Bihotz salataria

 

        Egia da, bai! Urduria izan naiz beti, ikaragarri urduria, eta halakoxea naiz orain ere; baina eroa naizela, zergatik diozue hori? Eritasunak zentzuak zorroztu dizkit, ez ezabatu, ezta moteldu ere. Ororen gainetik, entzumena zorroztu dit. Gauza guztiak entzuten nituen, lurrekoak eta zerukoak. Infernuko gauza asko entzuten nituen. Nola izango naiz bada eroa? Entzun! Entzun zeinen osasuntsu, zeinen lasai kontatzen dizuedan istorio osoa.

        Ezin esan dut ideia hura aurrenekoz nola etorri zitzaidan burura; baina behin sortuz gero, gau eta egun zebilkidan buruan. Helbururik ez nuen batere. Ez nuen grinarik sentitzen. Maite nuen agurea. Ez zidan sekula okerrik egin. Sekula ez ninduen iraindu. Ez nuen haren urrea desiratzen. Agurearen begia izan zela uste dut. Horixe izan zen, bai! Sai baten begia zuen: begi urdin argi bat, ganduak lausotua. Odola izozten zitzaidan begi hura nigan finkatzen zuenean; eta, hala, urratsez urrats, pixkana-pixkana, agurea hiltzera deliberatu nintzen, begi hartatik betiko libratzeko.

        Horra bada. Burutik eginda nagoela pentsatuko duzue. Burutik eginda daudenek ezer ez dakite ordea. Baina ikusi behar ninduzuen. Zeinen jakintsu jokatu nuen, nolako arduraz, nola prestatu nuen dena, nolako disimuluaz hasi nintzen lanean. Sekula ez nintzen adeitsuagoa izan agurearekin hil nuen aurreko astean baino. Eta gauero-gauero, gauerdi aldera, agurearen gelako ateko kisketa jiratu eta zabaltzen nuen, eta nolako arretaz gero! Ondoren, atea burua sartzeko adina zabalduta nuenean, kriseilu bat jasotzen nuen, itxi-itxia, ondo itxia, argirik batere ez zedin izan, eta orduan burua sartzen nuen. Ai, ikusi izan bazenute zeinen kontu handiz sartzen nuen burua, barre egingo zenuten! Poliki-poliki mugitzen nuen, oso poliki, agurea ez esnatzearren. Ordubete behar izaten nuen burua atetik sartu eta gizona bere ohean etzanda ikusteko. Ja! Burutik eginda dagoen bat nola izango da bada hain zuhurra? Eta orduan, burua osorik gelaren barruan neukanean, gontzek zarata ateratzen baitzuten, kontuz-kontuz hasten nintzen kriseilua zabaltzen, pixka bat zabaltzen nuen, argi-izpi bakar batek jo zezan saiaren begia. Eta horixe egin nuen zazpi gau luzez —gauero gauerdian—, baina itxita aurkitzen nuen beti begia, eta ezin izaten nuen lana burutu; zeren agureak ez baitzidan okerrik egiten, haren Begi Gaiztoak baizik. Eta goizero-goizero, eguna argitzen zuenean, sartzen nintzen lasai agurearen gelan eta deliberamenduz mintzatzen nintzaion, bere izena adiskidetsu aipatuz eta zer moduz igaro zuen gaua galdetuz. Izan ere, oso ernea beharko zuen gizonak susmatzeko zer eta, gauero-gauero, hamabietan justu, begira egoten nintzaiola lo zegoenean.

