugimenduaren etetearekin. Atzera egin zuten gero, larriturik; askok putzuaren babesa bilatu zuten. Baina une batez bakarrik. Ez nuen alferrik gogoan hartu haien gose izugarria. Mugitu gabe jarraitzen nuela ohartuta, bat edo bi zureriara igo ziren, ausartenak, eta usain egin zioten xingolari. Oldarraldi orokor baten seinalea izan zen nonbait hura. Oste freskoak zetozen presaka putzutik gora. Zurari heldu, hura gainditu eta ehunka etorri zitzaizkidan gainera. Penduluaren mugimendu neurtuak ez zien inolako trabarik egiten. Haren kolpeak saihestuz, saldoka biltzen ziren janariz igurtzitako xingolan. Eztarriaren gainean bihurritzen zitzaizkidan; nire ezpainak bilatzen zituzten haien ezpain hotzek; pisuak itotzen ninduen, gero eta handiago; munduak izendatzen ez dakien nazka batek puztu zidan bularra, eta izoztu zidan, heze eta astun, bihotza. Baina beste minutu bat igaro, eta banekien hartan bukatuko zela borroka. Argi antzeman nuen hasia zela lasaitzen lokarria. Banekien leku batean baino gehiagotan egongo zela ordurako hautsia. Gizatiarra baino gehiago ere bazen erabakitasunaz, geldirik jarraitu nuen.

        Ez nituen kalkuluak erratu, ez nuen hura guztia alferrik pairatu. Azkenean libre nengoela sentitu nuen. Xingola guztiz urratua zegoen, gorputzetik zintzilik neukan. Baina bularraren gain-gainean neukan ordurako pendulua. Jantziaren oihala zatitu zuen. Ebaki bat egin zuen azpiko atorrean. Beste bi bider kulunkatu zen, eta oinazezko sentipen zorrotz batek hartu zizkidan nerbio guztiak. Iritsia zen ordea ihesaren unea. Eskuari eragin nion, eta kanpora oldartu ziren nire askatzaileak. Mungimendu sendo batez —arretazko, albokako, atzeranzko mugimendu motel batez—, xingolaren loturatik apartatu nintzen, zimitarraren helmena baino harantzago. Une hartan behintzat, libre nengoen.

        Libre! Eta Inkisizioaren eskuetan! Ez al nintzen izumenaren egurrezko ohe hartatik presondegiko lur harrizkora atera, eten zen infernuko makinaren mugimendua, eta sabaraino goratzen ikusi nuen, indar ikusezin batek eraginda. Etsipenez gogoratu beharreko irakaspena izan zen hura. Nire mugimendu oro behatzen zuten, ez zegoen dudarik. Libre! Itzuri berria nintzen tortura modu bateko heriotzatik, eta heriotza bera baino okerragoa izango zen beste tortura baterako gordetzen ninduten. Pentsamendu hori nerabilela buruan, larrituta begiratu nuen preso nindukaten burdinazko hesietara. Ezohiko gauzaren bat —aldaketaren bat, hasieran zehaztasunez ezin antzeman izan nuena—, gertatua zen gelan, argi zegoen. Zenbait minutuz, abstrakzio ameslari eta dardartietan galduta, alferrik saiatu nintzen ideiaren bat osatzen. Orduan ikusi nuen, aurreneko aldiz, zein zen gela argitzen zuen sufre argitasunaren jatorria. Zabalean hazbete erdi-edo izango zuen arrakala batetik zetorren; arrakala hura, hormen oinarrian barna, presondegi osora luzatzen zen, eta era horretan lurretik banaturik ikusten ziren hormak, eta halaxe zeuden gainera. Saiatu nintzen, baina alferrik noski, irekiduratik zerbait ikusten.

        Berriz zutitu nintzenean, bat-batean argitu zitzaidan gelako aldaketaren misterioa. Esan dut lehen, hormetako irudien marrak aski zehatzak ziren arren, koloreek nahasiak eta lausoak ziruditela. Kolore horiek distira harrigarri eta guztiz indartsu bat ematen zieten oraingoan irudi mamuzko eta deabruzko haiei, gero eta distira indartsuagoa, nireak baino nerbio sendoagoak ere ikaratuko zituzkeena. Deabruzko begiak, bizitasun basati eta heriozko batez, begira-begira neuzkan milaka lekutatik, lehen batere ikusten ez zen tokietatik, eta nire irudimenak gauza irreala bailitzan ezin ikusi zuen su baten gar ozarraz distiratzen zuten.