        Zortzigarren gauean ohi baino arduratsuago ibili nintzen atea zabaltzerakoan. Lasterrago mugitzen da erloju baten orratza nire eskua mugitzen zena baino. Gau hura baino lehenago sekulan ez nuen sentitu zenbaterainokoak ziren nire ahalmenak, zenbateraino nintzen ernea. Pentsatzea ere han nengoela, poliki-poliki atea zabaltzen, eta ametsetan ere ez zitzaizkiola otuko agureari nire asmo eta pentsamendu sekretuak! Barre txiki bat egin nuen ideia hura bururatu zitzaidanean; eta baliteke agureak entzun izana, zeren bat-batean ohean mugitu baitzen, aztoratuta bezala. Atzera egin nuela pentsatuko duzue agian, baina ez nuen halakorik egin. Ikatza bezain beltza zegoen logela iluntasun erabatekoan (zeren kontraleihoak ondo itxita baitzeuden, lapurren beldurrez), banekien agureak ezin zuela atearen irekidura sumatu, eta, hala, bultzaka jarraitu nuen, gozo-gozo.

        Burua barruan neukala, eta kriseilua zabaltzekotan nintzela, hatz lodia irristatu zitzaidan itxitura metalikoan, eta agurea ohe gainean eseri zen, oihuka: «Zein dabil hor?»

        Geldi-geldik geratu nintzen, ezer esan gabe. Ordu oso batez ez nuen gihar bat bera ere mugitu, eta denbora horretan guztian ez nuen agurea etzaten entzun. Ohean eserita jarraitzen zuen, adi, nik gauero hormako erloju heriotza-iragarleak aditu nituen bezalaxe.

        Halako batean intziri arin bat entzun nuen, eta heriozko izuaren intziria zela konturatu nintzen. Ez zen oinazezkoa edo penazkoa, ez; hots mehe itoa zen, ikarak arima hartu duenean sakonenetik irteten dena. Ederki asko ezagutzen nuen hots hura. Maiz atera zen neure bularretik, gauaren erdi-erdian, mundua osorik lo dagoenean, bere oihartzun ikaragarriaz erotzen ninduten ikarak areagotzeko. Ondo ezagutzen nuela diot. Banekien zer sentitzen zuen agureak, eta erruki nintzaion, bihotz-bihotzean barre egiten banuen ere. Banekien esna egona zela aurreneko hots arina entzun zuenetik, ohean jiratu zenez geroztik. Harrezkero areagotu baino ez ziren egin agurearen ikarak. Saiatu zen arrazoirik gabeak zirela sinesten, baina ezin zuen. Esango zuen bere artean: «Tximiniako haizea besterik ez da... Gela zeharkatu duen sagu bat da», edo «Kilker bat da, behin bakarrik kantatu duena». Bai, uste horiekin saiatuko zen bere burua lasaitzen: baina alferrik zuen dena. Alferrik dena; zeren Heriotzak, isilik inguratuta, bere itzal beltzean bildu baitzuen biktima. Eta ezin sumatuzko itzalaren eragin heriozkoak sentiarazten zion —nahiz eta ez ninduen ez ikusten ez entzuten—, sentiarazten zion nire burua han, gelaren barruan.

        Luzaroan zain egon ondoren, pazientzia handiaz, eta berriz etzaten zenik ez bainuen aditzen, kriseilua pixka bat zabaltzea erabaki nuen, pixka-pixka bat besterik ez. Hortaz, zabaldu nuen —ez dakizue zeinen mantso—, harik eta, azkenean, izpi mehe bakar bat, armiarma baten haria bezalakoxea, irekiduratik atera eta sai begia bete-betean jo zuen arte.

        Zabalik zegoen begia, zabal-zabalik, eta haserreak hartu ninduen begira nengokiola. Argi eta garbi ikusi nuen: urdin sorra, eta hezurrak muineraino izozten zizkidan gandu gorrotagarri hark estalia; baina ezin nuen agurearen aurpegiaren edo gorputzaren beste parterik ikusi: zeren, senez bezala, leku madarikatura gidatu bainuen argi-izpia.

        Ez al dizuet lehen ere esan zuek eromentzat hartzen duzuen hori ez dela izaten zentzumenen zorroztasun gehiegia baino? Une hartantxe, izan ere, hots apal, sor, laster bat iritsi zitzaidan belarrietara, erlojuek kotoian bilduta daudenean egiten dutena bezalakoa. Ederki ezagutzen nuen hots hura ere. Agurearen bihotzaren taupada zen. Hotsak nire haserrea handitu zuen, danborraren soinuak soldaduaren adorea handitzen duen bezala.

        Baina orduko hartan ere neure buruari eutsi nion, eta ez nintzen mugitu. Ahal nuen tinkoena eutsi nion argi-izpiari agurearen begia bete-betean jo zezan. Bitarte hartan indartzen ari zen bihotzaren taupada. Lasterragoa egiten zen, eta ozenagoa, unean-unean. Izugarria izan behar zuen agurearen ikarak! Gero eta ozenagoa egiten zen, esan dudan bezala, unean-unean ozenagoa! Konturatzen al zarete? Esan dizuet pertsona urduria naizela: urduria naiz, bai. Eta une hartan, gaueko ordu hilean, etxe zahar hartako isiltasun beldurgarrian, hots hark, hain bitxia izanik, ezin menderatuzko izu-laborria sortu zidan. Hala ere, batere mugitu gabe jarraitu nuen beste zenbait minutuz. Baina taupada ozenagoa egiten zen, gero eta ozenagoa! Bihotza lehertuko zitzaidala iruditzen zitzaidan. Eta beste kezka bat bururatu zitzaidan orduan: auzokoren batek ere entzun zezakeen hots hura! Iritsia zen agurearen ordua! Oihu ozen batez, kriseilua erabat zabaldu eta gelan sartu nintzen. Behin egin zuen agureak garrasi, behin bakarrik. Segundo batean arrastatu nuen lurrera, eta haren gainera bultzatu nuen ohe astuna. Pozaren pozez, irribarre egin nuen, egina baitzen egitekoa. Baina, zenbait minutuz, hots ito batez taupadaka jarraitu zuen agurearen bihotzak. Horrek ez ninduen ordea kezkatzen, hormaren bestaldean ez baitzen entzungo. Isildu zen azkenean. Hila zen agurea. Ohea mugitu eta gorpua aztertu nuen. Bai, hilda zegoen, ondo hilda. Eskua agurearen bihotzean jarri, eta hantxe eduki nuen zenbait minutuz. Ez zegoen taupadarik batere. Ondo hilda zegoen. Begi hark ez ninduen gehiago larrituko.

        Oraindik ere burutik eginda nagoela uste baduzue, ez duzue halakorik gehiago pentsatuko, gorputza ezkutatzeko hartu nituen lan eta nekeen berri ematen dizuedanean. Gauak aurrera egiten zuen, baina ni gogor aritu nintzen lanean, txintik atera gabe. Aurrena gorputza laurdenkatu nuen. Burua, besoak eta hankak moztu nizkion.

        Lurreko hiru ohol altxatu nituen gero, eta zulo hartan ezkutatu nituen gorpu hondakinak. Orduan beren lekuan utzi nituen berriz oholak, hain zuhur, hain egoki, non giza begiak ez baitzuen han arrarokeriarik batere igarriko, ezta agurearenak ere. Zer garbiturik ez zegoen, ez zegoen inolako arrastorik, ez odol tantarik. Oso erne ibili nintzen. Azpil batek jaso zituen denak. Ja, ja!

        Goizeko laurak baziren lan haiek guztiak amaitu nituenerako, eta oraindik ere gauerdian bezain ilun zegoen. Erlojuak ordua jo zuenean, ate joka ari zirela entzun nuen. Lasai-lasai joan nintzen atea zabaltzera. Izan ere, zeren beldur izan behar nuen orain? Hiru gizon sartu ziren, eta oso adeitsu aurkeztu zituzten beren buruak poliziako ofizial gisa. Auzoko batek garrasi bat entzun omen zuen gauerdi aldean, eta erasoren bat-edo izan ote zen pentsatu zen. Informazio hori polizia bulegora iritsi zenean, berak (ofizialak) ikerketak egitera bidali zituzten.