        Irreala! Arnasa hartzean sudur-zuloetara iristen zitzaidan-eta burdin gorituaren lurrina! Usain itogarri batek betetzen zuen nire kartzela! Gero eta distira sakonagoa zuten begi haiek, nire oinazeei erreparaka denak. Gorrimin biziago batek hartu zituen izuzko irudi odoltsuak. Arnasestuka hasi nintzen... albetan nengoen. Ezin nuen nire torturatzaileen asmoez dudarik egin... Ai, gupidagabeak! Ai, deabruzko gizon madarikatuak! Metal distiratsutik gelaren erdira egin nuen jauzi. Suzko suntsitze berehalako haren pentsamendua nuela gogoan, baltsamoa bezala iritsi zitzaidan arimara putzuaren hoztasunaren ideia. Bizkor inguratu nintzen heriozko ertzera. Behera zuzendu nuen nire begiratu nekatua. Sabai piztuaren argitasunak ikusgai bihurtzen zituen zokorik ezkutuenak. Hala ere, zoramenezko une batez, nire espirituak uko egin zion ikusten nuen hura ulertzeari. Azkenean, indarrez, eginahalean, ulermenak bidea zabaldu zuen nire ariman, nire arrazoi dardartian kiskali zen. Oi! Zein bozek hura adierazi? Hura izua! Edozer gauza, baina hori ez! Intzirika aldendu nintzen ertzetik, eta, negar saminez, esku ahurretan ezkutatu nuen aurpegia.

        Berotasuna laster areagotu zen, eta putzura begiratu nuen ostera, sukarrak jota bezala dardarka. Bigarren aldaketa bat gertatua zen gelan, eta aldaketa hura, argi eta garbi, formari zegokion. Lehen bezala, alferrik zen orduan ere han gertatzen ari zena berehalakoan asmatzen edo ulertzen ahalegintzea. Baina ez nintzen luzaroan zalantzan egon. Nire bi ihesaldien ondoren lasterrago zetorren Inkisizioaren mendekua, eta Izuaren Erregek ez zuen denbora gehiago alferrik galduko. Lehen karratua zen gela. Konturatu nintzen zorrotzak zirela orain burdinazko angeluetako bi, eta, hortaz, kamutsak beste biak. Desberdintasun beldurgarri hura azkar ari zen handitzen, zarata isil, marru antzeko batez. Une batean gelaren forma erronboarenera aldatu zuen. Baina aldaketa ez zen hartan geratu —eta nik ere ez nuen espero ez desio hartan geratzerik. Besarkada bat ere emango nien horma gorri haiei, betiko bakearen ikur. «Heriotza», esan nuen, «edozein heriotza, baina ez putzukoa!» Inozo galanta! Ez al nintzen konturatzen ni putzura bultzatzea zela burdin goriaren helburua? Pairatuko ote nuen kiskaltzea? Baina, hura pairatuko banu ere, nola eutsi bultzadari? Kamutsago eta kamutsago zetorren erronboa, begiratzeko astirik ere uzten ez zidan lastertasunaz. Erdialdea, jakina, hura baitzen zabalerarik handiena, amildegi irekiaren gain-gainera zetorren. Atzera egin nuen, baina ixten ari ziren hormek aurrerantz bultzatzen ninduten. Azkenean ez zitzaion geratu nire gorputz kiskali bihurrituari oin bat ere jartzeko lekurik presondegiko lurrean. Ez nuen borrokan jarraitu, baina etsipenezko deiadar ozen, luze eta atzeneko batean aurkitu zuen hustubidea nire arimaren agoniak. Sentitu nuen balantzaka nindoala ertzera. Begiak apartatu nituen.

        Giza ahotsen zarata nahasia entzun zen! Tronpeta askoren soinu ozena! Milaka trumoiren kirrinka latza! Atzera egiten zuten horma kiskalgarriek! Beso luzatu batek heldu zion nireari, kordea galduta zuloan amiltzen ari nintzen unean. Lasalle jeneralarena zen; Toledon sartu berria zen frantses armada. Etsaien eskuetan zegoen Inkisizioa.

 

 

 

© Edgar Alan Poe

© itzulpenarena: Koro Navarro

 

 

"Edgar Alan Poe / Kontakizunak" orrialde nagusia