        Irribarre egin nuen; izan ere, zeren beldur izan behar nuen? Ongietorria egin nien. Garrasia, esan nien, neuk egin nuen, ametsetan ari nintzela. Agurea, esan nuen, kanpoan zen, mendialdean. Etxe osoa ikustera eraman nituen nire bisitariak. Etxea miatzeko esan nien, miatzeko ondo. Gidatu nituen, azkenean, agurearen gelara. Haren gauzak erakutsi nizkien, bere lekuan denak, ukitu gabeak. Nire segurtasunaren pozarekin, eserlekuak hartu, gelara eraman, eta hantxe eskaini nien beren nekeen atsedena; eta nik, nire garaipen betearen ausarkerian, biktimaren gorpua zegoen lekuaren gain-gainean jarri nuen neure aulkia.

        Lasaituta geratu ziren ofizialak. Nire manerek konbentzitu zituzten. Ni oso eroso nengoen. Hirurak lasai eserita, ohiko gauzez jardun ziren, eta nik gustura erantzuten nien. Baina, denbora puska baten ondoren, zurbiltzen ari nintzela konturatu nintzen, eta alde egin zezaten desiratu nuen. Buruko minak nengoen, eta burrundara moduko bat sentitzen nuen belarrietan: baina ofizialek eserita eta berriketan jarraitzen zuten. Burrunda zehatzagoa egin zen: hantxe zegoen, eta are zehatzagoa egin zen: ozenago mintzatu nintzen hots hartaz libratzeko; baina hotsak bere horretan jarraitzen zuen, gero eta zehatzago, harik eta azkenean konturatu nintzen arte, hots hura ez zegoela neure belarrien barruan.

        Dudarik gabe, zuri-zuri jarri nintzen; baina etorri handiagoaz mintzatu nintzen, eta ahots goragoaz. Baina hotsa indartzen ari zen; eta nik zer egin nezakeen? Hots apal, sor, laster bat zen, erlojuek kotoian bilduta daudenean egiten dutena bezalakoa. Arnasestuka hasi nintzen, eta, hala ere, ofizialek ez zuten entzuten. Lasterrago hasi nintzen hizketan, biziago; baina hotsa ozenagoa egin zen. Zutitu eta huskeriez jardun nintzen, garrasi bizian eta sekulako imintzioak eginez; baina hotsa ozenagoa egin zen. Zergatik ez zuten alde egiten? Atzera eta aurrera hasi nintzen, urrats handiak eginez; baina hotsa areagotu egin zen. Jainkoarren! Zer egin nezakeen? Amorruaren amorruz, aparra ateratzen zitzaidan ahotik, biraoka ere hasi nintzen! Atzera bota nuen eserita egon nintzen aulkia, eta arrastaka eraman nuen oholen gainean, baina hotsa denen gainetik altxatzen zen, eta etengabe areagotzen zen. Ozenagoa, ozenagoa, ozenagoa egin zen! Eta hala ere lasai jarraitzen zuten gizonek berriketan eta irribarrez. Jainko ahaltsua! Ez, ez! Entzuten zuten! Susmatzen zuten gertatua! Bazekiten! Nire izumenari iseka egiten zioten! Horixe pentsatu nuen orduan bai, eta horixe pentsatzen dut orain ere. Baina edozer gauza zen agonia hura baino hobea! Edozer gauza, irri hura baino eramangarriagoa! Ezin nituen irribarre faltsu haiek eraman! Garrasi egin behar nuela sentitu nuen, hilko bainintzen bestela! Eta orduan... Berriz! Entzun... Horra... Ozenago! Ozenago! Ozenago! Ozenago!

        —Ez itxurarik egin, nazkagarri horiek! Aitortzen dut, hil egin dut! Altxa itzazue oholak! Hara hor! Bihotz doilor horren taupada da!

 

 

 

© Edgar Alan Poe

© itzulpenarena: Koro Navarro

 

 

"Edgar Alan Poe / Kontakizunak" orrialde nagusia